- AGINDUA, 2009ko abenduaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, paperezko udal-mapa toponimikoak egiteko diru-laguntzak arautzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2009ko abenduaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, paperezko udal-mapa toponimikoak egiteko diru-laguntzak arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 249
- Hurrenkera-zk.: 6774
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2009/12/10
- Argitaratze-data: 2009/12/29
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Hirigintza eta etxebizita
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko udalei paperezko udal-mapa toponimikoak egiteko diru-laguntzak emateko da agindu hau. Orain arte bezala, aurrerantzean ere mapa horiek sustatzeko eta garatzeko asmoa daukagu, jende artean erraz zabaltzeko modukoak direlako, herritar guztientzat direlako erakargarriak, hainbat lan-arlotarako balio dutelako eta lurralde osorako balio dutelako.
Hori dela eta, Gobernu Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen du agindu horrek), hau
Agindu honen xedea da honako lan hauek egiteko soldatak ordaintzeko diru-laguntzak arautzea:
Paperezko udal-mapa toponimikoa, 1/30.000 eskalakoa edo zehatzagoa. Eskaria udal batek egiten badu, mapak udal-lurralde osoa bildu beharko du, edo, 3. artikuluan zehazturik ez dagoen beste erakunderen batek eskatzen badu diru-laguntza, ordezkatzen duen lurralde osoa bildu beharko du.
Lanerako oinarri modura, erakunde eskari-egileak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren leku-izenak erabiliko ditu. Leku-izen horiek eskuratzeko, idatziz eskatu beharko dio.
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzako Lurralde Informaziorako Zerbitzuak emango du gutxieneko oinarri teknikoen plegua, eta orri horren arabera egin beharko dira lanak.
Agindu honetan jasota datorren araubidearen itzalpean, lan hauek jaso dezakete diru-laguntza: 8. artikuluko kontratazio-baldintzak bete behar dituzte eta agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren hasitakoak behar dute izan. Ildo horretatik, 6.3 artikuluan ezarritakorekin bat etorriz, agindu hau EHAAn argitaratu arte, bi urte baino mapa zaharragoak berritzeko edo eguneratzeko lanak ere lagundu daitezke diruz. Epe hori aurreko lanaren faktura-egunetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta agindu hau EHAAn argitaratzen den egunera arte.
Diru-laguntza hauek ordaintzeko, 475.030 euro erabiliko ditugu.
Agindu honetan zehazturik dauden baldintzak, eskakizunak eta prozedurak betez gero, diru-laguntza honetako onuradunak izan daitezke Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalak, partzuergoak, mankomunitateak eta udal-elkarteak.
Diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, ordaindu behar badira, ordaindu ahal izateko, beste baldintza hau ere bete beharko da: lehenagotik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak emandako mota bereko diru-laguntza edo laguntzen kopururen bat itzultzeke edo zehapenen bat betetzeke baldin badago, ezinbestekoa izango da prozedura hori ebatzita uztea.
Diru-laguntzak eskuratzeko, erakunde eskari-egileek ezin dute, zigor-arloan edo administrazio-arloan zehaturik daudela-eta, diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galduta eduki, edo, legezko debekuren baten pean daudela-eta, halakoak jasotzeko gaitasun gabe egon.
Diru-laguntza eskatzeko aurkeztu beharreko agirien zerrenda duzue jarraian. Alkateek edo mankomunitateetako, udal-elkarteetako edo partzuergoetako lehendakariek aurkeztu behar dituzte, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, Zuzenean zerbitzuko herritarrei laguntzeko guneetan (telefonoa: 012; edo webgunean: www.euskadi.net) zein Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzan, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako bideetako edozein erabiliz. Hona hemen agiri horiek:
Eskabidea bera. Mapa zein eskalatakoa izango den ere zehaztu behar da, 1.1 artikuluaren arabera.
Beste erakunderen batean gauza bera egiteko diru-laguntzarik eskatu bada, edo jaso bada, laguntza horiek zenbatekoak diren egiaztatzeko agiriak. Beste diru-laguntzarik ez bada ez eskatu ez jaso, adierazpen batean hala adierazi, sinatu, eta eskabideari erantsi.
Laguntza eskatzen duen erakundeak adierazpen bat aurkeztu beharko du, esateko ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehazpen penal edo administratiborik eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere ez duela.
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzak ikusten baldin badu eskabidean badela akatsen bat edo zehatz-zehatza ez den zer edo zer, eskari-egileari jakinaraziko dio eta 10 egun emango dizkio zuzendu beharrekoa zuzentzeko. Epe hori zuzenketarik egin gabe igaroz gero, eskabideari uko egin diola ulertuko da, horretarako behar den ebazpena eman ondoren (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak xedatzen duenaren arabera emandako ebazpena).
Formula hau erabiliko da diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa zehazteko:
Kontu egin «H» gehieneko diru-laguntza dela, eurotan; eta «S» dena delako herriaren, partzuergoaren edo udal-elkartearen azalera, kilometro koadrotan.
H = 10.000, baldin eta «S» 30 km2koa edo txikiagoa bada.
H = 9.000 + 100 x S/3, baldin eta «S» 30 eta 90 km2 bitartekoa bada.
H = 12.000, baldin eta «S» 90 km2koa edo handiagoa bada.
Diru-laguntza ez da inoiz 12.000 euro baino gehiagokoa izango.
Beste muga bat ere badago, agindu honen itzalpean ordaindutako diru-laguntzek inoiz ere gainditu ezin dutena: fakturan jasota dauden lanen artetik, diruz lagundutako horiek burutzeko soldaten kostu garbiaren % 75 (soldata garbia: BEZ eta gainerako zergak kenduta).
Agindu honen 6. artikuluan jasota datorren hainbanatze-irizpidea dela-eta, baliteke, azkenean, artikulu honetako formula horiek aplikatuz lortzen direnak baino kopuru txikiagoak ordaintzea.
Diru-laguntza esleitzeko, 7. artikuluko kudeaketa-organoak irizpide hauek izango ditu kontuan:
Mapa estreinakoz egin behar duten erakundeen eskabideak hartuko dira lehenengo aintzat.
Eskabide horiei dagozkien diru-laguntzak 5.1) artikuluan jarrita dagoen bezala kalkulatu, eta ateratzen den kopurua 2. artikuluan jasota datorren gehienezko kopurua baino handiagoa baldin bada, bakoitzari zenbat eman jakiteko, gehienezko kopuru hori hainbanatu egin beharko da.
Ordea, lehentasunezko eskabide horiei erantzun, eta oraindik dirurik sobran baldin badago, berritzeko edo eguneratzeko eskabideak hartuko dira segidan aintzakotzat. Horretarako, 1.2 artikuluan jasota dagoen antzinatasun-irizpidea bete beharko dute, eta zaharrenetik berrienera banatuko da dirua, harik eta, amaitzen bada, dirua amaitu arte.
Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusten diren prozedurak kudeatzeko lanak egitea.
Lurralde Antolamenduko zuzendariak eta zuzendaritza horretako bi teknikarik egingo dute diru-laguntzak emateko dena delako proposamena (teknikari horiek zuzendariak izendatuko ditu). Gero, proposamen hori Lurralde Antolamendu eta Uren sailburuordearen eskuetan utziko dute, eta hark ebatziko du dena delako diru-laguntza eman edo ez, eta, ematekotan, zenbatekoa izango den. Eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunaren biharamunetik aurrera, gehienez hiru hilabeteko epea izango du ebazpen hori hartzeko.
Diru-laguntza eskatu duten erakundeei ebazpenaren berri banan-banan eman behar zaie. Horrek ez du esan nahi Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar ez denik, denok izan dezagun ebazpenaren berri.
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, jakinarazpenaren biharamunetik hilabeteko epea amaitu baino lehen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jartzen duenaren arabera.
Epe hori amaitu eta oraindik ez bada ezer jakinarazi, erantzuna ezezkoa dela pentsa daiteke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan zehazturik dauden ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi ordea, lege horretan hala jartzen baitu, administrazioak berariaz ebatzi beharrik ez duenik.
Diru-laguntzak esleitzeko ebazpenean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 51.7 artikuluan aipatzen diren xehetasun guztiak eman beharko dira. Dekretu horren bidez, hain zuzen ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen. Hona hemen xehetasun horiek:
Diru-laguntzen kontzeptuak eta zenbatekoak.
Gehienezko epeak, hauek hain zuzen ere:
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak diru-laguntzaren esleipen-ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, laguntza jasotzen duen erakundeak gehienez ere hiru hilabeteko epea izango du diruz lagundutako lanak egiteko.
Lanak esleitzen zaizkien taldeekin hitzartzen diren kontratuetan, beren beregiz jasota utzi beharko da gehienez ere noiz arteko epea dagoen lanak idazteko. Aholkularitza-enpresekin kontratua sinatzen denetik aurrera hasiko dira zenbatzen epe horiek (kontratu horien kopia bat Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzara bidali beharko da). Gehienenezko epe hori hamabi hilabetekoa izango da.
Badago epe hori luzatzeko aukera, Lurralde Antolamenduko zuzendariaren ebazpen bidez. Horretarako, erakunde onuradunak luzapen-eskabide bat aurkeztu beharko du, lanak garaiz egin ezinik dabiltzala igarri bezain azkar, eta, hori bai, epea amaitu baino lehen, beti. Eskabide horrekin batera, txosten batean jasota, luzapena zergatik eskatzen duten azaldu beharko dute, eta dena delako agiria aurkezteko zein epe proposatzen duten ere azaldu beharko dute.
Epea luzatzea erabakitzekotan, galduta duten bezain besteko denbora luzatuko zaie, non eta onuradunak ez duen gutxiago luzatzeko eskatu.
Emandako diru-laguntza dena batera ordainduko da. Ordainduko da, hain zuzen ere, jaso behar duen erakundeak adierazten duenean, agiriak aurkeztuz, egin dituela diruz lagundutako lanak, eta zehazten duenean benetan zenbat ordaindu dituen.
Diruz lagundutako lanak egin dituela egiaztatzeko, erakunde onuradunak agiri hauek bidali beharko ditu Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzara, guztiz amaitzen dituenetik hilabeteko epean:
Dena delako maparen 120 ale, paperean. Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzako Lurralde Informaziorako Zerbitzuak emandako gutxieneko oinarri teknikoen pleguaren arabera eginda egon beharko dute.
Maparen eusgarri digitala, materiala inprentarako prestaturik, eta mapa egiteko erabili den CAD/GIS programaren oinarrizko fitxategiak.
Agiri horiekin batera, diruz lagundutako lanak egiteko benetako gastua egiaztatzeko fakturak ere aurkeztu beharko ditu.
Ordaindutako kopuruak ezin du, inoiz ere ez, diruz lagundutako lanak egiteko ordaindutako soldaten ordain egiaztatu garbiaren % 75 (BEZa eta gainerako zergak kenduta) baino handiagoa izan.
Laguntza ordaindu baino lehen, diruz lagundutako lanak baldintza teknikoen pleguaren arabera behar bezala egin ote dituzten ikusi beharko da (plegu hori ebazpenaren baitan egongo da). Hori horrela bada, erakunde onuradunak artikulu honetako orain arteko paragrafoetan zehazturik dauden agiriak aurkezten dituenetik, gehienez ere hiru hilabeteko epea egongo da ordainketa egiteko.
Bai Eusko Jaurlaritzak bai erakunde onuradunek nahi duten moduan zabaldu ahal izango dute diru-laguntza honen haritik sortutako informazio guztia.
Agindu honetako diru-laguntza jaso izanagatik ere, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako beste edozein ere jaso daiteke, bateragarriak baitira. Onuradunen batek diru-laguntza bat baino gehiago jasotzen badu, beste diru-laguntza hori soldaten zenbatekotik kenduko da, hau da, edozein erakunde publiko edo pribatuk gauza berbererako emandako laguntza horren zenbatekoa kendu, eta geratzen den kopurua erabiliko da 5. artikuluko ehunekoak aplikatzeko oinarri modura.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzak jaso behar dituzten erakundeek betebehar hauek izango dituzte, beti:
Emandako diru-laguntza onartu egin behar dute. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
Justu ematen zaien horretarako erabili beharko dute diru-laguntza.
Onuradunak bere gain hartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezartzen diren betebeharrak, eta, bereziki, Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, aginduta dituzten zereginak betetzearren, xedapen honen kontura jasotako laguntzei buruz argibiderik eskatzen badiote, eman egin beharko die.
Lanak egiteko eta entregatzeko orduan, hau da, 8. artikuluko 2. ataleko a eta b paragrafoko aginduak betetzeko orduan, gutxienez baldintza teknikoen plegua bete beharko dute. Plegu hori Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzak banatzen du, diru-laguntza eman izanaren ebazpenarekin batera.
Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan behar diren baldintzak edonola aldatuz gero baina xedea beteta dagoela ulertuz gero, edo aldi berean beste edozein erakunde publiko edo pribaturen batetik diru-laguntzarik lortuz gero, diru-laguntzak emateko ebazpena ere alda daiteke. Ondorio horietarako, Lurralde Antolamenduko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoa egokitzeko.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetatik zer edo zer bete gabe geratu dela agertzen bada, besteak beste lanak ez badu baldintza teknikoen plegua betetzen, diru-laguntzetarako eskubiderik gabe geratuko dira, eta jasota duten dirua eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio. Hori guztia, Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenari jarraituz.
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean; halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Lehenengoa. 2. artikuluan zehazturik dagoen kopuru hori ez da aldaezina: alda daiteke, eskatu diren diru-laguntza guztien zenbateko osoa kontuan hartuta, edo Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren diru-laguntzen beste programa batzuetatik agortu gabe geratu diren kopuruen arabera. Hala bada, ezer ebatzi baino lehenago, zer gertatu den jakinarazi beharko da, Lurralde Antolamendu eta Uren sailburuordearen ebazpen bidez.
Bigarrena. Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko aginduko 5.3 artikuluak dioena kontuan hartuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen du agindu horrek), agindu honetako diru-laguntzak ebazteko, derrigorra da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010. urterako aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa edukitzea.
Lehenengoa. Agindu honetan ezarri ez diren prozedurazko alderdi guztietarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakora joko da (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen testua).
Bigarrena. Lurralde Antolamenduko zuzendariak badu nahikoa ahalmen, agindu hau garatzeko eta betearazteko beharrezko argibideak emateko.
Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 10a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


