Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko martxoaren 18koa, Kulturako sailburuarena, Bilboko (Bizkaia) Teofilo Guiard, 1. zenbakian dagoen eraikina, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko martxoaren 18koa, Kulturako sailburuarena, Bilboko (Bizkaia) Teofilo Guiard, 1. zenbakian dagoen eraikina, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 93
  • Hurrenkera-zk.: 2561
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/03/18
  • Argitaratze-data: 2010/05/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2009ko ekainaren 26an Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak ebazpen bat eman zuen, Bilboko (Bizkaia) Teofilo Guiard, 1. zenbakian dagoen eraikina Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera emateko, haren balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik. Ebazpena 2009ko uztailaren 20an argitaratu zen EHAAn (137. zk.).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, partikularrek egindako bi alegazio-idazki aurkeztu dira, bata Zerrenda Orokorrean sartzeko den eraikin honetan dagoen etxebizitza baten jabearena. Eta biak onartu dira izapidetzeko, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean eta prozedurari buruz indarrean dagoen legedian oinarrituta.

Lehenengo idazkiko alegazioek kultura-ondasunaren mugaketa dute desadostasun puntu: murritzegitzat jotzen dute eta, gainera, higiezinaren deskribapenean zenbait hutsune daudela salatzen dute. Hori dela eta, erantzun beharra dago kultura-ondasunaren oraingo mugaketa behar bezala justifikatuta dagoela eta egokiro erantzuten diola higiezina babesteko eta balioztatzeko helburuari. Ez da beharrezkoa babes-ingurunea handitzea, ondasuna herrigunean baitago, erabilera publikoa duten hainbat espazioren artean, jada finkatutako hirigintzarekin, eta ez da eraikin berririk aurreikusten. Ez da bidezkoa, beraz, aldaketarik egitea. Deskribapeneko hutsuneak direla eta, proiektuaren egileari buruzko informazioa eta eraikinaren estilo arkitektonikoari buruzkoa gehituko dira.

Bestalde, higiezineko etxebizitza baten jabeak aurkeztutako alegazioei dagokienez, alegazio-egileak dio ez dagoela ados kultura-ondasuna Zerrenda Nagusian sartzearekin, berak ez baitu nahi Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ezartzen dituen betebeharren mendean egon. Eta ezetsi beharra dago zeren higiezinaren kultura-balioa egiaztatuta baitago, eta horixe da higiezina Zerrenda Nagusian sartzeko baldintza bakarra, alegia, horretarako ez da nahitaezkoa jabeen parte hartzea. Gainera, jabeek ezin diete uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ezartzen dituen betebeharrei uko egin, esaterako, higiezina kontserbatzeko edo eskualdatzeko asmoa jakinarazteko betekizunei, beste batzuen artean.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Bilboko (Bizkaia) Teofilo Guiard, 1. zenbakian dagoen eraikina, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea.

Bigarrena. Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskinean adierazitako eran.

Hirugarrena. Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena. Bilboko Udalari eskatzea ondasun hori babes dezan, bere hirigintza-araudia horretarako egokituz.

Bosgarrena. Agindu honen berri ematea interesdunei, bai eta Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Garraio eta Hirigintza Sailei, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere.

Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lehenengoa. Inskribatzeko den Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 18a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

  1. Mugaketaren deskribapena.

    Hiri-lurzoru finkatuaz ari garenez, mugaketak eraikina bera barne hartzen du. Hortaz, orubearen perimetroak definitzen du mugaketa.

  2. Mugaketaren justifikazioa.

    Bilboko Teofilo Guiard kaleko 1. zenbakiko eraikinak dituen ingurumen eta ikusmen balioak zaintzeko beharragatik proposatu da mugaketa hau. Mugaketa hori beharrezkoa da eraikinak duen berezkotasuna zaintze aldera, ondasunari babesa eta balioa emateko. Horregatik, eta hirian dagoenez, orubea bera mugatzea nahikoa dela irizten da.

Tamaina handiko eraikin erdi-exentua da eta doña Casilda parkearen sarreretako batean dago. Eraikinak sotoa, beheko solairua eta zazpi solairu ditu. Sarrera fatxada nagusian dago eta kiribildurez azkendutako konposizio monumentalak edertzen du; erdiko ardatzari binakako hutsarte batzuek ematen diote hasiera. Horrela, alaken begiratokien bertikaltasuna nabarmentzen da. Begiratokiak diseinu desberdineko dorreetan daude eta dorreek pinakuluz marraztutako profila dute. Sarrera bi mentsula handiko erlaitzak errematatzen du; erdian txirla bat du eta loreontzi bat goi-erliebean. Alde bakoitzean mentsula eta apaindura edo zintzilikarioa duen lerronahasiko balkoi bat du. Bigarren solairuan bi mentsula handik eusten dituzten harrizko balaustreak agertzen dira. Hirugarrenean mentsula handiz inguratutako leihoak daude eta horien artean armarri barroko bat dago. Laugarren solairuan burdinezko karelak dituen balkoiak, ukondutako ertza duten hutsarte dintelduak elkartzen ditu. Bosgarrenean, puntu erdiko lau hutsarte dituen begiratoki gisako harrizko gorputza harrizko mentsuloi handiek eusten dute. Seigarrenean harrizko balaustreak dituen erdiko balkoia gailentzen da eta alboetan bi mentsula handi dauzka. Azken bi solairuak fatxadaren lerroa baino barrurago daude eta biak terrazen atzean ezkutatzen dira. Hutsarteen tipologia eta dekorazioa era askotakoa da: eskartzanoak, kaxeatutako pilastrez edo txirlaz inguratutako leiho abalkonatuak; harrizko begirategiak, puntu erdiko hutsarteak, anguluak apaintzeko ezarkin ugari... Maximo Aguirre kaleko alakadun fatxada poligono itxurako dorre batez amaitzen da. Dorrearen koroan harrizko txakurrak eta pinakuluak daude eta Anduizako armarria agertzen da. Fatxadaren lerroa Casilda Iturrizar parkean eta Maximo Aguirre kalean luze dago. Eraikinak jauregi itxura du. Beheko solairuak eta lehenengoak basamentu sendoa dute oinarri eta lehenengoak gorputz nagusiari eusten dio. Gorputz nagusiak, aldiz, bigarrenetik bosgarrenera arteko solairuak gain hartzen ditu eta, amaitzeko, horien guztien gainean goiko solairu irekia dago. Eraikinaren osotasunean harlanduen erabilera gailentzen da.

Ataria berezia da. Sarreraren aurrean dagoen atariaren ingurua toskanar ordenako marmol gris, berde eta erre koloreko bi zutabek osatzen dute. Zutabeak ataria baino gorago altxatuta daude eta material bereko eskailera-mailak dituzte euren artean. Zutabeen artean eraikinera sartzeko egurrezko ateak daude. Ateen beste aldean egurrezko zutabeak daude. Alboek aurrealdearen eskema bera errepikatzen dute: zutabeen ordez pilastrak daude eta ertz bakoitzean pilastra bat dago. Ordena klasiko horiek triglifoak eta metopak dituzten frisoari eusten diote. Sabaia eskaiolazko zerrenda lerronahasi batek apaintzen du eta zerrendak erdiko plafoia zeharkatzen du; metalezko lanpara bat dago bertatik zintzilik. Zorua marmolezko figura geometrikoek osatzen dute. Sarrerako atearen ondoan eta alboetako hutsune bakoitzaren azpian harrizko bankuak daude eta bizkarraldean marmolezko figura bat dute.

Eraikinak bi eskailera dauzka, bata nagusia eta bestea zerbitzukoa. Patio baten inguruan antolatuta daude eta bertatik iristen zaie argia. Eskailera nagusia hegoaldean dago eta zerbitzukoa iparraldean, alboko lursailarekin mugan. Horrez gain, bigarren mailako beste bi patio daude. Txikiagoak dira eta sukalde edo komunen gisako gela osagarrietarako bidea ematen dute. Eraikinak bi etxebizitza ditu solairu bakoitzean.

Eraikinaren egileak José M.ª Basterra eta Rafael de Garamendi dira eta 1928 urtean eraiki zen. Bere estiloa eklektikoa da, eta horren barruan regionalista hain zuzen ere.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik