Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko apirilaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Haur-Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako erregistroetan inskribatutako ikastetxe eta haur-eskoletan eskolatzeko diru-laguntzen esleipena arautzen eta deialdia egiten duena, hiru urtetik beherako haurrei zuzendua eta 2009-2010 ikasturte akademikoari begira. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko apirilaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Haur-Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako erregistroetan inskribatutako ikastetxe eta haur-eskoletan eskolatzeko diru-laguntzen esleipena arautzen eta deialdia egiten duena, hiru urtetik beherako haurrei zuzendua eta 2009-2010 ikasturte akademikoari begira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 87
  • Hurrenkera-zk.: 2420
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/04/27
  • Argitaratze-data: 2010/05/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa

Testu legala

Haurrek bizitzako lehenengo urteetan jasotzen duten hezkuntza alderdi erabakigarria da, gero, pertsona gisa izango duten garapen osorako. Lehen-lehenik, familiari dagokio hezteko erantzukizuna, sozializatzeko eragile nagusia den aldetik; hain zuzen ere, familiaren eraginaren bitartez, haurren nortasuna egituratuko duten oinarrizko balioak sendotzen dira bertan, gaitasun intelektualak eta afektiboak garatzen, eta helduen kultura transmititzen. Hezkuntza eskubidea bermatzen duten Botere Publikoei hezkuntzaren eginkizun honetan familiekin lanean aritzea dagokie, eta modu horretan, bere garapenerako neurri egokienak sustatzea.

Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko 2001eko uztailean aurkeztutako Erakundeen arteko Planaren helburu nagusia «ekonomiaren eta gizarte eta lanaren inguruko oztopoak kentzea, modu askean erabakita, familiek nahi dituzten seme-alabak izan ditzaten» zen. Plan honen helburuetako bat familia eta lana bateratzea lortzea da eta familientzat hainbat laguntza-neurri jasotzen ditu. Horien artean, hiru urtetik beherako haurren hezkuntza-arretari zuzendutakoak daude, familiaren egoera zehatzaren ondorioz dauden beharrak kontuan hartuta eta familiei lan eta familia aukerak bateratzea ahalbidetzen dizkieten ordutegi malguak erraztuz.

Eusko Legebiltzarrak, bere aldetik, 0 eta 3 urteko zikloaren ezarpenari buruzko ez-legezko proposamena onetsi zuen 2002ko otsailaren 8an. Proposamen hartan, 0-3 zikloak lehentasunez hezitzailea eta bateratzailea izan behar zuela adierazten zen, LOGSEan eta Euskal Eskola Publikoaren Legean adierazitako baldintzetan. Halaber, Haur-Hezkuntzako lehen zikloaz arduratzea eskatzen zitzaion Eusko Jaurlaritzari. Horren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila izango litzateke hezkuntza-eskaintza planifikatu, koordinatu eta etorkizunean kudeatzeko arduraduna, ziklo honetan inplikatutako beste Sail edo Instituzioekin batera behin-behinean lan eginez.

Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak barne hartu zuen 0 eta 6 urte bitarteko haur-hezkuntza, araubide orokorreko irakaskuntzen barruko etapa gisa, eta haren izaera hezitzailea ezarri zuen.

Bestalde, hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren atariko tituluan irakaskuntzen egitura zehazten da, haur-hezkuntza etapa bakar gisa berreskuratuz. Haur-hezkuntzak etapa bakarra osatzen du eta bi ziklotan banatuta dago. Bi zikloek hezkuntza-asmoari erantzuten diote (ez du nahitaez eskola-asmoa izan behar) eta asmo horri jarraiki, ikastetxeek berariazko proposamen pedagogiko bat eskaini behar dute lehen ziklotik.

Hezkuntza eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoak 14. artikuluan ezartzen du ikastetxe guztiek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituztela irakaskuntzak berme kalitatearekin emateko.

Seme-alabak dituzten familiei laguntzeko Erakundeen arteko Plan horretan jasotako aurreikuspenak betez eta Legebiltzarraren eskaerei erantzunez, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuak hiru urtetik beherako haurren hezkuntza-arreta eta -laguntzari dagokionez Euskal Autonomia Erkidegoan garapenerako bideak ezarri zituen. Horren arabera, zero urtetik hiru urtera arteko zikloaren helburuak zehazten dira eta zerbitzuaren kalitatearen baldintzak, titulartasunak eta ikastetxeen araubidea eta baimentze-prozesua arautzen eta antolatzen dira, haurrei bideratutako hezkuntza-arretaren eta familientzako laguntzaren kalitatea bermatu dadin.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan 0 eta 3 urte bitarteko haurrei hezkuntza eta arreta eskaintzen dieten eskolek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak ezartzeko xedez argitaratu zen azaroaren 16ko 215/2004 Dekretua.

Jarduketa hauen guztien ondorioz, gaur egun ikastetxeen hezkuntza-eskaintza zabala dugu eta ikastetxe horiek beharrezko baimena dute haur horien hezkuntza-arretaren eta eskaini beharreko kalitatezko baldintzen berme gisa.

Laguntza deialdi honen bidez, familiek nahi izanez gero haur-hezkuntzara sarbidea izan dezaten laguntzea da asmoa, ahal den neurrian zerbitzuaren kostua haur-eskoletara sartzeko oztopo bilakatzea saihestuz, bereziki errenta baxuenak dituzten familien kasuan.

Programa hau kudeatzearen ondorioz eskuratutako esperientziak arautzeko orduan hainbat aldaketa gehitzera gomendatzen gaitu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan jasotako diru-laguntzen arloko indarreko legeria eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 2/2009 Legea kontuan hartuz,

  1. Deialdi hau finantzatzeko 3.900.000 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezarri den aurrekontu-sailaren kontura.

  2. Beharrezkoa izanez gero, kopuru horiek handitu daitezke, baina beti laguntzak emateko ebazpenaren aurretik. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko beste programak gauzatzetik agortu gabeko aurrekontu erabilgarriak hartuko dira kontuan. Egoera horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da.

Lehenengoa. Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, interesatuek horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 27a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Hiru urtetik beherako ikasleak, 2009-2010 ikasturte akademikoan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ikastetxeen erregistroan inskribatuta dauden lehen zikloko haur-hezkuntzan, ikastetxeetan eta haur-eskoletan eskolatu daitezen diru-laguntzen deialdia egitea.

  1. Kuota: haur-hezkuntzako lehen zikloko 0 eta 1 urte bitarteko geletako ikasleek ikastetxeari edo haur-eskolari ordaindu beharreko kopurua murriztera bideratutakoa.

    Laguntza hau ez da ikasleak 2009-2010 ikasturtean barrena ikastetxeari edo haur-eskolari ordaindu beharreko gehienezko kuota baino handiagoa izango.

    Osagai honen gehienezko kopurua hileko 90 euro izango da.

  2. Jangela: kontzeptu honen truke Haur-hezkuntzako lehen zikloko 2 urteko gelako haurrek ordaindu beharreko gastua murriztera bideratutakoa.

    Laguntza hau ez da ikasleak 2009-2010 ikasturtean barrena ikastetxeari edo haur-eskolari ordaindu beharreko gehienezko kuota baino handiagoa izango.

    Ikasturte bakoitzeko ordaindu beharreko gehienezko kuota 640,8 euro izango da. Osagai hau kalkulatzeko, jantokira 178 eskola-egun joan behar da, baina egun gutxiagotan joanez gero, jantokira joan den egun-kopuruaren araberakoa izango da osagaia.

  3. Ikasketak: haur-hezkuntzako lehen zikloko 2 urteko gelako haurrak eskolatzean sortzen diren gastuak ordaintzera bideratutakoa.

    Ikasturte bakoitzeko ordaindu beharreko gehienezko kuota 200 euro izango da.

  1. Agindu honen 1. artikuluak aipatzen dituen ikastetxeetan eskolatuak egotea.

  2. Laguntza eskatzen dutenek honako betebeharrak izango dituzte:

    1. Laguntza eskuratu den helbururako baliatzea.

    2. Ikastetxean edo haur-eskolan egotea ikasturtea amaitu arte. Ikaslea aipatu data arte ikastetxean edo haur-eskolan egongo ez balitz, laguntza erabilitako zerbitzuen arabera murriztuko da.

    3. Laguntza esleitzeko eta laguntza horretaz baliatzeko ezarrita zeuden baldintzak eta eskakizunak betetzen direla egiaztatzea.

    4. Laguntza ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa jardueretara makurtzea, eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.

    5. Beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako laguntzak edo diru-laguntzak emanez gero, horren berri ematea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzari.

Honako hau da laguntza hau eskuratzeko gainditu behar ez den familiaren urteko errenta-muga:

Eurotan

Kide konputagarri 1 duten familiak 8.143

2 dituzten familiak 13.350

3 17.567

4 20.201

5 23.232

6 26.717

7 30.724

8 35.333

9 40.632

10 46.728

  1. Familiaren errenta kalkulatzeko, honako hauek dira familiaren kide konputagarriak: aita, ama, edo adin txikikoa zaindu eta babesten duen tutorea edo pertsona, eskatzailea, 2008. urtean etxean bizi izan diren 26 urtetik beherako seme-alabak edo urte horretatik gorakoak, baldin eta gorputzeko, adimeneko edo zentzumenetako urritasunen bat badute; baita etxe berean bizi diren gurasoen aurretikoak ere, bertan bizi direla udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatuz gero.

    Kide konputagarritzat joko dira, halaber, hogeita sei urtetik beherako pertsonak harrera-familiak legez hartu baditu edo familiaren kontura bizi badira, bertan bizi direla behar bezala egiaztatzen bada.

  2. Gurasoak dibortziatuta edo bananduta badaude, eskatzailearekin bizi ez dena ez da kide konputagarritzat joko, familiaren diru-sarreretan horren ekonomia-laguntza sartu arren. Eskatzailearekin bizi ez diren anai-arrebak ere ez dira konputagarritzat joko.

    Beste ezkontza bat tarteko edo izatezko bikote moduan familiaren etxebizitzan bizi den pertsona kide konputagarritzat joko da; beraz, horren errenta eta ondarea ere konputatuko dira.

  1. Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta garbia zehazteko, honako hau egin behar da:

    2008. urteko zerga-oinarri orokorra eta aurrezpenaren zerga-oinarria batuko dira, ondare-irabazi eta -galeren 2008. urtearen aurreko saldo negatiboak eta kapital higigarriaren errendimenduen 2008. urteko saldo negatiboa kanpoan utzita.

    Emaitza horri kuota likidoa kenduko zaio.

    PFEZen pean ez dauden diru-sarrerak edo PFEZtik salbuetsita daudenak gehitu egingo zaizkio aurreko formularekin ateratako emaitzari.

  2. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egiteko betebeharrik ez duten kide konputagarrien errenta zehazteko, ondorengo kalkulua egin beharko da:

    Edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari dagokionez konputagarri den etekina barne, ohiko etxebizitza ez diren hiri-ondasunen kasuan, 2008ko ekitaldian aplikagarri den zerga-araudiari jarraiki.

    Zenbateko horri konturako atxikipenen zenbatekoa kenduko zaio, baita zerga-oinarri orokorra kalkulatzeko aplikatzen diren gastu kengarri guztiak eta hobariak ere.

  3. Estimazio objektiboaren edo zuzeneko estimazioaren zerga-erregimenari atxikitako enpresa- eta lanbide-jardueren kasuan, errentagarritasun errealeko irizpideak aplikatuz egingo da etekinen estimazioa. Halaber, aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.

  4. Herri Administrazioek ikasketarako emandako beken eta laguntzen zenbatekoak dira diru-sarreratzat joko ez diren diru-sarrera bakarrak.

  5. Harrera-familietan dauden ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, foru aldunditik jasotzen dituen laguntzak. Kasu horietan harrerari buruzko foru agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.

Laguntzaren ondorioetarako familiaren errenta aurreko artikuluan finkatutakoaren arabera zehaztu ondoren, kontzeptu hauen zenbatekoak kendu ahal izango dira hortik:

  1. Familiaren irabazi garbiaren % 20, kasu hauetan:

    Eskatzailea gurasobakarreko familia-unitate bateko kide denean, baldin eta diru-iturri bakarra besteren konturako lana, pentsioa edo ordaintzen diren elikagaiak bada.

    Eskatzailea umezurtza denean eta diru-iturri bakarra umezurtz-pentsioa bada edo beste familia-unitate baten menpe badago.

  2. Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50. Familiaren eusle nagusiaren eta bere ezkontidearen diru-sarrerak ez dira horretan sartzen.

  3. 500 euro familia-egoitzan bizi den anai-arreba bakoitzarengatik, eskatzailea barne dela, kategoria orokorreko familia ugariak direnean; kopuru hori 765 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan.

    1.811 euro legez onartutako % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasunen bat duen familiako kide bakoitzarengatik, eskatzailea barne. Kentzekoa 2.881 eurokoa izango da minusbaliotasuna % 65ekoa edo goragokoa denean. Ikasleak berak % 33 eta % 65 arteko minusbaliotasuna badu eta mugikortasun mugatuko gabezia-egoeran badago, edo % 65eko edo goragoko minusbaliotasuna badu, kentzekoa 4.000 eurokoa izango da.

    1.176 euro unibertsitate-mailako ikasketak egiten ari den seme-alaba bakoitzeko, baldin eta familiaren etxetik kanpo bizi bada.

Familia-errenta gorabehera, ikasteko eskatutako laguntza ukatu egingo da familiako kide konputagarri guztien ondare-adierazleen balioak muga hauetarikoren bat gainditzen badu:

  1. Hiri-finkak.

    1. Familiako kide konputagarrien hiri-finken katastro-balioen batuketa 42.500 eurokoa izango da, gehienez.

    2. Konputu hori egiterakoan ez da kontuan hartuko familiaren ohiko etxebizitza den hiri-finkaren katastro-balioa.

    3. Katastro-balioak berraztertu edo aldatu dituzten Arabako eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, higiezinen katastro-balioaren % 60 eta % 30, hurrenez hurren, konputatuko da kalkulu hori egiteko, Gasteizkoan eta Donostiakoan salbu. Bertan, katastro-balioen % 25 aplikatuko da konputuan.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoan ez dauden hiri-finketarako, Hezkuntza eta Lanbide Heziketarako Estatu Idazkaritzaren ebazpenak ezarritakoaren arabera jokatuko da. Ebazpen horren bidez, izaera orokorreko ikasketetarako eta mugikortasunerako bekak eta laguntzen deialdiak egiten dira, ikasketa derrigorrezkoen ondokoak eta unibertsitateaz kanpoko goi-mailakoak ikasten dituzten ikasleentzat.

  2. Landa-finkak.

    Familia-unitatearen kide konputagarriak direnen landa-ondasunen katastro-balioen batuketa, gehienez, 13.000 eurokoa izango da familiako kide konputagarri bakoitzeko.

  3. Balore higigarriak.

    Eskatutako laguntza ukatu egingo da, aurrezkien zerga-oinarria edo higigarrien kapitalaren etekin garbia gehi familia-unitateari dagozkion ondareen irabazi eta galera garbien arteko aldearen batuketa 1.958 euro baino handiagoa denean. Hortik kanpo geratzen dira ohiko etxebizitza erosi edo konpontzeko jasotzen diren diru-laguntzak.

  4. Ondasun-elementuak pilatzea.

    Familia-unitateko kide konputagarriek aurreko idatz-zatietan deskribatutako ondasun-elementu bat baino gehiago dutenean, ondasun-elementu bakoitzaren balioaren ehunekoa dagokion mailaren arabera kalkulatuko da. Ehunekoen batuketak ehun gainditzen duenean ukatu egingo da eskatutako laguntza.

  5. Merkataritza, industria edo lanbide jarduerak.

    Familiako kide konputagarriren bat jarduera ekonomikoren bateko titularra bada eta 2008an 169.470 euro baino gehiagoko fakturazio-bolumena izan badu, ukatu egingo da eskatutako laguntza. Halaber, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera eskatutako laguntza ukatu egingo da enpresa txiki eta ertainen kasuan, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.

  6. Familiaren eusle nagusi ez diren familiako kide konputagarriei dagozkien ondare-elementuak.

    Familiaren eusle nagusi ez diren familiako kide konputagarriei dagozkien ondare-elementuen balioaren % 50eko murrizketa aplikatuko da.

  1. Eskatutako beka edo laguntza emateko behar diren datu ekonomikoak honela lortuko dira: eskatzailearen bitartez, berak emandako dokumentazioaren bitartez, edo foru aldundien bitartez.

  2. Kasu zehatz bakoitzaren inguruan egon daitezkeen gorabehera guztiak aztertu ondoren, gerta liteke laguntza jasotzeko bete behar diren eskakizunak faltsutu egin direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu egin direla ikustea. Horrelakorik gertatuz gero, eskatutako laguntza ukatu egingo da, laguntza emateko ebazpena aldatuko da edo dirua itzularaziko da.

  3. Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako laguntza ukatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza, abeltzaintza, industria edo merkataritza ustiapenak, kapital mugigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.

  4. Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga-mota erabili ahalko du eta, bereziki, Foru Aldundietako Ogasun Sailetan eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioan dauden datuak. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak laguntzei dagokienez beharrezko diren egiaztapenak egiteko, aipatutako erakundeetan dauden familia-unitateko kide konputagarri guztien datuak erabili ahal izango ditu.

  5. Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen diren agiriak aurkeztu beharko ditu, eta laguntza ukatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.

  6. Ikasleak laguntza halako ikasketak burutzeko eskatuz gero eta ikasketa horiek utziz gero, eskatutako laguntzak ukatu egingo zaizkio, edo laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da edo dirua, guztia edo zati bat, itzularazi egingo zaio.

  7. Laguntza ukatu daiteke, baldin eta kontraesanik badago diru-sarreren, adierazitako ondarearen eta 2008. urtean egindako gastuen artean.

  8. Hezkuntzako lurralde ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko. Halaber, enpresa, lanbide edo arte mailako jardunetan aritzen direnei indarrean dauden legeen arabera beren jardunen benetako errendimendua agertzen duen ustiaketaren diru-sarrera eta gastuen kontu bat aurkeztea eskatu ahal izango zaie.

    Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.

  1. Eskaerak Agindu honen eranskinak jasotzen duen inprimaki ofizialaren bidez beteko dira, eta ondorengo helbideko eredua inprimatuz eskura daiteke: www.hezkuntza.ej-gv.euskadi.net.

  2. Eskabide-eredua eskatzailearen aita, ama, edo eskatzailea zaindu eta babesteaz arduratzen den tutorea edo pertsonak sinatuta aurkeztuz gero, horrek esan nahi du sinadura horrekin erantzukizun solidariopean aitortzen dutela hau:

    1. Laguntza-eskaera xede duen deialdi horren oinarriak onartzen dituztela.

    2. Eskabidean sartutako datu guztiak egiazkoak direla.

    3. Hezkuntza-administrazioei baimena ematen dietela, zerga-administrazioen bitartez datu guztiak lortzeko familia-errenta edo -ondarea zehazteko, beka edo laguntzaren ondorioetarako.

    4. Jakitun daudela aitortutako inguruabarren zehaztugabetasunak beka edo laguntza ukatzea edo itzuli behar izatea ekarriko duela.

    5. Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutik beste beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako lurralde ordezkaritzako beka atalari jakinarazi beharko diola.

  3. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapidean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak zuzendaritza horretan erabili ahal izango dira. Horretarako, Donostia kaleko 1. zenbakira (01010, Vitoria-Gasteiz) jo beharko da.

    Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen dute fitxategian jasotako datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazio batzuei emateko, deialdiaren xedearekin bat datozen helburuetarako. Era berean, Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzari aurkeztutako agiriak beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu ditzan baimena ematen diote.

Eskabideak, behar bezala beteta, ikasleak ikasketak egiten ari diren ikastetxean aurkeztu beharko dira, maiatzaren 31 baino lehen. Halaber, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako prozeduren bitartez ere bidal daitezke (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea).

Halaber, eskabideak 2010eko ekainaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuan, helbide hauetan: Gasteizko Ramiro de Maeztu kaleko 10. zenbakian; Bilboko Kale Nagusiko 85. zenbakian eta Donostiako Andia kaleko 13. zenbakian.

  1. Eskabide-inprimaki ofiziala aurkeztu beharko dute eta inprimakiarekin batera, 2008ko agiriren bat edo batzuk aurkeztu beharko dituzte, beharrezkoa denean:

    1. Familia-unitateko kide konputagarri guztien NAN agiriaren fotokopia bana. Europar Batasuneko herritarren kasuan, egoitza-txartelaren fotokopia eta atzerritarren kasuan, egoitza-baimenaren fotokopia.

    2. Hiri- eta Landa-ondasun Higiezinen gaineko Zergaren ordainagirien fotokopia.

    3. Familia eta ekonomia independentziaren egiaztagiriak.

    4. Harrerari buruzko Foru Agindua eta dagokion Aldundiak erabakitako harrera-baldintzen fotokopia.

    5. Eskabide-orri ofizialeko diru-sarrerei buruzko datuak eskatzen dituen paragrafoa bete beharko dute eskatzaileek, baldin eta 2008. urtean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenik egin beharrik izan ez bazuten edo aitorpen horretan familiaren diru-sarrera guztiak jasotzen ez badira. Paragrafo horren arabera, familiak 2008. urtean barrena eskuratutako diru-sarrera ekonomikoak aurkeztu beharko dira, diru-sarrera horiek egiaztatzen dituzten agiriak erantsiz.

    6. Deialdi honen 14. artikuluan jasotzen diren familia-errentako kenketak egiaztatzeko dokumentazioa.

  2. Errentaren Aitorpena ikasleak ikasten duen erkidego edo lurralde historikoa ez den beste batean aurkeztu duten familiek, ondorengo agiriak aurkeztu beharko dituzte:

    1. 2008ko ekitaldiko Errentaren Aitorpenaren fotokopia guztiak, familia-buruarena eta, behar izanez gero, Zerga horrekiko Aitorpena egin beharra duten gainerako kide konputagarriena. Langile autonomoak izanez gero, jardueraren etekinak kalkulatzeko deklarazio-orri bat ere aurkeztu beharko da.

    2. Familia-unitateko kide guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak: diru-sarrera salbuetsiak, zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balore higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak

    3. Ondasun higiezinen zergaren ordainagirien fotokopiak.

    4. Profesional eta enpresariek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.

    5. Deialdi honen 14. artikuluan jasotzen diren familia-errentako kenketak egiaztatzeko dokumentazioa.

    1. Familia eta ekonomia independentziaren ziurtagiriak.

  3. Zinpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, diru-laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen duen legezko kausaren batean ez daudela egiaztatzeko.

  1. Zuzendariak edo berak eskuordetutako pertsonak arduratuko dira izendatzen zaizkien ekintzak hertsiki betetzeaz. Horrez gain, honako egiteko hauek ere beteko dituzte:

    1. Informazioari buruzko materiala eta ikasketetarako laguntzei buruzko jarraibideak jasotzea.

    2. Informazio hori zabaltzea, laguntza eskuratzeko jarraitu beharreko prozeduraren inguruko informazioa emanez.

    3. Prozesuaren jarraipena egitea, eskatzaileei behar beste informazio emanez.

  2. Zuzendariak edo berak eskuordetutako pertsonak egiaztatuko dute matrikulazio-datuei, kopuruaren aurreikuspenari eta ordaindu beharreko kuoten zenbatekoari, eta jangelara agertutako egunei buruz eskaera-inprimakian eskatzen diren datuak egiazkoak direla.

  3. Eskabideetan edo haiei erantsitako agirietan egon daitezkeen hutsuneen izapideak egin eta horiek konpondu ondoren, ikastetxeek kudeatutako eskabideak bikoiztuta eta alfabetikoki ordenatuta aurkeztu beharko dituzte ikastetxeek, 2010eko ekainaren 10a baino lehen Zuzenean Zerbitzuan: Gasteizko Ramiro de Maeztu kaleko 10. zenbakian, Bilboko Kale Nagusiko 85. zenbakian eta Donostiako Andia kaleko 13. zenbakian.

  4. Ikastetxeek kudeatzen ez dituzten eskabideak ekainaren 10era arte aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuan: Gasteizko Ramiro de Maeztu kaleko 10. zenbakian, Bilboko Kale Nagusiko 85. zenbakian eta Donostiako Andia kaleko 13. zenbakian, eta erregistroetan, posta-bulegoetan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatzen dituen beste edozein bulegotan ere.

  1. Eskatzaileak familiaren ekonomia-egoera 2008tik 2009ra nabarmen aldatu dela argudiatzen duenean, kasu horiek aztertu egingo dira. Familiaren ekonomia-egoera berria kontuan hartzeko, ezinbestekoa izango da egoera sorrarazi duten gertakariak eta horien nondik norakoak adieraztea eta agiri bidez egiaztatzea.

  2. Bide beretik, beka ematerakoan edo ukatzerakoan, familiaren ondarea osatzen duten ondasunen izaera aztertuko da, bai eta familiaren errenta osatzen duten diru-sarrerena ere, batez ere kaleratzeengatiko kalte-ordainen edo familiaren ekonomia-egoeran kalte larriak eragiten dituzten bestelako gorabeheren kasuan.

  3. Familiaren euslea hiltzen bada, edo ezinbestean erretiratzen bada, edota ikaslearen familiaren egoera ekonomikoa oso kalteturik gertatzen bada betiere justifikatutako arrazoiren bat dela eta, aintzat hartu ahal izango dira bai inguruabar horiek baita familiaren ekonomian duten eragina ere, sortutako egoera berria kontuan hartuta.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako dauden diru-atalen arabera emango ditu diru-laguntzak. Aurrekontuan jasotako zenbatekoa nahikoa ez bada, lehentasuna izango dute eskabide guztien artean per capita errenta baxuena duten familiek.

Halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Foru Aldundietako Ogasun Sailen laguntza bideratuko du helburu hauek lortzeko:

  1. Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak neurtu ahal izateko.

  2. Kasu jakin batzuetan egiaztatze eta kontrol lanetarako laguntza teknikoa jasotzea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Foru Aldundietako Ogasun Sailetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.

Deialdiaren ebazpena abian den bitartean sor daitezkeen gorabeherak aztertzeko, lurraldeko batzordeak sortuko dira. Batzorde horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen zuzendariak sortuko ditu.

  1. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzek laguntzak emateko proposamenak bidaliko dizkiote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzari, horien laburpen ekonomikoarekin batera.

  2. Jasotako datuak ikusi ondoren, Administrazio eta Dirubideen zuzendariak laguntzak emateko proposamena ebatziko du, eta ikasle bakoitzaren datuak, laguntza-motak eta laguntza horien zenbatekoak eurotan eta ebazpenaren aurka jar daitezkeen helegiteak zehaztuko ditu.

  3. Aurrekontuak eskabide guztiei osoki erantzuteko nahikoak ez badira, 15. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

  4. Administrazio eta Dirubideen zuzendariak eskatuta, familiei bidaliko zaizkien jakinarazpenak prestatuko dira. Lurralde Ordezkaritzak familia eskatzaile bakoitzari ebazpenaren berri emango dio, aldekoa izan edo ez izan, eta ezezkoa izanez gero, ukatzea justifikatzen duten arrazoiak adierazi beharko dira.

  5. Halaber, Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzak lurralde bakoitzean laguntza esleitu zaien eskatzaileen zerrenda argitaratuko du bakoitzari dagokion Lurralde Ordezkaritzan, kontzeptuak eta dagozkien kopuruak zehaztuz.

  6. Administrazio eta Dirubideen zuzendariaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hilabeteko epean, zerrendak argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita. Ildo horretatik, interesa duten familiei egoki deritzoten alegazioak aipatu epean aurkezteko baliabide egokiak emango zaizkie, alegazio horiek ahalik eta azkarren ebatzi daitezen.

  7. Laguntzen ebazpena eta jakinarazpena sei hilabeteko epean gauzatuko da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori bukatuta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazi ez bada, interesatuek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan.

  8. Gorako errekurtsoaren ebazpenaren aurka eta herri administrazioaren araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 118. artikuluan aurreikusitako kasuetan, berrikusteko errekurtso berezia jarri ahal izango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen aurrean.

  1. Emandako beka horien ordainketa aldez aurretik eta osorik egingo da, hilabeteko epean, Administrazio eta Dirubideen zuzendariak ebazpena ematen duen egunetik kontatzen hasita.

  2. Eskatzaileak eskabidean jarri duen kontuan sartuko da laguntzaren zenbatekoa. Ez dira hala ordainduko, ordea, kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen laguntza eta Haurreskolak Partzuergoko ikasleei dagokien laguntza. Kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxeen kasuan, jangelarako laguntza ikastetxearen kontuan sartuko da eta Haurreskolak Partzuergoko ikasleei dagokiena, berriz, Partzuergo horren kontuan.

  3. Helegiteei aurkeztutako alegazioen ondorioz emandako laguntzen zenbatekoa gorantz aldatu beharko balitz, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aurkeztutako helegitea osorik edo zati batean onesten duen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.

  1. Ikasketa-laguntzen esleipenak baliogabetu daitezke, eta hala dagokionean, ordaindutakoaren zenbateko osoa edo zati bat itzuli egin beharko da, baldin eta datuak ezkutatu badira, datu okerrak eman badira edo beste pertsona fisiko zein juridiko baten antzeko laguntzak jaso badira eta laguntza horiek agindu honetakoekin bateraezinak badira.

  2. Zenbatekoaren helburua hasieran eskatutakoaren bestelakoa bada, hala badagokio, laguntza horiek baliogabetu eta itzularazi egingo dira. Hain zuzen ere, indarrean dagoen araudiari jarraitu gabe eman badira edo Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51. artikuluak jasotzen duen beste edozein ez-betetze gertatu dela egiaztatzen bada.

  3. Administrazio eta Dirubideen zuzendariak ezingo du baliogabetze eta itzultzearen inguruko ebazpenik eman aldez aurretik espedientean interesa duen pertsonari arreta eskaini eta entzun gabe, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 84. artikuluan xedatutakoaren arabera. Itzulera-prozeduraren hasiera eta itzulera horren oinarri diren arrazoiak 15 eguneko epean jakinaraziko dira, dagozkion alegazioak aurkeztu ahal izateko. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren bizkar ematen diren berme eta itzulketen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko Bigarren Tituluak xedatutakoari jarraituz.

  4. Kontuan hartuta ikasketa-laguntzak lortzeko familiaren ekonomia-egoera funtsezko baldintza dela, baldin eta espedientea bideratzearen ondorioz jasotako diru-zenbatekoak eta legezko interesak itzultzeko betebeharra sortzen bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoaren arabera, onuradunaren legezko ordezkariak dirua itzultzeko betebehar solidarioa izango du administrazioaren aurrean, legean ezarritako salbuespenak salbuespen.

  5. Ematen den ebazpenak informazio zehatza izango du ikasleak familiak dirua itzultzeko betebeharra bete dezan, bai eskudiruz, bai txekez edo Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, bi hilabeteko epea emango zaio, laguntzak emateko ebazpena aldatu dela edo dirua itzuli behar duela jakinarazten zaion egunetik aurrera.

  6. Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen familiaren ahalmen ekonomikoaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak horrela eskatuz gero, eta betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.

  7. Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.

  8. Ikasketa-laguntzak emateko ebazpena baliogabetzeko edo dirua itzularazteko erabakien berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.

  1. Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez eta aldez aurretik kontuan hartu gabe, laguntza ematearen aldeko erabakia aldatu ahal izango da, betiere deialdi honek ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira.

  2. Administrazio eta Dirubideen zuzendariak erabakitako aldaketaren ondorioz kopuruak itzultzeari ekin behar bazaio, aurreko artikuluan jasotzen den prozedura kontuan hartu beharko da.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak datuak benetakoak direla egiaztatzeko edo egiaztarazteko egin beharreko egintzak burutu eta agindu honen eranskinean araututakoa betearazi beharko du.

Deialdi honetan araututako ikasketa-laguntzak bateragarriak izango dira helburu berarekin beste erakunde publiko edo pribatuetatik jaso daitezkeenekin, betiere horien guztien batuketak laguntza honen xede den gastuaren % 100 gainditzen ez duen bitartean. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik