- AGINDUA, 2010eko apirilaren 13koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez diru-laguntzetarako deialdia egiten da Leonardo da Vinci eta Erasmus azpiprogramak antolatu eta garatzeko Etengabeko Ikaskuntzako Programaren esparruan. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko apirilaren 13koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez diru-laguntzetarako deialdia egiten da Leonardo da Vinci eta Erasmus azpiprogramak antolatu eta garatzeko Etengabeko Ikaskuntzako Programaren esparruan.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 87
- Hurrenkera-zk.: 2419
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/04/13
- Argitaratze-data: 2010/05/12
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Erkidego-ekintzako programa bat da Etengabeko Ikaskuntzako Programa, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko azaroaren 15eko 1720/2006/CE Erabakiaren bidez onartu zen, eta 2007ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31 bitartean aplikatuko da.
Programa honek Socrates (Comenius, Erasmus eta Grundwig) eta Leonardo da Vinci (azken honen bigarren fasea 2006an amaitu zen) programak ordezkatzen ditu. Programak, bestalde, azpiprograma sektorial batzuk jasotzen ditu, besteak beste, Erasmus eta Leonardo da Vici azpiprograma sektorialak. Azpiprograma horientzako laguntzak estaliko ditu Agindu honek.
Erasmus azpiprogramaren helburua da goi-mailako hezkuntzako eta ikasketetako premiei erantzun bat eskaintzea goi-mailako hezkuntza formalean eta lanbide-heziketako hirugarren mailan parte hartzen duten guztiei, baita hezkuntza eta heziketa hori ematen edo errazten duten instituzio eta erakundeei ere.
Leonardo da Vinci azpiprogramaren helburua da lanbide-heziketako ikasle guztien ikasketa- eta irakaskuntza-premiei erantzutea, hirugarren mailakoei izan ezik. Era berean, hezkuntza hori ematen duten instituzio eta erakundeen premiei ere erantzun nahi diegu.
Deialdi honen babespean bermatzen dira Erasmus eta Leonardo da Vinci azpiprogramen helburuak, eta honako hauetan oinarritzen dira:
Ikasleei laguntzea ezagupenak, trebetasunak eta gaitasunak eskuratzen, euren pertsona-garapena lortzeko.
Prestakuntza-sistemetan, erakundeetan eta enpresetan kalitatearen hobekuntza eta prestakuntzaren berrikuntza sustatzea.
Hezkuntzaren eta lanbide-heziketaren eremuetan praktika berritzaileak garatzen laguntzea eta horien transferentzia lortzea berton eta herrialde parte hartzaileen artean.
Estaltzen dituen ekintzak honako hauetan oinarritzen dira:
Nazioz haraindiko egonaldiak enpresetan edo erakundeetan, lanbide-heziketaren hasierako ikasleentzat eta unibertsitate-ikasketak egiten dituztenentzat.
Nazioz haraindiko egonaldiak enpresetan edo prestakuntza-erakundeetan, lan-munduko pertsonentzat.
Lanbide-heziketako profesionalentzako egonaldiak eta elkartrukeak.
Berrikuntza transferitzeko proiektu multilateralak.
Berrikuntza garatzeko proiektu multilateralak.
Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak Europako Erkidegoen 2009ko urriaren 15eko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Etengabeko Ikaskuntzako Programaren EAC/41/09 proposamen-deialdia. Bertan 2010eko ekitaldiko egutegia azaltzen da proposamenak aurkezteko.
Neurri horiek finantzatzeko Europako Erkidegoak jarriko duen ekarpena, orokorrean, ez da ekintzarako onesten den aurrekontu osoaren % 100era iritsiko. Beraz, estatu kideek ere finantzatu beharko dituzte onartzen diren ekintzak.
Hau guztiarengatik,
Diru-laguntzetarako deia egitea, 2010eko deialdian honako hauek finantzatzeko: Leonardo da Vinci Etengabeko Ikaskuntzako Programaren barruan 2010ean onartutako proiektuak edo aurreko deialdietan onartutakoak baldin eta hauek 2010. urtearen barnean garatzen badira, Leonardo da Vinci eta Erasmus azpiprogrametan onartutakoak. Erasmuseko azpiprogramak Lanbide-heziketako hirugarren mailari (goi-mailako heziketa-zikloak) eta unibertsitate-ikasketei eragiten diete. Diru-laguntza honek 2010ean garatuko diren proiektuen presupuestoen zati proportzionala lagunduko du diruz.
Europar Batasuneko finantzazioa, orokorrean, ez da helduko Europako Batzordeak ekintza garatzeko onartzen duen aurrekontuaren % 100era. Horrenbestez, deialdi honen bidez eskuratzen diren diru-laguntzen bitartez, Europar Batasunaren finantzazioak betetzen ez duen aurrekontu-portzentajearen zati bat ordainduko da. Nolanahi ere, proiektu bererako jasotako laguntza guztien batuketak ez du gaindituko onartutako aurrekontu osoaren % 100a.
Deialdi honen kargura, guztira, 972.258,45 euro emango dira diru-laguntzatan. Esleitutako zenbateko hau aldatu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gerta litezkeen aurrekontuen arabera eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Aldaketa horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da.
Deialdi honen bidez eskura daitezkeen diru-laguntzak bateragarriak dira bestelako erakunde publiko edo pribatuetatik datozen diru-laguntzekin; dena dela, laguntza guztien batuketa, hots, Europako Erkidegoarena nahiz estatuarena edo autonomi erkidegoarena, ez da Europako Batzordeak onartutako aurrekontu osoaren % 100a baino handiagoa izango.
Gehienezko kopuru hori gaindituz gero, deialdi honen bidez eskuratutako diru-laguntzaren kopurua murriztu egingo da, laguntza guztien batuketa onartutako aurrekontuaren % 100era heldu arte.
Deialdi hau lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiak erkatuko dira, eta horien arteko lehentasuna ezarriko da 3. artikuluan finkatutako lehentasun- eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta; baloraziorik altuenak lortu dituztenei baino ez zaie emango laguntza, agindu honen 1. artikuluaren 3. paragrafoan finkatzen den aurrekontu-kreditua agortu arte.
Deialdi honetara bildu ahal izango dira erakunde eta instituzio publiko eta pribatu guztiak, baldin eta Etengabeko Ikaskuntzako Programaren 2010eko ekitaldian onartuak izan badira edo aurreko ekitaldietan onartuak izan badira baina 2010. urtean zehar garatzen badira.
Erakunde eta instituzio publiko eta pribatuek proiektu-koordinatzaile izan beharko dute Etengabeko Programaren esparruko Leonardo da Vinci eta Erasmus azpiprogrametan (Lanbide Heziketaren hirugarren mailan eta unibertsitate-ikasketetan). Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoan izan beharko dute egoitza.
Ezin dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortutako erakunde eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenerako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.
Hurrengo ataletan aipatzen dira lehentasunak ezartzeko eta esleitzeko irizpideak. Irizpide horietan oinarrituta, proposamen hauek izango dira laguntza jasotzeko gai: Agentzia Nazionalak (Europako Hezkuntza-programetarako Erakunde Autonomoak) onartutako proiektuak edo Europako Batzordeak 2010eko ekitaldian onartutako proiektuak edo aurreko urteetako deialdietan onartutakoak baina 2010. urtean garatzen direnak.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa kontuan izanik, deialdi honetan lehentasuna emango zaie honako hauek lortzen laguntzen duten proiektuei:
Prestakuntzen gardentasuna sustatzea.
LHko sistema eta praktiken kalitatea garatzea, ikaskuntza elektronikoko eduki egoki eta berritzaileak lantzea, eta irakasle eta prestatzaileak etengabe prestatzea.
LHko kredituak transferitzea, eta ikaskuntza ez-formala eta informala balioztatzea.
Ikasle-irakasleei nazioz gaindi mugitzen laguntzea.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak esleitzeko irizpideak hauek izango dira:
Proposatutako proiektua berritzailea izatea, sustatzen diren nazioz gaindiko prestakuntza-ibilbideen metodologia, eduki eta tresnen hobekuntzari dagokienean: 25 puntu, gehienez ere.
Europako dimentsioaren balio erantsia: 25 puntu, gehienez ere.
Proiektuen finantziazioa. Gehienez 15 puntu izango dituzte beste finantziazio iturri batzuk dituzten proiektuek (foru aldundienak, banketxeenak, diru iturri propioak eta abar).
Parte-hartzaileak multi-eragileak izatea (lanbide heziketako ikasteak, enpresak, sindikatuak,): 15 puntu, gehienez ere.
Gizon eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna sustatzea prestakuntzaren eremuan, eta lanean hasteko zailtasunak dituzten lagunak prestatzeko aukera berak izatea: 10 puntu, gehienez ere.
Emaitzak transferitzeko eta zabaltzeko gaitasuna: 10 puntu, gehienez ere.
Bigarren artikuluan aipatutako erakundeek agindu honetan araututako diru-laguntzak eskuratu nahi izanez gero, agindu honen eranskinean azaltzen den ereduaren arabera beteko dituzte eskabideak. Era berean, Agindu honetan jasotzen diren azpiprogramen 2010eko deialdian parte hartzeko, Agentzia Nazionalera (Etengabeko Hezkuntzako Europako Hezkuntza-programetarako Erakunde Autonomora) bidalitako dokumentazioaren kopia aurkeztu beharko dute.
Aurreko deialdietan onartu eta 2010. urtean garatuko diren proiektuen kasuan, Europako Erkidegoetako Batzordearekin (Hezkuntza, Prestakuntza eta Gazteria - XXII. Zuzendaritza Nagusiarekin) sinatutako kontratuaren kopia aurkeztu behar da, indarrean dagoena, edo Agentzia Nazionalarekin duten finantza-kontratuarena; bere garaian Agentziara bidali zen hautagaitza-inprimakia ere aurkeztu beharko da.
2010eko proiektuei dagokienez, honako hauek aurkeztu beharko dira: Agentzia Nazionalera (Europako Hezkuntza-programetarako Erakunde Autonomora) bidalitako hautagaitza-inprimakia, finantza-kontratua eta, berrikuntza-proiektuen kasuan, Europako Erkidegoen Batzordearekin izenpetutako kontratuaren kopia.
Halaber, ikastetxe eskatzailearen zuzendariak edo erakunde eskatzailearen titularrak sinatutako ziurtagiria aurkeztuko da. Bertan adieraziko da bestelako diru-laguntzarik -publiko zein pribatu, estatuko zein nazioartekorik- jasotzen duten ala ez ereduzko proiektu edo egonaldien eta elkartrukeen programa bera garatzeko. Jasotzen badute, zenbatekoa zehaztu behar da, eta erakunde emailearen izena ere bai.
Eskabidea ikastetxeko zuzendariak edo proposamenaren erakunde eskatzailearen titularrak sinatuko du.
Hori ezinezkoa balitz, eskabidea sinatzen duenak zein ordezkotza-gaitasunaren indarrez diharduen ziurtatzen duen agiria erantsiko du.
Erakunde eta ikastetxe pribatuek ziurtagiria aurkeztu beharko dute, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela egiaztatzeko.
Agindu honetan arautzen den prozesuak 6 hilabete iraungo du, gehienez ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik.
Eskabideak laugarren artikuluan adierazitakoaren arabera egin beharko zaizkio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari eta eskaerak eurak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu beharko dira zuzenean edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako edozein baliabideren bitartez.
Eskabideak aurkezteko epea 2010eko ekainaren 30ean bukatuko da.
Urtebete baino gehiago irauten duten proiektu edo egonaldi eta elkartrukeetako programen kasuan, hurrengo urteetan ere aurkeztu beharko da eskabidea, dagokion urteko diru-laguntza eskuratzeko.
Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak hutsegiteren bat atzematen badu aurkeztutako eskabideren batean, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango zuzen dezan. Epe hori pasa ondoren zuzenketarik egin ez bada, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko da. Hori egin aurretik ebazpen bat emango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluaren arabera, 71.1 artikuluan jasotzen den prozedurari jarraituta.
Aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, ebaluazio-batzordea osatuko da, kide hauek izango dituena:
Etengabeko Ikaskuntzako zuzendaria.
Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak horretarako izendatutako pertsona bi.
Hirugarren artikuluak esleipenerako zehazten dituen irizpideak oinarri hartuta, ebaluazio-batzorde horrek diru-laguntzak emateko proposamen bat osatuko du.
Ebaluazio-batzordeak proposatuta, eta Europako Hezkuntza-programetarako Erakunde Autonomoak eman duen dirulaguntza ezagututa, Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak ebazpen bat emango du diru-laguntzak eman edo ukatu diren zehazteko.
Ebazpen hori esleipendunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, ezagutarezpen orokorrerako.
Interesatuei ebazpenik jakinarazten ez bazaie 4.5 artikuluan adierazitako epearen barruan, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da; horrek ez du alde batera utziko administrazio honek ebazpena hartzeko duen betebeharra
Agindu honetan jasotako diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira:
Lehenengo, diru-laguntzaren % 75a ordainduko da, 11. artikuluaren 1. atalean aurreikusten den epea bukatu ostean.
Gainerako % 25a, berriz, 11. artikuluko 6.4 atalean aipatzen den tramitea egin ondoren.
Indarrean dagoen araudiaren arabera, diru-laguntza mota horien onuradunek betebehar hauek dituzte:
Eman zaien diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek uko egiten dutela idatziz adierazi ezean, onartu egiten dutela ulertuko da.
Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea, salbu bada 12. artikuluan ezarritakoa aplika daitekeenean.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak betetzeko eskatutako informazioa ematea.
Estatuko nahiz nazioarteko bestelako administrazioetatik edo erakunde publiko edo pribatuetatik xede bererako eskuratu dituzten diru-laguntzen edo laguntzen berri ematea, halakorik jaso bada.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak egin ditzakeen egiaztatzeak onartzea.
Jasotako laguntzak egoki inbertitu direla justifikatzea, honako dokumentazio hau aurkeztuta:
Memoria. Burututako jarduerei buruzko memoria laburra egingo dute erakunde onuradunek. Honako hauek azalduko dira memorian:
Proiektuaren garapenaren laburpena, izandako gastu eta sarrera guztiak azalduz.
Lortutako helburuak.
Ebaluaziorako erabilitako prozedura.
Lortutako emaitzak eta emaitza horien zabalkundea.
Hala balegokio, proiektua amaitu arte garatu behar den lan-plana.
Ikastetxeko Zuzendaritzaren edo erakunde pribatuko titularraren ziurtagiria; bertan adieraziko da laguntza emateko arrazoi izan zen xedea bete egin dela.
Jasotako laguntza zuritzen duen memoria ekonomikoaren kopia. Bertan jasoko dira Batzordeak onartzen dituen laguntzak bil ditzakeen gastuak, hain zuzen ere Agentzia Nazionalera (Europako Hezkuntza-programetarako Erakunde Autonomora) edo Europar Batzordera bidalitakoa edo bidaltzekoa dena.
6.1, 6.2. eta 6.3 paragrafoetan adierazten diren agiriak 2010eko abenduaren 31 baino lehenago bidaliko dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzara.
Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo bestelako erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, laguntza edo diru-laguntzarik eman badu. Horretarako, Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak kitapen-ebazpena emango du eta, bertan, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira.
Jasotako diru-laguntza oinarri hauetan xedatutakoarekin bat etorriz zuritzen ez bada, zuritu gabeko diru-kopurua itzuli egin beharko da, eta, gainera, berandutze-interesak ere eskatuko dira. Bestetik, administrazio-erantzukizunak ere eskatu ahal izango dira.
Jasotako laguntzak itzuli egin beharko dira, halaber, agindu honetan xedatutakoa edo EAEko aurrekontuen konturako diru-laguntzen onuradunek bete beharreko edozein betebehar betetzen ez baldin bada.
Dirua itzultzeko, bete egingo da Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA) jasotzen duena.
Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan bi hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita.
Bigarrena. Abenduaren 13ko 15/1999 Legean, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteko Legea eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa, aurreikusitakoaren arabera, Deialdi honen barruan sartu diren prestakuntza-ekintzen partaidetzak berekin ekarriko ditu legean aipatzen diren aipamenak.
Datuak babesteko gaian indarreko araudiaren mendean geratuko da deialdi honen barruan aurkeztutako eskaeretan jasotako informazioa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko araudiak xedatzen duena betez, interesatuak, dirulaguntza-eskaera betetzearen bidez, eskaera horretan adierazitako datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren fitxategi informatizatuetara gehitzeko baimena ematen du. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzan (Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzan), Donostia kalea 1. 01010 Vitoria-Gasteiz, praktikan jarri ahal dira datu horietara iristeko, zuzentzeko, ixteko eta horien kontra jotzeko aipatutako Legeak agertzen dituen eskubideak.
Hirugarrena. Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak baimena du agindu hau ezartzeko beharrezkoak izan daitezkeen arauak eta azalpenak emateko.
Laugarrena. Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 13a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


