Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko ekainaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2009-2010 ikasturtean unibertsitateko ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko ekainaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2009-2010 ikasturtean unibertsitateko ikasketa-zerbitzuengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 133
  • Hurrenkera-zk.: 3990
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/06/23
  • Argitaratze-data: 2009/07/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Ekonomia

Testu legala

Unibertsitateen abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 81.3.b) puntuak dioenez (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu egin zuen lege hori), titulu ofizialak lortzeko diren ikasketen kasuan, autonomia erkidegoak finkatuko ditu zerbitzu akademikoei dagozkien prezio publikoak, beti ere Unibertsitatea Koordinatzeko Kontseiluak ezarritako mugen barruan. Unibertsitatea Koordinatzeko Kontseilua aipatzen denean, Unibertsitate Politikarako Konferentzia Orokorra ulertuko da. Gainontzeko ikasketetarako, berriz, Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 95. eta 96. artikuluetan arautzen ditu zerbitzu akademikoei eta gainontzeko eskubideei dagozkien prezio publikoak. Horiek prezio publikoak izango direla eta tasa eta prezio publikoei buruzko araudiak xedatzen duenaren arabera funtzionatuko dutela adierazten da.

Bestalde, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tasa eta prezio publikoei buruzko testu bategina onartzen duenak, prezio publiko horien ezartzea zein irizpide orokorri atxikiko zaion arautzen du 30. artikulutik 35.era.

Uztailaren 21eko 161/1998 Dekretuak zehazten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta horren erakunde autonomiadunek kobratu ahal izango dituzten zerbitzuak eta jardunak. Horretaz gain, Dekretu horren bigarren artikuluak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailek eta horren erakunde autonomoek prezio publikoak kobratu ahal izango dituztela dekretu horren eranskinean aipatzen diren zerbitzu eta jardunengatik; aldi berean, dekretu horren hirugarren artikuluak ezartzen du Ogasun eta Administrazio Sailari txosten loteslea eman beharko zaiola prezio publikook finkatzeko edo aldatzeko, dagokion saileko sailburuaren aginduz edo eskuratu behar dituen erakunde autonomoaren gainetik dagoen saileko sailburuaren aginduz.

Horretarako, uztailaren 21eko 161/1998 Dekretuaren eranskinaren zazpigarren paragrafoak ezartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prezio publikoak kobratu ahal izango dituela ofizialtasuna duten tituluak lortzeko Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dituen goi mailako hezkuntzako zerbitzu publikoengatik.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 39. artikuluan arautzen ditu prezio publikoak ordaintzetik salbuesten duten eta prezio publikoak murrizten dituzten egoerak, hots, ohorezko, lehen mailako eta bigarren mailako familia ugariko ikasleen, kideren bat elbarria duten familietako ikasleen eta terrorismoaren biktimen eta beren senideen eta guraso bakarreko familien kasuan.

Bestalde, azaroaren 18ko 40/2003 Legeak, Familia Ugariak Babesteari buruzkoak, xedatutakoaren arabera, familia ugarietako kideek onura batzuk izango dituzte hezkuntzaren eremuko erregimen, maila eta ziklo guztietan.

Irailaren 24ko 214/2002 Dekretuak Terrorismoaren Biktimentzako Laguntzen Programa arautzen du. Bere 9. artikuluan ezartzen duenez, ekintza terroristaren biktimek, euren ezkontideek, seme-alabek edo biktima horiek ekintza terrorista gertatu baino lehen legez umeordetzat hartutakoek ez dute inolako ordainketa publikorik egin beharrik izango Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-maila guztietako ikastetxe publikoetan unibertsitateko ikasketa-zerbitzuak jasotzeagatik.

Irailaren 26ko 190/2000 Dekretuak Euskal Herriko Unibertsitatean ematen diren titulazioen esperimentazio-mailak zehaztu, eta maila horiek 7tik 4ra jaitsi ditu.

Abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuak arautzen du tituluaren gehigarri europarra emateko unibertsitateek erabili behar duten prozedura. 7.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, Autonomia Erkidegoek zehaztuko dituzte aipatutako gehigarria emateagatik ordaindu beharreko prezio publikoak, abenduaren 21eko 6/2001 Legeak, Unibertsitateei buruzkoak, 81.3.b) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak unibertsitateko irakaskuntza ofizialen ordenamenduaren oinarrizko alderdiak arautzen ditu.

Martxoaren 18ko 309/2005 Errege Dekretuak, otsailaren 20ko 285/2004 Errege Dekretua aldatzen duenak, goi-hezkuntzako atzerriko tituluak eta ikasketak homologatu eta baliokidetzeko baldintzak arautzen ditu. 22.3 artikuluan ezarri du unibertsitateetako errektoreek eskumena dutela Espainiako titulu eta graduekin homologatzeko.

Unibertsitate Politikari buruzko Konferentzia Orokorrean 2009ko ekainaren 2an hartutako erabakian xedatutakoaren esparruan, eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak 2009ko ekainaren 22an egindako bileran hartutako erabakiaren esparruan, eta ekonomia- eta finantza-txostenean proposatutakoaren arabera, agindu honen bidez finkaturik geratzen dira Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek goi-mailako irakaskuntzako zerbitzu publikoaren truke ordaindu behar dituzten zenbatekoak.

Hori guztia dela-eta, honako hau

  1. Euskal Herriko Unibertsitatean titulu ofizialak lortzeko goi-mailako hezkuntzako zerbitzu publikoaren truke 2009-2010 ikasturtean ordaindu beharreko prezioak eranskinetako tarifetan adierazitakoak dira.

  2. Unibertsitatearen titulu propioak lortzeko diren unibertsitate-ikasketen prezioak, Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu.

  1. Kreditu-sistemaren bidez egituratuta ez dauden irakaskuntzen kasuan, ikasturte osoaren prezioa I. eranskinean adierazitakoa da.

  2. Irakasgai solteentzat finkatutako prezioaren zenbatekoa ikasturte osoko prezioaren araberakoa izango da. Zenbateko hori honela kalkulatuko da: ikasturte osoak (aurreneko matrikula, bigarrena, hirugarrena edo ondorengoren bat) balio duen zenbatekoa eta I. eranskineko a) eta b) tarifak zatituko dira irakasgaiari dagokion ikasturteko urteko irakasgaien kopuruarekin.

  3. Irakasgaika ordaintzen bada, bi irakasgai-mota bereiziko dira: urtekoak eta lauhilabetekoak. Euskal Herriko Unibertsitateak sailkatuko ditu irakasgaiak. Lauhilabeteko irakasgaiei urteko irakasgaien prezioaren zenbatekoaren erdia aplikatuko zaie.

  4. Matrikularen zenbatekoa kalkulatutakoan, hala badagokio, ohorezko matrikulei dagozkien hobariak kenduko zaizkio zenbateko horri.

  1. Gai edo irakasgaien zenbatekoa (aukera askeko gaiak edo irakasgaiak direnak izan ezik) kalkulatzeko, kreditu bakoitzaren prezioa (irakaskuntzen esperimentazio-mailaren arabera eta II. eta III. eranskinetan ezarritakoa kontuan hartuta), irakasgaiari izendatutako kreditu-kopuruarekin biderkatuko da.

  2. Ikasleek berek aukeratuko dituzten gaien kredituak, aukeratutako gaien titulaziorako ezarritako tarifaren arabera ordainduko dira.

  3. Unibertsitateak ikasleari aukera ditzan eskaintzen dizkion eta helburu horretarako bereziki sortu dituen gaien kasuan, ikasleak lortu nahi duen titulazioari dagozkion prezioak aplikatuko dira.

  4. Hautaketa libreko kredituak amortizatzeko Unibertsitateak onartu bai baina Unibertsitateko ikasketa-planekin bat ez datozen jarduerei, ikasleak lortu behar duen titulazioaren arabera, horri legokiokeen zenbatekoaren % 25 aplikatuko zaie.

  5. Campus Birtualean emandako kredituei 1. esperimentaltasun mailari dagozkion prezioak aplikatuko zaizkie, lortu nahi den titulazioa zein den kontuan izan gabe.

  6. Graduatu ondoko programa ofizialak (Ikerketa Masterra eta Lanbide Masterra) badira, III. eranskinean ageri da kredituaren prezioa. Europako Batasunaren baitako programen barruan dauden master ofizialetan, zerbitzu akademikoak direla eta ordaindu beharreko prezio publikoak agindu honetan zehaztutakoak izango dira. Hala ere, egoitza Europako Batasunetik kanpora duten ikasleentzako bestelako tasak ezarri ahalko dira. Halaber, ikasle guztiei gainordaina ezarri ahalko zaie emandako bestelako zerbitzuak direla eta, programa eta programa garatzeko akordioak arautzen dituzten arauekin bat.

  7. Doktoretza-programen kasuan, kredituaren prezioa III. eranskinean agertzen dena izango da. Dagokion sailak doktoretza-tesiaren proiektua onartutakoan, ikasleak, urtero, IV. eranskinean adierazitako prezioa ordaindu beharko du tutoretzaren truke.

  8. Lehenengo eta bigarren zikloetan kredituak baliokidetasuna dela eta onartzen direnean, proba bat gaindituz kredituak lortzeko bidea ematen duten irakaskuntzarik gabeko gaietan, ahitzeko diren planetako ikasgaien kasuan horiei dagozkien irakasgaiak ematen ez badira, edo ikastetxeetatik kanpo egindako praktika babestuen kasuan, titulu horietarako finkatutako prezioen % 25 ordainduko da, titulu bakoitzari dagokion eranskinean esaten denaren arabera.

  9. Hala badagokio, ohorezko matrikulei dagozkien hobariak kenduko zaizkio lehenengo eta bigarren zikloko matrikulen zenbatekoari. Hobari horiek aurreko lerroaldeetan adierazitakoaren arabera kalkulatuko dira.

Ebaluaketen, proben, tituluak ematearen eta Idazkaritzako eskubideen prezio publikoak IV. eranskineko tarifetan adierazitakoak dira.

Unibertsitateko titulazioei, izaera ofiziala eta Estatuko lurralde osorako balioa badute eta abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik emanak badira, IV. eranskinean adierazitako tarifak ezarriko zaizkie. Dekretu horrek agintzen du unibertsitateek nola eman behar dituzten Europak titulurako duen osagarria.

  1. Oro har, ikasleak irakasgai solteetan matrikulatu ahal izango dira, irakasgai bakoitzari dagokion ikasturtea kontuan hartu gabe.

  2. Dena den, matrikulatutako irakasgaietako azterketa eta dagokion ebaluazioa egiteko eskubidea mugatu egingo dute ikasketa-planetatik eratorritako bateraezintasun akademikoek.

  3. Xedapen honetan ezartzen den matrikula-eskubidea erabiltzeak ez du ekarriko ikasketa-planen beharren arabera ikastetxe bakoitzak duen eskola-ordutegi orokorren erregimena aldatu beharrik.

  4. Lehenengo eta bigarren zikloen kasuan, matrikularen prezioa ordaintzeak bi azterketa-deialditarako eskubidea emango du ikaslea matrikulatu den irakasgai edo gai bakoitzeko, beti ere ikasturtearen barruan. Unibertsitateak ezarriko ditu deialdietako egunak.

  1. Ezarritako prezioak denak batera ordaindu ahal izango dira matrikula egiten denean, edo hiru epe berdinetan. Hiru zati horiek honela ordainduko dira: lehena, matrikula egiterakoan; bigarrena, abenduko lehenengo hamabostaldian, eta hirugarrena, urtarrileko lehenengo hamabostaldian.

  2. Lauhilabeteka egituratutako irakaskuntzen kasuan, unibertsitatearen esku egongo da bigarren lauhilabetekoari dagokion matrikula lauhilabeteko horren hasieran egiteko baimena ematea. Kasu horretan ezingo da aplikatu aurreko lerroaldean aipatutako ordainketa zatikatua.

  3. Aurreko 1. paragrafoan zehaztutako ordainketaren zatiketa ez da aplikatuko, ikasleak ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 150 eurokoa baino txikiagoa bada.

  4. Guztia ez ordaintzeagatik matrikula anulatzen bazaio ikasleren bati, ordura arte ordaindutakoa galduko du, eta ordaintzeke geratutako zatia unibertsitatearekiko zortzat hartuko da, eta zor hori zenbatekoa den ebazpen bidez zehaztu eta ikasleari jakinaraziko zaio. Unibertsitatearekin zorretan dauden ikasleek ezingo dute unibertsitateak eskainitako zerbitzuez baliatu, eta bereziki, ezin izango dira beste ezer ikasten hasi bertan, ez zaie ez titulurik, ez ikasketa-espedienteari buruzko egiaztagiririk nahiz informazio-oharrik izapidetuko, eta ezta beste matrikularen bat egiten utziko ere.

Adskripzio-hitzarmenetan onartutakoaren kalterik gabe, atxikita dauden unibertsitate-ikastetxe eta unibertsitate-institutuetako ikasleek, I. eta III. eranskinetako tarifetan ezarritako prezioen % 25 ordainduko diote unibertsitateari, kasuan kasuko ikasketa-motaren arabera. Gainerako prezioak oso-osorik ordainduko dira aurreikusitako zenbatekoan.

  1. Ikastetxe pribatuetan edo atzerrikoetan egindako ikasketak direla eta, ikasturte osoen edo irakasgai solteen konbalidazioa lortzen duten ikasleek kasuan kasuko eranskineko tarifetan jasotako prezioen % 25 ordainduko diote unibertsitateari. Unibertsitate publikoetan egindako ikasketak baliokidetzeak ez du preziorik sortuko.

  2. Beren tituluak Espainiako graduondoko tituluekin baliokidetzea eskatzen dutenek gaitasun proba edo proba orokorra egin behar badute, VI. eranskinean jasotako tarifa ordaindu beharko dute. Prestakuntza osagarriko baldintza moduan tutoretzapeko ikastarorik egin behar badute, ikasketa horien esperimentaltasun-taldeari dagozkion prezioak ordaindu beharko dituzte.

  1. Maila orokorreko familia ugarietako ikasleek aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioen % 50 ordaindu beharko dute.

  2. Maila bereziko familia ugarietako partaideek ez dituzte ordainduko aurreko ataletan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioak.

  3. Familia ugarietako partaideak familia ugarikoak izan behar dira ikasturtearen hasieran. Ikasturte hasieran familia ugarikoa dela egiaztatzen duen agiria izapidetzen izan bazen, familia ugarikoa dela aitortzeko eskaeraren edo berritzearen kopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko da. Dena den, 2009ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da familia ugariaren titulua. Hala egiten ez bada, emandako onurak bertan behera utziko dira eta dagokion zenbatekoa ordaindu beharko da.

  1. Ekintza terroristaren biktimek, euren ezkontideek, seme-alabek edo biktima horiek ekintza terrorista gertatu baino lehen legez umeordetzat hartutakoek ez dute inolako ordainketa publikorik egin beharrik izango Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza-maila guztietako ikastetxe publikoetan unibertsitateko ikasketa-zerbitzuak jasotzeagatik. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ordainduko dio Unibertsitateari pertsona horiei dagozkien irakaskuntza-zerbitzuengatiko prezioen zenbatekoa.

  2. Ekintza terroristaren biktimek, euren ezkontideek, seme-alabek edo biktima horiek ekintza terrorista gertatu baino lehen legez umeordetzat hartutakoek harreraren ebazpena aurkeztu beharko dute Terrorismoaren Biktimentzako Laguntzen Programan, ikasturtearen hasieran. Ikasturte hasieran eskaera izapidetzen izan bazen, aipatutako programan harrera eskaeraren kopia konpultsatua aurkeztuz egiaztatuko da. Dena den, 2009ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da aipatutako ebazpena. Hala egiten ez bada, emandako onurak bertan behera utziko dira eta dagokion zenbatekoa ordaindu beharko da.

  1. % 33ko edo gehiagoko elbarritasun maila duten ikasleek (eskumena duen organoak hala adierazita) tasak ordaintzetik erabat salbuesteko eskubidea izango dute unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketetan.

  2. Ikasleen familietan (hau da, gurasoak, anaia-arrebak eta familia horiek legez hartu dituztenak)

    • 65eko edo gehiagoko elbarritasun maila duen kideren bat baldin badago, ikasleek tasak ordaintzetik erabat salbuesteko eskubidea izango dute unibertsitate-tituluak lortzera bideratutako ikasketetan.

  3. Kideren bat elbarria duten familiek hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute ikasturtearen hasieran. Ikasturte hasieran elbarritasun mailaren ebazpena izapidetzen izan bazen, elbarritasuna duela aitortzeko eskaeraren edo berritzearen kopia konpultsatuaren bitartez egiaztatuko da. Dena den, 2009ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da aipatutako ebazpena. Hala egiten ez bada, emandako onurak bertan behera utziko dira eta dagokion zenbatekoa ordaindu beharko da. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ordainduko dio Unibertsitateari pertsona horiei dagozkien irakaskuntza-zerbitzuengatiko prezioen zenbatekoa.

  1. Genero-indarkeria jasan duten pertsonek eta horien seme-alabek ez dute inolako prezio publikorik ordaindu beharko unibertsitateko zerbitzu akademikoak jasotzea dela-eta. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ordainduko dio Unibertsitateari pertsona horiei dagozkien irakaskuntza-zerbitzuengatiko prezioen zenbatekoa.

  2. Genero-indarkeria jasan duten pertsonek eta horien seme-alabek ikasturte hasieran egiaztatu beharko dute egoera horretan daudela, epailearen epai bidez, biktima babesteko aginduaren bidez edo oinarrizko nahiz espezializatutako gizarte-zerbitzuen txostenaren bidez egiaztatu beharko da; hau da, agiri horiek genero-indarkeria izan dela egiaztatu beharko dute. Epaia, agindua edo txostena eskaera egin aurreko bi urteetan eman edo idatzitakoak izan beharko dira. Dena den, 2009ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira aipatutako dokumentuak. Hala egiten ez bada, emandako onurak bertan behera utziko dira eta dagokion zenbatekoa ordaindu beharko da.

  1. Guraso bakarreko familietako ikasleek aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatuz egokituko litzaizkiekeen prezioen % 50 ordaindu beharko dute. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ordainduko dio Unibertsitateari pertsona horiei dagozkien irakaskuntza-zerbitzuengatiko prezioen zenbatekoa.

  2. Xede horietarako, guraso bakarreko familiatzat joko da guraso bakarrak eta bere zaintzapean dituen bi seme-alabek osatutakoa. Halaber, guraso hori izan beharko da mantentzaile bakarra.

  3. Guraso bakarreko familietako kide diren pertsonek egoera horretan direla egiaztatu beharko dute ikasturtearen hasieran. Guraso bakarreko familiako kide direla egiaztatzen duen zinpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, bizikidetza-ziurtagiriarekin batera. Dena den, 2009ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte aipatutako dokumentuak. Hala egiten ez bada, emandako onurak bertan behera utziko dira eta dagokion zenbatekoa ordaindu beharko da.

Bekak. 1. Ikasketa-beka eta -laguntza pertsonalizatuen erregimena arautzen duen abenduaren 21eko 1721/2007 Errege Dekretuaren babespean deituriko beka Euskal Autonomia Erkidegoko edo Estatuko Aurrekontu Orokorren pentzutan eskatzen duten ikasleek ez dute irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioa matrikula egitean bertan ordaindu beharrik izango. Hala ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Batzordeak aldez aurretik hala erabakita, unibertsitateetako idazkaritzek, badaezpada, finkatutako baldintza akademikoak betetzen ez dituzten ikasleei irakaskuntzako zerbitzuengatiko prezioa ordaintzea eska diezaiekete.

  1. Matrikula betetzean, beka bat eskatu dutela eta, dagozkien prezioak ordaindu ez dituzten ikasleek, hautespen epaimahaiak behin-behinekoz beka ukatzen badie, egin zuten matrikulari dagokion prezioa ordaindu beharko dute, ukapen horren kontrako alegazioak aurkeztu ala ez.

  2. Unibertsitate zuzendariak, jardunbidearen edozein unetan edo jardunbidea amaitu ondoren, pertsona bati emandako beka indargabetzen badu, egin zuen matrikulari dagokion prezioa ordaindu beharko du ikasleak.

  3. Prezioa ordaintzen ez badu, matrikula ezabatuta geldituko da irakasgai guztietarako, indarrean dauden legeetan aurreikusitako eran.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean. Egun horretatik aurrera, eranskinetako tarifak aplikatuko zaizkie 2009-2010 ikasturtean eman beharreko zerbitzu akademikoei.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko ekainaren 23a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

2009-2010 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN I. ERANSKINA

KREDITU-SISTEMAZ EGITURATUTA EZ DAUDEN IRAKASKUNTZAK

TARIFAK

  1. Honako titulu hauek lortzeko ikasketak: Lizentziaturak: Medikuntza, Odontologia, Farmazia, Zientziak, Informatika, Arte Ederrak, Marina Zibila eta Itsas Makinak. Arkitektoa, Ingeniaria eta Ingeniari Teknikoa. Diplomaturak: Erizaintza, Marina Zibila eta Itsas Makinak (unibertsitate-eskoletako tituludunak fakultateetan eta goi-eskola teknikoetan sartzeko egokitze-kurtsoak barne).

  2. Lehen eta bigarren zikloko titulu ofizialak -a) atalean zehaztutakoak ez direnak- ateratzeko diren gainerako unibertsitate-ikasketak (unibertsitate-eskoletako tituludunak fakultateetan sartzeko egokitze-kurtsoak barne).

    IKASTURTE OSOA

    Lehenengo

    matrikula Bigarren

    matrikula Hirugarrena eta ondorengo matrikulak

    Euro Euro Euro

    a) 842,18 944,91 1.134,55

    b) 594,51 667,04 800,91

    2009-2010 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN II. ERANSKINA

    UNIBERTSITATE-TITULU OFIZIALEN KATALOGOAN DAUDEN IRAKASKUNTZEN ESPERIMENTAZIO-MAILAK

    1. mailako esperimentazioa: lizentziaturak: Biologia, Biokimika, Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Ingurumen Zientziak, Itsas Zientziak, Farmazia, Medikuntza, Odontologia, Kimika eta Albaitaritza. Diplomaturak: Erizaintza, Fisioterapia, Giza Elikadura eta Dietetika, eta Podologia.

    2. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Arte Ederrak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak, Enologia, Fisika, Geologia, Itsas makinak, Nautika eta Itsas Garraioak, Itsas Irrati Elektronika, eta Itzulpengintza eta Interpretazioa. Ingeniariak: Aeronautika; Nekazaritza; Automatika eta Elektronika industriala; Bideak, Ubideak eta Portuak; Meatzeak; Mendiak; Elektronika; Geodesia eta Kartografia; Geologia; Industria; Informatika; Materialak; Itsasoa eta ozeanoak; Industria Antolamendua; Kimika; Telekomunikazioak. Arkitektoak. Arkitekto teknikoak. Diplomaturak: Logopedia, Itsas Makinak, Itsas Nabigazioa, Optika eta Optometria, Itsas Irrati Elektronika eta Lanaren bidezko Terapia. Ingeniari tekniko aeronautikoak: Aeromotorrak, Aeronabigazioa, Aireontziak, Aireportuak, Ekipo eta Material Aeroespazialak. Nekazaritza-ingeniari teknikoak: Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak, Barazki-frutazaintza eta Lorezaintza, Nekazaritza eta Elikagaien Industria, Nekazaritza Mekanizazioa eta Eraikuntzak. Industria Diseinuko ingeniari teknikoak. Baso-ingeniari teknikoak: Baso Ustiapenak, Baso Industriak. Kudeaketa-informatikako ingeniari teknikoa. Sistemen Informatikako ingeniari teknikoa. Industria-ingeniari teknikoa: Elektrizitatea, Elektronika Industriala, Mekanika, Kimika Industriala eta Ehungintza. Meatzetako ingeniari teknikoa: Meatze-ustiapenak, Meatzetako Instalazio Elektromekanikoak, Mineralurgia eta Metalurgia, Energia Baliabideak, Erregaiak eta Lehergaiak, Meatzetako Zundaketa eta Ikerkuntzak. Ontzigintzako ingeniari teknikoa: Itsasorako Egiturak, Ontzietako Propultsio eta Zerbitzuak. Herri Lanetako ingeniari teknikoa: Eraikuntza Zibilak, Hidrologia, Garraioak eta Hiri Zerbitzuak. Telekomunikazio-ingeniari teknikoak: Telekomunikaziorako Sistemak, Sistema Elektronikoak, Soinua eta Irudia, Telematika. Topografiako ingeniari teknikoa.

    3. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Zientzia eta Teknika Estatistikoak, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Dokumentazioa, Musikaren Historia eta Zientziak, Matematika, Pedagogia, Publizitatea eta Harreman Publikoak, Psikologia eta Psikopedagogia. Diplomaturak: Bibliotekonomia eta Dokumentazioa, Gizarte-Hezkuntza, Estatistika, Gizarte Lana eta Turismoa. Irakasletza: Entzutea eta Mintzaira, Hezkuntza Berezia, Gorputz Hezkuntza, Haur Hezkuntza, Musika Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko hizkuntza.

    4. mailako esperimentazioa: Lizentziaturak: Administrazio eta Enpresen Zuzendaritza, Gizarte eta Kultura Antropologia, Aktuariotza eta Finantza Zientziak, Politika eta Administrazio Zientziak, Lan Zientziak, Zuzenbidea, Ekonomia, Filosofia, Aleman Filologia, Arabiar Filologia, Katalan Filologia, Filologia Klasikoa, Eslaviar Filologia, Frantses Filologia, Galiziar Filologia, Hebrear Filologia, Filologia Hispanikoa, Ingeles Filologia, Italiar Filologia, Portugaldar Filologia, Filologia Erromanikoa, Euskal Filologia, Geografia, Historia, Artearen Historia, Humanitateak, Merkatu Ikerketa eta Teknikak, Hizkuntzalaritza, Kazetaritza, Soziologia, Literatura Teoria, Literatura Konparatua. Diplomaturak: Enpresa Zientziak, Kudeaketa eta Administrazio Publikoa, Lan Harremanak.

      2009-2010 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN III. ERANSKINA

      KREDITU-SISTEMAZ EGITURATUTAKO IRAKASKUNTZAK

      TARIFAK

      Irakaskuntzaren

      esperimentazio maila Lehenengo

      matrikula

      (Kreditu prezioa) Bigarren

      matrikula

      (Kreditu prezioa)

      Hirugarren eta ondorengo matrikulak

      (Kreditu prezioa) Doktoretza

      Programa

      (Kreditu prezioa) Ikerketa

      Masterra

      (Kreditu prezioa)

      ECTS

      Euro Euro Euro Euro Euro

      1 15,22 17,48 21,02 57,80 31,30

      2 14,59 16,75 20,11 57,43 31,10

      3 11,29 13,15 15,75 47,51 25,74

      4 9,81 11,38 13,64 41,47 22,46

      Master profesionala Kredituaren prezioa

      ECTS (eurotan)

      El Correo UPV/EHUren Multimedia Kazetaritza Masterra 89,07

      Berrikuntza eta Ezagutza Kudeatzeari Buruzko Masterra 44,99

      Material Aurreratuen Ingeniaritza Masterra 39,90

      Material Berriztagarrien Ingeniaritza Masterra 39,90

      Garapen eta Nazioarteko Lankidetzako Masterra 26,50

      Enpotratutako Sistemen Inguruko Ingeniaritza 49,55

      Migrazioetako Masterra: Migrazio-prozesuen Berri Izan eta Kudeatzea 33,06

      Ikuskizunaren Arte eta Zientziak Masterra 27,50

      Parte Hartze eta Garapen Komunitarioari Buruzko Masterra 26,44

      Finantza eta Finantzen Zuzendaritzako Masterra 24,60

      Modelizazio Matematikoa, Estatistika eta Konputazioko Masterra 32,09

      Teknologietako eta Ingurumen Kudeaketako Masterra 29,60

      Energia Ingeniaritza Iraunkorreko Masterra 48,82

      Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketako Masterra 23,96

      Gazteari buruzko Ikasketak Unibertsitate Masterra (*) 25,92

      Laneko Segurtasun eta Osasuna Unibertsitate Masterra (*) 24,83

      Multimedia Komunikazioa EHU-EITB unibertsitate Masterra (*) 24,42

      Autonomia Pertsonalerako Teknologian Unibertsitate Masterra (*) 32,20

      Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren, Batxilergoaren, Lanbide Heziketaren eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Unibertsitate Masterra (*) 13,86

      (*): Baimena falta da.

      2009-2010 IKASTURTEAN UNIBERTSITATEKO IKASKETA-ZERBITZUENGATIK ORDAINDU BEHARREKO PREZIOAK FINKATZEN DITUEN AGINDUAREN IV. ERANSKINA

      TARIFAK

    1. tarifa. Ebaluazioak, probak eta tutoretza.

    1. Unibertsitatean sartzeko gaitasun-probak: 62,74 euro.

    2. Itzulpengintza- eta Interpretazio-ikasketak egiteko sarrera-probak: 62,74 euro.

    3. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Fakultatean sartzeko deitutako probak (inskripzio-eskubideak): 58,91 euro.

    4. Karrera amaierako proiektuaren ebaluaketa: 128,65 euro.

    5. Graduko azterketa edo tesinaren ebaluaketa: 128,65 euro.

    6. Atzerriko tituluak Espainiako graduondoko tituluekin baliokidetzeko gaitasun-proba edo proba orokorra: 128,65 euro.

    7. Goi-hezkuntzako atzerriko tituluak graduatu ondoko titulu akademikoekin (doktorea) homologatzea: 200,93 euro.

    8. Doktoregaien tutoretza: 30,80 euro.

    1. Doktoretza-tesirako azterketa: 133,54 euro.

    1. tarifa. Tituluak eta idazkaritza.

    1. Titulu akademikoak ematea:

      1. Doktoretza: 201,45 euro.

      2. Masterra: 158,93 euro.

      3. Lizentziatua, Arkitektoa eta Ingeniaria: 135,24 euro.

      4. Diplomatua, Arkitekto Teknikoa eta Ingeniari Teknikoa: 67,67 euro.

      5. Espezializazio Didaktikoko Ikastaroa edo baliokidea: 67,67 euro.

      6. Tituluaren gehigarri europarra: 61,99 euro.

      7. Ikasketa Aurreratuen Egiaztagiria-diploma: 73,58 euro.

      8. Unibertsitateko edo graduondoko titulu ofizialak ematea eta horien bikoizketen inprimaketa: 30,22 euro.

    2. Idazkaritza:

      1. Ikasketa-espedientea irekitzea ikastetxeren batean ikasketak hasten direlako, egiaztagiri akademikoak eta ikasketa-espedienteak tokiz aldatzea: 23,36 euro.

      2. Ikasketa-espedientea irekitzea hirugarren zikloko ikasketak hasten direlako: 23,36 euro.

      3. Ikasketa-espedientea irekitzea graduatu ondoko ikasketa ofizialak egiten hasteagatik: 23,36 euro.

      4. Ikasketa-espedientea irekitzea Espezializazio Didaktikoko Ikastaroa edo baliokidea egiten hasteagatik: 23,36 euro.

      5. Kopia kauto, kautotu eta konpultsatuak ematea:

      Kopia bakoitzeko: 4,60 euro.

      Konpultsatu beharreko agiriaren orri gehigarriko: 0,46 euro.

      6. Identifikazio-txartela ematea: 5,29 euro.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik