Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko apirilaren 21ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena. Horren bidez garatu eta argitara eman da sektore estrategikoetako enpresei finantza-laguntza emateko berariazko programaren deialdia, 2010. urterakoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko apirilaren 21ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena. Horren bidez garatu eta argitara eman da sektore estrategikoetako enpresei finantza-laguntza emateko berariazko programaren deialdia, 2010. urterakoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 90
  • Hurrenkera-zk.: 2484
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/04/21
  • Argitaratze-data: 2010/05/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Gobernu Kontseiluaren 2010eko apirilaren 13ko Erabakiak finantzaketa eskuratzeko berariazko programa bat garatu du, duten enplegu- edo jarduera-bolumenaren ondorioz enpresa txiki eta ertainentzako, banako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren programa garatzen duen otsailaren 9ko 41/2010 Dekretuan sartu ezin diren sektore estrategikoetako enpresentzat.

Eabakian honakoak arautu dira: finantzaketa-lerroa lortzeko baldintzak, onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna eta maileguen baldintzak; arautu gabe geratu dira, aldiz, laguntzen duten finantza-erakunde eta elkarrekiko berme-baltzuekin egin beharreko tramitazio-prozedurak. Ondorio horietarako, Ekonomia eta Ogasun Sailak beharrezkoak diren lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu programari atxikita dauden elkarrekiko berme-baltzuekin eta finantza-erakundeekin.

Aipatutako akordioaren seigarren puntuan ezarritakoaren arabera, finantzaketa-lerroen lehenengo deialdia egin behar da, beharrezko arauak emanez.

Hori dela bide, akordio horretako seigarren puntuan ezarritako ahalmenaren ondorioz, honakoa

Agindu honen xedea da Gobernu Kontseiluaren 2010eko apirilaren 13ko Erabakian aurreikusitako finantzaketarako berme-lerroa deitzea. Akordio horren bidez, hain zuzen ere, sektore estrategikoetako enpresei finantza-laguntza emateko berariazko programa bat ezartzea eta abian jartzea onartu zen.

Finantza-erakunde laguntzaileek emango dituzten maileguen zenbatekoa, hasieran, 100 milioi eurokoa izango da. Hala ere, zenbateko hori handitu egin ahal izango da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren beste agindu batzuen bitartez.

  1. Bermeak eta aipatutako akordioan azaldutako finantzaketa-lerroko baliabideak eskuratu ahal izango dituzte otsailaren 9ko 41/2010 Dekretuan aurreikusitako finantzaketa-lerroa eskuratu ezin izan duten enpresek, honako betekizun hauek betetzen badituzte:

    Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta jarduera nagusia bertan garatzea.

    Mikroenpresak, enpresa txikiak edo enpresa ertainak ez izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioan (EEAO, L24, 2003ko maiatzaren 20koa) enpresa txiki eta ertainen definizioari buruz ezarritakoaren edo gomendio hori ordeztu edo aldatzeko xedapenetan adierazitakoaren arabera.

    Zuzenean edo zeharka beste enpresa baten edo elkarrekin batera beste enpresa batzuen % 25eko edo hortik gorako partaidetza ez duenean, enpresa horiek egoitza EAEn izatea eta jarduera nagusia bertan garatzea.

  2. Finantzaketa-lerro hori jarduera ekonomikoko sektore guztientzat izango da, baina ezin izango dira onuradun izan erakunde eta sozietate publikoak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta finantza-, eraikuntza- eta higiezin-, energia-, siderurgia- eta garraio-sektoreetako enpresak.

  3. Halaber, enpresa eskatzailea ezin izango da egon krisi egoeran, Europako Batzordearen 2004/C244/02 Komunikazioan ezarritakoa betez (EEAO, 2004ko urriaren 1ekoa); horrez gain, enpresak egunean izan beharko ditu foru-aldundiekiko eta gizarte-segurantzarekiko betebeharrak.

2010eko apirilaren 13ko Erabakian azaldutako bermeetan eta finantzaketa-lerroan parte hartzearen ondorioz, onuradunak enplegua mantentzeko konpromiso formala hartu beharko du. Gauzak horrela, abalatutako finantza-eragiketak indarrean egon bitartean, onuradunak ezin izango du enplegu-erregulazioko espedienterik proposatu lan-kontratuak iraungitzeko asmoz. Hala ere, lan-agintaritzaren aurrean justifikatutako arrazoirik egonez gero, onartu egin ahal izango da prozedura hori, lan-kontratuak aldi baterako eteteko. Betebehar hori bete ezean, laguntza itzultzeko espedientea hasiko da; salbuespena izango da, hala ere, onuradunak uko egiten badio eragiketari, aurretiazko amortizazioaren bidez.

  1. Finantza-egitura egokitzeko proiektuak finantzatzeko modukotzat hartuko dira enpresak aurkeztu duen finantza-egitura ez bada egokia etorkizunean moldatzeko eta, nolanahi ere, bere kapital arrunta balantzearen guztizkoaren % 10 baino gutxiagokoa bada, edo kapital arrunt horren aldaketa negatiboa izan bada azken ekitaldian.

  2. Zenbatgarriak izango dira, bermearen mailegu-eragiketen zenbatekoa kalkulatzeko, azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuak onetsi zuen Kontabilitate Plan Orokorreko balantzearen pasibo arruntaren 4 eta 5. multzoak osatzen dituzten partida hauek (merkataritza-hartzekodunak eta epe laburrerako zorrak):

    400. Hornitzaileak.

    401. Hornitzaileak, ordaintzeko merkataritza-efektuak.

    407. Hornitzaileentzako aurrerakinak.

    520. Kreditu-erakundeekiko epe laburrerako zorrak.

    521. Epe laburrerako zorrak.

    524. Epe laburrerako finantza-errentamenduengatiko hartzekodunak.

    525. Epe laburrean ordaindu beharreko efektuak.

    527. Kreditu-erakundeekiko zorren epe laburrerako interesak.

    528. Zorren epe laburrerako interesak.

    Merkataritza-efektuen, kreditu-kontuen eta merkataritza-hartzekodunen deskontu-eragiketetan, eskabidea egin aurreko 12 hilabeteetako batez besteko saldoa zenbatuko da. Kreditu-erakundeekiko zorretan, eskabidearen hurrengo bi urte naturalen amortizaziorako zenbatekoen batura zenbatuko da.

  3. Kapital arruntaren finantzaketa-beharrak aztertu ondoren, elkarrekiko berme-baltzuak, agindu honetako 10. puntuan ezarritako prozedurari jarraituz, bermearen mailegurako finantza-eragiketaren zenbatekoa eta epea zehaztuko ditu.

  1. Programa honetan ezarritakoaren arabera formalizatuko diren mailegu-eragiketa guztiek elkarrekiko berme-baltzuren batek abalatuta egon beharko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta eragiketan parte hartuko duten elkarrekiko berme-baltzuek hitzarmena sinatuko dute eta, horren bitartez, kontraberme-sistema emango zaie baltzu horiek abalatutako finantza-eragiketei.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakundeek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte, programa honi lotutako mailegu-eragiketak formalizatzeko prozedura arautzearren.

  1. Elkarrekiko berme-baltzuek emandako finantza-abalek onuradunen diruzko arriskuak bermatuko dituzte, zuzenean edo zeharka, finantza-erakunde laguntzaileen aurrean, aurreko 4. artikuluaren arabera zirkulatzailea finantzatzeko mailegu-eragiketetatik eratorri badira.

  2. Honakoak izango dira abalen kostua eta baldintzak:

    Azterketa-komisioa: Maileguaren zenbateko nagusiaren % 0,15, behin bakarrik, abala eskatzean.

    Abal-komisioa: % 0,5, urtero.

    Aurretiaz aplikatuko da, urtarrilaren 1ean, abalatutako maileguaren urteko batez besteko saldoa oinarri hartuta. Formalizatu den urtean eta behin betiko iraungiko den urtean, urtea amaitu arte edo iraungi arte benetan igaro den egun kopuruaren araberako proportzioan aplikatuko da, batez besteko saldoaren arabera.

    Ez da bestelako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.

Honako hauek izango dira maileguen ezaugarriak:

  1. Eragiketa bakoitzeko gutxieneko zenbatekoa 600.000 eurokoa izango da.

  2. Onuradun bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 1.500.000 eurokoa izango da. Elkartea osatzen duten enpresen kasuan, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan definitutakoaren arabera, elkarte horretako enpresa guztientzako gehieneko zenbatekoa ezin izango da 4.500.000 euro baino gehiagokoa izan.

    Zenbateko horren barruan egongo dira, horrelakorik egotekotan, elkarte bateko kide diren enpresa txiki eta ertainei emandako maileguak, Enpresa txiki eta ertainentzako, banako enpresaburuentzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren programa garatzen duen otsailaren 9ko 41/2010 Dekretuaren babesean zein Enpresa txiki eta ertainen finantza-laguntza emateko programa garatu duen abenduaren 30eko 230/2008 Dekretuaren babesean emandakoak.

    Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2009ko martxoaren 3ko Aginduak onetsitako programa baliokideari heldu zioten enpresek eskuratutako finantzaketak artikulu honetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa murriztuko du, programa honen babespean berriro finantzaketa emateko ondoreetarako.

  3. Mailegu-eragiketen epea hiru urtekoa izango da, eta urte bateko gabealdia ezarri ahal izango da, amortizaziorako. Hiru hilean behin egingo da interesen eta amortizazio-kuoten likidazioa, amaitutako epeetan.

  4. Aplikatu beharreko interes-tasa euribor gehi % 1,50eko tartea izango da, hiru hilean behin berrikusteko. Ondorio horietarako, euribor gisa ulertu behar da, Reuter-en Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori hiru hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko azken astegunean kalkulatzen da, hala badagokio. Ez da biribiltzerik onartuko.

  5. Ez da bestelako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.

  6. Onuradunak emandako maileguaren zenbateko osoa izango du erabilgarri. Finantza-erakundeak ezin izango ditu saldoak atxiki edo pignoratu, ezta emandako maileguaren edo kredituaren onuradunak eskura dezakeen zenbatekoa murrizteko antzeko figurarik aplikatu ere.

  7. Mailegu-hartzaileak aurretiaz ezeztatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.

  8. Finantzaketa-programa honetan laguntzen duten finantza-erakundeek, «KOI-2010 lerroetarako finantzaketa-baldintza orokorren kontratu markoa» eta «KOI-2010eko likidezia finantzaketa-lerroaren baldintza berezien kontratua» sinatu badituzte Kreditu Ofizialeko Institutuarekin, «Finantzaketa % 100 KOIrena - Arriskua % 100 kreditu-erakundeena» azpilerroaren arabera jasotako finantzaketa aplikatu ahal izango diote programa honi.

    Horrelakoetan, «Finantzaketa % 100 KOIrena - Arriskua % 100 kreditu-erakundeena» azpilerroaren babesean formalizatuko diren maileguen finantza-baldintzak bertan xedatutakoaren araberakoak izango dira. Hala eta guztiz ere, maileguek nahitaez bete beharko dituzte honako bi inguruabar hauek:

    Epea 3 urtekoa izango da, urte bateko gabealdiarekin.

    Maileguen interes-tasa KOIren lagapen-tasa finkoa izango da, «Finantzaketa % 100 KOIrena - Arriskua % 100 kreditu-erakundeena» azpilerroan definitutakoaren arabera, gehi % 0,90eko diferentziala gehienez.

    Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaile batek abalatuko ditu maileguak, eta eskatzaileek agindu honetako gainerako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.

  9. Elkarrekiko berme-baltzuek egokitzat jotzen dituzten bermeak errealak edo bestelakoak eskatu ahal izango dituzte maileguak itzuliko direla bermatzeko.

  10. Elkarrekiko berme-baltzuek eragiketak baimendu eta gehienez hiru hilabeteko epean formalizatu ez badira, indarrik gabe geratuko dira, eta finantzaketa-programa honetatik kanpo geratuko dira.

  1. Eskatzaileek honako agiri hauek bete beharko dituzte:

    1. Eskabidea, II. eranskineko F1 formularioan jasotako ereduaren arabera.

    2. Eskatzailearen ordezkari izateko ahalordearen fotokopia.

    3. Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla eta enplegua mantentzeko konpromiso formala hartu dela dioen aitorpen arduratsua (II. eranskineko F2 formularioa). Alderdiok ikuskaritza-bisitan egiaztatu ahal izango dira eta honako hauek dira, hain zuzen ere:

      Eskabidearen egunean plantilan zegoen langile kopurua, aurkeztu den azken TC1aren arabera.

      Fakturazio-zifra, eskabidea egin aurreko ekitaldiaren abenduaren 31n.

      Urteko balantze orokorraren zifra, eskabidea egin aurreko ekitaldiaren abenduaren 31n.

    1. Foru-aldundiekiko zerga-betebeharrak egunean dituela dioen ziurtagiria.

    2. Foru Aldundiaren ziurtagiria, enpresak alta emanda duen jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafea azaltzen duena.

    3. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela dioen ziurtagiria.

    4. Azken ekitaldietako urteko kontuak.

    5. Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen deskribapen-memoria. Enpresak egin behar du (II. eranskineko F3 formularioa).

  2. Eskatzaileak gorago aipatutako aitorpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zigor-araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa eta bai penala.

  3. Edonola ere, Ekonomia eta Ogasun Sailak eta elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileek, aurkeztutako eskabidea ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko beharrezko informazio osagarria eskatu ahal izango diote enpresa eskatzaileari.

1. I. eranskinean zerrendatutako elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileen bulegoetan aurkeztu beharko dituzten enpresek eskabideak eta aurreko artikuluan aipatutako gainerako agiri guztiak.

  1. Eskabidearen eredua eta formularioak agindu honetako I. eranskinean zehaztu diren sukurtsaletan eskuratu ahal izango dira, edo bestela Interneteko www.euskadi.net helbidean.

  2. Finantza-laguntzaren programa eskuratzeko eskabideei erantzungo zaie, hain zuzen ere, agindu honen 1. artikuluan aipatutako mailegu eta kredituen zenbatekoa agortu arte, edo artikulu horretan aurreikusitako eran egin beharreko gehikuntza egin ondoren sortutako zenbatekoa agortu arte. Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileetan sartu diren ordenaren arabera sartuko dira eskabideak programan. Behin maileguak agortuz gero, horren berri emango da Ogasun eta Finantzetako sailburuordearen ebazpenaren bidez (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da).

  1. Programan laguntzaile diren elkarrekiko berme-baltzuen ardura izango da aurkeztu diren eskabideak aztertu eta ebaluatzea, abala eman aurretik.

  2. Eskabidea ez badago behar bezala beteta edo 8. artikuluan zerrendatutako agiri guztiak ez badira aurkeztu, elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak agindu deia egingo dio enpresa interesdunari, huts hori zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan 10 eguneko epean; era berean, agindutakoa bete ezean eskaera bertan behera utzi duela ondorioztatuko dela ohartaraziko zaio.

  3. Elkarrekiko berme-baltzuak autonomia izango du jaso dituen abal-eskabideak onartu edo ukatzeko, bai eta kontraberme erreal edo pertsonalak eskatzeko ere; horretarako, egokitzat hartzen dituen azterketa- eta erabaki-irizpideak aplikatuko ditu.

  4. Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak, eskabidea aztertu ostean, «abala baimentzeko agiria» emango du, hala badagokio, eta F4 formularioan azaldutako informazioa zehaztuko da bertan.

  5. Elkarrekiko berme-baltzuak aldi berean emango die «abala baimentzeko agiriaren» berri onuradunari, finantza-erakunde laguntzaileari eta Ekonomia eta Ogasun Sailari.

  6. Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaileak formalizatutako zein ukatutako abal-eragiketak jakinaraziko dizkio Ekonomia eta Ogasun Sailari, horretarako egin den lankidetza-hitzarmenean ezarritako aldizkakotasun, betekizun eta ereduei jarraituz.

Elkarrekiko berme-baltzuak kreditu-eragiketarako «abala baimentzeko agiria» onetsi eta bidezko finantza-erakundeari bidali ostean, enpresek lankidetza-hitzarmena sinatu duen finantza-erakunderen batekin formalizatuko dute eragiketa hori.

  1. Eragiketek Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 Erregelamendua (CE) bete beharko dute, hau da, minimis laguntzei buruzko itunaren 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzko erregelamendua.

    Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein herri-administrazio, sail, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntzak metatuta ez bada eskuratzen kategorien araberako salbuespenen erregelamenduan edo Europako Batzordeak hartutako erabakiren batean inguruabar zehatzetarako ezarritako zenbatekoa baino gehiago.

  2. Arau honen bitartez onuradun izango diren pertsona edo erakundeek uneoro jakinarazi beharko diote Ekonomia eta Ogasun Sailari beste diru-laguntza edo laguntzaren bat jaso duten helburu bererako; halaber, zerga-ekitaldi horretan zein aurreko bi ekitaldietatik aurrera jaso dituzten minimis laguntzak ere jakinarazi beharko dizkiote.

Finantza-laguntza emateko programa honen enpresa onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Ekonomia eta Ogasun Sailaren bitartez egingo dituen egiaztapen-, ikerketa- eta ikuskapen-jardueren pean ipini beharko dira. Jarduera horien ondorioz egiaztatuko balitz enpresa onuradunen batek baldintzaren bat bete ez duela, bidezko elkarrekiko berme-baltzuari eta finantza-erakundeari jakinaraziko zaie inguruabar hori, emandako finantzaketa ezezta dezaten. Hori dela eta, enpresa onuradunak uko egin beharko dio eragiketari, aurretiaz amortizatuz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak hartutako birfinkatzeko betebeharren ondorioz Administrazioak ordainetan hartu behar baditu egindako ordainketak, enpresa onuradun bati egozteko moduko ez-betetzeen ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak zehaztuko du, bidezko prozedura bideratu eta enpresa onuradunari entzun ondoren, enpresa horren zorraren zenbatekoa eta hori ordaintzeko modu eta epea.

Programaren Segimendu eta Ebaluazio Batzordea eratuko da. Ekonomia eta Ogasun Saileko ordezkariak eta elkarrekiko berme-baltzu eta finantza-erakunde laguntzaileetako ordezkariak izango dira bertako kideak, eta programaren aplikazio eta bilakaera aztertuko du.

Finantzen Euskal Institutuak erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izango du, edo subrogatu egin ahal izango da programa honetan zein bertatik eratorriko diren agindu eta lankidetza-hitzarmenetan Ekonomia eta Ogasun Sailari esleitutako eskubide, betebehar eta zereginetan.

Deialdia egiteko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 21a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Elkargi, EBB (www.elkargi.es)

Egoitza nagusia:

Mikeletegi pasealekua 50

20009 Donostia-San Sebastián

Telefonoa: 943 30 90 60

Helbide elektronikoa: elkargi@elkargi.es

Arabako Eskualde Zuzendaritza:

Posta 24, 1.a

01001 Vitoria-Gasteiz

Telefonoa: 945 23 12 12

Helbide elektronikoa: earaba@elkargi.es

Bizkaiko Lurralde Zuzendaritza:

Plaza Biribila 4, 2.a

48001 Bilbao

Telefonoa: 94 423 82 28

Helbide elektronikoa: ebizkaia@elkargi.es

Durangoko bulegoa:

Landako etorbidea 4, Elkartegia, 102

48200 Durango

Telefonoa: 94 621 57 63

Helbide elektronikoa: edurango@elkargi.es

Gipuzkoako Eskualde Zuzendaritza:

Mikeletegi pasealekua 50

20009 Donostia-San Sebastián

Telefonoa: 943 30 91 77

Helbide elektronikoa: egipuzko@elkargi.es

Bergarako bulegoa:

Ibergarai kalea 30, behea

20570 Bergara

Telefonoa: 943 77 70 74

Helbide elektronikoa: ebergara@elkargi.es

Oinarri, Sociedad de Garantía para la Economía Social, EBB (www.oinarri.es)

Egoitza nagusia:

  1. 3 eraikina, 2. solairua, Arabako Teknologi Parkea

    Miñao. 01510 Vitoria-Gasteiz

    Telefonoa: 945 29 82 80

    Helbide elektronikoa: sgr@oinarri.es

    Bizkaiko ordezkaritza:

    Navarra eraikina, Nafarroa kalea 6, 3. dep. 6

    48001 Bilbao

    Telefonoa: 944 24 87 08

    Helbide elektronikoa: bizkaia@oinarri.es

    Gipuzkoako ordezkaritza:

    Idiaquez kalea 13, 1.a, 6. bulegoa

    20004 Donostia-San Sebastián

    Telefonoa: 943 44 06 66

    Helbide elektronikoa: gipuzkoa@oinarri.es