Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko azaroaren 17koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Agindu honen bidez, Hezteko Objektu Digitalak (HODak) Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko laguntzetarako deia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko azaroaren 17koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Agindu honen bidez, Hezteko Objektu Digitalak (HODak) Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko laguntzetarako deia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 235
  • Hurrenkera-zk.: 6468
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/11/17
  • Argitaratze-data: 2009/12/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Eskola 2.0 proiektua jarri du martxan. Proiektuaren helburua ikastetxeetan IKTek ikas- eta irakas-prozesuetan eskaintzen duten aukerak garatzea da.

Proiektuaren aurreikuspenen arabera, pixkanaka ikasleei eta ikasgelei ordenagailu eramangarriak eta arbela digitalak eskainiko zaizkie, irakasleak IKTetan trebatuko dira eta Hezteko Objektu Digitalak, hemendik aurrera HODak, sortzea bultzatuko da, tresna digital berriek Europar Batasunean hezkuntza-erreferentzia diren oinarrizko gaitasunen garapena lagun dezaketenaren ziurtasuna baitugu.

Gure autonomia erkidegoko ikastetxeen eskura jarritako material digitalen eskaintza osatzeko eta premia hori asetzeko asmoz, Agindu honek, Eskola 2.0 Proiektuaren barruan, irakasleen irakaskuntza-beharrei zein ikasleen ikaskuntza-beharrei erantzungo dieten HODak egiteko laguntzen erregimena arautzen du.

Teknologia digitalek eskaintzen dituzten aukerekin eta jakintzaren gizartearen eskaerekin bat etorriz, HOD horiek izaera irekia izango dute, hau da, irakasleen artean material didaktikoa garatu eta trukatzeko aukera eskainiko dute eta ikasleen artean, ikasketa esanguratsurako metodo parte-hartzaile eta pertsonalizatuagoak sustatuko dituzte.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak bere VI. tituluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko diru-laguntzak erregulatzeari buruzkoan, xedatutakoaren arabera; halaber, abenduaren 29ko 19/2008 Legeak, 2009ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, eta aplikatu beharreko gainerako xedapenek ezarritakoaren arabera,

Agindu honen xedea Hezteko Objektu Digital argitaragabeak sortu eta hezkuntza-komunitatearen eskura jartzeko laguntzen deialdia egitea da. Hezteko Objektu Digital horiek sekuentzia didaktikoetan antolatuko dira Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako oinarrizko bost arloak garatuz:

  1. Ingurune naturala, soziala eta kulturala ezagutzearen arloa.

  2. Matematika Arloa.

  3. Euskara Arloa.

  4. Gaztelania Arloa.

  5. Ingelesa Arloa.

  1. HODak jatorrizkoak izango dira. Proiektuaren lanketan erabiliko diren eta azken produktuaren zati izango diren irudi, soinu, testu edo beste edozein objektu multimediak jatorrizkoak eta eskaera egin duen pertsonarenak izango dira edo, nolanahi ere, egile-eskubideei buruz indarrean dagoen araudia beteko du.

  2. HODak ondoko mailatan bereiziak aurkeztuko dira: Oinarrizko Objektua, Ikasketa Objektua, Sekuentzia Didaktikoa eta Unitate Didaktikoa, I. eranskinean jasotako definizioen arabera.

  3. HODek, halaber, III. eranskinean jasotako irizpide pedagogiko eta teknikoak beteko dituzte. Beren proposamenean, oinarrizko gaitasunak eta, bereziki, Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna hartuko dute kontutan.

  4. Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagueraren Arloko HODak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztuko dira. Matematika Arloko HODak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Azkenik, Euskara Arloko HODak euskaraz aurkeztuko dira, Gaztelania Arlokoak gaztelaniaz eta Ingelesa Arlokoak ingelesez.

  5. Diruz lagunduriko proposamenek, gutxienez, hamabost Sekuentzia Didaktiko izango dituzte arlo eta mailako.

  6. Proposatutako HODek hainbat formatu eta euskarri integratuko dituzte: testua, irudia, audioa, bideoa, animazioa, lotura, hipertestua, pdf artxiboa, aurkezpen-artxiboa, flash artxiboa eta Arbel Digital Elkarreragileetarako (ADE) berariazko materialak. Gainera, material horiek on-line (Internetera konexioa) zein off-line (tokiko ordenagailuan instalatua) erabiltzeko prestatuko dira, eta horien elementu guztiak erabilera askeko tresnekin eta ingurune edo formatu irekiekin sortuko dira.

  7. HODak LOM.ES bertsioan etiketatuta eta SCORM estandarrean trinkotuta aurkeztuko dira, eduki digitalen garapenerako nazioarteko estandarrak jarraituz.

  8. HODak Creative Commons erabilera-lizentziapean hedatuko dira, merkataritza-erabilera ez denarentzat horien kopia, aldaketa eta banaketa onartuz.

  9. Betekizun horiek betetzen ez dituzten proposamenak baztertu egingo ditu Balorazio Batzordeak.

  1. Deialdi honetara irakasleak edo irakasle-taldeak aurkez daitezke, bai eta hezkuntza-edukiak, hezkuntza-eduki multimediak edo hezkuntza-berrikuntzako jarduerak sortzea helburu sozial duten enpresa, elkarte edo fundazioak ere.

  2. Eskaera egingo duten pertsona edo erakundeek ezin dute izaera bereko laguntzen markoan itzultze-espedienterik edo espediente zigortzailerik irekita izan.

  3. Agindu honek araututako laguntzen deialdian ezin izango du parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Antolatzaileen Legeko Testu Bateginaren 50.5 artikuluan ezarritako kausaren batean dagoen inork (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldarazi zuen testu bategin hori). Horregatik, eskatzaileek artikulu horretan deskribatutako kausaren batean ere ez daudela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuk emandakoekin eta bateraezinak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza batzuekin. Diru-laguntzaren kopuruak ez du, inolaz ere, bakanki edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, diruz lagundutako jardueraren kostua gaindituko. Kasu horretan, deialdi honen bidez emandako kopurua dagokion zenbatekora murriztuko da.

  1. Deialdi hau finantzatzeko erabiliko den kopurua 1.000.000 eurokoa da eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2009ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezarri den aurrekontu-sailean zordunduko da.

  2. Laguntzak esleitzeko prozedura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa orokorra izango da, eta beraz, laguntzak ematea aurkeztutako proiektuen arabera egingo da, 8. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideak aplikatuz horien arteko lehentasuna ezartzeko. Laguntzak, puntuazioaren beherako ordenan emango dira artikulu honen lehen paragrafoan aurreikusitako diru-dotazioa agortu arte.

  3. Sekuentzia didaktiko bakoitzari emango zaion gehienezko kopurua 7.000 eurokoa izango da. Edonola ere, HOD bakoitzari emango zaion guztizko kopuruak ez du horren kostua gaindituko.

  1. Agindu honek deituriko laguntzak eskatzen dituztenek II. eranskinean jasotako eskabide-inprimakia behar bezala beteko dute. Aipatu inprimakia edozein Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzatan jaso daiteke edo Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net).

  2. Eskabide-inprimakiarekin batera, ondoko dokumentazioa igorriko da:

    1. HODen lanketa-proiektua, Arlo bakoitzerako sekuentzia didaktikoetan antolatuta, irakasleekiko zein ikasleekiko oinarri gisa duten planteamendu pedagogiko eta teknikoa adieraziz (III. eranskina).

    2. Egindako Sekuentzia Didaktikoen aurkezte-egutegia, materialak egin eta onartu ahala erabili ahal izateko xedearekin.

    3. Aurkeztutako proiektu bakoitza egiteak izan dituen kostuen aurrekontu zehatza eta, hala badagokio, aurreikusitako diru-laguntza eta sarrerena (IV.eranskina).

    4. Aurkeztutako lana argitaragabea dela adierazten duen eta jasotako eta eskatutako laguntzen inguruko zinpeko aitorpena (V. eranskina).

    5. Egile-eskubideei buruz indarrean dagoen araudia betetzen denaren zinpeko aitorpena (VI. eranskina).

    6. Honako agirien kopia konpultsatua: erakundearen estatutuak (enpresa, elkarte edo fundazio), legezko ordezkari duen pertsonaren izendapena, bere NANa eta erakundearen IFZa.

    7. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak eguneratuta izatearen egiaztagiria, Foru Ogasunak, Lurralde Diruzaintzak edo dagokion beste instantzia batek igorria. Enpresa, erakunde edo fundazioak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko balitu, atal honetan zehaztutako dokumentazioa bakarra izan daiteke guztietarako.

  3. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako egunetik kontatzen hasita 15 egun naturalekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren premiazko arrazoiei buruzko 51.1.b) artikuluan xedatzen denaren arabera.

  4. Eskabide-inprimakiak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara zuzenduko dira, eta Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitza nagusian edo Sailaren edozein Lurralde Ordezkaritzatan aurkez daitezke.

  5. Eskabide-inprimakiren bat behar bezala beterik ez balego, hamar laneguneko epea izango da dokumentazioa bete edo antzemandako akatsak zuzentzeko. Aipatu epea amaitzen denean, eskatutako dokumentu edo datuak eman ez badira, eskabidea egin duen pertsona edo erakundeak bere parte-hartzeari uko egin diola ulertuko da. Horren ondorioz, dagokion ebazpena ematen denean, aipatu eskabideari ezezkoa emango zaio.

  6. Datu pertsonalak babesteko abenduaren 3ko 25/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoaren arabera, laguntza-eskabidea betetzean eskatzaileak baimena ematen du bere datuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko fitxategi informatizatuetan sartzeko. Aipatu legeek aurreikusten dituzten sartzeko, zuzentzeko, ixteko eta oposizioa egiteko eskubideak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1, 01010, Vitoria-Gasteiz) erabil daitezke.

Agindu honen xede diren eskabideen balorazio eta aukeraketarako Balorazio-batzordea osatuko da, Hezkuntza Sailburuordetzak izendatua. Batzordearen buru Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo eskuordetutako pertsona izango da, eta batzordekide gisa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko pertsona funtzionarioak izango ditu. Batzorde horrek aurkeztutako materiala 8. artikuluan jasotzen diren irizpideen arabera aztertuko du eta ebazpen-proposamena Hezkuntza Sailburuordetzari aurkeztuko dio.

  1. Balorazio-batzordeak honako irizpide orokorrak izango ditu kontutan:

    Proiektuaren kalitate pedagogikoa eta hezkuntza-lehentasuna (25 puntura arte).

    Curriculum-koherentzia: 10 puntu

    Edukien aukeraketa: 5 puntu

    Proposatutako zereginak: 10 puntu

    Kalitate teknikoa (25 puntura arte).

    Hizkuntzaren kalitatea (25 puntura arte).

    Komunikazio-zereginak: 10 puntu

    Hizkuntzaren zuzenketa: 15 puntu

    Materialak erabilgarri egongo diren data eta proiektuaren kostua (25 puntura arte).

  2. Ez dira 70 puntutik behera jasotako proposamenak diruz lagunduko.

  1. Hezkuntza Sailburuordetzak, zazpigarren artikuluan aipatutako batzordearen proposamenez, Ebazpena emango du gehienez hilabeteko epean, eskabideen aurkezpena amaitzen den egunetik kontatzen hasita. Ezarritako epean berariazko Ebazpenik hartu ez balitz, isiltasuna negatiboa dela ulertuko da.

  2. Ebazpenaren jakinarazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz egingo da. Eskabidea egin duen erakunderen bat Hezkuntza Sailburuordetzak hartutako ebazpenarekin ados egongo ez balitz, hilabete izango du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu den egunetik kontatzen hasita, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean gora jasotzeko dagokion errekurtsoa aurkezteko.

  3. Diru-laguntzaren kontzesiorako kontuan hartutako baldintzetan edozein aldaketa egingo balitz kontzesio-ebazpenaren aldaketa ekar dezake.

  1. HODen lanketa 2009an hasiko da. Sekuentzia Didaktikoak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aurkeztuko dira gainbegira ditzan, 6.2.B artikuluan aurreikusitakoaren arabera, material horiek bukatu ahala. Hezkuntza Sailak Sekuentzia Didaktikoen curriculum-egokitasuna, bai eta aurkeztutako proiektuarekiko egokitzapena ere, eta hezkuntza-material gisa hedatzea baimenduko du.

  2. Materialen lehen erabilgarritasuna 2010eko urtarrilaren 21a baino lehen jarriko da Sailaren eskuetan, lanak hasi direla egiaztatu ahal izateko.

  3. Proiektua amaitzen denean eta uztailaren 1a baino lehen, gutxienez, honakoa aurkeztuko da:

    Amaiera-memoria, garatu diren lanak zehaztuz.

    Egindako gastuen egiaztagiria, behar bezala xehatua, jatorrizko faktura edo kopia konpultsatuekin eta dagozkien ziurtagiriekin batera, bai eta egindako gastu bakoitzaren ordainketa-egiaztagiriekin ere (VII. eranskina).

  4. HODetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak diruz lagunduak izan direla adieraziko da, Eusko Jaurlaritzaren Korporazio-identitateari buruzko Eskuliburuan ezartzen dena oinarri hartuz.

  1. Onuradun bakoitzari dagokion laguntza diruz lagundutako proiektuari dagozkion HOD guztiak eman ostean ordainduko da, aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa, bai eta 2. artikuluan jasotzen dena ere, egiaztatu ostean.

  2. Laguntzen ordainketak aurrez beti izango du Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren aldeko txostena.

Agindu honetan xedatutako edozein baldintza ez betetzeak, aipatu laguntza galaraziko du eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzultzea, bai eta aplikatu beharreko lege-interesak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei zorduntzen zaien diru-laguntzen berme eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak horretarako ezarritako prozedura jarraituz.

Lehenengoa. Errekurtsoa.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke hilabeteko epean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitegian bi hilabeteko epean. Epeok agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko dira kontatzen.

Bigarrena. Exekuzioa eta garapena.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskumena du Agindu honetan ezarritakoa bete dadin beharrezkoak diren egintza eta xedapenak emateko.

Hirugarrena. Oinarriak onartzea.

Deialdi honetan parte-hartzeak bere oinarri guztiak onartzen direla esan nahi du.

Laugarrena. Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 17a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Definizioa.

Hezteko Objektu Digitala (HOD), Hezteko Material Digitala (HMD) edo Objektu Didaktiko Digitala (ODD) (LOM-ES 1.0 bertsioaren aplikazio-profilaren arabera objektu digital bat aipatzeko baliozko adierak) erabiltzailearen ikasketa helburu duen hezteko eduki digitala da eta, bere horretan, sinpleagoak diren objektuekin integratuz, Hezteko material multimedia da edo izatera irits daiteke.

Arkitektura.

Hezteko objektuen antolamendu eta sailkapenak Goranzko Hierarkia erabiltzen duen Moduluzko arkitektura jarraitzen du (eransketa-ereduetan oinarritua).

Goranzko Hierarkia erabiltzen duen Moduluzko arkitekturaren oinarrizko ereduan, eransketa-maila bakoitza besteekiko independentea da, bere esanahia du eta funtzio zehatz bat betetzen du.

Hala ere, independentzia hori erlatiboa da, HOD desberdinen konbinazioak entitate modular berriak (Objektuak) sortzeko aukera eskaintzen baitu eta horien esanahia eta funtzioa bere osagaien batura hutsaren desberdina baita. Horrela, hierarkian gorago dagoen edo eransketa-maila altuagoa duen HOD gisa osatzen da.

Eransketa-mailak.

Eransketa-mailek HOD baten egitura- eta funtzio-aletzea definitu eta antolatzen dute. Eransketa-maila definitzerakoan kontuan hartzen diren hiru aldagaiak honakoak dira:

egitura, bere osagaiak zeintzuk diren adierazten duena: soinuak, testuak, irudiak, animazioak, etab. (media edota media integratua);

funtzionaltasuna, irakas- eta ikas-prozesuaren ikuspuntutik egitura-osagaiek betetzen dituzten funtzioak adierazten dituena: aurretiazko ezagutzaren ebaluazioa, kontzeptu-mapa, nabigazio-mapa, ikasketaren jarduera edota ikasketaren ebaluazioa; eta azkenik,

gutxi gorabeherako curriculum-estaldura, hezkuntza-maila zehatz batekiko osatu nahi den edukien multzoa adierazten duena: ezagutza-alorra, blokea, etab.

Jarraian, hiru aldagai horietan oinarrituta dauden 4 eransketa-mailak deskribatzen dira:

  1. maila. Oinarrizko Objektua (OO): eransketa-maila baxuena. Bertan, objektu mediak edo media integratuak (multimedia) jasotzen dira, bai eta informazioaren irudikapen-sistemak, aplikazio informatikoak edota zerbitzuak ere. Objektu mota horrek ez du berariazko funtzionaltasunik, ez eta berariazko curriculum-estaldurarik ere.

  2. maila. Ikas Objektuak (IO): hurrengo maila honetan, objektua, egituraren ikuspuntutik, 1. mailako hainbat objektuz osatua dago. Funtzionalki, bere ezaugarri nagusiena berariazko funtzio didaktikoa duen maila baxuena izatea da (Heziketa-diseinua edo diseinu hezigarria. III. eranskinean zehaztua). Objektu honek ikasketa-jarduera bat edo hainbat eta horren edo horien ebaluazioa(k) jasotzen ditu, bai eta, aukerako moduan, mapa kontzeptual(ak) edota aurretiazko ezagutzaren ebaluazio-sistemak ere. Gutxi gorabeherako curriculum-estaldura ikasturte edo ziklo jakin baten ezagutza-bloke batekoa edo hainbatekoa da.

  3. maila. Sekuentzia Didaktikoa (SD): bere egitura, nagusiki, 2. mailako objektu digitalen multzo jakin batez eta, salbuespenez, 1. mailakoez osatzen da. Funtzionalki, osagai gisa dituen 2. mailako objektuetan jasotzen diren ikasketa/ebaluazio-jarduerak jasotzen ditu, bai eta kontzeptu-mapak ere. Aukerako moduan, nabigazio-mapa bat edo 2. mailako objektu horiek biltzen dituen agertokia jaso dezake, eta beraz, salbuespenez, 1. mailako objektu digital bat jasoko dute. Gutxi gorabeherako curriculum-estaldura maila edo ziklo jakin baten ezagutzaren azpi-arloa da.

  4. maila. Trebakuntza Programa (TP): Ez da deialdi honen xedea. Aletze-maila altuena irudikatzen du, adibidez, ikastaro-multzo bat, hezkuntza-baliabide bakarrean bilduta, hezkuntza-maila jakin baten (ziklo eta maila guztiak) ezagutza-arlo osoa gutxi gorabehera betetzen dituen titulua lortzeko. 4. mailako objektuak 3. mailako objektuez osatzen dira, eta salbuespen gisa, 2. eta 1. mailakoez. Hala, aurreko kasuan bezalaxe, nabigazio-mapa edo 3. mailako objektu horiek biltzen dituen agertokia jaso dezake, eta beraz, baita 1. mailako objektu digital bat salbuespen gisa ere.

    Tipologia

  1. maila. Oinarrizko Objektua (OO): Eransketa-maila baxuena da eta ondoko taldeak eta dagozkien HOD-motak jasotzen ditu:

    Media:

    • Argazkia.

    • Ilustrazioa.

    • Bideoa.

    • Animazioa.

    • Musika.

    • Soinu-efektua.

    • Lokuzioa.

    • Audio konposatua.

    • Narrazio-testua.

    • Hipertestua.

    • Grafismoa.

    • Media Integratua.

      Informazioa edota ezagutza irudikatzeko sistema:

    • Datu-baseak.

    • Taula.

    • Grafikoa.

    • Kontzeptu-mapa.

    • Nabigazio-mapa.

    • Multimedia aurkezpena.

    • Tutoriala.

    • Hiztegi digitala.

    • Entziklopedia digitala.

    • Aldizkako argitalpen digitala.

    • Web/atari tematikoa edo korporatiboa.

    • Wikia.

    • Webloga.

      Informatika-aplikazioa:

    • Multimedia sortze/editatze-tresna.

    • Web-orriak sortze/editatze-tresna.

    • Ofimatika-tresna.

    • Programazio-tresna.

    • Informazioa/ezagutza analizatzeko/antolatzeko tresna.

    • Prozesuak/prozedurak laguntzeko tresna.

    • Kudeaketa-tresna ikasteko / banaka lan egiteko / lankidetzarako / elkarlanerako.

      Zerbitzua:

    • Multimedia sortze/editatze-zerbitzua.

    • Web-orria sortze/editatze-zerbitzua.

    • Ofimatika-zerbitzua.

    • Programazio-zerbitzua.

    • Informazioa/ezagutza analizatzeko/antolatzeko zerbitzua.

    • Prozesuak/prozedurak laguntzeko zerbitzua.

    • Kudeaketa-zerbitzua ikasteko / banaka lan egiteko / lankidetzarako / elkarlanerako.

      3. mailak (IO-SD-UD). Moduluzko arkitekturan hurrengo eransketa-mailak dira eta horietan ondoko taldea eta dagozkien HOD-motak jasotzen dira. Hala, 2. edo 3. eransketa-mailako objektu digitalek tipologia bera dute guztiak Diseinu didaktiko hezigarriaren barne hartze-printzipioarekin bat baitatoz.

      Eduki didaktikoa:

    • Irakurketa gidatuak.

    • Ikasgai magistrala.

    • Testu- eta irudi-iruzkina.

    • Eztabaida-jarduera.

    • Ariketa edo problema itxia.

    • Testuingurudun kasua.

    • Problema irekia.

    • Ikasketa-agertoki erreala edo birtuala.

    • Jolas didaktikoa.

    • Webquest-a.

    • Esperimentua.

    • Simulazioa.

    • Proiektu erreala.

    • Galdetegia.

    • Azterketa.

    • Autoebaluazioa.

      Unitate Didaktikoaren definizioa.

      Unitate Didaktikoa (UD) HODen 3. eransketa-mailakoa da eta Sekuentzia Didaktiko (SD) batez edo hainbatez osatua egon liteke. Unitate Didaktikoa iraupen aldakorreko lan-unitatea da, ikas- eta irakas-jardueraz osaturiko multzoa antolatzen duena eta zehaztapen-maila gorenean, curriculumeko elementu guztiei erantzuten diena: zer, nola eta noiz irakatsi eta ebaluatu. Horregatik, Unitate Didaktikoa lan-unitate artikulatu eta osoa litzateke, eta bertan zehaztu behar dira helburuak eta edukiak, irakas- eta ikas-jarduerak eta ebaluazioa, baliabide materialak eta espazioaren eta denboraren antolaketa, bai eta ikasleen aniztasunari arreta egokia eskaintzeari begirako erabaki guztiak ere.

      Unitate didaktikoaren elementuak.

      1. Unitate didaktikoaren deskribapena.

        Atal honetan, unitatearen gai zehatza edo izena adieraz daiteke, helburua lortzeko ikasleek aurrez izan behar dituzten ezagutzak, motibazio-jarduerak, etab. Gainera, unitatearen saio-kopuruari ere erreferentzia egin beharko zaio, maila edo zikloarekiko duen kokalekuari, eta baita praktikan jarri behar den uneari ere.

      2. Helburu Didaktikoak.

        Helburu didaktikoek, unitate didaktikoaren garapenean zehar ikasleek eskuratzea nahi dena zer den zehazten dute. Interesgarria da helburu didaktikoak zehazterakoan zeharkako gaiekin lotutako alde guztiak kontutan hartzea.

        Estrategiak aurreikusi behar dira ikasleei helburu didaktikoen berri emateko.

      3. Ikas-edukiak.

        Unitatearen garapenean zehar landu behar diren ikas-edukiak esplizitu egiterakoan, kontzeptuei, zein prozedura eta jarrerei dagozkienak jaso behar dira.

      4. Jardueren sekuentzia.

        Atal honetan, oso garrantzitsua da elkar lotura zuzena duten jarduerez osatutako ikas-sekuentzia ezartzea. Jardueren sekuentziak ez du unitatean landutako ikasketekin gutxi gorabeherako lotura duten jardueren batura izan behar.

        Bestalde, garrantzitsua da ikasgelan dagoen aniztasuna aintzakotzat hartzearen garrantzia kontutan hartzea eta jarduerak ikasleek ikasgelan dituzten hezkuntza-premia desberdinetara egokitzea.

      5. Baliabide materialak.

        Komenigarria da unitatea garatzeko berariazko baliabideak zehaztea.

      6. Espazioaren eta denboraren antolaketa.

        Unitateak behar duen espazioaren eta denboraren antolaketari buruzko alde espezifikoak adieraziko dira.

      7. Ebaluazioa.

        Ikasleen ikaskuntzen, irakaslearen irakas-praktikaren eta horretarako erabiliko diren tresnen balorazioa egiteko aukera eskainiko duten jarduerak unitatearen testuinguru orokorrean kokatu behar dira, aipatu aldeen balorazio-irizpideak eta -adierazleak zeintzuk diren adieraziz. Halaber, oso garrantzitsua da ikasleengan ikaskuntzari berari buruzko gogoeta sustatuko duten autoebaluazio-jarduerak aurreikustea.

HEZTEKO OBJEKTU DIGITALA (HODak) EGITEKO LAGUNTZAK ESKATZEKO EREDUA

Proiektuaren izena:

Maila:

Arloa:

Legezko ordezkaritzaren izen eta abizenak:

IFZ:

Erakunde ekoizlea:

IFZ:

Kalea:

Zk.:

Herria:

PK:

Tel.:

Faxa:

  1. maila:

    Diru-sarrera egiteko kontu korrontearen zenbaki osoa:

    Honekin batera aurkezten diren agiriak:

    ............................n, 2009ko.............ren....a

    Eskabidegilea

    Sin.:..............................

Sekuentzia Didaktiko eta Unitate Didaktikoetan antolatutako HODen diseinu- eta ekoizpen-prozesuan, irakasleen IKTen gaitasun-maila desberdinak hartuko dira kontutan, ahal den neurrian, HOD batek hainbat fasetarako balio dezan eta helburu pedagogiko desberdinekin erabili ahal izan dezaten irakasleek IKTetan duten esperientzia-mailaren arabera.

Sekuentzia Didaktiko Digitalaren arkitektura.

Irakasleek eta ikasleek HODak modu egokian erabil ditzaten, didaktika digitalaren ikuspuntutik diseinatu behar dira (ez paperak edo beste euskarri batzuk eskaintzen duten ikuspuntutik) eta beraz, I. eranskinean zehaztu bezala, unitate txikienetik konplexuenera, taldekatuko dituzten irizpide orokorrak erabili beharko dira.

Jarraian, Sekuentzia Didaktikoaren egitura edo elementu nagusiak aurkezten ditugu.

  1. Gako-hitzak.

    Eduki edo eduki-pakete bakoitzaren barruan, egilearen edo egileen ustez proposamenaren xedea definitzen duten gako-hitzak identifikatu edota azpimarratuko dira.

  2. Ibilbideak edo irakaskuntza pertsonalizatua.

    Irakas- eta ikas-jardueretan IKTen erabilera integratuan irakasleak duen esperientziagatik, edo ikasgelan dagoen ekipamendu informatikoagatik, irakasleak une desberdinetan egon daitezkeenez, hainbat sekuentzia didaktiko proposatuko ditugu, maila bakoitzean identifikatu ditugun fase desberdinei erantzun ahal izateko:

  3. IKT gaitasunak.

    HODek Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) ikasgelan integratzea dute helburu. Horretarako, ordenagailuekin egin beharreko lanerako, informazioaren tratamendurako eta elkarlanean egindako ekoizpenerako beharrezko diren ezagutza eta trebetasunak zehazten dituen konpetentzia-multzoa identifikatu da.

    IKT Gaitasunetan, hiru ardatz bereizten ditugu:

    Teknologikoa: trebetasun eta abilezia desberdinak tresna teknologiko desberdinen erabileran multzokatzen ditu.

    Informaziokoa: informazioaren bilaketa, analisi eta tratamendurako beharrezko diren trebetasun eta abileziak biltzen ditu.

    Komunikaziokoa: lankidetza eta elkar trukerako trebetasun eta abileziak biltzen ditu ikas-komunitate birtualetan.

  4. Motibazio-elementua.

    Garatu beharreko HODek ikaslearen arreta irakas- eta ikas-prozesuaren hasieran edo garapenean eskuratuko duten berezko motibazio-elementu edo -faktoreak bildu behar ditu.

    Kasu batzuetan, materialen azken erabiltzaileak bizi dezakeen egoera antzekoan egon litekeen pertsonaiez osaturiko fikziozko istorio bat baliagarria izan daiteke.

    Kasu praktiko bat eta horren ebazpena ikasteko elementu motibagarri egokiak izan daitezke, ikasleari egoera jakin batean sartu eta prozesu zehatz batek ekar ditzakeen zailtasunak gainditzeko aukera eskaintzen baitu.

    Jardueraren zati bat jolas bihurtzen duten elementu ludikoak txertatzeak, interesa eskuratzea eta ikasteko prestutasun egokia bermatzen ditu.

    Ingurune hurbilena, bizi garen lekua, elementu motibagarri bikaina da IKTak curriculumean integratzeko helburuari beren ekarpena egingo dioten jarduerak sortzerakoan.

  1. Beharrezko material edo baliabideak.

    HOD bakoitzaren diseinuan ezarritako erronka edo helburuei arrakastaz aurre egiteko, ezinbestekoa da aurreikusitako zeregin edo jarduerak egiteko beharrezko baliabide edo materialak ezagutzea.

    Informazio-mota hori izatearen abantailetako bat jarduera hasi aurretik elementu guztiak antolatu ahal izatea da, eta hala, ikas- eta irakas-prozesua ez etetea elementuren baten premia sortzen denean (material fisikoa edo beste mota batetako euskarria).

    Laburpen gisa, HODen metodologiaren ikuspuntutik Sekuentzia/Unitate Didaktikoak ekoizteko heziketa-diseinuaren orientazio-proposamena duzue hemen.

    Heziketa-diseinuaren Fitxa-proposamena

    1. Izenburua

    2. Deskribapena

    3. Hezkuntza-maila

    4. Gako-hitzak

    5. Ibilbidea (faseak)

    6. Diziplina

    7. Gaitasun orokorrak

    8. IKT gaitasunak

      Teknologikoa

      Informaziokoa

      Komunikaziokoa

    9. Helburuak

      Orokorra

      Espezifikoak

    10. Elementu motibagarria

    11. Edukiak/ezagutzak

      Kontzeptu-izaerakoak (deklaratzaileak)

      Prozedura-izaerakoak

      Jarrera-izaerakoak

    12. Metodologia

      Garapen-eredua

      Metodologia-eredua

      SDaren tipologia

      Sekuentziazio-mota

      Informazio-motak

      Ustiapen-proposamenak

      Aurretiazko ezagutzak

    13. Ebaluazioa

      Irizpideak

      Tresnak

      Neurketa-aldagaiak

      Emaitzak gordinean interpretatzeko orientabideak

      Emaitzen iragaztea eta aurkezpena

      Beharrezko material edo baliabideak

      SDaren jardueren egitura

      Aurkibidea Zailtasun-maila Izena Mota* Helburuak Edukiak Deskribapena ID IA Osagaia

      1,

      2 edo

    1. Esplorazioa (Es), Segimendua (Se), Sintesia (Si), Errefortzua (Er), ordena-zenbakiarekin batera.

      • Fasea zehazten du ikas-sekuentziaren barruan.

        Sortutako Sekuentzia edota Unitate Didaktiko guztiek, dagozkien HODen diseinuaz gain, irakaslearentzako gida-materiala izan behar dute, heziketa-fitxaren diseinuaren proposamenean deskribatutako adierazleak landuko dituztenak.

        Garrantzi bereziko aldeak.

        Sekuentzia edota Unitate Didaktikotan antolatutako HODen proposamenek ondoko oinarrizko baldintzak betetzea ezinbesteko izango da:

        Irakasleak koka daitezkeen IKT gaitasun-maila desberdinetara egokitzea.

        Ikasleen PCetara on line zein off line egokitzea, bai eta ikasgelaren ingurunean Arbel Digital Elkarreragilera (ADE) ere.

        Modu gehigarrian, Moodle edo LAMS bezalako Ikaskuntza Ingurune Birtualetan, ustiatu ahal izateko diseinatzea.

  1. Gastuak

  1. Gidoi pedagogikoa eta multimedia

  2. Argazkiak eta ilustrazioak

  3. Bideoak eta animazioak

  4. Itzulpena eta bikoizketa

  5. Ekoizpen multimediaren beste gastu batzuk (kontzeptua eta zenbatekoa zehaztu)

  6. Beste gastu batzuk (kontzeptua eta zenbatekoa zehaztu)

    GASTUAK, GUZTIRA

  1. Sarrerak

  1. Beste diru-laguntza batzuk (iturria eta zenbatekoa zehaztu)

  2. Beste sarrera batzuk (iturria eta zenbatekoa zehaztu)

    DIRU-SARRERAK, GUZTIRA

.................................................. jaunak/andreak, NAN zenbakia ............... duena,................................... erakundea ordezkatuz, .............. mailako eta .............................. arloko, ..................................... izena duen proiektua egiteko laguntza eskabidegile gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan Hezteko Objektu Digitalak (HODak) egiteko laguntzak deitzen dituen ____/2009 Aginduaren 5.2.d. artikulua betez,

ZINPEAN AITORTZEN DU:

aipatu proiektua argitaragabea dela eta ez dituela beste laguntza batzuk jaso.

.........................n, 2009ko..............ren....(e)an

Eskabidegilea

Sin.:........................

.................................................. jaunak/andreak, NAN zenbakia ............... duena, ....................................... erakundea ordezkatuz, .............. mailako eta ............................... arloko, ..................................... izena duen proiektua egiteko laguntza eskabidegile gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan Hezteko Objektu Digitalak (HODak) egiteko laguntzak deitzen dituen ____/2009 Aginduaren 5.2.e. artikulua betez,

ZINPEAN AITORTZEN DU:

proiektuaren lanketan erabiliko diren eta azken produktuaren zati izango diren irudi, soinu, testu edo beste edozein objektu multimedia jatorrizkoak eta eskaera egin duen pertsonarenak direla edo, nolanahi ere, egile-eskubideei buruz indarrean dagoen araudia betetzen dutela.

.........................n, 2009ko...............ren ...(e)an

Eskabidegilea

Sin.:.......................

................................................. jaunak/andreak, NAN zenbakia ............ duena,.................................. erakundea ordezkatuz, .............. mailako eta................................. arloko,..................................... izena duen proiektua egiteko laguntza eskabidegile gisa, Euskal Autonomia Erkidegoan Hezteko Objektu Digitalak (HODak) egiteko laguntzak deitzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren Ebazpenaren bidez aukeratua,

ZIURTATZEN DU

proiektua egitearen ondorioz sortutako gastuak ondokoak izan direla:

Ordena-zk.: Kontzeptua Zenbatekoa

Guztira

Gastu horien faktura eta justifikazio-dokumentuen jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak gehitu dira, bai eta izandako gastu bakoitzaren ordainketa-egiaztagiriak ere.

Eta jasoa gera dadin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari igortzen diot, eta honakoa sinatu dut ..................................n, 2009ko ..................ren.....(e)an.

Eskabidegilea

Sin.:......................

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik