- AGINDUA, 2010eko otsailaren 24koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, lehentasunez esku hartzeko auzoak eta hiri-eremuak hobetzeko diru-laguntzen Hiriber programa arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko otsailaren 24koa, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, lehentasunez esku hartzeko auzoak eta hiri-eremuak hobetzeko diru-laguntzen Hiriber programa arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 46
- Hurrenkera-zk.: 1316
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/02/24
- Argitaratze-data: 2010/03/09
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
- Azpigaia: Ingurumena; Herri Administrazioa; Hirigintza eta etxebizita
Testu legala
Argi dago azken hogeita hamar urteetako herri-administrazio demokratikoen jardun bateratuari esker, gure herri, hiri eta auzoetako hiri-espazioen egoerak bilakaera oso positiboa izan duela.
Eztabaida gehiegi sorrarazi gabe esan genezake duela hogeita hamar urte baino hobeto urbanizatuta, hornituta, eraikita eta ekipatu daudela gure hiri-espazioak.
Hala ere, egia da zenbait egoera historikok eta azken aldian areagotu egin diren egungo krisi ekonomikoaren ondoriozko problematika sozio-ekonomikoak bat egin dutenean, hirigintzaren aldetik atzerakada prozesuetan murgilduta dauden hiri-eremuak sortu dituztela, lehenbailehen aurrea hartu behar zaien gabezia ekonomiko eta sozialak dituzten espazioak, alegia.
Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak (2002ko abenduaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 249. zenbakia) ondare hori birgaitzeko jarduketen araubide juridikoa arautzen du, etxebizitzaren sektorea sustatu eta bultzatzeko, batez ere hirigintza-interesa duten areatan. Dekretu hori garatzeko eman zen Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Agindua, Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Narriatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko eman beharreko diru-laguntzak arautzen dituena. Horren harira, hainbat deialdi egin dira. Hala ere, Dekretu horren lehendabiziko xedapen gehigarriak ahalmena ematen dio Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari agindu bidez berariazko birgaitze-programak ezartzeko; programa horiek laguntza bereziak izango dituzte, betiere birgaitze-jarduketa jakinen ezaugarri bereziek edota aparteko eta ezusteko gora-beherek eragindako egoerek hori aholkatzen badute.
Hori horrela, gaur egungo egoera sozio-ekonomikoaren gainean jardun nahi duen krisiaren aurkako jarduketen multzo gisa pentsatutako + Euskadi 09 neurrien esparruan sortu da auzoak eta hiri-eremuak hobetzeko diru-laguntzen programa hau (Hiriber-Hiriak Berritu programa), hain zuzen ere, eremu horien egoera objektiboak kontuan hartuta horietan lehentasunez esku-hartzea komeni delako, hiri- eta gizarte-arloko narriadurak gune horiek eremu marjinal bihurtzea saihesteko.
Esku-hartze ildo horren beraren barruan, laguntzak etxebizitza-eskariari erantzuteko premiaren osagarri izan daitezela nahi da, Babes Publikoko Etxebizitzak egikaritzeko lurzoru urbanizatuko lur-zatiak sortzeko beharrezkoak diren urbanizazio-obren egikaritzapena bultzatuz eta sustatuz.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzazko figura hori sortu du, lehentasunezko interes-arloetan beharrezko esku-hartzeei erantzuteko baliatuko dena. Problematika mikrourbanoetan esku hartzeko aukera, esparru horretan lehentasunezko hirigintza esku-hartzeak baliatzea ahalbidetuta, hobekuntza ekonomiko eta sozialak sortuko ditu, eta etorkizuneko garapen harmonikoaren oinarriak ezartzea ahalbidetuko du.
Programa honek oinarrian duen filosofia eta 2007ko maiatzaren 2ko Aginduarena oso bestelakoak dira, eta seguru asko, Etxebizitzaren aldeko itun soziala lortzeko ireki den eztabaida parte-hartzailerako prozesuaren ondoren, hiri-birgaitze eta berritzerako etorkizuneko ildoek agindu honekin abiarazitako norabidea jarraituko dute, gai honen inguruan itxura baten dagoen adostasun-maila ikusita. Programa bien artean elkartze-gune teorikoa dagoenez, Hiriber programaren benetako eraginkortasuna egiaztatzeko asmoz, 2010ean zehar, bertan behera geratuko da aldi-baterako 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren indarraldia.
Ondorioz, honako hau
Agindu honen bitartez, lehentasunez esku hartzeko auzoak eta hiri-eremuak hobetzeko diru-laguntzen Hiriber programa arautuko da.
Agindu honen ondorioetarako, lehentasunezko esku-hartzea behar duten auzo eta/edo hiri-eremutzat hartuko dira hiri-eremu homogeneoak, batez ere bizitegietarakoak eta ohiko bizileku legez erabilitakoak eta ondoren adierazitako egoeraren batean daudenak:
Hirigintzaren aldetik degradatuak, urbanizazio, hornidura eta azpiegituren eza, urritasuna edo akatsengatik. Guzti hori, agindu honetako 8.d artikuluan ezarritakoaren arabera.
Gehien bat babes publikoko etxebizitzetarako diren bizitegietarako sektoreak edo eremuak, zailtasunak dituztenak urbanizazio obrak burutzeko, dela higiezinen merkatuaren egoeragatik, dela bide-sistema osatzeko elementuak gauzatu beharragatik.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei daude zuzenduak.
Onuradunei diru-laguntzak eta laguntza emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik tramitazioan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.
Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden pertsona juridikoek ezin izango dute edo laguntza-deialdi honetan parte hartu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.
Hiriber programako diru-laguntzak eskuratzeko, auzoak eta hiri-eremuak hobetzeko jarduerek honako obra-mota hauek izango dute helburu:
Espazio publikoa hobetzea eta harekin lotutako aparkalekuak, berdeguneak edo kirol-guneak hornitzea.
Babes publikoko etxebizitzak hartuko dituzten orubeak merkaturatzea ahalbidetuko duen egikaritze-fasean dauden eremuen edo sektoreen urbanizazioa.
Goian adierazitako eremu edo sektoreez kanpoko bide-sistema osatzeko elementuen egikaritzea, haiek garatzeko beharrezkoak badira.
b) eta c) letretan aurreikusitako kasuetan, entitate onuradunei dagozkien urbanizazio-obrak baino ez dira diruz laguntzekoak izango, jarduketaren xede diren eremuetan parte hartuko duten partikularrei dagozkien urbanizazio-kargak salbu utzita.
Ezin izango dira programa honen konturako diru-laguntzaz baliatu agindu hau EHAAn argitaratzen den unean indarrean dauden udal-aurrekontuetan jasotako jarduketak.
Diru-laguntza eman izana EHAAn argitaratu eta hilabeteko epean hasi beharko dute edota hasita eduki beharko dute diruz laguntzeko diren jarduerek lizitazio-prozesua.
Obrak amaituta egon beharko dute 2010eko abenduaren 31 baino lehen, eta hori obrak behin-behinean hartzeko aktarekin edota obren amaierako egiaztagiri ofizialarekin egiaztatuko da. Behar bezala justifikatutako kasu berezietan, epe hori gainditu ahal izango da. Horrelakoetan, diru-laguntzaren onuradunak egoeraren berri eman beharko du arrazoiak azalduz eta diru-laguntzak kudeatzen dituen organoarengandik lortu beharko du obren gauzatze materialerako epea zabaltzea. Ezingo da gainditu, dena den, 2011ko abenduaren 31ko epea.
Diru-laguntzak entitate onuradunen izenean eskatzeko, alkateek honako hauek aurkeztu beharko dituzte agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean:
Laguntza-eskaera, Etxebizitzako sailburuordeari zuzendua eta agindu honen I. eranskinean argitaratutako formatuari jarraiki, laguntza zein jarduketatarako eskatzen den zehaztuz III. eranskinean ezarritakoaren arabera.
II. eranskinean adierazitako dokumentazioa.
Eskaerak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarri diren bideetarik edozein erabilita.
Etxebizitza Sailburuordetzak aurkeztu den eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Halaber, hala egin ezean Ebazpen bidez bere eskaera atzera egintzat hartuko dela adieraziko zaio. Ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurrez ikusitako baldintzetan egin beharko da.
Eskaera I. eranskinaren formatuari jarraiki aurkezten ez bada eta/edo II. eta III. eranskinetan adierazitako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskaera atzera botako da, aurreko paragrafoan adierazitakoaren arabera. 8. artikuluan ezarritako alderdiak egiaztatzen ez badira, zero balorazioa ekarriko du egiaztatu gabeko alderdi guztietan.
Diru-laguntzen Hiriber programak 15.000.000 euroko ordainketako aurrekontu-kreditua du.
Diru-laguntzak aurrekontu-kreditua agortu arte esleituko dira, aurkeztutako eskaerek lortutako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Agindu honetako 8. artikuluan finkatuta dauden esleipen-irizpideak aplikatuko dira.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak urbanizazio-obren kontrata bidezko gauzatze-aurrekontuaren % 75 arteko diru-laguntza emango du, agindu honetan bildutako laguntzak ematean zein den kontuan hartuta.
Agindu honen arabera, udal onuradun batek ez du inolaz ere 1.000.000 eurotik gorako diru-laguntzarik jasoko.
Aurkeztutako eskaerei, gehienez ere, 100 puntu emango zaizkie, jarraian zehaztutako adierazleen arabera eta beti ere kontzeptu bakoitzeko adierazitako dokumentuen bidez egiaztatzen badira:
Langabezia-maila.
Erreferentziako eta esleipen dokumentu gisa Lanbidek (Euskal Enplegu Zerbitzua) landu eta argitaratutako langabezia-mailaren datua erabiliko da, udalei eta 2009ko uztailari dagokiona, hain zuzen.
Irizpide horren arabera, gehienez 25 puntu esleituko dira.
Balorazioa egiteko gainerako jarduerekin alderatuko da: langabezia-tasa handiena duen udalari emango zaizkio 25, eta gainerakoen artean puntuazioa hainbanatu egingo da gehiengo puntuazioa sortzen duen datuaren gaineko zuzenean proportzionala den desbideraketaren arabera.
Eremuko etxebizitzen kopurua, etxebizitza horiei proposatutako esku-hartzeak zuzenean mesede egingo baitie.
Erreferentziako dokumentu gisa udaleko idazkariaren egiaztagiria hartuko da. Aipatutako datu hori jasoko du eta balorazio batzordeak egiaztatu egingo du.
Irizpide horren arabera, gehienez 15 puntu esleituko dira.
Balorazioa egiteko beste jarduerekin alderatuko da eta 15 puntu emango zaizkio esku-hartzeak zuzenean mesede egingo dien etxebizitza-kopuru handiena biltzen duen proposamenari, eta gainerakoen artean puntuazioa hainbanatu egingo da gehiengo puntuazioa sortzen duen datuaren gaineko zuzenean proportzionala den desbideraketaren arabera.
Eremuan erroldatuta dauden eta diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuak osatzeko prestazioa jasotzen dituzten pertsonen kopurua.
Erreferentziako dokumentu gisa oinarrizko gizarte-zerbitzuen arduradunaren egiaztagiria hartuko da.
Irizpide horren arabera, 0tik 15 puntura esleituko dira.
EAEko batez besteko balioaren arabera egingo da balorazioa: 0 puntu esleituko zaizkio EAEko batez bestekoari dagokion balioari eta 15 gizarte-laguntzen jasotzaileen kopuru handiena egiaztatzen duen eremuari. Gainerako balorazioak gehiengo puntuazioa sortzen duen datuaren gaineko zuzenean proportzionala den desbideraketaren arabera.
Proposatutako interes bereziko eremuaren hornidura-egoerarekin lotutako oinarrizko zerbitzuen gabezia edo urritasuna, eta haien egoera berdegune, aparkaleku eta kirol-guneekin lotuta.
Erreferentziako dokumentu gisa Udaleko zerbitzu teknikoen interes bereziko eremuaren hornidura-egoerari buruzko -udalerriaren gainerako hornidura-egoerarekin lotuta - egiaztagiria hartuko da.
Irizpide horren arabera, 0tik 15 puntura esleituko dira.
Proposatutako interes bereziko eremuaren gainean jarduketak duen egokitasun soziala, ekonomikoa eta hirigintzazkoa.
Erreferentziako dokumentu gisa diru-laguntza eskatu duen Udaleko alkateak izenpetutako justifikazioko memoria hartuko da. Proposatutako proiektuaren interesa eta egokitasuna azalduko da bertan, esku-hartzea interes bereziko bihurtzen duten arrazoi sozialak, ekonomikoak eta hirigintzazkoak azaldu, zehaztu eta dokumentatu, baita aurreikusgarriak diren eraginak ere.
Irizpide horren arabera, 0tik 30 puntura esleituko dira.
Etxebizitza Sailburuordetzari dagokio agindu honetan aurrez ikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.
Aurkeztutako eskariak 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera baloratzeko, balorazio batzordea eratuko da. Honako hauek osatuko dute: Lurzoru eta Hirigintza zuzendariak, Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontroleko zuzendariak, Etxebizitzako Plangintza eta Prozesu Eragileen zuzendariak eta dagokion zuzendariak izendatutako hiru Zuzendaritza horietako funtzionario banak.
Balorazio-prozesuan zehar, Batzordeak aukera izango du interesdunei bere zeregina aurrera eramateko egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatzeko.
Batzordeak ebazpen-proposamena igorriko dio Etxebizitzako sailburuordeari. Proposamen horretan onuradunen zerrenda egongo da, puntuazioaren hurrenkeraren arabera, laguntzaren xede diren jarduketak eta proposatutako diru-laguntzen zenbatekoak adieraziko dira, bai eta ezesteko proposatutako eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak ere.
Etxebizitzako sailburuordeak, balorazio batzordeak egindako proposamena aztertu ondoren, ebazpena eman eta interesdunei jakinaraziko die, hamabost eguneko epean eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik zenbatzen hasita. Ebazpen horretan laguntzak ematen edo ukatzen diren zehaztuko da, eta, ematen badira, laguntza horien zenbatekoa.
Jende guztiak horren berri izan dezan, diru-laguntzak esleitzeari buruzko ebazpena eta esleipen horren aldaketa posibleei buruzkoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunetik hasi eta hilabeteko epean.
Adierazitako epea igarotakoan, aipatutako jakinarazpena egin eta jakinarazi ez bada, egindako eskaera atzera botako da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako, alde batera utzi gabe lege horrek Administrazioari esan-bidez ebazteko ezartzen dion betebeharra.
Diru-laguntza Etxebizitzako sailburuordearen ebazpenen bitartez ordainduko da, zatika eta honela ordaindu ere:
Urbanizazio-, hobetze- eta hornidura-obretarako emandako diru-laguntzak, ordainketa partzialen bidez, 12.a artikuluan ezarritako epea amaitutakoan onuradunak diru-laguntzari uko egin ez badio eta obraren egiaztagiriei buruzko ziurtagiriak eta argazkiak aurkeztu ondoren.
Ordainketa horren zenbatekoa honela kalkulatuko da: aurkeztutako obraren ziurtagiriaren bitartez egiaztatutako gastuari ehuneko bat aplikatuko zaio, eta ehuneko hori diru-laguntza emateko kontuan hartutako kontratagatiko egikaritze-aurrekontuari dagokionez emandako diru-laguntzaren ehunekoa izango da.
Oro har, emandako diru-kopuruaren % 25 aldez aurretik ordainduko da. Ondorengo ordainketak egin aurretik aurrerakin hori egiaztatu beharko da dagozkion obra-ziurtagiriak aurkeztuz, aurreko idatz-zatian adierazitako proportzioan.
Nolanahi ere, onuradunek bi hilabeteko epea izango dute obra-ziurtagiriak aurkeztu aurretik, obrak egiten diren egunetik zenbatzen hasita.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasoko dituen entitateak betebeharrok ditu:
Emandako diru-laguntza onartu. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek ukoa idatziz adierazten ez badute onartu egiten dutela ulertuko da. Uko eginez gero, baztertutakoen zerrendako hurrengo eskatzaileen artean banatuko da liberatutako diru-laguntza.
Zertarako eman den diru-laguntza, helburu horretarakoxe erabiltzea.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren lana betetzeko onuradunari eskatutako informazio guztia helaraz diezaiela, programa honi lotutako diru-laguntzak direla-eta galdatutako gauza guztietan.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak izango dira xede berarekin beste erakunde publiko zein pribatuk eman ditzaketen bestelako laguntzekin.
Agindu honek xede dituen laguntzekin batera onuradunak bestelako laguntzak jasotzen baditu, laguntza guztien zenbatekoak ez du gaindituko diruz lagundutako jardueren kostua. Bestela, Hiriber programaren kontura emandako diru-laguntza dagokion kopuruan gutxituko da.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatzeak eta beste edozein erakunde publikok zein pribatuk emandako bestelako laguntzak aldi berean jasotzeak laguntza emateko Ebazpena ere aldatzea ekar dezake, baldin eta haren xedea betetzat hartzen bada.
Horretarako, Etxebizitzako sailburuordeak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eta bertan, hala badagokio, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.
Diru-laguntza ematea eragin duten baldintzetako bat ez dela bete egiaztatzeak diru-laguntza galtzea ekarriko du, eta onuradunak jasotako zenbatekoak eta dagozkien lege-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, dagozkion prozedura-izapideak bideratu ondoren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez.
Agindu honen babesean diruz lagundutako obrek Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa dutela adierazi beharko da.
Hori horrela dela fisikoki islatu beharko da obrak egiten diren eremuaren inguruan, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren ikurra eta logotipoa daramaten publizitate-panelen bidez, proiektuaren izena eta honako testu normalizatu hau barne hartuta: Este proyecto ha sido cofinanciado por el Gobierno Vasco. programa Hiriber, Plan + Euskadi 09. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin finantzatu da. Hiriber Programa, + Euskadi 09 Plana.
Esleipendun bakoitzari emango zaio kartelaren neurri eta ezaugarri tipografikoen berri, baita eraman behar duen testua ere, esku-hartzearen ezaugarrien arabera.
Orobat, jarduketa beste bitartekoen bidez dibulgatzen edo hedatzen bada, Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea adieraziko da, aurreko puntuan bezalaxe.
Artikulu honen xedeetarako, Eusko Jaurlaritzaren Korporazio Identifikazioari buruzko Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa beteko da.
2010eko abenduaren 31 arte bertan behera geratuko da aldi baterako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2007ko maiatzaren 2ko Aginduaren indarraldia, Birgaitze Integratuko Eremuetan edo Bizitegi Eremu Narriatuetan ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko eman beharreko diru-laguntzak arautzen dituena. Ondorioz, ekitaldi honetan ez da agindu horretan araututako diru-laguntzetarako deialdirik egingo.
Lehenengoa. Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta interesdunek aginduaren aurkako Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean argitaratzen den eguneko biharamunetik zenbatzen hasita.
Bigarrena. Ondorioak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 24a.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Lehentasunez esku hartzeko auzoak eta hiri eremuak hobetzeko Hiriber programako diru laguntzen eskabide inprimakia eta zinpeko aitorpena.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuordeari
Udalak, eta haren ordezkari legez alkate-udalburu den jaunak/andreak
IFK: helbide soziala:
Kalea: Zk.:
Herria: PK:
Telefono-zenbakia: Fax zenbakia:
maila: Web orria:
Harremanetarako pertsona:
Kargua: Telefono-zenbakia:
Fax zenbakia: E-maila:
ESKAERA:
Lehentasunez esku hartzeko auzoak eta hiri-eremuak hobetzeko Hiriber programako diru-laguntzak.
Halaber, honako hau
AITORTZEN DU:
Eskaera-egunari eta laguntza eskatzen den proiektuei dagokienez:
Bestelako erakunde publiko edo pribatuetan ez duela proiektu horietarako eskaerarik aurkeztu eta/edo laguntzarik jaso.
Bestelako erakunde publiko edo pribatuetan proiektu horietarako eskaera aurkeztu eta/edo laguntza jaso duela, jarraian adierazten den bezala:
(Adierazi eskaera-eguna / Erakundea / Proiektuaren izena / Eskatutako zenbatekoa / Emandako laguntza)
Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela, eta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez dagoela, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, 4/2005 Legearen (otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoa) Azken Xedapenen arteko seigarrenean xedatutakoari jarraiki.
........................(e)n, 2010eko .................ren .....(e)an
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Laguntza-eskaera, deialdiarekin batera argitaratutako formatuaren arabera egina.
Eremua mugatzeko planoa, eskala adierazita; eta mugaketa ortofotoaren gainean jarrita, eskala berean.
Beste erakundeei eskatu zaizkien laguntzen edo proiektu berberetarako emandakoen ziurtagiria, zenbatekoa adierazita.
Egikaritze-proiektuak (edo kontratatzeko behar bezalako dokumentua)eta haien banakatzea faseetan, ahal bada.
Laguntzagai den jarduketaren kostuaren aurrekontu xehekatua.
Agindua EHAAn argitaratzen den unean indarrean dagoen udal-aurreproiektuan jasota ez dauden jarduketak direnaren egiaztagiria.
Aginduaren 8. artikuluan adierazitako zirkunstantziak betetzen direla justifikatzeko beharrezkoa den dokumentazioa.
Proiektuen izenak, laguntzagai diren jardueren tipologiaren arabera.
Espazio publikoa hobetzea eta espazio publikoa aparkalekuz, berdegunez eta/edo kirol-gunez hornitzea.
Proiektua Obren aurrekontua
Babes publikoko etxebizitzak hartuko dituzten orubeak merkaturatzea ahalbidetuko duen garatze-fasean dauden eremuen urbanizazio-obrak.
Proiektua Obren aurrekontua
Eremuz kanpoko urbanizazio-obrak, beharrezkoak direnak batez ere babestutako etxebizitzatarako diren sektoreak garatzeko.
Proiektua Obren aurrekontua


