Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko ekainaren 12koa, Kulturako sailburuarena, Hondarribiko Borda-Txiki etxea (Gipuzkoa) monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duena, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko ekainaren 12koa, Kulturako sailburuarena, Hondarribiko Borda-Txiki etxea (Gipuzkoa) monumentu kategoriako kultura-ondasun deklaratzen duena, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 124
  • Hurrenkera-zk.: 3795
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/06/12
  • Argitaratze-data: 2009/07/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2008ko urriaren 27ko Ebazpenaren bidez, hasiera eman zitzaion Hondarribiko Borda-Txiki etxea (Amutalde kalea 8, Hondarribia, Gipuzkoa) eta haren ingurunea monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari, eta jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin zen, indarrean dagoen Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 17. artikuluan eta horrekin batera datozenetan xedatutakoari jarraituz.

Behin bidezko jakinarazpenak egin ondoren eta ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gero (2008ko azaroaren 4an eta 27an argitaratuak, hurrenez hurren), hiru alegazio-idazki jaso dira eta, horrenbestez, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzuek behar bezalako txostenak egin dituzte horien gainean.

Alegazio-idazki horietako lehenengoan, higiezineko jabea, María Leonor González Petit andrea, bere jabegoa Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzearen alde agertzen da, baina azaltzen du ezen hainbat bide-azpiegituraren proiektuek haren higiezinari eragingo diotela. Horiek, dena den, ezin dira espediente honetan jaso, ez baitute zerikusirik ondasuna Ondarearen Zerrendan sartzeko edo ez sartzeko erabakia nahitaez funtsatu behar duten kultura-balioekin.

Bigarren alegazio-idazkia Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako foru diputatuak egin du, eta bertan eskatzen du espediente honetako finka ez dadila Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartu. Horretarako arrazoia, funtsean, zerean datza: Euskal Herriko Errepideen 2. Egitasmo Orokorreko (1999-2010) obren egitarauan sartuta dauden bi proiektuk -zehazki, N-1 errepidean Irungo saihesbidea bikoizteko lanak, Katea auzotik Osinbiribilgo biribilguneraino, eta Hondarribian N-638 errepidearen Amute-aireportuko zatian galtzada bikoizteko lanak- biribilgune berri bat egitea ekarriko dute, hain justu Borda-Txiki etxea dagoen tokian bertan, eta horrenbestez etxea eraitsi egin beharko da. Alegia, berriz ere azpiegitura hutsen inguruko planifikazioarekin eta eraikitzearekin loturiko gorabeheren aurrean gaude, erreferentziako higiezina Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartu edo ez sartu erabakitzeko unean aintzat hartu behar diren kultura-balioen ikuspuntutik aztertu behar ez diren kontuak, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean xedatutakoaren argitan.

Hirugarren eta azken alegazio-idazkia Hondarribiko alkatearena da (Gipuzkoa). Borda-Txiki etxea Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzearen aurka azaltzen da, zeren, haren esanetan, antzeko kalitate ona duten eraikin asko baitago eta, beraz, asko lirateke monumentu izendapena jaso behar luketenak. Horretaz aparte, Borda-Txiki eraikuntza Antolamendurako Arau Subsidiarioek 1997tik ordenamenduz kanpo izendatu dutela gogorarazten du, eta, gainera, Euskal Herriko Errepideen Plan Nagusiak aurreikusia duela N-638 errepidea bitan zatitzea, baita Amuteko biribilgunea ere, eta horrek Borda-Txiki etxea eraistea ekarriko luke. Alegaziook, ordea, ez diete inolako baliorik kentzen Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren 2008ko irailaren 24ko txostenean esandakoei, alegia, espedientearen hasiera abiarazi zuen txostena, zeren alegazio-idazkian esaten direnak halako desadostasun orokortzat hartu behar baitira, erreferentziako higiezinaren kultura-balio dudaezinak zalantzak jartzen ez dutenak. Azkenik, kalifikazioa planeamendu orokorrean «ordenamenduz kanpo» egoteak, ez eta errepide-inbertsioen planetan aipaturiko biribilgunea aurreikusita egoteak ere, ez dute ezertan ere oztopatzen lege aldetik Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen ondorioz eratortzen diren helburu eta erantzukizunak bete beharra.

Horregatik guztiagatik, aipaturiko Legearen 17. artikuluan ezarritakoari jarraiki, espedientean dauden txosten teknikoak aztertu ondoren eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamenez, hauxe

Lehenengoa. Hondarribiko (Gipuzkoa) Borda-Txiki etxea eta haren ingurua Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean inskribatzea, monumentu kategoriako kultura-ondasun gisa.

Bigarrena. Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskinean adierazitako eran.

Hirugarrena. Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena. Ondasuna babesteko eskaria egitea Hondarribiko Udalari, udal hirigintza-planeamenduan sartuz.

Bosgarrena. Agindu honen berri ematea interesdunei, bai eta Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Bigarrena. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2009 ekainaren 12a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugapenaren deskribapena.

    Babes-inguruaren mugapena atxikitako plano baten bidez zehazten da. Mugapena gaur egun eraikinak berak, garajeak eta horiek inguratzen duen eremuak osatzen dute, berau ixten duten elementuak barne. Partzela errepide hauek mugatzen dute: iparraldean N-638 errepideak eta GI-2134 errepideak, eta iparraldean eta ekialdean, Amuteko errepideen elkarguneak. Beraz, aipatutako partzelaren mugak ekialdean eta iparraldean daude. Eta azkenik, haren hego-mendebaldean, itxidura bat du garajearen alboko fatxadan, eta itxidura horrek aurrez aipatutako bi errepideekin eta aldameneko partzelarekin muga egiten du.

  2. Mugapenaren justifikazioa.

    Proposatutako mugapena alderdi hauek baldintzatzen dute:

    Alde batetik, ondasunaren izaerak berak (lorategi txiki bat duen partzelan dagoen txaleta); beharrezkoa da gutxieneko eraiki gabeko lursail librea zaintzea.

    Beste aldetik, jatorrizko partzelaren tamainak eta formak izandako ondorengo aldaketak; ez du uzten gehiegizko babes-ingurua ezartzen.

    Inguru horrek gutxieneko ardura eskatzen du, ondasuna behar bezala babesteko eta balioan jarri ahal izateko; hori dela eta, higiezinaren alboko eremuak babestu egin beharko ditu, bai eta mugapenean sartutako partzelaren itxiera-elementuak ere.

«Borda Txiki» etxea (Casa Petit ere deitua) eraikitzeko agindua eman zion Juan José Petit de Ory negozio-gizonak Irungo Luis Vallet de Montano Etxeandia arkitektoari, 1924. urtean. Eraikinak estilo neoeuskalduna du.

12 m x 10 m-ko oinplano laukizuzena duen eraikin exentua da. Bi garaiera ditu eta teilatupean 147,59 m²-ko eraikitako gainazal bat du, terraza eta eskailerak barne. Oinplano laukizuzenari atxikita bi elementu hauek daude, fatxada nagusiaren albo banatan: sukaldera sartzeko bigarren mailako ate bat eta ataripea. Ataripeak harrizkoa izan behar zuen, hasierako proiektuaren arabera, baina azkenean zurezkoa egin zen. Etxea lursailetik zertxobait altxata eraiki zen; bertara sartzeko lau harrizko eskailera zabal igo behar dira, bai aurreko atetik eta bai albokoetatik sartzeko. Atzeko fatxadatik nabarmentzen da bi isurkiko estalki nagusia, eta fatxadarekiko perpendikularki dagoen gailurrean sostengatzen da. Gailurrak etxera sartzeko eraikin atala indartzen du, bertan zurezko ageriko zertxa bat gailentzen baita.

Fatxaden eraketari dagokionez, fatxada nagusia hego-ekialderantz begira dago, eta etxerako sartzeko eraikin atal garbia du. Ateak estalkia du ageriko zertxaz markatua, eta alboetan oinarri molduratua duten bi suhesi apaingarrik ditu.

Etxera sartzeko eraikin atalaren lehenengo solairuan, zurezko balkoi jarraitu bat nabarmentzen da, bi suhesiren artean, eta bertara irteteko bi hutsarte daude. Beheko solairuan, berriz, harriz egindako zirkulu-erdiko bi arku interesgarri daude, sarrerako atari txikia eta haren alboko leihoa inguratzen. Etxera sartzeko eraikin atalaren albo batean, hutsarte zabaleko eremu bat dago; beheko solairuari dagokion fatxada harriz inguratuta dago, eta etxera sartzeko eraikin atala lehenengo solairuarekin lerrokatzen den lekuan, beste hutsarte bat, zurezko marko eta kontraleihoekin, estilo neoeuskaldunari dagozkion gezurrezko zurezko armazoietan inguratuta.

Hego-mendebaldeko fatxadako beheko solairuan, etxera sartzeko ate bat dago. Ate hori ataripean dago; atari horri harrizko zutabeek eusten diote. Atearen albo batean, leihate zabal bat dago, eta beste alboan, zurezko kontraleihoak dituen beste leiho bat. Lehenengo solairuan zurezko balkoi bat dago, bertara irteteko bi hutsarte ditu eta leiho bat, guztiak markoekin eta zurezko kontraleiho gorriekin.

Ipar-ekialdeko fatxadak leihate zabal bat du, harrizko arku baten pean, eta albo banatan zurezko markoak eta leihateak dituzten bi leiho-hutsarte ditu. Lehenengo solairuan 3 leiho daude; horietako batek beiratea du familiaren armarriarekin.

Atzeko fatxadak, ipar-mendebaldera begira dagoenak, denetan apaindura gutxien du, guztiz laua da, ez zaio elementurik gailentzen eta oso itxia da. Atzeko fatxadan, bi elementu nabarmen daitezke, batetik lehenengo solairuan dauden arkudun bi leiho, eta bestetik eskailera albo batetik argiztatzen duen leiho estu eta altua. Fatxadak mortero-zarpiatuz estalita daude; ertzak, arkuen beheko eremuak eta dobelak harlanduzkoak dira; zura gorriz margotuta dago, eta armazoiak gezurrezko zurezkoak dira.

Etxea lorategi batek inguratzen du. Lorategiaren inguruan harrizko hormak daude, aurreko aldean burdin-hesia du, eta hormigoizko hesiak ere badira. Horiek guztiak desjabetzearen ondoren partzelaren mugapen berria egin zenean eraiki ziren. Bertako zuhaitzak eta zuhaixkak ere ageri dira; horien artean, gaztainondoak, haritzak, indigaztainondoak, akaziak, gorostiak eta magnoliak. Partzelan garaje bat ere badago, etxetik aparte eta itxita, eta N-638 errepidetik sartzeko zabalgune ederra du.

Higiezinaren barrualdeak egitura-tipologia hau du: manposteriako zutabeak, pisuen eta estalkiaren armazoia haritzezkoak, teila lauz egindako estalkia, eta zurezko eta baldosazko zoladura. «Eraikuntza oso arduratsu izan zen eta herrialdeko ohiko arauei jarraituz egin zen», deskribatu du Luis Valletek, etxea diseinatu eta obra egin zuen arkitektoak.

Beheko solairuan, jangela, atariak, egongela, ateak, sukaldeak eta zerbitzu osagarriak daude; bigarren solairuan, berriz, logelak eta bainugelak daude, eta ganbara bat zerbitzarientzako komuna eta logela dituela.

Barruko banaketak adierazten du etxebizitza familia bakarrarentzat egina dela. Sarrera nagusi bat du hego-ekialdeko fatxadaren erdi-erdian, handik aparteko hall batera sartu eta etxearen gune zentrala ikusten da; gune zentral horrek sukaldea eta jangela banatzen ditu eremu pribatuago batetik, hain zuzen ere, bulegotik eta gonbidatuen gela txiki batetik. Aurreko aldean, orientaziorik onena duenean (hego-ekialdea), etxeko leku nagusiak eta esanguratsuenak daude; esaterako, ataria, egongela, jangela eta logela nagusiak. Erdialdean korridoreak daude, eta gune zentrala ikus daiteke beheko solairuan. Albo batean, goiko solairuetara igotzeko eskailera dago. Lehenengo solairuan logela nagusia dago fatxada nagusira begira eta balkoira irteteko atea dauka; logela guztien artean handiena da eta bainugela pribatua du.

Barrualdea bat dator eraikin motarekin. Oraindik ere jatorrizko giroa nabari da. Gonbidatuen gelak beste gelen aldean dekorazio berezia du, altzari zuri eta jatorrizko paper apaingarri arrosarekin. Pareta erdira arte estaltzen duen paneldun irudi geometrikoak ageri dira etxearen zenbait espaziotan, eta bulegoko paneldunaren azpian disimulatutako sarrera bat nabarmen daiteke, eskailera azpian dagoen biltegi txiki batera garamatzana. Bulegoan beste elementu interesgarri bat dago: galdara (Roca etxea), ikatzezko lehenengo berogailuarena da. Barruko zur-arotzeria kalitate handikoa da eta oso ondo zainduta dago; lauki formako eta forma geometrikoko hutsarteak ditu, eta giroko interesa mantentzen du. Horrez gain, aipatzekoak dira beste elementu hauek ere: margotutako paperen originaltasuna, garaian erabilitakoa; sabaietan eskaiolaz egindako lanak (plafoiak, erlaitzak, moldurak), portaleko azulejoak irudi zoomorfikoekin, eta beiratea eskailera inguruan, familiako armarriarekin.

Horren guztiaren emaitza kalitatezko egoitza-arkitektura da; ondo eta material onekin egina. Garai hartan egiten zen arkitekturaren adibide duina da, eta haren eraikuntzaren eta erabili ziren materialen kalitateari esker, gaur egunera arte baldintza onetan iraun ahal izan du.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik