- AGINDUA, 2010eko otsailaren 12koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Garapen Lankidetza Sustatzeko 2010erako Fondoaren kontura ekintza humanitario bati diru-laguntza ematen diona. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko otsailaren 12koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Garapen Lankidetza Sustatzeko 2010erako Fondoaren kontura ekintza humanitario bati diru-laguntza ematen diona.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 52
- Hurrenkera-zk.: 1570
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/02/12
- Argitaratze-data: 2010/03/17
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional
Testu legala
Otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuak arautzen ditu Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak, eta bi jarduera-mota bereizten ditu. Alde batetik, larrialdietan laguntzeko proiektuak daude: haien bidez, oinarrizko ondasunak eta zerbitzuak eskuragarri jarri nahi dira, biziraunpena bermatzeko eta hondamendiek eragindako pertsonen sufrimendua eramangarriago egiteko. Beste aldetik, ekintza humanitarioko proiektuak, zentzu zabalago batean; horri lotutako jarduerak larritasun-maila txikiagokoak dira eta garapena, giza eskubideak eta bakegintza sustatzeko oinarri batzuk bultzatzeko dira.
Aipatutako dekretuaren 4. artikuluak dioenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren bidez urtero egingo da laguntza-deialdia, bi finantzaketa-lerroak bilduz. Finantzaketa-lerro iraunkor bat, urte osoan irekita egongo dena; larrialdi-laguntzetarako eta ekintza humanitarioetarako dirulaguntza-eskariak aurkeztu ahal izango zaizkio. Beste finantzaketa-lerroa, ordea, ekintza humanitarioko esparru-estrategiak onesteko izango da. Agindu horri jarraiki onetsi zen Garapen Lankidetza Sustatzeko 2010erako Fondoaren kontura ekintza humanitarioetarako diru-laguntzak deitzen dituen Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2010eko otsailaren 12ko Agindua.
Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen dituen otsailaren 19ko 31/2008 Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa betez, eta horren ondorioz, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren Batzorde Kudeatzailearen proposamenez (martxoaren 30eko 62/2004 Dekretuak arautzen du batzorde hori), eta aurretiaz txostena egiten badu Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak, honako hau
Lehenengoa. Serso Euskalherria erakundeak eskatutako proiektuaren finantzaketa-lerro iraunkorrari aurkeztutako larrialdi-laguntzarako eta ekintza humanitariorako dirulaguntza ematea. Laguntza horren bidez, ahal den neurrian, konpondu ahal dira Haitin, zehatzago Puerto Principen, bizi duten hondamendi-egoeraren ondorioak. Dirulaguntzaren bidez, elikagaiak, sendagai eta premia handiko beste gai batzuk eskuratu nahi dira, hala nola kanpadendak, koltxoiak eta mantak. Material hori dena Villa Manrèse-ko lorategietan, Etxe Sozial Viatoriarrean eta inguruko lekuetan dagoen jendearentzat izango da.
Bigarrena. Laguntza 73.147,11 euroko ordainketa bakar baten bidez emango da. Proiektua 2010eko otsailaren 15ean hasiko da eta 2010eko apirilaren 15ean bukatuko. Beraz, dirulaguntza zuritzeko epea 2010eko abuztuaren 15ean bukatuko da.
Hirugarrena. Agindu hau erakunde eskatzaileari bertatik bertara jakinaraztea eta Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.
Laugarrena. Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke erakunde berean, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean. Epeok agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 12a.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


