- AGINDUA, 2010eko otsailaren 20koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Pasaiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuak aldatzea onartzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko otsailaren 20koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Pasaiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuak aldatzea onartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 63
- Hurrenkera-zk.: 1908
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/02/09
- Argitaratze-data: 2010/04/07
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Instituzional; Ekonomia
Testu legala
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaz Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartu zen. Estatu horren 10.22 artikuluan ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Tituludun Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.
Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Erregelamenduari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak eskumena duen sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.
Pasaiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuetan egindako aldaketa legearen araberakoa dela egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau
Pasaiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa onartzea.
Pasaiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuen aldaketa agindu honen eranskin gisa argitara dadin agintzea.
Pasaiako Aduanetako Agente eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuetan egin den aldaketa Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba dadin agintzea, erregistroa formalki osatzen den unean.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 9a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
PASAIAKO ADUANETAKO AGENTE ETA KOMISIO-HARTZAILEEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK
Bere lurralde-eremuan, egiteko hauek dagozkio:
Lanbidean jarduteko Elkargoko arauak betetzen diren zaintzea, legezko bateraezintasunak zorrotz zaintzea, lanbideko deontologia-printzipioei eta agente eta komisio-hartzaileen egitekoak eta eskumenak arautzen dituzten indarreko xedapenen printzipioei eustea, bere eskumenen eremuan.
Estatutu hauek eta Barne Erregelamendua, halakorik izanez gero, betetzea eta elkargokideei betearaztea; orobat, Elkargoko organoek, beren eskumeneko alorretan, hartzen dituzten arauak eta erabakiak betetzea eta elkargokideei betearaztea.
Elkargokideen maila teknikoa, etikoa eta kulturala ahalik eta onena izan dadin sustatzea, dituen baliabide guztiekin.
Elkargokideei aholkuak ematea, beharrezkoa baldin bada, Administrazioarekiko harremanetan.
Irizpenak eta txostenak egitea; agintariek, epaile eta auzitegiek, edozein erakunde pribatu nahiz publikok, partikularrek edo elkargokideek lanbideaz egiten dizkioten kontsultei erantzutea; eta perituak izendatzeko jardutea.
Elkargoak erakundeetan, batzordeetan, epaimahaietan eta erakunde publiko edo pribatuetan izango dituen ordezkariak izendatzea, ordezkaritza hori eskatzen zaionean.
Auzitegietan eta Administrazioan lanbideko instrusismoa salatzea eta jazartzea.
Legeen urratzea salatzea eta jazartzea, lanbiderako kaltegarriak diren egintzak direnean.
Behar denean, elkargokideei diziplinazko zehapenak eta zentzagarriak ezartzea, estatutu hauetan araututako prozeduraz.
Elkargokideen kuotak eta diru-ekarpenak finkatzea.
Funtsak biltzea eta administratzea, sarreren eta gastuen urteko aurrekontua prestatzea, likidatzea, balantzea egitea eta elkargokideen Batzar Orokorrari jakinaraztea, onar dezan.
Lehia desleiala saihestea, elkargokideen artean.
Elkargokideen identifikazio-txartelak egitea eta ezeztatzea.
Oniritzia ematea, ahaldunei eta laguntzaileei ahalordeak eta baimenak emateko eta ezeztatzeko.
Hala egokituz gero, agente elkargokideen konturako lansarien fakturak kobratzea, eta horretarako ezartzen den zenbatekoa edo ehunekoa jasotzea.
Bezero berankorren liburu-erregistro berezi bat prestatzea, aduanako eragiketak eskatzen dituzten partikularrei edo erakundeei buruzkoa; informatzeko bakarrik izango da liburu hori elkargokideek Elkargoaren barruan erabil dezaten izango da, eta indarreko legerian dauden xedapenei lotuko zaie.
Lanbidearekin zuzenean nahiz zeharka lotuta dagoen beste edozein xede, eta Elkargo Profesionalen Legearen 24. artikuluak ezartzen dizkionak. Horiek ahal bezain ondoen betetzeko behar den adina sail, zerbitzu edo batzorde eratu ahalko ditu. Lanbideari eta Elkargoaren funtzionamenduari eragin diezaiokeen ororen berri eman beharko die elkargokideei.
Elkargoratzeko interesik duenak eskaera idatziz egin beharko dio Elkargoari. Betekizun hauek konplitu beharko ditu aurrez:
Aduanetako agentearen titulua edo lanbidean aritzeko legez gaitasuna ematen dion titulu bat aurkeztu beharko du, edo, hori ezean, notarioaren lekukotza edo horren kopia kautoa.
Ekonomia Jardueren gaineko Zergari dagokion altaren frogagiria.
Dagozkion fidantzak egin beharko ditu.
Elkargoratzeko eskubideak ordaindu beharko ditu. Ordaindu beharreko zenbatekoa Elkargoaren Batzar Orokorrak ezarriko du, Kontseilu Nagusiak ezarritako mugak errespetatuz.
Zinpeko aitormena egin beharko du, lanbidean aritzeko desgaikuntza jasota ez dagoela eta legeek ezartzen duten bateraezintasunik ez duela adierazteko.
Eskatzen diren agiriak aurkezten ez direnean, edo agiri horiek benetakoak eta nahikoak ez direnean; kasu horretan, Gobernu Batzordeak, hala iritziz gero, ikertu egin ahal izango ditu agiriok.
Eskatzaileak epai irmo baten bidez kondena jaso duenean, horrek lanbidean aritzeko desgaikuntza baitakarkio.
Diziplina-espediente baten bidez zehapena ezarri denean; zehapenaren aldirako izango da hori.
Elkargoaren Idazkaritzan eskabideari sarrera eman zitzaion egunetik kontatzen hasita, gehienez 15 eguneko epearen barruan jakinaraziko zaio ebazpena interesatuari.
Elkargokideak behartuta daude kuotak behar den garaian ordaintzera. Kuota horiek Elkargoaren Batzar Orokorrak ezarriko ditu urtero, eta ohikoak nahiz ezohikoak izan daitezke (finkoak edo aldakorrak bi kasuetan).
Kuota finkoak izango dira elkargorkide guztiek berdin ordaindu behar dituzten zenbateko jakinak.
Kuota aldakorrak izango dira elkargokide bakoitzak egiten duen lanaren arabera ezarritakoak.
Betebehar hori betetzen ez bada, Kontseilu Nagusiaren Estatutu Orokorren 35. artikuluan ezarritakoarekin bat jardungo du Elkargoak.
Elkargokideen interes profesionalen onerako diren egiteko guztiak ere gauzatuko ditu Elkargoak.
Elkargoaren erabakien aurka, elkargokideek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Kontseiluan, egintza jakinarazten edo argitaratzen den egunetik aurrera, hilabeteko epean.
Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zenetik hiru hilabete igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertuko da, eta bidezko diren kasuetan, administrazioarekiko auzietarako bidea irekita geratuko da.
Elkargokideek, gai honi loturiko aldaketaren bat baldin badago, nahitaez eman beharko diote horren berri Elkargoari.
Aduana Errenten Bulegoaren aurrean behar bezala jarduteko, Kontseiluaren Estatutuetako 31. artikuluaren 17. paragrafoan ezarrita dagoenaren arabera, Elkargoak hiru kategoriatako identifikazio-txartelak eman eta ezeztatu ahal izango ditu:
Banakako aduana-agenteentzat eta sozietate-administratzaileentzat.
Ahaldun orokorrentzat.
Aduana-izapideak egiteko ahalorde partzialak dituzten langile edo agindupekoentzat.
Elkargokideek, gai honi loturiko aldaketaren bat baldin badago, Elkargoari nahitaez jakinarazi beharko diote.
Agenteek ahalordeak eman ditzakete aduanako izapide guztietarako edo izapide jakin batzuk egiteko, indarrean dauden xedapenen arabera, betiere dagokion bulegoko langile-zerrendan agertzen diren eta benetan bertako langileak diren pertsonei ematen badizkiete, eta aplikatzekoa den araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte. Baldintza horiek betetzen ez dituen agentea edo agentziak erantzukizunean eroriko dira, eta desgaikuntza jasoko dute.
Indarrean dauden xedapenek ezartzen dutena kontuan izanik, agenteen ahaldunek agente bakar baten ordezkaritza izan dezakete.
Sozietateak diren aduana-agentziei buruzko atalean, horien kudeatzaileen, zuzendarien, administratzaileen edo Administrazio Kontseiluko lehendakariaren izen-abizenak idatziko dira, kasu bakoitzean pertsona horien artetik agentziako buru zein den adieraziz.
Era berean, aduanako izapideetarako edo beste edozein ondorioetarako, haien ahaldunak zein diren adierazi beharko da.
Elkargoan erregistra daitezkeen ahalordeak aduana-jarduerarako izango dira, eta ahalorde horietan espreski adieraziko da ahalduna beste pertsona fisiko edo juridiko batekin ordeztea debekatuta dagoela.
Elkargokideek, gai honi loturiko aldaketa edo ezeztapenen bat baldin badago, Elkargoari nahitaez jakinarazi beharko diote.
Sozietateak diren aduana-agentzien ordezkaritza, hala Batzar Orokorretan nola Gobernu Batzordeetan, bertako kudeatzaileak, zuzendariak, administratzaileak edo Administrazio Kontseiluko lehendakariak izango dute, eta agentziaren ordezkaritza Kontseiluaren Estatutuetako 1. artikuluan ezarritakoaren araberakoa izango da.
Elkargokideek zabaltzen duten merkataritza-dokumentazioan, izena, egoitza fiskala, identifikazio fiskaleko kodea, eta Aduana eta Zerga Berezietako Departamentuak adierazitako informatika-kodearen zenbakia espreski eta leku nabarmenean adieraziko dira, dokumentazioak aipatzen duen lanbide-jarduerari buruz inolako zalantzarik izan ez dadin.
Elkargokideek dagokion aseguruaren bidez estali behar dute lanbide-jardunaren ondorioz sor daitekeen erantzukizun zibilaren arriskua; hala ezartzen du Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 12. artikuluak.
Elkargoak behar diren neurriak hartuko ditu agenteek eginbehar hori betetzen dutela ziurtatzeko.
Agente batek beste agente baten izapidetze-enkargua jasotzen duenean, bi profesionalen arteko itun aske baten bidez onartu ahal izango du.
Agente komisio-emailea beti lehen erantzulea izango da, agente izapidetzailearen aurrean, izapidetze-eragiketaren berezko ondorio ekonomikoei dagokienez.
Elkargoak xedapen hau hausten duen edozein jarduketari zehapena ezarriko dio, Kontseiluaren Estatutuetako V. Tituluan ezarritakoarekin bat.
Elkargoari legeek eta Estatutu Orokorrek ematen dizkioten ikuskapenerako ahalmenak eta eginkizunak betetzen laguntzera behartuta daude elkargokideak. Bere ikuskapen-eginkizunaren barruan, Elkargoak, Gobernu Batzordearen erabakiaren bitartez, ikuskapenaren helburua ukitzen duten liburu eta dokumentuak aztertzea eska dezake, bai eta agindupeko langileen zerrendak aztertzea ere, estatutu hauetako 16. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Elkargokidearen izaera galdu egingo da:
Elkargokideak izaera horri uko egiten dionean edo baja eskatzen duenean. Baja Elkargoari eskatu beharko dio, idatziz.
Elkargoaren erabakiz desgaikuntza jasotzen denean, betiere estatutu hauek xedatzen dutena kontuan izanik.
Epai irmo bat emanda, lanbidean aritzeko desgaikuntza jasotzen denean.
Ohiko nahiz ezohiko kuotak ordaintzen ez direnean, sei hilabetetan.
Hiltzen denean.
Beste elkargo ofizial batean inskribaturik dauden agenteek barruti honetan lan egin nahi badute, jakinarazi egin beharko dute aldez aurretik beren elkargoaren bitartez.
Elkargoak eskatu ahal izango die agente horiei ordain ditzatela Gobernu Batzordeak ezarritako baldintza ekonomikoak, zehazki, eman diren baina elkargoko kuotak estaltzen ez dituen zerbitzuen benetako kostuari erantzuteko ezarritakoak.
Eusko Jaurlaritzaren 18/1997 Legearen 38. artikuluak ezartzen duenaren arabera, agente horiek ezin dute Elkargoko organoetan parte hartu eskubide osoko kide gisa.
I. ATALA
GOBERNU BATZORDEA
Gobernu Batzordearen egitekoak, Batzar Orokorrari espreski adierazi gabekoez gain, hauek dira:
Elkargokideei dagokienez:
Elkargokide egiteko eskaerak ebaztea.
Elkargokideek lanbidean duten jokabidea zuzena den zaintzea, bai beren arteko harremanetan, baita hirugarren batzuekin dituztenetan ere.
Legezko gaitasunik ez duenari lanbidean jardun dezan galarazteko behar diren ekintzak sustatzea.
Hauteskundeetarako deialdiak argitaratzea, Gobernu Batzordeko karguak betetzeko.
Elkargokideei bidezko diren diziplina-espedienteak irekitzea.
Elkargoko ekonomiari dagokionez:
Elkargoko funtsak biltzea eta administratzea.
Aurrekontuak idaztea eta elkargokideen Batzar Orokorrari kontuen berri ematea. Horretarako, Ohiko Batzar Orokorra egin baino hamar egun lehenago, kontuak Elkargoan izango dira ikusgai, elkargokide guztiek azter ditzaten.
Funtsen mugimenduak baimentzea, bankuko kontuak irekitzean edo intsuldatzean.
Elkargoaren zerbitzurako langileak kontratatzea, eta, orobat, dagozkien eginkizunak ezartzea, laneko diziplina-araubideari eta ordainsariei loturiko guztia zehaztuz.
Bere lurralde-eremuan, erakunde ofizialei dagokienez:
Elkargokideak defendatzea lanbideko lanetan.
Elkargoaren izenean, Elkargoaren eremuan lanbidean hobeto aritzeko beharrezkotzat jotzen diren hobekuntzak bideratzea, bai eta interes profesionalerako onuragarri izan daitekeen oro ere.
Elkargo hau Gobernu Batzorde batek gidatuko du. Batzordea lehendakari batek, diruzain batek, idazkari batek eta bokal batek osatuko dute.
Gobernu Batzordeko karguak lau urterako dira eta elkargokideek Ohiko Batzar Orokorra eratuta hautatuko dituzte. Batzar Orokorra urtarrilerako deituko da, betiere Elkargoen Kontseilu Nagusiko karguen hauteskundeak egin baino lehen. Batzarra egin eta 15 eguneko epearen barruan, Elkargoak Gobernu Batzordeko kideen zerrendaren berri emango dio Kontseiluari.
Kideren bat hil delako edo kideren batek kargua utzi duelako Gobernu Batzordean hutsik geratzen diren postuak Batzar Orokorrak hornituko ditu, postua hutsik geratu den unetik zenbatzen hasi eta ondorengo hiru hilabeteko epearen barruan.
Gobernu Batzordea lehendakariak deitzen duenean edo Gobernu Batzordea osatzen duten kideen ehuneko hogeiak hala eskatzen duenean bilduko da.
Deialdia egiteko epea 48 ordukoa izango da, premia larriko kasuak salbu.
Gobernu Batzordearen erabakiak baliodunak izateko, kideen erdiak baino gehiagok egon beharko dute, gutxienez, bertaratuta edo beste kide batek ordezkatuta. Erabakiak botoen gehiengo soilaz hartuko dira.
Gobernu Batzordeko Idazkaritzak akten liburu bat antolatuko du. Bertan, bilkura bakoitzera joandakoen nahiz ordezkatutakoen izenak, egiten diren bilkuren erreferentziak eta hartzen diren erabakien testuak jasoko dira. Akta horiek idazkariaren sinaduraz eta lehendakariaren oniritziaz eskuetsiko dira.
Lehendakariak Elkargoa ordezkatuko du ekitaldi ofizialetan edo kudeaketa-egintzetan, Gobernu Batzordearen erabakiak beteko ditu, lege-arauek ematen dizkioten ahalmenak eta funtzioak erabiliko ditu, eta kalitateko botoa izango du, berdinketak ebazteko.
Diruzainak funts sozialak zainduko ditu eta kobrantzak eta ordainketak egingo ditu.
Idazkariari dagokio Gobernu Batzordeak nahiz Batzar Orokorrak egiten dituzten bilkuren fede ematea eta aktak egitea, horretarako prestatutako liburuan jasotzeko; berari dagokio, halaber, Elkargoko idazkiak egitea, beharrezkoa denean, lehendakariaren oniritziaz. Ez dagoenean edo gaixorik dagoenean bokal batek ordeztuko du.
Gobernu Batzordeko kideak boto-eskubidea duten elkargokideek hautatuko dituzte, bozketaz.
Elkargoko obligazio guztiak beteta eduki beharko dituzte.
Lanbidean aritzeko etenaldian daudenek ez dute botorik ematerik izango.
Kasua bada, diziplina-espedientean jarritako zehapenak beteta eduki beharko dituzte.
Elkargokide guztiak hautagai izan daitezke Elkargoko edozein zuzendaritza-kargutarako, aurreko artikuluan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.
Hautagaien aurkezpena eta karguen hautaketa, Kontseiluaren Estatutu Orokorretako 55., 56. eta 57. artikuluetan xedatzen denaren arabera egingo dira.
II. ATALA
BATZAR OROKORRA
Elkargokideen Batzar Orokorraren eskumenak dira:
Estatutuak onartzea eta aldatzea.
Ohiko eta ezohiko aurrekontuak onartzea eta horiei dagozkien kontuen berri ematea.
Elkargoaren jabetzako ondasunen inbertsio-proposamenak onartzea.
Gai profesionalak hobeto aztertzeko batzordeak sortzea, hala behar denean.
Gobernu Batzordeko kideak hautatzea.
Gobernu Batzordeko kideen jarduna aztertzea, onartzea edo, kasua bada, gaitzestea.
Ohiko Batzar Orokorra urtero urtarrilean bilduko da: Gobernu Batzordean berritu behar diren karguak hautatuko ditu, hala dagokionean; Batzordearen kudeaketa aztertuko du; eta bere iritzipean jarritako gai guztiak ebatziko ditu.
Ezohikoa izango da Elkargoak egiten duen bestelako batzar oro. Horietan ezin izango dira aztertu deialdian agertzen diren gaiak besterik.
Ezohiko Batzar Orokorra Gobernu Batzordeak erabakitzen duenean bilduko dira, bai eta gutxienez elkargokideen % 20ak eskatzen duenean ere. Eskabidean deialdiaren xedea jarriko da, argi eta garbi.
Ohiko Batzar Orokorraren gai-zerrenda elkargokide guztiei bidaliko zaie, hamar egun lehenago, gutxienez.
Elkargokide guztiek izango dute boto-eskubidea, Elkargoko betebeharrak eguneratuta badituzte.
Hala ere, elkargokideren batek ezinezkoa badu joatea eta behar bezala justifikatzen badu, beste elkargokide bati eman diezaioke eskuordetza, idatziz, Kontseiluaren Estatutu Orokorretako 64. artikuluan ezarritakoaren arabera, Gobernu Batzordeko karguak hautatzen direnean salbu.
Elkargokide bakoitzak eskuordetza bakarra izan dezake.
Eztabaidatzen diren gaiei buruzko ahobatezkotasunik egon ezean, bozketa egitea proposatu ahal izango du lehendakariak. Bertan dauden elkargokideen botoen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak.
Bozketak hiru motatakoak dira: arrunta, izenduna eta boto-txartel bidezkoa.
Bozketa arrunta lehendakariak ezartzen duen hurrenkeran zutituz egingo da: eztabaidatzen den bozketa onartzen dutenak, onartzen ez dutenak eta abstenitzen direnak; bertan daudenen hogeirenak eskatzen duenean egingo da.
Bozketa izenduna honela egingo da: elkargokideak bere bi abizenak esan ondoren, «bai» edo «ez» edo «abstenitu egingo naiz» esan beharko du; bertan daudenen hamarrenak, gutxienez, eskatzen duenean egingo da.
Boto-txartel bidezko bozketa batzartutakoen herenak eskatzen duenean egingo da, edo lehendakariak, Mahaiarekin ados, hala proposatzen duenean, elkargokideen ohorea ukitzen duela iritzita.
Elkargokideek botoa posta bidez bidal dezakete, Gobernu Batzordeak karguak berritzeko hauteskundeen deialdian adierazten dituen arauak kontuan izanik.
Korporazioak dituen ondasun eta eskubideen produktuak.
Elkargokideek ordaindu behar dituzten elkargoratze-eskubideak, bai eta aldizkako kuotak ere.
Aduanako eragiketa ezberdinak oinarritzat hartuz finka daitezkeen kuotak.
Elkargoak egiten dituen argitalpenetatik ateratako irabaziak.
Erakunde publikoek edo pertsona pribatuek Elkargoari emandako diru-laguntzak edo dohaintzak.
Ezohiko derramak eta kuotak, elkargokideen Batzar Orokorrak erabakitzen dituenak.
Gobernu Batzordeak Batzar Orokorrari onesteko aurkezten dizkion Elkargoaren urteko kontuak Batzar Orokorrera bertaratu direnen artean aukeratuko diren elkargokideek ikuskatuko dituzte. Elkargokide horiek ez dira izango Gobernu Batzordeko kideak.
Diziplina-ahala honako hauei dagokie:
Kontseilu Nagusiari, ukitutako pertsona Elkargoko Gobernu Batzordeko kide denean edo Kontseiluko bertako kide denean.
Gobernu Batzordeari, ukitutakoa bestelako elkargokideren bat denean.
Ez da izenpetu gabeko salaketarik onartuko.
Gobernu Batzordeak baztertu egingo ditu, arrazoitutako ebazpen batez, ageri-agerian funsgabeak diren salaketak.
Zitazio edo jakinarazpen oro gutun ziurtatuz egingo da, hartu izanaren agiria duela; espedienteari postako frogagiriak erantsiko zaizkio.
Frogaldi horretan, erruztatuak edozein froga proposatu ahal izango du, bere interesak aldezteko.
Elkargoaren Gobernu Batzordeak ere ahalmen hori edukiko du, eta gertakariak argitzeko bidezkotzat jotzen duen edozein froga egin ahal izango du.
Epea amaituta, eta interesdunari entzun ondoren, Gobernu Batzordea bildu, eta gehiengoz, bidezkoa den proposamena egingo du, eta Batzar Orokorrak emango du horri buruzko ebazpena. Arrazoitutako idazki baten bidez jakinaraziko zaio interesdunari ebazpen hori.
artikuluan adierazten den kasuan, ebazpena, Batzar Orokorrak eman eta gero, Kontseilu Nagusiari eta Administrazio eskudunei helaraziko zaie.
Gobernu Batzordeko kideren bat gehiengoz erabakitako proposamenarekin ados egon ezean, boto partikular bat emango du.
Agenteek egindako arau-hausteak oso larriak, larriak eta arinak izango dira, estatutu hauen ondorioetarako.
Oso falta larriak izango dira honako hauek:
Lanbidean jardutea, desgaikuntza jasota edo bateraezintasun- edo debeku-kausaren batean egonik.
Dolozko delitua egitea, parte-hartze maila edozein dela ere, lanbidean jarduterakoan.
Agentzian benetako langile ez direnei ahalmenak ematea; ahalmen horiei eustea, estatutu hauek argitaratu aurretik emanikoak izanda ere; eta lanbidean intrusismoa errazten edo sorrarazten duen beste edozein ekintza.
Kontu ofizialak aldatuta ematea, eta horren ondorioz, kontu-eskatzaileei kalte larriak eragitea; salbuetsita geratuko dira justifika daitezkeen hutsegiteak.
Aduana-agenteek, indarrean dauden Estatutuetako 24. artikuluan adierazten den nahitaezko jakinarazpena egin gabe, beste elkargo bateko barrutian lanbidean jardutea.
Bi urteko epean, gutxienez, bi falta larri egitea.
Falta larriak izango dira:
Lanbideko betebeharrak ez betetzea, eta hori lanbide-jarduna eskatzen edo hitzartzen dutenen kalterako izatea.
Elkargoen Legearen 13. artikuluak aipatzen duen nahitaezko jardun profesionala ez betetzea, behar bezala eskatu arren; zerbitzua eskaintzea eragozten duen arrazoi justifikatu bat badago, ez da falta larritzat hartuko.
Lehia desleiala eta zintzotasun eza dakarten egiteak.
Irain larriak egitea lanbide bereko beste profesional batzuen duintasunari nahiz lanbideko gobernu-organoei, edo laneko arrazoiengatik berarekin harremanetan diren pertsona edo erakundeei, bai eta beroriei eraso fisikoak egitea ere.
Elkargoaren, Kontseiluaren, edo horien organoen ohiko jarduera oztopatzen edo eragozten duten egintzak.
Eskatzen diren agiriak ez gordetzea, erregelamenduz ezarritako gutxieneko epean.
Administrazioak, Kontseiluak edo elkargo honek emandako aginduak bete gabe uztea.
Asegururik ez edukitzea.
Lehenago falta oso larritzat hartuetariko edozein, Gobernu Batzordearen ustez, gertakariek goiko a) atalean barne hartzen den kalifikazioa emateko adina garrantzia ez dutenean.
Izapideak egiteko baimena edo ahalmenak ematea, Elkargoak aurretik oniritzia eman gabe, aduanan aurkeztu aurretik.
Bi urteko epean, gutxienez, bost falta arin egitea.
Aduanetako Ordenantzek eta Kontseiluko eta elkargo honetako Estatutuek ezartzen dizkioten gainerako obligazioak urratzea falta arina izango da, betiere arau-hauste larria edo oso larria ez bada.
Erantzukizun hori bera izango dute, halaber, Administrazioak, Kontseiluak edo Elkargoak ohartarazita, ahaldun edo laguntzaile horiekin hartu beharreko neurriak hartzen ez badituzte.
Agente elkargokideek, pertsona juridikoek, arrazoi horiengatik erantzukizun eta zehapen horiek izango dituzte, beren ordezkariek eta menpekoek Administrazioan duten jarduerari dagokionez.
Preskribatzeko epea arau-haustea egin zen egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
Zehapen-prozedura bat hasiz gero, eta interesatua horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da. Zehapen-espedientea sei hilabete baino gehiago geldirik badago, eta horren errua ez bada ustezko arau-hauslearena, preskripzio-epea berriz hasiko da.
Falta oso larriengatik ezarritako zehapenak hiru urtera geratuko dira preskribatuta, falta larriengatik ezarritakoak bi urtera, eta falta arinengatik ezarritakoak urtebetera.
Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezarri duen ebazpena irmo bihurtu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kontatzen.
Betearazpen-prozedura bat hasiz gero, eta interesatua horren jakitun egonda, preskripzioa eten egingo da, eta betearazpen-prozedura sei hilabete baino gehiago geldirik badago, eta geldirik egotearen errua ez bada ustezko arau-hauslearena, berriro hasi beharko da epea zenbatzen.
Aurreko artikuluetan zehaztutako arau-hausteak direla-eta, zehapen hauek jarri ahal izango dira:
Falta oso larriak:
3.005,07 eta 30.050,61 euro bitarteko isuna.
Elkargoko kide izatea etenda uztea urtebetetik hogei urtera bitartean, Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 17. artikuluak adierazitakoaren arabera.
Falta larriak:
Elkargoko kide izatea etenda uztea urtebetera arte, Profesionalen Elkargoei buruzko Legearen 17. artikuluak adierazitakoaren arabera.
300,51 eta 3.005,06 euro bitarteko isuna.
Falta arinak:
Hitzezko edo idatzi bidezko ohartarazpena.
Isuna: gehienez, 300,50 eurokoa.
Diru-zehapenen zenbatekoa, Legearen 16.7 artikuluaren arabera administratuko da.
Gobernu Batzordeak diziplinaren alorrean hartutako erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Kontseilu Nagusian, estatutu hauen 13. artikuluan jasotzen denarekin bat etorriz.
Kontseiluak gai horri loturik eta gora jotzeko errekurtsoak ebazteko hartzen dituen erabakien aurka, zuzenean errekurritu ahal izango da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan.
Edozein arrazoirengatik Pasaiako Aduanetako Agenteen eta Komisio-hartzaileen Elkargo Ofiziala desegin egiten bada edo legezko izateari uzten badio, desegiteko unean titular ziren elkargokideen artean banatuko da bertako ondarea, zati berdinetan.
Laguntza publikoak jaso baldin badira, laguntza horien arau erregulatzaileetan adierazten den helburua emango zaie.
Likidazioa egiteko prozedura Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez ezarriko da, indarrean dagoen Elkargo Profesionalen Legearen 31. artikuluak xedatzen duenarekin bat.
Hartzen diren erabakiak, batzarreratu diren elkargokideen gehiengo absolutuarekin hartu beharko dira.


