Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko apirilaren 16koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuak arautzeko oinarri orokorrak onartzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko apirilaren 16koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan karrerako funtzionario izateko hautaketa-prozesuak arautzeko oinarri orokorrak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 82
  • Hurrenkera-zk.: 2321
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/04/16
  • Argitaratze-data: 2010/05/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa

Testu legala

Irailaren 23ko 161/2008 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan karrerako funtzionario izateko 2008. urteko enplegu publikoaren eskaintza onartu zuen. Dekretu horretan azaltzen dira hautaketa-prozesuen bidez bete beharreko plazak.

Horretarako, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak langileak hautatzeari buruz 23. artikuluan eta II. tituluaren IV. kapituluan ezartzen duenarekin bat etorriz, eta lege horretako 6.1.i) artikuluaren bidez emandako ahalmenez baliatuz, hauxe

Lehenengoa. Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke organo horri, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 16a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

  1. Helburua.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko kidego eta eskaletako oinarri espezifikoetan agertzen diren plazak betetzeko arau orokorrak ezartzea da oinarri hauen helburua. Lehiaketa-oposizioa da erabiliko den hautaketa-sistema; hau da, hautaketa-probak eta merezimenduen balorazioa izango ditu.

  2. Bi txanda egongo dira: irekia eta barne-igoerakoa. Bakoitzak plaza-kopuru jakin bat gordeko du ezinduentzat. Hortaz, txanda bakoitzean bi modalitate daude: sarbide orokorra eta ezinduei gordetako sarbidea.

  3. Oinarri espezifikoetan zehazten da zenbat plaza aterako diren txanda bakoitzean eta zenbat gordeko diren ezinduentzat.

  4. Hautagairik ez dagoelako edo hautaketa-prozesuak gainditu dituenik ez dagoelako bete gabe gelditzen diren barne-igoerako plazak txanda irekiari gehituko zaizkio.

  5. Hautagairik ez dagoelako edo hautaketa-prozesuak gainditu dituenik ez dagoelako bete gabe gelditzen diren ezinduentzat gordetako plazak sarbide orokorrari gehituko zaizkio, bakoitza bere txandaren barruan. Alabaina, ezinduak enplegu publikoan sartzea eta haiek lanpostuak betetzea arautzen duen abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretua betez, ezinduentzat gorde eta betetako plazek deialdian iragarritako plaza-kopuru osoaren % 3ko tasa gainditzen ez badute, bete gabe gelditutako plazak enplegu publikoaren hurrengo eskaintzako % 5eko kupoari gehituko zaizkio, baina betiere ehuneko hamarreko gehieneko muga gainditu gabe.

  1. Hautaketarako baldintza orokorrak.

  1. Baldintzaren bat ezarrita duten lanpostuak betetzeko, hautagaiek, ezinbestez, baldintza horiek bete beharko dituzte.

  2. Epaimahaiak karrerako funtzionario izateko proposatzen duen gaindituen kopuruak ezin izango du deialdiko plaza-kopurua baino handiagoa izan, ondorengo kasuetan izan ezik:

    1. Barne-igoerako txandan hautatutako pertsonek une horretan betetzen ari diren lanpostua esleitzeko eskatzen dutenean (plaza horiek ahalbidetzen badute eta, hortaz, ez bada enplegu publikoko plazarik hartzen). Horrelakorik gertatzen denean, aukera hori egin izan ez balute esleituko litzaizkiekeen plazak barne-igoerako txandan gainditu duten hurrengo pertsonei emango zaizkie, lehentasun-hurrenkerari jarraituz.

    2. Hautatutako pertsonek izendatuak izan edo plazak jabetzan hartu baino lehen uko egiten diotenean lanpostuari, edo lanpostua jabetzan hartzeko unean lanpostua gordetzeko eskubiderik gabeko eszedentzia eskatzen dutenean. Hutsik uzten dituzten lanpostuak esleitu egingo dira. Horretarako, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak gainditu arren plazarik lortu ez dutenen zerrenda, hurrenkeraren arabera egina, eskatuko dio epaimahaiari.

  3. Enplegua eskuratu ahal izateko betekizunak.

  1. Baldintzak betetzeko datak.

    Hautagaiek eskabideak aurkezteko epea bukatu baino lehenago bete beharko dituzte oinarri orokorretan eta espezifikoetan ezarritako betekizunak 9.1 oinarrian adierazitakoak izan ezik, eta betekizun horiek betetzen jarraitu beharko dute lanpostua jabetzan hartzen duten arte.

  2. Noiz eta nola egiaztatu baldintzak betetzen direla.

    Oinarri hauetako 10. atalak ezartzen du baldintzak noiz eta nola egiaztatu behar diren.

  3. Parte hartzeko baldintza orokorrak.

    Iragarritako hautaprobetan parte hartu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

    1. Europar Batasuneko estaturen bateko herritartasuna izatea; edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritartasuna izatea.

      Halaber, Europar Batasuneko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; eta herritartasuna duenaren eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartu dezakete, betiere bikotea zuzenbidearen arabera bananduta ez badago eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo adin horretatik gorakoak izanda ere bikotearen kontura bizi badira.

    2. Lanpostuari dagozkion lanak egiteko gai izatea eta lan horietan behar bezala aritzea eragotziko lukeen gaixotasunik edo eragozpen fisiko edo psikikorik ez izatea.

    3. Adinari dagokionez, 16 urte beteta eta 65 bete gabe izatea.

    4. Diziplinako espediente bidez edozein herri-administrazioko zerbitzutik kenduta edo kanporatuta ez egotea, eta erabateko desgaikuntzarik edo desgaikuntza berezirik ez izatea enplegu edo kargu publikoak betetzeko. Atzerriko izangaiek, bestalde, norberaren estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien desgaikuntzarik edo baliokiderik ez dutela eta diziplinazko zigorrik edo zigor penalik ez dutela beren gain egiaztatu beharko dute.

    5. Oinarri espezifikoetan eskatutako titulazioa izatea edo titulua eskuratzeko eskubideak ordainduta izatea. Titulazioak atzerrikoak badira, haien homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

    6. Indarrean dagoen araubidearen arabera, ezgaitasun edo bateraezintasuneko lege-kausaren batean sarturik ez egotea; hala ere, araudiak ematen duen aukera-eskubidea errespetatuko da.

    7. Parte hartu nahi den kidego edo eskalako eskabidea jaso eta aztertzeagatik ordaindu beharreko tasa ordainduta izatea. Tasaren zenbatekoa oinarri espezifikoetan zehazten da.

    8. Oinarri espezifikoetan eskatzen diren beste baldintza guztiak.

  4. Barne-igoerako txandan parte hartzeko baldintza espezifikoak.

    Barne-igoerako txandan parte hartu ahal izateko, 3.3 oinarriak aipatzen dituen baldintzak betetzeaz gain, baldintza espezifiko hauek ere bete beharko dira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko karrerako funtzionarioa izatea, iritsi nahi den kidegoaren azpiko titulazio-talderik hurbilenekoa edo berberekoa izatea, eta egoera horretan bi urtetik gorako zerbitzualdia beterik izatea.

    2. Hautagaia, dagoen kidegoan, egoera hauetako batean egotea: jarduneko zerbitzuan, baliokidean edo zerbitzu berezietan.

      Txanda honetan parte hartzeko baldintzak betetzen ez badira, ofizioz, txanda irekira pasatuko da eskabidea.

  5. Ezinduentzat gordetako modalitatean parte hartzeko baldintza espezifikoak.

    Ezinduentzat gordetako plazen lehian sartu ahal izateko, 3.3 oinarriak aipatzen dituen baldintzak betetzeaz gain, beste hauek ere bete beharko dira:

    1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzeko egunean foru-aldundietako organo eskudunek edo Imsersok % 33ko edo hortik gorako elbarritasuna aitortua izatea.

    2. Ezintasuna bera eta ezintasunaren eta lanpostuko zereginak betetzeko gaitasunaren arteko bateragarritasuna egiaztatzea.

  6. oinarrian adierazitako helbide elektronikoan ikus daiteke kidego edo eskala bakoitzetik zein lanpostutarako lehian parte har daitekeen. Informazio horretan aipatzen dira lanpostuen deskribapen orokorra, zeregin ohikoenak, laneko ingurumen-baldintzak eta, orientazio gisa, zereginak betetzea eragozten duten ezintasunak (nolanahi ere, kasu zehatz bakoitza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Prebentzio Zerbitzuak ebaluatuko du).

  1. Eskabideak aurkeztea.

  1. Prozesuan onartua izatea.

    Deialdi honetako hautaketa-prozesuren batean parte hartu nahi dutenek eskabide bana aurkeztu beharko dute parte hartu nahi duten kidego edo eskala bakoitzeko, oinarri espezifikoekin bat etorriz.

    Onartuak izateko eta, hala dagokionean, hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko, hautagaiek 1) eskabideko atal guztiak bete beharko dituzte, 2) eskabidea epe barruan aurkeztu beharko dute eta 3) ezarritako tasak ordaindu beharko dituzte. Gainera, eskatutako baldintza guzti-guztiak esandako epea bukatzen den egunean betetzen dituztela adierazi behar dute. Euskararen eta informatikaren ezaguerari dagokion baldintza, aitzitik, 9. oinarrian esan bezala adierazi beharko da.

  2. Eskabideak aurkezteko eta tasak ordaintzeko epea.

    Deialdian parte hartzeko eskabideak deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik gutxienez egutegiko hogei (20) eguneko epean aurkeztu behar dira. Oinarri espezifikoetan zehazten dira epe horren datak eta orduak.

  3. Eskabideak aurkezteko era.

    Hautaketa-prozesuetan parte hartu nahi dutenek eskabidea Internet bidez egin beharko dute, helbide elektroniko honetan dagoen eredua betez: www.ivap.euskadi.net/ope.

    Internet bidezko eskaera Eusko Jaurlaritzaren KZgune publikoetan egin daiteke. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide elektroniko honetan ikusi daitezke: www.kzgunea.net.

  1. oinarrian azaltzen diren IVAPeko bulegoetan ere bete daiteke eskabidea.

    Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan ere aurkeztu daitezke eskabideak.

    Posta-bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak, ziurtatu aurretik, irekita eman behar zaizkio postako funtzionarioari, hark eguna jarri eta zigilua bota diezaien.

  1. Eskabidearen edukia.

    Eskabideko atal hauek bete behar dira:

    1. Prozesua zuzen kudeatzeko norberari buruz eskatzen diren datuak.

    2. Zein txandetan parte hartu nahi den (irekian edo barne-igoerakoan). Ezinduentzat gordetako kupoaz baliatu daitezke ezarritako baldintzak betetzen dituztenak, baina nolanahi ere txanda bakar batean parte hartu daiteke. Eskabidean aukerarik egiten ez bada edo aukera bat baino gehiago egiten bada kidego eta eskala berberarentzat, sarbide orokorreko txanda irekian sartuko da hautagaia.

    3. Zein kidego edo eskalatan parte hartu nahi den.

    4. Zein hizkuntza ofizial, euskara edo gaztelania, aukeratzen den oposizio-faseko hautaketa-probak egiteko.

    5. Ezinduentzat gordetako modalitatean parte hartzeko aukera. Modalitate horretan parte hartu nahi dutenek eskabidean adierazi beharko dute hala egin nahi dutela eta, horrez gain, hautaprobak egiteko, denbora eta baliabideen aldetik nolako egokitzapenak behar dituzten adierazi behar dute.

    6. Titulazio akademikoa.

  2. Eskabideak aurkezteagatik ordaindu beharreko tasak ordaintzeko era.

    Deialdi honetako 4.1 oinarriak aurreikusitako baldintza betetzeko, eta eskabideak aurkezteko erabili den moduaren arabera, ordainketa honela egingo da:

    Eskaera Internetez eginez gero, ordainketa ere bide beretik egin daiteke, banku-sukurtsalera joan beharrik gabe. Ordaintzeko era hau eguneko 24 orduetan erabil daiteke. Visa, Maestro edo Mastercard txartelekin ordaindu daiteke edo, bestela, erakunde hauen banka elektronikoko zerbitzuaren bidez: BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa), Caja Vital Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Euskadiko Kutxa, Banco Guipuzcoano, La Caixa, Bankoa eta BBVA. Hala ere, ondorengo paragrafoan adierazitako banku-sukurtsaletan bertan ere egin daiteke ordainketa.

    Ordainketa banku-sukurtsaletan bertan egiteko, erakunde hauetara joan behar da: BBK (Bilbao Bizkaia Kutxa), Caja Vital Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa, Euskadiko Kutxa, Banco Guipuzcoano, La Caixa, Bankoa eta BBVA. Ordainketa egiteko, sistemak emandako jaso izanaren agiria edo bertan azaltzen diren datuak aurkeztu beharko dira. Jaso izanaren agiriek barra-kodea ere badaukatenez, irakurgailu optikoa duen kutxazain automatikoaren bidez edo eskuzko datu-eskuratzearen bidez ordaindu daiteke.

  3. Tasak ez ordaintzeak dakartzan ondorioak.

    Hautagaiak ez baditu tasak ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barruan, prozeduratik kanpo geratuko da. Bestalde, ordaindutako zenbatekoan akatsen bat baldin badago, 10 egun balioduneko epea emango zaio hautagaiari akatsa zuzendu dezan.

    Tasa ordaintzea eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango prozesuan parte hartzeko; eskabidea behar bezala eta emandako epearen barruan aurkeztu behar da, 4.2 eta 4.3 oinarrietan adierazi bezala, alegia.

  4. Hautaketa-prozesuko datuen babesa eta kudeaketa.

    Eskabideetan emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da, eta hautaketa-prozesua kudeatzeko eta langileak aldi baterako kontratatzeko nahiz bitarteko funtzionarioak izendatzeko eratzen diren lan-poltsak kudeatzeko bakarrik erabiliko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileak hautatzeari buruz indarrean dauden akordioen bidez arautuko dira lan-poltsa horiek. Fitxategiaren erabilera eta funtzionamendua guztiz bat etorriko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak ezarritakoarekin.

    Funtzio Publikoaren Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna, eta fitxategiko datuak eskuratu, zuzendu, datuen aurka azaldu eta deuseztatzeko, Funtzio Publikoaren zuzendariarengana jo behar da, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz helbidera.

    Hautaketa-prozesuetan parte hartzen dutenen informazio-eskubideak bermatzeko (HAAJren eta APEren azaroaren 26ko 30/1992 Legea), prozesuko zerrenden kontsulta Internet bidez egin ahal izango da, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen helbide elektroniko honetan: www.ivap.euskadi.net/ope.

    2008ko EPEtik eratorritako hautaketa-prozesuetako deialdietan eskaerak aurkezten dituztenek, beraien datu pertsonalak oinarri hauetan eta deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehaztutako moduan eta adierazitako helburuarekin erabiliak izateko baimena ematen dute.

    Eskabidean azaltzen diren helbide, telefono eta posta elektronikoak balekotzat joko dira. Idatziz jartzerakoan egindako akatsak eta edozein aldaketa epaimahaiari jakinaraztea eskaeragilearen erantzukizuna izango dira.

  1. Epaimahaia.

  1. Osaera.

    Epaimahaiburuak, 7 epaimahaikidek, idazkariak eta bakoitzaren ordezkoek osatuko dute epaimahaia. Iragarritako plazei dagokien lanbide-arloa ondo ezagutu eta epaimahaikide gisa egin beharreko zereginak ondo betetzeko prestakuntza egokia izango dute, eta emakume eta gizonenen kopurua orekatua izango da.

    Epaimahaiak komeni dela uste badu, adituen aholkuak eskatu ahal izango ditu. Aholkulariek beraien espezialitate teknikoaren alorreko aholkularitza eman besterik ez dute egingo epaimahaiarekin lankidetzan ari direnean.

    Epaimahaikide-lana norberak egingo du beti, eta ezin izango da inoren izenean edo inoren ordezkari modura jardun.

  2. Izendapena.

    Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren agindu bidez egingo dira epaimahaiak osatzen dituzten kideen izendapenak. Izendapenak eta onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak egun berean argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

  3. Parte ez hartzea eta errefusatzea.

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 28. artikuluan aipatutako egoeraren batean dauden epaimahaikideek ez dute prozesuan parte hartuko eta hala jakinaraziko diote Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari. Berdin jokatu beharko dute deialdia argitaratu aurreko azken bost urteetan hautagaiak hautaketa-prozesuetarako prestatzen aritu izan diren epaimahaikideek ere.

    Aurreko kasuetako bat gertatzen denean, interesdunek ere errefusatu ahal izango dituzte epaimahaikideak, aipatutako legeko 29. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

  4. Jarduteko arauak.

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 22tik 27 arteko artikuluetan ezarritako arauen arabera jardungo du epaimahaiak. Epaimahaiburuak aginduta, idazkariak bilerarako deia egingo du, eta epaimahaia hautaprobak hasi baino behar beste denbora lehenago bilduko da. Epaimahaiaren osaera balioduna izateko, ezinbestekoa da epaimahaiburua eta idazkaria (edo hala dagokionean beraien ordezkoak) eta gutxienez kideen erdiak bertaratzea.

    Epaimahaikide guztiek izango dituzte hitza eta botoa.

    Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengo bidez hartuko dira. Epaimahaiburuaren kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira berdinketak.

    Epaimahaiburua (edo bere ordezkoa) bertaratu ez bada, gaixo dagoelako, bere kargua hutsik dagoelako edo bestelako lege-arrazoiren bat dagoelako, hierarkian maila goragokoena duen, antzinatasun handiena duen edo adinez zaharrena den epaimahaikideak hartuko du haren lekua, hurrenkera horretan.

    Idazkari titularraren edo bere ordezkoaren kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixo badago edo titularrari zein ordezkoari eragiten dien legezko bestelako arrazoiren bat badago, epaimahaikideen gehiengoaren erabakiz aukeratzen den kideak beteko du haien kargua.

  5. Ahalmenak.

    Epaimahaiak autonomia osoz jokatuko du, eta bera izango da prozeduraren gardentasun eta objektibotasunaren, proben eduki eta konfidentzialtasunaren eta deialdiko oinarriak zorrotz betetzearen erantzulea.

    Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat etorriz, batetik, oinarri hauek eta oinarri espezifikoak aplikatzerakoan sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu; bestetik, deialdia behar bezala garatzeko hartu beharreko erabakiak hartuko ditu; eta, azkenik, oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetan erabili beharreko irizpideak ezarriko ditu.

    Epaimahaiburuak oposizio-faseko ariketen edukiaren isilpekotasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak hartuko ditu, baita azterketak zuzentzerakoan azterketa bakoitza norena den ez jakiteko neurriak ere.

  6. Egoitza.

    Jakinarazpenetarako eta bestelako kontuetarako, epaimahaiak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egoitza nagusian izango du helbidea: Donostia kalea 1 (Lakua), 01010 PK, Vitoria-Gasteiz.

  7. Egindako lanarengatik jaso beharreko ordaina.

    Epaimahaikideek indarrean dagoen araubidearen arabera dagokien ordaina jasoko dute beraien lanarengatik, baita bertaratzeagatik ere.

    Probetan zaintze- eta kontrol-lanetan aritzen direnek ere indarrean dagoen araudiaren arabera dagokien ordaina jasoko dute.

  1. Argitaratzeko lekuak eta iragarki-taulak.

    Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak deialdi hau dela-eta ematen dituen ebazpenak eta prozesuko bestelako informazioa, emaitzak eta kalifikazioak www.ivap.euskadi.net/ope helbide elektronikoan eta ondoren aipatzen diren lekuetako iragarki-tauletan argitaratuko dira (aipatutako helbide elektronikoan kontsultak egiteko, NANa eta eskabidearen erreferentzia-zenbakia sartu beharko dira):

    1. Gasteiz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Donostia kalea 1 (Lakua), 01010 PK.

    2. Bilbo: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Recalde zumarkalea 18, 48009 PK.

    3. Donostia: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, San Bartolome kalea 28, 20007 PK.

    4. Oñati: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Unibertsitate Zaharra, 20560 PK.

      Jendearentzako ordutegia:

      Astelehen eta asteazkenetan: 09:00etatik 14:30era.

      Astearte eta ostegunetan: 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 16:30era.

      Ostiraletan: 09:00etatik 14:00etara.

      Udan (ekainaren 7tik urriaren 3ra):

      Astelehenetik ostiralera: 09:00etatik 14:00etara

  2. Hautaketa-Prozesua.

    Lehenengo oinarrian adierazi bezala, lehiaketa-oposizioa izango da erabiliko den hautaketa-sistema.

  1. Oposizio-fasea.

    Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan adierazitako hautaprobak egin beharko dira oposizio-fasean. Kidego edo eskala bakoitzean eskainitako lanpostuetako zereginak betetzeko ezagupenak eta trebetasunak ebaluatuko dira proba horien bitartez.

    Probak derrigorrezkoak eta baztertzaileak izango dira.

    Oinarri espezifikoetan zehazten dira oposizio-fasea gainditzeko egiaztatu beharreko informatika-ezagupenak. Egiaztatzeko sistema eta epeak 9.6 oinarrian ikus daitezke.

  2. Euskara-probak.

    Euskara-probak hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egingo dira, hautaketa-prozesuko edozein unetan eta betiere merezimenduak baloratu aurretik.

  3. Lehiaketa-fasea.

    Lehiaketa-fasean, oposizio-fasea gainditu dutenek adierazi eta egiaztatutako merezimenduak aztertu eta baloratuko dira.

    Deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan zehazten dira baloratuko diren merezimenduak eta baloratzeko baremoak. Lan-eskarmentua, informatika-ezagupenak, hizkuntzak eta titulazioak baloratu ahal izango dira.

    Nolanahi ere, merezimenduen balorazioak neurriko pisua izango du eta ezin izango du hautaketa-prozesuaren emaitza erabaki.

    Merezimenduen balorazioa ez da baztertzailea izango.

  4. Azken kalifikazioa.

    Oposizio-fasean, merezimenduen balorazioan eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen balorazioan lortutako emaitzen batuketak emango du hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa (hizkuntza-eskakizunak, merezimenduetarako eskatzen direnean bakarrik baloratuko dira; lanpostua betetzeko baldintzatzat eskatzen diren kasuetan ez dira baloratuko).

    Emaitza eta kalifikazio guztiak 6. oinarrian adierazitako helbide elektronikoetan eta tokietan argitaratuko dira.

    Berdinketarik izanez gero, oinarri espezifikoetan ezarritako irizpideen araberako lehentasun-hurrenkera ezarriko da.

  1. Hautaketa-prozesuaren garapena.

  1. Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak.

    Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik gehienez 20 egunera IVAPeko zuzendariak ebazpena emango du eta bertan azalduko dira onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta zerrendak 6. oinarrian adierazitako lekuetan jarriko dira ikusgai. Zerrendetan, baztertzeko arrazoiak (bazterturik egonez gero) eta hautagaiek parte hartzeko eskatu duten txanda eta modalitatea azalduko dira.

    10 egun balioduneko epea emango da erreklamazioak egiteko eta eskabideetan egindako akatsak zuzentzeko.

    Erreklamazioetarako epea bukatu eta erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, IVAPeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, 6. oinarrian ezarritako lekuetan.

    Ebazpen horretan zehaztuko da oposizio-faseko lehenengo ariketa non, zein egunetan eta zein ordutan izango den.

  2. Proben garapena.

    Kidego eta eskala bakoitzeko hautagaiei dei bakarra egingo zaie hautaketa-probak eta euskararen ezagutza-probak egiteko.

    Prozesuan onartutakoek egin ditzakete hautaketa-probak, eta baztertu gisa azaldu arren gora jotzeko errekurtsoa jarri dutenek ere bai, proba egiteko unean oraindik ebazpenik jaso ez dutela egiaztatzen badute. Hautagai bakoitzak, nork bere burua identifikatzeko, nortasun-agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko du probetara.

    Epaimahaiak ariketak egiteko denbora eta baliabideak egokituko dizkiete egokitzapenak behar dituzten eta eskabidean hala adierazi duten ezinduei, gainontzeko parte-hartzaileen aukera berberak izan ditzaten, betiere hori eginda probaren edukia desitxuratzen ez bada eta eskatutako gaitasun-maila jaisten edo kaltetzen ez bada.

    Oposizio-faseko proba bakoitza bukatzerakoan epaimahaiak lehenbailehen argitaratuko ditu behin-behineko emaitzak eta 10 egun balioduneko epea ezarriko du erreklamazioak egiteko. Epe hori bukatu eta, erreklamaziorik egon bada horiek ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko emaitzak argitaratuko ditu.

    Emaitzak eta ariketak egiteko deiak 6. oinarrian adierazitako tokietan emango dira argitara.

    Epaimahaiak komunikazio publiko bakoitzean ezarriko du hautaketa-prozesuko hurrengo argitalpen edo gertaera garrantzitsua argitaratzeko data.

  3. Oposizio-faseko puntuazioen zerrenda.

    Oposizio-faseko probak bukatu eta, erreklamaziorik egon bada horiek ebatzi ondoren, gainditu dutenen behin betiko emaitzak argitaratzeko aginduko du epaimahaiak.

    Kidego edo eskala bakoitzeko gaindituen zerrendak argitaratuko dira, txandaren (irekia edo barne-igoerakoa) eta parte hartzeko modalitatearen (orokorra edo ezinduentzat gordetakoa) arabera.

  4. Euskara-probak.

    Oposizio-fasea gainditzen dutenei hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egingo zaie, betiere 9.4 oinarrian adierazitakoa betez.

  5. Merezimenduak adierazi, egiaztatu eta baloratzea.

    Oposizio-fasea gainditu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzearekin batera 10 egun balioduneko epea ezarriko da merezimenduak adierazi eta egiaztatzeko.

    Oinarri espezifikoetan daude ezarrita deialdi bakoitzean epaimahaiak baloratuko dituen merezimenduak eta erabiliko duen baremoa. Merezimenduetarako erreferentziazko datak 9. oinarrian daude araututa.

    Merezimenduak egiaztatzeko, 6. oinarrian adierazitako lekuetan gaindituen eskura egongo den inprimakia bete beharko da. Inprimakiarekin batera, adierazitako merezimenduak egiaztatzen dituzten agirien kopiak bidali behar dira, 9. oinarrian ezarritakoari jarraituz.

    Oinarri espezifikoetan ezarritako baremoaren arabera baloratuko ditu merituak epaimahaiak.

  6. Azken kalifikazioen behin-behineko zerrenda.

    Adierazi eta egiaztatutako merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak kalifikazioen behin-behineko zerrendak argitaratuko ditu, txandaren (irekia edo barne-igoerakoa), parte hartzeko modalitatearen (orokorra edo ezinduentzat gordetakoa) eta plazen hizkuntza-eskakizunaren arabera.

    Dokumentazioa zuzendu behar duten hautagaien zerrenda ere argitaratuko da, ondo egiaztatu beharreko merezimenduen aipamen zehatzarekin.

    Zerrendak argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epea izango dute interesdunek okerrak zuzentzeko eta egin nahi dituzten erreklamazioak egiteko.

  7. Azken kalifikazioen behin betiko zerrendak eta eskainitako lanpostuen zerrendak.

    Erreklamazioak eta merezimenduen zuzenketa egiteko epea bukatu eta erreklamaziorik egon bada horiek ebatzi ondoren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak gaindituen azken kalifikazioen behin betiko zerrendak eta eskainitako lanpostuen zerrendak argitaratzeko aginduko du.

    Kidego edo eskala bakoitzeko gaindituek lortutako kalifikazioen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, txandaren (irekia edo barne-igoerakoa), parte hartzeko modalitatearen (orokorra edo ezinduentzat gordetakoa) eta plazen hizkuntza-eskakizunaren arabera.

    Oposizio-fasean, merezimenduen balorazioan eta egiaztatutako hizkuntza-eskakizunen balorazioan (halakorik eskatzen bada) lortutako emaitzen batuketa izango da hautagai bakoitzaren azken kalifikazioa. Zerrenda horietan adieraziko da hautagai bakoitzaren lehentasun-hurrenkera. Hurrenkera hori lortutako puntuazioaren arabera egingo da eta berdinketarik egonez gero oinarri espezifikoetan berdinketa hausteko ezarrita dauden irizpideak aplikatuko dira.

    Kidego eta eskala bakoitzean eskainitako lanpostuen zerrendan datu hauek azalduko dira: lanpostuaren izena, saila edo erakundea, zentro organikoa, lanpostua kokatuta dagoen herria, ordainsariak, hizkuntza-eskakizuna, derrigortasun-data eta ezagupen espezifikoak.

    Eskainitako lanpostuek ezaugarri berberak badituzte, gainditu dutenen behin betiko zerrendak, bestelako izapiderik gabe, hautatuen behin betiko zerrenda osatuko du aurreko idatz-zatian adierazitako moduan.

  8. Lanpostuak aukeratzea.

    Gaindituen azken kalifikazioen behin betiko zerrendak eta eskainitako lanpostuen zerrendak argitaratzeko agintzen duen ebazpenean 10 egun balioduneko epea ezarriko da gainditu dutenek eskainitako lanpostuak zein lehentasun-hurrenkeran aukeratu nahi dituzten adierazteko.

    Lanpostua aukeratzeko prozesuetan parte hartzeko baldintzak hauek izango dira: lehiaketa-oposizioa gainditzea eta txanda, parte hartzeko modalitate eta hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskainitako plaza-kopurua kontuan hartuz % 150eko edo beheragoko lehentasun-hurrenkeran egotea.

    Postuan edo postuetan egin beharreko egokitzapenak egiteko eskatu daiteke lanpostua aukeratzeko eskabideetan. Eskabidearekin batera, egokitzapena egin beharra dagoela eta egokitzapen hori lanpostuari dagozkion zereginekin bateragarria dela adierazten duen txostena aurkeztu behar da. Txostena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Prebentzio Zerbitzuak egin behar du.

    Ezinduentzat gordetako modalitatean parte hartzen dutenek, plazak aukeratzeko lehentasun-hurrenkera aldatu dezala eska diezaiokete epaimahaiari, mendekotasuna, mugikortasun-arazoak edo antzeko arrazoiak argudiatuz. Horretarako, eskaeraz gain, alegatutako arrazoiak onartzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Ziurtagiria administrazioko organo eskudunak egin beharko du: foru-aldundietako sail eskudunek, Imsersok edo baliokideak. Behar bezala justifikatzen bada, epaimahaiak hurrenkera aldatzea erabakiko du. Nolanahi ere, lehentasun-hurrenkeran ahalik eta aldaketarik txikiena egingo du, ezinduak lanpostua eskuratzeko egin beharrekoa besterik ez. Ezintasunak lanpostuaren eginkizunak betetzea galarazten ez badu egingo da adierazitako aldaketa.

    Baldintza espezifikoak ezarrita dituzten lanpostuak eskatzen dituztenek, baldintza horiek betetzen dituztela justifikatu beharko dute lanpostua aukeratzeko unean, ziurtagiriaren fotokopia soilaren bidez. Horrelako lanpostuak lortzen dituztenek originala edo fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute 10. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkezterakoan.

    Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legeko 56.4 artikuluarekin bat etorriz, destinoa aukeratzeko garaian barne-igoerako txandan parte hartzen dutenek lehentasuna izango dute txanda irekiko parte-hartzaileekiko.

  9. Lanpostuak esleitzea.

    Txanda eta hizkuntza-eskakizun bakoitzeko eskainitako plazen zerrenda bakar bana egingo da, prozesuan lortutako puntuazio handienetik txikienerako hurrenkerarekin. Zerrenda horietan sartuko dira ezinduentzat gordetako modalitateko parte-hartzaileak ere. Zerrenda bakoitzeko hurrenkera erabakigarria izango da lanpostuak esleitzeko, betiere 8.8 oinarrian ezarritakoa betez.

    Ezinduentzat gordetako modalitateko plazak agortu ondoren kupo horretan oraindik parte-hartzailerik egonez gero, pertsona horiek sarbide orokorreko plazak eskuratu ahal izango dituzte prozesuan lortutako puntuen hurrenkerari jarraituz.

    Oinarri honek zehaztutako epean eta moduan lanpostua aukeratzen ez duten hautagaiek galdu egingo dituzte hautaketa-prozesuan parte hartzearen ondorioz lortutako eskubideak.

  10. Aukeratutako hautagaien behin-behineko zerrenda.

    Lanpostuak aukeratzeko epea bukatuta, aukeratutakoen eta esleituko diren lanpostuen behin-behineko zerrenda egingo da, eskatutako betekizunak bete izanaren, hautagai bakoitzaren puntuazioaren eta adierazitako lehentasunen arabera. Zerrenda hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta 10 egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko.

  11. Aukeratutako hautagaien behin betiko zerrenda.

    Erreklamazioen epea bukatuta, eta horiek ebatzita, jendaurrean jarriko dira aukeratutakoen eta esleituko diren lanpostuen behin betiko zerrenda.

  1. Merezimenduak eta baldintzak adierazi eta egiaztatzea.

  1. Merezimenduen jabe izateko eta baldintzak betetzeko erreferentziazko datak.

    Adierazten diren merezimenduen jabe izateko eta baldintzak betetzeko erreferentzia-data eskaerak aurkezteko epea bukatzen denekoa izango da. Informatika- eta euskara-ezagupenak epe horretatik kanpo gelditzen dira:

    1. Euskara-titulu eta -ziurtagiriak, deialdi bakoitzaren oinarri espezifikoetan hizkuntza-eskakizunaren azterketarentzat aurreikusitako idatzizko ariketa egin baino lehen lortu behar dira.

    2. Informatika-ziurtagiriak, oposizioko azken ariketa egin baino lehen lortu behar dira.

  2. Emandako zerbitzuak.

    Merezimenduak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean adierazi eta egiaztatu behar dira emandako zerbitzuak (8.5 oinarria):

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean emandako zerbitzuak adierazi bakarrik egin behar dira, ez dira egiaztatu behar. Administrazioak ofizioz zenbatuko ditu.

    2. Gainontzeko administrazio publikoetan emandako zerbitzuak adierazi eta egiaztatu egin behar dira, jatorrizko ziurtagirien bidez. Administrazio bakoitzak erabakiko du zein eredu erabili, baina ziurtagiriak lan-aldiak, kidegoa, aukera, eskala, klasea edo kategoria, lanpostuaren izena eta lan-aldi bakoitzean egindako zereginak zehaztu beharko ditu.

      Egindako zerbitzu-aldi bakoitza behin baino ez da balioetsiko, hau da, ezin izango da berriro erabili beste kidego batzuetara sartzeko. Halako kasuetan, egindako zerbitzu-aldiak zein kidegotan erabili nahi diren zehaztu beharko da merezimenduak adierazterakoan.

  3. Titulu akademikoak edo lanbide-titulu baliokideak.

    Parte hartzeko baldintza gisa ezarritako titulazio akademikoak eskaera egiteko unean alegatu behar dira.

    Oinarri espezifikoen arabera merezimendu gisa baloratuko diren titulazio akademikoak merezimenduak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean adierazi beharko dira (8.5 oinarria). Epe horretan, titulazioaren edo titulua eskuratzeko tasak ordaindu izanaren fotokopia soila aurkeztu beharko da. Ez da fotokopia konpultsaturik aurkeztu behar 10. oinarriko dokumentazioa aurkezteko fasera iritsi arte.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Langileen Erregistroan titulazio akademikoak erregistratuta dituztenek horren berri eman beharko dute merezimenduak aurkezteko epean, baina ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Titulazioak erregistratuta egon arren epe barruan horren berri ematen ez bada, epaimahaiak ez ditu balioetsiko.

    Titulazio batek, onartua izateko, estatuburuak egindako agiri ofiziala izan behar du, titularrak Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza edo Unibertsitateko ikasketa-maila gainditu duela egiaztatu behar du eta Espainiako estatu osoan balioduna izan behar du.

    Ikasketa-ziurtagiriek, nahiz eta ikasketa-plan osoari erreferentzia egin, ez dute titulazio akademikoen balioa izango. Alabaina, «Lehen Ikasketen Ziurtagiria» (1975 baino lehenagokoa) Eskola Graduatu Tituluaren baliokidea izango da.

    Tituluen homologazioa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua badago, tituluak baliokidetzat joko dira.

  4. Euskara.

    Lanpostu jakin batzuetan eskatzen den hizkuntza-eskakizuna daukatenek edo merezimendu gisa alegatu nahi dutenek, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen hizkuntza-eskakizunen erregistroan titular gisa agertzen badira, merezimenduak aurkezteko epearen barruan eman beharko dute horren berri. Ez dute ezer egiaztatu beharko, eta euskara-proba egitetik salbuetsita geratuko dira.

    Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ematen ez duen euskara-titulu edo -ziurtagiriren bat dutenek, deialdi honetako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probak egitetik salbuetsita geratu nahi badute, onartuak izateko eskabidean Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari baimena eman beharko diote ziurtagiri horiek dauden erregistroetan sartzeko eta alegatutakoa zehatza dela egiaztatzeko. Ziurtagiri edo titulu horiek merezimenduak aurkezteko epearen barruan alegatu beharko dira.

    Eskabidean ez bada espresuki baimen hori ematen, titulu edo ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da dagokion hizkuntza-eskakizunaren idatzizko ariketa egin aurretik.

    Gainontzeko hautagaiek hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko beren-beregi ezartzen den proba gainditu beharko dute. Proba hori gutxienez 10 egun baliodun lehenago iragarriko da.

    Euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitzeko Dekretua aldatzen duen otsailaren 24ko 48/2009 Dekretuak zehazten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren hizkuntza-eskakizunen ziurtagiri eta titulu baliokideak. Informazio hori Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen www.ivap.euskadi.net/ope helbide elektronikoan kontsulta daiteke.

  5. Hizkuntzak.

    Oinarri espezifikoen arabera merezimendu gisa baloratuko diren hizkuntza-titulazioak merezimenduak aurkezteko ezarritako 10 eguneko epean adierazi beharko dira (8.5 oinarria). Epe horretan, titulazioaren edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren fotokopia soila aurkeztu beharko da. Ez da fotokopia konpultsaturik aurkeztu behar 10. oinarriko dokumentazioa aurkezteko fasera iritsi arte.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Langileen Erregistroan hizkuntza-tituluak erregistratuta dituztenek horren berri eman beharko dute merezimenduak aurkezteko epean (8.4 oinarria), baina ez dute ziurtagiririk aurkeztu beharko. Titulua erregistratuta eduki arren ez bada merezimenduak aurkezteko epearen barruan alegatzen, titulua ez da balioetsiko.

    Ez da hizkuntza-ezagupenak egiaztatzeko probarik egingo.

    Deialdi honetan kontuan hartuko diren hizkuntzen ziurtagiri eta titulu baliokideak www.ivap.euskadi.net/ope helbidean zehazten dira.

  6. Informatika.

    Informatika-ezagupenak IT Txartelaren egiaztatze-sistemaren bidez egiaztatuko dira. Euskadi Informazio Gizartean Planak onetsitako zentroetan egingo diren eta Europako Software Institutua-Tecnaliak ebaluatuko dituen probak gaindituz lortu daitezke ziurtagiriak.

    Oposizio-fasea gainditzeko betekizun gisa ezarritako informatika-ezagupenak oposizio-faseko azken ariketa egin baino lehen adierazi eta egiaztatu beharko dira.

    Deialdi espezifiko bakoitzean merezimendutzat jotako informatika-ezagupenak merezimenduak aurkezteko epean adierazi eta egiaztatu beharko dira (8.5 oinarria).

    ESIren erregistroetara sartzeko baimena:

    Nahi duenak, alegatutakoa zehatza dela egiaztatzeko jo beharreko erregistroetara jotzeko baimena eman diezaioke eskaeran Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eta, horrela, ez du ziurtagiririk aurkeztu beharko. Baimenik ematen ez dutenek, oinarri honetan ezarritako epeetan eta agirien bidez egiaztatu beharko dute ezagupen horiek badituztela.

    IT Txartelaren ziurtagiria lortzea:

    Egiaztatze-proban parte hartzeko, onetsitako zentro batean izena eman behar da. Zentroen zerrenda osoa www.it-txartela.net helbide elektronikoan ikus daiteke.

    Izen-ematea www.it-txartela.net web orrian egin daiteke.

    Informazioa eskuratzeko ere helbide elektroniko horretara jo daiteke; bestela, honela jaso daiteke informazioa:

    1. Onetsitako edozein zentrotara joanez,

    2. Telefonoz, 902 25 25 95 zenbakira deituz.

      Probak egin eta kalifikatzeko, ziurtagiria ematen duen organoak ezarritako arau orokorrei jarraituko zaie.

      1. Agiriak aurkeztea.

        Aukeratuen behin betiko zerrenda argitara eman ondoren, zerrendan azaltzen direnek jarraian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Langileen Erregistroan ageri ez diren agiriak besterik ez dira aurkeztu behar.

      1. Eskatutako agiriak.

        Deialdiak eta esleitutako lanpostuak eskatzen dituen gaitasun-baldintzak eta eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira:

        1. NANaren fotokopia konpultsatua.

        2. Administrazioak atzerritar bakoitzari jakinarazpen bat bidaliko dio norberaren egoeraren arabera zehazki zein agiri aurkeztu behar duen adierazteko.

        3. Baloratu beharreko merezimenduak eta deialdian parte hartu, oposizio-fasea gainditu eta esleitutako postua bete ahal izateko baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agirien fotokopia konpultsatuak. 9. oinarriarekin bat etorriz, oinarri espezifikoetan zehazten dira horiek guztiak.

        4. Aukeratuaren zinpeko aitorpena edo hitzematea hauxe adierazten duena: ez dagoela ezgaituta eginkizun publikoetan aritzeko; diziplina-espediente bidez administrazio publikoren baten zerbitzutik inoiz ez dela bereizia ez eta kanporatua ere izan; eta ez dagoela Administrazio publikoetan lan egiten duten langileen bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako ezgaitasun eta bateraezintasunen legezko inolako kausatan sartuta. Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak, dokumentazioa entregatzeko unean, inprimaki hori emango die hautagaiei, sinatu dezaten.

        5. Espainiako herritartasuna ez dutenek, beraien estatuko funtzio publikoan jardutea galarazten dien diziplinazko zigorrik edo zigor penalik ez dutela adierazten duen zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute.

        6. Ezinduentzat gordetako modalitatean parte hartzen dutenek, legez aintzatetsitako ezintasunaren ziurtagiria aurkeztu behar dute eta, horrez gain, ezintasuna lanpostuko zereginekin bateragarria dela egiaztatu behar dute, lanpostuko zereginak behar bezala betetzeko gai direla adierazten duen ziurtagiriaren bidez.

          Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Prebentzio Zerbitzuak ezintasuna duen hautagai bakoitzari osasun-azterketa bat egingo dio eta lanpostuaren eta urritasunaren arabera lanpostua betetzeko gai den ala ez erabakiko du. Behin betiko erabakia eman ahal izateko, lanpostua jabetzan hartu aurretik hautagaiari probaldia egiteko eskatu dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Prebentzio Zerbitzuak.

      2. Aurkeztutako agiriek bete beharreko baldintzak.

        Oinarri honetako aurreko puntuetan adierazi bezala aurkeztutako agiriek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute. Fotokopiek, baliozkoak izateko, informazio hau eman beharko dute: konpultsa egin duen organoaren izena, konpultsaren data eta konpultsaren ardura duenaren izen-abizenak.

        Interesdunei ezinezkoa bazaie aipatutako agiriak aurkeztea eta ezintasun hori behar bezala justifikatzen badute, zuzenbidearen arabera onargarria den edozein frogabide erabili ahal izango dute deialdiko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko.

      3. Agiriak aurkezteko lekua eta epea.

        Aukeratuen behin betiko zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 20 eguneko epean aurkeztu behar dira lehenago aipatutako agiriak Funtzio Publikoaren Zuzendaritzan.

      4. Agiriak ez aurkeztearen ondorioak.

        Ezinbesteko arrazoiak tartean egon gabe agiriak epe barruan aurkezpen ez dituzten aukeratuak, aurkeztutako agirietan 3. oinarriaren bidez ezarritako baldintzen bat betetzen ez dutenak edo lanpostuari dagozkion zereginak gauzatzeko behar diren gaitasun fisiko edo psikikoak ez dituztenak, ezingo dira izendatu eta baliogabetuta geratuko dira egindako jardunbide guztiak; gainera, eskabidean datu faltsuak jartzeagatik erantzukizuna eskatu ahal izango zaie.

        Horrelakoetan, epaimahaiak hurrengo hautagaiaren aldeko izendapen-proposamen osagarria egingo du, betiere hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Horretarako, aurreko paragrafoan adierazitako gertaeren eraginez hutsik geratu diren plaza beste hautagai aukeratuko du epaimahaiak.

      1. Karrerako funtzionarioak izendatzea eta lanpostuak jabetzan hartzea.

        Agiriak aurkezteko epea bukatu ondoren, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko kidegoetako eta eskaletako karrerako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duten aukeratuak. Izendapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

        Izendatutako pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko karrerako funtzionario bihurtuko dira, eta arlo honetan indarrean dauden xedapenek biltzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izango dituzte.

        Izendapen-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta agindu horretan ezarritako egunean jabetu beharko da lanpostuaz.

        Ezarritako egunean lanpostuaz jabetzen ez direnek (ezinbesteko kasuak alde batera utzita) galdu egingo dituzte deialdi honen eraginez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko karrerako funtzionario izateko lortutako eskubide guztiak. Horrelakoetan eta 2.b) oinarrian adierazitako kasuetan, epaimahaiak hurrengo hautagaiaren aldeko izendapen-proposamen osagarria egingo du, betiere hautaketa-prozesua gainditu dutenen behin betiko zerrendako puntuazio-hurrenkeraren arabera. Horretarako, hutsik geratu diren plaza beste hautagai aukeratuko du epaimahaiak.

        Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean sartu eta funtzionario bihurtzen direnei alta emango zaie Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean eta lehendik afiliatuta ez bazeuden afiliatu eta erregimen horren babespean jarriko dira, lanpostuaz jabetzen diren egunetik aurrerako ondorioekin.

        Halaber, epaiak gauzatzearen ondorioz hautaketa-prozesua bukatu ondoren karrerako beste funtzionarioren bat izendatu behar izanez gero, zegokiokeen lanpostuaren ezaugarri berdinak dituen lanpostu huts bat esleituko zaio funtzionario horri.

      2. Lan-poltsak.

        Hautaketa-prozedura bakoitza bukatutakoan, deitutako kidego eta eskaletako lan-poltsak berrantolatuko dira, langileen ordezkariekin negoziatu ondoren Funtzio Publikoko sailburuordeak ematen duen ebazpenean ezarritakoari jarraituz. Ebazpen hori eman arte, gaur egun dauden lan-poltsen hurrenkerek indarrean jarraituko dute.

Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B1 maila edo goragokoa egiaztatzeko hizkuntza-ziurtagiri eta -titulu baliodunak, oinarri hauen ondorioetarako

Ingelesa HEOko Tarteko Maila HEOko Goiko Maila HEOko Gaitasun Maila

Ingeles Filologiako Lizentziatura

Preliminary English Test (PET) First Certificate in English (FCE) Certificate in Advanced English (CAE) Certificate of Proficiency in English (CPE)

PTE General

Pearson Test Of English (LEVEL 2) PTE General

Pearson Test Of English (LEVEL 3) PTE General

Pearson Test Of English

(LEVEL 4) PTE General

Pearson Test Of English

(LEVEL 5)

Trinity College ISE 1 Trinity College ISE 2 Trinity College ISE 3 Trinity College ISE 4

BEC Business English Certificate -Cambridge (PRELIMINARY Good & Exceptional) BEC Business English Certificate -Cambridge (VANTAGE Good & Exceptional) BEC Business English Certificate -Cambridge (HIGHER Good & Exceptional)

Frantsesa HEOko Tarteko Maila HEOko Goiko Maila HEOko Gaitasun Maila

Frantses Filologiako Lizentziatura

n DELF 1er degré

n Diplôme dEtudes en Langue Française DELF B1 (CIEP) n DELF 2e degré

n Diplôme dEtudes en Langue Française DELF B2 (CIEP) n DALF

n Diplôme Approfondi de Langue Française DALF C1 (CIEP) Diplôme Approfondi de Langue Française DALF C2 (CIEP)

Certificat dEtudes de Français Pratique 2 (CEFP2) (AF) Diplôme de Langue Française (DL) (AF) n Diplôme Supérieur dEtudes Françaises Modernes (DS) (AF)

n DSLCF (Diplôme Supérieur de Langue et Culture Françaises) Diplôme de Hautes Etudes Françaises (DHEF) (AF)

Frantsesa n CFP2 (Certificat du Français Professionnel 2)

n CFS (Certificat de Français du Secrétariat)

n CFTH (Certificat de Français du Tourisme et de lHôtellerie)

n CFST (Certificat de Français Scientifique et Technique)

n DFP B1 (Diplôme de Français Professionnel B1)

n DFP Secrétariat B1

n DFP Tourisme et Hôtellerie B1

n DFP Scientifique et Technique B1 n DFA1 (Diplôme de Français des Affaires 1)

n CFJ (Certificat de Français Juridique)

n DFP Affaires B2 (Diplôme de Français Professionnel dans le Monde des Affaires B2)

n DFP Juridique B2

n DFP Médical B2

n DFP Secrétariat B2 n DFA2 (Diplôme de Français des Affaires 2)

n DFP Affaires C1 (Diplôme de Français Professionnel dans le Monde des Affaires C1) n DAFA (Diplôme Approfondi de Français des Affaires)

n DFP Affaires C2

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (14)

Arauaren historia →

Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.