- AGINDUA, 2009ko azaroaren 24koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deia egiten zaie Lehen eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeei eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak egiteko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko diru-laguntzak jasotzen dituzten ikastetxeei, baldin eta kulturartekotasuna lantzeko eta hizkuntza indartzeko programak egiten badituzte hasi berri diren ikasle etorkinentzat. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko azaroaren 24koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deia egiten zaie Lehen eta Bigarren Hezkuntzako itunpeko ikastetxeei eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak egiteko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko diru-laguntzak jasotzen dituzten ikastetxeei, baldin eta kulturartekotasuna lantzeko eta hizkuntza indartzeko programak egiten badituzte hasi berri diren ikasle etorkinentzat.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 240
- Hurrenkera-zk.: 6604
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/11/24
- Argitaratze-data: 2009/12/15
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa
Testu legala
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela jakin badakienez, kulturarteko hezkuntza-eredua garatu nahi du, berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da kulturarteko benetako gizarteak lortzeko.
Euskal Hezkuntza Sisteman hasi berriak diren ikasle etorkinei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea, eta kulturartekotasuna sustatzeko programak ezarri behar dira ikastetxeetan. Ekitaldi honetan, ekimen honek ikasle etorkinak dituzten ikastetxeak ditu helburu, hain zuzen ere, etorkinen proportzioa % 15 baino handiagoa duten ikastetxeei.
Urriaren 16ko 222/2001 Dekretua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena kontuan hartuta, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onarturiko Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluak ezarritakoari (Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren esparruko diru-laguntzak arautzen ditu titulu horrek) eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenei jarraiki, honako hau
Hona agindu honen xedea: itundutako ikastetxeei emango zaizkien diru-laguntzen erregimena arautzea. Diru-laguntza horiek ikastetxearen kulturarteko ikuspegia koordinatzeko eta hasi berri diren ikasle etorkinentzat hizkuntza indartzeko programak egiteko dira, baldin eta komunikatzeko gabezia handiak badituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik, eta, beraz, 2009-2010 ikasturtean hizkuntza indartzeko plan bat behar badute.
Ikasle hasi berriak dira Euskal Hezkuntza Sisteman unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko 2008ko urtarrilaren 1az geroztik lehen aldiz matrikulatu direnak. Diru-laguntza jasotzeko eskubidea izateko, 6 urtetik gora izan behar dituzte 2009-2010 ikasturtean, eta 18 urte ez bete ikasturtea amaitu baino lehen.
Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, bi milioi eta zazpiehun eta berrogeita bost mila (2.745.000) euro jarri dira. Zenbateko hori handitzeko aukera egon badago, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren diru-laguntzen beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu ez den dirurik badago deialdia ebatzi aurretik. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez.
Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen edo/eta Bigarren Hezkuntzan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuak, eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak garatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren diru-laguntzak jasotzen dituzten ikastetxeak. Ikastetxe horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute, eta hurrengo artikuluan deskribatzen diren jarduerak, diruz lagun daitezkeenak, egin behar dituzte.
Onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, izaera bereko itzultze- edo zehapen-prozedurek bukatuta egon behar dute, eta zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla frogatu behar da.
Agindu honen bidez araututako diru-laguntzen edo laguntza publikoen deialdietan ezingo dute parte hartu zigor-arloko zehapena edo administrazio-zigorra dela-eta diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten erakundeek, ezta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioagatik zigortutakoak barne, otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera.
Jarduera hauek izango dira diru-laguntzen xede:
Ikastetxeetan kulturartekotasuna lantzeko programak taxutzeko, zuzentzeko eta kudeatzeko jarduerak. Ikastetxeetako ikasle etorkinen portzentajeak % 15ekoa edo handiagoa izan behar du, eta 250 ikasle baino gehiago izan behar dituzte matrikulatuta.
Baldintza horiek bete eta diru-laguntza eskatzen duten ikastetxeek 7.1 artikuluan xedatutako diru-laguntza izango dute, funtzio hauek betetzeko:
Ikastetxeko proiektuetako gainerako arduradunekin koordinatzeko guneak eta denborak ezartzea. Baliabideak bildu eta errentagarri bihurtu behar dira, lehentasunezko jardunbideak ezarri, eta lankidetzazko jarraipena egin.
Ikastetxean, ikasgeletan eta erabiltzen diren materialetan eta baliabideetan eskola-elkartea osatzen duten kultura guztiak kontuan har daitezen lan egitea, eta protagonisten ekarpenak bereziki balioestea.
Irakasleekin lankidetzan aritzea ikastetxea familietara gerturatzeko, eta familia horiek eskola-elkartean parte hartzea bultzatzeko.
Laguntza ematea harrera-plan bat diseinatzeko, martxan jartzeko, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Ikasle guztiak eta haien familiak hezkuntza-sistemako kide izatea izango da planaren helburua.
Etorkinei eta gutxiengo etnikoetakoak diren ikasleei hezkuntza-arreta ohiko gelan ematea eta integrazioa erraztuko duten estrategiei, prozedurei eta baliabideei buruzko irakaskuntza-esperientziak biltzea, batez ere bigarren hizkuntza curriculumaren bitartez irakasteari buruzkoak. Halaber, irakasleekin lankidetzan aritzea, horrelako proiektuak martxan jartzeko.
Zuzendaritza-taldearekin lankidetzan jardutea ikastetxean etengabeko prestakuntzarako plan bat sortzeko. Planak errealitate berria aintzat hartuko du; alegia, iritsi berri diren ikasleak daudela.
Ikastetxean hasi berriak diren ikasleen hizkuntza-gaitasunak indartzeko jarduerak, oro har, honako hauek dira:
Hizkuntza indartzeko gelako programazioa egitea, ikasleen beharretara egokitua.
Banakako esku-hartzeko plan bat egitea ikasle horientzat, tutorearen laguntzarekin.
Hizkuntza indartzeko irakaskuntza antolatzea:
Ikasleak zein diren jakitea, eta ikasle horiek taldetan biltzea.
Ikasgela antolatzea.
Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.
Dagokion hezkuntza-errefortzua ematea. Hizkuntza indartzeko irakasleek funtzio hauek beteko dituzte, ikasle etorri berrien tutoreekin batera:
Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesua ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan horren gauzatzearen jarraipena egiteko.
Iritsi berri diren ikasleen harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak gara ditzaten laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.
Ikasleen aurrerapenen eta ikaskuntzen ebaluazioan parte hartzea.
Materialak eta edukiak egokitzea.
Halaber, eskola-elkarteko kide diren heinean, hizkuntza indartzeko irakasleek gainerako irakasleekin batera beteko dituzte honako funtzio hauek:
Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.
Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia sartzeko jarduerak diseinatzea.
Irakasleek indarrean dagoen araudian eskatzen den titulazioa izan behar dute Lehen edo/eta Bigarren Hezkuntzan euskara irakasteko, eta, irakaskuntza hori emateko ardura izateaz gain, programazio didaktikoa egiteko ardura ere izango dute, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak aintzat hartuta.
Diru-laguntza eskatzeko eredu normalizatua eskuratzeko erabili behar den fitxategi informatikoa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean dago (www.hezkuntza.ejgv.net) honako atal honetan: Ikasleak / Ikasle etorkinak / Ikastetxe itunduak.
Fitxategiak jaitsi eta atal guztiak bete ostean, orrialde guztiak inprimatu behar dira. Datu hauek agertzen dira:
Ikastetxean matrikulatu berri diren ikasle etorkinen zerrenda, datu hauek zehaztuta: ikaslearen izena, jaiotze-eguna, Euskal Hezkuntza Sisteman sartu zen eguna, eta orain zer mailatan edo kurtsotan matrikulatuta dagoen.
Ikastetxean hizkuntza indartzeko garatzen diren programen deskribapena, honako xehetasun hauek adierazita:
1. Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten ordainsari gordinen zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari. Diru-laguntzaren xede den programan parte hartzen duten irakasle espezializatuen titulazioen eta indarrean dauden lan-kontratuen kopia ere aurkeztu behar da.
2. Parte hartzen duten ikasleen izen-abizenak, maila, jatorrizko herrialdea; programaren programazio didaktikoa (ordutegiak, helburuak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak barne hartuta); errefortzua noiz ezarri(ko) den, etab.
Ikastetxean kulturartekotasuna lantzeko garatu nahi den programaren deskribapena, eskema honen arabera:
1. Ikastetxearen hasierako egoera.
2. Garatu beharreko proiektuaren plangintza:
2009-2010 ikasturterako helburuak.
Jarduerak eta tenporizazioa.
Aurreikusitako parte-hartzaileak (irakasleak, ikasleak, beste batzuk).
Ebaluazioa eta lorpen-adierazleak.
3. Ekintza hauek burutzeko berariazko konpromisoa:
Ikasle iritsi berriak hartzeko plana egitea, ikastetxeak halakorik ez badauka.
Gutxienez prestakuntza-jarduera bat antolatzea kulturarteko ikuspegitik, irakasleak, ikasleak edota familiakoak sentsibilizatzeko.
Izendatutako dinamizatzaileak konpromisoa hartuko du, batetik, Sailak eskatzen duenean bere esperientzia partekatzeko, eta, bestetik, Sailak dinamizatzaileentzat berariaz antolatzen duen hasierako eta etengabeko prestakuntzan parte hartzeko.
Iazko ikasturtean ikastetxeak kulturartekotasuna sustatzeko programa gauzatzeko diru-laguntza jaso bazuen aurtengo ikasturteari dagokion memoria soilik erantsi beharko du, eskema honi jarraituz:
1. Gauzatutako proiektuaren deskribapena, honako alderdi hauek aintzat hartuta:
Gauzatutako jarduera nagusiak.
Proiektua aplikatzearen ondorioz, curriculumarekin edota ikastetxearen antolaketarekin zerikusia duten hitzarmen nagusiak, halakorik balego.
Proiektua garatzean gertatutako jazoerak, halakorik balego.
Garrantzizkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.
2. Helburuen lorpen-maila. Proiektuan zehaztutako helburu bakoitzaren analisia, eta helburu hori lortu den balioestea. Helbururen bat lortu ez bada, horretan eragin duten arrazoiak aipatu.
3. Parte hartu duten aholkularien ekarpenen balioespena, halakorik balego.
4. Parte-hartzaileen partaidetza- eta inplikazio-mailaren balioespena, eta garatutako edukiek eta hitzartutako akordioek zer aplikazioa izango duten.
5. Ondorioak eta jarraipen-proposamenak.
Eskaera sinatu eta zigilatu ostean, honako agiri hauekin batera aurkeztu behar da:
Zinpeko aitorpena, honako hau adierazten duena: ikastetxeak diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera ez duela galdu zigor-arloko zehapenen edo administrazio-zigorren ondorioz, eta ez dagoela horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean, sexu-diskriminazioagatik jarritako zigorrak ere aintzat hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren 4/2005 Legearen arabera. Halaber, adierazi behar da ikastetxeak ez duela helburu berdineko beste deialdietako laguntzarik jasoko edota, laguntza jasoz gero, laguntza horrek ez duela finantzatuko parte hartuko duten irakasleen kostua, eta Ordezkaritza Organo Gorenak aurreikusita dauden programen berri baduela eta onetsi dituela (IV. formularioa).
Zerga-betebeharrak bete dituela frogatzen duten agiriak, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1997ko martxoaren 21eko Aginduan ezarritakoaren arabera (EHAA, apirilaren 21ekoa). Titularra pertsona juridikoren bat izanez gero, diru-laguntza hau eskatzeko behar adinako aginpidea baduela egiaztatu beharko du eskatzaileak.
Deialdi honetan parte hartzeko eskaera, hilabeteko epean aurkeztu behar da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Eskabidea eta dokumentazioa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu behar dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan jasotako edozein modutan.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraiki, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduradun. Datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara, hain zuzen ere: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Halaber, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen legea errespetatu behar dute ikastetxeek, datuak eskuratzeko prozesuan.
Horretaz gain, deialdi honetan parte hartuko duten pertsonek baimena ematen dute fitxategiko datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste administrazio publiko batzuei jakinarazteko, deialdiaren xedearekin bat datozen helburuetarako. Halaber, baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuen bidez egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
Aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio, hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan jasotakoaren arabera.
Eskolatzeko Lurralde Batzordeek, eskumena duen Berritzegunea aholkulari izanik, eta kulturartekotasuna lantzeko programaren arduradunak egindako txosten loteslea ikusita, aurkeztutako programa kulturartekotasuna sustatzeko egokia den edo ez balioetsiko dute, eta matrikulazio-portzentajearen eta koordinatzailearen identitatearen baldintzak betetzen diren edo ez ikusiko dute. Baietz irizten badiote, ikastetxeari diru-laguntza ematea proposatuko dute, eta zenbatekoa kalkulatzeko 4 koefiziente biderkatzailea aplikatuko da.
Hizkuntza indartzeko laguntza-eskaerak aztertu eta haien balioespena egingo da, deialdi honen baldintzak bete direla egiaztatu ondoren, eta Agindu honen 1. artikuluan zein 8. eta 9. artikuluetan adierazitako aurrekontuzko mugak kontuan hartuta.
Programan parte hartzen duten ikasle etorkin hasi berrien kopuruaren araberako koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaio eskaera bakoitzari, taula honetan zehaztutako irizpideak aintzat hartuta:
Ikasle etorkin hasi berriak
(A)
ARI
(A) Etorkinak
1 baino gutxiago
(B)
Inmigrantes
Menor 1% (B) Etorkinak
1etik
5era
(D)
Inmigrantes
Entre 1 y 5% (D) Etorkinak
5etik
15era
(E)
Inmigrantes
Entre 5 y 15% (E) Etorkinak
15etik % 25era
(F)
Inmigrantes
Entre 15 y 25% (F) Etorkinak
25 baino gehiago
(G)
Inmigrantes
Mayor 25% (G)
1-2 0 0 1 2 3
3-5 0 1 2 3 4
6-8 1 2 3 4 5
9-11 2 3 4 5 6
12-15 3 4 5 6 7
16-19 4 5 6 7 8
20-23 5 6 7 8 9
24-27 6 7 8 9 10
28-31 7 8 9 10 11
32-35 8 9 10 11 12
36-39 9 10 11 12 13
40-43 10 11 12 13 14
44-47 11 12 13 14 15
48-51 12 13 14 15 16
52-55 13 14 15 16 17
56-59 14 15 16 17 18
60-63 15 16 17 18 19
64-67 16 17 18 19 20
68-71 17 18 19 20 20
72-75 18 19 20 20 20
76-79 19 20 20 20 20
80tik gora 20 20 20 20 20
250 ikasle baino gutxiago eta/edo bekadunen proportzioa % 30ekoa baino txikiagoa duten ikastetxeek egindako eskaera guztiei B zutabean jasotako koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaie; alegia, ikastetxeko ikasle etorkin hasi berrien kopuruaren (A zutabean zehaztua) arabera dagokiona.
250 ikasle baino gehiago eta/edo bekadunen proportzioa % 30ekoa baino handiagoa duten ikastetxeek egindako eskaerei, berriz, ikasle etorkin hasi berrien kopuruaren (A zutabea) eta etorkinen ehuneko garbiaren (Dtik Gra bitarteko zutabeak) araberako koefiziente biderkatzaileak aplikatuko zaizkie.
Etorkinen ehuneko garbia kalkulatzeko, formula hau erabiliko da:
100 * (E LS)
N hor
N = ikastetxeko ikasleen guztirako kopurua.
E = ikastetxeko etorkinen guztirako kopurua.
LS = hasi berriak diren ikasle etorkinen kopuruari dagokion tartearen (taularen A zutabea) goiko muga.
Adibidez: ikastetxe batean 615 ikasle daude matrikulatuta; haietatik 65 etorkinak dira eta 21 hasi berriak. Hortaz, etorkinen ehuneko garbia % 6,83koa da
100 * (65(E)- 23(LS)) = 100 * 42 = 6,83
615(N) 615
eta, horrenbestez, koefiziente biderkatzailea 7 izango da.
Laguntzak emateko proposamena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko diote Eskolatzeko Lurralde Batzordeek.
Ikastetxe bakoitzak kulturartekotasuna sustatzeko eta hizkuntza indartzeko programak gauzatzeko eskura dezakeen diru-laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatzen da: programa horiei esleitutako koefizienteen batura (aurreko artikuluan zehaztutako irizpideen arabera) bider 4.500 euroko modulua.
Aurreko adibidean: 7 x 4.500 = 31.500 euro.
Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatu mugaren arabera egokitzeko.
Diruz laguntzeko moduko guztizkoa ez da inolaz ere ikastetxeak aurkeztutako aurrekontua edo benetan egindako gastuak baino handiagoa izango. Aurrekontua txikiagoa bada, aurrekontu horren balioak jarriko du diru-laguntzaren muga. Azkenean justifikaturiko gastuak txikiagoak badira, ebazpena aldatu egingo da, eta ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekoari egokituko zaio.
Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, Eskolatzeko Lurralde Batzordeek egindako proposamenak ikusi ondoren, ebazpena emango du eta, bertan, eskatutako diru-laguntzak eman ala ez erabakiko du. Emanez gero, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko du.
Hartzen den erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emanez jakinaraziko zaie ikastetxe eskatzaileei, sei hilabeteko epean, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Aipatutako epea pasa ondoren, aurreko atalean ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaera atzera bota dela interpretatu ahal izango dute, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharraren kaltetan izan gabe.
Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza sailburuordeari, deitzen diren diru-laguntzak esleitzeko prozedurari bukaera ematen dion ebazpenaren kontra, hilabeteko epean, EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek honako betebeharrak izango dituzte betiere:
Emandako diru-laguntza onartzea. Hortaz, hamabost eguneko epean (ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita) erakunde onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.
Diru-laguntza egoki erabiltzea: xede zehatz baterako emandakoa da eta hura betetzeko erabili behar da.
Hezkuntzako Ikuskatzailetzari ikastetxean garatzen diren programei buruz eskatu beste informazio ematea.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak -deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak gauzatuz- eskatutako informazio guztia ematea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu badira ere.
Zatika, bi ordainketa-aginduren bidez, ordainduko zaizkie diru-laguntzak ikastetxe onuradunei:
Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 80, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Ondorengo atalean aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, diru-laguntzaren likidazioa egingo da. Ateratzen den guztizkotik (ezin da izan ebazpenean aitortutakoa eta egindako gastu osoa baino handiagoa), lehen ordainketaren zenbatekoa kenduko da eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatuko da.
2010eko irailaren 15a baino lehenago, diru-laguntza justifikatzeko, diruz lagundutako ikastetxeek garatutako programa bakoitzeko memoria deskribatzaile bana bidali beharko dute Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara. Memorian zehaztu beharrekoak: arreta jasotako ikasleak, proiektuan aritu diren irakasleak, irakasle bakoitzak emandako irakaskuntza-orduak, lan egindako ordu guztiak eta lortutako emaitzak. Halaber, honako hau ere bidali beharko dute, edo aurreko memoriari erantsi: jasandako langile-gastuen ziurtagiria, proiektuan aritutako irakasle bakoitzaren ordainketen zenbateko gordinak eta Gizarte Segurantzako kostuak jasoko dituena.
Memoriarekin batera, Ordezkaritza Organo Gorenaren onespen-ziurtagiria aurkeztuko da, eta hari erantsita, aipatu langileei dagozkien Gizarte Segurantzako ordainketen egiaztagiriak TCak edo baliokideak, langile horien lan-egoera normalizatuaren froga gisa.
Memoria-eredu normalizatua eskuratzeko erabili behar den fitxategi informatikoa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean dago (www.hezkuntza.ejgv.net) honako atal honetan: Ikasleak / Ikasle etorkinak / Ikastetxe itunduak.
Diru-laguntzak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko dira (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko araubide orokorra ezarri da, eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, arauak eta betebeharrak xedatu dira).
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio. Hori guztia, Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenari jarraituz.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen denean diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Hori dela eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.
2007ko apirilaren 26ko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren Aginduak aurreikusitako ondorioetarako -Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzea da agindu horren xedea- agindu honetan xedatutako laguntzak emango dira 2010erako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako ordainketa-kreditua egokia eta nahikoa bada.
Lehenengoa. Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, eta horretarako hilabeteko epea egongo da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, eta horretarako bi hilabeteko epea egongo da, agindua aldizkari berean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 24a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


