Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2009-2010 ikasturterako Euskal Girotze Egonaldien (EGE) laguntza-deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2009-2010 ikasturterako Euskal Girotze Egonaldien (EGE) laguntza-deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 157
  • Hurrenkera-zk.: 4629
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/07/08
  • Argitaratze-data: 2009/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilpena Arauzkotzekoak, honela dio bere 17. atalean:

Jaurlaritzak, ikasleei nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskeragiroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzabideetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskara agizko adierazpide eginez.

Ildo beretik, 1983ko abuztuaren 1eko Aginduak, bere 12. atalean, zera dio:

Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu euskararen erabilera eskolagiroan bermatzeko, klase barruan nahiz klasez kanpoko ekintzetan ohiko adierazpide bihurtuz.

Lege-Agindu hauek oinarritzat hartuz eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle askok, eskolan euskara ikasi arren, eskolatik kanpora giro euskalduna ezagutzeko eta bizitzeko aukerarik ez dutela ikusirik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskal Girotze Barnetegiak eratzea erabaki zuen 1985eko ekainaren 17ko Aginduz (19ko EHAA). Esperientzia hori sendotu ondoren, maiatzaren 29ko 147/1990 Dekretuak barnetegien sorrera eta jardute-modua arautu zuen. Dagozkion Aginduen bidez bost Euskal Girotze Barnetegi sortu dira dagoeneko.

Euskal Girotze Barnetegi hauetarako dagoen eskaeraren zati ohargarri bati ezin izaten zaio erantzunik eman, bertaratu eta esperientziaren onurak eskuratzeko. Euskal Girotze Barnetegien helburu berberekin egonaldiak egiteko premia nabaria ikusten da ikastetxeetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak behar-beharrezko jotzen du egonaldi-irteera horiek sustatzea eta diruz laguntzea. Gauza jakina da, Euskal Girotze Barnetegien esperientzian oinarrituz, antolamenduan, programakuntzan eta giza nahiz material baliabideetan oinarrizko baldintzak betetzen badira, egonaldi horiek emaitza hobeak izaten dituztela.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

Artikulu bakarra: 2009-2010 ikasturteko Euskal Girotze Egonaldien laguntza-deialdia onartzea, Agindu honen eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.

Lehenengoa. Oinarri-arauek jardunbide kontuan begiz jo gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Bigarrena. Bide administratiboa agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion aretoan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Hirugarrena. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak deialdi hau mamitzeko beharrezko neurriak hartuko ditu.

Laugarrena. Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 8a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

  1. Euskal Girotze Egonaldien (EGE) laguntza-deia egiten da. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009ko aurrekontuetatik 220.000,00 euroko diru-partida erabiliko da. Diru-zenbateko hori aldatu egin daiteke, eskaeren guztirako zenbatekoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste dirulaguntza programetan erabili gabe geratzen diren diruak erabiliz, betiere azken hauen erabakiak hartu aurretik. Horrelakoetan, Hezkuntza sailburuordearen ebazpenak horren berri emango du.

  2. Deialdi honek 2009-2010 ikasturtean zehar burutzekoak diren egonaldiak hartuko ditu kontuan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei zuzenduak dira laguntza hauek, A, B eta D ereduko ikasgelen egonaldietarako.

    A ereduko ikastetxeen kasuan, ahalegin berezia egingo da, programa hau indartzeko eta bertako ikasleria euskarara gerturatzeko.

    Eskatzaileek zabalik baldin badute Herri Administrazioek emandako antzeko laguntzaren bat itzultzeko espedienterik edo zigor-agiririk, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

    Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bateratuaren 50. artikuluko 5. paragrafoan, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenak. Honen haritik, Lege horrek aipatu artikuluan ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du eskatzaileak.

    EGONALDI-IKASGELEN

    EZAUGARRIAK

  4. Euskararen erabilera indartzeko eta hobetzeko propio prestatutako egonaldiek dute lekua deialdi honetan.

  5. Deialdi honetatik laguntza jaso ahal izateko, ikasgela osoak joan beharko du egonaldira.

  6. Ikasgelaren ardura bere ohiko irakasle euskaldun batek izango du, ahal delarik ikasgelaren euskara-irakasleak edo tutoreak, eta egonaldi osoa egingo du ikasleekin.

  7. Ikastetxeak egonaldi berera ikasgela bat baino gehiago eramatea proposa dezake.

  8. Egonaldiari behar den etekina atera ahal izateko eta lanerako azpitaldeak egin ahal izateko, honako gutxienezko irakasle/ikasle ratioak ezartzen dira:

    15 ikasle edo gutxiago dituzten ikasgelentzat irakasle bat.

    16 eta 29 ikasle bitartean dituztenentzat 2 irakasle.

    30 ikasle edo gehiago dituzten ikasgelentzat 3 irakasle.

  9. Ratio horietan adierazitako irakasleetatik lehena 6. atalean zehaztutako irakaslea izango da. Bigarrena, hirugarrena eta hortik aurrerakoak, behar balira, egoitzak berak eskainitako edo ikastetxeak berak kontrataturiko irakasle-monitoreak izan daitezke. Irakasle-monitore hauen gaitasuna (ikasketa-titulazioak, euskarazko gaitasun-agiriak, atsedenaldiko monitore-prestakuntza) kontuan hartuko da proiektua baloratzerakoan.

  10. Egonaldiaren iraupena: gutxienez bi gau.

  11. Euskararen erabilera indartzeko eta hobetzeko programak aurrera eramateko baldintza egokiak dituzten aterpetxe eta egoitzetan egin behar dira egonaldiak. Ikastetxea da hortaz, egoitza aukeratu, egokitzat jo eta kontratatzen duena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen egokitasun aukera honen ardura.

    Aterpetxe edo egoitza hauek Euskal Autonomia Erkidegoan edo, Euskal kultura edo hizkuntza bizirik dauden beste edozein lurraldetan egon behar dute.

  12. Aurreko ikasturtean Euskal Girotze Barnetegi baterako eskabidea egin, txanda lortu eta uko egin duten ikastetxeek ez dute laguntzarik izango deialdi honetan.

  13. Deialdi honek ez du diruz lagunduko Euskal Girotze Barnetegi batean txanda lortu eta berau diruz laguntzeko eskaera denean.

    ESKABIDEAK

  14. Eskabideak egiteko Agindu honen amaieran azaltzen den inprimakia erabiliko da, egoitza-etxeak egindako aurrekontuaz lagundua. Aurrekontu honek egonaldiaren datak eta egun kopurua, egoiliar-kopurua, eguneko eta egoiliarreko prezioa eta guztirako zenbatekoa azalduko ditu.

  15. Eskabide-orriko proiektu pedagogikoaren atala betetzeko orduan, ikastetxeek Euskal Girotze Barnetegien aholkua eta laguntza eska dezakete, honako helbide-telefono hauetan:

    Alkiza: Erretore-etxea. 20494 Alkiza (Gipuzkoa).Tf.: 943 69 20 64.

    Plentzia: Plentziako aterpetxea. Marinel kalea z/g. 48620 Plentzia (Bizkaia) Tf.: 94 677 42 74.

    Barria: Barriako aterpe-etxea. 01208 Barria (Araba) Tf.: 945 317131.

    Elgoibar: Aubixa baserria. S. Pedro auzoa. 20870 Elgoibar (Gipuzkoa) Tf.: 943 74 43 40.

    Segura: Segurako aterpe-etxea. 20214 Segura (Gipuzkoa) Tf: 943 80 21 82.

  16. Ikastetxe bakoitzak Euskal Girotze Egonaldietarako eskabide bakar bat aurkez dezake. Eskabideak ikasgela bat edo gehiago har ditzake bere barnean.

  17. Eskabideak egiteko epea 2009ko irailaren 1a eta 2009ko urriaren 2a artekoa, egun biak barne, izango da.

  18. Eskabide-orria Hezkuntza Ordezkaritzan aurkeztu behar da. Bestela, postan gutun-azal irekian aurkeztuko da ziurtatzera, zigilua eta data eskabideari berari ezarri ahal izateko, eta honako helbide honetara bidaliko da: Eusko Jaurlaritza. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila (NOLEGA atala). Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz; halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezartzen den edozein administrazio-gunetan aurkeztu ahal izango da.

    Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo osatu beharren bat sumatuko balitz, horren berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio eskabidea osa dezan. Epe horretan eskabidea osatzen ez badu, bere eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera ebazpena eman ondoren.

    IKASGELENTZAKO ESKAINTZA

    BEREZIA (EGE-MALETA)

  19. Euskal Girotze Barnetegietan, azken urte hauetan, lanketa berezia egiten ari dira, horrelako egonaldiak egiten dituzten irakasleek material erabilgarria eta osagarria izan dezaten. Material honen bidez irakasle horiek egonaldia programatzerakoan eta gauzatzeko orduan hartu behar izaten duten gainkarga arintzea du helburu. Deialdi honetara biltzeko asmoa duten ikasgelei material honetaz baliatzeko aukera eskaintzen zaie. Horretarako, eskabide-orrian, dagokion lekuan, horren adierazpena egin behar du ikastetxeak. Hauen kasuan, oso da garrantzitsua egonaldiaren datak ondo zehaztea. Aukera erabili nahi duten ikastetxeak bilera berezi batera deituko ditu Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak eta bertan azalduko zaie materiala nola erabili. Egonaldia, ikasturteko lehen hiruhilabetean egin nahi duenak, azalpen-bileraren zain egon gabe, informazioa eta maleta bera jaso ahal izango ditu Euskal Girotze Barnetegietako koordinatzaileak duen 94 302 29 43 telefono zenbakira deituta. Kasu hauetan, guztietan, egonaldia egiteko egoitza ikastetxeak topatu eta bere kasa hitzartu behar du.

    ESLEIPEN-IRIZPIDEAK ETA

    ZENBATEKOAK FINKATZEKOAK

  20. Baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiak dira diru-laguntzen onuradun. Eskabideak aztertu eta laguntza-proposamenak egiteko, honako kide hauez osaturiko batzordea izendatuko du Hezkuntza sailburuordeak:

    Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo berak izenda dezan ordezkoa.

    Euskal Girotze Barnetegien 2 ordezkari.

    Berritzeguneetako Hizkuntza Normalkuntzako 2 teknikari.

    Kultura Saileko ordezkaria.

    NOLEGA ataleko 2 teknikari.

  21. Ikastetxeak helburu honetarako jasotako laguntzen baturak ezin ezingo du egoitza-gastuaren % 100a gainditu. Eskabidean aitorpen espresua eskatuko zaio ikastetxeari horretarako. Bestalde, ikastetxe bakoitzeko 2.103,00 euroko muga ezartzen da deialdi honetan eta esleitutako diru-laguntzak ez du sekula eskatutakoa gaindituko.

  22. Jasotako eskabideei aurreko atalean ezarritako zenbatekoetan erantzuteko diru-ahalmenik ez bada batzordeak jarritako puntuazioetan oinarrituz hainbanatuko dira laguntzak. Horretarako, batzordeak, eskabideak aztertu eta laguntza-proposamenak egiteko, ondoren aipatzen diren irizpideak erabiliko ditu:

  1. Oinarrizko adierazle gisa ume-gau kopurua hartuko da (UGK). Adierazle honi ondoko eragiketa egingo zaio UGK x 12: 350.

  2. Oinarrizko puntuazioa zehaztuko da. Puntuazio honek bi adierazle hartuko ditu kontuan eta hauen batuketa egingo du. Adierazle hauetako bakoitzak oinarri gisa ume-gau kopurua hartuko du, eta biderkatzaile gisa graduazioa ezarriko dio, beti ere gehienez oinarri hori bikoiztuz:

    1. (EGE) Egonaldirako ikastetxeak erabilera bultzatzeko propio diseinatutako: 3 plana eta materiala du. EGE maletaren eskaera egiteak ikastetxearen plan gisara hartuko da.

      Ikastetxea beste Erakunde edo Elkarte batek antolatutako egonaldi 1 batera atxiki da.

    2. (EGB) Euskal Girotze Barnetegiekiko egoera. Hau da, eskaera egina duen eta zein erantzun maila izan duen.

      Ikastetxeak ez zuen eskatu: 0.

      Ikastetxeari txanda eman zaio baina talde honi, eskatu arren, ez: 1.

      Ikastetxeak eskatu zuen baina ez zitzaion txandarik egokitu: 2.

      Oinarrizko Puntuazio hau (OP) eskabidearen balorazio osoaren % 78 izango da gehienez eta hau da osatzeko formula:

      OP= ((UGK x 12: 350)+6) x EGE + (UGK x 12: 350) x EGB

  3. Oinarrizko puntuazio laguntza honi lau gehigarri hauek gehituko zaizkio:

    1. (HN) Ulibarri programan egoteak % 8ko igoera ekarriko dio balorazio osoari.

    2. (M) Mailari dagokiona. HH, LMH, DBH eta BBB mailan egotea berezitu egingo da. HHkoak % 1 lortuko du, LMHkoak % 2, DBHkoak % 3 eta BBBkoak % 4.

      Ikastetxe batek hainbat mailatako taldeak aurkeztuz gero maila gorena duen taldeari dagokion indizea ezarriko da.

    3. (A indartua) Taldea A eredukoa bada eta euskararen erabilera indartzeko proiektua badu gehigarri hau aplikatuko zaio. Gehigarri honek balorazio osoari % 4ko igoera ekarriko dio gehienez.

    4. (AU) Aurrekontua. Proposatzen diren ekimenen aurrekontu onartuak aztertzen dira gehigarri hau finkatzeko. Batzordeak eskabidea aztertu eta hiru aurrekontu tramoetariko batean (AUTan) finkatuko du ikastetxea. Garraio, monitore eta material gastuak 800,00 eurotik beherakoak badira guztira 1. tramoan finkatuko da eta % 2 lortuko du. 800,00 euro eta 2.000,00 euro bitartean 2.enean eta % 3,5 lortuko du; 2.001,00 euro eta 3.500,00 euro bitartean 3.enean eta % 4,5 lortuko du, eta 3.500 eurotik gora 4.enean eta % 6 lortuko du.

  4. Laguntzaren zehaztapena.

    Oinarrizko puntuazioari lau gehigarriak batzetik lortzen dugu ikastetxeari dagokion puntuazioa (P).

    P = OP + HN+M+AI + AU

    Aipatu bidea aplikatu ondoren, dagoen diru-kopuruaren hainbanaketa egingo da diru-laguntza (D) finkatzeko. Ondoko formula erabiliko da:

    D = P x 220.000,00

    P

    EBAZPENA

  1. Batzordeak laguntza-deialdiaren ebazpen-proposamena eta Batzordearen akta helaraziko dizkio Hezkuntza sailburuordeari, eta honek dagokion Ebazpena hartu eta EHAAn jakinaraziko du 2009ko abenduaren 4a baino lehen, jasotzaileen zerrenda eta zenbatekoak eta ez onartuen zerrenda eta zergatiak adieraziz.

    Aipaturiko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskabidea ez dela aintzakotzat hartu ulertuko da. Aginpidedun organoak, dena dela, eskatutako laguntzari buruzko berariazko ebazpena emateko betebeharra du.

    Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea agortzen eta bere aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, argitaratu eta hilabeteko epean.

    ORDAINKETA ETA JUSTIFIKAZIOA

  2. Aurretiazko izaera duen ordainketa bakarrean gauzatuko da ordainketa eta Ebazpena argitaratu ondoren jarriko da tramitean. Diru-laguntza ematearen jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamar eguneko epean ikastetxe onuradunek diru-laguntzari espresuki ez badiote ukorik egiten, diru-laguntza onartutzat joko da.

  3. Laguntza jasotzen duten ikastetxeek, 2010eko ekainaren 30a baino lehen, honako hauek bidali beharko dituzte behean zehazten den helbidera, edota, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezartzen den edozein administrazio-gunetan aurkeztu:

    1. Euskal Girotze Egonaldien berri ematen duen galdekizuna, balorazioa eta emaitzak azalduz (laguntza jakinaraztearekin batera ikastetxeei bidaliko zaien inprimaki-eredua betez).

    2. Egonaldia(k) egin d(ir)en egoitza etxe(ar)en jatorrizko faktura(k) edo horien konpultsatutako kopiak. Herri-ikastetxeen kasuan, inprimaki-eredua nahikoa izango da eta fakturak ikastetxean geratuko dira, ekonomi kontrola daramaten administrazio-organoen eskura.

      Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila)

      Euskara Zerbitzua (EGE)

      Donostia kalea 1

      01010 Gasteiz

  4. Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eraman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, laguntza itzuli egin beharko du, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (92-2-7ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusira.

  5. Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Hezkuntza sailburuordeak eta horren bidez berregokitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

  6. Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzen inguruan Ekonomia Kontrolerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza jasotzailea.

    BATERAGARRITASUNA

  7. Ikastetxeak ekimen honetarako beste erakunderen baten diru-laguntza jaso badu edo jasotzekoa badu, horren azalpen zehatza egin beharko du. Edozein modutan ere, diru-laguntzen baturak ezingo du gainditu gastuaren % 100a. Hau gertatuko balitz, dagokion neurrian gutxituko litzateke deialdi honetan legokiokeen diru-laguntza.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik