Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2009ko abenduaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, udalaz gaindiko eremuko kultur programa edo jarduera bereziak 2010. urtean garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko abenduaren 10ekoa, Kultura sailburuarena, udalaz gaindiko eremuko kultur programa edo jarduera bereziak 2010. urtean garatzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 248
  • Hurrenkera-zk.: 6748
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/12/10
  • Argitaratze-data: 2009/12/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Herri Administrazioa

Testu legala

Kultura Sailaren ardura diren eremuak oraingo esparru instituzionalean indarrean dagoen eskumen-banaketan daude zehaztuta. Esparru hori, funtsean, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua da (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoa). Horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen dira, oso-osorik, alor hauek: kultur fundazio eta elkarteak; liburua eta liburutegiak; zinematografia, musika eta antzerkia; gazteria eta sustapen soziokulturala; ondare historiko-artistikoa eta kirola (10. artikulua, 13., 17., 18., 19., 20., 36., 38. eta 39. paragrafoak). Gainera, oso kontuan izan behar da azaroaren 25eko 27/1983 Legea, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko harremanei buruzkoa (Lurralde Historikoen Legea) eta, bereziki, horren 7. artikulua, bertan zehazten baita zein eskumen dagozkion erakunde batari eta zein besteei.

Bestalde, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuak aipatu saila osatzen duten sailburuordetza eta bestelako unitateetako bakoitzaren lan-eremua finkatzen du.

Ildo horretatik, eta Kultura Sailaren ardurapekoak diren arloak kontuan hartuta, berariazko deialdiak egiten dira sektore publiko zein pribatuetan garatzen diren lehenetsitako kultur jarduerak garatu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, jasotzen diren hainbat eskariren bitartez gauzatu nahi diren jarduerak, Kultura Sailaren eskumen-eremuetan sar daitezkeen arren, indarrean dagoen araudian zehaztutako ezohiko moduetan baino ezin dira gauzatu.

Kultura Sailaren laguntza jaso dezaketen jarduerak mota askotakoak izan daitezke, gaur egungo kultura-kontzeptua oso zabala baita. Horregatik, berariazko deialdietan oinarrituz laguntzagai izan daitekeen jarduera-multzoa aldez aurretik identifikatzea erabat ezinezkoa da. Hori horrela izanda ere, ez da ahaztu behar administrazio publikoek, besteak beste, sustapen-lanak egiterakoan konkurrentzia, objektibotasun eta publizitate printzipioak gorde behar dituztela eta, ondorioz, behar-beharrezkoa dela prozedura orokor bat finkatzea, horrela Kultura Sailak, administrazio publikoetako atal bat den neurrian, bere-bereak dituen eskumen-eremuetako kultur jarduerak sustatzeko gutxieneko arau batzuk izan ditzan.

Esandako horrek guztiak ondorio nagusi bat baino ez dauka, hots, eskuarki eragin zuzena Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan duen bertoko zein kanpoko kulturgintza sustatzeko izendatutako baliabide ekonomikoak konkurrentzia, objektibotasun eta publizitate printzipioen arabera banatzeko irizpideak ezartzen dituen eta, aldi berean, indarrean dagoen araudiarekin bat datorren tresna baten beharra dagoela.

Horiek horrela,

  1. Agindu honen xedea da bertan nahiz aplikagarri izan daitezkeen bestelako xedapenetan oinarrituz, Kultura Sailaren jarduera-eremuarekin bat etorrita ere, haren deialdien babesean diru-laguntzarik jaso ezin duten udalaz gaindiko eremuko kultur programa edo jarduera bereziak 2010. urtean burutzeko Kultura Sailari eskatzen zaizkion diru-laguntzak emateko modua finkatzea, beti ere honako Agindu honetan ezartzen den prozeduraren arabera.

  2. Deialdi honi begira, hona zer ulertzen den udalaz gaindiko eremuko kultur programa edo jarduera berezitzat: udal mailako zabalkunde-markoa gaindituta, kalitatearen, erabileraren edo helburuaren ikuspuntutik, eta haien balio komertziala edozein izanda ere, adierazpen kulturalak transmititzen dituzten jarduera, ondasun eta zerbitzuak. Jarduera kulturalak helburu izan daitezke edo ondasun eta zerbitzu kulturalen ekoizpenean lagundu dezakete.

  3. Halaber, hona zer ulertzen den adierazpen kulturaltzat: eduki kulturala duten pertsonen, taldeen eta gizarteen sormenaren ondoriozkoak. Adierazpen horiek, besteak beste, hitzen bidez igorritako mezuek, soinuek eta irudiek osatzen dituzte, edozein euskarri, ekintza edo objektu erabiltzen dela ere.

Agindu honen babesean aurkeztuko diren kultur programa edo jarduera bereziak 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean garatu beharko dira eta epe-luzapenik ez da inolaz ere onartuko.

Agindu honetara aurkeztuko diren kultur programa edo jarduera bereziak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira edo, besterik ezean, bertatik landa baldin eta euren xede nagusia euskal kulturaren edozein adierazpen sustatzea bada.

Agindu honetan ezarritako xedeari aurre egiteko seiehun hirurogeita lau eta bostehun mila (664.500) euroko gehienezko zenbatekoa erabiliko da; halere, zenbateko hori handitu ahal izango da xedapen gehigarrietako lehenengoan ezarritakoaren arabera.

  1. Honako agindu honek finkatzen dituen diru-laguntzak bertan aipatzen diren programa edo jarduera bereziak burutzeko asmoa duten pertsona juridikoek, publikoek zein pribatuek, jaso ahal izango dituzte, baldin eta eskabidea(k) aurkezten d(ir)en egunerako euren helbide soziala eta fiskala Europar Batasuneko zein Europar Gune Ekonomiko kide diren edozein lurraldetan badituzte.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

  3. Ezingo dute Agindu honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren indarrez.

Honako agindu honetatik kanpo geratuko dira ondoko programak edo jarduerak:

  1. Objektuari edo xedeari begira.

    1. Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuan Sailari esleitzen zaizkion eskumen-eremuetako baten batekin erlazio zuzenik ez dutenak.

    2. Kultura Sailak ezarritako beste agindu espezifikoago baten bidez bideratu behar izan zirenak, baldin eta eskabidea egitean agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta bazegoen eta, aldi berean, aurkezteko epea itxita bazegoen. Horren ondorioz:

      1. Eskaerak egiteko garaian onartzeko bidean dagoen aginduren batera edo, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta balego ere, aurkezteko epea itxita ez duen baten batera biltzeko modua izango duten programak edo jarduerak hobekien dagokien agindu zehatzean sartuko dira eta agindu horientzat bereziki ezarritako arauak aplikatuko zaizkie. Hori horrela, programa edo jarduera horiek jasotzen dituzten kasuan kasuko eskabideak beste agindu espezifikoago batera desbideratzeko ardura eta baita entitate interesdunari jakinaraztekoa ere Zerbitzu Zuzendaritzak hartuko du bere gain.

      2. Era berean, euren izaeragatik edo xedeagatik Kultura Saileko beste agindu espezifiko batera oker bildutako programak edo jarduerak agindu honen bitartez tramitatu ahal izango dira, baldin eta agindu honetako deialdian eskabideak aurkezteko epea irekita badago eta ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Horrelako kasuetan, aipatu programak edo jarduerak jasotzen dituzten eskabideak agindu honetara desbideratzeko ardura eta baita entitate interesdunari jakinaraztekoa ere eskaeraren hartzailea den kasuan kasuko jatorrizko deialdiaren organo kudeatzaileak hartuko du bere gain.

    3. Kultura Saileko beste edozein agindu espezifikoagotara biltzeko aukera egonda ere, jo eta horietatik kanpo geratzen direnak, dela programa horietarako ezarritako baldintza berezietakoren bat ez betetzeagatik, dela entitate interesdunari egotzi dakiokeen bestelako arrazoiren batengatik.

    4. Politika, erlijio, giza zein kultura mailako efemerideak gogorarazteko egin ohi diren antzezpenak edo errepresentazio bizidunak hala nola Erdi Aroko azoken eta antzekoen errekreazioak egitea xede dutenak.

    5. Ikasketa-bidaiak, ibilaldiak, txangoak, elkartrukeak edo antzekoak egitea xede dutenak.

    6. Xedea diseinu eta modarekin, hezkuntza arautuarekin, gizarte ekintzarekin, ingurumenarekin, nekazaritzarekin eta, azkenik, bitxigintza, urregintza zein artisautzarekin erlazio zuzen-zuzena dutenak

    7. Balioetan eta bakearen kulturan heztea, memoria historikoa berreskuratzea zein gerra zibilaren eta frankismoaren biktimen ezagutze morala lortzea xede dutenak. Zehazki, jarraian aipatzen diren arauzko xedapenen babesean laguntzagai izan daitezkeen programak edo jarduerak espresuki baztertuta geratzen dira: Memoria historikoa berreskuratzeko jarduerak eta proiektuak gauzatzeko diru-laguntzen deialdia egiten eta diru-laguntza horien oinarri arautzaileak ezartzen dituen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2009ko martxoaren 11ko Agindua (2009ko martxoaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 57 zenbakiduna) eta Gerra zibilarekin eta frankismoaren biktimekin zuzen-zuzen erlazionaturiko jarduerak gauzatzeko diru-laguntzetarako emateko modua arautzen duen eta, aldi berean, 2009. urterako dei egiten duen 2008ko abenduaren 3ko PRE/3536/2008 Agindua (2008ko abenduaren 5eko Estatuko Buletin Ofiziala, 293 zenbakiduna).

  2. Denbora-esparruari begira.

    1. 2010eko abenduaren 31tik haratagoko burutzeko epea dutenak.

  3. Lurralde-esparruari begira.

    1. Udalaz gaindiko zabalkunderik ez dutenak.

  4. Aurrekontuari begira.

    1. Kasuan kasuko programak edo jarduerak duen gastu-aurrekontuaren % 50 baino gehiagok honako xede hauetako baten bat dituenak:

      1. Inbertsioak egitea edo ibilgetu-elementuak finantzatzea.

      2. Web orrien zein Interneteko atarien diseinua, garapena, hobekuntza, aldaketa edo mantentzea.

      3. Datu-baseen mantentzea edota ustiatzea.

      4. Aldizkarien, liburuen edo egunkarien argitalpen digitalak egitea.

      54. On-line moduan kontsultatzeko produktuak egitea.

    2. % 40tik beherako finantziazio-maila propioa dutenak. Deialdi honi begira, hona zer ulertzen den programaren edo jardueraren finantziazio-mailatzat: gastu-aurrekontuarekiko baliabide ekonomikoak, ehunekotan adieraziak, zeintzuei kasuan kasuko entitate eskatzailearen diru-ekarpena ez ezik, entitateak berak izan ditzakeen bestelako diru-sarrerak eta nazioko edo nazioarteko iturri publiko zein pribatuetatik eskuratzea aurreikusten dituenak ere gehitu behar baitzaizkie, honako agindu honen babesean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari eskatzen zaion diru-kopurua guztizko zenbatekotik kanpo geratzen delarik.

  5. Hizkuntzari begira.

    1. Hartzaile edo onuradun nagusi haurrak edo gazteak izanik, euskaraz edo, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, garatuko ez direnak.

  6. Entitate eskatzaileari begira.

    1. Honako entitate mota hauek aurkeztutakoak:

      1. Merkataritzako entitateek, baldin eta euren kapitalaren gehiengoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena bada.

      2. Alderdi politikoek, hauteskunde-koalizioek, sindikatuek edo elkargo profesionalek eta baita horiekiko lotura organikoa duten fundazioek eta elkarteek ere.

  7. Jasotzaileei begira.

    1. Kasuan kasuko entitate eskatzailearen bazkideak onuradun bakarrak besterik ez dituztenak.

    2. Kasuan kasuko entitate eskatzaile bera onuradun dutenak. Horrelakoetan, entitate onuradunak jaso zezakeen diru-laguntza entitatearen azpiegitura-gastuei eta funtzionalei aurre egiteko baino ez luke erabiliko. Beste modu batean esanda, benetako kultur jarduera garatzerik ez dakarten programak.

  1. Agindu honek ezartzen dituen diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Horretarako, aurkeztutako eskabide guztiak elkarrekin alderatuko dira, eskariak hurrenkera jakin batean jartzeko, baina beti ere 14. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan harturik. Horrela, 50 puntu edo gehiago lortu duten eskabideei baino ez zaie diru-laguntza emango.

  2. Kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, deialdiarentzat izendatutako gehienezko diru-kopurua gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean modu zuzenki proportzionalean banatuko du Balorazio batzordeak.

    1. Aipatutako diru-banaketa kasuan kasu lortutako puntuazioaren eta eskatutako diru-kopuruaren arabera egingo da. Horretarako honako formula hau erabiliko da:

      S1 = (E1 X P1)/100

      non,

      Si = Programa edo jarduera bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa.

      Ei = Kasuan kasu eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa.

      Pi = Batzordeak programa edo jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.

    2. Aurreko apartatuan esandako moduan kalkulatutako diru-laguntzen baturak aurrekontuaren muga gainditzen badu, kasuan kasu eman beharreko diru-kopurua honela kalkulatuko da:

      non,

      Si = Aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari berez legokiokeen zenbatekoa.

      Si = Programa edo jarduera bakoitzari behin betiko ematen zaion zenbatekoa.

      D = Diru-laguntza jasoko duten programa edo jarduera guztien artean banatu beharreko zenbatekoa.

    3. Aurreko bi kasuetan, 15. artikuluak ezarritako mugak errespetatu egingo dira.

  1. Agindu honek finkatzen dituen diru-laguntzak kudeatzeko ardura Zerbitzu Zuzendaritzarena izango da.

  2. Halaber, zuzendaritza horren zeregina izango da diru-laguntza jaso duten programak edo jarduerak behar bezala burutzen ari direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskapenak edo egiaztapenak egitea, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak arlo horretan dituzten ahalmenei kalterik eragin gabe.

Agindu honen babesean eskabideak aurkezteko epea horrek eragina izango duen egunean bertan hasiko da eta 2010eko otsailaren 15ean bukatuko.

  1. Eskabideak, I. eranskineko ereduari jarraituta eta dokumentazio osagarriarekin batera, Zerbitzu zuzendariari zuzenduta aurkeztu behar dira. Aurkezteko tokiak honakoak dira: Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritza (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Bizkaiko Lurralde Zerbitzua (Gran Vía 85, Bilbao) edo Gipuzkoako Lurralde Zerbitzua (Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián). Eskabideak zuzenean entrega daitezke edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen (hemendik aurrera, AJL-APE) azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako edozein bide erabiliz.

  2. Entitate eskatzaileek laguntza-eskabidea aurkez dezakete, beharrezko dokumentazioarekin batera, haiek aukeratutako hizkuntza ofizialean. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  1. Aurretiazko argibideak.

    1. Entitateak diru-laguntza eskaera bat baino gehiago eginez gero, hari buruzko dokumentazioa eskabide bakar batekin baino ez da aurkeztu beharko.

    2. Eskaera egiten duen entitateak bere helbide soziala eta fiskala atzerrian izatekotan, 2.a), 2.b), 2.c), 2.d) eta 2.e) apartatuetan eskatutako dokumentazioa tokian tokiko herrialdean horren baliokidea dena aurkeztuz egiaztatu beharko da.

      2.a, 2.b eta 2.e apartatuetan eskatutako dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku baldin badago, ez da berriz ere aurkeztu behar, hala ezarrita baitago azaroaren 26ko 30/1992 AJL-APE Legearen 35.f artikuluan.

      Kasu honetan, entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak zinpeko aitorpen bat egin behar du, non adieraziko baitu dokumentazio hori indarrean dagoela eta, baita ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren noiz eta zein organotan edo bulegotan aurkeztu zen edo, hala badagokio, eman zen.

  2. Entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa.

    1. Estatutuen fotokopia (entitatearen izaera kontuan hartuta, indarrean dagoen legeriaren arabera entitateak nahitaez izan behar baditu) edo, entitate-motaren arabera, eraketa-eskriturarena.

    2. Entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta baita eskabidea egin duen egunean ordezkapena indarrean dagoela adierazten duen agiria ere. Egiaztatzea ahalordetze-eskrituraren fotokopiaren bidez egingo da edo, hala badagokio, eskumena duen organoak berariaz emandako egiaztagiriaren bidez.

    3. Entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena, non adieraziko baitu eskabidea egin duen egunean berak ordezkatzen duen entitatearen estatutuak edo, hala badagokio, eraketa-eskritura dagokion erregistro publikoan inskribatuta daudela.

      Aipatu aitorpena ez da aurkeztu beharko baldin eta, indarrean dagoen legeariaren arabera, estatutuak izatea nahitaezkoa izan arren, horiek erregistroan inskribatzea ezinbesteko lege-betekizuna ez bada.

    4. Entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena, non adieraziko baitu eskabidea egin duen egunean berak ordezkatzen duen entitateak ez duela zigor administratibo edo penalik diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

    5. Entitatearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakia egiaztatzen duen txartelaren fotokopia.

    6. Entitateak zerga-zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri gaurkotua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek, zerga mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren arabera.

      1. Fiskal arloari dagokionez, atzerrian helbideratuta dauden entitateek aurreko paragrafoan aipaturiko dokumentua aurkeztu behar izatetik salbuetsita badaude ere, kasuan kasuko bizileku-lurraldean eskumena duen organoak emandako bizileku fiskalaren ziurtagiria aurkeztea nahitaezkoa dute.

    7. Helbide soziala zein fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan duten entitateek honako hau ere aurkeztu beharko dute: kasuan kasuko entitatearen legezko ordezkariak izenpetutako zinpeko aitorpen bat, non adierazko baitu berak ordezkatzen duen entitateak ez duela jo giltza artean adierazten diren legez kanpoko eta bateraezinak diren laguntza fiskaletako batera edo gehiagotara {Araba I, II, III (CR 48/99, CR 49/99, CR 58/00); Bizkaia I, II, III (CR 52/99, CR 54/99, CR 60/00); Gipuzkoa I, II, III (CR 50/99, CR 53/99, CR 59/00)} edo, hala badagokio, laguntza fiskal horietako batera edo gehiagotara jo ondoren baten edo gehiagoren onuradun izanik, hori(ek) itzuli egin d(it)uela edota blokeaturiko kontu batean ordaindu egin d(it)uela, dagozkion interesak barne.

  3. Garatu nahi den programa edo jarduerari buruzko dokumentazioa:

    1. Programa edo jarduera zertan datzan adierazten duen memoria, ahalik eta xehatuena, zeinak, ahal den neurrian, gutxienez, honako aspektu hauek garatu beharko baititu:

      1. Kulturaren ikuspegitik programaren edo jardueraren interesa (arrazoitu).

      2. Euskararen erabilera programaren edo jardueraren garapenean (ikus II. eranskina) (arrazoitu).

      3. Programaren edo jardueraren onuradun-unibertsoa (arrazoitu).

      4. Programaren edo jardueraren lurralde-eragina (arrazoitu).

    2. Programaren edo jardueraren exekuzio-egutegia, posible bada, kronograma baten bitartez adierazita.

    3. Programaren edo jardueraren aurrekontu zehatza eta xehatua, eskaera egin duen entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetua.

      1. Entitate eskatzailea Balio Erantsiaren gaineko Zergaren aitorpena egitera behartuta badago, aipatu zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da inolaz ere gastu diruz lagungarritzat hartu. Hori horrela, entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, non adieraziko baitu berak ordezkatzen duen entitatea BEZ zergaren aitorpena behartuta dagoenentz eta, ondorioz, aurkeztutako gastu-aurrekontuak BEZ zergari dagokion zenbateko ez-kengarria barne hartzen duela edo, aldiz, zenbateko kengarria kanpoan uzten duela.

      2. Aurrekontuak orekatua beharko du izan, hots, gastuak berdin diru-sarrerak, eta diru-sarreren atalean honako datu hauek zehaztu beharko dira:

      2.1. Xede berberaz diru-laguntza(k) eskatu zai(zki)en edo, hala badagokio, eskatu asmo zai(zki)en nazio mailako zein nazioarteko herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen zerrenda zehatza.

      2.2. Aurreko paragrafoan aipaturiko herri administrazioei edo entitateei eskatutako diru-kopurua edo, besterik ezean, kasuan kasu jasotzea espero dena.

      2.3. Diru-laguntza guztien egoera (eskatzekoa, ebazpenaren zain, esleituta, ea.).

      2.4. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari eskatutako diru-kopurua.

      3. Eskabidea aurkezten den egunerako beste diru-laguntzarik eskatu ez bada edo hura aurkeztu ondoren beste diru-laguntzarik eskatzeko asmorik ez badago, hori horrela dela zinpeko aitorpen bidez adierazi beharko da. Aitorpena eskaera egiten duen entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetu beharko du.

    4. Aurkeztutako programa edo jarduera hobeto baloratu ahal izateko, eskaera egiten duen entitateak egokitzat jotzen duen nahi beste dokumentazio osagarri ere erantsi dezake.

      Dena dela, aurkeztutako programa edo jarduera(k) hobeto baloratze aldera, Zerbitzu Zuzendaritzak edo Balorazio batzordeak informazio eta dokumentazio gehiago eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei.

  4. Ordainketa egiteko dokumentazioa.

    1. Banku-helbideratzea Espainian duten entitate eskatzaileak badira:

      1. Banku-erakundeak (banketxeak edo aurrezki-entitateak) emandako edo ziurtatutako dokumentua-edo, zeinek, gutxienez, honako datuak jasoko baititu:

      1.1. Banku-erakundearen izena.

      1.2. Banku-erakundearen helbidea.

      1.3. Kontuaren zenbakia (20 digitu).

      1.4. Kontuaren titularra.

      Aipaturiko dokumentua-edo segituan aipatzen den interneteko helbidean aurkitu daitekeen Datuen Alta/Doakion Interesatua inprimakiaz (egoki beteta eta bertan eskatzen den dokumentazioaz lagunduta) ordezkatu daiteke (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/es/contenidos/autorizaciones/alta_terceros/es_7999/adjuntos/tercero_2.pdf).

    2. Banku-helbideratzea atzerrian duten entitate eskatzaileak badira:

      1. Banku-erakundeak (banketxeak edo aurrezki-entitateak) emandako edo ziurtatutako dokumentua-edo, zeinek, gutxienez, honako datuak jasoko baititu:

      1.1. Banku-erakundearen izena.

      1.2. Banku-erakundearen helbidea.

      1.3. IBAN (International Bank Account Number/Bankuko Kontuaren Nazioarteko Zenbakia).

      1.4. BIC (Bank Identifier Code/Bankuaren Identifikazio Kodea).

      1.5. Kontuaren titularra.

      Aipaturiko dokumentua-edo segituan aipatzen den interneteko helbidean aurkitu daitekeen Datuen Alta/Doakion Interesatua inprimakiaz (egoki beteta eta bertan eskatzen den dokumentazioaz lagunduta) ordezkatu daiteke (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/es/contenidos/autorizaciones/alta_terceros/es_7999/adjuntos/tercero_2_internacional.pdf).

  1. Kasuan kasuko eskabidea aztertuta, horrek akatsen bat duela edo osatugabea dela Zerbitzu Zuzendaritza ohartuz gero, zuzendaritzak berak eskabidea egin duen entitate interesdunari eskatuko dio, idatziz, akatsa zuzen dezala edota falta den dokumentazioa bidal dezala eta horretarako hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpen-idazkia jasotzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita. Horretaz gain, eskaera egin duen entitate interesdunari igortzen zaion jakinarazpen-idazkian honako hau ere adieraziko zaio: eskatutako oro horretarako dagoen epean aurkeztu ezik, azaroaren 26ko 30/1992 AJL-APE Legearen 42. eta 71. artikuluetan ezarritakoaren arabera dagokion ebazpena emanda, eskabidearen tramitazioan atzera egin duela ulertuko dela.

  2. Atzera egin izanaren berariazko ebazpena hilabeteko epean jakinaraziko zaio entitate interesdunari, aurreko puntuan adierazitako epea bukatzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.

  1. Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio batzorde bat osatuko da jarraian azaltzen de moduan:

    1. Batzordeburua: Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaria.

    2. Batzordekideak:

      1) Kultura Sustatzeko zuzendaria edo, bestela, berak izendatutako zuzendaritza bereko teknikari bat.

      2) Kultura Ondarearen zuzendaria edo, bestela, berak izendatutako zuzendaritza bereko teknikari bat.

      3) Euskara Sustatzeko zuzendaria edo, bestela, berak izendatutako zuzendaritza bereko teknikari bat.

      4) Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzaren eskumen-eremu ezberdinetako bi teknikari, sailburuordeak izendatutakoak.

    3. Idazkaria: Zerbitzu zuzendariak izendatutako zuzendaritza bereko teknikari bat. Teknikari honek ez du izango botoa emateko eskubiderik; bai, ordea, iritzia ematekoa.

  2. Lehenengo bilera egin aurretik, batzordea osatzen duten kideen izendapena jendaurrean jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaraturiko Zerbitzu zuzendariaren ebazpen baten bidez. Hartara, entitate interesdun orok azaroaren 26ko 30/1992 AJL-APE Legearen 29. artikuluan jasotako eskubideak erabili ahalko ditu.

  3. Balorazio batzordeak, beharrezko iritziz gero, aholkularitza eskatu ahal izango du sailaren barruan edo kanpoan.

  4. Eskabideak aurkezteko epea amaituta, batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Kultura sailburuari hiru hilabeteko epean.

    Proposamen horrek honako aspektu hauek zehaztuko ditu:

    1. Entitate onuradunen zerrenda, diru-laguntza jaso dezaketen programak edo jarduerak eta kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa.

    2. Diru-laguntzarik jasoko ez duten entitateen zerrenda, bazter utzi daitezkeen programak edo jarduerak eta hori horrela izateko kasuan kasuko arrazoia.

Ebazpen-proposamena egiteko, Balorazio batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

  1. Programak edo jarduerak kulturaren ikuspegitik izan dezakeen interes-maila (% 50).

  2. Euskararen erabilera programaren edo jardueraren garapenean (% 15) (ikus II. eranskina).

  3. Programaren edo jardueraren autofinantziazioa (% 15). Bere maila neurtzeko, nazio mailako zein nazioarteko beste administrazio publikoen diru-sarrerak izan ezik (Kultura Sailari eskatutako diru-kopurua barne), gainerako diru-sarrera mota guztiak hartuko dira kontuan [(autofinantziazioa - 40) x 15/60].

  4. Programaren edo jardueraren balizko onuradun-unibertsoa (% 10).

  5. Programaren edo jardueraren lurralde-eragina (% 10).

Agindu honen babesean eman daitekeen kasuan kasuko diru-laguntza ezingo da programa edo jarduera horretarako aurkeztutako aurrekontu osoaren % 60 baino handiagoa izan, ez eta 30.000 eurotik gorakoa ere.

  1. Agindu honek araututako diru-laguntzak eta, xede berberaz, nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioek edo entitate publiko zein pribatuek esleitu ditzaketenak bateragarriak izango dira, azkeneko horiek, bakarka hartuta zein batera metatuta, ezingo direlarik, inolaz ere, entitate onuradunak burututako programaren edo jardueraren kostua baino handiagoa izan ez eta eskabidearekin batera aurreikusitako gastu-aurrekontua baino handiagoa ere.

  2. Edonola ere, Agindu honen babesean araututako diru-laguntzak eta, xede berberaz, Administrazio bereko beste edozein organok eman ditzakeenak bateraezinak dira.

  3. Diru-laguntzak esleitzeko kontuan izandako edozein baldintza aldatzeak, eta, edozein kasutan, diruz lagundutako programaren edo jardueraren kostua gainditzen duten nazio mailako zein nazioarteko herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-laguntzak metaketa bidez eskuratzeak esleipen-erabakia aldatzea ekarriko du eta baita, hala badagokio, entitate onuradunak jasotako zenbatekoa itzuli behar izatea ere.

  1. Balorazio batzordeak egindako proposamenaren argitan, Kultura sailburuak dagokion ebazpena emango du. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaitzen du eta interesdunek, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote ebazpena eman duen organoari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpen-idazkia jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Sailari bi hilabeteko epean, jakinarazpen-idazkia jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  2. Prozeduraren ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, honako agindu honek eragina izango duen egunean bertan zenbatzen hasita. Epea igarota eta entitate interesdunek ebazpenaren jakinarazpen-idazkirik jaso ez badute, eskabidea(k) ezetsi d(ir)ela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 AJL-APE Legearen 44. artikuluan aurreikusi bezala, nahiz eta horrek ez salbuetsi lege horrek Administrazioari ebazpen adierazia emateko ezartzen dion betekizuna.

  3. Ebazpena entitate interesdun orori jakinarazteaz gain, entitate onuradunak, diru-laguntza jaso duten programak edo jarduerak eta kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa jasotzen dituen Zerbitzu zuzendariaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko dira, jendeak horren berri izan dezan.

Agindu honen bitartez araututako diru-laguntzen entitate onuradunek honako hauek bete behar dituzte:

  1. Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hartara, entitate onuradunak laguntza onartzen duela adierazteko hamabost egun balioduneko epea izango du, jakinarazpen-idazkia jasotzen duen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Epe horretan adierazpenik egin ezean, laguntza onartzen duela ulertuko da, horrek dakartzan eskubide eta betebehar guztiekin.

  2. Diru-laguntza esleitzea oinarri den programa edo jarduera burutzea, diru-laguntza jasotako programak edo jarduerak aurreikusitako exekuzio- eta justifikazio-epeak hala nola programetatik edo jardueretatik eratortzen diren xehetasunak betez.

  3. Emandako diru-laguntza programaren edo jardueraren exekuzioak sortarazitako gastuei aurre egiteko erabiltzea, diru-laguntza jasotzeko aurkeztu duen aurrekontuan ezarritakoaren arabera.

  4. Egiaztatze-jarduerei men egitea eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari, Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

  5. Diruz lagundutako jardueraren/jardueren hasierako programa aldarazi dezakeen/ditzakeen edozein intzidentziaren edo gertakariren berri Zerbitzu Zuzendaritzari eman beharko dio entitate onuradunak eta baita, jakinarazitako aldaketa gauzatu baino lehenago, Kultura sailburuaren baimena jaso ere. Edonola ere, aldaketak ezingo du eraginik izan jarduketaren izaeran, hots, diruz lagundutako programaren zein jardueraren objektuan edo xedean.

  6. Xede berberaz nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzen edo laguntzen berri ematea Zerbitzu Zuzendaritzari.

  7. Diruz lagundutako programa edo jarduera promozionatzeko egindako testu, dokumentu eta antzeko elementuetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntza jaso dela adierazten duen aipamena egitea. Aipamen hori euskaraz egin beharko da edo, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.

    Diruz lagundutako programak edo jarduerak bestelako finantziazio-iturriak izanik eta, aldi berean, entitate onuradunak hori horrela dela publizitatu beharra izanez gero, Kultura Sailak esleitutako diru-laguntzari entitate onuradunak eskainitako zabalkunde-bideek eta garrantziak bestelako finantziazio-iturrienekiko antzekoak izan beharko dute.

  8. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzio-aldian hizkera ez-sexista erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera ez-estereotipatua egitea.

  9. Ordenamendu juridikoak eta, bereziki, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen duen beste edozein.

Agindu honetan oinarrituz esleitutako diru-laguntza bi zatitan ordainduko da:

  1. Lehenengo zatiaren ordainketa, diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita hamabosta (% 75), diru-laguntza onartzen den egunetik zenbatzen hasi eta handik hilabeteko epean.

  2. Bigarrenarena, baldin eta hala badagokio, diru-laguntza osoaren ehuneko hogeita hamabosta (% 25), diru-laguntza behin zurituta, baldin eta justifikazioa zuzena, nahikoa eta egokia bada.

    1. Kasuan kasuko hirugarren interesdunari egin beharreko ordainketa(k) gauzatu d(ir)ela egiaztatzen du(t)en dokumentu bat edo gehiago izan ezik, diruz lagundutako programaren edo jardueraren/jardueren objektua(k) edo xede(a)k zuzen, nahiko eta egoki betea(k) izanik, esleitutako diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketa tramitatu ahal izango da, zeinaren gerorako justifikazioa edo zuriketa 23.2 artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztearen menpe gelditzen baita.

Esleitutako diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko bi hilabeteko epea egongo da, diruz lagundutako programa edo jarduera bukatzen den egunetik kontatzen hasita. Edonola ere, 2011ko otsailaren 1a baino lehen zuritu beharko da.

Justifikazioak, III. eranskineko ereduari jarraituta eta dokumentazio osagarriarekin batera, Zerbitzu zuzendariari zuzenduta aurkeztu behar dira. Aurkezteko tokiak honakoak dira: Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritza (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Bizkaiko Lurralde Zerbitzua (Gran Vía 85, Bilbao) edo Gipuzkoako Lurralde Zerbitzua (Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián). Eskabideak zuzenean entrega daitezke edo, bestela, azaroaren 26ko 30/1992 AJL-APE Legean ezarritako edozein bide erabiliz.

  1. Entitate onuraduna beste administrazio publikoa bat ez den kasuetan:

    1. Diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako programa edo jardueraren gaineko memoria deskriptiboa, ahalik eta zehatzena, non haren exekuzioa, betetze-maila eta ebaluazioa ere jaso behar baitira.

    2. Diruz lagundutako programa edo jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru-sarrerak), ahalik eta zehatzena, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetutako zinpeko aitorpen bidez.

      1. Aurrekontuak orekatua beharko du izan, hots, gastuak berdin diru-sarrerak, eta diru-sarreren atalean honako datu hauek, besteak beste, zehaztu beharko dira:

      1.1. Entitate onuradunaren behin betiko diru-ekarpena.

      1.2. Xede berberaz nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-ekarpenak.

      1.2.1. Diruz lagundutako programa edo jarduera burutzeko entitate onuradunak Kultura Sailak emandakoaz gain bestelako laguntzarik edo diru-laguntzarik jaso ezik, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko da, entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetua.

      1.3. Kultura Sailak esleitutako diru-laguntza.

      1.4. Beharrezkoa izanez gero, aurrekontu-oreka lortze aldera, entitate onuradunak jarritako diru-kopuru osagarria, zeina entitate onuradunak metatutako defizit gisako zenbatekotzat hartuko baita.

    3. Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nomina oro edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiri oro jasotzen dituen zerrenda ulergarria, IV. eranskineko ereduari jarraituta. Zerrendari honako hau atxikitu beharko zaio: entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoak izenpetutako zinpeko aitorpena, non, berariaz, adieraziko baita zerrendatutako nominetako, fakturetako zein ordainagirietako bakoitzak esleitutako diru-laguntzaren objektuarekin edo xedearekin zerikusi zuzena baino zuzenagoa duela.

      1. Entitate onuraduna Balio Erantsiaren Gaineko Zergaren aitorpena egitera behartuta badago, aipatu zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da inolaz ere egindako gastutzat hartu eta, ondorioz, justifikagirien zerga-oinarriari dagokion zenbatekoa besterik ez da izango gastu justifikatua. Hori horrela, entitatea ordezkatzeko lege-ahalmena duen pertsona fisikoaren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da, non adieraziko baitu berak ordezkatzen duen entitatea BEZ zergaren aitorpena behartuta dagoenentz eta, ondorioz, aurkeztutako gastu-aurrekontuak BEZ zergari dagokion zenbateko ez-kengarria barne hartzen duela edo, aldiz, zenbateko kengarria kanpoan uzten duela.

      2. Salbuespen gisa, eskabide-orriarekin batera aurkeztutako hasierako gastu-aurrekontua 100.000 eurotik gorakoa bada, diru-muga hori iritsi arterainoko gastuen zerrendaketa baino ez da aurkeztu beharko.

      3. Dena dela, Zerbitzu Zuzendaritzak hala eskatzen badu eta beti ere esleitutako diru-laguntza behar bezala justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko epea bukatu eta handik hiru hilabeteko epean, exekutatutako gastu osoa estaldu arteko gainontzekoen zerrenda zuzendaritza horren esku jarriko dutelako konpromisoa beren gain hartzen dute entitate onuradunek.

    4. Diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzioa dela-eta ordaindutako nominak edota sortarazitako gastuen faktura edo ordainagiriak, diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontu osoaren pareko zenbatekoari dagozkionak. Kasuan kasuko hirugarren interesdunari egin beharreko ordainketa gauzatu dela egiaztatzen duen dokumentu edo agiriren bat fakturarekin zein ordainagiriarekin batera aurkeztea nahitaezko baldintza da.

      1. Eskuarki, gastu-justifikantetzat hartzen diren dokumentu edo agiriak nominak eta fakturak edo ordainagiriak dira. Horiek guztiek, baliozkoak izateko, enpresariek eta profesionalek fakturak egin eta emateko beharra arautzen duen indarreango araudi fiskalak ezartzen dituen baldintza guztiak bete beharko dituzte.

      2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren aurrekontuen kontura (Kultura Sailarenera) egiten den finantzazioak diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontuaren % 50a gainditzen ez badu, ordaindutako nominak edota programa edo jardueraren exekuzioak sortarazitako gastuen egiaztagiriak ere aurkeztu beharra dagoen arren, horiek, salbuespen gisa, esleitutako diru-laguntzaren pareko zenbatekoari dagozkionak baino ez dira izan behar.

      3. Dena dela, Zerbitzu Zuzendaritzak hala eskatzen badu eta beti ere esleitutako diru-laguntza behar bezala justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko epea bukatu eta handik hiru hilabeteko epean, diru-laguntza eskuratzeko eskabide-orriarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontuaren zenbateko osoari dagozkion gainontzeko gastuen egiaztagiriak zuzendaritza horren esku jarriko dituztelako konpromisoa beren gain hartzen dute entitate onuradunek.

      4. Gastuen egiaztagiriak aurkezteko moduari dagokionez, jatorrizkoak besterik ez dira onartuko, edo besterik ezean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak edo dagokion Lurralde Historikoko Kulturako Lurralde Zerbitzuak konpultsatutako fotokopiak.

    5. Diruz lagundutako programa edo jarduera dela-eta sortutako material orotatik bina ale -hizkuntz bertsio guztietan eta euskarri fisiko, optiko nahiz magnetikoan-, zeinetan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntza jaso dela adierazi beharko baita.

      1. Diruz lagundutako programak edo jarduerak bestelako finantziazio-iturriak izanik eta, aldi berean, entitate onuradunak hori horrela dela publizitatu beharra izanez gero, Kultura Sailak esleitutako diru-laguntzari entitate onuradunak eskainitako zabalkunde-bideek eta garrantziak bestelako finantziazio-iturrienekiko antzekoak izan beharko dute.

      2. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntza jaso dela adierazten duen aipamena euskaraz egin beharko da edo, besterik ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan. Nolanahi ere, konpromiso hori ez dute bete beharko programa edo jarduera buruturik edukita diru-laguntzaren baten onuradunak direla adierazten duen jakinarazpen-idazkia jasoko duten entitateek.

    6. Diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketa 2011. urtean egiten bada, aurreko dokumentazioaz gain, entitate onuradunak zerga-zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri gaurkotua ere erantsi beharko da, zerga mailako obligazioak bete direla egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren arabera.

      1. Fiskal arloari dagokionez atzerrian helbideratuta dauden entitateek aurreko paragrafoan aipaturiko dokumentua aurkeztu behar izatetik salbuetsita badaude ere, kasuan kasuko bizileku-lurraldean eskumena duen organoak emandako bizileku fiskalaren ziurtagiria aurkeztea nahitaezkoa dute.

  2. Entitate onuraduna beste administrazio publiko bat den kasuetan:

    Aurreko puntuaren a), b) [zinpeko aitorpena kasuan kasu eskumena duen organoak emandako ziurtagiri batez ordezkatuz] eta e) apartatuetan aipatutako dokumentazioa.

  1. Kasuan kasuko justifikazioa aztertuta, horrek akatsen bat duela edo osatugabea dela Zerbitzu Zuzendaritza ohartuz gero, zuzendaritzak berak entitate interesdunari eskatuko dio, idatziz, akatsa(k) zuzen dezala/ditzala edota falta d(ir)en dokumentua(k) bidal dezala/ditzala eta horretarako hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpen-idazkia jasotzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.

    Horretaz gain, justifikazioa aurkeztu duen entitate interesdunari igortzen zaion jakinarazpen-idazkian honako hau ere adieraziko zaio: eskatutako oro ezarritako epean aurkeztu ezik, honako agindu honen 26. artikuluak aipatzen dituen suposamenduetako batean sartuko litzatekeela entitate onuraduna eta, ondorioz, aipatu artikuluaren 2. puntuak dioena aplikatuko litzatekeela.

  2. Eskatutako dokumentazioa aurkeztutako gastu-justifikante bati edo gehiagori dago(z)kion kasuan kasuko hirugarren interesdunari/ei egin beharreko ordainketa(k) gauzatu d(ir)ela egiaztatzen du(t)ena izanez gero, aurkezteko epea hilabetekoa izango da, jakinarazpen-idazkia jasotzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita. Nolanahi ere, egoera honek ez du 19.2.a) artikuluak aipatzen duen bigarren zatia ordaintzeko izapidetza eragozten.

    Kasu honetan, entitate interesdunari igortzen zaion jakinarazpen-idazkian honako hau ere adieraziko zaio: eskatutako dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu ezik, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa gutxiagotuko litzatekeela, horretarako propio emandako Kitapen-Ebazpen baten bitartez.

  1. Entitate onuradunak aurkeztutako justifikazioan bertan jakinarazten badu ebazpena emateko unean kontuan edukitako baldintzetan ebazpena bera alda zezakeeen intzidentziaren edo gertakariren bat izan dela eta aldaketa horiek egin baino lehen, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.12 artikuluari jarraiki, eskumena duen organoak eman behar duen administrazio-baimenaren tramitea alde batera utzi dela, organo emaileak aurkeztutako justifikazio hori onar dezake, baldin eta ez bada kalterik sortzen hirugarrenentzat.

  2. Justifikazio-aldian organo emaileak aldaketak onartzeak ez du onuraduna salbuesten legozkiokeen bestelako zigorretatik.

  1. Irizpideak.

    1. Eskabidearekin batera aurkeztutako hasierako gastu-aurrekontua baino handiagokoa justifikatzeak ez dakar, inola ere, esleitutako behin-behineko diru-laguntzaren zenbatekoa gehitzeko eskubiderik.

    2. Diru-laguntzak emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta, edozein kasutan, diruz lagundutako programaren edo jardueraren kostua gainditzen duten nazio mailako zein nazioarteko bestelako herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-laguntzak metaketa bidez eskuratzeak esleipen-erabakia aldatzea ekarriko du eta baita, hala badagokio, entitate onuradunak jasotako zenbatekoa itzuli behar izatea ere.

    3. Diru-laguntzak esleitzearekin batera ezarritako baldintzaren bat edo gehiago ez betetzeak eragindako balizko aldaketetan aplikatuko diren graduazio-irizpideak zuzenki proportzionalak izango dira, beti ere honako bi aspektu kontuan harturik: alde batetik, aurkeztutako proiektuak eta behin betikoz gauzatutakoak eta, bestetik, aurreikusitako burutze-aurrekontua eta behin betikoz exekutatutakoa.

    4. Partezko edo zatikako ez betetze kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko proportzionaltasun-printzipioa gidari izango da, kontuan hartuta, alde batetik, guztizko betetzearen eta partezkoaren arteko aldea nabarmena izan ez dadila eta, bestetik, entitate onuradunak bere gain hartutako konpromisoak betetzearen aldeko zalantzabako jarduna egon dadila.

      1. Hori horrela, diruz lagundutako programa edo jardueraren xedea beteta ere, aurreikusitako burutze-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren artean alde bat badago, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta jarraian jakinarazten diren hiru zirkunstantziak aldi berean gertatzen badira:

      1.1. Aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren arteko aldea % 15a edo hortik beherakoa izatea.

      1.2. Behin betiko diru-laguntza bene-benetan exekutatutako gastuaren % 60a ez gainditzea.

      1.3. Gainfinantziaziorik ez gertatzea.

      2. Horiek horrela ez badira gertatzen, kasuan kasuko Kitapen-Ebazpena emango du eskumena duen organoak, eta esleitutako diru-laguntzaren murrizketa-gradua aldi berean gertatu ez den aipatu hiri zirkunstantzia horietako baten araberakoa izango da.

  2. Prozedura.

    Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren bigarren ordainketa gutxitu behar izatea edo hura bertan behera utzi beharra gertatuz gero, eta, hala badagokio, jasotakoa, oso-osorik nahiz haren zati bat, dena delako arrazoiarengatik Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar izanez gero, Kultura sailburuak kitapen-ebazpen indibidualizatua emango du egiaztagiriak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasi eta handik bi hilabeteko epean, eta, hala badagokio, bi hilabeteko epea emango du ebazpenaren jakinarazpen-idazkia jasotzen denetik, dagokion diru itzulketa egin ahal izateko. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaitzen du eta interesdunek, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote ebazpena eman duen organoari hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpen-idazkia jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Sailari bi hilabeteko epean, jakinarazpen-idazkia jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

  1. Honako hauek joko dira ez-betetzetzat:

    1. Esleitutako diru-laguntza ez justifikatzea eta baita justifikaziorako aurkeztutako dokumentazioa zuzentzeko edota osatzeko errekerimenduari kasorik ez egitea ere, kasuan kasu 23.1 artikuluak ezarritako epeetan.

    2. Laguntza jasotzea horretarako ezinbestekoak diren baldintzak bete gabe.

    3. Jasotako diru-laguntza osoa edo haren zati bat lagundutako programak edo jarduerak ez diren bestelakoetarako erabiltzea.

    4. Kitapen-ebazpenak diru-kopuru jakin bat itzuli behar izatea ekarriz gero, diru-kopuru hori horretarako ezarritako epean ez itzultzea.

    5. Kultura Sailaren, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrol-lanari uko egitea edo oztopatzea.

    6. Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo bestelako xedapenek izaera orokorrez betetzeko ezartzen duten beste edozein betebehar ez betetzea.

  2. Artikulu honen aurreko zenbakian ez-betetzat jotako suposamenduren bat gertatzen dela egiaztatzen bada, horrek ekarriko du ezingo zaiola exijitu Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari diru-laguntzaren ordainketa egitea eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta kasuan kasu dagozkion interes legalak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako itzulketaz gainera, balizko zigor-prozedura ireki daiteke ikusten bada Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntza eta diru-laguntzei buruzko xedapenak urratu direla, lehen aipaturiko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Honako agindu honi aplikagarri zaion arau-hauste eta zigorren erregiimena da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak jasotzen duena (V. Idazpurua, III. Atalburuak, 62-65. artikuluak, biak barne/11 zenbakidun 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).

Lehenengoa. 1. artikuluan izendatutako guztizko diru-zenbatekoa aldatu ahal izango da eskatutako laguntza guztien zenbatekoa kontuan izanda eta deialdi honetako eskabideak ebatzi aurretik, Kultura Sailean beste egitarau batzuk egin ondoren ahitu gabe geratutako aurrekontuko diru erabilgarriaren arabera. Aipatutakoaren berri eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kultura sailburuaren ebazpen baten bitartez.

Bigarrena. Prozedurari dagokionez, agindu honetan aurreikusi ez diren alderdietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 AJL-APE Legea aplikatuko da.

Hirugarrena. Honako agindu honen izapidetza dela-eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak eskuratuko dituen norberaren datuak fitxategi automatizatu batean sartuko ditu, ondoren erabili ahal izateko, Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikok xedatutakoaren arabera.

Fitxategiko datuok ez zaizkio beste inori lagako eta fitxategia Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko.

Aipatutako Lege horretan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara idazki bat bidali beharko da: Zerbitzu Zuzendaritza (fitxategiaren administrazio-organo arduraduna), Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Laugarrena. Honako agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen eraginkortasuna Europar Batzordeak baimendua izan edo baimendutzat ematearen menpe dago.

Bosgarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010. urteko Aurrekontu Orokorretan behar besteko ordainketa-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzen ebazpena.

Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Kultura sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Sailari bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bigarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 10a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik