- AGINDUA, 2009ko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena; ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 2009-2010 ikasturtean zehar eskolan ahozko adierazmena indartzeko laguntza-deialdia zabalduz. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena; ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 2009-2010 ikasturtean zehar eskolan ahozko adierazmena indartzeko laguntza-deialdia zabalduz.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 157
- Hurrenkera-zk.: 4627
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/07/08
- Argitaratze-data: 2009/08/18
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, bere Nolega programaren bidez, eskola giroa euskalduntzeko hainbat ekintza antolatzen eta burutzen ari da. Ekintza horietariko bat, azken urteetako ibiliak erakusten duenez, eskola giroan hizkuntzarekiko klase emankizun formalez gainera hizkuntza lanketarako ariketa bizi eta naturalak bideratzea da; hots, euskara asignatura moduan emateaz gain, ikasle-irakasleen interes eta sentipenak kilikatuz hizkuntza lantzea. Eginbide horri erantzuteko jokamolde bat baino gehiago daude eskueran: idazlan-lehiaketak, bertso-lanketa, antzerkigintza, kantagintza, irratigintza eta kontalaritza besteak beste. Euskararen ahozko erabilera, hitzen ebakera zuzena eta doinuera egokia, bat-bateko jariakortasuna eta hitz-etorria bultzatzeak umearen hizkuntza-gaitasunari begira duen aparteko garrantziaz jabeturik, eskola-giroko ahozko adierazmenak gure ikasle-irakasleen artean arreta berezia eta Hezkuntza Administrazioaren bultzada sendoa behar duela deritzo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak. Eginbehar horretaz jabeturik, eta aurreko urteetako ibiliari jarraiki, eskola-giroa euskaldundu asmoz 2009-2010 ikasturtean Eskola Antzerkigintza, Bertso-lanketa, Kantagintza, Kontalaritza eta Irratigintza biltzen dituen deialdiaren bidez ikastetxeei bertatik bertarako laguntza-bideak eskaini beharra ikusten da.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
Lehenengoa. Oinarri-arauek jardunbide kontuan begiz jo gabeko zertzelada orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.
Bigarrena. Bide administratiboa agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion aretoan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Hirugarrena. Deialdi hau mamitzeko beharrezko neurriak hartuko ditu Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak.
Laugarrena. Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 8a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Deialdi honetako laguntza-jasotzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeak izango dira. Ahozko adierazmena indartzeko 2009-2010 ikasturtean hurrengo oinarrietan zehazten diren baldintzetan egindako saioak hartuko dira kontuan. Honetarako Euskal Autonomia Erkidegoko 2009ko aurrekontuetatik 300.000 euroko diru-partida erabiliko da. Diru-zenbateko hori aldatu egin daiteke, eskaeren guztirako zenbatekoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste dirulaguntza programetan erabili gabe geratzen diren diruak erabiliz, beti ere azken hauen erabakiak hartu aurretik. Horrelakoetan Hezkuntza sailburuordearen ebazpenak horren berri emango du.
Laguntza-deialdi honek Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ahozko adierazmena indartzeko saioak hartuko ditu kontuan: eskola-antzerkigintza, Eskolako bertso-lanketa, Eskola-kantagintza, Eskola-kontalaritza eta Eskola-irratigintza. Aldi berean, deialdi honen diru-baliabideen zati bat (ikus 16. atala) Azpeitiko Antzerki Topaketetara doazen taldeen diru-laguntza modura erabiliko da.
Laguntza deialdi honetara A, B eta D irakastereduetako ikasle-taldeak dituzten ikastetxeak bildu ahal izango dira.
A ereduko ikastetxeen kasuan, ahalegin berezia egingo da, programa hau indartzeko eta bertako ikasleria euskarara gerturatzeko.
Eskatzaileek zabalik baldin badute Herri Administrazioek emandako antzeko laguntzaren bat itzultzeko espedienterik edo zigor-agiririk, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.
Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bateratuaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenak. Honen haritik, Lege horrek aipatu artikuluan ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du eskatzaileak.
Oinarriz ondoko hauek hartuko ditu kontuan laguntza-deialdi honek:
Eskola-antzerkiaren arloan: hasi antzerki lan klasikoetatik eta, txotxongiloa barne, ahozko hizkuntza eta adierazpena lantzeko baliagarri gerta daitezkeen antzerki mota guztietaraino.
Eskolako bertso-lanketaren arloan: hasi bertso-paperak irakurtzetik eta, aurrez prestaturiko bertso abestuak barne, bat-bateko bertsoetaraino.
Eskola-kantagintzaren arloan: abesti klasikoetatik hasita, herrikoiak barne, ahozko hizkuntza eta adierazpena lantzeko baliagarri gerta daitezkeen abesti mota guztietaraino.
Eskola-kontalaritzaren arloan: hasi ipuin-kontaketaren teknikak lantzetik, kontakizunak, poesiak, alegiak, pasadizoak, txisteak, eta ahozko adierazmena indartzeko balio lezakeen beste edozein baliabidetaraino.
Eskola-irratigintzaren arloan: hasi irratiaren teknika lantzetik eta, emankizun xumeenak barne, emankizun osatu eta mamitsuetaraino.
Euskara hutsean edo nagusiki euskaraz prestaturiko ahozko adierazmenaren lanketara mugatzen da laguntza-deialdi hau.
Ikastetxe bakoitzak eskabide-orri bakar bat aurkeztuko du deialdi honetara. Ahozko adierazmena indartzeko saioen eta emanaldien zehaztasunak aipatu eskabidean jasoko dira.
Ahozko adierazmenaren lanketa, oinarriz, ohiko ikasgelako ikasleekin egingo da. Gelako irakasleetako bat edo batzuk izango dira ekimen hauen arduradun eta ikastetxeko ahozko adierazmena indartzeko planean txertatuko dira ekimenok.
Laguntza-deialdi honek ondoko fase hauek hartuko ditu kontuan:
Prestakuntza-fasea: ahozko adierazmena indartzeko proposatzen diren saioen lehen asmoarekin hasten den unetik lehen emanaldiaren eguna arteko langintza.
Emanaldiak: ahozko adierazmena indartzeko eskolatik kanpora egiten diren saioak.
2009-2010 ikasturtean burutuko den Ahozko adierazmenaren lanketa hartuko du deialdi honek kontuan. Prestakuntza-faseak, gutxienez, hilabeteko iraupen-hedadura izango du eta 2010eko martxoaren 20rako, beranduenik, burutua izan beharko du. Fase honetan langintza etenik gabe burutzea zaindu beharko da eta nagusiki irakastorduen barnean mamitu.
Ahozko adierazmena landu duen talde bakoitzak hiru emanaldi eskaini beharko ditu, gutxienez, 2009-2010 ikasturtean. Lehen emanaldia nork bere ikastetxeko ikasle eta/edo gurasoentzat eskainiko du; horretaz gainera beste bi emanaldi eskaini beharko ditu talde orok, gutxienez, bere eskualdeko beste bi ikastetxetan, bertako ikasleentzat. Emanaldi hauek beste nonbait egitea komenigarria ikusten bada, eskabidean emango da honen berri zehatz eta arrazoitua.
Emanaldi bakoitzean ahozko adierazmena landu duen talde bat baino gehiago bildu daiteke egoki ikusten bada. Bestalde, talde batek arlo ugari landu baditu, guztien azalpena egin dezake emanaldi osatu bakarrean.
Eskola-Irratigintza lantzen duten taldeen kasuan lau irratsaio grabatu beharko dituzte. Irratsaio hauek bere eskualdeko beste bi ikastetxetara igorri beharko dira. Lau irratsaio hauen iraupena gutxienez 20 minutukoa izango da guztira. Kasetea/CDa jasotzen duen ikastetxeak irratsaiook ikasleekin entzun eta dagokion balorazio orria beteko du.
Eskabideak
Laguntza-deialdi honetara bildu nahi duen edozein ikastetxek, 2009ko irailaren 1etik hasi eta 2009ko urriaren 2ra bitartean, egun biak barne, berariazko eskabide-orria bete eta, beharrezko adostasun-azalpena arduradunak eta zuzendariak sinaturik eta ekintza-planaren begiz jotako aurrekontua eta eskatzen den laguntza zehaztuz, lekuan lekuko Hezkuntza Ordezkaritzan aurkeztu beharko du. Bestela, epe horren barruan postan sobre irekian aurkeztu beharko du ziurtatzera, zigilua eta data eskabideari berari ezarri ahal izateko, eta honako helbide honetara bidali: Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila (Nolega atala). Donostia kalea 1, 01010 GASTEIZ; edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezartzen den edozein administrazio-gunetan aurkeztea.
Eskabide orriak Hezkuntza Ordezkaritzetan eskura daitezke.
Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo osatu beharren bat sumatuko balitz, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio eskabidea osa dezan. Epe horretan eskabidea osatzen ez badu, bere eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera ebazpena eman ondoren.
Esleipen-irizpideak eta zenbatekoak finkatzekoak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren onarpena jasotako eskabideek, ekimena prestatu eta gutxienez hiru emanaldi eskaintzeagatik, dirulaguntza eskuratuko dute. Oinarrizko zenbateko hau ondoko eginbehar hauetarako erabiliko da:
Joan-etorri gastuak, eskualde barruko emanaldiei dagozkienak.
Baliabide materialen gastuak (bibliografia, janzkiak, dekoratuak, audio-zintak...).
Irizpide nagusi moduan, kontuan izan bedi ahozko adierazmena indartzeko deialdi honek hizkuntza-gaitasuna sendotzea duela helburu. Beraz, efektu artistikoak, gorputz-adierazmena, audio eta bideo-efektuak eta antzeko xedeak hobetzearren egin litezkeen gastuak ez dira berariaz lagunduko deialdi honetan.
Baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiak dira diru-laguntzen onuradun. Eskabideak aztertu eta ondorengo irizpideak kontuan hartuta laguntza-proposamenak egiteko, honako kide hauez osaturiko batzordea izendatuko du Hezkuntza sailburuordeak:
Antzerki-munduko ordezkaria.
Bertsolaritza-munduko ordezkaria.
Abesti- edo musika-munduko ordezkaria.
Kontalaritza-munduko ordezkaria.
Irrati-munduko ordezkaria.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo berak izenda dezan ordezkoa.
Kultura Saileko ordezkaria.
Berritzeguneetako Hizkuntza Normalkuntzako bi teknikari.
Nolega ataleko bi teknikari.
Deialdiaren zenbatekoa bi kontzeptutan banatuko da. Lehenak prestakuntzari eta emanaldiei erantzungo die. Bigarrena Azpeitiko Antzerki Topaketetara joatea egokitzen zaien ikastetxeen beharrei erantzuteko erabiliko da. Bigarren honetarako 2009-2010 ikasturtean 7.800 euro erabiliko dira gehienez. 19. atalean zehazten diren banaketa irizpideak aplikatu ondoren, aipatu diru kopuru hori agortu ez balitz, soberan dagoena lehen kontzepturako gordetako diru kopuruari gehituko litzaioke.
Laguntzaren zenbatekoak, aurrez aipatutako lehen kontzeptuari dagokionez, ezingo du gastuaren % 100a gainditu, ez eta ikastetxe bakoitzeko 2.300 euroko muga ere.
Jasotako eskabideei aurreko atalean ezarritako zenbatekoetan erantzuteko diru-ahalmenik ez bada batzordeak jarritako puntuazioetan oinarrituz hainbanatuko dira laguntzak. Horretarako, batzordeak, eskabideak aztertu eta laguntza-proposamenak egiteko, ondoren aipatzen diren irizpideak erabiliko ditu:
Prestakuntza.
1. Prestakuntzarako Oinarrizko Puntuazioa (POP) zehaztuko da. Puntuazio honek hiru adierazle hartuko ditu kontuan eta hauen batuketa egingo du:
POP = POTK + EE + SB
(POTK) Prestakuntzarako onartutako talde-kopurua. Parte-hartzaileak zenbat talde jardungo diren zehaztuko du. Ondoko taula hau oinarri hartuta lortuko dute Prestakuntzarako onartutako talde-kopuruari dagokion puntuazioa:
Talde 1 1
2 talde 2
3 talde 3
4 talde 4
6 talde 5
8 talde 6
10 talde 7
12 talde 8
14 talde 9
15 edo 15 taldetik gora 10
Prestakuntzarako onartutako talde-kopuruaren indize hau (POTK) eskabidearen balorazio osoaren % 10 izango da gehienez.
(EE) Eragindako Esparruak. Planteatzen diren esparruetatik zenbatetan egiten duen baloratzen da. Ondoko formula erabiliko da horretarako:
Esparru-kopurua (1,2,3,4,5) x 2 = EE
Eragindako Esparru-kopuru hau (EE) eskabidearen balorazio osoaren % 10 izango da gehienez.
(SB) Saioaren Balioa. Planteatzen diren saioen berezitasunak baloratzen dira. Batzordeak ikastetxeen eskabideetan berezitasunen bat antzematen badu, bi tramotan kokatu ahal izango ditu proposamen berezi horiek: 1. tramoan finkatzen direnei % 2,5eko balioa emango zaie, eta 2. tramoan finkatzen direnei % 5ekoa.
Saioaren Balio hau (SB) eskabidearen balorazio osoaren % 5 izango da gehienez.
2. Prestakuntzarako Oinarrizko Puntuazio (POP) honi bi graduatzailek eragingo diote:
(HN) Ulibarri programan egoteak POP balioaren % 10eko igoera ekarriko du. Graduatzaile honek balorazio osoaren % 2,5eko igoera ekarriko du gehienez.
(AI) A indartua izateak POP balioaren % 10eko igoera ekarriko du. Graduatzaile honek balorazio osoaren % 2,5eko igoera ekarriko du gehienez.
(M) Mailari dagokion graduatzailea. HH, LMH, DBH eta BBB mailan egotea berezituko da. Hauetako bakoitzak, hurrenez hurren, POP balioaren % 10, % 20, % 30 edo % 40ko igoera ekarriko du.
Graduatzaile honek balorazio osoaren % 10eko igoera ekarriko du gehienez.
Ikastetxe batek hainbat mailatako taldeak aurkeztuz gero, maila gorena duen taldeari dagokion indizea ezarriko da.
Eragiketa hauek POP osatua (POPO) ematen digute. Bere kalkulua ondoko formularekin egiten da:
POPO= POP + HN + AI + M
Emanaldiak.
1. Emanaldietarako Oinarrizko Puntuazioa (EOP) zehaztuko da. Puntuazio honek lau adierazle hartuko ditu kontuan eta hauen batuketa egingo du:
EOP = EK + HKE + AU + HKH
(EK) Emanaldi-kopurua. Batzordeak ikastetxeek proposatzen dituzten emanaldi eta talde kopuruak aztertu eta 1-6 tramoetan finkatuko du emanaldietarako talde kopurua. EKren balioa formula honen bitartez definituko da:
EK = ETK (1, 2, 3, 4, 5, 6) x 3
Emanaldi-kopurua hau (EK) eskabidearen balorazio osoaren % 18 izango da gehienez.
(HKE) Herriz kanpoko emanaldiak. Ikastetxeak inguruko herrietan proposatzen dituen emanaldi kopurua aintzat hartuko ditu Batzordeak, eta tramo hauetan (HKET) kokatuko ditu:
3 emanaldi 1
6 emanaldi 2
7 emanaldi edo gehiago 3
HKEren balioa formula honen bitartez definituko da:
HKE = HKET x 2,5
Herriz kanpoko emanaldiak (HKE) eskabidearen balorazio osoaren % 7,5 izango da gehienez.
(AU) Aurrekontu onartuak. Proposatzen diren ekimenen aurrekontu onartuak aztertzen dira gehigarri hau finkatzeko. Batzordeak eskabidea aztertu eta lau aurrekontu-tramoetariko batean finkatuko du ikastetxea. Tramoak ondoko hauek dira eta ondoko puntuazioa izango du bakoitzak:
600 euro bitartekoak 1
200 artekoak 2
2011.800 artekoak 3
801 eurotik gorakoak 4
Gehigarri honek % 4ko igoera ekarriko du gehienez.
(HKH) Haur kopuru handia. Proposatutako emanaldiren batean parte hartuko duten haurren kopurua 55etik gorakoa denean, emanaldietarako oinarrizko puntuazioari (EOP) 8 puntu gehituko zaizkio.
2. Emanaldietarako oinarrizko puntuazio (EOP) honi bi graduatzailek eragingo diote:
(HN) Ulibarri programan egoteak EOP balioaren % 20ko igoera ekarriko du. Graduatzaile honek balorazio osoaren % 3,75eko igoera ekarriko du gehienez.
(AI) A indartua izateak EOP balioaren % 20ko igoera ekarriko du. Graduatzaile honek balorazio osoaren % 3,75eko igoera ekarriko du gehienez.
(M) Mailari dagokiona. HH, LMH, DBH eta BBB mailan egotea berezitu egingo da. Hauetako bakoitzak, hurrenez hurren, EOP balioaren % 10, % 20, % 30 edo % 40ko igoera ekarriko du.
Graduatzaile honek balorazio osoaren % 15eko igoera ekarriko du gehienez.
Ikastetxe batek hainbat mailatako taldeak aurkeztuz gero, maila gorena duen taldeari dagokion indizea ezarriko da.
Eragiketa hauek EOP osatua (EOPO) ematen digute. Bere kalkulua ondoko formularekin egiten da:
EOPO = EOP + HN + AI + M
Laguntzaren zehaztapena.
Prestakuntzarako oinarrizko puntuazio osatuaren eta Emanaldietarako oinarrizko puntuazio osatuaren baturak ematen digu ikastetxeari dagokion puntuazioa (P)
P = POPO + EOPO
Aipatu bidea aplikatu ondoren, dagoen diru-kopuruaren hainbanaketa egingo da diru-laguntza (D) finkatzeko. Ondoko formula erabiliko da:
D = P x (300.000,00 - AL)
-----------------------
P
Azpeitiko Antzerki Topaketetara joateko nahia agertzen dutenen artean 6 ikastetxe aukeratuko dira. Aldez aurretik topaketa hauetan parte hartu ez duten ikastetxeak lehenetsiko dira. Horien artean P puntuazioan puntu gehien dutenak aukeratuko dira. Ikastetxearen kokapenaren arabera (AL), ondoko lurraldetasun irizpidea hartzen da banaketarako oinarri:
Araba Arabako Errioxa 4 modulu
Araba Gainontzekoa 3 modulu
Bizkaia Enkarterriak 4 modulu
Bizkaia Gainontzekoa 3 modulu
Gipuzkoa 2 modulu
Urola-Kosta eskualdea modulu 1
Moduluko (M) 260 euroko laguntza finkatzen da 2009-2010 ikasturterako:
AL = M x 260 euro.
Garraiatu behar den ume kopurua 55tik gorakoa denean, berez dagokion moduluari bat gehiago erantsiko zaio.
Ebazpena
Laguntza-deialdiaren ebazpen-proposamena, prestakuntzari eta emanaldiari dagozkien diru-laguntza eta Azpeitiko topaketetan parte hartuko duten ikastetxeei dagokiena jasoko duena, egingo du Batzordeak. Batzordearen akta Hezkuntza sailburuordeari helaraziko zaio, eta honek dagokion Ebazpena hartu eta EHAAn jakinaraziko du 2009ko abenduaren 5a baino lehen.
Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ez dela aintzakotzat hartu ulertuko da. Aginpidedun organoak, dena dela, eskatutako laguntzari buruzko berariazko ebazpena emateko betebeharra du.
Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.
Aurreko ikasturtean egindako lana biltzen duen galdekizuna eta ebaluazio-fitxak aztertu ondoren, Eskola-antzerkia landu duten talde batzuei 2009ko Azpeitiko Antzerki Topaketetara joateko aukera eskainiko die Batzordeak. Topaketa hauetan eskola-antzerkian diharduten taldeen erakuskari bat aurkeztuko da, bertako udalarekin elkar-lanean. Antzezlanaz gain, emanaldia osatzeko orduan, ahozko adierazmena indartzeko bestelako ekimenak ere erabili ahal izango dira.
Ordainketa eta justifikazioa
Aurretiazko izaera duen ordainketa bakarrean gauzatuko da ordainketa eta Ebazpena argitaratu ondoren jarriko da tramitean. Diru-laguntza ematearen jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamar eguneko epean ikastetxe onuradunek diru-laguntzari espresuki ez badiote ukorik egiten, diru-laguntza onartutzat joko da.
Dirulaguntza jaso dezaten ikastetxeek, 2010eko ekainaren 30a baino lehen, bertako taldeen emanaldi-irteerei dagozkien ebaluazio-fitxak, emanaldia edo irratsaioa jasotzen duten ikastetxeek beteak, eta langintzaren zer-nolakoa azaltzen duten galdekizunak behar bezala beteta bidali beharko dituzte 13. oinarrian adierazitako helbidera.
Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena(k) aurrera eraman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, laguntza itzuli egin beharko du Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera.
Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Hezkuntza sailburuordeak eta horren bidez berregokitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.
Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzen inguruan Ekonomia Kontrolerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.
Bateragarritasuna
Ikastetxeak ekimen hauetarako beste erakunderen baten diru-laguntza jaso edo jasotzekoa badu, horren azalpen zehatza egin beharko du. Edozein modutan ere, bi diru-laguntzen baturak ezingo du gainditu gastuaren % 100a. Hau gertatuko balitz, dagokion neurrian gutxituko litzateke deialdi honetan legokiokeen diru-laguntza.


