- AGINDUA, 2009ko azaroaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Agindu honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko master ofizial baten edo berezko titulu baten matrikularako laguntzetarako deia egiten da, langabezian dauden unibertsitate-tituludunentzat. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko azaroaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Agindu honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko master ofizial baten edo berezko titulu baten matrikularako laguntzetarako deia egiten da, langabezian dauden unibertsitate-tituludunentzat.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 220
- Hurrenkera-zk.: 6087
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/11/10
- Argitaratze-data: 2009/11/16
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa; Sailak
Testu legala
Hau arautzen du, Euskal Herriko Autonomi Estatutuak, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak, 16. artikuluan, «Konstituzioaren lehen Xedapen Gehigarrian erabakitakoaren arabera, irakaskuntza Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».
Maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuak, Unibertsitate-gaietan Estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoak, haren eranskineko B.2 puntuak xedatzen duenez, aipatu Erkidegoari eskualdatzen zaio administrazio-egoitza erkidego horretan duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleei zuzendutako diru-laguntza deialdien araugintza-eskumena eta kudeaketa. Deialdiok egiteko, estatu osorako ezarritako oinarrizko irizpideak errespetatu behar ditu.
Bestetik, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, bere 8., 38. eta 44. artikuluetan arautu ditu ikasketetarako bekak eta laguntzak, eta xedatzen du unibertsitate-gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari dagokiola ikasketetarako bekei, kredituei eta laguntzei buruz oinarrizko legedian ezarritako sistema orokorra arau bidez garatzea.
Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Lege horrek berak arautzen du Unibertsitate Sistema horren oinarrizko helburuetako bat ezagutzen eta metodo zientifikoen aplikazioa behar duten lan-jarduerak egiteko prestakuntza dela, bai eta bizitza guztiko prestakuntza ere.
Krisi ekonomikoko egoeran, langileen prestakuntza errazteko inoiz baino premia handiagoa dago, haiek berriz lanera itzultzeko itxaropena hobe dezaten. Lanik ez duten pertsonak dira, hain zuzen, babesgabeenak, gaur egungo egoera ekonomiko eskasaren ondoriozko gertakizunen aurrean, eta beraz, Administrazioaren laguntza handiena behar dutenak. Laguntzarako tresna horien artean garrantzitsuenetako bat da prestakuntza akademikoaren hobekuntza, birziklatzen, eta beraz, berriz lanera itzultzen, laguntzen baitu.
Horrekin lotuta, ekonomia eta enplegua sustatzeko neurrien barruan, Eusko Jaurlaritzak lehentasun hau du, besteak beste, hezkuntza-arloan: langabezian dauden eta laguntzak jasotzeko egoeran dauden unibertsitate-tituludunei laguntzea, prestatzen eta birziklatzen joan daitezen.
Horregatik, eta masterren nahiz berezko tituluen irakaskuntzaren helburua unibertsitate-tituludunek prestakuntza aurreratua, espezializatua eta diziplina anitzekoa lortzea denez gero, deialdi honen bidez ikasketa horiek egitea erraztu nahi da. Izan ere, unibertsitate-tituluren baten jabe diren 25 urtetik 40 urtera arteko langabetuek ez dute matrikula-eskubideak ordaindu beharrik izango, EHUn master ofizial bat edo berezko titulu bat egiterakoan, baldin eta unibertsitate-titulazio ofiziala badute.
Horregatik, diru-laguntza publikoen arloan indarrean den legediak dionari eta, bereziki, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan eta abenduaren 29ko 19/2008 Legean jasotakoei jarraiki, hauxe
Diru-laguntzen deialdia egiten da unibertsitate-tituluren baten jabe diren langabeentzat, I. eranskineko EHUko master ofizialen edo berezko tituluen matrikulari dagozkion gastuetarako. Diru-laguntza horiek jasotzeko, onartuta izan behar da horretarako eskubidea.
Hartzaileen kualifikazio akademikoa hobetzea da laguntzen xedea; hau da, haien prestakuntza-maila osatzea eta eguneratzea. Horrela, behin-behinekoz enplegatu-izaera galdu duten unibertsitate-tituludunei lan-merkatuan sartzen lagundu nahi zaie.
Agindu honetan zehaztutako diru-laguntzetarako, 850.835 euro erabiliko dira.
Matrikularako laguntzaren zenbatekoa master-titulu ofiziala edo berezko titulua lortzeko irakaskuntza-zerbitzuetarako finkatutako prezio publiko ofizialaren adinakoa izango da, ikasketa-planean zehaztutako urte bakoitzerako.
Laguntza honela emango da: ikaslea zenbateko hori ordaintzetik salbuetsita egongo da, eta haren ordaina zuzenean ordainduko zaio Euskal Herriko Unibertsitateari.
Laguntza hori jasotzeko, baldintza hauek bete beharko dira:
Euskal Autonomia Erkidegoan izatea administrazio egoitza.
25etik 40 urtera bitarteko adina izatea.
Espainiar unibertsitate-titulu ofizialen bat izatea edota Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruko goi-mailako erakunde batek emandako titulua izatea, titulua jasotako herrialdean master ikasketetan sartzea ahalbidetzen duela. Halaber, Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparrukoak ez diren heziketa-sistemen araberako tituludunak ere onartu ahal izango dira, euren tituluak homologatu beharrik izan gabe, Unibertsitateak aurrez konprobaturik izango duelarik espainiar unibertsitate-titulu ofizialei dagokien prestakuntza maila berdina egiaztatzen dutela eta titulua jasotako herrialdean gradu ondoko ikasketetan sartzea ahalbidetuta dutela, unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Legalki langabezian egotea.
Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean langabezia-prestazioa eta -subsidioa jasotzeko eskubidea onartua izatea, eta egun horretan prestazio eta subsidio horiek jasotzeko eskubidea iraungi gabe egotea.
2009-2010 ikasturtean, EHUko master ofizial edo berezko titulu bateko ikasturte oso batean matrikulatuta egotea, dagokion ikasketa-planari jarraiki.
Diru-laguntzak lehiaren araubideari jarraiki emango dira. Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa 2. artikuluan aurreikusitako guztizko zenbatekoa baino handiagoa balitz, diru-laguntzak eskatzailearen per capita errentarekiko alderantziz proportzionalki esleituko dira, 7. artikuluan aipatutako koefiziente zuzentzailearekin haztatu eta gero.
Aurreko artikuluan xedatutakoari jarraiki hala behar baldin bada, eskatzailearen errenta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2009ko ekainaren 23ko Aginduko I. eranskinean ezarritakoaren arabera kalkulatuko da. Agindu horren bidez, 2009-2010 ikasturtean unibertsitate-ikasketak eta beste zenbait goi-mailako ikasketa egiteko izaera orokorreko beken deialdia egin zen (EHAA, 2009-07-14). Egoera horretan, Agindu horretan zehaztutako pertsonak soilik hartuko dira aintzat.
Laguntza eskatzen dutenen per capita errenta kalkulatu ondoren, zenbateko horiek adinaren araberako beheko koefiziente zuzentzaile honekin biderkatuko dira, nagusienei laguntzeko. Horrela zehaztuko dira eskatzaileen errenta haztatuak, eskatzaile horien hurrenkera 5 artikuluan ezarritakoaren arabera finkatzeko.
1969-01-01 eta 1970-12-31 artean jaiotakoak: 0,70
1971-01-01 eta 1972-12-31 artean jaiotakoak: 0,75
1973-01-01 eta 1974-12-31 artean jaiotakoak: 0,80
1975-01-01 eta 1976-12-31 artean jaiotakoak: 0,85
1977-01-01 eta 1978-12-31 artean jaiotakoak: 0,90
1979-01-01 eta 1980-12-31 artean jaiotakoak: 0,95
1981-01-01 eta 1983-12-31 artean jaiotakoak: 1
Eskaerak agindu honen II eranskinean jasotzen dira. Inprimaki normalizatuan egin behar dira. Honako tokietan jaso daitezke: EHUko Leioako campuseko beka-unitatean, Arabako nahiz Gipuzkoako unibertsitate-kanpusetako errektoreordetzetan eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan. Web-orri honetan ageri den eredua inprimatzea da inprimakia eskuratzeko beste bide bat: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net. Eskaera beteta eta eskatzaileak nahiz bere familia-unitateko kide konputagarri guztiek sinatuta eman behar da, EHUko Leioako campuseko beka-unitatean edo Arabako nahiz Gipuzkoako unibertsitate-kanpusetako errektoreordetzetan. Horretaz aparte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38. artikuluak aipatutako lekuetan ere aurkez daitezke eskaerak.
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
Administrazio-egoitzaren ziurtagiria, eskatzailearen helbidean bizi diren pertsona guztien zerrenda jasoko duena.
Familiako kide zenbagarri guztien nortasun-agiri nazionalen fotokopiak.
Eskatzailearen langabezia-egoera egiaztatzen duen agiria.
Langabezia-prestazioa edo -subsidioa ematearen aldeko ebazpena.
Eskatutako laguntzen zenbatekoak 2. artikuluan aurreikusitako zenbateko osoa gainditzen badu, laguntzen eskatzaileei ondoren aipatutako dokumentazioa eskatuko zaie:
Familiako eusle nagusiaren eta, hala badagokio, beste kide konputagarri batzuen PFEZren aitorpenaren fotokopia osoa, 2008 ekitaldiari dagokiona, edo aitorpena egin ez dela baieztatzen duen ogasun-egiaztagiria.
Lan-etekinen egiaztagiria (10T), 2008an PFEZren aitorpena egin beharrik izan ez duten familia-unitateen edo kide konputagarrien kasuan. Horrezaz gain, 2008an familiako edozein kide konputagarrik jaso arren PFEZn barne hartu ez diren diru-sarrera guztien egiaztagiriak.
Hala badagokio, eskatzaileak familia-errentan kenkariak izateko eskubidea ematen duen zirkunstantziaren bat betetzen duela adierazten duen dokumentazioa.
Eskaerak ezarritako epearen barruan aurkeztu behar dira. Eskaerak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesatuari jakinaraziko zaio, hamar eguneko epean konpon ditzan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluaren arabera.
Eskatzaileak diru-laguntzen eskaera betetzeak esan nahi du:
Onartu egiten dituela beka-deialdi horren oinarriak.
Beharrezkoa balitz, baimena ematen diola Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailari, zerga-administrazioen bidez lortzeko bekarako familia-errentaren eta ondarearen zenbatekoa zehazteko behar dituen datuak. Baimenik ematen ez badu, 8. artikuluko 3. puntuko e), f) eta g) puntuetan aipatzen diren 2008ko ekitaldiko errenta-aitorpenari dagokion dokumentazioa aurkeztea eskatu ahal izango dio beka-eskatzaileari Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak.
Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak (Datu pertsonalak babesteko Legeak) eta otsailaren 25eko 2/2004 Legeak (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko Legeak) ezartzen dutenez, eskabidean jasotako datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko fitxategi informatizatuetan sartuko dira.
Datuen aurka egiteko, datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta indarrean dagoen legeak onartutako beste edozein eskubide erabiltzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzara jo beharko da (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).
Agindu honen bidez egiten den beka-deialdia kudeatzeko erakunde laguntzailea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea izango da.
Hona erakunde horren lankidetza-gaiak:
Eskabideak egiteko inprimaki normalizatuak doan eskuragarri jartzea.
Eskabideak jaso eta erregistratzea.
Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazio gehigarria egiaztatzea. Behar izanez gero, antzemandako gabeziak edo akatsak zuzentzeko eskatu ahal izango dute edo aurkeztu gabeko dokumentazioa aurkezteko.
Egiaztatzea eskatzaileek eskatutako baldintzak betetzen dituztela.
Unibertsitate Zuzendaritzara 2009ko abenduaren 18a baino lehenago bidaliko da ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideen zerrenda. Bertan, eskatzaile bakoitza matrikulatu den master ofizialaren edo berezko tituluaren kreditu kopurua zehaztuko da.
Arestian aipatutakoarekin batera, eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideen zerrenda ere bidaliko da.
Kudeaketa-unitateetan prozedurari buruzko ebazpenaren berri ematea.
Laguntzen esleipenaren prozedura amaiturik, EHUk Unibertsitate Zuzendaritzarekin lankidetzan jardungo du, emandako laguntzen jarraipena eginez.
Jasotako diru-laguntzen aplikazioa justifikatuko du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren aurrean, eta batez ere, matrikula-prezioaren itzulketa eskatzaileek aurrez ordaindutako kasuetan.
Lehiaren araubideari jarraiki emango dira Agindu honen babespean ematen diren bekak, 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Eskabideak aurkeztutako epea amaitutakoan, eta, hala behar izanez gero, eskabideak zuzendu eta osatzeko epea bukatu ostean, erakunde laguntzaileak baldintzak betetzen dituzten eskabideen zerrenda egingo du eskatzaile bakoitza matrikulatu den master ofizialaren edo berezko tituluaren kreditu kopurua adieraziz, eta baita ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideen zerrenda ere. Zerrenda horiek Unibertsitate Zuzendaritzara bidaliko dira 2009ko abenduaren 18a baino lehenago.
Interesdun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa matrikulatu den masterraren matrikulari dagokion prezio publikoa izango da. Laguntzen zenbatekoa 2. artikuluan adierazitako diru-kopurua baino handiagoa balitz, deialdi honen 5. artikuluan ezarritako esleipen irizpideen arabera erabakiko dira diru-laguntzak.
Unibertsitate Zuzendaritzak kudeatuko ditu Agindu honen bidez araututako bekak; dena den, erakunde laguntzaileei jarduerak egiteko gomendatu ahal izango die.
Ebazpen horretan bekadunen zerrenda azalduko da. Bertan bekadunen nortasuna eta emandako zenbatekoa adieraziko dira. Horrez gain, ukatutako eskabideen zerrenda ere azalduko da, ukatze-kode eta guzti.
Aurreko paragrafoan azaltzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen. Beraren aurka, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik hasita; izan ere, horixe ezartzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. eta 115. artikuluetan.
Ematen den ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie eta unibertsitate laguntzailearen iragarki-tauletan jarriko da, jakitera emateko, mundu guztiak izan dezan horren berri.
Bekadunei jakinarazi eta hamabost eguneko epean bekari espresuki uko egiten ez badio, onartu duela ulertuko da.
Prozedura ebatzi eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpena jakinarazten ez bada, beka-eskabidea ukatu zaiela ulertu beharko dute interesdunek, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).
Onuradunei Agindu honetan aurreikusitako bekak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da izapideetan egon daitezkeen itzultze- edo zehatze-prozedura guztiak bukatzea, betiere laguntza eta diru-laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan badaude.
Agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari ordainduko zaizkio, 11.5 artikuluan adierazten den epea amaitu ondoren eta onuradunak espresuki diru-laguntzari uko egin ez badio. Eskatzaileek matrikularen prezioa ordainduta badute, berau itzultzeko eskubidea izango dute.
artikuluak. Onuradunen betebeharrak.
Hona bekadunen betebeharrak:
Beka zertarako eman, hartarakoxe erabiltzea.
Beka jaso eta baliatzeko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela egiaztatzea.
Behar denean, beka jasotzeko erabakigarriak izan ziren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko ekintzak onartu beharko dituzte; eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beken zertarakoa fiskalizatzerakoan eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute.
Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batek helburu bererako laguntzak edo diru-laguntzak emanez gero, horren berri eman beharko diote Unibertsitate Zuzendaritzari.
Diru-laguntza hauek ez dira bateragarriak beste edozein erakunde edo pertsona publiko zein pribatuk helburu berarekin eman ditzakeen beste diru-laguntza batzuekin.
Aldi bereko beste diru-laguntza bateraezin bat jaso izana itzultzeko arrazoia izango da.
Bekak ezeztatu ahal izango dira, ordainduta egon zein ez egon, kasu hauetan:
Beka jasotzeko datuak ezkutatu edo faltsutu badira.
Beste pertsona fisiko edo juridikoren batengandik datozen giza bereko onurekin bateraezina bada.
Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez duten pertsonei edo behar bezala egiaztatu ez duten pertsonei eman bazaie.
Ikasketak bertan behera uztea, halakotzat ere ulertuko delarik matrikulatutako kredituen heren bateko azterketetara gutxienez aurkeztu ez izana, ohiko edo ezohiko deialdian, ikasketak bertan behera uztearen edota azterketetara aurkeztu ez izanaren arrazoia ikasleak enplegua aurkitu izanagatik ematen den kasuetan izan ezik, behar bezala egiaztatzen denean.
Espedientean interesa duen pertsonaren ikustaldiaren eta entzunaldiaren izapideak egin baino lehen ezin izango da beka errebokatzeko ebazpenik eman, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 84. artikuluan xedatutakoaren arabera. Unibertsitate Zuzendaritzak interesdunari jakinaraziko dio dirua itzultzeko prozedura hasi duela eta hori hasteko arrazoiak. Bestalde, hamabost eguneko epea emango dio egoki irizten dizkion alegazioak egiteko. Itzultzeko espedienterik zabaltzen bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko bigarren tituluari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.
Espedienteari egindako instrukziotik jasotako zenbatekoak eta, horrenbestez, dagozkion legezko interesak itzuli behar direla ondorioztatuko balitz, ebazpena emango da. Bertan beharrezko informazioa emango da ebazpena eman eta bi hilabeteko epean zenbatekook modurik erosoenean eta errazenean itzul daitezen.
Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio premiamendu-bideari diezaion indarrean dauden xedapenak ezarritakoaren arabera.
Lehenengoa. Ikasturte bat baino iraupen luzeagoko master ofizialak eta berezko tituluak.
Unibertsitate Zuzendaritzak behar diren neurriak hartuko ditu, bermatzeko bekadunek salbuetsita izango dutela hurrengo ikasturteetako matrikula, urtebetetik gorako iraupena duten master ofizialetan eta berezko tituluetan, beti ere EAEko aurrekontuetan kreditu egokia eta nahikoa egonez gero dagokion ekitaldian. Hurrengo ikasturteetan beka berritzeko eskubidea izateko, 2009-2010 ikasturteko onuradunek ikasturteko kredituen % 80 gainditu behar dute.
Bigarrena. Ordezko xedapena.
Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, 2009ko ekainaren 23ko Aginduan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak xedatutakoa aplikatuko da. Agindu horren bidez, izaera orokorreko gastuen deialdia egiten da, 2009-2010 ikasturtean unibertsitate-ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko (EHAA, 2009-07-14).
Lehenengoa. Agindu hau garatzeko baimena.
Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari baimena ematen zaio beharrezko instrukzioak eman ditzan Agindu honetan xedatutakoa betearazteko.
Bigarrena. Baliabideak.
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari. Hilabeteko epea izango da horretarako, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea ere badago, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Bi hilabeteko epea izango da horretarako, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.
Hirugarrena. Indarrean sartzea.
Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 10a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Hona hemen zerrenda:
BEREZKO MASTERRAK (60-120 ECTS):
Ahoko Patologia.
Periodontzia.
Ingeniaritza Termikoa Eraikuntzan.
Fatxada Arinen Arkitektura. Eraikuntza Industrializatua
Eraikuntza Iraunkorra eta Eraginkortasun Energetikoa.
Jakintzaren Sorkuntza eta Komunikazioari Buruzko Dokumentala.
Ingurumen Zuzenbidea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasuna. Berdintasun Eragileak.
Nazioarteko Lankidetza ez Zentralizatua: Bakea eta Garapena. Agenda Globalaren Azterketa eta Kudeaketa, Nazio Batuen Sistemaren Esparruan.
Garapenerako Lankidetzako Estrategiak, Agenteak eta Politika (on line).
Immigrazioa eta Garapenerako Lankidetza Europar Batasunean (on line).
Enpresen Lehiakortasunerako Kudeaketa.
Kirolaren Kudeaketa.
Enpresen Kudeaketa (MBA Executive).
Hazienda eta Finantza Publikoak.
Nazioarteko Berezko Masterra: IV. Belaunaldiko Itsas Turismoa.
Marketina.
UNIBERTSITATEKO ESPEZIALISTEN BEREZKO TITULAZIOAK (30-59 ECTS):
Ingurumena eta Iraunkortasuna.
Ahoko Inplantologia.
Software Librea: Sistema, Sarea, Segurtasuna eta Web Aplikazioak (on line).
Sareen Diseinua eta Segurtasuna.
Fatxada Arinen Arkitektura. Eraikuntza Industrializatua.
Eraikuntza Iraunkorra eta Eraginkortasun Energetikoa.
Giza Eskubideak Mundu Globalean (on line).
Lurraldearen Antolakuntza eta Kudeaketa (on line).
Etxebizitza Publikoen Sorkuntza: Araugintza eta Kudeaketa.
Kontu Ikuskaritza.
Finantza Informaziorako Nazioarteko Arauen Ezarpena eta Kontabilitatea.
Gerontologia Zentroen eta Gizarte eta Osasun Zentroen Zuzendaritza eta Kudeaketa.
Ondarearen Kudeaketa eta Banka Pribatua.
Ogasuna eta Finantza Publikoak.
Zergen Ordainketa.
Garapen Iraunkorra. Tokiko Agenda 21eko Udal Kudeatzailea.
Eusko Ikasketak: Giza, Gizarte eta Natura Zientziak.
Gizarte Heziketarako Esku-hartzea Beharrizan Handiko Egoeretan.
Esperientzia Traumatikoetako Biktimei Laguntza.
Dibortzioa eta Banaketa.
Hizkuntza Plangintza (on line).
Moda Diseinua.
Antzerkia eta Arte Eszenikoak.
MASTER OFIZIALAK:
INGURUMENA ETA NATURA-BALIABIDEAK
Ingurumenaren Agrobiologia.
European Master in Marine Environment and Resources.
Ingurumenaren Kutsadura eta Toxikologia.
Biodibertsitatea, Funtzionamendua eta Ekosistemen Kudeaketa.
MATEMATIKA
Kuaternarioa: Ingurumen Aldaketak eta Giza Oinatza.
Matematikarako Ikerkuntzaren Hastapena.
FISIKA, KIMIKA ETA MATERIALAK
Eredugintza Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa.
Nanoscience.
Materialen Fisika eta Teknologia.
Kimika Aplikatua eta Material Polimerikoak.
Kimika Sintetikoa eta Industriala.
Laserrak eta Beren Aplikazioak Kimikan.
Material Berriak.
ESPAZIOKO ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA
Espazioko Zientzia eta Teknologia.
BIOMEDIKUNTZA, BIZI-KALITATEA ETA OSASUNA
Biologia Molekularra eta Biomedikuntza.
Elikadura Kalitatea eta Segurtasuna.
Farmakologia. Sendagaien Garapena, Balioespena eta Erabilera Arrazionala.
Auzitegiko Analisia.
Neurozientziak.
Elikadura eta Osasuna.
INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIAK
Sare Mugikorretarako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak SMIKT.
Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua.
Sistema Informatiko Aurreratuak.
Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak.
Autonomia Pertsonalerako Teknologia.
Sistema Txertatuen Ingeniaritza.
Sistema Elektroniko Aurreratuak.
Gailu eta Sistema Fotovoltaikoak.
Kontrol Ingeniaritza, Automatizazioa eta Robotika.
INDUSTRIA INGENIARITZA ETA TEKNOLOGIA
EURO MPM Proiektuen Zuzendaritza Master Europarra.
Prozesu Kimikoen Ingeniaritza eta Garapen Iraunkorra.
Ingurumen Ingeniaritza.
Teknologiak eta Ingurumenaren Kudeaketa.
Material Aurreratuen Ingeniaritza.
Material Berriztagarrien Ingeniaritza.
Ingeniaritza Mekanikoa: Diseinua eta Ekoizpena.
Ingeniaritza Energetiko Iraunkorra.
Energia Eraginkortasunaren Ikerketa, Industrian, Garraioan eta Eraikuntzan.
Energia Berriztagarrien Integrazioa Sistema Elektrikoan.
Ingeniaritza Termikoa.
KAZETARITZA ETA KOMUNIKAZIOA
El Correo-EHUren Multimedia Kazetaritza.
Multimedia Komunikazioa.
SOZIOLOGIA JURIDIKOA
International Master in Sociology of Law.
FEMINISMOA, GENEROA ETA BERDINTASUNA
Ikasketa Feministak eta Generokoak.
SOZIOLOGIA
Gazteriari buruzko Ikasketak.
Ikerketa Ereduak eta Arloak Gizarte Zientzietan.
NAZIOARTEKO IKASKETAK ETA GARAPENERAKO LANKIDETZA
Migrazioak: Migrazio Prozesuen Jakintza eta Kudeaketa.
Nazioarteko Ikasketak.
Garapena eta Nazioarteko Lankidetza.
Globalizazioa eta Garapena.
Partaidetza eta Komunitate Garapena.
Integrazio Politikoa eta Batasun Ekonomikoa Europar Batasunean.
BERRIKUNTZA ETA JAKINTZA
Berrikuntzaren eta Jakintzaren Kudeaketa.
GIZA BALIABIDEAK ETA LAN-ARRISKUAK
Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketa.
Laneko Segurtasuna eta Osasuna.
EKONOMIA ETA ENPRESA
Master in Economics: Empirical Applications and Policies.
Banka eta Finantza Kuantitatiboak.
Ekonomia Integrazioa.
Ekonomia: Ekonomia Analisirako Tresnak.
Finantzak eta Finantza Zuzendaritza.
Enpresa Zuzendaritza Berrikuntzaren eta Internazionalizazioaren Ikuspegitik.
PSIKOLOGIA
Psikologia: Gizabanakoa, Taldea, Antolamendua eta Kultura.
HEZKUNTZA
Psikodidaktika: Hezkuntzaren Psikologia eta Berariazko Didaktikak.
FILOSOFIA
Filosofia, Zientzia eta Balioak.
HISTORIA
Europa eta Mundu Atlantikoa: Boterea, Kultura eta Gizartea.
Garaiko Historia.
HIZKUNTZA, LITERATURA ETA HIZKUNTZALARITZA
Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia.
Hizkuntzalaritza.
Language Acquisition in Multilingual Settings (LAMS).
Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketak.
ARTEA
Ikuskizunaren Arte eta Zientziak.


