- AGINDUA, 2010eko otsailaren 9koa, Kultura sailburuarena, Lekeitioko (Bizkaia) Mendieta ontziola, alboko eraikina eta ingurua, kultura ondasun gisa, monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko otsailaren 9koa, Kultura sailburuarena, Lekeitioko (Bizkaia) Mendieta ontziola, alboko eraikina eta ingurua, kultura ondasun gisa, monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 52
- Hurrenkera-zk.: 1575
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/02/09
- Argitaratze-data: 2010/03/17
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
2009ko apirilaren 20an, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak ebazpen bat eman zuen, Lekeitioko (Bizkaia) Mendieta ontziola, alboko eraikina eta bere ingurua Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera emateko, haren balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik. Ebazpena 2009ko maiatzaren 27an argitaratu zen EHAAn (99. zk.).
Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, bi alegazio-idazki aurkeztu dira: bata Ingurumen, Landa eta Itsas Ingurunearen Ministerioko Euskal Herriko Itsasertz-Mugartearen izenean, eta bestea Mendieta-Lasarte anaia-arreben ordezkaritzarena. Eta biak onartu dira izapidetzeko, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean eta prozedurari buruz indarrean dagoen legedian oinarrituta.
Euskal Herriko Itsasertz-Mugarteak aurkeztutako alegazioek diote babestu nahi den kultura-ondasuna itsaso eta lehorraren arteko jabarian dagoela eta, hari dagokionez, bi administrazio-emakida daudela berrikusteko fasean, iraungitze proposamenarekin. Horretaz gainera, uste dute eraikin gehigarriaren eta bertako lorategi-gunearen kultura-interesa ez dagoela justifikatuta, kultura-ondasunaren mugaketaren barruan sartzeko moduan alegia. Mendieta-Lasarte anaia-arrebak, bestalde, ez daude ados kultura-ondasunaren mugaketarekin, eta proposatzen dute egokitu dadila berez itsaso eta lehorraren arteko jabaritzat definitutako eremura, egindako zedarritzearen arabera.
Alegazioak baloratu ostean, ez dira aintzakotzat hartu, espedientean dauden txostenetan oinarriturik, nahiz eta bidezkoa den haiei erantzuna ematea.
Itsasertz-Mugarteak aurkeztutako alegazioak ezetsi egiten dira, honako arrazoi hauengatik: alde batetik, berrikusteko fasean dauden eskuduntza konkurrenteak edo administrazio-emakidak egotea ez delako eragozpen Mendieta ontziola osatzen duten elementuen multzoaren kultura-interesa deklaratzeko; eta bestetik, eraikin gehigarria ontziolarekin funtzionalki lotuta dagoelako eta hura testuinguruan kokatzen duelako, eta, gainera, lorategiak ingurumen-balioa duelako, eraikin-multzoa balioesten laguntzen duen heinean.
Mendieta-Lasarte anaia-arrebek proposatutako mugaketari dagokionez, hots, itsaso eta lehorraren arteko eremuaren zedarritzeari jarraituz egitekoa, ezetsi egiten da, babes-eremua murriztuko lukeelako eta beste helburu batzuk bilatzen dituelako, kultura-ondarea babestearekin eta balioztatzearekin zerikusirik ez dutenak.
Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren eta Kultura, Gazteria eta Kiroleko sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
Lehenengoa. Lekeitioko (Bizkaia) Mendieta ontziola, alboko eraikina eta bere ingurua, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena. Ondasunaren deskribapen formala egitea, Agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala, I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz eta III. eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin.
Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.
Laugarrena. Lekeitioko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Lekeitioko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura ete Garraio eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraztea.
Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.
Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 9a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Mugaketa
Mugaketaren deskripzioa.
Mugaketak leku hauek hartzen ditu: ontziola, haren alboko eraikina, eraikina finkatuta dagoen harlangaitzezko plataforma, horiek Lea ibaiarekin lotzeko arrapalak eta 6212 eskualde-errepidearen euste-hormaren eta Lea ibaiaren artean dagoen ingurunea.
Beraz, muga hauek zehazten dute mugapen-eremua: iparraldean, alboko etxebizitzaren lorategitiko itxituratik hasita lerro bat, eraikinak Isuntza kaleko 1ean duen fatxadatik Lea ibaiaren ibai-ahora arte, eta Santa Elena 3 hiribideko alboko partzelaren muga-zatia; ekialdean, ibai-ahoa bera; hegoaldean, bi arrapalak ibaiaren ardatzera arte; eta mendebaldean, BI-3438 errepidearen euste-horma.
Mugaketaren arrazoiak.
Proposatutako mugaketa horren arrazoia da Lekeitioko Lea ibaiaren gainean kokatuta dagoen multzoa (Mendieta ontziola, alboko eraikina, lorategia eta ingurua) babestu beharra, hain zuzen, multzoaren aberastasun kulturala eta ingurumen aberastasuna.
Ondasunaren industria-eraikin berezitasunei eutsi nahi zaie, industriagune eta gune funtzional ezaugarriak dituen aldetik, eta eraikinaren inguru naturala ere zaindu nahi da, bertan etxebizitza-eraikinak untitate produktiboaren barruan baitoaz. Halaber, eraikuntzaren funtzionaltasunari eta bere kokapenari balioa eman nahi zaie; izan ere, itsas mareen eragineko leku batean egonagatik ere, olatu eta ekaitzetatik babestuta dago eta, horrenbestez, ezin hobea da eraikinaren jatorrizko jarduera aurrera eramateko.
Deskribapena
Mendieta ontziola
Hainbat mendez, Euskadiko portu txikietako ontzigintza itsasertzeko portuetan han-hemen kokatutako ontziola txiki tradizionaletan oinarritu zen. Artisau ontziola haiek garaiko teknika eta teknologiak zerabiltzaten.
Andres Mendietak sortu zuen Mendietarren saga, 1884tik 1991ra arte lokal horretan lan egin zuten industrialari-familia.
Mendieta ontziolak bi lantoki izan zituen bere garaian, baina eskuineko ibaiertzekoa eraitsi egin zuten aurri zelako, eta ontziola hartatik oinarri zuen harlangaitzezko plataforma soilik ikusten da gaur egun.
Gaur egungo ontziolaren nabea 1917koa bada ere, ziur dakigu ontziola 1885etik zegoela leku horretan.
Gaur egun nabeak duen forma denboraren joanean izan dituen zenbait aldaketen emaitza da: handitu egin da, eraberritu, egokitu eta abar. Alabaina elementu bat beti berdin egon da, hain zuzen, egurrezko egituraren oinarria egiten duen harlangaitzezko plataforma.
Berrikuntza horien ondorioz, eraikuntzak, gaur egun, hiru horma-arte ditu. Erdikoa da altuena, 25 x 15 metro ditu, eta bi isuriko estalkia. Zutabe libreek eusten diote. Erdiko nabean dago harmaila ere. Harmailak plano inklinatua du, eta hortxe dago ontziak lehorreratzeko gurdiaren errailak. Alboko beste bi horma-arteak ere zutabe libreen bidez sostengatzen dira. Hiru horma-arteek egurrezko zertxak dituzte. Barnealdeak bi altuera ditu eta, bertan, makinak eta eserlekuak, bai eta txabolatxo txiki bat ere, harlagaitzezko paretez eginda, itsasadarretik gertuen gelditzen den alboan. Goiko solairura joateko, kanpoko eskailera bat igo behar da. Ontziolaren egitura guztia egurrezkoa da, teilatuak zeramikazko teila kurboz estalita daude, eta, zenbait tokitan, zeramikazko teila lauz.
Hauek dira eraikuntza-elementu nagusiak:
Harlangaitzezko plataforma, harmailaren oinarri dena, eta ibaiko urekin lotzeko arrapalak.
Egurrezko zutabeak, estalki osoari eusten diotenak.
Hormak; irekiak, zenbait tokitan oholezkoak.
Estalkia; bi isurialdekoa, zeramikazko teilez eta bi mantsarda txikiz egina.
Sabaiak; ageriko zertxak.
Ez dagoenez espazio itxirik, ez dago sarbide finkorik, baina pabiloia itsasadarraren paraleloan kokatuta dagoenez, Isuntza kaletik sartzen da bertara.
Ontziolak egurrezko egitura arina daukanez, barruko espazioa malgua eta erabilera askotakoa da, ezinbestean, ontziola sortu zen garaiko premiei erantzuteko.
Ontziolatik gertu, beste lehorreratze-gurdi baten arrastoak ikusten dira. Bere garaian, estalia zegoen, baina gaur egun ez dago estaltzen zuen egitura horren arrastorik.
Nahiz eta egitura guztiak zutik dirauen, eta tipologia ondo kontserbatuta dagoen, teilatuak baditu oker batzuk, eta lokalaren gainerakoa utzita samar dago.
Mendietatarren etxea, alboan
Gaur egungo eraikina 1917koa da. Ramon Mendietak eraiki zuen, eta Isuntzako hondartzan dutxak eta itsas bainuak hartzeko establezimendua zen, udalak ez baitzuen inongo obrarik baimendu nahi, bainuetxe egiteko ez bazen. Jakina da gerra zibila hasi zenerako bainu horiek ez zirela erabiltzen, eta eraikina bizitegi erabiltzen zela besterik gabe.
Duela gutxi, etxebizitza sute batek hartu du, eta barrua eta estalkia ia suntsituta geratu dira. Alabaina, fatxadek ez dute kalterik jasan.
Etxebizitzako sarrera nagusia Isuntza kalean dago. Eraikinaren kokapenagatik, ontziolaren iparraldea itxita geratzen da eta lan-eremurako sarrera irekita geratzen da. Etxebizitza hori ontziolarekin oso lotuta dago: funtzionalki, Mendieta familiaren ekoizpen-unitatearen parte da.
Bolumen exentua da, oinplano angeluzuzena dauka (10 x 18 metrokoa) eta erdisotoa, bi solairu eta teilatupea ditu. Ontziolaren oinarri den harlangaitzezko plataforma beraren gainean eraikita dago etxea ere. Bi isuriko estalkia egurrezkoa da, eta isurki handiak ditu.
Fatxadan, bao zabalak eta egurrezko begiratokiak ditu, eta kolore urdinez margotutako egurrezko bilbadurak.
Etxeak, hondartza aldera, lorategi bat du, gain batean dago, eta harrizko horma batek inguratzen du.
Baimendutako esku-hartzeen erregimena
Mendieta ontziola birgaitzeko baimendutako esku-hartze mota, hain zuzen, Kontserbazioko Zaharberritza B mota definitutakoa izango da, Eusko Jaurlaritzaren 317/2002 Dekretuak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, zehaztutako motetako lehen azpimultzokoa.
Birgaitze-lanak kontu handiz egin behar dira eraikinaren berezitasuna kontuan izanda. Esku-hartze horiek egin aurretik, dokumentu-analisi bat egin behar da, jatorrizko eraikuntza- eta antolamendu-tipoak aztertu, eta eraikuntza lehenera ekartzeko.
Baimendutako eraikuntzako esku-hartzeek bi helburu izango dituzte, batetik, eraikina babestea, eta bestetik, eraikuntzaren funtzionaltasuna ziurtatzea. Horretarako egingo diren lanek, edonola ere, eraikinaren tipologia-, forma-, egitura- eta eraikuntza-elementuak errespetatu behar dituzte.
Erabilera berriak bat etorri behar du eraikin-multzoaren balioekin, eta, hori horrela izan dadin:
Eraikin nagusia finkatuko da: bolumena, estalkiaren tipologia, itxitura eta barruko egitura, jatorrizko materialak eta egitura-tipologia errespetatuta.
Egitura-elementuak (euskarriak, habeak, besoak, habexkak...) zaharberritu, egokitu edo finkatuko dira, beharrezko den heinean, baina ontziolaren eraikuntza-ezaugarriak eta -tipologia aldatu gabe.
Espresuki debekatuko da txapazko edo uralitazko estalkiak erabiltzea eta hormigoizko zutabeak jartzea.
Etxebizitza erantsiaren kasuan, gaur egungo fatxada eta bolumena errespetatu behar dira, eta egurrezko egitura-sistema konpondu.


