Euskadi.eus
  • AGINDUA, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 2010eko ekainaren 30ean emana; agindu horren bidez, norbanakoek Urdaibai Biosfera Erreserbako lurzoru urbaniza ezineko eremuan ingurumena eta paisaia kontserbatzeko, suspertzeko eta bertara integratzeko egiten dituzten jardueretarako zaintza-akordioetarako diru-laguntzak iragartzen dira, 2010. urterako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 2010eko ekainaren 30ean emana; agindu horren bidez, norbanakoek Urdaibai Biosfera Erreserbako lurzoru urbaniza ezineko eremuan ingurumena eta paisaia kontserbatzeko, suspertzeko eta bertara integratzeko egiten dituzten jardueretarako zaintza-akordioetarako diru-laguntzak iragartzen dira, 2010. urterako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 139
  • Hurrenkera-zk.: 3525
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/06/30
  • Argitaratze-data: 2010/07/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Herri Administrazioa; Sailak

Testu legala

Urdaibai Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legean honako helburu nagusi hauek aurreikusten dira: osotasuna babestea eta gearen, floraren, faunaren, paisaiaren, uren, atmosferaren eta, azken batean, bertako ekosistema guztien suspertzea sustatzea, aintzat hartuta interes handia dutela naturaren, zientziaren, hezkuntzaren, kulturaren, aisiaren eta sozioekonomiaren aldetik.

5/1989 Lege hori garatzeko, abuztuaren 2ko 242/1993 Dekretua eta azken hau aldatu zuen 27/2003 Dekretua onartu zen. Bertan onetsitako Urdaibai Biosfera Erreserba Erabili eta Kudeatzeari buruzko Egitamu Gidaria arautu zen, eta zortzi helburu orokor ezartzen ditu eremu horretarako, honako honi lotuta: ekosistema berezien zaintza (itsasertza, estuarioa eta karst sistema), biodibertsitatearen mantenimendua, paisaia nahiz kultur ondarearen babesa zein integrazioa, bertako biztanleen bizi-kalitaterako nahiz garapenerako laguntza, eta ziklo hidrogeologikoen mantenimendua eta higaduraren aurkako borroka.

Halere, irailaren 29ko 258/1998 Dekretuak Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapen eta Garapenerako Egitamua (JSEGE) onartu zuen. Bertan helburu estrategikoak eta jarduketa lerroak ezartzen dira, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako garapen jasangarria lortzeko asmoz, eta helburu bezala baliabide eta indarrei ahalik eta baliorik handiena ateratzea aipatzen du. Era berean JSEGEa ezartzeko eta garatzeko tresna ekonomiko osoak ezartzen ditu.

Gobernu Kontseiluak 2002ko ekainaren 4an onartu zuen 2002-2020 Garapen Jasangarrirako Ingurumen Euskal Estrategiak bere ardatz artean biodibertsitatea kontserbatzea ezartzen du. BIodibertsitatearen galera gelditzea ere Europar Batasunaren helburua da 2010. urterako.

Herri administrazioek haien jarduketetan ingurumen kudeaketa egokia lortzeko ekintza guztiak aurrera eramateko duten ezintasuna dela-eta, natura kontserbatzeko eta garapen jasangarrirako estrategia eta tresna berriak sortzen dira. Haien artean, lurralde zaintzaren mekanismoa, esateko.

Herrialde anglosaxoniarretan sortua, izan duen eraginkortasunak beste herrietan ere onartua izatea sorrarazi du, bereziki Europan zabaldu delarik.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurraldea Natura 2000 sarean sartu zen. Hegaztiei gaineko 79/409 Zuzentarauak eta habitat naturalak eta flora eta fauna basatien gaineko 92/43 Zuzentarauak jabe pribatuekin banatutako kontserbazio-politikak ezartzen dituzte.

Lurraldearen zaintza mekanismoak lurren jabeen eta zaintza elkarteen arteko akordio forma hartzen du. Honen bidez, jabeek konpromisoak hartzen dituzte, lurren kontserbazioa eta erabilera zuzena burutzeko, ezartzen zaizkien kudeaketa eta babes baldintzak betez. Indarrean izango den epea ezartzen da, eta baita jarraipen eta aholku tresnak, eta laguntza tekniko eta finantzieroa ere.

Dena dela, akordio horiek beste ekintza hauek ere har daitezke: zaintza erakundeak eskubide errealak hartzea (bai jabetza eskualdaketa edota zaintza erakundeari kudeaketa eman erabilpen-lagapena edo errentamenduaren bidez), edota heziketa edo aholkularitza lanak egitea, etab.

Zaintzarako lursailak izan daitezke bai jabego pribatukoak zein udalen herrilurrak, enpresen jabetzakoak edota lurralde erabiltzaileenak ere (hau da, nekazariak, arrantzaleak, ehiztariak, baso jabeak...). Zaintza erakundeak honako hauek izan daitezke: kontserbazio erakundeak, auzokideen elkarteak, eragile sozialak, edo baita partzuergoak zein toki erakundeak ere, etab., beti ere irabazteko asmo gabekoak.

Kasu honetan, zaintza akordioen edukia Agindu honetan ezartzen diren helburu eta lehentasunei egokitu beharko da.

Ingurumenari buruzko Estatu lege berriak onartu egin dira, oraindik (EHAEaren Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikulua) ingurumen eta ekologia mailan Estatuko oinarrizko legeak garatzeko eskumena erabiliz garatzeko direnak, eta lege horiek trenza berri hauek erabiltzeko bidea zabaltzen dute.

Esateko, 42/2007 estatuko legeak, ondare natural eta biodibertsitatekoak, tresnen artean zaintza akordioak aurreikusten ditu. Herri Administrazioak zaintza-akordioak sustatuko dituzte zaintza-erakunde eta jabego publiko zein pribatuko lurren jabeen artean, ondare natural eta biodibertsitatea kontserbatzeko asmoz.

Horrela, aipatutako 42/2007 legeak bere 73.1 artikuluan badio Erkidego Autonomoek baldintzak eta erak arautuko dituztela, kanpo ekintza positiboak sustatzeko, hauek babes deklarazio duten eremuetan edota jabeak zaintza-erakundeekin sinatutako lurralde zaintza-akordioetan direnean.

Guzti horri lotuta, Egitamu Gidariko 15. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, norbanakoek Egitamu Gidarian edo berori garatzeko tresnetan ezarritakoaren arabera egiaztatu behar dituzten gastuetarako, kasuan kasuko aurrekontu programen konturako diru-laguntzak eman daitezke, gastu guztiei edo horietariko batzuei aurre egiteko.

Horrela, agindu honen bidez, diru-laguntza eman nahi zaie ondare naturala eta garapen iraunkorra sustatzeko helburua duten jarduketei, eta, horretarako, ingurumena nahiz paisaia kontserbatzeko, suspertzeko eta integratzeko jarduketerako diren zaintza akordioak egiteko diru laguntzen bidez, Urdaibai Biosfera Erreserbako lurzoru urbaniza ezinean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuak ematen didan eskumena dela bide, hauxe

  1. Agindu honen helburua, 2010eko ekitaldian norbanakoek Urdaibai Biosfera Erreserbako lurzoru urbaniza ezineko eremuan ingurumena eta paisaia kontserbatzeko, suspertzeko eta bertara integratzeko jardueretarako eta jarduketetarako egiten diren zaintza akordioetarako diru-laguntzak emateko oinarriak ezartzea da. Jarduketa horien helburua biodibertsitatea eta garapen iraunkorra sustatzea izango da.

  2. Deialdi honen ondorioetarako, lurralde zaintza akordioa hauxe da: lurraldearen jabeak eta erabiltzaileak baliabide eta balore naturalak, kulturalak eta paisaiakoak kontserbazio eta erabilpenera erakartzeko teknika edo estrategia juridikoen multzoa.

    Teknika horiek besteen artean honako hauek izan daitezke: jabetza gordetzea eta jabeak kudeaketa konpromisoak bereganatzea, edota zaintza erakundeak eskubide errealak hartzea (jabetza eskualdatzea edo kudeaketa ematea zaintza erakundeari erabilpen lagapena edo errentamenduaren bidez), edota hezkuntza edo aholkularitza ekintzak, etab...

    Akordioek honako hau izango dute: kideen edota parte hatzen duten erakundeen identifikazioa, agindu honetan ezartzen direnarekin bat datozen egin beharreko ekintzak, kontserbazio helburuen arabera kudeaketa arau batzuei jarraituz, babes eritzien ezarpena, jarraipen eta aholkularitza mekanismoak, eta baita laguntza tekniko eta finantzieroa ere.

  1. Agindu hau dela bide ematen diren laguntzak diru-laguntza itzulezinak izango dira.

  2. Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da helduko diru-laguntza jaso dezakeen gastuaren % 100era.

  3. Agindu honetan jasotako dirulaguntzen emakida bateragarri izango da helburu bera izan eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman ditzakeen diru-laguntza guztiekin, baldin eta horrek gehiegizko finantziaziorik ez badakar. Hori gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa kasuan kasuko gehieneko mugaraino murriztuko da.

  1. Agindu honen helburua betetzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dauden aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

  2. Helburu hori lortzeko, gehienez ehun eta laurogei mila (180.000) euroko zenbatekoa dago.

  3. Emango diren laguntzen bolumen osoa ez da zuzkidura horretatik edo berori handitzetik gorakoa izango, baldin eta (azken kasu horretan) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-programa batzuk betearaztearen edo indarreko legeriaren arabera onesteko moduko aurrekontu-aldaketen eraginezko agortu gabeko aurrekontu-erabilgarritasunik badago, beti ere, diru-laguntzak ebatzi baino lehen.

  4. Handitze hori, egonez gero, agindu honetan ezarritako diru-laguntzak emateko prozedura ebatzi baino lehenagokoa izan beharko da, eta horri publizitatea emango zaio, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez.

Agindu honetan jasotako diru-laguntzen onuradunak izan daitezke pertsona juridikoak beti ere irabazteko asmorik gabekoak, baldin eta, zaintza erakunde bezala aritzen direnean, Urdaibai Biosfera Erreserbaren eremu barruan diru-laguntza jaso dezaketen ingurumena eta paisaia kontserbatzeko, suspertzeko eta integratzeko jarduketarako zaintza akordioak egiten badituzte.

  1. Agindu honetan jasotako diru-laguntzen onuradunak izan daitezke eskatzaileek Biosfera Erreserbako lurzoru urbaniza ezinean ingurumena eta paisaia kontserbatzeko, suspertzeko eta integratzeko egiten dituzten jarduketak eta jardueretako duten zaintza akordioetarako.

  2. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak 2010ean egin beharko dira, laguntzak esleitzeko prozeduraren ebazpena jakinarazi ondoren; ebazpen horretan adierazitako epean garatu eta amaitu beharko dira, aurkezturiko proiektuaren Memorian nahitaez jasoko den betearazte-egutegian ezarritakoaren arabera, betiere 2010eko abenduaren 31 baino lehen bukatu behar baita.

    I. eranskinean, diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak biltzen dituzten ildoak daude adierazita, baita agindu honetan jasotako diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduketen gutxi gorabeherako zerrenda ere.

  1. Agindu honetan jasotako araubidearen babesean diru-laguntza jaso dezaketen gastuak honako hauek izango dira: eskatzaileak aurkezturiko jarduketaren aurrekontu xehatuan jaso eta hori betearazteari argi lotuta daudenak.

  2. Eskatzaileak aurkezturiko aurrekontuaren barruko gastuek diru-laguntza jaso ezin badute (artikulu honetan ezarritakoaren arabera), Kalifikazio Epaimahaiak horiek ezabatu edo arazi egingo ditu, diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko oinarritzat balioko duen aurrekontua (diru-laguntza jaso dezaketen gastuen aurrekontua) zehazteko.

Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuraduna izateko, eskatzaileak honako baldintza hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du:

  1. pertsona juridikoa, publiko zein pribatua izatea, beti ere irabazteko asmorik gabekoa.

  2. Urdaibai Biosfera Erreserbaren eremuko espazio barruko lurzoru urbaniza ezinean diru-laguntza jasotzeko moduko jarduera edo jarduketa garatzea.

  3. Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galduta ez edukitzea, zigorren edo administrazio zehapenen baten ondorioz, eta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekuren bat ez edukitzea.

  4. Zerga-betebehar guztiak beteta edukitzea, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoaren arabera; agindu hori, izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako dirulaguntzen onuradunen zerga-betebeharrak betetzea egiaztatzeari buruzkoa da (1991ko urriaren 15eko 208. zenbakiko EHAA).

  5. Gizarte-segurantzarako betebehar guztiak beteta edukitzea.

  1. Eskabideak agindua argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean aurkeztu behar dira, Zuzenean zerbitzuko hiritarrekiko harrera puntuetan (informazioa 012 telefonoan edota www.euskadi.net-en), eta baita ere Urdaibai Biosfera Erreserbaren egoitzan (Gernika-Lumoko Udetxea Jauregian), Ingurumen eta Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzan (Donostia 1 kalea, 01010 Vitoria-Gasteiz), sail horren Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako leku guztietan. Eskabideekin batera, hurrengo artikuluan aipaturiko dokumentazioa ere aurkeztu beharko da.

  2. Norberaren Datuak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuak biltzeko erabiliko den fitxategiaren helburua laguntza-deialdi hau eta arloari loturiko gainerako administrazio espediente guztiak kudeatzea izango dela. Fitxategiaren arduraduna Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritza da, eta bertan gauzatuko dira lortze, zuzentze, amaitze eta aurkatze eskubideak; horretarako, Ingurumen eta Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

  1. Eskabideak Agindu honetako II. eranskinean agertzen den eredu normalizatuan egingo dira, eta honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

    1. Eskatzailearen NAN eta dagokion ordezkapen ahalordearen kopia.

      Identifikazio fiskalaren kopia.

      Erakundearen estatutuen kopia eta baita haien aldaketarena ere.

      Irabazi-asmorik gabeko erakundea dela: euren xedearen definizioa edota beraien xedea egiaztatzen duen beste edozein agiriaren kopia.

    2. Azalpen-memoria. Bertan, ondo zehaztuta jaso beharko da honako hau: zaintza akordioaren edukia (honen kopia erantsiko da), helburuak, jarduketak Urdaibai Biosfera Erreserbaren helburuekin duen lotura, jardueraren aurrekontu osoa (partidaka xehatuta) eta jarduketa betearazteko egutegia.

    3. Bidezkoa denean, Urdaibai Biosfera Erreserbako organo zuzendariak horren alde emandako manuzko txostena (Urdaibai biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko 5/1989 Legeko 18.3.h) artikuluan eta Egitamu Gidariko 130. artikuluan ezarritakoa); udalaren hirigintza-lizentzia, eta, behar denean, administrazio sektorial eskudunaren manuzko baimena.

    4. Jabetzaren Erregistroaren ohar bakuna, jarduketa jasoko duen higiezinari buruzkoa.

    5. Beste pertsona edo erakunde batzuek helburu horrexetarako emandako beste diru-laguntza batzuen zenbatekoaren adierazpena.

    6. Ziurtagiri gaurkotua, eskabidea egin aurreko hiru hilabeteetan egindakoa (gehienez); hori kasuan kasuko Foru Ogasunak eman eta bertan, egiaztatu egingo da eskatzaileak beteta dituela zerga-betebehar guztiak.

  2. Hirugarrenaren Altaren inprimakia (III. eranskina).

    Jatorrizko dokumentazioa edo kopia egiaztatua aurkeztu beharko da.

Eskabidea jaso ondoren, aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak ez dituela betetzen ikusiz gero, edo baldin eta diru-laguntza behar duen jarduketa hobeto ezagutzeko dokumentazio osagarria behar dela erabakitzen bada, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzak, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Bulego Teknikoaren bidez, eskatzaileari eskabidea egingo dio, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko; hori egin ezean, eskabidea ez da onartuko, aintzat hartuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan ezarritakoaren arabera emango den ebazpena.

Deialdi honetan ezarritako laguntzak kudeatzeko lanak Ingurumen eta Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzak egingo ditu, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Bulego Teknikoaren laguntzarekin.

  1. Aurkezturiko eskabideak aztertzeko, ebaluatzeko eta aukeratzeko, Kalifikazio Epaimahaia osatuko da eta horrek honako kide hauek izango ditu:

    Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren zuzendaria.

    Urdaibai Biosfera Erreserbako Zuzendari-Artatzailea, edota, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendariak zuzendaritza honen langileen artean izendatutako pertsona.

    Urdaibai Biosfera Erreserbako bulego teknikora atxikitako teknikari bat eta horrek idazkaritzat jardungo du.

  2. Eskabideak ebaluatu ondoren, epai-mahaiak Ingurumeneko sailburuordeari bidaliko dio ebazpen-proposamena; horrek, hurrengo artikuluan adierazitako esleipen-irizpideetara eta aurrekontu-mugetara egokituta, diru-laguntza jaso ditzaketen proiektuak eta diru-laguntza horren zenbatekoa adieraziko ditu; gainera, bakoitzari emandako laguntza-ehunekoak ere zehaztuko ditu, baita onuraduntzat proposaturikoak ere. Era berean, ukatu beharko liratekeen proiektuak eta horren zergatia ere adieraziko ditu.

  1. Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez emango dira, Euskadiko ogasun Nagusien Antolamenduko Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onetsitako Legea).

  2. Horri dagokionez, hautapena egiteko, konparatu egingo dira aurkezturiko eskabideak, horien arteko hurrenkera ezartzeko, kontuan hartuta artikulu honetan ezarritako esleipen-irizpideak; gutxienez 50 puntuko puntuazioa lortzen dutenak baino ez dira esleituko.

  3. Kalifikazioko epaimahaiak diru-laguntza jaso nahi duten proiektuak ebaluatzean eta ebazpen-proposamena egitean aintzat hartuko dituen irizpideak honako hauek izango dira:

    1. Agindu honetako I. eranskinean ezarritako lehentasunezko jarduketa-ildoetarako egokitzapena, gehienez 45 puntu:

      Itsasbazterreko, estuarioko eta sistema karstikoko ekosistema berezien babespena bermatzeko bideraturiko jarduerak (45 puntu).

      Uraren eta geologiaren zikloei eustea eta higadura ekiditeko jarduketak (40 puntu).

      Aniztasun biologikoari, baliabide genetikoei eta ingurunearen arauketari eusteko jarduerak (35 puntu).

      Landa-garapena, biztanleriaren bizi-kalitatearen hobekuntza eta baliabide naturalen erabilpen zentzuduna bultzatzeko jarduerak (25 puntu).

      Multzo paisajistiko baliotsuak babesteko jarduerak (30 puntu).

      Aisialdiko erabilpena eta turismoa artez bultzatzeko jarduketak (20 puntu).

    2. Urdaibai Biosfera Erreserbaren eremuan biodibertsitatea sustatzeko proposaturiko ekintzaren ahalmena, gehienez 30 puntu:

      Ondare naturala eta paisaiaren kontserbazioa, suspertze eta hobekuntza, helburu horiek lortzeko hartu diren berariazko neurrien arabera, mehatxatutako habitat eta espeziei arreta bereziari begira (30 puntu).

      Zoruen eta erregimen hidrologikoaren kontserbazioa, zoruen eta gaineko ur baliabideen galtzea gutxiesten laguntzen duten ekintzak eta landare estalkiak (25 puntu).

      Ur horniduren betetzea eta arrisku geologikoen prebentzioa (20 puntu).

      Karbono dioxidoa ezartzea aldaketa klimatikoa arintzeko neurri bezala (15 puntu).

    3. Jarduera Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidariaren barruko eremuan egitea (242/1993 Dekretua, 27/2003 Dekretuak aldatua), gehienez 25 puntu:

      Berariazko Babespeko eremuak (25 puntu).

      Babespeko eremuak (20 puntu).

      Nekazal garrantziko eremuak (15 puntu).

      Baso eremuak (10 puntu).

      Biztanlegune eremuak edo landa-lur arrunteko eremuak (5 puntu).

      Jarduketa-eremu berean sailkapen ezberdinak baleude, puntuazio handienari dagokiona baloratuko da.

  4. Aurkezturiko proiektuen bideragarritasuna lekuan bertan egiaztatzeko, Urdaibai Biosfera Erreserbako Bulego Teknikoaren teknikariek, kalifikazioko epai-mahaiaren ikuskaritzapean, eskatzailearekin hitzarturiko egiaztapen-bisitaldia egin eta horren inguruko txostena prestatuko dute.

  5. Esleitzen den laguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionalaren sistema erabiliko da; hori dela bide, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa aurreko 2. paragrafoan adierazitako gutxieneko puntuazioa lortu duten proiektuen artean banatuko da, balorazio-fasean lortutako puntuazioaren arabera (aurreko paragrafoan adierazitako irizpideak aplikatzearen eraginezko puntuazioa), agindu honetako 2. artikuluan ezarritako gehieneko laguntza-ehunekoa edo, txikiagoa izanez gero, eskaturiko kopurua errespetatuz.

  1. Aurkezturiko eskabideak prozedura bakarrean tramitatuko dira; hori, interesatuak planteaturiko gai guztiak erabakita, Ingurumeneko sailburuordeak ebatziko du.

  2. Ebazpenaren arabera, eman edo ukatu egingo dira agindu honetan ezarritako laguntzak; ematen badira, zuzkidura, diru-laguntza jaso duen proiektua (diru-laguntza jaso dezakeen jarduketaren kopurua adierazita) eta betearazteko epea adieraziko dira. Ukatzen badira, ukatze horren zergatia adieraziko da.

  3. Aurreko paragrafoan aipaturiko ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik ematen; izan ere, horren aurka, interesatuek gorako errekurtsoa jar dezakete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailean; hilabeteko epea izango dute horretarako, jakinarazpena egin eta biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  4. Hartzen den ebazpena, bestalde, interesatuei jakinaraziko zaie, ezagupen publikorako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta izateaz gain.

  5. Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesatuei jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; epe hori igaro eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpenik argitaratu ez bada, interesatuek diru-laguntza-eskabidea ezetsi egin zaiela ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  6. Agindu honetan jasotako laguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, honako hau ezinbestekoa izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea.

Onuradunak honako betebehar hauek izango ditu:

  1. Emandako diru-laguntza onartzea. Horri dagokionez, prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hamabost eguneko epean onuradunak berariazko eta idatzizko ukapena egin ezean, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.

  2. Laguntzaren edo diru-laguntzaren helburua betetzea.

  3. Laguntza edo diru-laguntza eragin duen proiektua gauzatzea, I.B eranskinean ezartzen diren baldintzak kontutan hartuta.

  4. Laguntza edo diru-laguntza ematearen ondorioz ezarritako baldintzak betetzea.

  5. Baldintzak eta beharkizunak bete egiten direla justifikatzea, eta jarduera egin dela eta helburua bete dela ere justifikatzea, diru-laguntzaren emakida edo gozamena horren araberakoa baita.

  6. Organo emaileak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, baita Kontrol Ekonomikoaren Bulegoak egin beharreko finantzako eta kudeaketako gainerako egiaztapen- eta kontrol-jarduketa guztiak onartzea ere, eta Kontu Publikoen Euskadiko Auzitegiaren araudi berezian ezarritako guztiak ere bai.

  7. Aurreko paragrafoan aipaturikoei laguntzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen garapenean, jarduketa horietarako eskatzen den informazio guztia emanez; horretarako, hauxe erraztuko da:

    Egiaztatu beharreko dokumentazioa, informatika-euskarria duten programak eta artxiboak ere barne.

    Diru-laguntza garatzeko lekuetan sartzeko aukera, edo laguntzaren edo diru-laguntzaren kontura finantzaturiko eragiketen errealitatea eta erregulartasuna egiaztatzeko aukera.

    Fakturen, agiri baliokideen edo ordezkoen eta eragiketei buruzko beste edozein agiriren kopia, horietan laguntza edo diru-laguntza txarto lortu, gozatu edo bideratu dela ondorioztatuz gero.

    Laguntzak edo diru-laguntzak kobratzeko edo fondo-hornidurak egiteko finantza-erakundeen kontuetan dagoen informazioa.

  8. Jasotako fondoen aplikazioa justifikatzen duten agiriak kontserbatu egingo dira, agiri elektronikoak ere barne, harik eta horren inguruko egiaztapeneko eta kontroleko jarduketak egin ahal izan arte.

  9. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetza zuzendaritzari jakitera emango zaizkio helburu horrexetarako emandako gainerako laguntza edo diru-laguntza guztien (finantzakoak eta materialak) lorpena, organo emailea eta zenbatekoa, horiek edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk eman arren; hamar asteguneko epea egongo da horretarako, horren berri izan eta biharamunetik zenbatzen hasita.

  10. Organo horri, bestalde, diru-laguntza emateko aintzat harturiko edozein inguruabar objektiboren edo subjektiboren aldaketa jakinaraziko zaio, aurreko paragrafoan adierazitako epean.

  11. Jasotako fondoak edo garaturiko jarduketarako nahiz jarduerarako emandako diru-laguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzuli egingo dira, Euskadiko Ogasun Nagusiko Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 53. artikuluan jasotako kasuetan.

  12. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, dohainik eta modu ez soilean, aurkezturiko dokumentazioan jasotako informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea lagako zaio (Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko informazio-sistemetan erabiltzeko edo sartzeko), baita horren zabalkundea edota argitalpena egiteko eskubidea ere, edozein formatutan (bibliografikoak, ikus-entzunezkoak edo informatikoak); gainera, teknika erabiltzeko baimena emango du.

  1. Jarduketaren behin betiko kostu erreala, izan ere, laguntza emateko aurkezturiko aurrekontua baino txikiagoa izanez gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da bidezko proportzioan, eta, orduan, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

  2. Aldiz, hasieran aurkezturiko aurrekontuak goranzko aldaketa badu, prozedura ebazpen-proposameneko fasean egon baino lehen sartu ahal izango da bertan. Gorantz zuzendutako aurrekontu bat geroago aurkezteak (jarduketa-kostuetan izandako hazkundeak kontuan hartzeko) ez du emandako laguntzaren hazkunderik eragingo, eta hurrengo artikuluaren ondoreetarako baino ez da aintzat hartuko.

  1. Hasieran ezarritako eta ebazpenaren bidez onetsitako gastuei edo jarduketei dagokienez egin nahi den edozein aldaketa, eskatu ere, jarduketa egin orduko eskatu beharko da, eta Ingurumeneko sailburuordearen berariazko onarpena beharko du.

  2. Aldaketak ez du inoiz ere eraginik izango jarduketaren izaeran.

  3. Diru-laguntza jaso duen jarduketa egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez, justifikatzen duten zergatiak daudenean, onuradunak idatzizko eskabidea egin ondoren (amaiera baino lehenagoko eskabidea), Ingurumeneko sailburuordeak, horri buruzko ebazpen baten bidez, luzatu egin dezake epe hori, gehienez emakida-ebazpenean adierazitako epearen herenean.

  4. Diru-laguntzaren onuradunak justifikazioan agerian jartzen badu emakidarako aintzat hartutako baldintzetan aldaketak egon direla eta aldaketa horiek ebazpena aldatuko zutela, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 49.12 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta onespenerako aurretiazko administrazio-baimenaren tramitea bete ez bada, organo eskudunak onartu egin dezake aurkezturiko justifikazioa, baldin eta gainontzekoen eskubideei kalterik egiten ez bazaie.

  5. Organo emaileak, egiaztapen-egintzan, aldaketak onartzeak onuradunari ez dizkio kentzen egokitu ahal zaizkion zehapenak.

  1. Ematen diren dirulaguntzen ordainketa-agindu biren bidez egingo da: % 60 ematen denean, eta gainerako % 40 diru-laguntza jaso duen jarduketa benetan egin dela, helburua egokitzen dela eta kostua lehendik adierazitakoa dela egiaztatu ondoren.

  2. Jarduketa amaitu ondoren, onuradunak ikuskapena eska dezake, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzako Zuzendaritzan; 15 eguneko epea egongo da horretarako, proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita.

  3. Onuradunek, aurreko atalean aipaturiko eskabidearekin batera, jarduketaren kostu osoaren egiaztagiria aurkeztuko dute, kostu hori egiaztatzen duten fakturak edo beste ziurtagiri batzuk erabiliz (jatorrizkoak edo kopia egiaztatuak). 2011ko martxoaren 31 baino lehenago aurkeztu behar da aipatutako dokumentazioa.

  4. Diru-laguntza jaso duen jarduketa benetan egin dela eta onetsitako proiektura egokitzen dela egiaztatzeko, Urdaibai Biosfera Erreserbako Bulego Teknikoaren teknikariek, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzako zuzendariaren ikuskaritzapean, ikuskapen bisitaldia egingo dute, onuradunarekin hitzartuta; halaber, horren emaitzari buruzko txostena egingo dute.

  5. Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzako Zuzendaritzak, ikuskapen horren egiaztapenetan nahiz emaitzetan eta aurkezturiko dokumentazioan oinarrituz, likidatu egingo du diru-laguntza, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzako zuzendariak bidezko ebazpena emanez.

  6. Ordainketa tramitatzen den egunean, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritako kasuak betetzen direnean (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako dirulaguntzen onuradunek zerga-betebeharrak betetzea egiaztatzeari buruzko agindua), egiaztapen hori agindu honetako 8. artikuluko 1. ataleko g) letran ezarritakoaren arabera egingo da.

Diru-laguntza emateko aintzat harturiko baldintzak aldatuz gero, diru-laguntzaren helburua bete egin dela jotzen bada, eta beste edozein erakunde publikoren edo pribaturen diru-laguntzak nahiz laguntzak lortuz gero, aldatu egin daiteke diru-laguntza emateko Ebazpena, baldin eta bete egiten badira Agindu honetan diru-laguntzaren jasotzailea izateko ezarritako baldintzak. Horri dagokionez, Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzaren Zuzendaritzak Likidazio Ebazpena emango du, eta, bertan, egokitu egingo dira emandako diru-laguntzaren zenbatekoak edo bestela, antolatu egingo da jasotako gehiegizko zenbatekoen itzulketa.

Laguntzen onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 53.1 artikuluan ezarritako kasuetarikoren batean sartzen badira (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako testu bategina), edo agindu honetan, gainerako arau aplikagarrietan nahiz emakida-ebazpenean ezarritako edozein baldintza urratzen badute, Ingurumenaren Sailburuordeak, interesatuaren audientzia izango duen bidezko prozedura gauzatu ondoren, gainerako zenbatekoak jasotzeko eskubidearen galera adieraziko du, eta gainera, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak Euskadiko Altxortegi Nagusira itzuli beharra ere ezarriko du, bidezko gainerako ekintza guztien kalterik gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, legezko ondoreetarako, eta erantzukizun-araubidea, berriz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategineko 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

Lehenengoa. Ordezko araubidea.

Agindu honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztian, honako hauetan jasotako xedapenak izango dira aplikagarriak: Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolaketa Printzipioei buruzko Legeko Testu Bategina onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan.

Bigarrena. Errekurtsoak.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailean; hilabeteko epea egongo da horretarako, jakinarazpena egiten denetik zenbatzen hasita. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke, Euskal Herriko Justizi Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta, horretarako, bi hilabeteko epea egongo da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Hirugarrena. Ondoreak.

Agindu honek ondoreak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 30a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

I.A. Jarduketa zehatzak.

Diru-laguntza jaso dezaketen jarduketen gutxi gorabeherako zerrenda (ez da baztertzailea):

I.A.1. Ingurune naturalaren gaineko jarduketak.

Hostozabal autoktonoen espezieek eraturiko basotxoak ezartzea, suspertzea edo hobetzea. Bigarren mailako espezieen landaketa sustatuko da (batez ere fruta-arbola eta zuhaixka autoktonoak).

Ekotono aberatsak eta anitzak sortzea, bai baso-basen ertzean, bai larredien ertzean, bigarren mailako zuhaitz edo zuhaixka autoktonoak landatuta. Aintzat hartuko da horiek abereetatik babestu beharra dagoela.

Harizti orbanen azalera eta urbazterreko basoen azalera handitzea, babes edo kontserbazio helburuekin, oraingo basotxoak euren artean konektatu ahal izateko. Oso interesgarriak dira haran azkeneko hariztietan garatzen diren ekimenak.

Urbazterrak landatzeko edo babesteko landaketak egitea, egitura konplexukoak, ubideen babes zerrenden barruan, horien kokalekua edozein izan arren (larrediak, laboreak, basoak, errepide ertzak).

Egitura konplexuko urbazterreko landaredia, ripisilbak edota sotoak sortzea, 10 metrotik beherako zabalerakoak, ibaien nahiz erreken ertzen eta itsasertza babesteko zerrendaren kalitate ekologikoa hobetzeko, halako ekosistemen ordez laboreak edo beste forma artifizial batzuk dituzten lekuetan. Horren barruan, eukalipto eta pinu landaketetako lehenengo 10 metroak (gutxienez) urbazterreko baso bihurtzea sartzen da.

Higadura arriskua duten ubideen ertzak eta maldak egonkortzeko eta suspertzeko jarduketak egitea, edo uretako ingurura loturiko espezieen habitatak egokitzeko jarduketak egitea. Bioingeniaritzako teknikak baino ez dira erabiliko.

Baso-orbanei eta landazabaleko zonei loturiko putzuak eta hezeguneak instalatzea.

Gune hezeak suspertzea edo berreskuratzea, hezeguneei loturiko eremuetan edo hezegune bihurtzeko aukera duten eremuetan, esate baterako, eremu endorreikoetan, troketan, depresioetan, etab.

Adina, neurria, garrantzia, espeziea, morfologia eta abar aintzat hartuta bereziak diren zuhaitzak babesteko toki ekimenak garatzea.

Ekosistema autoktonoen osotasunerako mehatxagarriak diren espezie exotiko inbaditzaileak ezabatzea.

Jarduketen mantenu lanak, landaredi potentziala ezartzeko bideratuak: hutsegiteen birjarpena eta landaredi lehiakidearen kontrola.

I.B. Baldintza bereziak.

I.B.1. Birlandaketa jarduketen baldintzak.

Landarediaren ezarkuntzarako jarduketetan, honako jarduera hauek izango dute diru-laguntza: ahalezko landarediaren ezarkuntza, babes hodiak edota itxierak eta landaketaren osteko hiru urteetan behar diren mantenamenduko lanak, adibidez, gabezien birjartzea eta landaredia lehiakidearen kontrola.

Ahalezko landaredia landatzeko, suspertzeko edota mantentzeko memoriek edo proiektuek mantenamenduko plan bakuna edukiko dute erantsita, eta bertan, jarduketaren helburua, garatu beharreko jarduketak eta lehenengo 3 urteetako baloraturiko programa egongo dira jasota (jarduketen justifikazioa, egutegia eta aurrekontua), jarduketaren helburua lortu ahal izateko.

Landarediaren ezarkuntza dakarren neurrietariko bakoitzean, eskatzaileak mantenamendurako konpromisoa adierazi beharko du, mantenamenduko planaren aurkezpenean, eta horren iraupena 3 urtekoa izango da.

I.B.2. Basoko landarea edo hazia erabiltzeko baldintza bereziak.

Landareek edo haziek bete egingo dituzte indarreko araudiak baso eremuen arloan ezartzen dituen baldintza guztiak, baita bidezko proiektu eta memoria teknikoek ezarritako baldintzak ere. Halaber, jarduketetarako erabilitako landareak bermaturiko jatorri genetikoarekin etortzearen aldeko balorazioa egingo da, eta jatorri hori ahalik eta hurbilena izango da jarduketaren eremutik.

Landareen adina eta gutxieneko dimentsioak aurkezturiko proiektuan edo memoria teknikoan adierazita egongo dira.

I.B.3. Ubideen ondoko ahalezko landaredia suspertzeko edota mantentzeko baldintza bereziak.

Ubideen ondoko lurretan egin beharreko suspertzeetarako laguntzak jasotzeko, beharrezkoa da gutxienez lehenengo bost metroak birlandatzea, ubidearen bi aldeetan, ibai ertzaren ondoan, inguruko landaredia naturaleko baso espezie erripikolekin, eta gainera, errespetatu egin behar da lehendik dagoen landaredia autoktonoa.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik