Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko uztailaren 29koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2008-2009 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakaskuntza eleaniztuna eman duten itunpeko ikastetxe pribatuentzat diru-laguntzak deitzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko uztailaren 29koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2008-2009 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakaskuntza eleaniztuna eman duten itunpeko ikastetxe pribatuentzat diru-laguntzak deitzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 162
  • Hurrenkera-zk.: 4711
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/07/29
  • Argitaratze-data: 2009/08/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

Hezkuntza-sistema gaur egungo gizarte irekiaren komunikazio eta truke premietara egokitu behar dela jakinik, eta Europako testuingurua aintzat hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sustatu du atzerriko hizkuntzak curriculumean sartzea.

Jakina da hizkuntzak testuinguru sozial zehatz batean ikasten direla, gainerako pertsonekiko interakzioan, baldin eta egoera egokiak sortzen badira hizkuntza ikasteko, eta, batez ere, ikasitakoa erabiltzeko. Eskolaren eremuan komunikazio-egoera horiek lortzen dira, batez ere, irakaste-ikaste prozesuetan, ikasten ari diren hizkuntza hori ikasgai izateaz gain komunikazio-hizkuntza ere bihurtzen denean, bestelako ezagutzak transmititzeko.

Beraz, hizkuntzaren ezagutza sendotzeko modurik egokiena eredu eleanitza denez, hezkuntza-sistemak sustatu behar du atzerriko hizkuntzen erabilera bestelako ezagutzak eskuratzeko prozesuetan.

Helburu hori du, hain zuzen, deialdi honek: irakaskuntza eleanitza bultzatzea, horretarako emango diren diru-laguntzak arautuz.

Arrazoi horregatik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsiak VI. idazpuruan Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren esparruko diru-laguntzak arautzeari buruz xedatzen duenari jarraiki, aurrekontuko diru-hornidura nahikoa izanik abenduaren 29ko 19/2008 Legeak 2009 ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrak onesten dituenak baimendutakoaren arabera, oro har aplikatzen diren beste xedapenak kontuan hartuz, honako hau

  1. Itunpeko sare pribatuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakaskuntza eleaniztuna ezarri eta garatzen laguntzeko diru-laguntzen erregimena arautzea du agindu honek helburu. Horrela konpentsatuko da 2008-2009 ikasturtean curriculum-arlo desberdinak atzerriko hizkuntza batean prestatuz ikastetxe eta irakasleek egin duten ahalegin handiagoa.

  2. Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko 800.000 euro erabiliko dira.

  3. Kopuru hori handiagotu daiteke deialdia erabaki aurretik, baldin eta diru nahikoa geratzen bada Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beste laguntza-programek ez dituztelako haien aurrekontu-sailak agortu. Hala gertatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez jakinaraziko da.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko itunpeko ikastetxe pribatuak izan ahal izango dira agindu honek arautzen dituen diru-laguntzen onuradunak, betiere 2008-2009 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan irakaskuntza eleaniztuna eman baldin badute.

  2. Onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, beharrezko izango da bukatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren mendeko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzak direla-eta hasitako edozein prozesu (itzulketa edo zehapen), eta zerga-betekizunak zein Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketa guztiak eginak daudela ziurtatzea.

  3. Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

Diruz laguntzeko moduko jarduerak izango dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako curriculumeko ikasgaiak atzerriko hizkuntzetan ematea ingelesez, frantsesez edota alemanez, baldin eta astean hiru saio edo gehiago ematen badira, bakoitza 50 minutukoa edo luzeagoa.

Atzerriko hizkuntza horren ikasketari ematen zaizkion orduak baliagarriak izango dira ikasle eleanitzak direla ziurtatzeko, baina ez dira aintzat hartuko gutxieneko hiru ordu horiek zenbatzean, ezta diru-laguntzaren kalkulua egitean ere.

2008-2009 ikasturtean irakaskuntza eleaniztunak eman dituzten itunpeko ikastetxe pribatuek jaso ahal izango dituzte agindu honetan zehazten diren diru-laguntzak. Irakaskuntza eleanitzak honako ezaugarri hauek izan behar ditu:

Ikasle eleanitzak: kategoria horretan sartuko dira gaztelaniazko irakaskuntza jasotzen duten ikasleak, gutxienez astean 10 orduz euskarazko irakaskuntza, eta beste 6 orduz atzerriko hizkuntzan landutako irakaskuntza dutenean. Ikasketa horiek egiten dituzten ikasleen espedientean xehetasun horiek jasoko dira.

Curriculumeko ikasgaiak: atzerriko hizkuntzan emango diren ikasgaiak urriaren 16ko 175/2007 Dekretuak xedatutako Oinarrizko Hezkuntzaren curriculumaren araberakoak izango dira (azaroaren 13ko EHAA) eta asteroko ikastorduen kopuruek Dekretu horretan zehaztutako gutxienekoak gainditu behar dituzte.

Ikasgai bat maila bateko zenbait taldetan ematen denean behin bakarrik zenbatuko da.

Irakasleak: irakaskuntza eleanitzaren proiektuko ikasgaiak ematen dituzten irakasleek izan behar dute atzerriko hizkuntzaren ezagutza ziurtatzen duen titulua, Hizkuntzetarako Erreferentziazko Europako Esparru Komuneko C1 mailakoa.

Halaber, ikasgai bakoitza emateko beharrezkoa den titulua izan behar dute irakasle horiek, indarrean dagoen araudiari jarraiki.

  1. Eskaera egiteko formulario normalizatuak bide telematikoa erabiliz sortuko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian: www.hezkuntza.ejgv.net , beken atalean, dirulaguntzak/itunpeko ikastetxeak.

    Formulario horietan jasotzen da:

    1. Eskabide-eredua.

    2. Diruz laguntzeko moduko jarduerari buruzko datuak, maila bakoitzari dagozkionak:

      Atzerriko hizkuntzan ematen den curriculumeko ikasgaia.

      Ikasgaia ematen duen irakaslearen datuak: izen-abizenak eta hizkuntza-titulazioa.

      Ikasle-taldearen osaketa: zein taldekoak/taldetakoak diren (gela edo gelak zehaztu) eta zenbat ikasle dauden.

      Saioak asteko zein egunetan ematen diren eta zenbat minutu irauten duten.

      Parte hartzen duten ikasleei zenbat orduz ematen zaien euskarazko irakaskuntza.

    3. Zinpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: ez egotea penal edo epaiketaren bidez zigortuta laguntza edo diru-laguntza publikoak galtzeko eta ez duela horretarako inongo legezko debekurik, eta ez egotea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak ezarritako arrazoiren baten eraginpean. Halaber, ziurtatu behar du Ordezkaritza Organo Gorenak baduela diru-laguntzen deialdiaren berri eta ikastetxearen parte-hartzea onetsi duela, eta atzerriko hizkuntzan ikasten duten ikasleak euskaraz ere ikasten dutela, astean 10 orduz gutxienez.

  2. Deialdi honetan parte hartzeko eskabidea aurkezteko epea hilabete batekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  3. Dagozkien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu behar dira eskabideak. Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 38.4 artikuluan zehazten dituen lekuetan ere aurkez daitezke. Eskatzaileek posta-bulego batean aurkezten badute eskabidea, gutun-azal irekian aurkeztu beharko dute, postetxeko funtzionarioak zigilua jar diezaion gutuna ziurtatu aurretik.

  4. Norberaren Datuen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 2ko 2/2004 Legean xedatutakoaren arabera, eskabidea betetzean eskatzaileak baimena ematen du haren datuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko. Lege horretan aurreikusten diren eskubideak (datuak eskuratzea, zuzentzea, baliogabetzea eta haien aurka egitea) erabil daitezke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren aurrean, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu eskabideak akatsen bat duela edo ez dela guztiz zehatza, eskabidea aurkeztu duen ikastetxeari hamar eguneko epea emango dio, akatsa zuzen dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta jakinaraziko dio hala egiten ez badu aurkeztutako eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, betiere ebazpen hori hartu ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

1. 6.300 euroko zenbatekoa emango zaie itunpeko ikastetxe pribatuei, 2008-2009 ikasturtean irakaskuntza eleaniztuna eman den Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako kurtso bakoitzeko.

Diru-laguntzak emango dira agindu honen 4. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzun arte edo erabil daiteken kreditu guztia agortu arte, 1.3 artikuluan zehaztutako gehitzeak ere kontuan hartuta.

Kreditu nahikoa ez badago, irizpide hauek erabiliko dira: diru-laguntzak emango zaizkie onetsitako eskabideei, maila bakoitza osorik aintzat hartuta, beheranzko ordenari jarraiki. Beraz, lehenik DBHko 4. mailako eskabideei emango zaie diru-laguntza, eta azkenik DBHko 1. mailako eskabideei. Maila bateko eskabide guztiei 6.300 euroko diru-laguntzak emateko kreditu nahikoa ez badago, maila horrek eta beheragokoek ez dute diru-laguntzarik izango.

  1. Onetsitako diru-laguntza guztiak eman ostean kreditu-soberakina badago, diru-laguntza osagarria emango da: 1.050 euro jasoko dute ikastetxeek asteroko gutxieneko hiru saioez gain ematen duten ordu erdi bakoitzeko edo 20 minututik gorako zatiki bakoitzeko.

    Aurreko kasuan bezala, ordu gehigarri horiengatik onetsitako diru-laguntzak emateko maila bakoitza osorik aintzat hartuko da, beheranzko ordenari jarraiki. Beraz, lehenik DBHko 4. mailako eskabideei emango zaie diru-laguntza osagarria, eta azkenik DBHko 1. mailako eskabideei. Maila batean gutxieneko saioez gain ematen diren ordu erdiko edo 20 minututik gorako zatiki bakoitzagatik 1.050 euroko diru-laguntza osagarriak emateko kreditu nahikoa ez badago, maila horrek eta beheragokoek ez dute diru-laguntza osagarririk izango.

  1. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari dagokio agindu honetan arautzen den deialdia ebaztea. Behin betiko ebazpena jakinaraziko zaie ikastetxe eskatzaileei, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz, sei hilabete igaro baino lehenago, agindu hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

  2. Gorako helegitea jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari administrazio-bideari amaiera ematen ez dion ebazpen honen kontra, hilabeteko epean, argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  3. Artikulu honen 1. puntuan xedatutako epea igaroz gero deialdiari buruzko ebazpena argitaratu gabe, ikastetxe eskatzaileek uler dezakete haien eskabidea ez dela onartu, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 44.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez zati batean aldatua).

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek xede berdinerako emandako laguntzekin, gainfinantziaziorik gertatzen ez den bitartean. Halakorik gertatuz gero, murriztu egingo da diru-laguntzaren zenbatekoa, dagokion gehienezko mugara arte.

Ordainketa bakar baten bidez emango da diru-laguntza, hiru hilabete igaro baino lehen, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek, nolanahi ere, honako betebehar hauek dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten diru-laguntzari hamabost eguneko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita ulertuko da onartzen dutela diru-laguntza hori.

  2. Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Ekonomia Kontrolerako Bulegora eta Herri Kontuen Euskal Epaitegira haien funtzioak betetzearren eskatutako informazio guztia bidaltzea.

Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero betiere haren helburua lortu dela ikusten denean diru-laguntzei buruzko ebazpenean aldaketak egin daitezke.

Hala gertatuz gero, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak hartuko du dagokion kitapen-ebazpena, diru-laguntzen kopuruak egokitzeko.

Diru-laguntza ematea eragin zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatzen bada, jasotako diru-kopurua eta legezko interesak itzuli beharko ditu ikastetxeak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusira, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren bidez onartuak 53. artikuluan xedatutakoaren arabera eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraiki.

Lehenengoa. Agindu honetan zehaztu gabeko prozedurei dagokienez, aplikatuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez zati batean aldatu zena.

Bigarrena. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta berrezartzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau zuzen eta egoki betetzea bermatuko duten jarraibideak eman ditzan.

Laugarrena. Agindu honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 29a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik