Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko urriaren 20koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekluster sektorialtzat jotzen diren enpresa elkarteei bideratutako laguntzak arautzen dira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko urriaren 20koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekluster sektorialtzat jotzen diren enpresa elkarteei bideratutako laguntzak arautzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 201
  • Hurrenkera-zk.: 5612
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/10/20
  • Argitaratze-data: 2009/10/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional; Ekonomia

Testu legala

1992. urtean Ekonomia Gaietarako Lehendakariordetzak estrategikotzat jo ziren kluster jakin batzuetan jarduera espezifikoak hasi zituen, jatorriz industrialak ziren elementuena baino askoz zabalagoa zen industria-lehiakortasuneko ikuspegiarekin, herriko lehiakortasun globalari lotuta.

Ondoren, 2000. urtean Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasunezko kluster sektorialen politikaren arau-garapenaren oinarriak ezarri zituen, euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko lagundu beharra zegoelako.

Egungo egoeran aurreikusita zeuden igurikapenak bete dira, eta uste dugu oraindik ere zenbait industria-sektore berritara jo beharra dagoela, haiek lehentasunezko kluster sektorialen politikan barne hartzeko.

Klusterren politikaren bitartez bultzatutako area estrategiko desberdinen artean berrikuntza dago, egungo lehiakortasun-ereduaren lehentasun estrategiko nagusia euskal enpresen lankidetzaren bitartez.

Egun dauden erreferentziazko tresnek, adibidez 2006-2009ko Enpresa Lehiakortasuneko eta Gizarte Berrikuntzako Planak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko politika ekonomikoei sendotasuna, eraginkortasuna eta egonkortasuna eman behar dien, eta 2010eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak, Eusko Jaurlaritzak Europan berrikuntzari dagokionez gure herrialdea erreferentzia bat izateko egindako apustu irmoaren erakusgarri denak, berrikuntza irekiaren kontzeptua garatzen dute, euskal enpresen ahalmen berritzailea handitzeko ikuspegiarekin, klusterren lehiakortasuna handitzeko eta berritzeko enpresen arteko lankidetzan sakonduz tresna horiek garatzeko.

Horregatik, aurreklusterren bitartez interes estrategikoko sektore berriak antolatzeko beharra planteatzen zaigu. Sektore horiek jadanik 2008an abiarazi ziren proiektu pilotuen bitartez, eta proiektu horiek barne hartu zituzten ekintza orokorrak, enpresen kudeaketa hobetzeko ekintza espezifikoak eta lankidetzan berritzaileak diren proiektu estrategikoak garatzeko ekintza espezifikoak, bidezko diren deskarguen bidez aztertu zirenak, estanpaziozko forjaketaren, galdaketaren eta arte grafikoen sektoreetarako, zeinetara inkorporatuko diren sektore berriak aldi iragankor batez, Euskal Autonomia Erkidegoko lehentasunezko kluster sektorial izatera igaro aurretik.

Hortaz, honako hau

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan aurrekluster sektorialtzat jotzen diren enpresa-

elkarteentzako laguntzak erregulatzea.

Aurreklustertzat jotzen dira sektore jakin batean enpresen arteko lankidetzaren bitartez enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten eta nortasun juridiko propioa duten enpresa-elkarteak, ondoren, lankidetza hori finkatuta dagoenean, aurreklusterrak lehentasunezko kluster izan daitezen.

Aurreko artikuluan zehaztutakoa bete dadin erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldi baten barruan eman beharreko laguntzen bolumen osoak ez du aipatutako diru-izendapena, edo, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onesten direnean, diru-izendapen hori eguneratzetik ateratakoa gaindituko. Horrelako egoerarik gertatuz gero, horren berri jakinarazi behar da Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordearen Ebazpen bidez.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bitartez ordainduko dira. Hitzarmenen bidez egituratuko dira, herri-

    administrazioaren eta ekimen pribatuaren lankidetza tarteko, funtsezkoa baita ere jarduketa horren helburua lortzeko.

  2. Lehiaketa izango da diru-laguntzak emateko erabiliko den prozedura, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.4 artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraiki, Dekretu horren bidez Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen baita. Ondorio horietarako, eskaerak alderatu ondoren emango dira laguntzak, betiere 7. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideei jarraiki eskaera horien lehentasun-hurrenkera jakin bat ezartzearren; esleitutako kredituaren irismena kontuan hartuz, artikulu horretan jasotako gutxieneko puntuazioak dituzten proiektuei emango zaizkie diru-laguntzak soilik.

    Ematen diren diru-laguntzen zenbatekoa ezartzeko, hautespen- eta balioespen-fasean lortutako puntuazioaren emaitzazko lehentasun-ordenari jarraituko zaio, puntuaziorik handienaren ordenaren arabera esleituz eskatutako zenbatekoak, 8. artikuluan ezarritako gehienezko ehunekoak eta kopuruak errespetatzen badituzte, hala dagokionean zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

  1. Agindu honetan bildutako laguntzak jaso ahal izango dituzte lehendik badauden aurrekluster sektorialtzat jotzen diren enpresa-elkarteek, hau da, estanpaziozko forjaketaren, galdaketaren eta arte grafikoen sektoreek, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan eratu daitezkeen gainerakoek.

  2. Hautatzen diren enpresa-elkarteak aurrekluster sektorial gisa kreditatuta egongo dira hiru urteko gehieneko epe batez, eta epe hori igarotakoan EAEko lehentasunezko kluster gisa kreditatu ahal izango dira sektore horietan lehiakortasuna hobetzeko betekizunak betetzen badira, edo aurrekluster sektorial gisa luzamendua emango zaie.

  3. Edonola ere, aurreko zenbakian adierazitako elkarteek, horien forma juridikoa edozein izanik ere, nortasun juridikoa eduki beharko dute eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egon beharko dute.

  1. Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzatzat jotzen dira beren funtsezko eginkizuna betetzera bideratzen direnak, hau da, aurrekluster sektorialetako enpresen lehiakortasuna hobetzeko egindakoak lankidetzaren bitartez, zeina enpresen arteko akordioen bitartez gauzatuko den erronka estrategikoei erantzuten dieten helburu komunak lortzeko. Era berean, modu horizontalean azken xede gisa lankidetza sortzea helburu duten ekintzak diruz lagundu ahal izango dira.

  2. Ekintzak honako arlo estrategiko hauetan bildu beharko dira: teknologia, kalitatea eta berrikuntza kudeaketan, nazioartekotzea eta orokorra, kontuan hartzeko modukoak diren beste arlo batzuetakoak barne, sektore jakin baterako estrategikoak direlako, eta beraz, sektoreko urte anitzeko planetan garatuta egongo dira.

    Gainera, ekintzak indibidualizatu eta zehaztu egin beharko dira, honako alderdi hauek deskribatuz: garatu beharreko faseak, ekintzan parte hartuko dutenak, aurrekontua, betearazteko epea, ekintzarako beste erakunde-laguntza batzuk behar izatea, eta amaieran lortutako emaitza, lortutako emaitzak proposatu zen helburuaren arabera kontuan izanik.

  3. Diruz laguntzeko gastutzat hartuko dira, aurreko atalak aipatzen dituen ekintzak garatzerakoan erakunde onuradunek egiten dituzten barne-gastuak (soldatak eta alokairuak, eta egitura-gastu arruntak) nahiz kanpo-gastuak (azterlanen eta beste zerbitzu batzuen azpikontratazioa).

  4. Urteko deialdiaren ekitaldian egiten diren ekintzak eta gastuak bakarrik izango dira diruz lagungarriak.

Erakunde onradunek urteko ekintza-planak landu beharko dituzte, eta beste zenbait alderdiren artean, memoria bat egin beharko dute aurrekluster sektorialaren egoera aztertuz eta helburuak eta egin beharreko ekintzak, egutegia, aurrekontua, finantzaketa eta ondorengo azterketa ahalbidetuko duten adierazleak deskribatuz. Urteko plan horiek bat etorri beharko dute erakunde onuradunek landu beharko dituzten urte anitzeko planekin.

Urte anitzeko planek, oro har, azterketa sektorial bat, kontzeptu estrategikoak eta jardun-planak bildu beharko dituzte.

Hautespena egiteko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  1. Industria-sektore eskatzaileen garrantzia, EAEko BPG industrialarekiko fakturazioari lotuta, eta EAEko industria-enpleguarekiko enpleguari lotuta.

    EAEko BPG industrialarekiko fakturazio sektorialaren ehuneko baliorik handiena egiaztatzen duen aurreklusterrari puntuaziorik handiena emango zaio, euskal BPG industrialaren azken estatistika ofizialen datuen arabera, horiek eskuragarri dauden neurrian; gainerako puntuazioak puntuazio gorenarekiko proportzioan emango dira. Enpleguaren kasuan puntuazio-sistema berbera erabiliko da, EAEko industria-enpleguaren azken estatistika ofizialen datuak kontuan izanik.

  2. Aurreklusterreko enpresen garrantzia, sektoreko guztizkoaren gaineko fakturazioari eta enpleguari dagokienez, aurreko atalean ezarritako irizpideen arabera.

    Kontuan hartzen den sektoreko guztizko fakturazioarekiko enpresa elkartuen fakturazioaren ehuneko baliorik handiena egiaztatzen duen aurreklusterrari puntuaziorik handiena emango zaio; gainerako puntuazioak puntuazio gorenarekiko proportzioan emango dira. Enpleguaren kasuan puntuazio-sistema berbera erabiliko da.

  3. Balio-katearen integrazio-maila aurreklusterretako enpresa-elkarteetan.

    Puntuaziorik handiena emango zaio sektoreko balio-katea, hau da, % 100, osatzen duen aurreklusterrari, eta gainerako puntuazioak sektoreko balio-kate bakoitza ordezkatzen duen ehunekoaren arabera emango dira.

  4. Aurreklusterreko enpresen banaketa Lurralde Historikoetan, sektoreko gainerako enpresek EAEn duten banaketarekin alderatuta.

    EAEn sektoreko enpresen banaketa kontuan izanik enpresa elkartuen lurraldekako ehuneko banaketarik onena egiaztatzen duen aurreklusterrari puntuaziorik handiena emango zaio; gainerako puntuazioak puntuazio gorenarekiko proportzioan emango dira.

  5. Aurreklusterrari dagozkion urteko ekintza-planen ebaluazioa, lankidetza-piramidearen helburu operatiboen arabera, garrantzia txikitik handiagokoa izanik informazio estrategikoa lortu eta hedatzea, erronka estrategikoak eta balizko sinergiak identifikatzea, balizko sinergiak ebaluatzea, eta lankidetzako proiektu estrategikoak sortzera bideratutako interes komuneko taldeak identifikatu eta sustatzea.

    Urteko ekintza-planen ebaluazioa aurkeztu diren ekintzen azterketaren arabera egingo da, aipatutako lankidetza-piramidearen helburu operatiboei jarraiki.

    Irizpide bakoitzak gehienez ere 10 puntu lortuko ditu, eta ezinbestekoa da gutxienez 30 lortzea Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun izateko.

Aurreklusterraren barne-gastuen % 60 eta kanpo-gastuen % 50, onartutako urteko ekintza-planean ezarritakoaren arabera, gehieneko muga 120.000 euro izanik.

  1. Agindu honetan ezarritako laguntzak ez dira bateragarriak izango EAEko Administrazio Orokorraren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak xede berarekin emandako beste laguntza batzuekin.

  2. Agindu honetan bildutakoen xede berbera duten Administrazio Publikoek edo erakunde pribatuek emandako diru-laguntzak Agindu honetan ezarritakoekin bateragarriak izango dira, emandako diru-laguntzen guztizko zenbatekoak, EAEko Administrazio Orokorreko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren diru-laguntzenak barne, ez badu gainditzen ekintza-planean aurkeztutako ekintzetatik eratorritako gastu guztien % 70a, eta laguntza horien berri eman behar zaio Plangintza eta Estrategia Zuzendaritzari. Muga hori gaindituz gero, Agindu honi jarraiki emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua adina.

Agindu honek araututako laguntzak urtean behin egingo diren deialdien bidez iragarriko dira eta publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira.

Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordearen ebazpenaren bitartez egingo da deialdia, eta ekitaldi horretan diru-laguntzak emateko aurrekontu-esleipenen zenbatekoa, eskaerak aurkezteko epea eta tokiak zehaztuko ditu.

  1. Agindu honi jarraiki, Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen dituzten enpresek, bestalde, Plangintza eta Estrategia Zuzendaritzara bidali beharko dituzte eskabideak eta bestelako dokumentazio gehigarria, eta Zuzendaritza horretan, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren edozein Lurralde Bulegotan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako sailetan aurkeztu beharko dituzte eskabidea eta dokumentazio horiek.

    Erakunde eskatzaileak ordezkatzeko legezko gaitasuna duenak sinatuko du eskabidea.

  2. Eskabideaz gain, erakunde eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

    1. Urte anitzeko plana, Agindu honen 6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

    2. Eskaeraren ekitaldiari dagokion urteko ekintza-plana, arau honen 6. artikuluan adierazten diren alderdiak bildu beharko dituena.

    3. Urteko planari dagozkion gastuak eta horien finantzaketa xehekatzen dituen aurrekontua.

    4. Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

    5. Eskatzailearen ordezkari izateko ahalmena ematen dion agiriaren fotokopia eta ordezkatzen duen pertsona juridikoari dagozkion erregistroko inskripzioaren eta eratze-eskrituraren eta ondorengo aldaketen agiriaren fotokopia.

    6. Sozietateen Gaineko Zergaren azken aitorpenaren kopia edo, kasua bada, Errentaren Gaineko Zergarena.

    7. Beste erakunde pribatu nahiz publiko batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzei buruzko zinpeko aitormena.

    8. Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketari dagokionez egunean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria.

    9. Zerga-betebeharrak eguneratuak izan beharko dituzte Erakunde Onuradunek. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen onuradunen zerga-betebeharrak betetzea egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritako kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak, betiere eskatzailearen esanbidezko baimena badu, laguntza eta diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatuko die zuzenean zerga-alorreko organo eskudunei; espedientean ziurtagiri hori agertzen ez bada.

    10. Aitorpena, enpresa eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela adierazten duena, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) azken xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

    11. Garantia erreala eratzeko konpromisoa, ekitaldian 50.000 eurotik gorako ordainketa aurreratuak egiten diren kasuan.

  3. Nolanahi ere, aurkezten diren eskabideak behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzako beharrezkotzat joko dituen dokumentu eta/edo argibide guztiak eskatu ahal izango dizkio Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak erakunde eskatzaileari. Arau honetan zehazki aurreikusita ez dagoenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoa aplikatuko da.

  1. Eskabidea onartzeko ezinbesteko baldintza izango da aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztea.

  2. Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo aurreko artikuluan adierazitako dokumentuak aurkezten ez badira, enpresa interesdunari 10 eguneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkez ditzan eskatuko dio Plangintza eta Estrategia Zuzendaritzak; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egingo zaiola adieraziko zaio, Industria Garatzeko zuzendariak ebazpena eman ondoren, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

  1. Ebaluazio-organoaren egitekoa izango da aurkeztu diren eskaerak aztertzea eta ebaluatzea, baita laguntzak emateko proposamenak egitea ere, horretarako sortutako organoa baita.

  2. Ebaluazio-organoko buru Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Plangintza eta Estrategiako zuzendaria izango da. Mahaikideak izango dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren estatistika-organoko teknikari bat eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Plangintza eta Estrategia Zuzendaritzak izendatutako bi teknikari, horietako batek idazkari lanak betez.

  3. Ebaluazio-organoaren bilerak baliozkoak izan daitezen, bilkura egin, eztabaidatu eta erabakiak hartzen direnean, bertan egon beharko dute presidenteak eta idazkariak edo, kasuan kasu, beren ordezkariak eta, gutxienez, gainerako kideetako batek. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko II. kapituluko II. tituluan ezarritakoari jarraituko zaio.

  4. Ebaluazio-prozesuan, komenigarritzat hartzen bada, eskatzaileei proiektuetan aldaketak sartzea iradoki ahal izango zaizkie, proiektuak ezarritako helburuetara hobeto egokitzea lortzeko.

  1. Aurkeztutako eskaerak balioztatuko ditu ebaluazio-organoak, ezarritako irizpideei jarraiki, eta Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordeari emango dio ebazpen-proposamen arrazoitua, gutxienez honako hauek bilduz:

    1. Deialdiaren baldintzak ez betetzeagatik ezestea proposatutako eskaeren zerrenda.

    2. Diru-laguntzak ematea proposatzen diren proiektuen zerrenda, gutxienez ere horietako bakoitzarentzat diruz laguntzen diren ekintzak eta gastuak adieraziz, baita emateko proposatzen den laguntzaren guztizko zenbatekoa ere.

  2. Dagokien deialdian aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bitartez izapidetuko dira, eta prozedura horren ebazpena, arrazoitu beharrekoa, Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordeari dagokio, Ebaluazio Organoaren proposamenez. Ebazpena emango da eta erakunde interesdunari jakinaraziko zaio indibidualki, gehienez ere 6 hilabeteko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Administrazio-ebazpenaren xede izango da, era berean, erakunde onuradunarekin sinatu beharreko Lankidetza Hitzarmenaren edukia onartzea, beste zenbait alderdiren artean urteko ekintza-planen helburuak, jarduerak eta ezaugarriak bildu beharko dituena, eta dagozkien urte anitzeko Planak zehaztu eta garatu beharko dituzte. Hitzarmen horren estipulazioen ondorioz onuradunarentzat eratortzen diren betebeharrak honako arau honetan aurreikusitakoak izango dira.

    Epe hori amaitutakoan erakunde interesdunari ebazpenaren berri eman ez bazaio, eskatutako laguntza ezetsitzat jo ahal izango da, hori guztia eskumeneko organoak eskatutako laguntzari buruzko esanbidezko ebazpena eman behar duela ahaztu gabe. Halaber, eskabideak laguntza jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, laguntza ukatzeko ebazpena emango du Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordeak.

  3. Agindu honek arautzen dituen laguntzak enpresa onuradunei eman eta, hala dagokionean, ordaindu aurretik, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

  4. Laguntza emateko ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraztea bazter utzi gabe, laguntzaren onuradunen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, bakoitzari dagokion zenbatekoa adierazita, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legean xedatutakoari jarraiki.

  5. Ebazpen horrek ez du administrazio bidea amaituko, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari.

  1. Diru-laguntzaren ordainketa egiteko Plangintza eta Estrategiako zuzendariaren administrazio-ebazpena beharrezkoa izango da, eta bi alditan ordainduko da, ondoren adierazten den bezala:

    Emandako diru-laguntzaren % 50 onartzen denean edo, hala dagokionean, agindu honen 17.1 artikuluan ezarritako hamabost eguneko epea igarotakoan.

    Gainerako % 50, lagundutako ekintzen burutzapenean egindako gastuak justifikatu ondoren ordainduko da. Horrela, erakunde onuradunak, behin Ekintza Plana gauzatu ondoren, eta beti ere deialdiaren ebazpena argitaratzen den ekitaldiaren hurrengo ekitaldiko otsailaren 15a baino lehen, Plangintza eta Estrategia Zuzendaritzaren aurrean planaren garapenean eragindako gastuen ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, hau da, urteko ekintza-plana betearazteko dokumentazioa, garatutako ekintza bakoitzaren dokumentuetan amaierako emaitza eta betearazitako aurrekontuak zehaztuz, horietan barne hartuz aurreklusterraren ziurtagiriaren bitartez dokumentatutako barne-kostuak, baita egindako kanpo-kostuak ere, aurreklusterrak ordaindutako fakturen fotokopia konpultsatuekin dokumentatuta. Administrazio-organo horrek, era berean, erakunde onuradunak eskatuz gero, dokumentazioa aurkezteko epea luzatu ahal izango du behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean.

  2. Plangintza eta Estrategiako zuzendariak, bidezko bada, laguntza likidatzeko ebazpena emango eta jakinaraziko du, egiaztagiria aurkezten denetik zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epearen barruan.

  3. Ordainketa izapidetuko den data berean, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek, zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoa) ezarritako kasuak gertatzen direnean, eskatzailearen esanbidezko baimena izanez gero, laguntzen eta diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak beteta dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria eskatuko die zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak zerga-arloan eskudunak diren organoei; adierazitako baimen hori espedientean jasota ez dagoen kasuetan, eskatzaileek aurkeztu beharko dute adierazitako ziurtagiria.

Ekintza-planek barne hartuko dituzte nahitaez eskaeraren unean aurkeztutako dokumentazioan jasotako ekintzak; halere, Plangintza eta Estrategia Zuzendaritzak proiektuan aldaketak egiteko baimena eman dezake, baldin eta haren izaera eta helburuak aldatzen ez badira.

Plangintza eta Estrategi Zuzendaritzari dagokio Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-lana egitea, bertan beste organoei bereziki esleitutako gaietan izan ezik.

Agindu honetan erregulatzen diren diru-laguntzen onuradunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, onuradunak diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hamabost eguneko epean diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.

  2. Laguntza eman den helbururako erabiltzea.

  3. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez, eskatzen dioten informazio guztia aurkeztea.

  4. Helburu berberarekin, edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea.

  5. Plangintza eta Estrategia Zuzendaritzari diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektiboren zein subjektiboren aldaketa jakinaraztea.

  6. Diru-laguntzaren xede diren jardueretan propio eta argi eta garbi jaso beharko da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak parte hartzen duela jardunen finantzaketan.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu egiten badira eta, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako laguntzak edo diru-laguntzak ematen badituzte, eta, kasua bada, beste diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzen badira, diru-laguntza emateko erabakia aldatu egin ahalko da; betiere, dirulaguntzen araudian onuradun izateko jarritako gutxieneko baldintzak bete egingo dira.

Ondorio horietarako, Kabinete, Plangintza eta Estrategia Sailburuordetzak dagokion ebazpena emango du; ebazpen horretan, egokitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

  1. Erakunde onuradunak Agindu honetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako eskakizunen bat edota, hala badagokio, Ebazpenean ezartzen diren baldintzetako bat betetzen ez badu, Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuordeak, ez-betetzearen ondoriozko espedientea hasi eta interesdunari entzun ondoren, Ebazpen bidez adieraziko du interesdunak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela eta, egoki bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzuli beharko dizkiola, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, bidezkoak diren gainerako egintzak aparte utzi gabe. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

  2. Diru-laguntza emateko baldintzak ez direla bete deklaratzeko prozedura, indarrean den araudian ezarritako epean eta eran burutuko da.

  3. Kabinete, Plangintza eta Estrategia Sailburuordetzari dagokio ez-betetzearen ondoriozko espedienteak hasi eta horiei buruzko erabakia hartzea.

  4. Itzultze-prozedura Administrazioko arau-haustetzat jo daitezkeen egintzen ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehatzeko prozedurari hasiera eman diezaion.

Lehenengoa. Agindu honen aurka, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 20a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (8)

Arauaren historia →

Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.