- AGINDUA, 2010eko maiatzaren 6koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Loiola Berrikuntza Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko maiatzaren 6koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Loiola Berrikuntza Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 200
- Hurrenkera-zk.: 4762
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/05/06
- Argitaratze-data: 2010/10/18
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Azkoitiko (Gipuzkoa) «Loiola Berrikuntza Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.
«Loiola Berrikuntza Fundazioa» eratu dute honako merkataritza-sozietate hauek: «Iraurgi Lantzen SA», «Urola Erdiko Industrialdea SA», «Biele SA», «Antzibar SA» «Corrugados Azpeitia SL», «Grupo Glual SL», «Sarralle Servicios Generales SL», «Ibarmia Gestinver SA», «Juaristits Comercial SL» eta «Sammic SL»k; horretarako, eratze-eskritura publikoa eman zuten 2009ko abenduaren 30ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko kide Iñigo Escales Ainzua Segurako notarioaren aurrean (618 protokolo-zk.); Azkoitiko notariotzaren ordez jardun du notario horrek, hura hutsik baitago.
2010eko urtarrilaren 13an sartu zen eskritura hori Justizia eta Herri Administrazio Sailean.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea bildu zen, fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko. Batzorde horrek fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen 2010eko martxoaren 17an.
«Loiola Berrikuntza Fundazioa» delakoaren helburua estatutuen 3. artikuluan dago jasota:
Loiola Berrikuntza Fundazioak, bertan parte hartu nahi duten enpresa eta erakundeen bidez, interes orokorreko helburutzat dauka Urola Erdia eskualdearen garapen ekonomiko eta sozialari aktiboki laguntzea; horretarako, berrikuntza teknologikoa eta eraldatze ekonomiko eta soziala sustatuko ditu, hain zuzen ere, eskualde horretako sare sozial eta ekonomikoaren lehiakortasuna eta iraunkortasuna indartzeko eta, gizartean, berrikuntza teknologikoaren kultura sustatzeko, betiere, Urola Erdiko biztanleek ongizate-maila hobea izan dezaten.
Fundazioaren sortzaileek Urola Erdia eskualdearen etorkizunaren alde hartu duten konpromisoa Loiola Berrikuntza Fundazioan gauzatu dute; izan ere, bertan erabakitasunez sustatzen dituzte jakintza, berrikuntza, giza kapitalaren balorizazioa eta gizartearen parte hartze aktiboa, betiere, iraunkortasun sozial eta ekonomikoaren oinarri gisa.
Helburu horiek betetzeko, bestelako ekimenak bultzatzea alde batera utzi gabe, eta indarreko legediarekin bat etorriz, honako jarduera hauek egingo ditu Fundazioak:
Inbertsioak sustatzea, enpresa eta langileentzako esparru erakargarri bat sortzeko, betiere, eragile publiko eta pribatuekin elkarlanean.
Urola Erdia eskualdearen jarrera estrategikoa, berrikuntza teknologikoa eta egitura ekonomikoaren dibertsifikazio eta modernizazioa bultzatzea.
Jakintzako sektore intentsibo berrietan, enpresa-proiektuei eta -jarduerei laguntza eta bultzada ematea, betiere, unibertsitate, zentro teknologiko eta enpresekin batera.
Enpresen eta berrikuntza-eragileen arteko elkarlana sustatzea eta bitartekari-lana egitea, hain zuzen, eskualdean berrikuntzari zabalkundea emateko, teknologia transferitzeko eta berrikuntzako politikak ezartzeko.
Teknologia berritzeko eta garatzeko proiektu eta ekimenak erakarri, bultzatu eta laguntzea, lehiakortasuna hobetzeko estrategia gisa.
Giza kapitala garatu eta lanbide heziketa indartzea, eragile sozioekonomikoekin batera.
Hezkuntzaren eta berrikuntzaren garapenari bultzada ematea, hain zuzen, jakintzari balio erantsia emateko.
Eskualdeko giza kapitala eta gaitasuna erakarri eta enpresetara biltzea.
Liburuak eta argitalpenak editatzea, biltzarrak eta ekitaldiak antolatzea, bekak, laguntzak eta sariketak sustatzea, eta, oro har, fundazioaren helburuak lortzeko gobernu-organoek agintzen dituzten jarduera guztiak egitea.
Fundazioaren helbidea, fundazioaren estatutuetako 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hau da: Insausti Jauregia, Julio Urkixo 25, 20720 Azkoitia (Gipuzkoa).
Hasierako dotazioa berrogeita hamalau mila (54.000) eurokoa da, eta kopuru hori ordaindu dela jasota geratu da erregistro-inskripzioaren espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c) artikuluak.
Ondare-zuzkidura egokitzat eta askitzat jotzen da fundazioaren helburuak lortzeko, Fundazioei buruzko abenduaren 26ko 50/2002 Legearen 12.1 artikuluaren arabera. Azken xedapenetatik lehenengoari jarraituz aplikatuko da artikulu hori.
Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetako 13. eta 19. artikuluetan ezartzen den moduan.
Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, eta estatutuetako 12. artikuluaren arabera, hauek izango dira:
Kargua Iraupena
Lehendakaria Iraurgi Lantzen SA, Julián Eizmendi Zinkunegi jaunak ordezkaturik Mugagabea
Lehendakariordea Urola Erdiko Industrialdea SA, Asier Aranbarri Urzelai jaunak ordezkaturik Mugagabea
Idazkaria Sammic SL, Jon Markina Iriarte jaunak ordezkaturik Mugagabea
Bokala Biele SA, Domingo Andonegui Martinez jaunak ordezkaturik Mugagabea
Bokala Antzibar SA, Santiago Lazcano Uranga jaunak ordezkaturik Mugagabea
Bokala Corrugados Azpeitia SL, Pello Aguirre Eizmendi jaunak ordezkaturik Mugagabea
Bokala Grupo Glual SL, Ignacio Guibert Espel jaunak ordezkaturik Mugagabea
Bokala Sarralle Servicios Generales SL, Elias González Gil jaunak ordezkaturik Mugagabea
Bokala Ibarmia Gestinver SL, Koldo Arandia Otegi jaunak ordezkaturik Mugagabea
Bokala Juaristi Tsco SL, Javier Ariznabarreta Churruca jaunak ordezkaturik Mugagabea
Bokala Iosu Bastida Uzin jauna, Iraurgi Lantzen SAk izendatuta Mugagabea
Bokala Jesús Maria Agirre Eizmendi jauna, Iraurgi Lantzen SAk izendatuta Mugagabea
Bokala Javier Blázquez Sastre jauna, Urola Erdiko Industrialdea SAk izendatuta Mugagabea
Guztiek onartu dituzte dagozkien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Lehenengoa. Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Halaxe agintzen da: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 40. artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3. artikuluan; eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuko 4. artikuluan.
Bigarrena. Legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete egin dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako eskakizunak.
Arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerako arauak ikusi dira.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
Lehenengoa. Gaur, F-263 zenbakiaz, Azkoitiko (Gipuzkoa) «Loiola Berrikuntza Fundazioa» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, bai eta patronatuko hasierako osaera ere. Patronatuko kideak seigarren aurrekarian aipatzen dira, eta guztiek modu adieraziz onartu dituzte beren karguak.
Bigarrena. Fundazio hori, bere helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan inskribatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 6a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.


