- AGINDUA, 2009ko azaroaren 17koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2009. urterako Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena, +Euskadi 09 planean aurreikusitako funtsen kontura. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko azaroaren 17koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2009. urterako Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena, +Euskadi 09 planean aurreikusitako funtsen kontura.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 228
- Hurrenkera-zk.: 6265
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/11/17
- Argitaratze-data: 2009/11/26
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa
Testu legala
Berrikuntza-prozesuak alegia, arazo jakinak ebazteko, ezagutza zientifikoak eta teknikoak erabili eta aplikatzeko prozesuak jadanik ez dio jarraitzen ohiko eskema linealari, era askotako loturetan oinarritutako dinamika berri bati baizik. Hau da, jada ez du egiten oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura pasatu, bertatik garapen teknologikora, eta handik ekoizpen- eta merkaturatze-prozesurako bidea.
Berrikuntza teknologikoa industria-ekoizpeneko enpresetan nabarmendu ohi bada ere, eragile askoren arteko elkarrekintzen emaitza da: ikerketa teknologikoko zentroak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, ETEak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, administrazio publikoak eta abar.
Berrikuntza, beraz, elkarrekintzazko eredu baten emaitza da eta hor gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie eragileen arteko elkarrekintzei eta, gaur egungo egoeran, haien arteko harreman- eta truke-mekanismoak sortzeari. Horretan zerikusia duten eragileen kulturak eta estrategiak aldatzea dakar horrek.
Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia eta Teknologia Sistemak badu ahulgune bat: Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateen eta inguruko agente zientifiko-teknologiko eta ekoizpen-enpresen arteko elkarrekintza. Agindu honen bitartez, Sailak unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa-taldeen eta teknologia-berrikuntzan interesa duten industria-enpresen arteko lankidetza sustatu nahi du.
Ekoizpen-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; euskal unibertsitateek eta agente zientifiko-teknologikoek, berriz, ahalmen zientifiko eta tekniko handia dute ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, baina ekoizpen-inguruneak ez du hori behar adina aprobetxatzen.
Deialdi honen xedea, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-sistema indartzea da, unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa-taldeen eta ekoizpen-inguruneko enpresen arteko elkarrekintza ahalbidetuta, kalitateagatik eta interes zientifiko-teknologikoagatik enpresentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu edo teknologikorako proiektuen bitartez. Produktu horiek, hain zuzen, unibertsitatetik enpresarako teknologia-transferentzia ekarriko dute, edota prozesuetan edo produktuetan helburu berritzaileak gauzatzea.
Asmoa da, ahal den neurrian, parte hartzen duten ikerketa-taldeetan unibertsitate-taldeek ez ezik enpresetako teknikariek edo/eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko teknologia-eragileek ere parte hartzea, eta proiektuen helburuak izatea produktu edo prozesu berritzaileak lortzea, aurrelehiakortasunaren edo lehiakortasunaren mailan, aipatutako lehentasunekin bat etorriz, enpresek haiekiko interes handia baitute.
Eusko Jaurlaritzak abian jarritako + Euskadi 09 Planean, unibertsitateko eta unibertsitateaz kanpoko ikerketari laguntzeko jarduerak daude, bai eta berrikuntzari laguntzekoak ere, EAEko ekoizpen-sistemarako interesguneak diren alorretan ezagutza berria sartuz. Elkarrekintza hori lortzeko, deialdia egiten duen Sailak unibertsitateak egindako proiektuen zuzeneko kostuaren zati handi bat finantzatuko du, eta finantziazioan parte hartuko dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek edota enpresek, ikerketa-proiektuarekiko zer interes teknologiko duten kontuan hartuta.
Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan xedatutakoa bete da (2009ko maiatzaren 9ko EHAA). Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu.
Kontuan hartu da zer dioen 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), zeinak arautzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermeei eta diru-laguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta ezartzen baititu horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak; kontuan hartu da, orobat, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
Diru-laguntzen deialdia egitea Enpresentzat eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu eta teknologikorako proiektu hauek gauzatzeko: industria-, gizarte-, edo teknologia-aplikazioari buruzko gaiak garatzeko asmoz, unibertsitateko ikertzaileek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteren baten ikerketa-taldeek, eta gizarte- eta/edo industria-mailako ekintzak burutzen dituzten enpresa edo entitateetako ikerketa-taldeek parte hartzen duten proiektuak, agindu honetan jasotzen diren baldintzen arabera.
Deialdi honetako funtsen bidez unibertsitate-taldeen onartutako kostuen % 95 arte finantzatu ahal izango da. Parte hartzen duten enpresek eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 5 finantzatu beharko dute, unibertsitateari eskudirutan ordainduz. Horretarako, lankidetza-hitzarmena izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 13.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Laguntzetarako 4 milioi euro gordeko dira 2009. urtean.
Artikulu honetan esleitutako zenbateko osoa handitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, erakunde kudeatzailearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren aurrekonturik baldin badago, laguntza horien ebazpena egin aurretik. Horren berri Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.
Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateak eta Donostiako Tecnun izan daitezke diru-laguntzaren onuradunak, baldin eta 3. artikuluaren arabera prestatutako ikertzaile-taldeak badituzte plantillan.
Eskabidean erakunde laguntzailetzat hartuko dira enpresak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak, urriaren 1eko 221/2002 Dekretua betez (dekretu horrek eguneratzen ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarri-arauak), ez badira 2.1 puntuan adierazitako unibertsitateen menpeko erakundeak.
Erakunde laguntzaileak dira, diru-laguntzaren zuzeneko onuradun ez badira ere, ikerketaren emaitza benetan jasotzen dutenak. Izan ere, batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar dute; bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak bere know-howan sartuz erabili behar ditu, eta, azkenik, unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatu behar ditu.
Ezingo dute unibertsitate onuradun izan diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera sexu-bazterkeriagatik zigortutakoek ere.
Ikertzaile bakoitzak deialdi honetan eskatutako proiektu bakarrean parte hartu ahal izango du.
Hauek osatuko dute ikerketa-taldea:
Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusia: doktoretza-tituluaren jabe eta unibertsitate onuradunaren plantillakoa izan behar du.
Ikertzailea, doktore-titulua edo lizentziatura, arkitektura- nahiz ingeniaritza-titulua duena. Erakunde eskatzaile edo kolaboratzaile bakoitzeko bat egongo da gutxienez, eta erakunde horien plantillakoa izan beharko du. Gainera, hauekin osatu ahal izango da:
Ikerketako laguntzaileak: enpresa laguntzaileetako pertsonak, adierazitako gainerako kategorietakoak ez direnak. Programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua izango dute.
Ezinbesteko baldintza izango da proiektuan, gutxienez, unibertsitate onuradunetako ikerketa-talde batek eta helbide soziala EAEn duen erakunde laguntzaile batek parte hartzea; eta komeniko litzateke Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente batek eta enpresa batek parte hartzea unibertsitate-taldearekin batera.
Finantzatu daitezkeen kontzeptuak.
Deialdi honetan honako hauek finantzatu ahal izango dira:
Laguntzaileak eta ordainsariak: kontzeptu horretarako diru-laguntza 50.000 eurokoa izango da, gehienez. Kontzeptu horretarako diru-laguntza ematerakoan, kontuan hartuko dira ikertzaileen dedikazio-orduen kopurua zenbatekoa den eta proiekturako laguntzailerik kontratatzen den, eta zenbat ordutarako. UPV/EHUko plantillakoak diren ikertzaileentzat, dedikazio-orduko 9 euroko diru-laguntza emango da ordainsari gisa. Unibertsitate pribatu onuradunen plantillako ikertzaileentzat, berriz, dedikazio-orduko diru-laguntza 30 euro artekoak izan daiteke. Proiekturako laguntzailea eskatzea aukeratzen bada, 30 euroko diru-laguntza emango da, proiektuan emandako dedikazio-ordu bakoitzeko.
Lizentziatura, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua duela akreditatu beharko du laguntzaileak, eta ez da izango erakunde parte-hartzaileetako plantillakoa eta ezin izango du jaso beka bidezko beste ordainsaririk, beste ikerketa-proiektu batzuetarako diru-laguntzarik, lansaririk edo izaera publiko edo pribatuko bestelako ordainsaririk.
Laguntzailea izateko aukera ematen bada, laguntzailearen kontratua ordaintzeko kopuru bat ere finantzatuko da. Ikertzaile nagusiak, gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari proposatuko dio, onar dezan, laguntzaile-zereginetan arituko denaren izena. Laguntzailea erakunde onuradunarekin eta proiektuarekin lotzen duen kontratua aurkeztu beharko da.
Material inbentariagarria: kontzeptu horrengatik ordaindu beharreko kopurua ez da 50.000 eurotik gorakoa izango. Proiektuaren kontura erositako material inbentariagarria erakundearen inbentarioan jaso beharko da, eta material horren kostua ezingo da izan 18.000 eurotik gorakoa. Espresuki uzten dira deialdi honetatik kanpo altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako tresneria inbentariagarria ere. Ezingo dira gailu beraren hautazko modulu osagarriak erosi, haien guztizko kostua 18.000 eurotik gorakoa bada.
Beste gastu batzuk: proiektuko jardueretarako beharrezkoa den heinean eta behar bezala justifikatzen denean ez da mugarik egongo kontusail honetan.
Proiektuaren guztizko kostua, aipatutako kontzeptu guztiak barne, ezingo da izan 120.000 eurotik gorakoa.
Eremu geografikoa.
Deialdi honetako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitate-zentroetan, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko ikerketa-unitateetan edo enpresetan garatu beharko dira. Parte hartzen duten entitate guztietan garatu beharko dira ikerketa-jarduerak.
Iraupena.
Proiektuek 2009ko aurrekontu-ekitaldian finkatu beharko dute hasiera, nahitaez, eta 2010eko abenduaren 31n amaituko dira.
Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta abenduaren 15ean amaituko da.
Eskabideak helbide honetara bidali behar dira:
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila / Zientzia Politikarako Zuzendaritza / Eusko Jaurlaritza.
Erreferentzia: Unibertsitatea-Enpresa Ikerketa Proiektuak.
Donostia kalea, 1.
01010 Vitoria-Gasteiz.
Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat baliatuz ere bidal daitezke.
Ikertzaile nagusiak egin beharko du eskabidea, eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia beharko du.
Datuak aipatu gabe uzteak, aldatzeak edo eskatutako informazioaren edozein erabilera oker egiteak eskabidea ezestea ekarriko du.
Eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa I. eranskinean ageri dena izango da. Jatorrizkoa aurkeztu beharko da, paperean, baita formatu elektronikoan ere, CD euskarrian.
Eskabideak aurkezteko, interesdunek inprimaki-eredu bat izango dute eskuragarri interneteko helbide honetan: «http://www.hezkuntza.net».
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, fitxategi batean jasoko dira, eta parte-hartzaileek baimena ematen dute horiek erabiltzeko eta argitaratzeko. Fitxategi horren helburua da diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren bilakaerari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sartze-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute deialdi honen xede bererako bakarrik eta, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Eskabideek eskatutako informazio guztia jasotzen ez badute, eta/edo aurreko ataletan adierazitako agiri guztiak erantsita ez baditu, interesdunari hori jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko. Gainera, jakinaraziko zaio horrela ez egiteak eskaerari uko egitea ekarriko duela. Horretako, ebazpena eman beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 42. artikuluari jarraiki (lege hori 4/1999 Legeak aldatu zuen).
Ebaluazio Batzordea.
Ebaluazio Batzordea Zientzia Politikarako zuzendariak eta Unibertsitate zuzendariak osatuko dute, Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari baten laguntza teknikoa izango dutela. Proiektu bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie Batzordeak dagokion jakintza-arloan prestigioa eta ebaluatzeko esperientzia duten ikertzaile eta teknologo adituei. Batzordeak deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta kasuan kasuko gaietako adituen txostenetako iritziak homogeneizatuko ditu.
Ebaluazio-prozesuaren barruan, egoki iritziz gero, proiektuetan aldaketak sartzea iradoki diezaieke Batzordeak eskatzaileei, proiektu horiek programaren helburuei hobeto egokitzeko.
Eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera antolatzeko irizpideak.
Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak irizpide hauek izango ditu kontuan eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera antolatzeko:
Irizpideak Puntuak
Proiektuaren kualifikazio zientifiko-teknologikoa: proposamenaren interes teknologikoa eta ekonomikoa, originaltasuna eta izaera berritzailea. 10
Proiektuaren kudeaketa-plana: metodologia eta teknika instrumentalak egokitzea; lanerako plan bideragarria eta egin daitekeena. Erantzukizunen banaketa. 15
Ikertzaileen kalitate zientifiko-teknikoa. Aurreko deialdietan finantzatutako proiektuetan lortutako errendimendu-maila eta produktibitate zientifikoa. 15
Ikertzaileek ikertu behar den gaian daukaten esperientzia. 10
Aurreikusitako finantza-baliabideak ezarritako helburuetara egokitzea. 10
Enpresa eta/edo Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agentea proiektuan zenbateraino inplikatuta dagoen, zenbateko ekarpen ekonomikoa egin duen eta emaitzak aprobetxatzeko zer-nolako gaitasuna duen. Emaitzak ustiatzeko plana. 20
Enpresa batek eta Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente batek proiektuan parte-hartze garrantzitsua izatea. 10
Teknologia transferitzeko plana. 10
Guztira 100
Laguntzak esleitzeko prozedura.
1. Diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da, eta proiektuaren iraupen osorako izango dira. Horretarako, laguntzak esleitzeko proposamena Ebaluazio Batzordeak egingo du, aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren. 50 puntutik gora lortzen dituzten eskabideei esleituko zaie laguntza. Eman behar diren diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, hautaketa- eta balorazio-fasean lortutako puntuazioaren ondoriozko hurrenkerari begiratuko zaio, eta puntuazio handiena lortu duenetik hasita, Batzordeak onartutako aurrekontuaren araberako zenbatekoak esleituko dira, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako diru-zenbatekoa agortzen den arte, edo indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egiten direnean, hasierako zenbateko hori gaurkotzetik ateratzen dena agortzen den arte.
2. Onartzen den aurrekontuak kontuan hartuko ditu agindu honen 4. artikuluan ezarritako kontzeptuak, eta hori unibertsitateko ikerketa-ekipoek eskabidean egiaztatutako beharren arabera eta adituek emandako aholkuen arabera zehaztuko dira. Diru-laguntzaren zenbateko osoa gastu-kontzeptuka banatuko da, aurkeztutako beharren arabera eta onartutako lan-planen arabera.
Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari proposamena aurkeztuko dio, eta honek esleitu edo ukatuko ditu, ebazpen bakar eta arrazoituaren bidez. Ebazpen horren berri banan-banan emango zaie interesdunei. Ebazpenean, onesten den proiektu bakoitzari buruzko erreferentzia hauek jarriko dira:
Ikertzaile nagusiaren izena.
Unibertsitate onuraduna, ikertzaile nagusiarena.
Parte hartzen duten enpresen eta/edo Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteen izena edo sozietate-izena.
Ikerketa-proiektuaren titulua.
Proiekturako esleitutako zenbatekoa.
Unibertsitate onuradunaren zerrenda EHAAn argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten. Ebazpenean adierazten den informazio bera argitaratuko da.
Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskariak isilbidez ezetsitzat jo direla ulertuko da.
Diru-laguntza hau ez da bateragarria beste erakunde finantzatzaile batzuek helburu berarekin eman ditzaketen diru-laguntzekin. Aurkeztutako proiektuek originalak izan behar dute, beste erakunde baten finantziaziorik jaso ez dutenak.
Diru-laguntzen zenbatekoa ikertzaile nagusia integratuta den unibertsitate onuradunari emango zaio. Ordainketa aurreratu bakar batean emango da, behin ebazpena jakinarazi eta onuradunak onartu eta gero.
Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horretan xedatzen dira, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta diru-laguntzen itzuleraren sistema orokorra eta hura kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak.
Diru-laguntza igorri ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela frogatu beharko du, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zk.).
Diru-laguntza onartzeko dokumentua: Unibertsitate onuradunei Ebazpenaren jakinarazpenarekin batera emango zaie diru-laguntzaren kontzeptukako banaketaren berri. Unibertsitateek diru-laguntza onartzen dutela adierazteko, itzuli egingo dute jakinarazpena, legezko ordezkariak behar bezala sinatuta; horretarako epea, jakinarazpena jaso eta 10 egunekoa izango da. Epe horren barruan bidali ezean, onuradunak laguntzari uko egiten diola ulertuko da, eta horren arabera jokatuko da.
Laguntzaileentzako diru-laguntzarik egonez gero, laguntzailea unibertsitate onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, eta parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua jaso beharko da, baita pertsona horren egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da izan deialdiaren ebazpena baino lehenagokoa. Kontzeptu hori dela-eta emandako diru-laguntza deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100era iritsiko ez balitz eta kontratuaren kostu osoa ordaintzera iritsiko ez balitz, zentroak lanaldi osorako kontratua egin ahal izango dio, eta diru-laguntza kontratuaren kostu osora arte osatu. Horrelakoetan, laguntzailearen proiekturako dedikazioa bateragarria izango da zentroak esleitzen dizkion beste funtzio osagarri batzuekin.
Unibertsitate onuradunaren eta enpres(ar)en artean izenpetutako hitzarmena (13.3 artikulua) aurkeztea deialdiaren erakunde kudeatzaileari, baita enpresak lehenengo ordainketa egin izanaren egiaztagiria ere, diru-laguntzaren lehenengo ordainketa egiteko ezinbesteko baldintza baita. Hitzarmena, sinatuta, erakunde kudeatzaileari aurkeztu behar zaio, ebazpenaren jakinarazpena egin eta, gehienez ere, hilabeteko epean.
Gastua egiaztatzea: 2011ko martxoaren 30a baino lehen, unibertsitate onuradunak egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptukako banaketa adieraziz, eta, gerakinik balego, hori ere justifikatzen duela.
Amaierako txosten zientifikoa: 2011ko martxoaren 30a baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabaltze- eta jendarteratze-jarduerak.
Argitalpenak: proiektuaren emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen badira, edo emaitza horien ondorioz, liburuak, monografiak, artikuluak, doktoretza-tesiak, lizentziatura-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar sortzen badira, Sail laguntzailearen babesa adierazi beharko da, proiektuaren kodea aipatzen dela. Era berean, argitalpenen kopia bidali beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.
Erakunde laguntzailearen txostenak: diruz lagundutako ikerketan lortutako emaitzak erakunde kolaboratzaileak, enpresak eta/edo Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agenteak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da. Horretarako, erakunde laguntzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta bertan proiektuaren bilakaerari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. 2011ko abenduaren 31 baino lehenago, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan hauek adierazi beharko ditu: emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek negozio-planean nola ezarri dituen, eta burututako patenteak eta lortutako irabaziak.
Unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin bidali beharko da proiektuaren jarraipenari dagokion dokumentazio guztia; salbuespen izango dira erakunde laguntzaileen txostenak, haien legezko ordezkariak izenpetuko baitituzte.
Artikulu honetan aipatutako txostenen edukien deskribapena eskuragarri egongo da interneteko helbide honetan: http://www.hezkuntza.net.
Amaierako txosten zientifikoak eta egindako argitalpenek ebaluazio zientifikoa jaso dezakete. Ebaluazio horiek dagokion jakintza-arloan ospe handia eta ebaluatzeko esperientzia duten ikertzaileek egingo dituzte, agian.
Ikerketa-taldeek zentroaren arau orokorren arabera egingo dituzte gastuak, agindu honetan ezarritakoaren eta deialdiaren kudeatzailea den Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren jarraibideak kontuan hartuta.
Proiektuan proposatutako helburuak betetzeko erabili gabeko zenbateko osoei edo zatikakoei, eta bermeen araubide orokorrari dagokionez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzei dagokionez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.
Lankidetza-hitzarmena izenpetu beharko da unibertsitate onuradunaren eta erakunde laguntzaile, enpresa edo Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente parte-hartzaile(ar)en artean, Transferentzia Teknologikorako Erakunde baten bitartez (hala nola: BTBak, Unibertsitate-Enpresa Fundazioa, edo beste batzuk). Hitzarmen horretan honako hauek jaso beharko dira: ekonomia-harremanak, ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren, proiektuaren emaitzen erabilera eta jabetza, eta erakunde laguntzaileen deialdiarekiko erantzukizuna.
Hitzarmenean proiektuaren emaitzez baliatzeko baldintzak zehaztuko dira.
Jatorrizko fakturak unibertsitate onuradunean bertan artxibatu behar dira, eta erabilgarri egon behar dute Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenetarako.
Unibertsitate onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar dio bi erakunde horiek beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezaioketen informazio oro.
Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta horren bidez berregokitu egingo dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.
Agindu honetan ezarritakoa ez dela bete eta, urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak.
Diru-laguntza ematea ahalbidetu zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat eta horri jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaio jasotako diru-zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak.
Aurreko atalean adierazitako kausez gain, hauek ere izango dira diru-laguntza osorik edo haren zati bat itzularaztea eragiten duten kausak:
Ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori jatorrizkoaz bestelako erakunde, ente edo zentro batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.
Unibertsitate-taldearen eta erakunde laguntzaileen arteko lankidetza-harremanak desegitea edo haustea.
Diru-laguntza baliogabetzea arrazoi hauek direla-eta:
Proiektu batean beste iturri batzuetatik datorren finantzaketa metatzea edo proiektu horren aldaerak, behar bezala justifikatu gabe, beste erakunde, ente edo zentro publiko eta pribatu batzuei aurkeztea, finantzaketa eske, eta aurretik Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi gabe eta horrek horrelakorik onartu gabe.
Proposatutako helburuekin eta hitzartutako epeekin bat ez datorren proiektu bat garatzea, deialdiaren 6. artikuluko erakunde kudeatzaileen baimenik izan gabe.
Proiekturako dedikazioaren ikertzaile-taldeko kideek ezarritakoa ez-betetze larria, bereziki, proiektuaren ikertzaile nagusiarena bada.
Deialdi honetako oinarrien ez-betetze larria (osorik edo zati batean).
Datuen ezkutatze larria, horiek aldatzea edo eskabidean egin daitekeen edozein manipulazio.
Lehenengoa. Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzietako jurisdikzioari, bi hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat.
Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 17a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Hauek jasoko ditu eskabideak:
Proiektuaren deskribapen orokorra. Honako hauek jasoko dira bertan:
Proiektuaren deskribapen orokorra.
Ikerketa-taldearen datuak.
Erakunde parte-hartzaile bakoitzaren fitxa.
Beste proiektu batzuetan parte hartu izanaren adierazpena.
Ikerketa-proiektuaren memoria. Honako hauek jasoko dira bertan:
Ikerketa-proiektuaren laburpena.
Gaiaren aurrekariak eta egungo egoera.
Bibliografia aipagarriena.
Proiektuaren interes orokorra.
Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.
Hipotesiak - Helburu orokorrak eta operatiboak.
Helburuekin lotutako gertaerak eta lorpen-maila. Kronograma.
Gertaera bakoitzean erabilitako metodologia.
Proiektua gauzatzeko erabilgarri dauden instalazio, baliabide eta teknikak.
Erantzukizunen banaketa.
Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia.
Eskatutako diru-laguntzaren justifikazio zehatza.
Proiektuan jarduten duten erakunde laguntzaileen parte-hartzea.
Proiektuko parte-hartzaile bakoitzaren, unibertsitate eskatzailearen eta erakunde laguntzaile bakoitzaren adierazpena, hau adierazten duena: proiektuan parte hartzeko borondatea izan eta konpromisoa hartzen dutela, proiekturako giza baliabideak edo dirua jarriz.
Ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea.
Beste ikertzaile batzuen curriculumak, berariaz ebaluatzea merezi badu dena delakoagatik -euren garrantzia edo osagarritasunagatik, edo ikertzaile nagusiarenaz bestelako diziplina batekoa izateagatik-.
Parte-hartzaile bakoitzaren NANaren kopia eta erakunde laguntzaile parte-hartzaile bakoitzaren IFZren kopia.
Erakunde laguntzaileen ezaugarriak eta I+G-ren alorrean egun arte egin dituzten jarduerak.
Unibertsitatearen legezko ordezkariaren zinpeko aitorpena, egiaztatzeko ez daudela diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duten agiriak.
Proposamena esleipen-irizpideen arabera ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.


