Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko azaroaren 16koa, Kulturako sailburuarena, Deban (Gipuzkoa) dagoen Linatzeta haitzuloko Arkeologi Gunea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko azaroaren 16koa, Kulturako sailburuarena, Deban (Gipuzkoa) dagoen Linatzeta haitzuloko Arkeologi Gunea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 13
  • Hurrenkera-zk.: 306
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/11/16
  • Argitaratze-data: 2010/01/21

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2009ko uztailaren 6ko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen Ebazpenaren bidez Deban (Gipuzkoa) dagoen Linatzeta haitzuloko Arkeologi Guneak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2009ko irailaren 27ko 142. zk.a duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Lege-izapide guztiak behar bezala bete ondoren, hainbat alegazio-idazkiri sarrera eman zaie. Alegazio horiek Canteras Deba SAko ordezkariak, Mutriku Natur Taldea ingurumena babesteko plataformak eta Francisco Javier Castro Montoyak aurkeztu dituzte. Hala, bada, horiek guztiak izapidetzea onartu da, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean eta prozedura horri buruz indarrean dagoen araudian xedatutakoari jarraituz.

Alegazio-idazkien edukia askotarikoa da. Canteras Deba SAk aurkeztutako alegazioetan, esaterako, gune arkeologikoaren kultur balioa ukatu da. Halaber, zalantzan jarri da aztarnategi hori Inbentario Orokorrean monumentu gisa sartzeko proposamenaren egokitasuna. Mutriku Natur Taldea ingurumena babesteko plataformak eta Francisco Javier Castro Montoyak aurkeztutakoetan, aldiz, adierazi da kobazuloari ez zaiola nahikoa garrantzi eman, kobazuloa ixteko legez kanpoko jarduerak egin direla eta behar-beharrezkoa dela bai kobazuloa bai aztarnategia babestea. Horregatik guztiagatik, eskatu dute Linatzeta kobazuloa Inbentario Orokorrean sartu beharrean, hari buruzko kalifikazio-espedientea egin behar dela.

Aipatutako alegazioak aztertu, eta espedienteko txostenak oinarri hartuta, aintzat ez hartzea erabaki da. Dena den, haiei erantzun behar zaie.

Canteras Deba SAk aurkeztutako alegazioei dagokienez, adierazi behar dugu espedientean jasotako txosten eta azterlan tekniko ugaritan egiaztatu dela kobazuloak gure lurraldeko neolitizazio-prozesua (ehizan oinarritutako ekonomiatik ekoizpenean oinarritutako ekonomiara igarotzea) ulertzeko gako gisa duen garrantzia. Izan ere, datu horri buruzko datu gutxi aurkitu dira Euskadiko kostaldean, eta are gutxiago Gipuzkoan. Bestalde, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legeko 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, kultura ondarea osatzen duten ondasunak hiru kategoria hauetako batean sailkatu behar dira: monumentua, monumentu-multzoa eta kultur gunea. Linatzeta kobazuloko gune arkeologikoa ez da kultura ondasunen multzo baten parte. Halaber, ondasun bakar gisa hartuta, haren balio arkeologikoak interes kulturala bermatzen duenez, monumentuaren izendapena eman behar zaio, 7/1990 Legean bertan xedatutakoa aplikatuta.

Mutriku Natur Taldea ingurumenaren aldeko plataformak eta Francisco Javier Castro Montoyak aurkeztutako alegazioei dagokienez, aipatu behar dugu aipatutako kobazuloa Inbentario Orokorrean sartzeko espedientea ireki izanak frogatu egiten duela gune arkeologiko horri garrantzia eta interes kulturala aitortu zaizkiola. Kultura Ondarea babestearen ikuspegitik begiratuta, Linatzeta kobazuloak kultura balioa du, aztarnategi arkeologikoa dagoelako bertan. Aztarnategia guztiz induskatzen amaitzen duten bitartean, kobazuloa babestu egin behar da, aztarnategi arkeologikoaren kokaleku den heinean. Modu horretan, aztarnategiaren egoera ona bermatu eta hura zaindu eta modu integralean aztertu ahal izango da. Kobazuloaren sailkapenari dagokionez, kontuan hartu behar da Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean xedatutakoaren arabera, izendapen berezi hori garrantzi edo balio handiko kultura ondareei soilik aitortzen zaiela. Hau da, ondasun-kopuru mugatu batek du izendapen hori. Horren ildotik, kultura ondasunak eta, bereziki, ondasun arkeologikoak babesteko neurri orokorra Inbentarioan sartzea da. Hala, bada, orain arte Linatzetan egindako esku-hartzeetan bildutako datuen arabera, kobazuloari ezin zaio garrantzi edo berezitasun hori aitortu. Horregatik, ezin da esan gune arkeologikoak Legeak eskatzen duen berezitasuna duenik. Dena den, horrek ez du esan nahi aztarnategiak garrantzirik ez duenik. Azkenik, alegazioak aurkeztu dituztenen arabera egin omen diren legez kanpoko jarduerei dagokienez, adierazi behar dugu kontu horrek ez duela zerikusirik espediente honekin eta, edonola ere, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokiola gai horri buruzko erabakiak hartzeko eskumena.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Deban (Gipuzkoa) dagoen Linatzeta haitzuloko Arkeologi Gunea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.

Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena. Debako Udalari bere hirigintza-araudia arkeologi gune horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Debako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 16a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LAZARO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Aztarnategiaren mugaketa aztarnategi arkeologikoa duten guneen edukierek berek zehazten dute. Kanpoaldean, babes-eremua, 5 metrokoa litzateke egungo ahoko ertzetatik kontatzen hasita.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Mugaketa honen justifikazioa aztarnategia bera babesteko bistako beharra da. Horretaz gain, ahoaren inguruan 5 metro hartuko dira, haitzuloko ahoaren egitura eta sarrera bera babesteko.

Ekialderantz dago irekita, H-I noranzkoa duen 8 metroko luzera duen arku-formako horman. Oso bertikala da, eta hari atxikita potentzia handiko hegal-higakin konoa dago. Haitzuloaren barrualdera sartzeko lau hanketan ibili behar da higakinean, M-rako noranzkoan. Berehala, ganga moduko galeria bihurtzen da, eta 25 bat metroz luzatzen da HHE-IIM noranzkoan.

Harrobiko pistako lanen ondorioz, aurrekoari atxikitako haitzulotxo bat bistaratu zen. Arku-forma duen hormaren H muturrean dago, eta aurrekoaren orientazio bera dauka. 1,2 x 1,2 metroko irekidura dauka, eta 3/4an beteta dago maila arkeologikoak dituen sedimentu-paketearekin.

Haitzulo biak egun dagoen sedimentazio-mailaren azpitik lotuta daude.

Egun ezin da ezer ikusi; izan ere, sarrera guztiz itxita dago, kontu handiz jarri dituzten harrobiko kareharrizko bloke batzuekin.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik