- AGINDUA, 2010eko otsailaren 15ekoa, Kulturako sailburuarena, Villanañeko 3 zenbakiko Zubia, Gaubea (Araba), Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko otsailaren 15ekoa, Kulturako sailburuarena, Villanañeko 3 zenbakiko Zubia, Gaubea (Araba), Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 50
- Hurrenkera-zk.: 1491
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/02/15
- Argitaratze-data: 2010/03/15
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16. eta Estatutuko 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
2009ko azaroaren 4an Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordearen Ebazpena eman zen. Ebazpen honen bidez Villanañeko 3 zenbakiko Zubiak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2010eko urtarrilaren 11ko 5 zenbakia duen EHAAn argitaratua izan zen.
Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu izan.
Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
Lehenengoa. Villanañeko 3 zenbakiko Zubia, Gaubea (Araba) Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. Eranskinean agertzen den bezala eta II. Eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.
Laugarrena. Gaubeako Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Gaubeako Udalari, Arabako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria et Kirol eta Herrilan eta Garraio Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.
Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.
Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 15a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Mugaketa
Mugaketaren eremua
Babes-eremuaren mugaketa erantsitako planoak erakusten duena da, eta barne hartzen ditu zubia bera, alde bietan (bi ertzetan) dauden euskarriak eta eraikinik gabeko ingurumari bat.
Mugaketa-lerroa ondasunaren kanpo-ertzetik 15 metrora dagoen lerro paralelo batek definitzen du.
Mugaketaren justifikazioa
Proposatzen den mugaketa justifikatzen da zubiaren ingurumariko ingurumen-balioak, estetikoak eta bisualak babestu behar direlako. Inguruaren mugaketak beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko zera dakar, zubiaren ondoko inguruak ere babestea, horiek gabe ez baita ingeniaritza-lanaren garrantzia behar bezala antzematen. Ertz bakoitzaren ondoko ingurua sartzen da, ondasuna begiztatzeko eta bertara sartzeko toki ezin hobeak direlako.
Deskripzioa
Ez dakigu noiz eraiki zen. Dena den, hurbiltasuna dela eta, Varonatarrek 1769 eta 1771 urteen artean altxarazitako burdinolarekin lotuta ageri da.
Ustez beheratuta dauden bi zubi-begi edo arku ditu, neurri berekoak, gerriak apur bat itxi eta erdiko pilarearen eta alboko estribuen aurka amaitzen direnak; halako moduan non hiru zentroko arku karpanelak osatzen diren, baoen hustubidearen emaria maldaren horizontaltasunari eragin gabe handitzen dutenak. Eraikuntza-trebezia baten seinale den elementu hori zubiaren egiturako beste xehetasun batzuetan ere antzematen da.
Erdiko pilareari itsatsita zubi-branka bikaina dago, ibaian goranzko norabidearekin, uraren oldarrari aurre egiteko eta presioa arintzeko. Harlanduzko aparejuak uztardura ona du, gorantz sestra lau bat markatzen duen inposta irtentsuraino iristen dena.
Ahokadurak guztiz erregularrak dira, Arabako zubietan ohi ez bezalako arduraz zaindutako estrados batekin. Betegarrien lehenengo zazpi ilarak soka-harlanduen erara antolatuta daude, ongi eskuairatuak, eta estradosaren gainerakoa harlangaitz-horma ilaratuan eratua dago.
Intradosaren oinean lau horma-zulo pare daude, gangaren tolesdurarako baliatu zirenak, egiturari behin-behinean eusten dion zurezko armazoia alegia, arkuko dobela guztiak jarri arte.
Erdiko zepako babes hidrodinamikoak oin angeluzuzeneko harlanduzko mutur batez osatzen dira, soilik arkuetako gerri-ertzetaraino iristen dena. Eraikuntzaren gainerakoa eskasagoa da: tinpanoan harlangaitz handiko ilara erregularrak, eta geroagoko eraberritze baten ondoriozkoak diruditen kareletan harlangaitz-horma ilaratua.
Harlangaitzezko estribuek eta banguardiek zementuzko juntura-berdintze ugari dituzte, nahiko egoera kaskarrean.


