Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko uztailaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien garraio konbinatua sustatzeko laguntzetarako deia egiteko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko uztailaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, salgaien garraio konbinatua sustatzeko laguntzetarako deia egiteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 147
  • Hurrenkera-zk.: 4380
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/07/15
  • Argitaratze-data: 2009/08/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Europar Batasunaren Garraioaren Liburu Zuriak, «Europaren garraioari buruzko politika, 2010era arte: egiaren ordua» izenekoak, garraiobideen arteko bestelako oreka bat defendatzen du, eta horren barruan, besteak beste, itsas garraioa eta trenbide garraioa bultzatzearen alde egiten du, biak ere garraiobiderik iraunkorrenak baitira.

Europar Batasunak askotan azpimarratu du itsas garraioa zeinen garrantzitsua den mugikortasun iraunkorra eta segurua sustatzeko, Europar Batasunaren barruan kohesioa handitzeko, eta garraioaren eragingarritasuna planteamendu intermodalaren bidez hobetzeko. Gainera, onartzen du itsas garraioa Europako Erkidego mailan, estatu mailan eta eskualde mailan bultzatu behar dela.

Laguntza-programa honen bitartez errepideko salgaien ibilgailu astunetatik karga itsasora eraman nahi da, ahal den neurrian euskal errepide-sarea kamioi astunetatik arintzeko.

«Garraio Iraunkorraren Gidaplana, Garraio-politika erkidea Euskadin, 2002-2012» agirian Euskadiren garraio-politikarako ezarritako helburuak kontuan izanik, garraiobideen arteko bestelako oreka bat sustatu nahi baitute, laguntza hauek testuinguru horretan sartuko lirateke, laguntzen xedea baita aterik ateko garraio-zerbitzuen katea intermodalean errepideko garraioari pisua kentzea eta errepidetik kendutako karga hori itsasoz garraiatzea.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren bidez, garraiobideen arteko bestelako oreka bat lortzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, horretarako, garraiobiderik iraunkorrenak eta garbienak sustatuz.

Agindu honen helburua da salgaien errepideko eta itsasoko garraio konbinatua sustatzeko laguntza ekonomikoak emateko era zehaztea.

Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2006ko abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EBAO L 379/5 2006-12-28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.

Ondorioz, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 4.1. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik,

  1. Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europar Batasuneko estatu kideetan dauden portuen artean salgaien errepideko eta itsasoko garraio konbinatua sustatzeko laguntza ekonomikoak emateko deia egitea. Diruz laguntzekoak diren garraio-eragiketak 2009an egin beharko dira.

  2. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ehun eta berrogeita hamar mila (150.000,00) euroko diru-kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko Aurrekontu Orokorretako kredituetatik hartuta.

    Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori aurrerago handitzea; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuetan gauzatutakoen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraio zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.

Diru-laguntza jasotzeko, pertsona fisiko nahiz juridikoek, baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

  2. Salgaien errepideko garraioaren, trafikoaren edo mugimenduaren sektorean lan egitea.

  3. Bere izenean gutxienez hiru kopia dituen baimen bat behintzat izatea, ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko. Merkaturatzeko sozietateen eta garraiolari kooperatiben kasuan, onuradun izateko, bazkideek edo kooperatibistek salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin jarduteko gutxienez hiru baimen izan beharko dituzte.

  4. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

  5. Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kentzen dion zigor-bideko edo administrazio-bideko zehapenik ez izatea, eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ez izatea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko portuen eta Europar Batasuneko kide diren estatuetan dauden portuen arteko itsas garraioen tarifengatiko gastuak lagunduko dira.

  2. Diru-laguntzak gidaririk gabe doazen gurpil gaineko kargak (ro-ro motakoak) itsasoz garraiatzeagatiko gastuetarako izango dira soilik.

  3. Agindu honetan araututako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira. Zehazki ehuneko hauek emango dira:

    Ro-ro unitateak/urtean Portzentajea

    20-50 15%

    51-100 20%

    100,00tik gora 30%

  4. Hiru zerga-ekitalditan onuradun bakoitzak ezin izango du guztira ehun mila euro baino gehiago jaso.

  5. Diru-laguntza garaiz eta forman aurkezten diren eta agindu honetan jasotako baldintza subjektibo eta objektibo guztiak betetzen dituztenei emango zaie, artikulu honen 3. eta 4. idatz-zatietan adierazitako mugarekin.

    Agindu honetan arautako laguntzak finantzatzeko 1.2 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei ezarri bezala erantzuteko (ehunekoari eta gehieneko diru-kopuruari dagokionean), hasierako kalkuluak hartu eta diru-kopuru osoarekiko legozkiekeen ehunekoari eutsiz banatuko da dirua.

  1. Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratzeko eskabideak idatziz aurkeztu beharko dira, eranskinean datorren eredua hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (01010), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein eratan.

  2. Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, Agindu honek ondorioak sortzen dituenetik aurrera kontatzen hasita.

  3. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, I. eranskinean datorren eskabide-eredua, behar bezala beteta, eta honako agiri hauek aurkeztu beharko dira (jatorrizkoa edo jatorrizkoaren kopia bat aurkeztu ahal izango da, baina kopia aurkeztuz gero, organo eskudunak egiaztatua beharko du):

    1. Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko txartela edo IFK.

    2. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.

    3. Eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.

    4. Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.

    5. Diruz laguntzekoak diren gastuen aurrekontua edo faktura, proformakoa nahiz behin betikoa.

    6. Azalpen-memoria, honako hauek jasoko dituena: itsas zerbitzuen erabileraren gaineko aurreikuspena, garraiatu beharreko karga motaren deskripzio orokorra, kargaren abiapuntu eta helmuga izango diren estatuak, eta interesgarri jotzen den beste edozer.

    7. Eskatzailearen, pertsona nahiz entitatearen, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jasoko dituena: ez zaiola diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kendu, zigor-bideko edo administrazio-bideko ezein zehapen bidez, eta ez duela horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

    8. Ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko, bere izenean gutxienez bost kopia dituen baimen bat behintzat baduela adierazten duen agiria ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko gutxienez eskatutako baimen kopurua baduela adierazten duen agiria.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskarian atzera egin duela joko dela, urtarrilaren 13ko 4/1995 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (Lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

Agindu honen arabera emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste pertsona fisiko edo-eta juridiko batzuek helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin, baina guztira jasotako diru-kopuruak ezin izango du laguntzekoa den jarduketaren kostua gainditu. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan.

Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz diru-laguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, Agindu honi esker emandako diru-laguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.

  1. Diru-laguntzak emateko ebazpena urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritakoari jarraituz jakinaraziko zaie interesdunei. Aginduak ondorioak sortu, eta sei hilabeteko epean egingo da jakinarazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio zuzendariaren ebazpenaren bidez. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.

    Ebazpenean diru-laguntza ematen den ala ukatu egiten den adierazi beharko da, eta aldekoa bada, onuraduna zein den azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

  2. Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  3. Interesdunei zuzenean jakinarazteaz gainera, jende orok jakin dezan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, finantzaturiko proiektu eta emandako diru-laguntzekin.

  4. Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.

Dirua, diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gastua faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan ordainduko da, dena batera. Gastu horiek II. eranskinean datorren taularen arabera zehaztuko dira. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez badira, 2009ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira behin betiko fakturak.

  1. Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

    1. Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.

    2. Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

    3. Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.

    4. Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.

    5. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

  2. Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

Onuradunak Agindu honetan, diru-laguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo eskudunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

Lehenengoa. Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango ditu ondorioak Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 15a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

I. SALGAIEN GARRAIO KONBINATUAREN SUSTAPENERAKO LAGUNTZETARAKO ESKABIDE-EREDUA

Erakunde eskatzailea:

IFZ/IFK:

Lehen abizena:

Bigarren abizena:

Izena: Kargua:

Sozietatearen helbidea:

Udalerria: Posta-kodea:

Telefonoa: Telekopia/faxa:

Posta elektronikoa:

Entitateak salgaien garraio konbinatua sustatzeko laguntza eskatzen du:

  1. 2009an guztira, BEZik gabe, euroko gastua egin du edo egin asmo du.

  2. 2009an guztira . Ro-Ro unitate garraiatu ditu eta garraiatzeko asmoa da.

    II. AURKEZTUTAKO AGIRIAK (X BAT JARRI):

  1. Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko txartela edo IFK.

  2. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.

  3. Onuraduna zerga arloko eginbeharretan egunean dagoela erasota uzten duen Foru Ogasunaren ziurtagiria.

  4. Onuradunak Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.

  5. Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.

  6. Diruz laguntzekoa diren gastuen aurrekontua edo faktura, proformakoa nahiz behin betikoa.

  7. Azalpen-memoria, honako hauek jasoko dituena: itsas zerbitzuen erabileraren gaineko aurreikuspena, garraiatu beharreko karga motaren deskripzio orokorra, kargaren abiapuntu eta helmuga izango diren estatuak, eta interesgarri jotzen den beste edozer.

  8. Eskatzailearen, pertsona nahiz entitatearen, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jasotzen dituena: ez zaiola diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kendu, zigor-bideko edo administrazio-bideko ezein zehapen bidez, eta ez duela horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

  9. Ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko, bere izenean gutxienez bost kopia dituen baimen bat behintzat baduela adierazten duen agiria ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko, gutxienez eskatutako baimen kopurua baduela adierazten duen agiria.

    Eguna: ..............................

    Sinadura: ..............................

Ibilbidea Fakturaren data Garraiaturiko ro-ro unitateen kopurua Zenbatekoa (eurotan)

2009an garraiaturiko ro-ro unitateak, guztira

Ro-ro unitateen garraioagatik guztira 2009an fakturatutakoa

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik