- AGINDUA, 2010eko martxoaren 18koa, Kulturako sailburuarena, Azpeitiko (Gipuzkoa) Altzaga baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko martxoaren 18koa, Kulturako sailburuarena, Azpeitiko (Gipuzkoa) Altzaga baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 78
- Hurrenkera-zk.: 2271
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/03/18
- Argitaratze-data: 2010/04/29
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, Azpeitiko (Gipuzkoa) Altzaga baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, baserri hori Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera ematea ebatzi zuen 2009ko abenduaren 4ko Ebazpenaren bidez (2010eko urtarrilaren 28ko EHAA, 18. zk.).
Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
Lehenengoa. Azpeitiko (Gipuzkoa) Altzaga baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena. Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.
Laugarrena. Azpeitiko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Azpeitiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari Agindu hau jakinaraztea.
Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.
Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 18a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:
Mendebaldera begira, baserriaren mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horrekiko 40 metrora trazatua.
Hegoaldera begira, baserriaren hegoaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horrekiko 40 metrora trazatua.
Ekialdera begira, baserriaren ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horrekiko 45 metrora trazatua.
Eta, azkenik, iparraldera begira, baserriaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horrekiko 30 metrora trazatua.
Ukuilu-nabea, baserriaren ondoan dagoena, monumentutik kanpo geratzen da.
Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketa Altzaga baserriko ingurumariko ingurumen- eta ikuste-balioak babestu beharragatik justifikatzen da. Baserria Azpeitiako Elosiaga auzoan kokatzen da, malda handiko muino batean. Ingurunearen mugaketak beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko baserriaren inguruko lurren eta eraikinerako sarbidearen babesa dakar berarekin, betiere, baserriaren bereizgarritasunak kontserbatze aldera. Horregatik, mugaketa honek baserriaren eraikina bera ez ezik, haren ingurunea ere hartzen du.
Familia bakarreko baserria, L formako planta duena. Atal handiena 17,2 x 17,4 metrokoa da, eta txikiena, 7,3 x 10,8koa. Atal handienak bi altuera ditu: beheko solairua eta lehenengo solairua. Atal txikia lehenengotik ipar-mendebaldera orientatuta dago, eta bi solairu eta ganbara txiki bat ditu. Atal handiak hiru isuriko estalkia dauka, naba-teilekin egina, gailurra fatxada (hegoalderantz orientatuta) nagusiarekiko elkarzut dagoela. Atal txikiko estalkia, berriz, estalki nagusiko horma-atal baten luzapena da.
Harlangaitz-lanez eginiko inguruko murruak, zati batzuk, beheko solairuan, ageriko silarrixkazkoak badira ere. Lehenengo solairuko forjatutik aurrera, egitura egurrezkoa da, atal bateko sei zutoin ditu, eta bi eskantzu, estalkiaren egiturara heltzen direnak. Zutoinen arteko baoak harlangaitz-lanez beteta daude, porlanez zarpiatuta eta zuriz pintatuta. Han sei leiho-hutsarte irekitzen dira, egurrezko markoa dutenak. Hormapikoa irekita dauka. Atal txikiaren fatxada nagusia, Hegoalderantz orientatua, ageriko harlangaitz-lanezkoa da, eta silarrezkoa beheko solairuan; mendebaldeko eskantzuan, harlanduzko haize-babesa dauka, eta, lehenengo solairuan, berriz, egurrezko bilbadurak, hutsarteak ageriko zeramikazko adreiluez itxita dituztenak. Solairu horretan, gainera, balkoi irtena ikus daiteke, alderik alde egurrezko eskudelak dituena, eta egurrezko bi besok irmotzen dute estalkiaren teilatu-hegal zabala. Fatxada horren ondoan ikusgai, atal nagusiaren mendebaldeko fatxadaren zati bat, silarrixkazkoa beheko solairuan, eta, lehenengo solairuan, berriz, egurrezkoa, hutsarteak harlangaitz-lanez beteak, porlanez zarpiatuak eta zuriz margotuak. Alde horretan bao bat irekitzen da, dintelatua eta silarrez inguratua, orri zatitutako ate batekin; horrez gain, beste leiho-bao bat ere badago, silarrez inguratua ere bai. Lehenengo solairuan triangelu-formako usategiak ikusgai. Mendebalderantz orientatutako gainerako fatxada, atal txikiari dagokiona, harlangaitz-lanez egina dago, porlanez zarpiatua eta zuriz margotua.
Iparraldeko fatxadaren zati batzuk gotiko-estiloko silarrixkazko murruz eginak dira, eta gainerakoa ageriko harlangaitz-lanez; hantxe hiru hutsarte irregular ditu. Ekialdeko fatxada baxua da, lurraren desnibela dela-eta, eta, hantxe, hau baino ez ikusgai: beheko solairuan eta iparraldeko aldean, hutsarte dintelatu bat, ukuilurako sarbidea ematen duen silarrixkaz egindako murruan irekia. Porlanez eginiko eraikintxo erantsi batek estaltzen du erdialdeko zatia. Ezkerreko aldean, atetzar batek lehenengo solairurako sarbidea ematen du, malda (lur eta harrizkoa) baten bidez. Fatxadaren gainerakoa harlangaitz-lanez egina dago, zarpiatua eta zuriz margotua. Atal nagusiaren inguruko murruak, batez beste, 0,95 metroko lodierakoak dira.
Atal nagusiaren barruko egitura egurrezkoa da, pieza bakarreko lau zutoin ditu, eta zutoin horiek eraikinaren estalkira heltzen diren harrizko oinarrietan edo jarlekuetan dute euskarri. Zutoinok egitura muntatzen dute: gapirio luzeekiko teilatuari eusten dioten zutoinez eta beso luzez osaturiko egitura. Ageriko mihiztatzeak ere ikusgai, enara-buztanaren formako profila dutenak. Hegoaldeko fatxadan hasita, eta lehenengo hormarteraino, lehenengo solairuko forjatuan, oholeria dauka kolomia, egurrezkoa, hamar eta hamahiru zentimetro arteko ohol handiz egina. Lodiera ertainekoa, baserriaren atal txikiaren egitura ere egurrezkoa da.
Altzaga oinetxe garrantzitsu eta antzinakoa da, Azpeitiako Elosiaga auzokoa, XVI. mendekoa, eta garai hartakoa ditu atal nagusiko inguruko murruak, gotiko-estiloko silarrixkazkoak. XVII. mendean berreraiki zen erabat, eta garai hartakoa da oraingo egitura. Lehen lehenengo solairutik aurrerako fatxada oholtzazkoa zen, eta, haren ordez, orain dagoen harlangaitz-lana jarri zen. Atal txikia XVIII. mendean eginiko handiagotzea da, egun etxebizitzarako erabiltzen dena.


