Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko azaroaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2010 urteko Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGAren) azterketa-eredua finkatzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko azaroaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2010 urteko Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGAren) azterketa-eredua finkatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 248
  • Hurrenkera-zk.: 6740
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/11/25
  • Argitaratze-data: 2009/12/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa

Testu legala

Euskararen Gaitasun Agiriaz 1982ko irailaren 20an emandako Aginduak (EHAA: 1982-11-06) bere 1. atalean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari berari egozten dio azterketaren programa eta azterketaren eredua jakinarazteko ardura.

Horren ondorioz, honako hau

  1. EGAk (Euskararen Gaitasun Agiria) honako gaitasun hauek ditu ardatz: gaitasun linguistikoa, gaitasun diskurtsiboa, gaitasun funtzionala eta gaitasun soziolinguistikoa.

  2. Europako ALTE erakundearen kide osoa den aldetik, haren kalitate-esparruko estandarrak jarraitzen ditu EGAk. Horrekin batera, Europako Kontseiluaren hizkuntzen ebaluaziorako Erreferentzia Marko Bateraturako C1 mailako irizpideak kontuan hartzen ditu, atazak eraikitzeko eta ebaluatzeko orduan.

  3. Hizkuntzaren barne-osaeraz Euskaltzaindiak 2008ra arte eskaini dituen arau-erabaki nagusiak kontuan hartuko ditu EGAk 2010eko azterketan.

Sarrerakoa: Atariko Proba.

Bigarren fasea: Proba Idatzia.

Hirugarren fasea: Ahozko Proba.

  1. EGAren proba idatzian eta ahozkoan parte hartu ahal izateko, Atariko Proba gainditu behar da.

  2. Atariko Proba aukera anitzeko test bat da, gehienez 100 itemekoa.

  3. Atariko Probak ordubeteko iraupena du. Nolanahi ere, galderen artean Entzutezko Ulermenari dagozkionak baldin badira, grabazioa entzun eta galderei erantzuteko denbora gehitu behar zaio ordubete horri.

  4. Entzutezko Ulermenaren ariketako grabazio zati bakoitza behin entzungo da.

  5. Atariko Probaren gainerako itemek hizkuntzaren erabilera egokia eta zuzenarekin dute zerikusia.

  6. Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.

  7. Gainditze-muga % 75ekoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duten azterketari guztiak azterketaren hurrengo fasera aurkeztu ahal izango dira, inolako «numerus clausus»ik gabe.

  8. Aurreko puntuaren arabera, baldin eta Atariko Proba gainditu dutenen kopurua aurkeztu direnen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa zabaldu egingo da. Era honetan: guztizko puntuazioaren % 75era iristen ez direnen artetik, hurbileneko puntuazioak ere onartuko dira, egun jakin horretako gainditze-ehunekoa % 50era iritsi arte. Puntuazio hori hartuko da gainditze-mugatzat.

Proba Idatzia bi ataletan egiten da eta lau ariketa ditu.

Lehenengo atala:

Irakurriaren ulermena.

Lexikoa.

Bigarren atala:

Idazlana.

Esaldiak berridaztea.

Bi atalak jarraian egiten dira. Horien aurretik Entzutezko Ulermenaren ariketa egiten da.

Proba Idatziak 2 ordu eta 20 minutu iraungo du. Denbora horri Entzutezko Ulermenaren ariketa egiteko behar den denbora gehituko zaio.

  1. Irakurriaren ulermena.

    Testu batzuk eskainiko dira, azterketariek horiei buruzko 10 galderari erantzuteko. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzekoak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratzea, lotura egokiak egitea.

  2. Lexikoa.

    Testu labur batean txertaturik, markatutako 10 hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Hitzek testuinguruan duten esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea.

  3. Idazlana.

    Bi gai eskainiko dira aukeran, dosier eran, eta azterketariek horietako bat garatu beharko dute. Azterketariek 300 hitz idatzi behar dituzte gutxienez. Idazlanaren kalifikaziorako ondoko hiru alderdi hauek hartuko dira kontuan: a) atazaren zehaztasunak betetzea; b) hizkuntza-aberastasuna eta egokitasuna; c) zuzentasuna.

  4. Esaldiak berridaztea.

    Emandako 10 esaldiren moldapena egin behar da; hots, esaldi baliokideak sortu behar dira beste egitura batzuk erabilita, beti ere esaldi bakarra osatuz. Berridazketa bideratzeko eta gauzatzeko, elementu batzuk eskaintzen dira erreferentzia gisa.

Bi atal ditu:

Entzutezko ulermena.

Mintzamena.

  1. Entzutezko Ulermena.

    Entzutezko Ulermenaren ariketa Proba Idatziaren egunean egin liteke eta Ahozko Proban konputatuko da. Grabazio zati batzuk entzun eta horiei buruzko galderak erantzun behar dira.

    Grabazio zati bakoitza behin entzungo da eta horiek entzun baino lehen, azterketariek denbora tarte bat izango dute galderak eta erantzunak irakurtzeko.

  2. Mintzamena.

    Atal honek bi ariketa ditu: lehenengoa, gai baten Ahozko Azalpena; bigarrena, bat-bateko Elkarrizketa saioa. Epaimahaia bi aztertzailek osatzen dute. Azterketariak binaka sartuko dira epaimahaiaren aurrera.

    1. Gai baten Ahozko Azalpena.

    Azterketari bakoitzak gai bati buruzko informazioa jasoko du. Euskarria testu idatzia, audioa edota bideoa izan daiteke. Azterketari bakoitzak berari egokitu zaion informazioaren azalpena egin beharko du bost bat minututan.

    2. Bat-bateko Elkarrizketa saioa.

    Aztertzaileek gai bat eskainiko diete azterketariei, baina bakoitzari gaiaren alderdi batzuk nabarmenduta. Azterketariak elkarrizketan arituko dira, egokitu zaien ikuspuntuaren alde egiteko. Tarteka, elkarrizketa edo eztabaida bideratzeko, aztertzaileek parte hartu ahal izango dute, galderak eginez. Azterketariak, bien artean, hamar bat minutuz arituko dira.

  1. Proba Idatzian eta Ahozko Proban ondoko balioak izango dira:

    Puntuazio taula

    Probak Atalak Ariketak Puntuazioa Gehienez Puntuazioa Gainditzeko

    Idatzia 1 Irakurriaren ulermena

    Lexikoa 10

    10 -

    10

    2 Idazlana

    Esaldiak berridaztea 20

    10

    Idatzia guztira 50 27

    Ahozkoa 1 Entzutezko ulermena 10 -

    20

    2 Mintzamena:

    • Ahozko azalpena

    • Bat-bateko elkarrizketa

      20

      20

      Ahozkoa guztira 50 25

  2. EGA lortzeko, azterketaren hiru faseak gainditu behar dira: Atariko Proba, Proba Idatzia eta Ahozko Proba. Azken emaitza Gai edo Ez Gai izango da.

  3. Deialdi bateko proba baten puntuak ez dira gordeko hurrengo deialdi baterako.

EGA azterketa egin ahal izateko 17 urte edo gehiago bete behar dira 2010ean.

Deialdi berean beste erakunderen batean EGArako matrikulatuta egonez gero, ezingo da honetan parte hartu.

Erreklamazioa egin dezake, idatziz, edozein azterketarik EGAren azterketaren edozein fasetako kalifikazioak jakinarazi eta biharamunetik hasita. Bost eguneko epea du horretarako.

Balio-urritasunen bat duten azterketariek EGAren azterketa berdintasunez egitea izan dezaten, Azterketa Batzorde Ofizialak beharrezko egokitzapenak ezarriko ditu, denboran nahiz baliabideetan, baldin eta horrela azterketaren edukia indargabetzen ez bada, edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez delarik.

Lehenengoa. Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik hasita jarriko da Agindu hau indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 25a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik