- AGINDUA, 2010eko martxoaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko aukera arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko martxoaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko aukera arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 61
- Hurrenkera-zk.: 1867
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/03/24
- Argitaratze-data: 2010/03/31
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Herri Administrazioa
Testu legala
Erakunde sindikalen helburua langileen interes ekonomikoak eta sozialak defendatzen eta sustatzen laguntzea da. Defentsa hori sindikatu guztiek hartu behar dute beren gain, bereizketarik gabe.
Askatasun sindikalak askatasun-alor bat bermatzen die sindikatuei eta ez du Administrazio Publikoen esku-hartzerik ez ditu debekatzen, ordea, egintza sindikala sustatu edo sindikatuaren indarra handitzea bilatzen duten ekintza publikoak, betiere sindikatuaren autonomia murriztu gabe.
Ildo horretatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrei buruzko ondorengo Legeetan aurreikusitakoaren arabera, diru-laguntzak eman izan ohi dizkie zentral sindikalei, betiere zentral sindikalaren berezko helburuen barnean jarduerak betetzen badituzte.
Abenduaren 23ko 2/2009 Legeak, 2010eko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartzen dituenak, 31120 Programan ondokoa ezartzen du: Lana, kreditu bat erakunde sindikalentzat, 1.375.592 euroko zuzkiduraduna, erakunde sindikal guztiek garatzen dituzten jardueretarako diru-laguntzak emateko, haien ordezkaritza-mailaren arabera.
Diru-laguntza horiek emateko irizpidea onuradunak izateko baldintzak betetzen dituzten erakunde sindikal eskatzaileen ordezkaritzan oinarritzen da; neurri hori 2009ko abenduaren 31n lortutako hauteskunde-audientziaren araberakoa izango da, eta erakunde sindikal horiek hauteskundeetan lortutako emaitzak azaltzen dituen akreditazio-ziurtagiriaren bitartez dokumentatu beharko diete enpresetako langileen ordezkariei eta Administrazio Publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoei.
Horri dagokionez, Jurisprudentzia desberdina, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Hirugarren Salaren Jurisprudentzia errepikatua hartu behar dira kontuan; izan ere, Jurisprudentzia hori eskatzen ari da erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko arauetan diskrezionalitatea eta zehaztugabetasuna saihesten duten alderdiak sartzeko, eta erakunde onuradunek justifika dezatela diru-laguntzak ematea eragin duen helburua bete dela.
Eskakizun horren funtsezko edukia laguntza eta diru-laguntza publikoen erregimenaren erregulazio sistematikoan eta orokorrean dago. Erregulazio hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan bilduta dago eta horko baldintzek diru-laguntzetarako deialdiak arautuko dituzten arauak bildu beharko dituzte gutxienez.
Horren ondorioz, adierazitako helburua betetzearren, eta aipatutako aurrekontu-aurreikuspena gauzatzearren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.2 artikuluan ezarritako eskumena betez, honako hau
Agindu honen helburua honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdia ezartzea 2010eko ekitaldirako, erakunde horien ohiko funtzionamenduak eragindako gastuei aurre egiteko.
Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko ekitaldirako Aurrekontu Orokorren Lana deituriko 31120. programaren 21. zerbitzua, 454.99 kontzeptua, 1. partida aurrekontu-kredituarekin ordainduko dira. Adierazitako kredituaren zenbatekoa 1.375.592 eurokoa da.
Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten eta 2010. urtean jarduerak gauzatzeko asmoa duten erakunde sindikalak izan daitezke Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunak.
Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza izateko ahalmena Bulego Publiko eskudunak horretarako emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da. Ziurtagiri horretan 2009ko abenduaren 31n erregistratutako hauteskunde sindikalen emaitzak azalduko dira esanbidez.
Honako erakunde sindikal hauek ezin izango dute deialdi hau baliatu: diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea dakarten administrazio- zein zigor-arloko zehapena dutenak, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten pean daudenak.
Erakunde onuradunek eskabidea aurkezterakoan egiaztatu beharko dute arestian azaldutako eskakizun guztiak betetzen dituztela.
Eskabideak garaiz eta behar bezala aurkeztuko dira, Sailaren web orrian argitaratutako inprimakiaren arabera
(http://www.juslan.ejgv.euskadi.net/r45-19108/eu/contenidos/informacion/5233/eu_2289/eu_12162.html).
Deialdi honetan parte hartzeko interesa duten erakunde sindikalek Laneko zuzendariari bidali beharko dizkiete diru-laguntzak eskatzeko eskabideak honako dokumentazio honekin:
Erakunde sindikalak dagokion administrazio-erregistroan izena emana duela frogatzen duen agiria.
Ordezkari gisa eskatuz gero, ordezkotza hori egiaztatzen duen agiria; edo erakundearen organo eskudunak egindako egiaztagiria, sinatzaileak erakunde horren izenean jarduteko daukan gaitasuna egiaztatzen duena.
Eskabidea sinatu duen pertsonaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
Agindu honetako 2.2 artikuluan aipatzen den ordezkatzeko ahalmena egiaztatzen duen agiria, Bulego Publikoak emana. Adierazitako egiaztagiria aurkeztu ezean, Administrazio jarduleak berak erantsiko dio ziurtagiri hori ofizioz espedienteari, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35.f artikuluan ezarritakoaren arabera.
Erakunde eskatzailearen Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia eta «Hirugarrenaren datuen alta/aldaketa» deituriko Dokumentua (http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html), hala badagokio, diru-laguntza ordaintzeko, salbu eta aurreko urteko deialdian diru-laguntzak jaso badira, eta diru-laguntza ordaintzeko kontua aldatu nahi ez bada.
2010. urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko diren jardueren memoria, funtzionamendu-gastuak eta gauzatzea aurreikusita dagoen oro.
Arestian aipatutako Memorian deskribatutako jardunen kostuaren aurrekontu xehatua, jardunak finantzatzeko beste baliabide batzuk daudela adierazita, halakorik balego.
Foru Aldundien eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren ziurtagiri eguneratuak, zergen eta Gizarte Segurantzaren inguruko betebeharrak beteta dauzkatela egiaztatzen dutenak.
Hala badagokio, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik aurretiaz jasotako laguntzak justifikatu direla adierazten duen aitorpena.
Erakunde eskatzailea zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela biltzen duen zinpeko aitorpena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere Erakunde Autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedurei buruzko jakinarazpena.
Helburu bererako eskatutako edo emandako bestelako diru-laguntzei buruzko dokumentazioa, diru-laguntza horiek beste edozein Administraziok edo erakunde publikok edo pribatuk emandakoak izan daitezke.
Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Erregistro Orokorrean, edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein lekutan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Diru-laguntza eskatzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio agindutakoa bete ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskabideari buruzko ebazpena espresuki eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
Agindu honen helburu diren diru-laguntzei erantzuteko esleitutako kreditua proportzionalki banatuko da erakunde sindikal eskatzaileen artean, daukaten ordezkaritza kontuan hartuta, betiere 2009ko abenduaren 31n hauteskundeetan izandako emaitzen arabera.
Deialdi honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru-laguntza jasotzen duen jardueraren guztizko kostua.
Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eta erakunde sindikalak beste edozein erakunde publiko edo pribatutik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen bestelako diru-laguntzak metatzen badira, eta diru-laguntza horien baturak diru-laguntzaren helburua den jardueraren guztizko kostua gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da; eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak ematen duen diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.
Lan Zuzendaritza izango da Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
Laneko zuzendariaren esanbidezko ebazpenaren bidez eman eta ukatuko dira deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Laneko sailburuordeari, hilabeteko epean Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.
Agindu honek ondorioak sortzen dituenetik lau hilabete igaro ondoren esanbidezko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerak ezetsitzat hartuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Nolanahi ere, esanbidez ebazteko betebeharra izango du Administrazioak.
Publizitatearen printzipioa betetzeko, eta Laneko zuzendariaren Ebazpenaren bidez honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, Agindu honen babesean diru-laguntza zein erakunde sindikalek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, beste alde batetik, zein erakunderi emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, diru-laguntzak emateko Ebazpenak esanbidez eta banaka ere jakinarazi ahal izango dira.
Diru-laguntza emateko helburua betetzat hartu bada, eta erakunde onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko betebeharrak betetzat hartu badira, diru-laguntza hori emateko kontuan izandako baldintzak aldatuz gero edo beste Administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako bestelako diru-laguntza batzuk metatuz gero, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Lan Zuzendaritzak ordaintzeko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta erakunde sindikalek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.
Kasuan kasu, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako hauek bete beharko dituzte:
Diruz lagundutako jarduera egiaztatzen duen Memoria igorri beharko diote Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Lan Zuzendaritzari. Memoria horretan diruz lagundutako gastu guztiak justifikatzen dituzten dokumentuak Agindu honetako 11. artikuluan aipatzen direnak bilduko dira.
Konpromisozko bermeen bidez diru-laguntzak zeini emango zaizkien eta zertarako erabiliko diren bermatu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten Entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu aipatutako dekretuak); horretarako honako hauek bete beharko dituzte:
Emandako dirulaguntza onartu. Ildo horretan, diru-laguntzak esleitzeko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde sindikalek diru-laguntzari esanbidez eta idazki bidez uko egiten ez badiote, onartutzat hartuko da diru-laguntza.
Diru-laguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.
Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezazkieten argibideak eman behar dizkiete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari.
Ordainketa zatika egingo da, era honetan:
Lehen ordainketa, diru-laguntzaren % 75eko zenbatekoa, diru-laguntza esleitzeko baimena eman ondoren; nolanahi ere, ateratzen den zenbatekoak ez du 180.303,63 euroko gehieneko zenbatekoa gaindituko; kasu horretan, adierazitako ordainketa gehieneko zenbateko horren araberakoa izango da.
Adierazitako % 75a aplikatzearen ondorioz, ateratzen den zenbatekoak aurreko paragrafoan ezarritako zenbatekoa gainditzen badu, egindako gastua egiaztatzen duten agiriak aurkezten direnean, bigarren ordainketa zatikatua egin ahal izango da; kasu horretan, bi zenbateko horien artean dagoen aldea ordainduko da gehienez.
Hala eta guztiz ere, metatutako zenbateko libratuek eta justifikatu gabekoek ezin izango dute arestian adierazitako gehieneko zifra gainditu.
Gainerako % 25a, edo, hala badagokio, diru-laguntzaren % 100 lortu arte libratu gabe geratzen den ehunekoa Agindu honetako 11. artikuluan aipatzen den memoria aurkeztu ondoren ordainduko da.
Erakunde sindikalek justifikatu egin beharko dute, 2011ko martxoaren 31 baino lehen, diru-laguntzak eman zireneko helburua bete dela Lan Zuzendaritzan honako hauek aurkeztuta: jasotako diru-laguntzen kontura 2010. urtean egindako jarduera eta gastuei buruzko azalpen-memoria, betiere diru-laguntzak emateko eskabideari erantsitako jardueren Memorian aurkeztutako proiektuen arabera.
Memoria horri emandako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa egiaztatzen duten fakturen, ordainagirien eta bestelako dokumentuen originalak edo kopiak (indarreko legeriaren arabera benetakoak direnak) erantsi beharko zaizkio.
Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak ematea eta ordaintzea erakunde sindikal eskatzaileek zergen eta Gizarte Segurantzaren inguruko betebeharrak betetzearen menpe dago, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2006ko ekainaren 19ko Aginduak xedatzen duenaren arabera.
Erakunde sindikal onuradunei diru-laguntzak ematea eta, hala badagokio, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada, eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori gauzatu arte.
Diru-laguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, itzuli beharko zaizkio Euskadiko Diruzaintza Nagusiari, batetik, jasotako kantitateak, eta bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da.
Erantzukizunen erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Araubidearen Testu Bateratuaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa. Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Aginduaren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar diezaiokete interesdunek Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Ondorioak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 24a.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


