Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko otsailaren 24koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena; horren bidez, Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren alorrean bi ikerketa-beka emateko deialdia egin da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko otsailaren 24koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena; horren bidez, Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren alorrean bi ikerketa-beka emateko deialdia egin da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 48
  • Hurrenkera-zk.: 1402
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/02/24
  • Argitaratze-data: 2010/03/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urterako Aurrekontu Orokorren Legea betez eta lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) Ekonomia eta Ogasun Sailak esleituta dituen eskumenak oinarri hartuta, ikerketa-beken deialdia egin da sail hau egituratuta dagoen administrazio-organoei esleitutako jakintza-alorretako profesional adituen prestakuntzan laguntzeko.

Gobernu Kontseiluak 2006ko urtarrilaren 10ean onetsi zuen Euskadiko Aurreikuspen Osagarriaren Planak, bost ardatz estrategikoetako bigarren ardatzean, prestakuntza ahalbidetzera eta bultzatzera bideratutako lan-ildoa azaltzen du eta, horretarako, Unibertsitatearekin eta oro har hezkuntza-politikarekin lan egitea proposatzen da eta, zehatzago, gizarte-aurreikuspen osagarriaren arloan beken bidez susta daitekeela proposatzen da.

Testuinguru horretan, hezkuntzarekiko eta prestakuntzarekiko konpromisoari eutsiz, interesgarritzat jo da unibertsitatearen esparruan prestakuntzaren osagarri izango diren eta profesionalen prestakuntzan lagunduko duten beken deialdia egitea. Beka horiek profesionalak gizarte-aurreikuspenaren zenbait arlotan espezializatu daitezen bultzatuko dute eta, horrela, duten unibertsitate-prestakuntzaren osagarria izango dira eta ondoren arlo horietan lortutako trebeziak aplikatu ahal izateko enpresetan, finantza-erakundeetan, aseguru-erakundeetan edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan sartzea erraztuko diete.

Horrela, adierazitako beka horiek gizarte-aurreikuspen osagarriarekin lotura duten gaien prestakuntza, azterketa eta ikerketaren bidea jarraitu nahi duten unibertsitateko tituludunentzat dira, eta laguntzak emango dira bereziki eremu horretan azterlanak eta ikerketak garatu eta ezartzea sustatzeko.

Arestian azaldutakoa kontuan hartuta, honako hau

Euskadiko Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren arloan bi ikerketa-beka emateko deialdia egingo da, onetsi diren eta agindu honen eranskinean azaldu diren oinarrien arabera.

Lehenengoa. Agindu honetan aurreikusi ez den guztirako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena. Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

Hirugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko otsailaren 24a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA

GIZARTE-AURREIKUSPEN OSAGARRIAREN ARLOAN BI IKERKETA-BEKA EMATEKO DEIALDIA EGIN DUEN AGINDUAREN ERANSKINA.

OINARRIAK:

Lehenengoa. Xedea.

  1. Oinarri hauen xedea da Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren arloan bi (2) ikerketa-beka emateko deialdia arautzea.

  2. Bekek gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloan ikertzeko, euren burua prestatzeko eta lankidetzan aritzeko aukera emango die adjudikaziodunei.

    Aurreko paragrafoan aurreikusi diren jarduerak egiteko, onuradunek ez dute inola ere parte hartuko Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza Zuzendaritzan egin ohi diren administrazio-lan arruntetan.

    Beka eskatzen dutenek ikerketa-programaren azalpen labur bat aurkeztuko dute Memoria batean. Memoria horretan honako hau bilduko dute: aztertu beharreko gaiak, gai horien garrantzia gizarte-aurreikuspenaren testuinguruan eta azterlan hori egitera eraman duten arrazoi pertsonal eta sozialak.

  3. Honako hauek dira beken helburuak:

    Lizentziadunen prestakuntza osagarria Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren berariazko gaietan.

    Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren eta Autonomia Erkidegoan garatu duten erakundeen, bahitetxeen eta ermandadeen historiaren berri izatera bideratutako ikerketa.

    Gizarte Aurreikuspen Osagarriari buruzko ikerketa, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek gaur egun dituzten arazoak sakonki aztertuz, baita gai horretan adituak diren hainbat zentrok egindako lanak biltzeari eta ezagutarazteari buruzkoa ere.

    Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren arloan Europar Batasunetik eta nazioarteko erakundeetatik eratorritako araudia ebaluatzea eta aztertzea, eta Autonomia Erkidegoan aplikatzea.

    Bigarrena. Beken iraupena.

  1. Beka bakoitzak zortzi (8) hilabete iraungo du, eta bekak adjudikatzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epe hori zenbatzen.

  2. Bekadunek euren prestakuntza-eginkizunak betetzeko Ekonomia eta Ogasun Sailaren fondo bibliografikoak eta dokumentalak izango dituzte, eta nahi adina aldiz joan ahal izango dira kontsultatzera.

    Hirugarrena. Zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

  1. Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsi zuen testu bateginaren araberako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  2. Beka bakoitzaren zenbatekoa kopuru finkokoa izango da: 9.000 (bederatzi mila) euro. Horretaz gain, beste zenbateko gehigarri bat egongo da, 1.000 (mila) eurora artekoa, bekaren gaiarekin lotura duten ikastaro eta mintegietara joateko. Guztira 20.000 euroko kreditua dago, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean dago esleituta.

  3. Beka adjudikatu ondoren eta bederatzigarren oinarriaren e) letran adierazten den hasierako diagnostikoa aurkeztu ondoren, 1.500 (mila eta bostehun) euro emango zaizkio onuradunari.

  4. Lehenengo bihilekoa amaitzean, 1.500 (mila eta bostehun) euro emango zaizkio onuradunari. Bekaren gainerako zenbatekoa 2.000 (bi mila) euroko hiru ordainketatan emango da. Zenbateko horiek bihilekoa amaitu ondoren ordainduko dira, bederatzigarren oinarriko f atalean aipatutako memoriak aurkeztu ondoren.

  5. Horretaz gain, bekaren helburu den gaiarekin lotura duten ikastaro eta mintegietara joateko laguntza gehigarria eskatu ahal izango du bekadunak, adjudikaziodunak hala egiaztatzen duenean eta tutoreak baliozkotuta dagoenean. Gastu horien muga Euskal administrazio publikoetako funtzionarioen zerbitzuengatiko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan (515/1995, 63/1998, 267/2000 eta 121/2006 dekretuek aldatuta) aurreikusitako zenbatekoek ezarritakoa izango da, eta jatorrizko ziurtagiri edo egiaztagiriak aurkeztu ondoren ordainduko dira.

    Laugarrena. Onuradunak.

  1. Eskatzaileek honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte eskaerak aurkezten dituzten egunean:

    1. Europar Batasuneko herritartasuna izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea ekitaldi honetako urtarrilaren 1aren aurretik.

    2. Europar Batasuneko estatu kideren batean eskuratutako unibertsitate-lizentziatura izatea.

    3. Lehenagotik horrelako edo antzeko bekarik jaso ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

    4. Diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan arau-hauste bat egin izanagatik jarritako zigor irmoaren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzak lortzeko debekurik ez izatea.

    5. Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen edo debeku horrekin zigortuta ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

    6. Soldatapeko lanik egiten edo beste beka edo laguntzarik jasotzen ez egotea.

  2. Onuradunari beka eman eta, hala balegokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi ziren eta oraindik tramitatzen dauden itzulketa- edo zigor-prozedura guztiak amaitzea.

    Bosgarrena. Bekadunaren tutoretza eta zuzendaritza.

  1. Beka emateak eta jasotzeak ez dakar inolako kontratu- edo estatuto-harremanik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bekaren adjudikaziodunaren artean. Era berean, erakunde horrek ez du inolako konpromisorik izango etorkizunean onuraduna bere plantillaren barnean hartzeko.

  2. Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako bekak kudeatzea.

  3. Hiru euskal unibertsitateetako katedradunen batek egingo ditu bekaren jarraipen, tutoretza eta zuzendaritza lanak. Tutoreak, bekadunak bere Memorian aurkeztutako bekaren behin-behineko garapen-eskemaren arabera, eta Finantza Zuzendaritzarekin ados jarrita, aldaketak proposatu ahal izango ditu, eta baita oharrak egin ere, behin-behineko eskema hori Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren arlo zehatzera egokitzeko, eta azterlanaren behin betiko eskema ezarri ondoren, betetzen dela kontrolatuko du. Horretarako, lana aurkeztutako proiektuari egokituta dagoela egiaztatzen duen txosten txiki bat egingo du.

  4. Finantza Zuzendaritzak, beka-aldia amaitzean, beka jaso duela egiaztatuko duen ziurtagiria emango dio bekadunari. Ziurtagiri horretan bekaren edo laguntzaren xedea adieraziko da, baita haren jardunean gauzatu diren jarduera nagusiak ere.

    Era berean, eta bekadunak eskatuta, Finantza Zuzendaritzak ikerketa-lanaren garapenari buruzko azken txostena hedatu ahal izango du, baina ez modu esklusiboan, hori guztia Jabetza Intelektualaren Legearen testu bategina onetsi zuen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako zehaztapen eta baldintzen arabera.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak asegurua kontratatuko du bekadunarentzat, istripu, ezintasun edo heriotza arriskuak estaltzeko, baita erantzukizun zibila ere, bekadunaren jardunak hirugarrenei eragin diezazkiekeen kalteak estaltzeko.

    Seigarrena. Eskaeren formalizazio eta aurkezpena.

  1. Beken onuradunak lizentziadunak izan beharko dira, edo eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean lizentziadunak izateko moduan egon.

  2. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

  3. Eskaera, eskaera formalizatuaren bidez egingo da, oinarrien I. eranskinean azaltzen den ereduaren arabera.

  4. Behar bezala betetako eskaera honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da:

    1. Laugarren oinarrian adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa:

      Europar herritartasuna NANa edo, hala badagokio, herritartasuna ziurtatzen duen titulu juridikoa aurkeztuz egiaztatuko da.

      Euskal Autonomia Erkidegoko herri batean bizi dela egiaztatzeko dagokion udal-erroldaren ziurtagiria aurkeztuko da.

      Titulazio akademikoa eskaerak aurkezteko epearen barruan egiaztatu beharko da, deialdi honetan eskatzen diren titulu akademikoetako baten kopiaren bidez edo titulua emateko eskubideak ordaindu izana egiaztatzen duen agiriaren bidez.

      Laugarren oinarriaren 1. ataleko c, d, e eta f ataletako baldintzak eta laugarren oinarri horretako 2. atalekoak betetzen direla egiaztatzeko, oinarrien II. eranskinean azaltzen den ereduaren araberako aitorpen arduratsua aurkeztu beharko da.

    2. Unibertsitateko ikasketen ikasketa-ziurtagiri xehatua, lortutako kalifikazioak eta haien datak azalduz.

    3. Curriculum vitaea, bertan datu akademikoak, euskararen eta EBko beste hizkuntza batzuen jakintza maila adierazi beharko dira; horretaz gain, interesgarriak diren beste merezimendu batzuk ere adieraziko dira. Hori guztia agirien bidez egiaztatu beharko da, ziurtagiriak edo diplomak aurkeztuz, edo haien egiazkotasuna ziurtatuko duen beste edozein bitarteko erabilita. Eskaerak aurkezteko epearen ondoren aurkeztutako merezimenduen egiaztapenek ez dute baliorik izango.

    4. Memoria laburra, mekanografiatutako bi orrialdekoa, gehienez. Bertan adieraziko dira, argi eta garbi eta behar bezala antolatuta, bekaren helburua oinarritzen den edukia eta aztertu beharreko gaiak, gai horien garrantzia Euskadiko gizarte-aurreikuspenaren testuinguruan eta azterlan hori egitera eraman duten arrazoi pertsonal eta sozialak.

  5. Eskatutako dokumentazioaren agiri originalak aurkeztu beharko dira, edo behar bezala kautotutako edo konpultsatutako kopiak.

  6. Eskaerak Finantzetako zuzendariari bidaliko zaizkio eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Zuzendaritza horretan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako moduen arabera ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

  7. Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, osorik ez dagoela edo oinarri honetan aurreikusitako baldintzak betetzen ez dituela atzematen bada, interesdunari jakinaraziko zaio eta hamar asteguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko edo beharrezko dokumentazioa osatzeko. Horretaz gain, adieraziko zaio eskatutakoa betetzen ez badu, eskaera alde batera utzi duela ondorioztatuko dela, horretarako emandako ebazpenaren ondoren, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    Zazpigarrena. Hautaketa Batzordea. Bekaduna hautatzeko irizpideak.

  1. Eskaerak aurkezteko eta, hala badagokio, zuzentzeko epea amaitu ondoren, Hautaketa Batzorde batek egingo du eskaeren ebaluazioa eta adjudikaziodunaren hautaketa. Honako hauek osatuko dute batzorde hori:

    Batzordeburua: Finantzetako zuzendaria edo eskuordetzen duen pertsona.

    Batzordekidea: Zerbitzu Zuzendaritzako teknikari bat.

    Idazkaria: Finantza Zuzendaritzako teknikari bat.

    Hautaketa Batzordeko kideak izendatu eta hautatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.4 artikuluak ezarritakoaren arabera.

  2. Hautaketa Batzordeak bi fasetan egingo du aurkeztutako eskaeren balorazioa, honako irizpide hauen arabera:

    Lehiaketaren lehenengo fasea:

    1. Eskatzailearen espediente akademikoa: 10 puntu gehienez.

      Batez besteko «nahikoa» nota egiaztatzea: 5 puntu.

      Batez besteko «oso ongi» nota egiaztatzea: 7 puntu.

      Batez besteko «bikain» nota egiaztatzea: 9 puntu.

      Batez besteko «ohorezko matrikula» nota egiaztatzea: 10 puntu.

    2. Aurkeztutako memoriaren kalitatea laguntza edo beka eskatzeko aurkeztu den prestakuntza- edo ikerketa-programari dagokionez: 10 puntu gehienez.

    3. Euskaraz jakitea: 3 puntu gehienez.

      1. hizkuntza-eskakizuna edo baliokideren bat egiaztatzea: puntu 1.

      2. hizkuntza-eskakizuna edo baliokideren bat egiaztatzea: 2 puntu.

      3. hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea: 3 puntu.

    4. Europar Batasuneko hizkuntzak jakitea: puntu 1 hizkuntza bakoitzeko, eta gehienez 3 puntu.

      Ingeles, frantses edota alemaneko Hizkuntza Eskola Ofizialeko 3., 4. eta 5. mailak gainditu izana baloratuko da, edo baliokidetzat ematen diren edo aipatutako mailen antzeko ezagutza eskatzen duten tituluen jabe izatea.

      Hizkuntza Eskola Ofizialeko 3. maila edo baliokideren bat egiaztatzea: 0,50 puntu.

      Hizkuntza Eskola Ofizialeko 4. maila edo baliokideren bat egiaztatzea: 0,75 puntu.

      Hizkuntza Eskola Ofizialeko 5. maila edo baliokideren bat egiaztatzea: 1,00 puntu.

      Lehiaketaren bigarren fasea:

      Proiektuaren defentsa: 10 puntu gehienez.

      Bigarren fase horretara lehenengo fasean lor daitezkeen puntuen erdia baino gehiago lortu dutenak baino ez dira iritsiko. Gaiari buruzko jakintza-maila, erabiliko diren material eta bitartekoak, proiektuaren berritasuna eta duen interes orokorra baloratuko dira.

  3. Eskatzaileen ebaluazioa amaitu ondoren, eta fase batean ere genero alorreko «aurkako eraginerako» aukera dagoela dioten estatistika-zantzurik egon ez dela egiaztatu ondoren, Batzordeak pertsonak aukeratuko ditu, eta bekak ukatzearen edo haiek jasotzeko eskubidea galtzearen kasurako ordezkoen zerrenda egingo du, lehentasun-ordenari eutsiz. Beken adjudikaziodunak lehiaketaren bi faseetan orokorrean zenbatuta puntu gehien lortu dituztenak izango dira.

    Hori egin ondoren, Ogasun eta Finantzetako sailburuordeari aurkeztuko zaio bekak adjudikatzeko proposamena edo, hala badagokio, eman gabe uzteko adierazpena.

  4. Hautaketa Batzordearen erabakiak gehiengoaren aldeko botoekin hartuko dira, eta agindu honetan aurreikusi ez den orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen II. tituluaren II. kapituluan kide anitzeko organoetarako ezarritakoa aplikatuko da.

    Zortzigarrena. Beken ebazpen eta adjudikazioa.

  1. Beken adjudikazioa Ogasun eta Finantzetako sailburuordearen ebazpenaren bidez egingo da, eta hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko azken egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Interesdunei zuzenean jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira beken onuradunen eta haiek ordezteko hautatutakoen izenak.

  2. Ebazpen horretan eta banakako jakinarazpenean, beken adjudikaziodunen izenez gain, honako hauek ere adieraziko dira: beka ematen deneko ikerketa-programa, ordezpen-erregimena eta haien lehentasun-ordena, hautaketa-prozesutik kanpo geratu diren hautagaien izenak eta kanpo geratzeko arrazoiak. Era berean, bekaren segimendu, tutoretza eta zuzendaritza egitea nori egokitu zaion adieraziko da, bosgarren oinarrian xedatutakoaren arabera.

  3. Adjudikazioari buruzko ebazpenak ez du administrazio-bidea agortuko, eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomia eta Ogasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

  4. Beken adjudikazioari buruzko ebazpena ez bada horretarako ezarri den epean hartu edo jakinarazi, eskaerak onartu ez direla ondorioztatuko da. Kasu horretan, eta administrazioak beren-beregi ebazteko duen betebeharra alde batera utzi gabe, hiru hilabetekoa izango da gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea, oinarri honetako 1. atalean aurreikusitako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

    Bederatzigarrena. Onuradunen betebeharrak.

    Beken onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Emandako beka beren-beregi onartzea eta, ondorioz, oinarri hauetan eta adjudikazioari buruzko ebazpenean finkatutako arau guztiak onartzea. Horretarako, zuzenean egingo zaion jakinarazpenaz gain, onarpen-agiria ere emango zaio interesdunari oinarrien II. eranskineko ereduaren araberakoa, 15 eguneko epean onar dezan beka, adjudikazioa jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

    2. Bekaren zenbatekoa beka hori eman zaion helbururako baino ez erabiltzea.

    3. Beka ematen duen erakundeak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunen jardunean ari direnean egin ditzaketen ziurtapen- eta kontrol-jardunen mende jartzea.

    4. Beka ematen duen erakundeari beka emateko baldintzak betetzen direla eta horiei eutsiko zaiela erakustea, eta bateraezintasuna eragiten duten inguruabarrak edo oinarrietan bildutako baldintzak aldatzen dituztenak sortuz gero, horiek jakinaraztea gehienez hamar eguneko epean, inguruabar horiek jakiten diren unetik aurrera zenbatzen hasita.

    5. Ikerketa-lanak bekaren tutoreekin adosturiko baldintzetan egitea. Horretarako, hasierako diagnostikoa diseinatu beharko du, honako hauek bilduz: garatu beharreko ikerketa, metodoa eta beka gauzatzearekin lotutako gainerako alderdiak.

    6. Bi hilean behin ikerketa-lanen eta gauzatutako azterlanen egoera-memoriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, ikastaro eta mintegietara joateagatiko gastuen jatorrizko egiaztagiri edo frogagiriak aurkeztu beharko ditu, gastu horiek sortu ziren unetik gehienez 2 hilabeteko epean. Halaber, bekaren iraupen-epea amaitu ondoren, azken txosten zehatza aurkeztu beharko du egindako lanei eta aztertutako gaiei buruz, haiek eragindako arazoak, alternatibak, gomendioak eta, oro har, bekaren helburu den gaiari dagokionez interesgarritzat hartzen diren alderdi guztiak bilduz. Proiektuaren segimendua egin duen katedradunaren oniritzia ere aurkeztu beharko da. Ikerketa edo azterlan horien ondorioz artikulu edo argitalpenik sortuko balitz, Administrazio honen finantzaketa agerrarazi beharko dute onuradunek

    7. Deialdi honetako laguntzen onuradunei aplikatu beharreko gainerako betebeharrak.

      Hamargarrena. Ez-betetzea, baliogabetzea eta uko egitea.

      1. Bekaren helburua edo oinarri hauetan edo adjudikazioari buruzko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, beka baliogabetuko da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena) edo hori ordezten duen arauan, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateginean aurreikusitako baldintzetan eta hedadurarekin.

      2. Zehazki, honako arrazoi hauetako bat gertatzen bada baliogabetuko da beka:

        1. Eskaera-orrian adierazitako datuak faltsuak izatea edo eskatutako baldintzak ez betetzea.

        2. Bekaren helburu diren gaietan arretarik ez jartzea edo ikasteko gogorik ez adieraztea.

        3. Oinarri hauetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako beken edo laguntzen gainerako arauetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

        4. Hamaikagarren oinarrian aurreikusitako bateraezintasun arrazoietako bat gertatzea.

      3. Beka emateko eskumena duen organoaren ebazpenaren bidez baliogabetuko da beka. Ebazpen horretan, baliogabetzeko arrazoiak eta baliogabetzearen ondorioak adierazi beharko dira.

      4. Bestalde, beka hartzeko aldia hasi ondoren onuradunak uko egiten badio, oro har, jasotako laguntza itzuli beharko du, eta sortu gabeko eskubide ekonomikoak galduko ditu.

      5. Bekari lehen hiru hilabeteetan uko egiten bazaio edo epe horretan baliogabetzen bada, eta egoerak hala gomendatzen badu, beste bekadun bat izendatu ahal izango da geratzen den aldirako. Horretarako, aldez aurretik finkatutako lehentasun-ordenari eta ordezpen-erregimenari jarraituko zaio.

        Aitzitik, beka eman den egunetik hiru hilabete igaro ondoren uko egiten bazaio, beka hori bertan behera eta ondoriorik gabe utziko da.

        Hamaikagarrena. Bateraezintasunak.

        Beka edukitzea bateraezina izango da ordaindutako edozein lanekin, bekari lotutako lanak behar bezala garatzea eragozten duen edozein zereginekin, eta beste beka edo laguntza bat jasotzearekin.

        GIZARTE-AURREIKUSPEN OSAGARRIAREN ARLOAN BI IKERKETA-BEKA EMATEKO DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIEN I. ERANSKINA.

        ESKAERA-EREDUA

        Nik, sinatzaileak, (bi abizen eta izena) ........................................................................................jaunak/andreak (NAN zk: ..................................; jaioteguna: ...................... (e)ko ..........................ren ... (a); helbidea: ......................................................... herria; kalea: ................................................................................ PK: .................; probintzia: ..................... lizentziatura: .......................................................), Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 20............(e)ko ..........................................ren .........................e)ko Aginduaren bidez egindako deialdia hartuz (20............(e)ko ..................ren ................(e)ko EHAA, ............................... zenbakia), honakoa eskatu dut:

        ESKAERA:

        ........................................................................................ beka eman diezadatela, erantsitako eskaera-orrian adierazitako datuen arabera.

        Eta deialdi horretan onar nazaten, honako hau adierazi dut:

        ADIERAZPENA:

        Lehenengoa. Aurretiaz ez dut horrelako edo antzeko beste bekarik jaso Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

        Bigarrena. Ez daukat Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak lortzeko inolako debekurik, diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan arau-hausteren bat egin izanagatik jarritako zigor irmoaren ondorioz.

        Hirugarrena. Bai/Ez nago (markatu) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi zen eta oraindik tramitatzen dagoen itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta.

        Laugarrena. Ez dut ordaindutako lanik egiten, ez dut beste beka edo laguntzarik jasotzen eta, oro har, ez dut laguntza-deialdi hau arautzen duten oinarrietan bildutako inolako bateraezintasunik.

        Bosgarrena. Ez dut zigor administratiborik edo penalik betetzen sexu-diskriminazioagatik, eta ez nago diru-laguntzetarako edo laguntzetarako deialdietan parte hartzeko debekuarekin zigortuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera.

        Seigarrena. Eskaera honetan eta hari erantsitako dokumentazioan bildutako datu guztiak egiazkoak dira.

        Zazpigarrena. Onartu egiten ditut deialdi hau arautzen duten oinarrietan jasotako arau guztiak, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntzen eta dirulaguntzen erregimena arautzen dutenak ere.

        ................................... 20...............................(e)ko .............................................ren .......................a).

        Izpta.:

        (Sinadura)

        ESKAERAREN DATUAK

        DATU PERTSONALAK

        Abizenak:

        Izena:

        Jaioteguna:

        NAN zk.:

        Helbidea:

        Herria: PK:

        Tel.:

        DATU AKADEMIKOAK

        Ikasketak egin dituen unibertsitatea edo zentroa:

        Espezialitatea:

        Ziurtagiri akademikoaren kalifikazioa:

        Lizentziatu/Doktoratu zen urtea:

        Tesi edo tesinaren izenburua:

        Graduondoko beste ikasketa batzuk:

        DATU PROFESIONALAK

        Lantokia, zerbitzua, lanpostua, mota (finkoa, bitartekoa, eta abar) Data

        EGINDAKO LANAK ETA ARGITALPENAK

        Argitalpenaren izenburua eta data

        DAGOKIEN ZIURTAGIRIEKIN EGIAZTATUTAKO HIZKUNTZAK

        Euskara: Ziurtagiria:

        Ingelesa: Ziurtagiria:

        Frantsesa: Ziurtagiria:

        Bestelakoak: Ziurtagiria:

        JASOTAKO BEKAK, DIRU-LAGUNTZAK ETA LAGUNTZAK

        Erakundea, laguntzaren izena, hasiera-data, iraupena.

        BESTE DATU INTERESGARRI BATZUK

        n Erantsitako dokumentazioa (X bat jarri):

        n NANa edo europar herritartasuna ziurtatzen duen titulu juridikoa

        n Udal-erroldaren ziurtagiria

        n Titulu akademiko ofizialaren fotokopia

        n Graduondoko edo doktoretzako ikastaroen ziurtagiria

        n Kalifikazioak eta datak biltzen dituen ikasketa-ziurtagiri xehatua

        n Curriculum vitaea

        n Euskara tituluaren ziurtagiria

        n Ingelesaren ziurtagiria

        n Frantsesaren ziurtagiria

        n Alemanaren ziurtagiria

        n Egindako txostenen eta argitaraturiko artikuluen kopia

        n Egindako lanen ziurtagiria

        n Ikerketa-programari buruzko memoria

        GIZARTE-AURREIKUSPEN OSAGARRIAREN ARLOAN BI IKERKETA-BEKA EMATEKO DEIALDIA ARAUTZEN DUTEN OINARRIEN II. ERANSKINA.

        ONARPEN-AGIRIA

        Nik, ....................................................................................................................................... jaunak/andreak, (helbidea: ..................................................................................................................................; herria: ..............................................: NAN zk.: ...................................), Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 20...............(e)ko ...................................ren .........................(e)ko Agindu bidez (20..............(e)ko ...........................ren ..........................(e)ko EHAA, ....................... zenbakia) deitutako ........................................................................................................................., beka adjudikatu didatela jakinarazi didan ......................(e)ko jakinarazpena ikusita, honakoa adierazi dut:

        ADIERAZPENA

        1. Beren-beregi onartzen dut ...................................................................................................................... helburua duen beka, eta konpromisoa hartzen dut emandako laguntzaren zenbatekoa aurreikusitako helbururako erabiltzeko.

        2. Badakit zeintzuk diren aipatutako beka arautzen duten oinarriak, onartu egiten ditut, eta men egiten diet.

        3. Konpromisoa hartzen dut beka hartu bitartean ordaindutako lanik ez egiteko eta bekaren garapenarekin bateraezina den prestazio edo jarduerarik ez egiteko, eta errespetatu egingo dut adierazitako aginduan eta diru-laguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen gainerako arauetan aurreikusitako bateraezintasun-erregimena.

          ................................................, 20.............. (e)ko .......................................ren ..............(a).

          Izpta.: ...................................................

          (Sinadura)

          EKONOMIA ETA OGASUN SAILEKO FINANTZETAKO ZUZENDARIA

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik