Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko ekainaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, baimendutako prezioak eta jakinarazitako prezioak berrikusteko prozedurari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko ekainaren 15ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, baimendutako prezioak eta jakinarazitako prezioak berrikusteko prozedurari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 128
  • Hurrenkera-zk.: 3284
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/06/15
  • Argitaratze-data: 2010/07/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duen otsailaren 2ko 35/2009 Dekretuak, bere lehenengo azken xedapenean, baimena ematen dio prezio-politikaren arloan eskumena duen sailari dekretu hori garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Horren haritik, beharrezkotzat jotzen da baimendutako prezioak eta jakinarazitako prezioak berrikusteari buruzko espedienteek bete beharreko prozeduraren arauak ezartzea, espedienteok berdin izapidetu ahal izateko eta herritarrek jakin dezaten administrazioaren esku-hartze honen mende dauden zerbitzuen prezioak nola aldatu diren.

Ondorioz, honako hau

Agindu honen xedea honako prezioak berrikusteko espedienteek bete beharreko prozedura arautzea da: Euskadiko Prezioen Batzordea arautzen duen otsailaren 2ko 35/2009 Dekretuaren I. eta II. eranskinetan aipatzen diren baimendutako prezioak eta jakinarazitako prezioak.

1. ATALA

HERRIAK UREZ HORNITZEKO ZERBITZUA

  1. Herriak urez hornitzeko zerbitzuaren tarifak berrikusteko espedienteen izapidetzea, erakunde kudeatzaile edo emakidadunak dagokion udalean eskabidea aurkeztuta hasiko da, betiere tokiko erakundeek kudeatzen ez badute zerbitzu hori.

    Eskabidearekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

    1. Emandako zerbitzuaren deskripzioa, izena eta merkataritza-marka azalduta, halakorik balego.

    2. Kostu-egitura, bere osagaiak xehatuta.

    3. Indarrean dauden tarifak eta eskatzen direnak.

    4. Zerbitzuaren kostuen osagaiak igo izana egiaztatzea.

    5. Tarifak berrikustearen aldeko txostena, dagokion konfederazio hidrografikoak egindakoa.

  2. Udalak eskabidea jasota, jendaurrean jarriko da ikusgai 30 egunez.

  3. Aurreko idatz-zatian aipatutako epea agortuta, udalak ebatzi beharko du gehienez 15 egun naturaleko epean.

    Epe barruan ebatzi ezean, tarifak berrikusteko eskabidea onetsitzat hartuko da.

  4. Udalak tarifa berriak onetsita, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzara, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzara, igorriko da espedientea, administrazio prozeduraren arautegiak ezarritako edozein bide erabiliz.

  5. Epe barruan ebatzi ezean, erakunde eskatzaileek igorriko dute euren eskabidearen kopia Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzara, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzara.

    2. ATALA

    HIRI BARRUKO AUTO-TAXI ETA AUTO-TURISMOKO ZERBITZUA

  1. Hiri barruko auto-taxi eta auto-turismoko zerbitzuaren tarifak berrikusteko espedienteen izapidetzea sektoreko elkarteek dagokion udalean eskabidea aurkeztuta hasiko da.

    Eskabidearekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

    1. Indarrean dauden tarifen zerrenda, zein egunetan onetsi ziren azalduta, baita eskatzen diren tarifen zerrenda ere.

    2. Tarifa berriak egokiak direla egiaztatzeko txostena; bertan zerbitzua ustiatzearen kostu eta sarreren egiturari buruzko txosten ekonomikoa sartuko da, horien kontzeptuak eta diru-kopuruak xehatuta, baita horiek izan dituzten aldaketak, edo ustez izango dituztenak ere.

  2. Udalak egoki deritzen argibideak edo agiri osagarriak eska ditzake, espedientearen instrukzioa egitearren.

  3. Udalak ebatzi beharko du gehienez hamabost egun balioduneko epean, eskabidea jaso denetik, edo hori osatutzat jotzen denetik, zenbatzen hasita.

    Epe barruan ebatzi eman ezean, tarifak berrikusteko eskabidea onetsitzat hartuko da.

  4. Udalak tarifa berriak onartuta, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzara, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzara, igorriko da espedientea, administrazio prozeduraren arautegiak ezarritako edozein bide erabiliz.

  5. Epe barruan ebatzi ezean, elkarte eskatzaileek igorriko dute euren eskabidearen kopia Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzara, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzara.

    3. ATALA

    HIRI BARRUKO BIDAIARIEN GARRAIO PUBLIKO KOLEKTIBOKO ZERBITZUA

  1. Hiri barruko bidaiarien garraio publiko kolektiboko zerbitzuaren tarifak berrikusteko espedienteen izapidetzea zerbitzua ematen duten erakundeek dagokion udalean eskabidea aurkeztuta hasiko da.

    Eskabidearekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

    1. Indarrean dauden tarifen zerrenda, zein egunetan onetsi ziren azalduta, baita eskatzen diren tarifen zerrenda ere.

    2. Tarifa berriak egokiak direla egiaztatzeko txostena; zerbitzua ustiatzearen kostuei eta sarrerei buruzko txosten ekonomikoa, gai hauek bereziki azalduta:

      Zerbitzuaren deskripzioa: autobus-lineen kopurua; horien ibilbidea, nondik norakoa; linea bakoitzari atxikitako ibilgailuen kopurua, horien antzinatasuna eta sailkapena (autobusak edo mikrobusak).

      Garraiatutako bidaiari-kopurua, lineaz linea xehatuta.

      Saldutako txartelen kopurua, lineako, mota guztiak xehatuta.

      Azken ekonomia-ekitaldiko balantzea eta ustiaketa-kontua.

      Enpresaren kostu-egituran sartzen diren kontzeptuak eta zenbatekoak, baita horiek izan dituzten, edo ustez izango dituzten, aldaketak ere, aldaketak azaltzeko txostena erantsita.

      Jasotako diru-laguntzak, halakorik balego, eta zein kontzeptutan oinarrituta eman diren.

  2. Udalak egoki deritzen argibideak edo agiri osagarriak eska ditzake, espedientearen instrukzioa egin eta ebaztearren.

  3. Udalak ebatzi beharko du gehienez hamabost egun balioduneko epean, eskabidea jaso denetik, edo hori osatutzat jotzen denetik, zenbatzen hasita.

    Epe barruan ebatzi eman ezean, tarifak berrikusteko eskabidea onetsitzat hartuko da.

  4. Udalak tarifa berriak onartuta, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzara, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzara, igorriko da espedientea, administrazio prozeduraren arautegiak ezarritako edozein bide erabiliz.

  5. Epe barruan ebatzi ezean, erakunde eskatzaileek igorri ahal izango dute euren eskabidearen kopia Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzara, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzara.

    4. ATALA

    AUTONOMIA ERKIDEGO BARRUKO TRENBIDE-ZERBITZUA

  1. Autonomia Erkidego barruko trenbide-zerbitzuaren tarifak berrikusteko espedienteen izapidetzea zerbitzua ematen duten erakundeek Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzan, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzan, eskabidea aurkeztuta hasiko da.

    Agindu honen ondorioetarako, ibilbidea Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean zehar oso-osorik egin eta sostengu eta gida den gurpilbide tinkotik joaten diren ibilgailuak, bideak eta ibilgailuek ustiaketa-unitate bakarra osatuta, hartuko dira Autonomia Erkidego barruko trenbidetzat.

  2. Eskabidearekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

    1. indarrean dauden tarifen zerrenda, zein egunetan onetsi ziren azalduta, baita eskatzen diren tarifen zerrenda ere.

    2. tarifa berriak egokiak direla egiaztatzeko txostena; bertan zerbitzua ustiatzearen kostu eta sarreren egiturari buruzko txosten ekonomikoa jasoko da, gai hauek bereziki azalduta:

      Zerbitzuaren deskripzioa: linea-kopurua, horien ibilbidea eta nondik norakoa.

      Garraiatutako bidaiari-kopurua, lineaz linea xehatuta.

      Saldutako txartelen kopurua, lineako, mota guztiak xehatuta.

      Azken ekonomia-ekitaldiko balantzea eta ustiaketa-kontua.

      Enpresaren kostu-egituran sartzen diren kontzeptuak eta zenbatekoak, baita horiek izan dituzten, edo ustez izango dituzten, aldaketak ere, aldaketak azaltzeko txostena erantsita.

      Jasotako diru-laguntzak, halakorik balego, eta zein kontzeptutan oinarrituta eman diren.

      5. ATALA

  1. Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzak, aurkeztutako dokumentazioaren aurretiko azterketa egingo du; akatsak antzemanez gero, horiek zuzentzeko eskatuko du, gehienez hamar eguneKo epean, jakinarazten direnetik aurrera zenbatzen hasita.

    Halaber, egoki deritzen argibideak edo agiri osagarriak eska ditzake, aurkeztutako eskabideari zuzen ebaztearren.

  2. Aipatutako zuzendaritzak txosten arrazoitua idatziko du eta Euskadiko Prezioen Batzordeari helaraziko dio.

  1. Euskadiko Prezioen Batzordeak egoki deritzen argibideak edo agiri osagarriak eska ditzake, aurkeztutako eskabideari zuzen ebaztearren.

    Halaber, egoki deritzen sail eta erakundeei bidali ahal izango die aurkeztutako espedientea, horri buruzko txostena egin dezaten, espedienteak hartzen dituen gaien arabera.

  2. Euskadiko Prezioen Batzordeak hiru hilabeteko epean hartu beharko du erabakia, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzan, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzan, espedientea sartu zen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

    Epe barruan erabakirik hartu ezean, tarifak onartutzat hartuko dira.

  3. Txosten edo ebazpenerako funtsezkoak diren dokumentuen falta nabaritzen denean, aurreko idatz-zatian ezarritako epea eten egingo da. Udalari edo tarifak berrikusteko eskatu duen emakidadunari huts horren berri eman zaionetik etengo da epe hori, eta hutsa zuzendu arte iraungo du.

  4. Euskadiko Prezioen Batzordeak onetsi edo gaitzetsi ahal izango du eskatutako tarifen berrikuspena, baita eskatutakoa baino igoera txikiagoa onetsi ere.

    Euskadiko Prezioen Batzordeak onetsitako tarifen zenbatekoak ez dira inola ere izango eskatutakoa edo dagokion udalak onartutakoa baino handiagoak.

  1. Baimendutako prezioak berrikusteko Euskadiko Prezioen Batzordearen erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, nahiz eta udalari eta, hala izanez gero, emakidadunari zuzenean jakinarazi.

  2. Nolanahi ere, tarifak ez dira indarrean sartuko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu aurretik.

  1. Tarifen indarraldia, gutxienez, urtebetekoa izango da.

  2. Hala ere, espedientean egiaztatutako gorabehera bereziak sortzen badira, Euskadiko Prezioen Batzordeak indarraldi txikiagoko tarifak baimendu ahal izango ditu.

  3. Halaber, baimendutako tarifak indarrean dauden bitartean ohiz kanpoko gorabeherak sortzen badira, eta horien eraginez tarifak ezegoki bihurtu, Euskadiko Prezioen Batzordeak berrikusi ahal izango ditu, ofizioz edo alderdi interesdunak eskatuta, nahiz eta 1. idatz-zatian ezartzen den epea agortu ez.

  1. Kliniken, erietxeen eta ospitaleen tarifak berrikusteko espedienteen izapidetzea Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzan, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzan, jakinarazpena aurkeztuta hasiko da; tarifa berria indarrean jarri nahi den eguna baino, gutxienez, hilabete lehenago aurkeztu beharko da jakinarazpen hori.

    Jakinarazpenarekin batera, ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

    1. Indarrean dauden prezioen zerrenda, indarrean zein egunetan sartu ziren azalduta, baita jakinarazitako prezio berriak ere, igoeraren ehunekoa adierazita.

    2. Zerbitzua ustiatzearen sarrera eta gastuen egiturari buruzko txosten ekonomikoa.

  2. Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzak, egoki deritzen argibideak edo agiri osagarriak eska ditzake, aurkeztutako jakinarazpena zeharo ulertzearren.

  3. Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak, edo prezio-politikaren eskumena duen zuzendaritzak, espedientea helaraziko dio Euskadiko Prezioen Batzordeari; beronek egoki deritzen agiri osagarriak eska ditzake.

  4. Jakinarazitako prezioak ezin izango dira aplikatu hogeita hamar egun natural igaro arte jakinarazpena aurkeztu zenetik, edo jakinarazpena osatu zenetik, aurreko idatz-zatietan azaldutako kasuetan.

  5. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, Euskadiko Prezioen Batzordeak beste hilabetez eten ahal izango du prezioak indarrean sartzea, gaiaren garrantziak edo zailtasunak hori eskatzen duenean. Bigarren epe hori agortuta, prezioak berehala aplikatuko dira. Nolanahi ere, etenaldia interesdunari jakinarazi beharko zaio, hilabeteko epean bere jakinarazpena aurkeztu zenetik.

  6. Oro har, prezioen jakinarazpenak urteroko azken hiruhilekoan aurkeztuko dira, eta hurrengo urte naturalean aplikatzeko prezioak hartuko dituzte euren baitan.

  7. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, jakinarazitako prezioak indarrean dauden bitartean ohiz kanpoko gorabeherak sortzen badira Euskadiko Prezioen Batzordearen aburuz, eta horien eraginez prezioak ezegoki bihurtu, gorabehera berrietara egoki ahalko dira, betiere beste jakinarazpen bat aurkezten bada.

Indarrik gabe geratuko da maila bereko edo apalagoko edozein arau, agindu honetan xedatutakoaren aurkakoa bada, eta bereziki honakoak:

  1. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, hiri eremuan egindako Auto-Taxi eta Auto-Turismo Zerbitzuen tarifak berraztertzeko espedienteek bete behar dituzten arauak ezartzen duena.

  2. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, Taldekako eta Hiritikako Bidari-Garraio Kolektiboen tarifen berraztertze-espedienteak haiei atxiki behar zaizkieneko arauak ezarriz.

  3. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, Autonomia Elkartearen eremu-barruko burdinbideetako tarifen berraztertze-espedienteak haiei atxiki behar zaizkieneko arauak ezarriz.

  4. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, edateko uraren horniketa-tarifak berraztertze-espedienteak haiei atxiki behar zaizkieneko arauak ezarriz.

  5. Industria eta Merkataritza Sailaren 1988ko irailaren 21eko Agindua, Klinika, Sanategi eta Ospitaletako prezioen berri emateari buruzko espedienteak haiei atxiki behar zaizkieneko arauak ezarriz.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 15a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.