- AGINDUA, 2010eko ekainaren 24koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista eta Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren estatutuak onartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko ekainaren 24koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista eta Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren estatutuak onartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 11
- Hurrenkera-zk.: 218
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/06/24
- Argitaratze-data: 2011/01/18
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
- Azpigaia: Instituzional; Ekonomia
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.
Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako dagokion sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.
Artikulu horietan aurreikusitakoa betetzeko, Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak eta Osasun eta Kontsumo Sailak den lanbidea izanik, eskumena baitu derrigorrezkoak diren txostenak egin dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau
Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren estatutuak onartzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren estatutuak agindu honen eranskinean argitaratzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezela agintzea, erregistroa formalki osatzen den unean.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 24a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO DIETISTA-NUTRIZIONISTEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK.
Estatutu hauen helburua da dietista-nutrizionisten tituludun lanbidea EAEn gauzatzen dena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala antolatzea, betiere, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean (aurrerantzean 18/1997 Legea) eta aplikagarria den ordenamendu juridikoan ezarritakoaren arabera.
Estatutuok izango dira «Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren estatutuak, eta 18/1977 Legean aurreikusitako izaera eta gainerako ezaugarriak izango dituzte.
Estatutu hauetan xedatutakoak lanbidearen eta elkargoaren alorrei bakarrik eragiten die, zeinahi direlarik ere lanbideko jardueraren oinarri den harreman juridikoari dagozkion eskubide eta betebeharrak.
Estatutu hauen ondorioetarako, dietista-nutrizionistatzat joko da, bakar-bakarrik, jarraian adierazten diren tituluetako baten jabe dena, betiere, indarrean dagoen araudiak hala ezarritakoan, 20. artikuluan lanbidean jarduteko aurreikusitako betekizuna elkargokide izatearena betetzen badu.
Tituluak:
«Giza Nutrizio eta Dietetikako Diplomaduna» titulazio ofiziala, martxoaren 20ko 433/1998 Errege Dekretuaren araberakoa (1998-04-15eko BOE). Dekretu horren bidez ezarri zen, hain zuzen ere, Giza Nutrizio eta Dietetikako diplomaduna izeneko unibertsitate-titulu ofiziala, baita titulu hori eskuratzeko ikasketa-planen arau nagusiak ere.
Giza Nutrizio eta Dietetikako gradua, martxoaren 18ko CIN/730/2009 Aginduaren araberakoa.
Gorago aipatutako unibertsitateko titulazio ofizialaren baliokidea izatea, zehazki, eskumendun agintaritzak aitortua edo homologatua.
Unibertsitateko dietista-nutrizionistaren figura osasunaren alorreko langile gisa sortzen lagundu duten profesionalen lana aitortu asmoz: Diététique Superieure de lUniversité de Nancy unibertsitateko diplomadun-titulua izatea (1998. urtera arte matrikulatutakoak, urte hori barne). Izan ere, titulazio hori, egiturari, edukiari eta gaitasunei dagokienez, Giza Nutrizio eta Dietetikako diplomadun tituluaren antzekoa da.
Osasun-arloko lanbideak antolatzen dituen azaroaren 21eko 44/2003 Legeak honela definitzen ditu dietista-nutrizionistak 7.2.g) artikuluan: «Giza Nutrizio eta Dietetikako unibertsitate-diplomadunen jarduerak pertsonaren edo taldeen elikadurara bideratuko dira, behar fisiologikoetara eta, behar izanez gero, behar patologikoetara egokituko dira, betiere, prebentzio eta osasun publikoko printzipioei jarraiki».
Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala (aurrerantzean Elkargoa) dietista-nutrizionisten EAEko berariazko lanbide-elkargoa da. Zuzenbide publikoko korporazioaren adierazpide juridikoa hartzen du, legeak babestutakoa, agintaritza publiko eskumendunak estatukoak edo autonomikoak aitortutakoa, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak betetzeko gaitasun erabatekoa duena.
Elkargoaren izen ofiziala «Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas del País Vasco / Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala» izango da, ondorio guztietarako. EAEko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren izen laburtua CODINE/EDINEO da.
Euskara eta gaztelania dira Elkargoko hizkuntza ofizialak. Berdintasunean, bi hizkuntzen erabilera normalizatzeko behar diren neurriak hartuko ditu Gobernu Batzordeak.
Irudi korporatiboa: bi galburu eta olibondoaren adar bat oliba batekin, zirkulu hori baten gainean. Alde banatan, ondoko testua: «Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas del País Vasco / Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala». Barne-jakinarazpenetarako, elkargokideei egin behar zaizkienetarako, eta dietista-nutrizionisten beste elkargo eta/edo elkarte batzuekiko harremanetarako, irudi hori erabili ahal izango da, ondoan CODINE/EDINEO siglak dituela.
Elkargoaren lurralde-eremua gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoak duena da.
Estatutu hauetan jasotako lanbide-jarduna izango da lurralde-eremu horretan burututakoa.
Elkargoaren funtsezko helburuak dira lanbide-elkargoentzat eta dietista-nutrizionisten elkargoentzat modu orokorrean ezarritakoak. Beraz, honako hauek dira Elkargoaren helburu nagusiak EAEko eremuan eta aplikagarriak diren arauetan ezarritako eran: dietista-nutrizionistaren lanbide-jarduna antolatzea, lanbidea esklusiboki ordezkatzea eta elkargokideen lanbide-interesen alde egitea. Elkargoaren eskumenak izango dira modu orokorrean lanbide-elkargoei (18/1977 Legeko 24. eta 25. artikuluetan aditzera emandako eginkizunak, batik bat) eta dietista-nutrizionisten elkargoei esleitutakoak, baita proiektatutako araudian Elkargo honi berariaz eslei dakizkiokeenak ere.
Bere lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa denez, Elkargoaren helburu ere badira, 18/1997 Legeko 41.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, lanbideen kontseilu autonomikoentzat oro har eta dietista-nutrizionisten kontseilu autonomikoentzat ezarritakoak. Elkargoak, hortaz, bere gain hartuko ditu: batetik, kontseilu autonomiko profesionalei oro har emandako eskumenak (18/1997 Legeko 42. eta 43. artikuluetan aditzera emandakoak, batik bat), eta, bestetik, dietista-nutrizionisten kontseilu autonomikoei esleitzen zaizkienak.
Elkargoak Bilbon izango du egoitza: Novia Salcedo kalea 9, 24. departamendua.
Elkargoaren organo eta zerbitzu orokorrak, Elkargoaren lurralde-eremu osorako direnak, elkargoaren egoitzan kokatuko dira. Gobernu Batzordeak, hala ere, organo edo zerbitzu horiek, zenbait kasutan, elkargoaren egoitzatik kanpo bil edo eman daitezkeela xedatu edo baimendu dezake.
Orokorrak ez diren edo elkargoaren lurralde-eremu osoa hartzen ez duten organo eta zerbitzuak, Gobernu Batzordeak zehazten duen tokian kokatuko dira, euren eginkizuna beteko duten ingurua aintzat hartuz, betiere. Inguru hori bat badator lurralde historiko baten lurralde-eremuarekin, aipatu kokapen hori lurralde horretako hiriburuan jarriko da. Gobernu Batzordeak, hala ere, organo edo zerbitzu horiek, egoera berezietan, euren kokapenetik kanpo bil edo eman ahal izatea xedatu edo baimendu dezake. Eragindako organo horri edo beste bati eslei diezaioke ahalmen hori.
Dietista-nutrizionistaren lanbide-jarduna eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala 18/1997 Legeak, aplikatu beharrekoa den gainerako legeriak, estatutu hauek eta 8. artikuluan adierazitako Erregelamenduek arautuko dituzte.
Elkargoaren Gobernu Batzordeak erregelamendu-forma hartuko duten xedapenak onartu ahal izango ditu, betiere, artikulu honetan xedatutakoaren arabera.
Erregelamenduek ezin dute egin aplikatu beharreko legeriaren aurka, ez eta estatutu hauetan ezarritakoaren aurka ere.
Lehen artikuluan jasotako edozein gai edo alderdi arau dezakete aipatu erregelamenduek, nahiz eta haiek ez egon aurreikusita edo araututa 7. artikuluan aipatu legerian edo estatutuetan. Eta zehazki, eta adibide gisa, honakoetara hedatuko da arauketa: jarduera profesionaleko txandak, bateraezintasuna, sekretu profesionala, lanbide-elkarteak, araudi profesionala eta deontologikoa, korporazioaren organo eta zerbitzuen eraketa eta funtzionamendua eta abar.
Erregelamenduak onartzeko eskumena Elkargoko Gobernu Batzordeak du, eta ezin izango zaio beste organo bati esleitu, ezta eskuordetu ere.
Elkargoko Gobernu Batzordeak du baita ere 7. artikuluan jasotako arauak interpretatu edo argitzeko xedapenak emateko ahalmena, zeinahi delarik ere arau horien maila eta aplikagarritasuna; nolanahi ere, salbuespen izango dira nahitaez aplikatu beharreko legeria osatzen dutenak.
Xedapen horien edukia interpretatu edo argitutako arauari egokituko zaio, eta nahitaez bete beharko dute Elkargoko organo guztiek eta elkargokideek.
1. KAPITULUA
ELKARGOKIDE IZATEA
Elkargokide egitea da Elkargoan kide moduan sartzea.
Elkargoko kideak elkargokidetzat joko dira, Elkargoan dauden bitartean.
Elkargokideek erabateko eskubidea izango dute, nork bere elkargoan.
Elkargo Ofizial batekoa izateak ez dio eragiten sindikatu edo elkarte bateko bazkide izateari.
Elkargokidea jardunean egon daiteke, edo ez.
Elkargokidearen egoera normala jardunean egotea da.
Elkargokideren batek jasota utzi nahiko balu ez duela gaitasunik dietista-nutrizionistaren lanbidean jarduteko, bai lege bateraezintasunagatik, bai beste arrazoiren bategatik (norbere nahia hori delako, adibidez), jardunean ez dagoen elkargokide gisa jardun dezake. Egoera horretan ere, alegia, lanbide-jardunetik kanpo ere, jarduneko elkargokideek duten erregimen berberaz gozatzeko eskubidea izango du, non eta Gobernu Batzordeak beste zerbait xedatzen ez duen, arrazoiak emanez.
Jarduneko elkargokide izateko, ondoko baldintza hauek guztiak bete behar dira:
Espainiar nazionalitatea izatea, edo elkarrekikotasun eskubidea, jardun ahal izateko; salbuespen izango da Europar Batasunaren eremuan edo Espainiak izenpetutako hitzarmen edo itunetan xedatutakoa.
2. artikuluan adierazitako tituluren baten jabe izatea.
Zinpeko aitorpena:
Lanbidean jarduteko gaitasungabetua ez egotea edo lanbide-jarduna etenda ez izatea baieztatuko da ezta lanbidearen espezialitateei dagokienez ere, edo inoiz egoera horretan egon direnen kasuan, gaitasungabetze-epea igarota dagoela.
Laneko helbidea Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuaren baitakoa dela egiaztatu behar da.
Nortasun agiri nazionala, pasaportea edo AIZen fotokopia; jatorrizkoa ere aurkeztu beharko da.
Elkargoan sartzeko kuota ordaindu duela egiaztatzen duen agiria.
Lehenago, Elkargo honetako edo Dietista-Nutrizionisten beste Elkargo bateko kide izan direnen kasuan, elkargo horiekiko obligazioak beteta dituela adierazten duen zinpeko aitorpena.
Elkargoko kuotak banku-helbideratzearen bidez ordaintzeko baimena.
Eskatzaileak, lanbidean jardun nahi badu, lan egingo duen herri/udalerria eta lanbide-jardunaren modalitatea zein izango den jaso behar du.
Batzar Nagusiak Gobernu Batzordearen proposamenez zehazten duen eta estatutuetan sartzen den beste edozein baldintza.
Jardunean egon gabe elkargokide izateko, beharrezkoa izango da 1. paragrafoan adierazitako baldintza guztiak betetzea, c) eta h) idatz-zatietan adierazitakoak salbu, betiere, salbuespen hori posible bada estatutu hauetako 17.2 artikuluaren arabera.
Aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzeak Elkargoan sartzeko eskubidea aitortzen du.
Elkargokide izateko eskabidearekin batera, 12. artikuluan aipatutako baldintza guztiak bete izanaren frogagiriak aurkeztu beharko dira. Eskatzailearen zinpeko aitorpenaren bidez dokumentatuko da 12.1.c) artikuluko baldintza, Elkargoak bere gain dituen ikuskaritza ahalmenak ere kontuan hartuz.
Jarduneko elkargokide izan nahi dela ulertuko da, eskabidean ez bada ezertxo ere esaten horretaz.
Era bateko elkargokide izatetik beste era batekoa izatera pasatu nahi bada, aldaketa hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dira; nolanahi ere, zuzenbidean baliozkoak diren beste bitarteko batzuetaz ere balia daiteke.
Elkargokide izateari buruzko ebazpena eman beharko du Elkargoak, eskabidea baldintza guztiak beteta aurkezten den egunetik aurrera, hiru hilabeteko epean.
Aipatutako epea igaro eta eskabidea egin duenari berariazko ebazpena jakinarazi ez bazaio, elkargokide egiteko eskabidea baietsitzat joko da. Presuntziozko egintza hori azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean xedatutakoaz arautuko da.
Elkargoak, hala ere, elkargokide izateko behin-behineko sistema bat era dezake, arauz, Idazkaritza Nagusiaren edo ezar daitekeen beste organoren baten ebazpenez, harik eta horri buruzko behin betiko ebazpena eman arte.
1. 15. artikuluan aurreikusitako ebazpena eman beharko da elkargokide izateko, helburu horrekin aurkeztutako eskabidea onartu eta gero.
Eskabidea ezesten duen ebazpenaren aurka aurkeztu den errekurtso bati elkargoarena edo jurisdikzionala eman zaion ebazpenean aitortzen bada elkargokide izateko eskubidea, Elkargoari ebazpen hori jakinarazten zaion egunean jabetuko da elkargokide eskubideaz, non eta ebazpenetik beste zerbait ondorioztatzen ez den.
Elkargokide izateari uzteko arrazoiak hauek dira:
Elkargoari jakinarazitako baja.
Elkargokide izateko ezarritako baldintzak ez betetzea.
Aurretik ordainketarako errekerimendua egin arren, hiru hiruhilekori dagozkien kuotak ordaindu gabe izatea.
Legez ezgaituta egotea.
Heriotza.
Gaitasungabetze kasuetan, ez zaio elkargokide izateari utziko, baina izaera hori ondorio guztietarako etengo da, harik eta egoera horrek irauten duen bitartean; nolanahi ere, zehapen-egintzak onar diezaioke jardunean ez dagoen elkargokide moduan jarraitzea.
Jarduneko elkargokideek eskubide hauek izango dituzte:
Dietista-nutrizionisten eginkizunetan aritzea, lanbideko arauekin bat etorriz.
Euren lanbideko jardunean Elkargoaren laguntza izatea, pertsona edo entitate publiko eta partikularren aurrean.
Gobernu Batzordeko eta Elkargoaren barruko hautazko organoetako karguak hautatu eta kargu horietarako hautatuak izatea, eta Batzar Nagusiaren erabakiak hartzen parte hartzea.
Elkargoaren zerbitzuak erabiltzea, horietarako ezarritako baldintzak betez.
Elkargoa komisionatzea ordezkapen prozesalean, hain zuzen ere, lanbide jardunaren ondorioz zorpetutako ordainsariak auzi-bidean edo auzi-aurretiko bidean kobratzeko. Horri buruz urteko aurrekontuetan ezarritako eskubideak ordaindu beharko dizkio korporazioari, bai erreklamatutako minuta tronkoaren ehuneko bat ordainduz, bai beste era batera.
Aldian-aldian Elkargoaren gorabeheren berri izatea, argitalpenen, bilera informatiboen, batzar orokorren edo Gobernu Batzordeak jar ditzakeen beste bide batzuen bidez, eta Elkargoak unean-unean antolatzen dituen ekintzetan parte hartzea. Elkargokideak, sei hilero, Elkargoaren jardunari buruzko informazio zehatza jasoko du; horretarako, goian adierazitako bideetako edozein erabiliko da.
Dietista-nutrizionista izena eta dietista-nutrizionistei euren lanbide-jardunean aitortzen zaizkien eskumenak erabiltzea.
Euren ideiak Elkargoaren komunikabideetan eragozpenik gabe adieraztea. Argitaratzen edo emititzen ez badira, interesdunari eman beharko zaio horren berri.
Aurrekoarekin lotura zuzena duten edo dagokion erabaki korporatiboak ezar ditzakeen beste eskubide batzuk.
Jardunekoak ez diren elkargokideek ez dute izango 1. paragrafoan adierazitako eskubiderik, baldin eta lanbide-jardunari lotutakoak badira. 1. paragrafo horretan aditzera emandako gainerakoei dagokienez, 11.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Jardunean dauden elkargokideek honako eginbeharrak izango dituzte:
Ezarrita dauden arau deontologiko eta teknikoen arabera jardutea lanbidean.
Dietista-nutrizionistaren zerbitzu profesionalak eskatzen dituzten bezeroek euren esku utzitako interesak defendatzea.
Laneko ezagutza eta teknikak eguneratzea, eta burututako lanean kalitate egokia bermatzea.
Estatutu hauek, horien garapen arauak eta Elkargoaren organoek emandako ebazpenak betetzea; nolanahi ere, dagozkion errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira.
Elkargoko organoen aurrean azaltzea horretarako errekeritzen bazaie, non eta arrazoi justifikatu bat ez duten. Helbide aldaketen berri hurrengo hogeita hamar egunen barruan ematea. Batzar Orokorretara joatea. Elkargoko kargu eta eginkizunetarako aukeratu badira, horiek betetzea. Jarritako kuotak ordaintzea.
Dietista-nutrizionista orok, parte hartzen duen eginkizun orotan mantenduko du sekretu profesionala, eta bere lanbide-eremuan kirol-dopina errotik kentzen lagunduko du.
Elkargokide guztienganako errespetua eta begirunea izan beharko dute.
Jardunekoak ez diren elkargokideek ez dituzte izango 1. paragrafoan adierazitako betebeharrak, baldin eta lanbide-jardunari lotutakoak badira. 1. paragrafo horretan aditzera emandako gainerakoei dagokienez, 11.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
2. KAPITULUA
LANBIDEAN JARDUTEA
Elkargokide izatea nahitaezkoa izan daiteke edo ez, unean-unean nahitaez aplikagarriak diren arauetan xedatutakoaren arabera. Elkargokide izatea nahitaezkoa bada, nahikoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialeko jarduneko elkargokide izatea; nolanahi ere, Dietista-Nutrizionisten beste Elkargo batekoa izatea ere nahikoa izan daiteke ordenamendu juridikoarentzat, lurralde-eremu horretan lanbide horretan jarduteko.
Artikulu honetan ezarritakoa estatutu hauetako 7. artikuluan jasotako erregulazioaren ondorio diren eskakizunak kontuan hartuz ulertu behar da, beti bete egin behar baitira.
Euskal Autonomia Erkidegoan behin-behinekoz lanean diharduten profesionalek, aurrez jakinarazi behar dizkiote Elkargo honi atxikita dauden Elkargoaren bidez, edo, euren jatorrizko erkidegoan Elkargorik ezean, euren kabuz Euskal Autonomia Erkidegoan burutu behar dituzten ekintzak. Dietista-nutrizionista horiek Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen badute euren helbide soziala bakarra edo nagusia, CODINE/EDINEOn sartu ahal izango dira.
Dietista-nutrizionisten baliokide diren Europar Batasuneko profesionalen jakinarazpena egin ahalko zaio Elkargoari, betiere, ordenamendu juridikoak dioenarekin bat etorriz; eta ordenamenduaren barruan, elkarrekikotasun irizpidearen eta artikulu honen arabera.
Jakinarazpen hori egiteak ez du esan nahi, lurralde-eremu horretan lanbidean jarduteko beste baldintzak bete behar ez direnik.
Jakinarazpena behin-behinekoa edo behin betikoa izan daiteke, bai gai jakin baterako, bai hainbatetarako, eta betiere, dagokion erregelamenduan ezarritakoaren araberakoa.
Dietista-nutrizionista osasunaren arloko profesionala da, unibertsitate-titulazioduna, elikadura, nutrizio eta dietetikako aditu izatea aitortzen zaiona, eta pertsona edo talde baten elikaduran esku-hartzeko gaitasuna duena, zehazki, ondoko jarduera-eremu hauetan guztietan: nutrizioa osasunean eta gaixoaldian, dietetikako aholkua, ikerketa eta irakaskuntza, gobernu-erakundeen menpeko osasun publikoa, elikaduraren sektoreko enpresak, sukaldaritza kolektibo eta soziala.
Elikadura on batek bizi-kalitatea hobetzen lagundu dezakeen eremu guztietan irakasten, ikertzen, aztertzen, gidatzen eta aholkatzen dute dietistek. Dietista-nutrizionistaren lanbidearen jardunaren barruan sartzen da elikadura- eta nutrizio-hezkuntza; jardun horretaz balia daitekeen edozein arlotan gauza daiteke zeregin hori. Dietistak, bere jarduna burutzen duen sozietatearekin bat etorriz, ondoko eremu hauetan jarduten du, eremu bakoitzak dituen zeregin espezifikoak bere eginez:
Dietistak osasuntsu edo gaixo dauden pertsona edo taldeen elikaduraren gainean jarduten du (gaixoak badira, mediku-diagnosiaren ostean); zeregin horretan kontuan hartzen ditu behar fisiologikoak (edo kasua bada, patologikoak), eta lehentasun pertsonalak, soziekonomikoak, erlijiosoak eta kulturalak. Dietista kliniko gisa ere lan egin dezake.
Komunitateko edo osasun publikoko dietistaren jarduna (osasunaren prebentzioa eta sustapena) biztanleriari lotuta dago, oro har; entitate batean eta bestean jarduten du, eta elikadura-politiken, prebentzio eta osasunari buruzko politiken eta elikadura-hezkuntzari buruzko politiken programak garatu eta horietan parte hartzen du, betiere, osasun publikoaren eta komunitate-nutrizioaren baitan.
Sukaldaritza kolektiboko dietistak kudeaketa eta antolamenduan parte hartzen du, eta ekoizpen-prozesuan zehar elikagaiek duten kalitate eta osasungarritasunaz arduratzen da. Elikadura-zerbitzuko langileei elikadura-segurtasunaren alorreko prestakuntza ematen die, menuak planifikatzen ditu, eta elikagai-eskaintzaren oreka nutrizionala nolakoa den aztertzen du.
Industriako dietistak produktu berriei eta elikadurarekin lotutako gizarte-marketingari buruzko aholkuak ematen ditu.
Hezkuntzako dietista ikastetxe publiko eta pribatuetan elikadurari, nutrizioari eta osasunari buruzko ikasketak ematen dituzten ikastetxeetan prestakuntza ematen duena da.
Ikerketako dietista gai da ikerkuntza eta garapenean lan egiten duen diziplina anitzeko talde batean sartzeko. Elikaduraren, nutrizioaren eta osasunaren eremuko ikerkuntza bultzatzen du.
Dietista-nutrizionistaren lanbidean norbere kontura edo inorentzat lan egin daiteke, administrazio-, lan- eta merkataritza-harreman edo harreman zibil baten itzalpean.
Elkargoak bere egiteko espezifikotzat hartzen du dietista-nutrizionistek Elkargoaren jardute-eremuan izango dituzten eskumen profesionalak definitzea, betiere, legez ezartzen diren gainerako egitekoak ahaztu gabe. Ildo horretatik, unibertsitate-prestakuntza amaitu ostean, Giza Nutrizio eta Dietetikako Unibertsitate Tituludun profesionalen profila eta gaitasunak izango dira, hain zuzen ere, ondoko dokumentuan zehaztutakoak: «Giza Nutrizio eta Dietetikako Unibertsitate Tituludunaren Gaitasunen Profila. Adostasun-dokumentua. 2003ko otsaila». Dokumentu hori Adostasun Konferentziak egin zuen, zeina ondoko hauek osatzen baitzuten: batetik, Giza Nutrizio eta Dietetikako unibertsitate-ikasketak ematen dituzten unibertsitate espainiarretako ordezkariek, eta bestetik, Dietista-Nutrizionisten Espainiako Elkartearen (AEDN) ordezkariek.
Elkargoak arreta berezia jarriko du Lanbide Sozietateen martxoaren 15eko 2/2007 Legean araututako lanbide-sozietateen eraketa eta kudeaketaren ondorioz sortutako legezko obligazio guztiak bete daitezen.
Euren kontura diharduten dietista-nutrizionista elkargokideek aseguru bat hitzartzea bideratuko du Elkargoak, euren lanbide jardunaren ondorioz izan dezaketen erantzukizun zibilaren arriskuei aurre egiteko.
Estatutu hauetako 7. artikuluan jasotako erregulazioan ezarritakoari jarraiki aritu beharko dute dietista-nutrizionistek euren lanbidean.
Elkargokideren bati beste lanbide bateko pertsona batek edo lanbide horretako elkargo-antolaketak berak hitzez edo idazkiz errekeritu badio lanbide-ekintzaren bat gauza ez dezan, ustez ekintza hori ez dagokiolako dietista-nutrizionisten lanbideari beste lanbide horri baino, errekeritutako elkargokideak Elkargoari eman beharko dio horren berri lehenbailehen, bide batez, auzi horretaz berak duen iritzia emanez.
3. KAPITULUA
DIZIPLINA-ERREGIMENA
Elkargoak zehapenak ezar diezazkieke elkargokideei euren lanbide-jardunaren edo elkargoko kide izatearen ondorioz burututako ekintza edo omisioengatik, betiere 7. artikuluan jasotako erregulazioaren aurkakoak badira.
Kapitulu honetan aipatzen den diziplina-erregimena, erantzukizun penala edo zibila eta funtzionarioengan edo gainerako pertsonal publikoarengan administrazioak duen zehapen-ahalmena kontuan hartu gabe ezarriko da.
Falta arinak honakoak dira:
Euren obligazioak Elkargoarekikoak, arauekikoak, estatutuekikoak edo lanbidearekikoak edo Gobernu Batzordeak emandako erabakiak ez betetzea, horrek kalte arina dakarkienean Elkargoari, beste dietista-nutrizionista batzuei, paziente-bezeroari edo hirugarren batzuei.
Paziente-bezeroarekiko errespetu-falta kirol-dopinaren aurrean ahozko/idatzizko ohartarazpenak ez egitea barne, baita beste dietista-nutrizionista batzuekikoa ere, betiere, publizitaterik egiten ez bada edo larria ez bada.
Lanbideko jardunaren ondorioz ezagututako xehetasunak arrazoirik gabe hirugarren batzuei jakinaraztea, horrek paziente-bezeroari edo hirugarren batzuei kalterik ez dakarkienean.
Elkargoko organoek beren-beregi galarazi dituzten publizitate jarduerak dietista-nutrizionisten irudiari kaltea dakarkienak burutzea.
Elkargoarekiko eta Elkargoko gainerako antolakundeekiko harremana edo lanbide-jarduera erregulatzeko beste ezein arau urratzea, arau-hauste larritzat edo oso larritzat jotzen ez bada, betiere.
Honako hauek dira falta larriak:
18/1997 Legeko 5.1.d) artikuluan xedatutakoa urratzea.
Lanbideko betebeharrak ez betetzea, eta horrek kaltea eragitea lanbide-jardun hori eskatzen edo hitzartzen dutenei, eta bereziki, kirol-dopinarekin amaitzearen gaineko obligazioak ez betetzea, betiere, falta oso larria edo legez kontrako zerbait penala ez bada.
18/1997 Legeko 11. artikuluan adierazitakoa Elkargoari jakinarazteko betebeharra urratzea.
Asegurua izateko betebeharra ez betetzea.
18/1997 Legeko 13. artikuluan zerbitzua eskaintzea ezinezkoa egiten duen arrazoi justifikatuei buruzkoan adierazten den betebeharra lanbidean jardutekoa ez betetzea, horretarako errekerimendua behar bezala egin zaionean.
Lanbide bereko edo lanbidearen gobernu-organoetako gainerako profesionalen eta lanbidean jardutean haiekin harremanak dituzten pertsona edo erakundeen duintasuna larriki laidotzea, bai eta horietako edozein fisikoki erasotzea ere.
Bidegabeko lehia dakarten ekintzak.
Kontseiluen edo elkargo profesionalen edo horien organoen ohiko jarduera oztopatzen edo eragozten duten ekintzak.
Gutxienez bost arau-hauste arin egitea bi urteko epean.
Egon ez dauden kontzeptuak edo burutu gabeko lanbide-jarduerak direla-eta, minutak edo fakturak egitea; eta dietista-nutrizionistak egin ez dituen txostenak edo lanak izenpetzea, paziente-bezeroari kaltea dakarkienean.
Norberaren kontura edo inorentzat lan eginez aritzeko ezarritako baldintzak kasuaren araberakoak bete gabe jardutea lanbidean, baldin eta paziente-bezeroei kaltea egiten bazaie.
Zigor-legeen arabera faltatzat jo daitezkeen lanbide-jarduerak; edo ez-zilegitzat jo daitezkeenak, paziente-bezeroari kalteak ekarriz, lege zibilen arabera; betiere, bataren zein bestearen ondorioz, lanbide obligazioak ez badira betetzen, eta horrek kaltea badakarkie jarduera profesionala eskatu edo hitzartu dutenei (hori guztia, 18/1977 Legeko 15.2.b artikuluarekin bat etorriz).
Elkargokide legez dituzten obligazioak arauetan zein estatutuetan ezarritakoak edo Gobernu Batzordeak bere eskumenen barruan emandako erabakiak ez betetzea, horrek kalte arina dakarkienean Elkargoari, beste dietista-nutrizionista batzuei, paziente-bezeroari edo hirugarren batzuei.
Honako hauek dira falta oso larriak:
Lanbidean jardutea, 18/1997 Legeko 5.1.a) artikuluan adierazten den tituluaren jabe izan gabe.
Betebehar profesionalak ez betetzea, horrek jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kalte larria eragiten badie.
Lanbideko sekretua urratzea.
Lanbidean aritzea, lanbidean jarduteko gaitasungabetua egonda, edo bateraezintasun edo debeku-kausaren bat izanda.
Lanbidean jardutean doluzko delituak egitea, zeinahi delarik ere parte-hartze maila.
Bi urteko epean, gutxienez, bi arau-hauste larri egitea. 18/1977 Legeko 15. artikuluko 2. paragrafoaren j) idatz-zatian adierazitako arau-haustea (estatutu hauetako 29.i) artikuluan jasotakoa) idatz-zati honetan xedatutakotik kanpo uzten da.
Elkargokide izan gabe, lanbidean jardutea, baldin eta elkargokide izatea nahitaezkoa bada, estatutu hauetako 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Elkargokide legez dituzten obligazioak arauetan zein estatutuetan ezarritakoak edo Gobernu Batzordeak bere eskumenen barruan emandako erabakiak ez betetzea, horrek kalte arina dakarkienean Elkargoari, beste dietista-nutrizionista batzuei, paziente-bezeroari edo hirugarrenei. Falta oso larritzat joko da, halaber, Elkargoaren enplegu-zerbitzura edo Elkargoko beste edozein organo edo zerbitzura burututako komunikazio edo informazioen faltsutasuna, susmagarritasuna edo egiatasunik eza. Eta bereziki, falta oso larritzat joko da lanbideko intrusismoa ezkutatzea edo sustatzea, edozein alderdiri dagokionez.
18/1997 Legeko 16. artikuluan daude jasota zehapenak.
18/1997 Legeko 18. artikuluan dago xedatuta falten eta zehapenen preskripzioa.
Elkargoaren egoitzako eta Elkargoaren organoak edo zerbitzuak kokatuta dauden lekuetako iragarki-oholetan jarriz emango dira jakitera zehapenak ezartzeari buruzko erabakiak. Falta oso larriagatik ezartzen bada zehapena, erabakia korporazioaren aldizkarian ere argitaratu ahalko da.
Hurrengo paragrafoan arautuko den Deontologia Batzordeak Elkargoaren jarduera zehatzailean parte hartuko du ezar daitezen gainerako organoekin batera, horretarako xedatutako moduan.
Deontologia Batzordea Gobernu Batzordeko hiru kidek osatuko dute, Gobernu Batzordeak hartarako hautatutakoak, lau urteko agintaldirako.
Prozedura zehatzailea, 18/1997 Legeko 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, estatutuen testu artikulatu honen VI. Tituluan ezarritakoa izango da, eta estatutu hauen izaerarekin bat etorriko da.
Zehapenen betearazpen eta ondorioak 18/1997 Legeko 20. artikuluan xedatutakoaren arabera artikulu honetan xedatutakoak arautuko ditu.
Diziplina-zehapenak, administrazio bidean irmoak direnean, Elkargoko Gobernu Batzordeak betearaziko ditu, zehapenok jartzea erabaki duen ebazpenean ezarritako moduan. Deontologia Batzordea betearazpen hori ondo burutzeaz ere arduratuko da.
Elkargoko Gobernu Batzordeak, hala ere, betearazpena eteteko eska dezake bai ofizioz, bai interesdunak eskatuta, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dela frogatzen denean, harik eta gauzatu arte; horretarako, Deontologia Batzordeak txostena eman beharko du aurrez. Interesdunak, bere aldetik, etenaldi hori eskatzeko eskubidea du administrazioarekiko auzi-errekurtsoari dagokion prozeduraren baitan, indarrean dauden legeen arabera.
Diziplina-zehapenak betearaziak izan ala ez argitaratu egin daitezke, estatutu hauetako 33. artikuluan aurreikusitako moduan, administrazio bidean irmoak egiten direnetik aurrera. Zehapen-erabakia atzera botatzen badu epaileak, errebokazio hori ere argitaratu egin beharko da.
Gaitasungabetzea dakarten zehapenak Dietista-Nutrizionisten Elkargoen Kontseilu Orokorrari jakinarazi beharko zaizkio.
Diziplina-erantzukizunaren iraungipena honako arau hauen araberakoa izango da:
Hauek dira elkargokideen diziplina-erantzukizuna iraungitzeko erak: zehapena betetzea, elkargokidearen heriotza, eta falta edo zehapenaren preskripzioa.
Zehapen-prozedura indarrean dagoen bitartean erruztatua hiltzen bada, zehapen-prozeduraren iraungipena deklaratzen duen ebazpena emango da.
Elkargoan baja emateak ez dakar berekin alta-aldian sortutako diziplina-erantzukizuna iraungitzea, erabakitzen den zehapena gauzatzeko ezintasuna ekarriko duen arren. Horrelakoetan, burutu egingo da diziplina-prozedura eta zehapena etengo da, harik eta elkargokideak berriro ere Elkargoan alta ematen badu zehapena bete arte.
Birgaikuntzarako arauak:
Zehatutakoek, ondoren adierazten diren epeetan zehapena betetzen denetik aurrera kontatuta, birgaikuntza eskatu ahal izango dute eta, ondorioz, oharra ezabatu bere espediente pertsonaletik.
Falta arina bada, sei hilabete igarotzen direnetik aurrera.
Falta larria bada, bi urte igarotzen direnetik aurrera.
Falta oso larria bada, lau urte igarotzen direnetik aurrera.
Birgaikuntza erabakiko da, baldin eta espedientean ez bada egiaztatu zehapena ezarri zenetik aurrera igarotako epean zehar zehapena eragin zuten egintzen antzekorik burutu izana, eta ezereztu egingo da zehapen-oharpena elkargokidearen espedientetik.
Gobernu Batzordeak gauzatuko du ezerezpena, aldez aurretik Deontologia Batzordeak beharrezko txostena eman ondoren. Batzorde horrek, gainera, Gobernu Batzordeak esleitzen dizkion instrukzio-jarduerak burutuko ditu.
1. KAPITULUA
ANTOLAKETA-SISTEMA.
Elkargoaren antolaketa, honako organo hauetan oinarritzen da:
Nahitaezko organoak:
Batzar Orokorra
Gobernu Batzordea
Lehendakaritza
Lehendakariordetza
Idazkaritza
Diruzaintza
Aukerako organoak:
Gerentzia
Atal Batzordeak
Batzordeak eta Lantaldeak
Organo horiek Gerentzia, Atal Batzordeak eta Batzordeak/Lantaldeak salbu nahitaezkoak izan arren, Gobernu Batzordeak beste batzuk era ditzake, Batzordeak berak ezarritako moduan.
Elkargoaren antolaketa komuna edo orokorra organoek osatzen dute, zeinen eskumenak Elkargoaren lurralde-eremu guztia hartzen baitu.
Elkargoaren antolaketa komuna edo orokorra, honako organo hauek osatzen dute:
38.1.a) artikuluan adierazitako organoek eta Gerentziak.
Batzordeak eta lantaldeak, eta 38.2 artikuluaren babespean organo komunen edo orokorren izaerarekin sor daitezkeen gainerako organoak.
Elkargoaren lurralde-antolaketa organoek osatzen dute, zeinek eskumena izango baitute Elkargoaren lurralde-eremua osatzen duen lurralde historiko bakoitzaren lurralde-eremuan, betiere, Gobernu Batzordeak hartutako erabakien arabera.
Elkargoaren lurralde-antolaketa honako organo hauek osa dezakete:
38.1.h) artikuluan aipatzen diren Atal Batzordeak, horietariko bakoitza lurralde historiko bakoitzaren lurralde-eremuari dagokiola.
Batzordeak, lantaldeak, eta 38.2 artikuluaren babespean sor daitezkeen gainerako organoak, lurralde historiko bakoitzaren lurralde-eremuari dagozkien organoen izaerarekin.
Gobernu Batzordeak autonomia dauka unean-unean indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren ondorio den esparruan bere eskumeneko aginpideez baliatzeko, baina kudeaketari dagokionez, Batzar Orokorraren aurrean erantzun behar du, gai horretaz estatutu hauetan beren-beregi ezarritako baldintzen eta helmenen arabera.
Lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak eta diruzainak autonomia daukate unean-unean indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren ondorio den esparruan euren eskumeneko aginpideez baliatzeko, baina kudeaketari dagokionez, Gobernu Batzordearen aurrean erantzun behar dute, gai horretaz estatutu hauetan beren-beregi ezarritako baldintzen eta helmenen arabera.
Elkargoko gainerako organo guztiak Gobernu Batzordearen menpe daude hierarkikoki. 40.2.b) artikuluan aurreikusitako organoak salbuetsi egiten dira, dagokien Atal Batzordearen menpetasun hierarkikoa baitute.
2. KAPITULUA
BATZAR OROKORRA
Batzar Orokorra da Elkargoko organo gorena eta subiranoa, eta, horregatik, estatutu hauetan aitortutako posizio eta eginkizunak ditu.
Eskubide osoko elkargokideek jardunekoak eta ez-jardunekoak osatzen dute Batzar Orokorra, betiere, dagokion Batzar Orokorra egin aurreko egunean egun hori barne elkargokide badira.
Ohiko Batzar Orokorra izango da honako gai hauetarikoren bat helburu duena:
Elkargoko aurrekontua eztabaidatzea eta, behar izanez gero, onartzea.
Elkargoko kontuak eztabaidatzea eta, behar izanez gero, onartzea.
Gobernu Batzordearen txostena egitea, dagokion Batzar Orokorraren aurreko ekitaldian burututako jarduerei buruzkoa.
Gobernu Batzordearen txostena egitea, dagokion Batzar Orokorraren osteko ekitaldian burutzeko aurreikusi diren jarduerei buruzkoa.
Aparteko Batzar Orokortzat jo behar dira 1. paragrafoan adierazi ez diren gaiak helburu dituzten batzarrak.
Ohiko eta Aparteko Batzarrek arau berberak izango dituzte, estatutu hauetan berariazko desberdintasunik jasotzen ez bada, behintzat.
Batzar Orokorrari dagozkio 18/1997 Legeko 35.3 artikuluan adierazitako eskumenak.
44.1 artikuluan aipatutako gaiak aztertzeko eskumena du Ohiko Batzar Orokorrak eta, ondorioz, bere irizpena emanda, aurkeztu zaizkion aurrekontua eta kontuak onartzeko, edo ez.
Aparteko Batzar Orokorrak eskumena du beste edozein gai aztertzeko, Elkargoko beste organo batzuen eskumenaren aurka jo gabe.
Gobernu Batzordearena da Batzar Orokorrerako deialdia egiteko eskumena. Gobernu Batzordea, nolanahi ere, Batzar Orokorrerako deia egitera behartuta egongo da, honako kasu hauetan:
Elkargoko aurrekontuaren eta kontuen onarpena betetzeko.
Horretaz gain, elkargokideen % 20ak edo jardunekoen % 10ak eskabidea idatziz egiten dutenean.
Deialdiarekin batera, gai-zerrenda (aztertuko diren gaiak jasoko ditu), eta bilerarako lekua, eguna eta ordua adieraziko dira. Aurreko paragrafoan aipatutako eskabidean aditzera emandako gaiak jaso beharko ditu deialdiak.
Elkargokideei deialdia jakinarazteko bideak ondoko hauek dira:
Zuzenean elkargokideen helbideetan Elkargoan jasota daudenetan, postaz, mezularitza-zerbitzuz edo antzeko bideren batez, dagokion batzar orokorra egin baino hamabost egun natural lehenago behintzat, ez bada urgentziazkoa, orduan nahiko izango baita zortzi egun natural lehenago jakinaraztea.
Elkargoaren iragarki-oholean aurrerapen berberarekin iragarrita.
Gai-zerrendako aztergaiei buruzko dokumentazioa eskuragarri izango dute elkargokideek, adierazitako aurrerapen egunetik aurrera, Elkargoaren egoitzan.
Ohiko Batzar Orokorra urteko lehenengo seihilekoan egin beharko da.
Elkargoaren egoitzan egingo da bilera, deialdian ez bada beste leku bat beren-beregi adierazten.
Batzar Orokorreko lehendakari eta idazkari izango dira, Gobernu Batzordean kargu horiek dituzten berberak, eta, horiek ezean, horien ordezkoak izango direnak, ondoko kasuren bat gertatzen bada: kargua hutsik egotea, gaixorik edo absente egotea edo lege-eragozpenak egotea.
Elkargokide guztiek dute Elkargoko Batzar Orokorraren bileretara joateko eskubidea eta beharra. Hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango dute.
Gobernu Batzordeko kideek Batzar Orokorreko batzarretan parte hartu beharra dute, non eta ez dioten lehendakariari ez joateko arrazoia adierazten.
Alor juridikoaz, ekonomikoaz, osasungintzaz, hezkuntzaz eta beste alor batzuetaz informatzea eta aholkuak ematea helburu duten pertsonek, zuzendariek, gerenteek, teknikariek, baita elkargoaren gaien jardun onean interesa duten beste pertsona batzuek ere, Batzar Orokorretara joan beharko dute, Elkargoko lehendakariak dei egiten dienean. Kasu horretan, hitz egiteko eskubidea izango dute, baina botorik ez.
Batzar Orokorra, parte hartzaileen kopurua edozein izanda ere, balio osoz eratuko da.
Deialdi bakarrean eratuko da Batzar Orokorra, deialdian jarritako orduan. Hala ere, lehendakariak, unean bertan atzemandako kausa bidezkoren bat balego, atzeratu egin dezake batzarra, baina ez lehenengo deialditik berrogeita zortzi ordu baino gehiago. Atzeratzeko eskatzen den baldintza bakarra: egoera hori programatutako batzar atzeratuan jakinaraztea.
Bestalde, bertaratutako elkargokideen kopurua elkargokideen % 10a baino txikiagoa bada, eta Lehendakaritzaren iritziz aztergaia garrantzizkoa bada, batzarra bertan behera utz dezake lehendakariak, eta hilabeteko epean beste deialdi bat egin gai-zerrenda berarekin.
Batzar Orokorrean ez da aztertuko gai-zerrendan jaso ez den gairik.
Batzar-mahaian nor bertaratu den jasoko da; horretarako, nahikoa izango da elkargokide-zenbakia edo NAN-zenbakia jasotzea.
Lehendakaritzaren eginkizunak hauek izango dira: batzarrak gidatzea; batzarretako ahozko parte-hartzeak, ihardespenak eta eztabaidak zehaztea; botoa emateko proposamenak egitea; eta agertutako zalantzak ebaztea. Batik bat, parte-hartze kopurua eta horien iraupena ezarri ahal izango du, baita aldeko eta kontrako txandak, eta eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko modua ere.
Aktak erredaktatzea idazkariari dagokio, eta hartarako, ikus-entzunezko bitartekoak erabili ahal izango ditu.
Erabakiak gehiengo sinplez hartuko dira, baina bertaratutakoen bi herenen aldeko botoa eskatuko da, jarraian adierazten diren gai hauetaz erabaki behar denean:
Estatutuen aldaketa.
Elkargoaren ondasunen erabilpena.
Elkargoa 5 urte baino gehiagorako lotzen duten hitzarmenak edo erabakiak hartzea.
Aplikatu beharreko araudiak legezkoa edo Elkargoari dagokiona eskatzen duena.
Erabakiak eskua jasoz egingo den bozketaz edo izenezko bozketaz irekia edo isilpekoa hartuko dira; Lehendakaritzak erabakiko du hori, Batzar Orokorrari entzun ondoren, hartu behar diren erabakien garrantziaren eta izaeraren arabera. Batzar Orokorrari kontsulta eginda, bertaratutakoek eragozpenik jartzen ez badute, erabakiak besterik gabe onartuko dira.
Batzar Orokorraren bilera bakoitzaren akta egingo da. Hurrengo hamabost egunen barruan onartuko dute, hain zuzen ere, dagokion batzarrean lehendakariaren eta idazkariaren ardura izan dutenek; eta jarraian izenpetu egingo dute. Akta ez bada epe horretan onartzen, Gobernu Batzordeak onartuko du, eta Elkargoko lehendakariak eta idazkariak izenpetuko dute.
Bilerako gorabeheren laburpena eta hartutako erabakiak jasoko dira aktan. Parte-hartzaileek bileran idatziz edo hitzez aurkeztutako oharrak, eragozpenak eta kontrako botoak ere jasoko dira, baldin eta aktan agertzeko asmoa azaldu badute.
Elkargoko Lehendakaritzak berariazko eskumena du Batzar Orokorrak hartutako erabaki guztiak agiri publiko bihurtzeko.
Akten ziurtagiriak, Elkargoko lehendakariak ontzat eman ostean, idazkariak eman eta izenpetu beharko ditu, eta eskabidea eskuratzen denetik hasita bost eguneko gehienezko epean igorriko dira.
3. KAPITULUA
GOBERNU-BATZORDEA
1. ATALA
ERAKETA OROKORRA.
Elkargoa kudeatzeko eta ordezkatzeko eginkizunak Gobernu Batzordearen esku daude, eta horren arabera zuzentzen eta administratzen du Elkargoa, betearazten ditu Batzar Orokorraren erabakiak, eta burutzen ditu estatutuek esleitzen dizkioten diziplina-ahalmena eta gainerako eginkizunak, estatutuetan ezarritako moduan.
Gobernu Batzordea honela dago osatua: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina eta hiru batzordekide. Estatutu hauetan ezarritakoaren arabera hautatuko dira horiek guztiak. Lurralde historiko ororen ordezkaritza paritarioa bultzatuko da.
Gobernu Batzordeko kideen kopurua gehitu egin dezake Batzar Orokorrak, proportzionaltasuna elkargokide kopuru emendatuari egokitu ahal izateko. Gehitze horrek Gobernu Batzorderako hurrengo hauteskunde-prozesutik aurrera baino ez ditu izango ondorioak.
Gobernu Batzordeko kideak Gobernu Batzorde osoa berritzeko egindako hauteskunde-prozesutik ateratzen dira, eta lau urteko iraupena dute. Salbuespenez, eta bi urtero berritzeak egiteko, lehendakariordeak, diruzainak eta lehendabiziko hautaketako batzordekide bakoitiek bi urteko iraupena izango dute; eta hortik aurrera, ohiko berriztapenak jarraituko du, eta lehendakaria, idazkaria eta batzordekide bikoitiak aterako dira, ohiko 4 urteak iragan ondoren. Hala ere, salbuespena izango da aurrez estatutu hauetan aurreikusitako kargu-uzteren bat gertatzea.
Norbait organo horretako kide egin bada, hain zuzen ere, Gobernu Batzordeko hutsune bat betetzeko hartutako erabaki baten bidez, hau da, Gobernu Batzorde osoa eraberritzeko egindako hauteskunde-prozesutik kanpo aukeratua izan bada, berorren iraupena izango da, aurreko 1. paragrafoan adierazitako lau urtekora iritsi arte gelditzen dena. Hala ere, salbuespena izango da aurrez estatutu hauetan aurreikusitako kargu-uzteren bat gertatzea.
Gobernu Batzordeko kideek egoera horretan jarraitu ahal izango dute, aurreko paragrafoetan adierazitakoaz besteko egoeretan ere bai, harik eta Gobernu Batzorde osoa eraberritzeko egindako hauteskunde-prozesutik ateratako kide berriak euren karguaz jabetu arte, eta gehienez ere sei hileko epean, aipatu epea amaitzen denetik aurrera. Gerta daiteke, ostera, Batzar Orokorrak epe handiagoa ematea, aparteko eta urgentziazko gorabeherak direla-eta. Paragrafo honetan adierazitako agintaldia luzatzeak ez dizkie eskumenak murriztuko Gobernu Batzordeari eta bere kideei.
Gobernu Batzordeari dagokio Elkargoaren kudeaketa, zuzendaritza, administrazioa, gobernua eta ordezkaritza guztia. Eskumena du, horri begira, xedapeneko eta administrazioko era guztietako egintzak burutzeko, kontratuak izenpetzeko, egoera eta harreman juridiko oro eduki, eskuratu, aldatu eta indargabetzeko, eta, halaber, edozein moduko ekintzak gauzatzeko. Eginkizun horietarako muga bakarrak estatutu hauetan ezarritakoak dira.
Gobernu Batzordearen eskumenetik kanpo gelditzen dira Batzar Orokorrarenak baino ez diren gaiak; eta, halaber, Elkargoko beste organo batzuei esleitutakoak. Gobernu Batzordeak, ondorioz, haiekiko bere eskumena era espresu eta korrelatiboan galduko du.
Esate baterako, honako eskumen hauetaz balia daiteke Gobernu Batzordea:
18/1997 Legeko 36.3 artikuluan aipatutakoak, honako hauek alegia: estatutuak onartu eta eraldatzeko prozedura sustatzea; bere eskumenekoak diren gaiak osoko bilkurari proposatzea; Elkargoaren aurrekontua eta kontuak lantzea; elkargokideen gaineko diziplina-ahalmenaz baliatzea; osoko bilkurara joatea; legeek, arautegiek eta estatutuek esleitutako gainerako ahalmenak.
Elkargokide berriak onartzeari buruz ebaztea.
Elkargokideek 106. artikuluak dioenari jarraiki ordaindu behar dituzten kuotak eta Elkargoko zerbitzuak erabiltzearen ondoriozko eskubideak ezartzea.
Peritu legez parte hartu behar duten elkargokideen aukeraketa erraztea epaimahai eta agintariei. Helburu horri begira, txanda bat edo gehiago osatuko dira jardun profesionalerako, horretarako onar daitezkeen funtzionamendu arauekin bat etorriz.
Elkargokideei aholkularitza eskaintzea lanbidearen jardunean izandako erreklamazioetan, betiere, kontuan izanik izendatutako aurrekontuak; ildo horretan, elkargokideok ordezka ditzakete entitate publiko eta pertsona pribatuen aurrean.
Elkargokideen artean sortutako desberdintasunei dagokienez, arbitro-funtzioak burutzea, betiere alderdiek hala eskatuz gero.
Elkargokideek lanbidean jardutean zaindu behar dituzten arauak ezartzea, eta elkargo-merezimenduaren sariak proposatzea, Batzar Orokorrean onartzeko.
Askatasuna eta independentzia zaintzea, beharrezkoak baitira elkargokideek euren zeregin profesionalak betetzeko eta zor zaien errespeturako.
Dietista-nutrizionistek euren lanbide-jardunari buruzko arauak bete ditzaten ahalegintzea, bai gainerako elkargokideei zor zaien begiruneari dagokionez, bai zerbitzu profesionalen jasotzaileei dagokienez. Bidezkoa den zuzentasuna eta jarrera profesional trebea eskatuko da jardun horretan.
Dietista-nutrizionisten zerbitzu profesionalen kalitate-mailari eta euren ezaguera-jardunari eustea, eta titulaziorik eta kasu bakoitzerako behar den ezaguerarik ez duenari lanbidean aritzea eragoztea. Aurre egingo zaio intrusismoari, eta bateraezintasunak salatu egingo dira.
Deia egitea Batzar Orokorretarako, Gobernu Batzorderako karguak hautatzeko, eta Dietista-Nutrizionisten Elkargoen Kontseilu Nagusiaren aurrean Elkargoaren kontseilari-ordezkariak izango direnak aukeratu eta ordezkatzeko.
Alderdi interesdunek eskatuta, laudo bidez konpontzea dietista-nutrizionistek gauzatutako lanen egikaritze edo ordainketan agertutako desberdintasunak.
Dietista-nutrizionisten enplegu-maila harik eta handiena izan dadin saiatzea.
Korporazioak dituen helburuetarako beharrezkoak diren lan-batzordeak eta -taldeak eratu, sustatu eta garatzea, eta, horiei, egokitzat jotzen diren ahalmenak esleitzea.
Entitate publiko edo pribatuekin lankidetza-akordioak edo -hitzarmenak egitea, korporazioaren helburuak ahalik eta ondoen betetzeko.
Elkargoaren argitalpenak bakarrak edo aldizkakoak editatzeko erabakiak hartzea, eta, hala behar izanez gero, horien erredakzio- eta zuzendaritza-organoak finkatzea.
Eduki soziosanitarioko alorretan prestakuntza- eta espezifikazio-jarduerak garatzea, bai Elkargoak eratutako Euskal Dietetika eta Nutrizio Eskolaren bidez, bai kudeaketa zuzenerako beste moduren batez, bai beste entitate batzuekin adostutako eran. Ikastetxeak edo unibertsitate-institutuak sortzea sustatu dezake, horien jardunean parte hartuz. r) Lanbideko ordainsarien gida-arauak argitaratzea.
Erakunde publikoen aurrean elkargokideen alde egitea, euren lanbide-jardunean edo jardun horren ondorioz.
Eskabide-eskubideaz baliatzea agintari eta erakundeen aurrean.
2. artikuluan aipatutako tituluei dagozkien ahalmenen ikasketa-planak lantzen parte hartzea.
Dietetika eta Nutrizioa edo horri lotutako alorrak irakasten dituzten unibertsitate eta ikastetxeekin irakaste-maila guztietan lankidetza-akordioak ezartzea.
Programak lantzen parte hartzea; eta enplegu eskaintza publikorako epaimahaietarako kideak izendatzea, dietista-nutrizionisten aditu-titulua eskatzen bada.
Zientzia sanitarioen ikerketa eta irakaskuntza sustatzea.
Administrazio Publikoek eskatutako gaietan txostenak eta irizpenak ematea; eta beren-beregiko eginkizunetarako dietista-nutrizionistak aukeratzea, baldin eta agintariek euren parte-hartzea eskatzen badute.
Jarduera profesionalen kostuen azterketak argitaratzea.
Gobernu Batzordea osoko bilkuran eta batzorde iraunkorrean arituko da, baina egintza oro joko da Batzordeak hartutakotzat.
2. ATALA
HAUTAKETA
Gobernu Batzordea osatzen duten kideak elkargokide guztien artetik aukeratuko ditu Batzar Orokorrak. Botazioa unibertsala, librea, zuzenekoa eta sekretua izango da, atal honetako gainerako aginduetan ezarritako moduan.
Agintaldiak iraungi ostean, Gobernu Batzorde guztia eraberritzeko hauteskundeak egingo dira, 59. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.
Batzar Orokor osoa eraberritzeko hauteskundeak 70. artikuluan ezarritakoaren arabera egingo dira, hain zuzen ere, kargu-uzte baten ondorioz, hauteskunde aurreratuak egin behar badira 3. atalari jarraiki.
Gobernu Batzordeari dagokio Gobernu Batzorderako hauteskundeetarako deialdia egitea, eta eskumen hori ezin zaio beste organoren bati esleitu, ez eta eskuordetu ere.
55.1 artikuluan aipatzen diren lau urteak amaitu baino hiru hilabete lehenago, Gobernu Batzordeak batzorde osoa eraberritzeko hauteskundeetarako deia egingo du, gutxienez, bozketa baino sei aste lehenago. Eta hauteskundeak lau urteko epe hori amaitu baino bi aste lehenago, behintzat, egin beharko dira.
Deialdia, egin eta bost egun balioduneko epean bideratu behar da, elkargokideei jakinarazteko.
Hauteskunde Batzordea honela egongo da osatuta: lehendakaria, ateratzera doan Gobernu Batzordeak aukeratuko duena, ospe handiko dietista-nutrizionisten artetik; eta lau batzordekide, deialdiaren aurreko hamar urteetan Gobernu Batzordeko kide izan direnen artetik zozketaz aukeratutakoak, eta, horrela ez bada, botoa emateko eskubidea duten guztien artetik. Helburu horretarako, bi batzordekide titular eta beste bi ordezko hautatuko dira, zeinek honen aurretik aipatutakoen karguak ordezkatuko baitituzte egoera hauetan: uko eginez gero, hutsik, gaixo eta absente egonez gero, edo legezko eragozpenen bat dela-eta.
Hauteskunde Batzordeko kide titular edo ordezko izatea ez da bateragarria hautagai-zerrenda baten proposamen-egile, hautagai, kontu-hartzaile edo ordezkari izatearekin.
Batzordekideak aukeratzeko ekintza hauteskundeen deialdirako erabakia hartu ondorengo hiru egun baliodunen barruan burutuko da.
Batzordekide horiek aukeratu eta hurrengo bi egun baliodunen barruan Hauteskunde Batzordeko kide guztiei egingo zaie deia, organo hori eratu ahal izateko.
Hauteskunde Batzordeak Gobernu Batzordea erabat eraberritzeko hauteskundeei buruzko eskumen guztiak ditu esleituta, atal honetan beste organo bati aitortutakoak izan ezik.
Botoa emateko eskubidea duten elkargokideen errolda Elkargoaren egoitzan egongo da ikusgai, hauteskunde-prozesuaren deialdia egin eta hurrengo egun baliodunetik aurrera, eta halaxe egongo da, etenik gabe, botazio egunera arte.
Egun horren ondorengo astean erreklamazioak aurkeztu ahal izango zaizkio Hauteskunde Batzordeari, zeinak ebatzi egingo baititu, erreklamazioa aurkeztu eta hiru egun balioduneko epean. Ebazpenek hasieran agerian jarritako errolda aldatzen badute, errolda horrekin batera argitaratuko dira.
Honako baldintza hauek bete beharko ditu hautagai-zerrenda bakoitzak:
Elkargokideak Euskal Autonomia Erkidegoan kolegiatuta egon behar dute.
Hautagaiek izen osoa eta helbidea adierazi behar dute, eta zehaztu egin behar dute bete nahi dituzten karguak zeintzuk diren. Zehazpen hori egiten ez badute, Lehendakaritzara aurkezten direla ulertuko da.
Ondoren aipatzen direnak ezingo dira hautagai izan: Diputatuen Kongresuko, Senatuko, Eusko Legebiltzarreko, autonomia erkidegoen legebiltzarretako eta lurralde historikoetako batzar orokorretako kideak; Gobernuko presidentea, presidenteordea, ministroak, estatu idazkariak, estatuko idazkariordeak, idazkariordearen maila duten idazkari orokorrak eta Estatuko Administrazioko idazkari orokor teknikoak; lehendakaria, lehendakariordeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailburuak, sailburuordeak eta zuzendariak, eta beste autonomia erkidego batzuetako kargu antzekoak; lurralde historikoetako ahaldun nagusiak, ahaldunorde nagusiak, foru ahaldunak eta zuzendariak.
Aurreko 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako baldintza guztiak betez gero, Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrenda bakoitza aldarrikatuko du, proposamena aurkezteko epea amaitu ondorengo bi egun baliodunen barruan. Baldintza horietakoren bat beteko ez balitz, hautagai-zerrenda baztertuko du, eta ezingo da zuzenketarik egin.
Aldarrikatutako hautagaien zerrendak eta botoa postaz emateko behar diren agiriak elkargokideei bidaliko dizkie Hauteskunde Batzordeak, aldarrikapena egin eta hurrengo astearen barruan.
Hautagaiek uko egin ahal izango diote hautaketa-prozesuan sartzeari, bozketa-eguna baino hiru egun lehenago arte bozketa-eguna kanpo utzita.
Kargu bakoitzerako hautagai-zerrenda bakarra aldarrikatuko balitz, bertan jasotako hautagai guztiak hautatuko lirateke, bozketa egin barik.
Egoera hori adierazi egingo da 62.4 artikuluaren arabera egingo den jakinarazpenean. Eta ondoren, karguaz jabetu eta euren eginkizunei ekingo diete, 68. artikuluan jasotako moduan.
Bestela, hurrengo artikuluetan hauteskunde kanpainari, bozketari, boto-zenbaketari eta emaitzei, eta hauteskundeetako gorabeherei eta errekurtsoei buruz xedatutakoa bete beharko da.
Hauteskunde-programa inprimatu eta igorri dezakete aldarrikatutako hautagai-zerrendek, betiere, Hauteskunde Batzordeak ezarritako mugekin.
Bozketarako egunean Hauteskunde Batzordea eratuko da; hauteskunde-mahaiaren eginkizunak izango ditu, alegia, deialdian adierazitako lokalean egingo den bozketa-prozesuaren buru izango da. Hauteskunde Batzordeko kideak bozketatik atera daitezke, behin-behinekoz; hala ere, euretako bik beti egon beharko dute bertan.
Honako modu hauetakoren batez eman beharko da botoa:
Elkargokide bakoitzak bere botoa eman ahalko du bozketarako jarritako ordutegiaren barruan (gutxienez, bi ordu), artikulu honetako gainerako xedapen aplikagarrien arabera.
Euren botoa postaz ere bidali ahal izango dute, hain zuzen ere, boto-txartela barruan duen kartazal itxia Elkargora bidalita. Kartazal hori beste kartazal izenpetu eta itxi baten barruan egongo da, non elkargokide bidaltzailearen izena eta zenbakia jasoko baitira. Postaz bidalitako kartazalak eta boto-txartelak Elkargoak jarritako eredu uniformeari egokituko zaizkio kolorean eta formatuan, eta Elkargoan egon behar dute bozketa amaitu aurretik eta hautagaiak aldarrikatu ondoren. Ondorio horretarako, liburu batean erregistratuko dira izenpeak erkatu ondoren jasotako kartazalak, Elkargoko idazkari orokorraren edo horren eginkizunak eskuratzen dituenaren kargura, hain zuzen ere. Gerta daitezkeen gorabeherak jaso egingo dira, hautagaiek edo ikuskatzaileek bozketa egunean egiazta ditzaten.
Behin hauteskunde-mahaia eratuta, adierazitako orduan hasiko da bozketa, eta mahaiko kide batek egiaztatuko du boto-emaileak bozketan parte hartzeko duen eskubidea eta, ondoren, helburu horretarako emandako kartazalean sartutako boto-txartela hautestontzian sartuko da. Hautestontzi bat edo gehiago gaitu daitezke, eta horien artean banatuko dira hautesleak, hurrenkera alfabetikoan. Hautestontzi bakoitzaren kargura beti egongo da mahaiko kide bat. Hautesleek eskuragarri izango dituzte boto-txartelak hautagai-zerrenda bakoitzaren kideen izenak jasoko dituztenak, baita txartel horiek sartzeko bozketa-kartazalak ere.
Hautagai-zerrenda bakoitzak hiru ikuskatzaile aukera ditzake. Aukeraketa horretaz aparte, hautagaiek ere bozketa-prozesuan jardun ahal izango dute. Hautagai-zerrendetako hautagai edo ikuskatzaile bakoitzak beti joan ahal izango du hitz egiteko eskubidez eta botorik gabe hauteskunde-mahaiko bilkuretara. Mahai horri aurkez diezazkioke bere eskabideak edo erreklamazioak, eta bidezkotzat jotzen dituen aipamenak aktan jasoarazi ditzake, bozketaren jarduna eten gabe.
Hautesle bakoitzak boto bakarra eman dezake; hautagai bat hauta dezake, karguko eta postuko.
Bertaratuta emandako botoak indargabetu egiten du aldez aurretik postaz bidalitako botoa. Hautesle berak bidalitako boto bat baino gehiago eskuratuz gero, lehenengo jasotakoa baino ez da zenbatuko.
Bozketa amaitu ondoren, postaz jasotako boto baliodunak onartuko dira. Bidalketarako kanpoko kartazala irekiko da eta hautestontzian barruko kartazala boto-txartela duena sartuko da.
Baliogabetzat joko dira, modu ez ofizialean emandako botoak, edo boto-emaileak egindako hautaketa argitasunez jakitea eragozten duten gehikuntzak, emendakinak edo aldaketak dituztenak; baliogabetzat joko dira, halaber, bozketa-kartazalean hautagai-zerrenda batena baino gehiagoren txartelak jasotzen dituztenak.
Balioduna izango da botoa kartazalean hautagai-zerrenda bereko txartel bat baino gehiago badaude; baina boto bakarra zenbatuko da.
Balioduna izango da, baita ere, baztertu diren edo aldarrikatu ez diren hautagaiak jasotzen baditu, baina jarraitzen duten hautagaiei emandako botoa baino ez da zenbatuko.
Bozketa amaitu eta segidan egingo da zenbaketa. Bozketako kartazala zabaldu eta ozenki irakurriko da txartelaren edukia.
Zenbaketa amaitu ostean, aurkeztu direnetatik aldeko botorik gehien lortu duen hautagai-zerrenda hautatuko da.
Ildo horretatik, aldarrikapen horren adierazgarri den akta egingo da, honako xehetasun hauek jasoko dituena: hautesleek, hautagaiek, mahaiko kideek eta hautagai-zerrendetako ikuskatzaileek aurkeztutako erreklamazioak; horretaz mahaiak hartutako ebazpena; hautesleen, emandako botoen, boto baliodunen, baliogabeen eta zuriz emandakoen erabateko kopurua; eta hauteskunde-amaierako emaitza, zerrenda bakoitzarena. Hautagai-zerrenda bakoitzeko kide batek edo horren ordezkariak, hori ordezkatzen duenak edo ikuskatzaileak, eta mahaiko kideek izenpetuko dute akta. Erreklamazioren bat izan duten boto-txartelak edo -kartazalak atxikiko zaizkio aktari, baldin eta atxikitzeko eskatu bada. Gorabeherarik izan ez duten gainerako botoak apurtu egingo dituzte Elkargoko administrazio-zerbitzuek.
Euskal Autonomia Erkidegoan elkargoen alorrean dagoen legeriarekin bat etorriz, izendapenak jakinaraziko zaizkio justiziaren alorrean eskumena duen sailari, hain zuzen ere, 10 egun balioduneko epean.
Hauteskunde Batzordeari dagokio hauteskunde-prozesuko gatazkak eta gorabeherak lehenengo auzialdian ebaztea.
Hauteskunde Batzordearen erabakien aurka, errekurtsoa aurkez dakioke Dietista-Nutrizionisten Elkargoen Kontseilu Nagusiari, jakinarazpena egin eta hiru egun balioduneko epean; eta aipatutako Kontseilu Nagusi hori eratuta ez badago, berriz, eskumena duen administrazio-erakundeari aurkez dakioke errekurtsoa. Errekurtsoa aurkezten denetik bost egun baliodun igaro ondoren, ez bada berariazko ebazpenik jakinarazi administrazioaren isiltasuna dela-eta, ezetsitzat joko da, eta horrekin amaitu egingo da korporazioaren bidea. Ustezko egintza hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren arabera arautuko da.
Hauteskunde Batzordearen aurrean aurkeztuko dira errekurtsoak, zeinak, bere txostenarekin batera, Dietista-Nutrizionisten Elkargoen Kontseilu Nagusira bidaliko baititu hurrengo egun baliodunean.
Aurreko artikuluan errekurtsoa aurkezteko ezarritako epea emaitzak aditzera ematen direnetik aurrerakoa igaro ondoren, ez bada ezelango errekurtsorik aurkeztu, edo, aurkeztu arren, Elkargoaren bidean ezesten bada beren-beregi edo isilbidez, hautagai-zerrenda irabazleko hautagaiak karguaz jabetu ahal izango dira.
63. artikuluari dagokionez, aurreko artikuluan errekurtsoa aurkezteko ezarritako epea hautagai-zerrenda aldarrikatzen denetik aurrerakoa igaro ondoren, ez bada ezelango errekurtsorik aurkeztu, edo, aurkeztu arren, Elkargoaren bidean ezesten bada beren-beregi edo isilbidez, hautagai-zerrenda irabazleko hautagaiak karguaz jabetu ahal dira.
55.1 artikuluan aipatzen den lau urteko epea amaitzen den egunean edo hurrengo egun naturalean jabetuko dira karguaz, eta aukeratutakoen eginkizunak azken egun horretan hasiko dira beti.
Aurreko faseetako epeen erritmoaren ondorioz, ezinezkoa izango balitz 3. paragrafoan esandakoa betetzea, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako egunen hurrengo astean jabetuko dira karguaz, eta justu orduantxe hasiko dira eginkizunak.
Gobernu Batzordeko postuetan 55.1 artikuluan adierazitako lau urteak amaitu bitartean sortzen diren hutsuneak, Gobernu Batzordeak jarraian adieraziko diren arauei jarraiki izendatzen dituen elkargokideek beteko dituzte:
Hautagai izateko, 62.1.e) artikuluan aipatzen den baldintza bete beharko du aukeratutakoak.
Gobernu Batzorde osoak aukeratutakoa barne bete beharko ditu 62.1.b artikuluan hautagaitzarentzat ezarritako baldintzak.
Gobernu Batzordekoek euren karguak utzi eta, horren ondorioz, hauteskundeak aurreratu behar badira 3. atalean finkatutakoaren arabera, 59. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da, salbuespen bakar batekin: 55.1 artikuluan adierazten den lau urteko epearen ordez, hiru hileko epearen erreferentzia agertuko dela, kargu-uzte hori gertatu eta biharamunetik aurrera.
3. ATALA
KARGUA UZTEA
Ondoren adierazten diren egoeraren baten eraginez utziko dituzte euren karguak Gobernu Batzordeko kideek:
Agintaldia amaitzea, 55. artikuluan adierazitako moduan.
Dimisioa.
Elkargoak jarritako konfiantza galtzea, 73. artikuluan ezarritako moduan.
Hutsuneak sortzea, 74. artikuluan ezarritako moduan.
Dimisiorako ez da behar Elkargoko organoen onarpenik, eta Elkargoko lehendakariari jakinarazten zaionetik aurrera izango da eragingarria.
Dimisiotzat joko da Gobernu Batzordeko kide bat, inolako aitzakia edo justifikaziorik aurkeztu gabe, osoko bilkurako hiru bileratara, segidan, ez joatea. Dimisioa, hala ere, burututzat joko da baldin eta, Elkargoko lehendakariak horretarako eskabidea egin eta, errekerimendu horren jakinarazpena eskuratu ondorengo hamar egunen barruan, ez badu aitzakia edo justifikaziorik agertu. Bestela, ez da arrazoi horrengatik dimisiorik gauzatuko.
Aurreko paragrafoan adierazitako modu berean joko da dimisiotzat Gobernu Batzordearen batzorde iraunkorraren hiru bileratara, segidan, ez joatea; eta paragrafo horretan aipatutako arau guztiak aplikatuko dira, salbuespenik gabe.
Elkargoaren konfiantza galduz gero utziko dituzte euren karguak Gobernu Batzordekoek, baldin eta konfiantza hori artikulu honetan xedatutakoaren arabera ukatzen bada.
Gobernu Batzordearen ebazpenez edo elkargokideen % 15ak eskatuz gero bozkatuko da, Aparteko Batzar Orokorrean, Gobernu Batzordearen kudeaketan elkargokideek duten konfiantza. Batzorde osoari eragingo dio beti botoak.
Batzordearen kudeaketari konfiantza ukatzeko, horretarako emandako botoen erdiak gehi batek onartu beharko dute; eta boto horiek, deialdia egiterakoan botoa emateko eskubidea duten elkargokideen % 25, behintzat, ordezkatu behar dute.
Aurreko paragrafoaren arabera konfiantza ukatzea onartzen den unean bertan burututzat joko da kargu-uztea.
Gobernu Batzordeko kideek euren karguei uzteak ondokoa dakar: berriro egin beharko dira hauteskundeak Gobernu Batzorde osoa eraberritzeko, 70. artikuluan aurreikusitako hauteskunde-erregimenaren arabera.
Gobernu Batzordekoek euren karguak utziko dituzte, baldin eta, Batzordean izandako hutsuneen ondorioz, aurreko hauteskunde-prozesuaren ondoriozko kide kopurua Gobernu Batzordeko kide guztien erdia baino txikiagoa bada, kontuan hartu gabe hutsuneek bere horretan dirauten edo bete egin diren 69.2 artikuluko sistemaren arabera.
Kargu-uzte hori burututzat joko da aurreko 1. paragrafoan aurreikusitako kargu-uztea dakarren hutsunea gertatzen denean.
Gobernu Batzordeko kideek euren karguei uzteak ondokoa dakar: berriro egin beharko dira hauteskundeak Gobernu Batzorde osoa eraberritzeko, 70. artikuluan aurreikusitako hauteskunde-erregimenaren arabera.
4. ATALA
GOBERNU-BATZORDEAREN OSOKO BILKURA
Gobernu Batzordeko kide guztiek honen aurretik aipatutakoek osatzen dute Gobernu Batzordearen Osoko bilkura.
Gobernu Batzordearen Osoko Bilkura 56. artikuluan Gobernu Batzordeari esleitutako eskumen guztiez balia daiteke.
Gobernu Batzordearen Osoko Bilkurarako deia egiteko ahalmena lehendakariak du. Lehendakariak, baina, Gobernu Batzordearen Osoko Bilkurarako deia egin beharko du kideen % 20ak eskatzen badio eta, aldi berean, aztergaien berri ematen bada.
Deialdiekin batera gai-zerrenda, eta bilerarako lekua, eguna eta ordua adieraziko dira. Aurreko paragrafoan aipatutako eskabidean aditzera emandako gaiak jaso beharko ditu deialdiak.
Deialdia honela jakinaraziko da: zuzenean elkargokideen helbideetan Elkargoan jasota daudenetan, postaz, mezularitza-zerbitzuz edo antzeko bideren batez; dagokion bilera egin baino 72 ordu lehenago, behintzat, jakinarazi behar da, non eta urgentziazkoa ez den (kasu horretan, nahikoa izango da 24 ordu lehenago jakinaraztea).
Deialdiarekin batera, gai-zerrendako aztergaiei buruzko agiriak ere aurkeztu beharko dira, nahiz eta agiriok Elkargoaren egoitzan ere egongo diren, Gobernu Batzordeko kideen eskura.
Gobernu Batzordeko Osoko Bilkura urtean lau bider, behintzat, bilduko da, alegia, hiru hilean behin.
Elkargoaren egoitzan egingo da bilera, deialdian ez bada beste leku bat beren-beregi adierazten.
Elkargoko lehendakaria eta idazkaria izango dira Gobernu Batzordearen Osoko Bilkurako lehendakari eta idazkari.
Gobernu Batzordeko kide guztiek dute Osoko Bilkurako bileretara joateko eskubidea eta beharra. Hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izango dute.
Kideek eurek azaldu beharko dute, hau da, ezingo dute inor bidali euren ordez.
Osoko Bilkurako lehendakariak ahalmena du enpresako kudeatzaileei, zuzendariei eta gainerako teknikariei Osoko Bilkurara joan daitezen eskatzeko. Pertsona horietaz gain, alor juridiko, ekonomiko, sanitario edo bestelakoetan aholkuak edo argibideak emateko egokitzat jotzen dituztenei ere eska diezaieke Osoko Bilkuretara joan daitezen.
Dietista-nutrizionisten Elkargoetako Kontseiluan kontseilari izateko Elkargoak aukeratutakoek ere joan daitezke Bilkurara, hitz egiteko eskubidez baina botorik gabe, baldin eta Gobernu Batzordean ez badute beste kargu bat betetzen.
Gobernu Batzordearen Osoko Bilkura baliotasunez eratuko da, beti ere bere kideen erabateko gehiengoak parte hartzen badu bilkuran.
Nolanahi ere, Gobernu Batzordeko Osoko Bilkura baliotasun osoz eratuko da, baita ere, deialdian jarritako ordua baino orduerdi geroago, Osoko Bilkurako kideen erdia gehi bat azaltzen badira, baldin eta horien artean lehendakaria edo hura ordezkatzen duena badago. Arau honen eraginkortasunak ez du eskatzen deialdian agertzerik, eta aukera hori inplizitutzat joko da estatutu hauen eraginkortasunagatik beragatik.
Batzar Orokorrari buruz 50. artikuluan xedatutakoa izango da aplikagarri.
Batzar Orokorrari buruz 51. artikuluan xedatutakoa izango da aplikagarri.
Bilkurako lehendakariak kalitatezko botoa izango du berdinketak ebazteko.
Batzar Orokorrari buruz 52. artikuluan xedatutakoa izango da aplikagarri.
5. ATALA
GOBERNU-BATZORDEKO BATZORDE IRAUNKORRA.
Gobernu Batzordeko Batzorde Iraunkorra ondokoek osatuko dute: lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, diruzainak eta Atal Batzorderik egonez gero, horien lehendakariek.
Gobernu Batzordeko Batzorde Iraunkorrak 56. artikuluan esleitu zaizkion eskumen guztiak bete ditzake, eta horren baliotasuna eta eraginkortasuna Batzar horretako Osoko Bilkuraren berberak izango dira, hurrengo paragrafoan adieraziko den salbuespena salbuespen.
Batzorde iraunkorrak, hala ere, Gobernu Batzordeko Osoko Bilkurari eman beharko dio berak hartutako erabakien berri, egingo duen hurrengo bilkuran berretsiak izan daitezen. Gobernu Batzordearen Osoko bilkurak Batzorde Iraunkorraren erabakia ez berresteko berariazko erabakia hartzen badu, momentu horretan bertan ezeztatu egingo da eta indarra galduko du.
Batzorde Iraunkorrak bera arautzen duen erregelamenduari egokituko dio bere funtzionamendua, eta erregelamendu horren osagarria izango da: Gobernu Batzordearen Osoko Bilkurarentzat Estatutu hauetako 77. artikulutik 83.era xedatutakoa.
4. KAPITULUA
ELKARGOKO LEHENDAKARITZA ETA ELKARGOKO BESTE ZENBAIT ORGANO
Elkargoko lehendakari-karguaren titularra izango da:
Hauteskunde-prozesuan aukeratu den hautagai-zerrendan izaera horrekin ageri dena.
Hutsik gelditzen bada, Gobernu Batzordeak horretarako izendatzen duena, hain zuzen ere, hauteskunde-prozesuan zehar bozkatuenak izan diren hiru kideen artetik.
Titularitatea eskuratzeko erabilitako bidea edozein izanda ere, lehendakariak bere kargua utzi beharko du, honako egoera hauetan:
Gobernu Batzordeko kide bezala bere agintaldia amaitzea. Gero berriro ere kide izateko hautatu edo aukeratzen badute, ez da berriro lehendakari bihurtuko.
Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik hara izango du indarra dimisioak, organo horretako kide modura jarrai dezakeen arren.
Gobernu Batzordearen erabakiz, kargutik kentzea, organo horretako kide izaten jarrai dezakeen arren.
Elkargoko lehendakaria Elkargoko lehendakariordeak edo haren ordezkoak ordezkatuko du ondoko kasu hauetan: postua hutsik dagoenean, lehendakaria gaixo edo absente dagoenean, edo legezko eragozpenen bat duenean. Eta lehendakariaren eskumen berberak izango ditu lehendakariordeak.
Gobernu Batzordeko kide izateagatik dagozkion eskumenez gain, Elkargoko lehendakariak, honako hauek ere baditu esleituta:
Gobernu Batzordearen eta Elkargoko beste organo batzuen erabakiak bete eta betearaztea.
Elkargoa bera eta Gobernu Batzordea ordezkatzea, artikulu honetako 5. paragrafoan esandako moduan.
Estatutu hauetako 56.3 o) eta v) artikuluan adierazitakoak, lankidetza-erabakiei edo -hitzarmenei buruzkoak, Gobernu Batzordeak ere bereganatuta izan ditzakeen arren. Lehendakaritzak Gobernu Batzordeari jakinarazi behar dio eskumen horretaz baliatzen den bakoitzean, eskumen horren erabilera baliozkoa edo eraginkorra izan ala ez.
Estatutu hauetan jasota egon eta karguari dagozkionak.
Elkargoaren eta Gobernu Batzordearen legezko ordezkaritza hartzen du bere gain lehendakariak, pertsona ororen aurrean izan pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak zein pribatuak, eta horiei dagozkien jarduera orotan. Hala ere, honako arau hauek hartuko dira kontuan:
Lehendakariak, Elkargoaren edo Gobernu Batzordearen ordezkaritzan, egintza edo kontraturen batean parte hartzen badu, eta egintza edo kontratu horiei buruzko ebazpena edo baimena Elkargoko beste organo batzuei badagokie, ez da euren ordezkaritza-eskumena aldatuko, baina Elkargoko organo eskumendunek ebazpen edo erabaki hori hartu izanaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Lehendakariak kontratuak edo hitzarmenak izenpetu ahal izango ditu Elkargoaren izenean, betiere, estatutu hauen arabera eskumenduna den Elkargoko organoak izenpetzeko baimena eman badu.
Auzietan, espedienteetan, administrazio- eta gobernu-arazoetan, arazo judizialetan eta izaera publikoko bestelakoetan, Elkargoak parte hartzen badu, demandatzaile edo demandatu legez, edo beste moduren batean, lehendakariak ez du Elkargoa eta Gobernu Batzordea ordezkatzeko eskumena bakarrik izango, gauzatu beharreko egintzak erabakitzeko edo, behar izanez gero, pertsonatzeko eskumena ere izango du, eta ondorio guztiekin, gainera, nahiz eta gero Gobernu Batzordeak berretsi egin beharko duen.
Elkargoko lehendakariorde-kargua bere gain hartuko du:
Hauteskunde-prozesuan aukeratu den hautagai-zerrendan izaera horrekin ageri denak.
Kargua hutsik geratzen bada, Gobernu Batzordeak hartarako izendatzen duenak, hain zuzen ere, hauteskunde-prozesu horretan zehar botorik gehien lortu dituzten hiru kideen artetik.
Karguaz eskuratzeko modua edozein dela ere, lehendakariordeak kargua utzi beharko du, honako egoera hauetakoren bat agertuz gero:
Gobernu Batzordeko kide bezala bere agintaldia amaitzea. Gerora Gobernu Batzordeko kide izateko hautatu edo aukeratzen bada ere, ez da berriro lehendakariorde bihurtuko.
Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik hara izango du indarra dimisioak, organo horretako kide izaten jarraitu dezakeen arren.
Gobernu Batzordearen erabakiz kargutik kentzea, organo horretako kide izaten jarraitu dezakeen arren.
Lehendakariordea Gobernu Batzordeko kideek ordezkatuko dute ondoko kasu hauetan: postua hutsik dagoenean, lehendakaria gaixo edo absente dagoenean, edo legezko eragozpenen bat duenean; eta lehendakariordearen eskumen berberak izango dituzte. Hautagai-zerrendaren hurrenkeran ordezkatuko da, edo, bestela, Gobernu Batzordean sartu zireneko eguna hartuko da kontuan.
Elkargoko lehendakariordeak, Gobernu Batzordeko kide izateagatik dagozkion eskumenez gain, honako hauek ere baditu esleituta:
Lehendakaria ordezkatzea, 87.4 artikuluaren arabera.
Lehendakariarekin batera lan egitea, hari dagozkion eskumenak gauzatzerakoan eta horretarako eskabidea egiten zaionean.
Estatutu hauetan jasota egon eta berari dagozkion eskumenak.
Idazkari-karguaren titularra izango da:
Hauteskunde-prozesuan aukeratu den hautagai-zerrendan izaera horrekin ageri dena.
Hutsik gelditzen bada, Gobernu Batzordeak horretarako izendatzen duena, hain zuzen ere, hauteskunde-prozesuan zehar bozkatuenak izan diren hiru kideen artetik.
Idazkariak utzi egin beharko du bere kargua, honako egoera hauetakoren bat gertatuz gero:
Gobernu Batzordeko kide bezala bere agintaldia amaitzea. Gero berriro ere kide izateko hautatu edo aukeratzen badute ere, horrek ez du esan nahi idazkari bihurtuko denik.
Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik hara izango du indarra dimisioak; baina horrek ez du esan nahi organo horretako kide modura ezin duenik jarraitu.
Gobernu Batzordearen erabakiz, kargutik kentzea, organo horretako kide izaten jarrai dezakeen arren.
Idazkariaren kargua hutsik dagoenean, idazkaria gaixo edo absente dagoenean, edo legezko eragozpenen bat duenean, Elkargoko Gerentziak ordezkatuko du idazkaria hark zituen eskumen guztiekin, eta, ondoren, Gobernu Batzordeak izendatzen duenak. Gobernu Batzordeko kide izateagatik dagozkion eskumenez gain, Elkargoko idazkariak, honako hauek ere baditu esleituta:
Akta-liburuen ardura eta Elkargoko zigilu eta agiri ofizialen zaintza. Gobernu Batzordearen erabakiak betez, ziurtagiriak eta jakinarazpenak emango ditu, bere kabuz edo gaitutako norbaiten bidez. Datu pertsonalak babesteari dagokionez, Elkargoak indarrean dagoen legeria betetzeaz arduratuko da.
Estatutu hauetan jasota egon eta berari dagozkion eskumenak.
Elkargoko diruzain-karguaren titularra izango da:
Hauteskunde-prozesuan aukeratu den hautagai-zerrendan izaera horrekin ageri dena.
Hutsik gelditzen bada, Gobernu Batzordeak horretarako izendatzen duena, hain zuzen ere, hauteskunde-prozesuan zehar bozkatuenak izan diren hiru kideen artetik.
Diruzainak utzi egin beharko du bere kargua, honako egoera hauetakoren bat gertatuz gero:
Gobernu Batzordeko kide bezala bere agintaldia amaitzea. Gero berriro ere kide izateko hautatu edo aukeratzen badute ere, ez da berriro ere diruzain bihurtuko.
Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik hara izango du indarra dimisioak; baina horrek ez du esan nahi organo horretako kide modura ezin duenik jarraitu.
Gobernu Batzordearen erabakiz, kargutik kentzea, organo horretako kide izaten jarrai dezakeen arren.
Diruzainaren kargua hutsik badago, diruzaina gaixo edo absente badago, edo legezko eragozpenen bat badu, Gobernu Batzordeak izendatuko du hura ordezkatuko duena, eta diruzainaren eskumen guztiak izango ditu.
Elkargoko diruzainak, Gobernu Batzordeko kide izateagatik dagozkion eskumenez gain, honako hauek ere baditu esleituta:
Elkargoko funtsak biltzea, zaintzea eta administratzea.
Lehendakaritzak agindutako ordainketak egitea.
Aldian-aldian azaltzea sarreren eta gastuen kontua, eta urtero azaltzea amaitutako ekitaldi ekonomikoari dagozkion kontuak.
Gobernu Batzordeak Batzar Orokorrean onartzeko aurkeztu behar dituen urteko aurrekontuak idaztea.
Bankuko kontuetara dirua sartzea eta kontu horietatik dirua ateratzea, lehendakariarekin batera.
Elkargoaren ondasunen inbentario zehatza egiteaz arduratzea ondasun horien administratzailea bera izango da.
Kontabilitatea kontrolatzea eta kutxa egiaztatzea.
Elkargoaren kapitalaren interesak eta errentak kobratzea.
Estatutu hauetan jasota egon eta berari dagozkion eskumenak.
Gobernu Batzordeko kideak izango dira parte hartutako hurrenkeraren arabera:
Hauteskunde-prozesuan aukeratu den hautagai-zerrendan izaera horrekin ageri direnak.
Hutsik gelditzen bada, Gobernu Batzordeak hartarako izendatzen duena.
Batzordekideek, Gobernu Batzordeko kide legez dagozkien eskumenez gain, Estatutu hauetan jasota egon eta eurei dagozkien eskumenak dituzte esleituta.
Gobernu Batzordeak eskumena izango du Elkargoa koordinatzeko eta/edo kudeatzeko pertsona bat izendatzeko, eta ordaindu egingo zaio kargu horretan aritzen denari. Koordinazio- eta kudeaketa- lanak Gobernu Batzordeak zehaztuko ditu.
Elkargoko gerente-karguaren titularra izango da lanpostu horretarako Gobernu Batzordeak aukeratzen duena; nolanahi ere, Gobernu Batzordea osatzen duten kideek ezingo dute gerente izan.
Gerenteak utzi egin beharko du bere kargua, honako egoera hauetakoren bat gertatuz gero:
Dimisioa, Lehendakaritzari jakinarazten zaionetik eraginkorra izango dena.
Gobernu Batzordeak hartutako erabakiz kargutik mugiaraztea.
Lehendakariak izendatuko du nork ordezkatuko duen gerentea ondoko kasu hauetan: postua hutsik badago, gerentea gaixorik, absente edo legezko eragozpenen baten baitan badago.
Elkargoko Gerentziak eskumen hauek ditu esleituta:
Elkargoko teknikarien eta administrazioko langileen zuzendaritza.
Elkargoaren funtzionamendu administratiboa eta bere lan-batzordeen jarduera koordinatzea.
Ekonomia- eta finantza-jarduera koordinatzea.
Gobernu Batzordearen erabakiak interesdunei jakinaraztea.
Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzordearen erabakiak gauzatu eta gauzaraztea, Elkargoko lan-batzordeen jarduera koordinatuz.
Estatutu hauetan jasota egon eta berari dagozkion eskumenak.
5. KAPITULUA
ATAL BATZORDEAK.
Lurralde historiko bakoitzaren esparruan, izendatu zaizkion eskumenak lantzen dituen organoa da Atal Batzordea.
Atal Batzorde bakoitzaren kide kopurua Gobernu Batzordeak erabakiko du.
Atal Batzordeko kideak:
62.1.d) artikuluan aipatzen den Atal Batzordeko lehendakaria.
Atal Batzordeko lehendakariak egindako proposamenez, Gobernu Batzordeak aukeratutako pertsonak.
Atal Batzordeko lehendakari-karguaren iraupena 55. artikuluan adierazitakoa da.
Atal Batzorde bakoitzeko gainerako kideek euren kargua utzi beharko dute, honako egoera hauetakoren bat gertatuz gero:
Dagokion Ataleko lehendakariak bere kargua uzten badu.
Dimisioa, Atal Batzordeko lehendakariari jakinarazten zaionetik eraginkorra izango dena.
Atal Batzordeko lehendakariak proposamena eginda, Gobernu Batzordeak hartutako erabakiaz kargutik mugiaraztea.
Atal Batzordeek eurei esleitutako eskumenak gauzatuko dituzte.
Atal Batzordeek, eurak arautzen dituen Erregelamenduari egokituko diote euren funtzionamendua, eta Gobernu Batzordeko Osoko Bilkurarentzat estatutu hauetako 77-83 artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da modu osagarrian.
Atal Batzordeko lehendakari-karguaren titular honako hauek izan daitezke:
Hauteskunde-prozesuan aukeratu den hautagai-zerrendan izaera horrekin ageri dena.
Hutsik geldituz gero, Gobernu Batzordeak bere kideen artetik zehazki, hauteskunde-prozesuan bozkatuenak izan diren hiru kideen artetik izendatutakoa; hortaz, baztertu egingo dira, gerora hutsuneak betetzeko izendatu direnak. Modu horretan izendatutakoak, gainera, kasuan kasuko atal batzordeari dagokion lurralde historikoan egon beharko du kolegiatuta.
Titularitatea eskuratzeko modua edozein dela ere, Atal Batzorde bakoitzeko lehendakariak bere kargua utzi beharko du, honako egoera hauetakoren bat agertuz gero:
Gobernu Batzordeko kide bezala bere agintaldia amaitzea. Gero berriro ere kide izateko hautatu edo aukeratzen badute, horrek ez dakar Atal Batzordeko lehendakari bihurtzerik.
Gobernu Batzordeari jakinarazten zaionetik hara izango du indarra dimisioak; baina horrek ez du esan nahi organo horretako kide modura ezin duenik jarraitu.
Gobernu Batzordearen erabakiz, kargutik kentzea, organo horretako kide izaten jarraitu dezakeen arren.
Postua hutsik badago, lehendakaria gaixorik, absente edo legez eraqotzita badago, atal batzorde bakoitzeko lehendakaria ordezkatuko dute bere eskumen guztiekin Gobernu Batzordea osatzen duten kideen artetik lehendakari horrek -berak jarritako hurrenkeran izendatutakoek, baldin eta kasuan kasuko atal batzordeari dagokion lurralde historikoan badaude kolegiatuta.
Atal Batzordeko lehendakariak, Gobernu Batzordeko kide gisa dagozkion eskumenez gain, honako hauek ere baditu esleituta:
Gobernu Batzordearen eta Elkargoko beste organo batzuen erabakiak bete eta betearaztea, Atal Batzordeari dagokion esparruaren barruan.
Atal Batzordeko buru izatea.
Estatutu hauetan jasota egon eta berari dagozkion eskumenak.
6. KAPITULUA
BATZORDEAK ETA LANTALDEAK.
Batzordeak eta lantaldeak eginkizun zehatz batzuk betetzeko sortzen dira, eta ez dute ebazpen ahalmenik, ez bada horiei buruzko xedapen arautzaileek besterik ezartzen dutela.
100. artikulua. Sorrera.
Gobernu Batzordeari dagokio batzordeak edo lantaldeak sortzea, euren lurralde eremua zeinahi delarik ere.
101. artikulua. Erregulazioa.
Batzordeak eta lantaldeak, estatutu hauetako 8. artikuluaren babesean eman daitezkeen araudietan xedatukoaren arabera arautuko dira.
7. KAPITULUA
ESKUMENAK ESLEITZEA ETA ESKUORDETZEA.
102. artikulua. Eskumenak esleitzea.
Gobernu Batzordeak bere organoei eslei diezazkieke Elkargoaren eskumenak, eta orain arteko eskumenak alda ditzake, betiere, berak egoki iritzitako moduan.
Estatutu hauetan zenbait organori esleitutako eskumenen inguruan ere gauza daiteke ahalmen hori eta, ondorioz, beste organo batzuei esleitu, honako salbuespen hauekin:
Estatutu hauetan beste organo bati beren-beregi esleigarriak ez direla adierazitako eskumenak.
Hauteskunde Batzordearenak.
Gobernu Batzordeko lehendakari, lehendakariorde, idazkari, diruzain eta Atal Batzordeetako lehendakariarenak.
Esleipen horren ondorio diren eskumenak, beretzat eskuratuta dituen organoarenak dira, etorkizunean alda daitezkeen arren.
103. artikulua. Eskumenak eskuordetzea.
Elkargoko beste edozein organoren gain eskuordetu ditzake Gobernu Batzordeak bere eskumenak. Gainerako organoek ere eskuordetu ditzakete euren eskumenak beste organo batengan, Gobernu Batzordearen aldez aurreko baimenarekin.
Estatutu hauetan zenbait organori esleitutako eskumenen inguruan ere gauza daiteke ahalmen hori eta, ondorioz, beste organo batzuei esleitu, honako salbuespen hauekin:
Estatutu hauetan beste organo bati beren-beregi esleigarriak ez direla adierazitako eskumenak.
Hauteskunde Batzordearenak.
Gobernu Batzordeko lehendakari, lehendakariorde, idazkari, diruzain eta Atal Batzordeetako lehendakariarenak.
104. artikulua. Errekurtsoak.
Batzar Orokorrak, Gobernu Batzordeak eta lehendakariak emandako egintzek amaitu egiten dute Elkargoko bidea, eta euren aurka administrazioarekiko auzi-jurisdikziora jo daiteke, berorren legeri arautzaileak ezartzen duen moduan.
Elkargoko gainerako organoek emandako egintzak Gobernu Batzordearen aurrean errekurri daitezke; egintza horiek jakinarazi edo argitaratu ondorengo hilean aurkez daitezke errekurtsoak.
Eskumenak eskuordetuz emandako egintzak, eskuordetzea ematen duen organoaren egintzen aurka aurkez daitekeen errekurtsoaren bidez errekurrituko ahal izango dira.
Kide anitzeko organoen erabakiak beroietan parte hartzen dutenek inpugnatu nahi badituzte, erabaki horiek hartutako bilera egunetik aurrera zenbatuko da errekurtsoa aurkezteko epea.
Errekurtsoari buruzko ebazpenak amaitu egiten du elkargoaren bidea, eta horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, jurisdikzio horretako arauekin bat.
Errekurtsoa aurkeztu eta hiru hilabete igaro ondoren, ez bada ezelango ebazpen berariazkorik jakinarazi, ezetsitzat joko da administrazioaren isiltasuna dela-eta, legean aurreikusitako salbuespenetan izan ezik. Presuntziozko egintza azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legez arautuko da.
105. artikulua. Pertsonala.
Gobernu Batzordeak, honako irizpide hauen arabera kontratatuko du Elkargoko pertsonala:
Lehenik eta behin, baldintza berberetan, elkargokideek lehentasuna izango dute.
Elkargoan behin-behinean lanean aritzea meritu gisa baloratuko da.
106. artikulua. Diru-baliabideak.
Elkargoak ahalmen juridiko osoa du ekonomiaren eta ondarearen alorretan jarduteko eta, horrela, bere helburuak bete ahal izateko.
Elkargoaren diru-baliabideak:
Elkargoan sartzeko ohikoak diren kuotak, aldizka ordaintzen direnak eta apartekoak. Batzuen eta besteen zenbatekoa eta maiztasuna Batzar Orokorrak erabakiko ditu, korporazioaren urteko aurrekontuak onartzerakoan. Gobernu Batzordeak, alabaina, kuoten zenbatekoa alda dezake, aldaketa edo berrespen hori Batzar Orokorrak onartzen badu hurrengo urteko aurrekontuetan, betiere.
Agiriak ematetik, izenpeak legeztatzetik, irizpenetatik, laudoetatik eta beste bide batzuetatik lortutako diru-baliabideak.
Elkargokideentzat diren inprimakiak ematetik lortutako diru-baliabideak eta Elkargoaren edizioetatik eta argitalpenetatik lortutakoak.
Perituaren txostenak, irizpenak edo jarduerak ematearren lortutako ordainsariak, elkargoko organoek entitate publikoek edo partikularrek eskatuta zuzenean eskuratutakoak.
Korporazioaren ondareko elementuetatik eratorritako interesak eta errentak.
Pertsona fisiko edo juridikoetatik eskura ditzakeen diru-laguntzak, jaraunspenak edo dohaintzak.
Korporazioari eskuratzea dagozkion gainerako diru-sarrerak.
107. artikulua. Aurrekontuak.
Elkargoak urteko aurrekontu propioa izango du, gutxi gorabeherakoa. Urte natural bakoitzean aurreikusitako sarrera eta gastu guztiak jasoko ditu. Gobernu Batzordeak landu eta Batzar Orokorrak onartuko du.
Urte bateko aurrekontua, hurrengo urteko aurrekontua garaiz onartzen ez bada, hurrengo urtera luzatuko da. Aintzat hartu beharko dira, hala ere, pertsonalaren alorrean aplikagarriak diren xedapenen ondorio diren egokitzapenak, edo Gobernu Batzordearen erabakiak. Aurrekontuok behin-behinekoak izango dira, betiere, elkargoko aurrekontu berriak onartu arte.
108. artikulua. Kontu-ikuskapena.
Elkargoko kontuek urtero izango dute kontu-ikuskapena. Emandako txostena hurrengo urteko lehenengo Ohiko Batzar Orokorrean aurkeztuko da.
109. artikulua. Elkargoaren jarduera-plana.
Gobernu Batzordeak urte natural guztietan onartuko du Elkargoaren jarduera-plana, non epealdi horretan garatu nahi diren egintzak jasoko baitira.
Estatutu hauetako 7. artikuluan aipatzen den arautegiaren izaera izango du plan horrek.
Elkargokideen prestakuntza bultzatuko du eta enplegua sustatuko du plan horrek, harik eta gaur egungo krisialdi ekonomikoaren egoera desagertu arte.
110. artikulua. Lehendakaritzaren bitartekaritza.
Lanbidearen jardunarekin zerikusirik duten erantzukizunak direla-eta, beste elkargokide baten aurkako egintzak sustatzeko agindua jasotzen duen elkargokideak Elkargoko Lehendakaritzara joko du aldi berean, horrek, egoki irizten badio, bitartekaritza-lanak egin ditzan.
Lehendakaritzak, aurreko paragrafoan adierazitako betebehar horretaz gain, bitartekari legez jardungo du, bi alderdiek bere iritzia eskatzen dutenean.
111. artikulua. Eskumena.
Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeak «ohorezko ikurra» duen «ohorezko elkargokidea» izendatzeko proposamena egin diezaioke Batzar Nagusiari, hain zuzen ere, korporazioaren edo lanbidearen zereginetan lortutako merituengatik ohore hori merezi izan dutenen alde. Estatu mailako ohorezko elkargokidea izendatzeko proposamena ere egin diezaioke Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrari.
112. artikulua. Irizpide orokorrak.
Batzar Nagusia izango da Gobernu Batzordeak proposamena egin eta gero ohorezko ikurra duen ohorezko elkargokidearen izendapena egiteko eskumena duen organoa.
Ohorezko elkargokide ohorezko ikurrarekin izendatu ahal izango dira dietista-nutrizionistak izan edo ez- organo eskumendunaren iritziz nahiko merezimendu dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak.
Izendapen horiek ematerakoan, bereizi nahi diren lagunen lan azpimarragarria eta merituzkoa baloratuko da, giza nutrizio, dietetika edo, oro har, elikaduraren alde edo defentsan egindako jarduerak direnak direla. Eta bereziki, ondoko merezimenduak hartuko dira kontuan:
Lanbide-ariketa eredugarria.
Etika profesionalaren edo dietista-nutrizionisten korporazioaren interes gorenen defentsan burututako lana.
Banakako egintzak, baldin eta zientziaren, lanbidearen, gizartearen edo gizatasunaren ikuspegitik apartekoak badira.
113. artikulua. Prozedura.
Gobernu Batzordeak egingo du ohorezko elkargokidearen izendapena. Elkargo Ofizialeko kideek euren iradokizuna aurkez dezakete.
Erabateko gehiengoz hartuko du erabakia isilpeko botazioz organo eskumendunak, eta dagokion deialdiko gai-zerrendan utziko da jasota proposamena.
Ohorezko elkargokide izendatu ostean, Elkargo Ofizialak izendapena argitaratuko du bere zabalkunde bideak erabiliz, eta alderdi interesdunari ohorezko ikurra erabiltzeko ahalmena emango dion izendapena emango dio modurik erakusgarrienean.
114. artikulua. Ohorezko elkargokidearen ikurra.
Ohorezko ikurra izango da prestigiodun bereizgarri bat, eta batzordean erabakiko da bere diseinua.
115. artikulua. Ohorezko Elkargokideen Erregistro Berezia.
Ohorezko elkargokideen erregistro berezi bat egongo da Elkargo Ofizialean, non ohorezko ikurra duten elkargokideak egongo baitira jasota, baita izendapen hurrenkeraren zenbakia eta bereizmena eman zaion pertsona fisiko edo juridikoaren izena ere.
116. artikulua. Beste bereizmen batzuk.
Barne-araubidea behar den moduan araututa, beste bereizmen eta sari batzuk sortu ahal izango dira, hain zuzen ere, osasunaren arloan aritzeak dakartzan ohorea, ospea eta goi-balioak saritu eta suspertzeko.
117. artikulua. Eremua.
Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren Estatutuetako 35. artikuluan aipatzen den titulu hau, EAEko Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak gauzatuko dituen jardueretan aplikatu ahal izango da, estatutu horien izaera berarekin seuren zati banaezina baita, hain zuzen ere, elkargokideek euren lanbidean edo elkargoan jardutean jasan ditzaketen diziplina-erantzukizunak eskatzeko, eta kontuan izanda, hala eta guztiz ere, erantzukizun zibila edo penala izan dezaketela.
Falta larriengatik edo oso larriengatik zehapenak jartzeko, titulu honetan adierazten den moduan izapidetu beharko da espedientea. Falta arinengatik zehapenak jartzeko, hau egin beharko da: interesdunari entzun, zortzi egun balioduneko epean. Hala ere, titulu honetan adierazitako izapideen bidez ere egin daiteke, hala erabakiz gero. Dena dela, 117. artikulutik 123.era artekoa, eta titulu honen amaierako 132. artikulukoa beti aplikatuko zaie, eta, aldez aurretik ez bada informaziorik ematen, 124., 125., 129. eta 131. artikuluetakoak ere bai.
118. artikulua. Erantzukizun penala eta diziplinazkoa.
Gertakari batzuek erantzukizun penala eta diziplinazkoa badakarte ere, diziplinazko ustezko erantzukizunaren helburu diren gertakari horien gaineko jarduera penalak abian direla baldin badakigu, aurrera egingo da diziplina-espedientean, baina hori ebaztea atzeratu egingo da harik eta ebazpen judizial irmoa jakin arte; bien bitartean, etenda izango da preskripzioa.
119. artikulua. Prebentziozko etendura, prozesupean egonez gero.
Gobernu Batzordeak, Deontologiako Batzordearen proposamenez, prozesupean egon daitezen elkargokideak euren lanbidearen jardunean behin-behinekoz etetea erabaki dezake prebentziozko neurri gisa; horretarako, arrazoitutako ebazpen bat eman beharko du. Etendura-erabakia eragindakoari jakinaraziko zaio, eta horrek errekurri dezake, titulu honetako 133. artikuluaren arabera. Prozesuak dirauen bitartean luza daiteke etendura.
120. artikulua. Prozeduraren izapideak, komunikazioak, jakinarazpenak eta epeak luzatzea.
Diziplina-prozedura Elkargoak bultzatuko du izapide guztietan. Titulu honi egokituko zaizkio izapideok eta, bertan aurreikusi gabekoetan, prozedura administratiboari buruzko legeei, zeintzuk osagarriak izango baitira orokorrean.
Izapideak, komunikazioak eta jakinarazpenak ere titulu honetan ezarritakoari egokituko zaizkio eta, horiek ezean, prozedura administratiboaren legeetan xedatutakoari.
Elkargokideak Elkargoari baliotasun osoz jakinarazi dion egoitzan egingo dira jakinarazpenak, eta bere balizko lekualdaketa arauz ez komunikatzeak, erantzukizuna eragingo du. Jakinarazpena ezin bada egiaztatu prozedura administratiboari buruzko legeetan aurreikusitako moduan, Elkargoko enplegatu batek entregatuko du; hala ere, ezinezkoa bada egoitza horretan entregatzea erruztatuarekin ahaidetasunezko harremana duenari edo bertan dagoenari, orduan, jakinarazpena gauzatutakotzat joko da, hain zuzen ere, iragarkia Elkargoko ediktu-oholean jarri eta biharamunetik aurrera, hamabosgarren egunean.
Titulu honetan ezarritako epeak luzagarriak izango dira, non eta kontrako xedapena ematen ez den; hartarako proposamena txostengileak edo instrukziogileak egingo du, zeina Deontologia Batzordeak onartuko baitu, mugaeguna baino lehen. Luzapenari buruzko erabakia, eragindako elkargoari edo errekurtso-egileari jakinaraziko zaiona, ezingo da errekurritu, bidezkoak diren alegazioak aurkez daitezkeen arren, geroagoko jarduera edo errekurtsoetan.
121. artikulua. Elkargokideek duten eskubidea euren kontrako jardueretan ez alegatzeko eta ez deklaratzeko.
Diziplinako prozedurapean dauden elkargokideak abstenitu egin daitezke prozedura horietan, abstenitu daitezkeen moduan horretarako ezarritako epeetan alegazioak aurkeztetik, jakinda, gainera, jarrera horrek ez diela ekarriko diziplina-erantzukizunik eta, aldi berean, jarduerak aurrera egitea ere ez duela eragotziko.
122. artikulua. Jarduerei ekitea.
Diziplinazko prozedurari ofizioz ekingo zaio beti, Deontologia Batzordearen erabakiz, bai bere ekimenez, bai Gobernu Batzordearen aginduz; bai salaketa egon delako, bai beste pertsona edo erakunde batzuek jakinarazi dutelako.
Diziplina-prozeduran aipatzen diren egitateak salatu edo jakinarazi dituena ez da alderdi izango prozeduran, baina eskubidea izango du prozedurari ekiteko erabakia igor dakion, eta jarduerak artxibatzeko edo zehapenak ezartzeko erabakien berri eman dakion, egokitzat jotako errekurtsoak aurkez baititzake horien aurka.
123. artikulua. Aurretiazko informazio-aldia.
Deontologia Batzordeak erabaki dezake aurretiazko informazio-aldia egitea. Horrelakoetan, aurretiazko informazio-aldiaren prozedurari buruzko erabakian batzorde horretako kide bat aukeratuko da, txostengile gisa, informazio-aldi hori burutu dezan.
Aurretiazko informazio-aldia salatariaren berrespenarekin hasiko da, irekitze-erabakian beharrezkoa ez dela adierazten ez bada, behintzat. Salatzaileak hamar eguneko epean aurretiazko informazio-aldia ireki dela jakinarazten zaionetik aurrera berretsi edo ukatu beharko du. Epe hori igaro ostean gauzatu gabe badago, amaitutzat eman eta jarduerak izapide gehiagorik gabe artxibatu egingo dira, txostengilearen eginbidez, betiere, Deontologia Batzordeak kontrako erabakirik hartzen ez badu.
Berrespenaren ondoren, eta hori ez dela beharrezkoa uste denean, txostengileak elkargokideari jakinaraziko dio aurretiazko informazio-aldia ireki zaiola. Salaketa edo horretan agertzen diren egitateak igorriko dizkio, hamar eguneko epe luzaezinean alegazioak egin ditzan eta bidezkotzat jotzen dituen agiriak aurkez ditzan.
Egitateak argitzeko eta ustezko diziplina-erantzukizuna zehazteko, egokitzat jotako eginbideak egin ditzake txostengileak. Prozesua irekitzen denetik bi hilabeteko epean amaitu beharko du aurretiazko informazio-aldia, honako proposamen hauetarikoren bat aurkeztuz:
Jarduerak behin-behinekoz edo behin betikoz largesteko proposamena, baldin eta horietan diziplina-erantzukizunaren zantzurik antzematen ez bada, erantzukizun hori desagertu bada edo lege-hauste horretan ez badago erruztatuaren parte hartzerik.
Zehapen-proposamena, falta arina denez, 117. artikuluan adierazitako izapideen arabera.
Diziplina-espedientea titulu honetan aipatutako moduan irekitzeko proposamena, baldin eta larritasun handiagoko diziplina-erantzukizunaren aztarnak elkargokide jakin bati egotz dakizkiokeenak ondorioztatzen badira eta erantzukizun hori oraindik indargabeturik edo preskribaturik ez badago.
Deontologia Batzordeak aztertu beharko ditu proposamenok eta, aurreko 4. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan adierazitako kasuetan bereak landu ostean, Gobernu Batzordeari bidaliko dizkio, dagokion erabakia har dezan; Deontologia Batzordeak proposamena onartu aurretik, eragindako elkargokidea kide deneko Ataleko lehendakariari hamar eguneko epe luzaezina emango zaio, burututako jardueretan oinarrituz, txostena eman dezan, hala nahi badu. Deontologia Batzordeak, c) idatz-zatiari dagokion kasuan, titulu honetako 124. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera jardungo du.
Aurreko 5. paragrafoan adierazitako erabakiak tartean dagoen elkargokideari jakinaraziko zaizkio beti. Erabakiak falta arin bategatiko zehapena ezartzen badio, titulu honen arabera erabakiaren aurka egiteko eskubidea duela jakinaraziko zaio.
Erabakiok jakinaraziko zaizkio, halaber, salatari edo komunikatzaileari, jarduerak artxibatu edo falta arinagatik zehapena ezartzen denean, aditzera emanez, errekurtsoa aurkezteko eskubidea duela, titulu honetan aurreikusitako moduan.
124. artikulua. Diziplina-espedientea irekitzea; eta hori bideratu eta ebazteko eskumena.
Diziplina-espedientea irekitzeko erabakia Deontologia Batzordeak hartuko du, 122. artikuluan ezarritako moduan. Batzorde horrek uste badu, ez dela ireki behar espedienterik, Gobernu Batzordeari jakinaraziko dio; dena dela, Gobernu Batzordeak espedientea irekitzea agindu dezake.
125. artikulua. Diziplina-espedientearen instrukzio-egilea eta idazkaria.
Diziplina-espedientea irekitzeko erabakian bertan aukeratuko dira espedienteko instrukzio-egilea eta idazkaria, bai izaera orokorrez izendatuta badaude, bai bereziki kasu horretarako izendatu badira. Gerora ordezkatu daitezke, hala iritziz gero. Instrukzio-egilea Deontologia Batzordeko kidea izan beharko da, nahitaez.
Instrukzio-egilea eta idazkaria izendatzearekin diziplina-espedientea irekitzea, eta agian beste batzuk aukeratzea, espedientearen eraginpean dagoen elkargokideari eta kargu horietan jarduteko aukeratutako gainerakoei jakinaraziko zaie.
Diziplina-espedienteko instrukzio-egilearen eta idazkariaren izendapenak ez onartzeko aitzakia Deontologia Batzordeak baloratu eta, hala behar izanez gero, onartuko du.
Aukeratutako instrukzio-egilea eta idazkaria nortzuk diren interesdunak dakien unetik aurrera burutu daiteke errefusatze-eskubidea eta, hala behar bada, Deontologia Batzordeak erabakiko du.
Instrukzio-egilearen edo idazkariaren abstentzioari eta errefusatzeari buruzko ebazpenak ezingo dira errekurritu; hala ere, geroko jarduera eta errekurtsoetan bidezkoak diren alegazioak aurkeztu ahal izango dira.
Instrukzio-egileak, idazkariaren fedepean, egitateak zehazteko eta egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen eginbideak burutzea agindu dezake; zehazki, zehapena ezar dakiekeen erantzukizunak zehazteko eta argitzeko lagungarri izan daitezkeen probak egitea.
Administrazio-prozeduraren legeetan abstentzioari eta errefusatzeari buruz ezarritako arauak izango zaizkie aplikagarri instrukzio-egileari eta idazkariari, artikulu honetan xedatutakoa ere aintzat hartuz.
126. artikulua. Kargu-orria.
Diziplina-espedientea ireki eta hilabeteko epean, burututako jarduketak ikusita, instrukzio-egileak dagokion kargu-orria egingo du.
Kargu-orria modu argi eta zehatzean idatzi behar da; erruztatuari egotzitako egitateak jasoko ditu, paragrafo bereizietan, bakoitzari dagokion zenbakia ipiniz; eta ustez egin den falta zein den adieraziko da, baita falta horri zer nolako zehapena ezarri behar zaion ere, dagozkien artikuluen aipamen zehatza eginez.
127. artikulua. Kargu-orriari erantzutea.
Erruztatuari jakinaraziko zaio kargu-orria. Hamar eguneko epe luzaezina emango zaio, bidezkotzat jotzen dituen alegazioen bidez erantzuteko, eta interesgarriak izan daitezkeen agiriak aurkezteko.
Erruztatuak zuzenbideak onartzen duen edozein frogabide egitea proposa dezake kargu-orriari erantzuterakoan, eta egokitzat jotzen dituen agiriak erants ditzake.
128. artikulua. Probaldia.
Hilabeteko epea izango du instrukzio-egileak frogen proposatutakoak izan edo ez aldia burutzeko. Kargu-orriari erantzuten zaionetik aurrera edo, bestela, horretarako ezarritako epea erantzunik eman gabe igaro denetik aurrera, zenbatuko da epe hori.
Instrukzio-egileak, ezin errekurritu daitekeen ebazpen arrazoituaren bidez, bidezkotzat jotzen ez dituen frogak onartzea eta burutzea ukatu egin dezake, kontuan hartuz, halaber, horren ondoren gauza daitezkeen jarduera eta errekurtsoetan egindako alegazioak.
Instrukzio-egileak egin beharreko frogak burutzeko, leku, egun eta orduaren berri emango zaio erruztatuari, parte hartzeko aukera izan dezan.
129. artikulua. Ebazpen-proposamena.
Instrukzio-egileak, hurrengo hamar egunetan, ebazpen proposamenerako testua aurkeztuko dio Deontologia Batzordeari, non egitateak zehatz azalduko baititu, frogen ukapena arrazoituko baitu, frogon balorazio juridikoa egingo baitu ustez burutu duen arau-haustea finkatzeko, erruztatuaren erantzukizuna adieraziko baitu, eta ezarriko den zehapena finkatuko baitu.
Deontologia Batzordeak testu horren gainean eztabaidatuko du, eta horretaz gain, ebazpen-proposamena prestatuko du, 1. paragrafoan zehaztutako betekizun berberekin.
130. artikulua. Erruztatuaren alegazioak.
Ebazpen-proposamena erruztatuari jakinaraziko zaio, eta horrela, hamar eguneko epe luzaezinean, espedientea ikusi, eta bere buruaren alde egiteko egokitzat jotzen duen guztia alegatu ahalko du.
131. artikulua. Espedientea ebaztea.
Deontologia Batzordeak behin erruztatuari entzunda edo epea alegaziorik gabe igarota Gobernu Batzordeari bidaliko dio espediente osoa, izapide gehiagorik gabe. Batzorde horrek, dagokion ebazpena emango du hilabeteko epean, edo, bestela, bidezkotzat jotzen dituen eginbide osagarriak burutzeko eskatuko dio batzordeari.
Deontologia Batzordeak, beste eginbide batzuk burutzeko espedientea itzultzea erabakitzen badu, eta jarduerak berriz bidali aurretik, erruztatuari bista emango dio, hamar eguneko epe luzaezinean egokitzat jotzen duena alega dezan.
132. artikulua. Espedientea ebaztea.
Diziplina-prozedura amaitzen duen ebazpenak arrazoitua izan beharko du, eta espedientean azaldutako gai guztiak ebatzi beharko ditu eta kargu-orria eta ebazpen-proposamena egiteko oinarri izan ziren egintzak baino ez ditu onartu beharko, nahiz eta balorazio juridikoa desberdina izan. Deontologia Batzordeko kide, instrukzio-egile edo idazkari gisa espedientearen instrukzio-aldian parte hartu dutenek, ezingo dute esku hartu erabakia hartzerakoan.
Emandako ebazpena erruztatuari eta egitateen salatariari edo komunikatzaileari jakinarazi beharko zaie, eta adierazi egin beharko zaie, horren aurka zer nolako errekurtsoak aurkez daitezkeen, zein organotan eta zein epetan aurkeztu behar diren.
133. artikulua. Errekurtsoak.
Diziplina-espediente bat irekitzen duten erabakien eta izapideen garaian hartutako erabakien aurka ez dago errekurtsoak jartzerik. Hala ere, diziplina espedientea ebazten duen erabakiaren aurka aurkeztutako errekurtsoei eta horren ondorengo jarduera zein errekurtsoei alegazioak egin dakizkieke.
Gobernu Batzordearen erabakiak, errekurritzekotan, Elkargoaren Estatutuetako 104. artikuluan ezarritako eran errekurrituko dira.
Deontologia Batzordearen edo diziplina alorrean eskumena duten beste organo batzuen egintzak, errekurritzekotan, Elkargoko Gobernu Batzordearen aurrean errekurrituko dira hilabeteko epean.
134. artikulua. Organoen arteko harremanak.
Deontologia Batzordeak edo diziplina alorrean eskumena duten gainerako organoek Gobernu Batzordearen menpekotasun hierarkikoz jardungo dute.
Hala ere, Gobernu Batzordeak, espediente jakin bat dela-eta, desadostasun sakonen bat antzemango balu bere eta Deontologia Batzordearen iritzien artean, espediente zehatz horri dagokionez batzorde hori ordezkatzea erabaki dezake, modu arrazoituan, eginkizun batean edo guztietan.
1. KAPITULUA
ESTATUTUAK ERABERRITZEA
135. artikulua. Betekizunak.
Estatutu hauek eraberritu ahal izateko, halabeharrezkoa da honako baldintza hauek guztiak betetzea:
Elkargokideen laurdenak edo Elkargoko Gobernu Batzordeak egin dezatela proposamena.
Adierazi daitezela eraldatu nahi diren aginduak, eta horien idazketa berria proposatu.
Justu horretarako deitutako Batzar Orokorrera bertaratutakoen gehiengo osoak onar dezala.
136. artikulua. Prozedura.
Eraberritzeko proiektua Elkargoko idazkaritzan aurkeztu eta hilabeteko epean Aparteko Batzar Orokorrerako deia egingo du Gobernu Batzordeak, estatutuak aldatu ahal izateko, aurreko artikuluko a) eta b) letretan aipatutako baldintzak betetzen badira, betiere.
Aurreko artikuluan adierazitako baldintzak betetzeaz gain, ordenamendu juridikoak ezarritako gainerako guztiak betetzea eskatzen du eraberritzeak.
137. artikulua. Lurralde-eremua.
Elkargoaren lurralde eremua aldatzea da, izan ere, estatutuak eraberritzeko beharrezkoak diren kasu horietariko bat.
2. KAPITULUA
DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
138. artikulua. Araubide juridikoa.
CODINE/EDINEOk iraunkorra izan nahi du, eta mugagabeki eratu da bere helburuak betetzeko.
Nolanahi ere, desegite-prozedura eta likidazio-araubidea 18/1997 Legeko 31. eta 32. artikuluetan eta horiekin bat datozenetan aurreikusita daude.
Likidazioari dagozkion ahalmen propio guztiak gauzatuko ditu Gobernu Batzordeak, horren berri Batzar Orokorrari emanez, Desegite Legeak besterik xedatzen ez badu, behintzat.
Kolegiatzeko aldia hasi eta bederatzi hilabete igaro ondoren, Batzorde Kudeatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Dietista eta Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren osoko bilkurako organoa deituko du, gobernu-organoak osatuko dituzten pertsonak aukeratu ahal izateko.
Gobernu-organoen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
18/1997 Legeko 33.5. eta 6. artikuluan aurreikusitako onarpen-agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunera arte ez dute indarrik hartuko estatutu hauek.


