Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko uztailaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeko laguntza-programa bat sortzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko uztailaren 15ekoa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeko laguntza-programa bat sortzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 147
  • Hurrenkera-zk.: 4382
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/07/15
  • Argitaratze-data: 2009/08/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Ingurumena; Industria; Herri Administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak, zerbitzua emateko garaian segurtasuna, kalitatea, gardentasuna eta bizkortasuna handitzeko ezarri nahi dira Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien garraio publikoko enpresetan; alde batetik, positiboa da garraio-enpresentzat, enpresa modernizatzeko aukera emango diolako, zerbitzuak bezeroak nahi duen bezala eta eskatzen duen kalitatearekin kudeatu eta emateko sistema batekin; eta bestetik, erabiltzailearentzat ere onuragarria da, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoa jasoko duelako.

Ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeak ere helburu bera dauka; sistema horiek ingurunea zaintzeko konpromisoa erakusten duen sistema eraginkor bat jartzen du enpresaren esku, ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen jarduerak, lehengaiak eta zerbitzuak kontrolatzeko mekanismoak errazten dizkio, eta aldi berean, ingurumenaren arloan indarrean dauden arauak betetzekoa, horrekin garraio-sistema iraunkor bat erdiesten laguntzen delarik.

Kalitateak, hemen, enpresa-kudeaketa ona esan nahi du, eta hori produktu eta zerbitzu lehiakorretan islatzen da. Hain aldakorra, eta gero eta globalagoa eta lehiakorragoa den testuinguru batean enpresa kudeatzeko erak berebiziko garrantzia dauka.

Laguntza-programa Euskadiko Garraio Iraunkorraren Gidaplanean jasotako helburu, estrategia eta ekintza-lerroen ondorio da, garraio iraunkorragoa lortzen laguntzen baitu, eta garraioaren modernizazioa bultzatzen; eta, hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoak automobiletan egiten den bidaiarien garraio publikoaren modernizazioa, erabiltzaileei eskaintzen zaien kalitatea eta garraio arloan kalitate- eta ingurumen-ziurtagiriak areagotuz sustatzeko helburuaren barruan sartzen da.

Horiek horrela, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari iruditzen zaio laguntza-programa bat ezarri behar dela, teknologia berri horiek ezartzea garraiolarientzat hain garesti gerta ez dadin.

Laguntza hauek Europako Erkidegoa Eratzeko Itunaren 87. eta 88. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruz Kontseiluak 2006ko abenduaren 15ean onartutako 1998/2006 (EE) Erregelamenduan (EBAO L 379 2006-12-28) eta ondorengo aldaketetan ezarritakoaren mende daude.

Ondorioz, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren) VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntzei eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik, honako hau

  1. Agindu honen helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraio publikoko enpresetan, eta zehatzago esanda, ibilgailu astunetan egiten den salgaien garraioan eta bidaiarien garraioan dihardutenetan, kalitatezko kudeaketarako eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezar daitezen bultzatzea. Laguntzak enpresaz kanpoko profesionalek edo kontsultore adituek 2009an zehar proiektuak egiteko izango dira, eta honakoak sartuko dira diruz laguntzekoak diren ekintzen artean:

    1. Kalitatezko kudeaketarako sistemak eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeko proiektuetan kanpoko aholkularitzak eragindako gastuak.

    2. Kalitateari buruzko auditoriak direla-eta sortutako gastuak eta enpresak kasuan kasuko erakundeen ziurtagiria lortzeko eta/edo horien aurrean erregistratzeko gastuak.

  2. Diruz lagunduko diren sistemak:

    ISO 9001 arauan oinarritutako kalitatezko kudeaketarako sistema.

    Lehendik ISO 9001 araua ezarrita dutenentzat, ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.

    ISO 14001 arauan oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.

    EMAS araudian oinarritutako ingurumenaren kudeaketarako sistema.

    Kalitatearen ISO 9001 eta ingurumenaren ISO 14001 arauak, biak hartuko dituen sistema.

    EN-UNE 13816 kalitate-sistema.

  3. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko hogeita hamar mila (30.000) euroko diru-kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

    Baliteke, eskatutako laguntzen zenbatekoaren arabera, diru-kopuru hori aurrerago handitzea; baina egitekotan diru-laguntzak esleitzeko prozedura amaitu aurretik egin beharko da, eta ezinbestekoa izango da, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren beste programa batzuetan gauzatutakoen ondorioz, kreditu lotetsietan dirua erabiltzeko moduan izatea edo aurrekontuetan aldaketak onartzea. Halakorik izanez gero, Garraio zuzendariaren ebazpenaren bidez emango da horren berri.

Agindu honetan araututako laguntzak arestian diruz lagundu daitezkeen ekintzen bat egiten duten legez gaitutako pertsona fisiko eta juridikoak jaso ahal izango dituzte, baldin eta eskakizun hauek ere betetzen badituzte:

  1. Enpresa txiki edo ertaina izatea; halakotzat hartzeko eskakizun hauek bete beharko dituzte:

    250 langile baino gutxiago izatea.

    Urteko negozio-bolumena 50 milioi eurotik gorakoa ez izatea, edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.

    Aurreko eskakizunak betetzen ez dituen enpresa batek edo enpresa multzo batek ez izatea, ez zuzenean, ez zeharka, enpresaren % 25 edo gehiagoko partaidetza.

    Interpretazio arazorik sortuz gero, enpresa txiki eta ertainak definitzeko Europar Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioa edo hura ordeztu edo aldatzen duten xedapenak hartu beharko dira kontuan.

  2. Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

  3. Pertsona fisikoek, sozietateek eta elkarlaneko kooperatibek bere izenean gutxienez baimen bat eta baimen horren gutxienez bost kopia izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko edo gidaria barne dela 9 jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan bidaiariak garraiatzeko. Antzinatasuna egiaztatutzat joko da bazkide guztiek hala egiaztatzen badute.

  4. Merkaturatzeko sozietate edo garraiolarien kooperatiba bat bada, bazkide edo kooperatibistek artikulu honen c) idatz-zatian aipatutako motako baimen bat izan beharko dute gutxienez.

  5. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

  6. Diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan lege-urratzeren bat egiteagatik zehapen tinko bat jarri zaiolako Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko diru-laguntzak lortzea debekaturik ez izatea.

  7. Derrigortuta dauden pertsonek, urteko kontuak aurkeztu eta uzteari buruzko merkataritzako betebeharrak betetzea.

  8. Sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penalik ez izatea une horretan, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide, diru-laguntzarik edo laguntzarik jasotzeko debekua ezartzen duen zigorrik ere.

  1. Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratzeko eskabideak idatziz aurkeztu beharko dira, eranskinean datorren eredua hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean (01010), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein eratan.

  2. Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuta.

  3. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira (jatorrizkoa edo jatorrizkoaren kopia bat aurkeztu ahal izango da, baina kopia aurkeztuz gero, organo aginpidedunak egiaztatua beharko du):

    1. Eskabidea, behar bezala beteta (aginduaren eranskinean dator eredua).

    2. Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFK.

    3. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.

    4. Sozietatea eratzeko eskritura edo, hori aldatu bada, ondorengoa, eskabidea aurkezteko egunean akzioen banaketa nola dagoen ikusteko eta Merkataritza Erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzeko. Horrekin batera sozietatearen estatutuak ere aurkeztu beharko dira.

    5. Garraiolarien kooperatiben edo elkarlaneko kooperatiben kasuan, eratzeko eskritura, sozietatearen estatutuak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.

    6. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, TC1 eta TC2, eta langile autonomoen erregimen berezia hautatu duten elkarlaneko kooperatiben kasuan, eskabidea egin den aurreko hileko ordainagiria.

    7. Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordainagiriaren kopia.

    8. Onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.

    9. Urteko kontuak aurkeztu eta gordailutzeko merkataritzako betebeharrak betetzen dituela erakusten duen egiaztagiria (horretara derrigortuta dagoenak).

    10. Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.

    11. Diruz laguntzekoak diren gastuen aurrekontua edo faktura, proformakoa nahiz behin betikoa.

    12. Memoria teknikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

      Proiektuaren azalpena, fase eta epeekin.

      Kontsultorearen datuak.

      Proiektua estrategikoa dela erakusten duten arrazoiak eta enpresaren lehiakortasuna hobetzen zenbateraino lagunduko duen azaltzeko xehetasunak.

    1. Eskatzailearen (pertsona nahiz entitatea izan) erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jasotzen dituena: ez zaiola diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kendu, zigor-bideko edo administrazio-bideko ezein zehapen bidez, eta ez duela horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

    2. Exijitutako baimen kopuruaren titular dela egiaztatzea.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 42. artikuluak ezarritako eran (lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak proiektuaren kostu osoaren % 25 ordaintzeko izango dira, gehienez ere 4.000,00 euro onuraduneko, eta ez da itzuli beharrik izango.

  2. Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru-kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko du dirua Garraio Zuzendaritzak. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.

Agindu honen arabera emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste pertsona fisiko edo-eta juridiko batzuek helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin, baina guztira jasotako diru-kopuruak ezin izango du laguntzekoa den jarduketaren kostua gainditu. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso de minimis laguntzetan.

Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz diru-laguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, agindu honi esker emandako diru-laguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.

  1. Diru-laguntzak emateko ebazpena urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritakoari jarraituz jakinaraziko zaie interesdunei. Agindua indarrean jarri eta sei hilabeteko epean egingo da jakinarazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio zuzendariaren ebazpen bidez. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraio eta Herri Lanetako sailburuordeari.

  2. Sei hilabeteko epean ez bada diru-laguntza emateko berariazko ebazpenik eman, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskabidea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  3. Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  4. Agindu honetan aurreikusten ez diren kontuetan, diru-laguntzak emateko prozedurarako urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua bete beharko dira.

Dirua dena betera ordainduko da, diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru-laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gastua faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez bada behintzat, behin betiko faktura 2009ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da.

  1. Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:

    1. Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.

    2. Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

    3. Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.

    4. Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Zuzendaritzari.

    5. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

  2. Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

Onuradunak agindu honetan, diru-laguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru-kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

Lehenengoa. Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, bi hilabeteko epean.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 15a.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

I. KALITATEZKO KUDEAKETARAKO SISTEMAK JARTZEKO DIRU-LAGUNTZA ESKURATZEKO ESKABIDE-EREDUA

Erakundearen izena:

IFZ/IFK:

Lehen abizena:

Bigarren abizena:

Izena: DNI:

Helbidea:

Udalerria: Posta-kodea:

Telefonoa: Faxa:

Posta elektronikoa:

Erakundeak, kalitate-sistemak ezartzeko 2009an egin dituen edo ezarri asmo dituen kalitate-sistemetarako laguntza eskatzen du, gastuak guztira euro (BEZik gabe) egiten duelarik.

II. DIRUZ LAGUN DAITEKEEN EKINTZA.

  1. Kalitatezko kudeaketarako sistemak eta ingurumenaren kudeaketarako sistemak ezartzeko proiektuetan kanpoko aholkularitzak eragindako gastuak.

  2. Kalitateari buruzko auditoriak direla-eta sortutako gastuak eta enpresak kasuan kasuko erakundeen ziurtagiria lortzeko edo-eta horien aurrean erregistratzeko gastuak.

    1. AURKEZTUTAKO AGIRIAK (behar den tokian jarri «x»):

      1. Eskabidea, behar bezala beteta (aginduaren eranskinean dator eredua).

      2. Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFK.

      3. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.

      4. Sozietatea eratzeko eskritura edo, hori aldatu bada, ondorengoa, eskabidea aurkezteko egunean akzioen banaketa nola dagoen ikusteko eta Merkataritza Erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzeko. Horrekin batera sozietatearen estatutuak ere aurkeztu beharko dira.

      5. Garraiolarien kooperatiben edo elkarlaneko kooperatiben kasuan, eratzeko eskritura, sozietatearen estatutuak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.

      6. Eskatzailea pertsona juridikoa bada, TC1 eta TC2, eta langile autonomoen erregimen berezia hautatu duten elkarlaneko kooperatiben kasuan, eskabidea egin den aurreko hileko ordainagiria.

      7. Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordainagiriaren kopia.

      8. Onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duten Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiriak.

      9. Urteko kontuak aurkeztu eta gordailutzeko merkataritzako betebeharrak betetzen dituela erakusten duen egiaztagiria (horretara derrigortuta dagoenak).

      10. Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.

      11. Aurrekontua edo faktura, proformakoa edo behin betikoa.

      12. Memoria teknikoa, gutxienez honako hauek jasoko dituena:

        Proiektuaren azalpena, fase eta epeekin.

        Kontsultorearen datuak.

        Proiektua estrategikoa dela erakusten duten arrazoiak eta enpresaren lehiakortasuna hobetzen zenbateraino lagunduko duen azaltzeko xehetasunak.

      1. Eskatzailearen, pertsona nahiz entitatearen, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jasotzen dituena: ez zaiola diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea kendu, zigor-bideko edo administrazio-bideko ezein zehapen bidez, eta ez duela horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik.

      2. Exijitutako baimen kopuruaren titular dela egiaztatzea.

        Eguna: ..............................

        Sinadura: ..............................

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik