Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko uztailaren 6koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Unibertsitatea-Enpresa egintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2011-2012). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko uztailaren 6koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Unibertsitatea-Enpresa egintzetarako aurreikusitako funtsen kargura Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikorako laguntzak emateko deialdia egiten duena (2011-2012).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 143
  • Hurrenkera-zk.: 3591
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/07/06
  • Argitaratze-data: 2010/07/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa

Testu legala

Berrikuntza-prozesuak, arazo zehatzak ebazteko asmoz ezagutza zientifikoak eta teknikoak erabili eta aplikatzeko prozesua den aldetik, jadanik ez dio jarraitzen ohiko eskema linealari, zeinetan oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura pasatzen baita eta bertatik garapen teknologikora, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuan amaitzeko; aitzitik, era askotako loturetan oinarritutako dinamika berri bati eutsi dio.

Berrikuntza teknologikoa industria-ekoizpeneko enpresetan nabarmendu ohi bada ere, eragile askoren arteko elkarrekintzen emaitza da: ikerketa teknologikoko zentroak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, ETEak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, herri-administrazioak, eta abar.

Berrikuntza, beraz, elkarrekintzazko eredu baten emaitza da eta bertan gero eta garrantzi handiagoa ematen zaie eragileen arteko elkarrekintzei eta, gaur egungo egoeran, haien arteko harreman- eta truke-mekanismoak sortzeari. Horrek tartean sartutako eragileen kulturak eta estrategiak aldatzea dakar berekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia eta Teknologia Sistemak badu hutsune bat, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateen eta inguruko agente zientifiko-teknologiko eta ekoizpen-enpresen arteko elkarrekintzari dagokionez. Agindu honen bitartez, sailak unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa-taldeen eta teknologia-berrikuntzan interesa duten industria-enpresen arteko lankidetza sustatu nahi du.

Ekoizpen-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; euskal unibertsitateak eta agente zientifiko-teknologikoek, berriz, ahalmen zientifiko eta tekniko handia dute ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, baina ekoizpen-inguruneak ez du hori behar adina aprobetxatzen.

Deialdi honen xedea, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoaren zientzia- eta teknologia-sistema indartzea da, unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa taldeen eta ekoizpen-inguruneko enpresen arteko elkarrekintza ahalbidetuta, kalitateagatik eta interes zientifiko-teknologikoagatik enpresentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu edo teknologikorako proiektuen bitartez. Produktu horiek, hain zuzen, unibertsitatetik enpresarako teknologi transferentzia ekarriko dute, edota prozesuen edo produktuen mailan helburu berritzaileak gauzatzea.

Asmoa da, ahal den neurrian, parte hartzen duten ikerketa-taldeetan enpresetako eta unibertsitate- eta teknologiazentroetako teknikariek parte hartzea, eta proiektuen helburuak produktu edo prozesu berritzaileak lortzera bideratzea, aurrelehiakortasunaren edo lehiakortasunaren mailan, aipatutako lehentasunekin bat etorriz, enpresek haiekiko interes handia baitute.

Deialdia egin duen sailak elkarrekintza hori sustatuko du proiektuen zuzeneko kostuaren alde handi bat finantzatuz; enpresek ere aipatutako finantziazioan parte hartu beharko dute, ikerketa-proiektuarekiko duten interes teknologikoaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan xedatutakoa bete da (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992ko otsailaren 7ko EHAA) eta EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua kontuan hartu dira.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

  1. Ekoizpen-enpresentzat interesgarriak izango diren ikerketa aplikatu eta teknologikorako proiektuak gauzatzeko diru-laguntzen deialdia egitea. Aipatutako proiektuetan unibertsitateko ikertzaileek eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko Agenteetako batzuek parte hartuko dute enpresetako eta gizarte- eta/edo industria-mailako ekintzak burutzen dituzten entitateetako I+D unitateekin batera, industria-, gizarte-, edo teknologia-aplikazioari buruzko gaiak garatzeko asmoz, agindu honetan jasotzen diren baldintzen arabera.

  2. Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute eskudirutan. Diru hau ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahalko da. Kasu horretan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak ez dira enpresatzat hartuko. Horretarako, lankidetza-hitzarmena izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 13.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  3. Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek II. eranskinean aipatzen diren printzipioak errespetatu beharko dituzte.

  4. Xede horretarako 229.472 euro izendatuko dira. Honela banatuko da zenbateko hori: 2011ko ekitaldirako, 131.127 euro, eta 2012ko ekitaldirako, 98.345 euro.

  5. Artikulu honetan esleitutako zenbateko osoa handitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gerta litezkeen aurrekontuen arabera eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Horren berri Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpenaren bidez emango da.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten Unibertsitateak izan daitezke diru-laguntzaren onuradunak, baldin eta 3. artikuluaren arabera prestatutako ikertzaile-taldeak badituzte plantillan.

  2. Eskabidean ikastetxe laguntzailetzat hartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente akreditatuak, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluan azaltzen diren agente-kategorietan badaude (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarriak arautu zituena). Hona hemen artikulu horretan zerrendatzen diren kategoriak:

    Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

    Elkarlaneko ikerketa-zentroak.

    Teknologia-zentroak.

    Garapeneko eta Teknologia Transferentziako Nazioarteko Zentroak.

  3. Enpresa, diru-laguntzaren zuzeneko onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da. Alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar baitute eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak bere «know-how»-aren barruan sartuz erabili eta unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatu behar baitu.

  4. Ezingo dute unibertsitate onuradun izan diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenek, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera sexu-bazterkeriagatik zigortutakoek ere.

  1. Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako deialdi honetarako eskatutako proiektu bakarrean parte hartu ahal izango du, eskatzaile moduan edo ikerketa-talde laguntzaile bateko kide moduan.

    Aurreko deialdietako laguntzen onuradun izan diren unibertsitateetako ikertzaileek ezingo dute deialdi honetan parte hartu, baldin eta aurreko deialdietarako eskabideetan parte hartu badute eta eskabidea aurkezterakoan betebeharren bat egiteko dutela-eta euren jarduerak itxi ez badituzte emaitzen ustiapen-txostena eta argitalpena salbu.

  2. Ondokoek osatuko dute ikerketa-taldea:

    1. Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusia; doktoradutza-tituluaren jabe eta unibertsitate onuradunaren plantillakoa izan behar du.

    2. Doktore-titulua edo lizentziatura, arkitektura- nahiz ingeniaritza-titulua duen ikertzailea. Erakunde eskatzaile edo kolaboratzaile bakoitzeko bat egongo da gutxienez, eta erakunde horien plantillakoa izan beharko du. Gainera, ondoko hauekin osatu ahal izango da:

    3. Ikerketako laguntzaileak: enpresa laguntzaileetako pertsonak izan daitezke. Programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua izango dute eta ez dira adierazitako gainerako kategorietakoak izango.

  3. Ezinbesteko baldintza izango da proiektuan, gutxienez, unibertsitate onuradunetako ikerketa-talde batek eta helbide soziala EAEn duen enpresa batek parte hartzea; Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente baten partaidetza, berriz, aukerakoa izango da.

  1. Finantzatu daitezkeen kontzeptuak.

    Deialdi honetan honako hauek finantzatu ahal izango dira:

    1. Laguntzailea: lanaldi osoagatik, hau da, urteko 1.400 ordugatik, gehienez ere 15.500 euro emango dira, Unibertsitatearekiko harreman motaren arabera. Proiektuari denbora gutxiago eskaintzen bazaio, ordaindu beharreko zenbatekoa proiektuari eskainitako denboraren araberakoa izango da.

      Lizentziaduna, ingeniaria, arkitektoa edo ingeniari teknikoa izan beharko du laguntzaileak. Ez da izango erakunde parte-hartzaileetako plantillakoa eta ezin izango du jaso beka bidezko beste ordainsaririk, beste ikerketa proiektu batzuetarako diru-laguntzarik, lansaririk edo izaera publiko edo pribatuko bestelako ordainsaririk.

      Laguntzailea izateko aukera ematen bada, laguntzaileari ordaintzeko kopuru bat ere finantzatuko da. Ikertzaile nagusiak, gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari proposatuko dio, onar dezan, laguntzaile-zereginetan arituko denaren izena. Proiektuak dirauen bitartean, zeregin horietan pertsona bera aritzea komeni bada ere, gutxienez urtebetez egon beharko du.

    2. Material inbentariagarria: Kontzeptu honengatik ordaindu beharreko kopurua ez da 18.000 eurotik gorakoa izango. Proiektuaren kontura erositako material inbentariagarria erakundearen inbentarioan jaso beharko da, eta material horren kostua 18.000 eurotik beherakoa izango da. Espresuki uzten dira deialdi honetatik kanpo altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako tresneria inbentariagarria ere.

    3. Material suntsikorra: proiektuko jardueretarako beharrezkoa den heinean eta behar bezala justifikatzen denean ez da mugarik egongo kontusail honetan.

    4. Bidaiak: proiektuaren jardunak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, eta ikerketa-taldeko pertsona bakar batentzat.

    5. Bestelako gastuak: finantzatutako proiektuaren kostuaren % 5 izango da gehienez urtean. Aurreko kontusailetan aurreikusi gabeko kontzeptuetarako gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko diru hori.

      Deialdi honen kontura ez dira finantzatuko parte hartzen duten unibertsitate-irakasleen lansariak: kontusail horretarako enpresaren ekarpena bakarrik erabiliko da. Parte hartzen duten enpresek, gutxienez, proiektuaren kostu osoaren % 10 finantzatu beharko dute eskudirutan. Diru hori ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahalko da. Kontusail hau unibertsitate onuradunetako ikertzaileentzat eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteentzat izango da, proiektuari eskaini dioten denboraren arabera.

  2. Eremu geografikoa.

    Deialdi honetako proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako zentro edo enpresetan garatu beharko dira, koordinatuta bat baino gehiago direnean; hala ere, salbuespen gisa, autonomia erkidego honen lurralde-eremutik kanpo, noizbehinka, aparteko jarduerak garatzea aurreikusten duten proiektuak onartu ahal izango dira. Parte hartzen duten entitate guztietan ikerketa-jarduerak garatu beharko dira.

  3. Iraupena.

    Proiektuak 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira, eta proiektuari hasiera ematen zaion egunetik hasita, urte batean edo bitan burutu beharko dira.

  1. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

    Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa I. eranskinean ageri dena izango da. Jatorrizkoa aurkeztu beharko da, paperean, baita CD euskarriko formatu elektronikoan ere.

    Eskabideak aurkezteko, interesdunek inprimaki eredu bat izango dute eskuragarri interneteko helbide honetan: «http://www.hezkuntza.net».

    Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean zabalduko da eta 2010eko irailaren 8an itxiko.

  2. Eskabideak helbide honetara bidali behar dira:

    Eusko Jaurlaritza

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

    Zientzia Politikarako Zuzendaritza

    Erreferentzia: Unibertsitate-Enpresa Ikerketa Proiektuak

    Donostia kalea, 1

    01010 Vitoria-Gasteiz

    Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat baliatuz ere bidal daitezke.

  3. Ikertzaile nagusiak egin beharko du eskabidea, eta bere saileko zuzendariaren eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia beharko du.

    Datuak aipatu gabe uzteak, aldatzeak edo eskatutako informazioaren edozein erabilera oker egiteak eskabidea ezestea ekarriko du.

  4. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Zuzendaritza horretan (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) erabili ahal dira sartzeko, zuzentzeko, ixteko eta oposizioa egiteko eskubideak.

    Halaber, deialdi honetan parte hartu dutenek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute deialdi honen xede bererako bakarrik eta, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea, Ikerketa Proiektuen Zerbitzuaren bidez.

Eskabideek eskatutako informazio guztia jasotzen ez badute, eta/edo aurreko ataletan adierazitako agiri guztiak eransten ez bazaizkie, interesdunari hori jakinarazi eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak aurkezteko. Gainera, horrela egiten ez badu, eskaera ezetsi egingo dela jakinaraziko zaio, 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluari jarraiki emandako ebazpenaren ondoren.

  1. Ebaluazio Batzordea.

    Ebaluazio Batzordea Zientzia Politikarako zuzendariak, Unibertsitateetako zuzendariak eta Ikerketa Proiektuen Zerbitzuko ikerketa-programetako teknikariak osatuko dute. Proiektu bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie Batzordeak dagokion jakintza-arloan prestigio handia eta ebaluatzeko esperientzia duten ikertzaile eta teknologo adituei. Batzorde honek deialdiko irizpideak behar bezala aplikatuko ditu, eta kasuan kasuko gaietako adituen txosten teknikoak bateratuko ditu.

    Ebaluazio-prozesuaren barruan, egoki iritziz gero, proiektuetan aldaketak sartzea iradoki diezaieke Batzordeak eskatzaileei, proiektu horiek programaren helburuei hobeto egokitzeko.

  2. Eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera antolatzeko irizpideak.

  1. Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak ondoko irizpideak izango ditu kontuan eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera antolatzeko:

    Irizpideak Puntuak

  1. Proiektuaren kualifikazio zientifiko-teknologikoa: proposamenaren interes teknologikoa eta ekonomikoa, originaltasuna eta izaera berritzailea. 10

  2. Proiektuaren kudeaketa-plana: metodologia eta teknika instrumentalak egokitzea; lanerako plan bideragarria eta egin daitekeena. Erantzukizunen banaketa. 15

  3. Ikertzaileen kalitate zientifiko-teknikoa. Aurreko deialdietan finantzatutako proiektuetan lortutako errendimendu maila eta produktibitate zientifikoa. 15

  4. Ikertzaileek ikertu behar den gaian daukaten esperientzia. 10

  5. Aurreikusitako finantza-baliabideak ezarritako helburuetara egokitzea. 10

  6. Enpresa proiektuan zenbateraino sartuta dagoen, egin duen ekarpen ekonomikoa eta emaitzak aprobetxatzeko gaitasuna. Emaitzak ustiatzeko plana. 20

  7. Zentro laguntzaile batek (2.2 artikulua) ikerketa-taldean modu aipagarrian parte hartzea. 5

  8. Beste erakunde batek finantza-erakunde gisa jardutea transferitu beharreko ezagutza sortu duten proiektuetan. 5

  9. Teknologia transferitzeko plana. 10

    Guztira 100

  1. Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren III. eranskinean adierazi dira irizpideak zehatzago baloratzeko aldeen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.

  1. Diru-laguntzak lehiaketaren bidez emango dira eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, laguntzak esleitzeko proposamena Ebaluazio Batzordeak egingo du, aurkeztutako eskabideak aztertu ondoren. 50 puntutik gora jaso dituzten eskabideei esleituko zaie laguntza. Eman behar diren diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, hautaketa- eta balorazio-fasean lortutako puntuazioaren ondoriozko hurrenkerari begiratuko zaio, eta puntuazio handiena lortu duenetik hasita, Batzordeak onartutako aurrekontuaren araberako zenbatekoak esleituko dira, harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako diru-zenbatekoa agortzen den arte, edo indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuetan aldaketak egiten direnean, hasierako zenbateko hori gaurkotzetik ateratzen dena agortzen den arte.

  2. Onartzen den aurrekontuak kontuan hartuko ditu agindu honen 4. artikuluan ezarritako kontzeptuak, eta eskabidean ikerketa-ekipoek egiaztatutako beharren arabera eta adituek emandako aholkuen arabera zehaztuko da; diru-laguntzaren zenbateko osoa urteka, aurkeztutako beharren arabera eta onartutako lan-planen arabera banatuko da.

  1. Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari proposamena aurkeztuko dio, eta honek esleitu edo ukatuko ditu, ebazpen bakar eta arrazoituaren bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie. EHAAn argitaratuko da denek horren berri izan dezaten unibertsitate onuradunen zerrenda, ikertzaile nagusiaren izena, enpresaren izena, jasotako zenbatekoa eta finantzatu den proiektuaren titulua.

  2. Ebazpenean, onesten den proiektu bakoitzari buruzko erreferentzia hauek jarriko dira:

    Ikertzaile nagusiaren izena.

    Unibertsitate onuraduna, ikertzaile nagusiarena.

    Parte hartzen duten enpresen izena edo helbidea.

    Ikerketa-proiektuaren titulua.

    Proiektua burutuko den urtealdi bakoitzari esleitutako zenbatekoa.

  3. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean. Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, eskariak isilbidez ezetsitzat jo ahal izango dira.

Diru-laguntza hori ez ezik, beste finantza-erakunde batzuek helburu berbererako emandako laguntzak ere jaso ahal izango dira. Ikerketa-proiektu batek Eusko Jaurlaritzaz besteko erakunde baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat erakunde horrek diruz lagundu badu, erakunde horren finantzaketak babesten ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik ikusiz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da. Zientzia Politikarako Zuzendaritza beste alderdi finantzatzailearekin harremanetan jarri ahal izango da, elkarren artean finantzatzeko akordioa lortzeko.

  1. Proiektuaren ikertzaile nagusia atxikita dagoen unibertsitateari ordainduko zaio diru-laguntzen zenbatekoa.

  2. Urteko zenbatekoak aurretiaz ordainduko dira urte bakoitzean. Proiektua burutzeko azken urtea denean, azken urteko diru-laguntzaren % 75 baino ez da ordainduko aurrez. Unibertsitate onuradunak deialdiaren 12. artikuluan zehaztutako dokumentazio guztia bidali eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak ontzat eman eta gero egingo da azken urteko bigarren ordainketa, hau da, gainerako % 25.

    Diru-laguntzaren onarpenari buruzko dokumentua jaso ondoren, unibertsitatearen eta proiektuan parte hartzen duen enpresaren arteko hitzarmenaren ondoren, eta enpresak egindako lehen ordainketaren ondoren (gutxienez, hitzartutako zenbateko osoaren % 50) egingo da lehen urteari dagokion ordainketa. Bigarren urteari dagokion ordainketa, berriz, baldintzatuta egongo da; alegia, aurreko urteari dagokion urteko txostena entregatu beharko da horretarako.

  3. Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme araubidearen arabera bermatuko da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako bermeen eta diru-laguntzen itzuleraren sistema orokorra arautzen duen eta hura kudeatzen parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezartzen ditu.

  4. Diru-laguntza igorri ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela frogatu beharko du, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zk.).

  1. Diru-laguntza onartzeko dokumentua: Unibertsitate onuradunei ebazpenaren jakinarazpenarekin batera emango zaie diru-laguntzaren urteroko banaketen eta kontzeptuen berri. Unibertsitateek diru-laguntza onartzen dutela adierazteko, itzuli egingo dute jakinarazpena legezko ordezkariak behar bezala sinatuta; horretarako epea, jakinarazpena jaso eta 10 egunekoa izango da. Epe horren barruan igorri ezean, onuradunak laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

  2. Laguntzaileentzako diru-laguntzarik egonez gero, laguntzailea unibertsitate onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, eta parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua berariaz jaso beharko da, baita bere egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da izan deialdiaren ebazpena baino lehenagokoa; 2011ko lehen seihilekoan egin beharko da. Kontzeptu hori dela-eta emandako diru-laguntza deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100era iritsiko ez balitz eta kontratuaren kostu osoa ordaintzera iritsiko ez balitz, zentroak lanaldi osorako kontratua egin ahal izango dio, eta horretarako, zentroak berak erantsiko dio zenbateko bat diru-laguntzari harik eta kostu osoa ordaindu arte. Hori gertatuz gero, proiektuarekin batera, zentroak esleitzen dizkion bestelako egiteko osagarri batzuk ere egin ahal izango ditu laguntzaileak.

  3. Unibertsitate onuradunaren eta enpres(ar)en artean izenpetutako hitzarmenaren (13.3 artikulua) deialdia aurkeztea erakunde kudeatzaileari, baita enpresak lehenengo ordainketa egin izanaren egiaztagiria ere diru-laguntzaren lehenengo ordainketa egiteko ezinbesteko baldintza. Sinatutako hitzarmena erakunde kudeatzaileari aurkeztu behar zaio, ebazpenaren jakinarazpena egin eta, gehienez ere, hilabeteko epean.

  4. Urteko txostena: unibertsitate onuraduneko ikertzaile nagusiak, proiektua burutzeko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Ondokoak jasoko dira txosten horretan: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak eta diru-laguntzatik gastatu den kopuruaren estimazioa.

  5. Gastua egiaztatzea: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitzerakoan, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, unibertsitate onuradunak egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektu beraren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiri hori proiektua amaitu osteko hilabete biko epean aurkeztu behar da.

  6. Amaierako txosten zientifikoa: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu ondorengo lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta bertan zehaztasun handiz adierazi aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabaltze- eta jendarteratze-jarduerak.

  7. Argitalpenak: proiektuaren emaitzak aldizkari espezializatuetan argitaratzen badira, edo liburuak, monografiak, artikuluak, doktore-tesiak, lizentzia-tesinak, kongresuetarako komunikazioak, patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, Sail laguntzailearen babesa utzi beharko da jasota, proiektuaren kodea ere aipatuz. Era berean, argitalpenen kopia bidali beharko da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.

  8. Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketan lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; horretarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta bertan proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Proiektua amaitu ondorengo bi urteetako bakoitzaren amaieran, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan zera adierazi beharko du: emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, burututako patenteak eta lortutako irabaziak.

  9. Unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin bidali beharko da proiektuaren jarraipenari dagokion dokumentazio guztia; salbuespen izango dira enpresaren txostenak, enpresaren legezko ordezkariak izenpetuko baititu.

  10. Artikulu honetan aipatu txostenen edukien deskripzioa eskuragarri egongo da interneteko helbide honetan: http://www.hezkuntza.net.

  11. Urteko txostenek, amaierako txosten zientifikoak eta egindako argitalpenek ebaluazio zientifikoa jaso dezakete. Dagokion ezagutza alorrean ospe eta ebaluazio-esperientzia onartua duten ikertzaileak aritu daitezke ebaluazio horietan. Ebaluazio negatibotik ondorioztatzen bada proiektuaren garapena ez datorrela bat eskabidean proposatutako eta ebaluazio- eta ebazpen-prozesuan onartutako helburuekin eta lan-planarekin, 15.4.b) artikuluan xedatutakoa beteko da.

  1. Ikerketa-taldeek zentroaren arau orokorren arabera egingo dituzte gastuak, agindu honetan ezarritakoaren eta deialdiaren organo kudeatzailea den Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren jarraibideen arabera.

  2. Proiektuan proposatutako helburuak betetzeko erabili gabeko zenbateko osoei edo zatikakoei, eta bermeen araubide orokorrari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzei dagokienean, abenduren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.) eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakori jarraituko zaio.

  3. Lankidetza-hitzarmena izenpetu beharko da unibertsitate onuradunaren eta enpresa parte-hartzaile(ar)en artean, Transferentzia Teknologikorako Erakunde baten bitartez (hala nola: BTBak, Unibertsitate-Enpresa Fundazioa, Estrategia Teknologikorako Unitatea edo beste batzuk). Hitzarmen horretan honako hauek jaso beharko dira: ekonomia-harremanak, ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren, proiektuaren emaitzek zein erabilera eta jabetza duten, eta deialdiari dagokionez enpresak bere egin dituen obligazioak.

    Hitzarmenean proiektuaren emaitzez baliatzeko baldintzak zehaztuko dira.

  4. Jatorrizko fakturak unibertsitate onuradunean bertan artxibatu behar dira eta erabilgarri egon behar dira Zientzia Politikarako Zuzendaritzak egin lezakeen edozein egiaztapenetarako.

  5. Unibertsitate onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman behar die erakunde bi horiek beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio.

  6. Proiektua amaitzen den epealdian, ikerketa-proiektua burutzea eta, ondorioz, diru-laguntza agortzea galarazi duen arrazoirik gertatuz gero, ikertzaile nagusiak, unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari proiektua gauzatu eta kreditua agortu ahal izateko luzapena, gehienez ere sei hilabetekoa, eskatu ahal izango dio, aipatutako eskabidea egiteko arrazoiak behar bezala egiaztatu ondoren. Luzapen horrek ez du esan nahi azken txosten zientifikoa eta 12. artikuluan adierazitako memoria eta txostenak entregatzeko epea luzatu egiten denik.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez dela bete eta, urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak.

  1. Arau-hauste administratiboa gertatzen bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hauste eta zehapenen erregimena aplikatuko da, alegia, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa, horren bitartez onartu da-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina.

    Diru-laguntza jasotzeko bide eman zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat eta horri jarraiki, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio jasotako diru-zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak.

    Diru-laguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da, ondoko kasuren bat gertatuz gero:

  2. Ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori jatorrizkoa ez den beste erakunde, ente edo zentro batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

  3. Unibertsitate-taldearen eta enpresaren arteko lankidetza-harremanak desegitea edo haustea.

  4. Ondorengo arrazoiren bat dela medio, diru-laguntza baliogabetzen bada:

    1. Ikerketa proiektu bera egiteko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ikerketa proiektuaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Zientzia Politikarako Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

    2. Proposatutako helburuekin eta hitzartutako epeekin bat ez datorren proiektu bat garatzea, deialdiaren 6. artikuluko erakunde kudeatzaileen baimenik izan gabe.

    3. Taldeko kideek berek ikerketa-proiekturako ezarritako dedikazioa ez betetzea.

    4. Deialdi honen oinarri-arauen ez betetze larria, zati batekoa edo erabatekoa.

    5. Datuen ezkutaketa larria, aldaketa edo eske-idazkian edozein eratako manipulazioak egitea.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

Lehenengoa. Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzietako jurisdikzioari, bi hilabeteko epean, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat.

Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 6a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Honako hauek jasoko ditu eskabideak:

  1. Proiektuaren deskribapen orokorra; honako hauek jasoko dira bertan:

    Proiektuaren deskribapen orokorra.

    Ikerketa-taldearen datuak.

    Zentro parte-hartzaile bakoitzaren fitxa.

    Beste proiektu batzuetan parte hartu izanaren adierazpena.

  2. Ikerketa-proiektuaren memoria bat honakoak jasoz:

    Ikerketa-proiektuaren laburpena.

    Gaiaren aurrekariak eta egungo egoera.

    Bibliografia aipagarriena.

    Proiektuaren interes orokorra.

    Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.

    Hipotesiak Helburu orokorrak eta operatiboak.

    Helburuekin lotutako gertaerak eta lorpen-maila. Kronograma.

    Gertaera bakoitzean erabilitako metodologia.

    Proiektua gauzatzeko erabilgarri dauden instalazio, baliabide eta teknikak.

    Erantzukizunen banaketa.

    Ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia.

    Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta atarramentua.

    Kofinantzaketaren deskribapena.

    Eskatutako diru-laguntzaren justifikazio zehatza.

    Bi zentro edo gehiagoren arteko lankidetza.

    Enpresak proiektuan izan duen parte-hartzea.

  3. Erakunde laguntzailearen eta enpresa parte-hartzailearen adierazpena; proiektuari zenbateko ekarpena egin zaion adieraziko da bertan.

  4. Ikertzaile nagusiaren curriculum vitaea.

  5. Beste ikertzaile batzuen curriculumak, dena delakoagatik euren garrantzia edo osagarritasunagatik, edo ikertzaile nagusiarenaz bestelako diziplina batekoa izateagatik berariaz ebaluatzea merezi duenean.

  6. Ikertzaile-taldearen curriculum kolektiboa. Zentro laguntzaileko eta enpresako langileen curriculumak hartuko dira kontuan curriculum hau osatzerakoan.

  7. Parte-hartzaile bakoitzaren NANaren kopia eta zentro parte-hartzaile bakoitzaren IFZren kopia.

  8. Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+D ekintzak.

  9. Zinpeko aitorpena: egiaztatu egin beharko dute ez daudela diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean, ez eta sexu bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

  10. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dituztela egiaztatzen duten agiriak.

  11. Jasotako eta eskatutako laguntzei buruzko adierazpena, finantziazioa zertarako eskatu den, horren justifikazio xehatua eta beste deialdian finantzatutako ekintzekiko harremana.

  12. Proposamena esleipen irizpideen arabera- ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

Deialdira aurkezten diren proiektuek honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte:

  1. Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

  2. Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea eragiten duten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan, araututakoa bete behar dute.

    Era berean, lege horri lotuta egongo dira giza enbrioia jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

  3. Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

  4. Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den legezko araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan, ezarritakoa.

  5. Bestalde, genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea xede duten proiektuek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: apirilaren 25eko 9/2003 Legea, genetikoki eraldatutako organismoak modu itxian erabiltzeari, nahita askatzeari eta komertzializatzeari buruzkoa, eta urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua, hori garatzen duen erregelamendu orokorra onartzen duena.

  6. Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan, eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoak edukitzeari dagokionez izan daitezkeen arriskuak direla-eta.

  7. Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Landaretegiko Haziei eta Landareei nahiz Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

IRIZPIDEA ZEHAZTAPENAK Irizpideko gehieneko puntuazioa: 10

  1. Proiektuaren kualifikazio zientifiko-teknologikoa: proposamenaren interes teknologikoa eta ekonomikoa, originaltasuna eta izaera berritzailea.

    1 Garrantzizkoa da zehaztea ea proiektuaren helburua ote den lan bat ebatzi, zerbitzua eman edo aurretik zeuden ezagupenen garapena edo aplikazioa egitea, jatorrizko ezagupen berririk sortu gabe, edo bestela, ikerketa ote den.

    2 Proiektuaren xedea adierazten da, labur eta zehatz adierazi ere, eta argi eta garbi erdiets daiteke proiektuaren amaieran, helburuak bete ondoren.

    3 Helburuak zehatzak, neurgarriak eta lorgarriak dira, eta proiektuaren xedea lortzen lagundu dezakete. Proiektua osatzen duten mugarrien ezaugarri tekniko espezifikoak edo eskakizunak definitzen dira, jarritako helburu (helmuga) bakoitzaren eskakizunak eta ezaugarri teknikoak zehaztuz, halako moldez non, amaitzen denean, helburua lortu izanaren segurtasuna izango den.

    4 Badakite gaia zertan den, eta proiektuaren xedetik gertu dauden emaitzak lortzeko egun erabiltzen diren aukerak ere ezagutzen dituzte.

    5 Hobetsitako aukeraren faktorerik berritzaileenak definitzen dira, abantaila zientifiko eta teknologiko nabarmenak erakutsiz.

    6 Ikerketa-kostuak eta espero diren balizko onura ekonomikoak proportzioan daude.

    7 Ikerketa-arriskurik bada, helburuetakoren batean porrota izateko arriskuak neurtuta/kalibratuta daude, eta gorabehera hori gainditzeko aukerak ere badaude.

    8 Argi eta garbi ikusten dira proiektuaren erabilgarritasuna eta aplikazio industrialak eta sozioekonomikoak.

    9 Bada gaiari buruzko aldizkari espezializatuetan argitalpen zientifikoren bat egiteko aukera.

    10 Patenteren bat edota jabetza intelektualeko erregistroren bat egitea espero daiteke.

    IRIZPIDEA ZEHAZTAPENAK Irizpideko gehieneko puntuazioa: 15

  2. Proiektuaren kudeaketa-plana: metodologia eta teknika instrumentalak egokitzea; lanerako plan bideragarria eta egin daitekeena. Erantzukizunen banaketa.

    1 Metodologia eta tresna-teknikak oso lotuta daude helburuekin.

    2 Helburuetako bakoitzari lotutako zereginak edo atazak egoki deskribatzen dira. Nahikoak dira, osoak eta argi eta garbi bereizita daude.

    3 Sortutako zereginak ikertzaile bakoitzari nola esleitu zaizkion adierazten da.

    4 Ikertzaile guztiak gai dira eman zaizkien zereginak egiteko.

    5 Zereginak edo atazak denboraren arabera daude planifikatuta, kronograma baten bidez. Banaketa egokia da, segidari eta iraupenari begiratuta.

    6 Ikertzaileen dedikazioa egokia da, behar bezalakoa; hau da, ez gutxiegi, ez gehiegi, eta ez dago aurreikuspen-faltarik.

    7 Proiektuaren mugarriak zehaztu dira, helburuak edo helburu-multzoak partzialki erdietsi ondoren.

    8 Enpresan egingo diren jarduerak guztiz integratuta daude kronograman eta kudeaketa-planean.

    9 Kudeaketa-plana koherentea da, egingarria eta xedea aurreikusitako epean lortzeko aukera emango du.

    IRIZPIDEA ZEHAZTAPENAK Irizpideko gehieneko puntuazioa: 15

  3. Ikertzaileen kalitate zientifiko-teknikoa. Aurreko deialdietan finantzatutako proiektuetan lortutako errendimendu maila eta produktibitate zientifikoa.

    1 Agerian utzi dira taldeak edo taldeek azken urteotan finantzatuta izan ditu(zt)en proiektuak, baita proiektu horietan erdietsitakoak ere: patenteak eta dagozkien argitalpenak

    2 Aurrerapena ikusten da proiektuetan jorratutako gaien kalitateari eta garrantziari dagokienez, baita ateratako emaitzen kalitatean ere.

    3 Proiektuen inbertsio eta kostuak, eta ateratako emaitzak, eskabidearekin batera aurkezturiko dokumentazioan adieraziak, elkarren proportzioan daude.

    4 Ikerketa-taldeak atarramentu ona atera dio aurreko finantzaketari, emaitzen eta argitalpenen bidez.

    5 Ikertzaile nagusiak arrakastaz zuzendu ditu beste proiektu batzuk ikerketa-taldearekin, finantzaketa publikoa jasota, eta maila zientifiko eta tekniko egokia du.

    6 Taldeak aurkezten dituen argitalpenak interesgarriak eta garrantzitsuak dira, eta zientzia eta teknikaren alorreko gaitasun nahikoa erakusten dute, proiektu berriei ekiterakoan arrakasta bermatzeko moduan

    7 Proiektuak egiten ari dira I+D Plan Nazionalean edota Europako 7. PMan.

    IRIZPIDEA ZEHAZTAPENAK Irizpideko gehieneko puntuazioa: 10

  4. Ikertzaileek ikertu behar den gaian daukaten esperientzia.

    1 Ikerketa-taldea lehenago ere aritu da proiektuaren xedean, finantzaketa publikoaren edo kontratuen bitartez.

    2 Ikerketa-taldeak gaiari buruz egin dituen argitalpenak aurkeztu ditu, beste zentro batzuekin aritu da lanean edo aurretik ere emaitzak atera ditu.

    3 Aurkeztu duten dokumentazioa kontuan hartuta, esan daiteke ikerketa-taldeak baduela proiektuari heltzeko adina ezagupen.

    4 Proiektuaren eskabideak erakusten duenez, gaiaren aurrekariak eta bibliografia ondo ezagutzen dituzte.

    5 Baliatu nahi diren metodologiak aurreko lanetan erabili ditu ikerketa-taldeak.

    6 Ikerketa-taldea orekatuta dago, eta behar bezala heltzen die lan-alor guztiei, eta metodologia eta tresna-teknika guztiak kontrolatzen ditu.

    7 Ikergaia eta metodologiak ondo ezagutzen dituela erakutsi du ikertzaile nagusiak.

    8 Ikertzaile nagusiak badu enpresak aurkeztu duen arazoaren berri, eta aurreko balorazioa egin du.

    IRIZPIDEA ZEHAZTAPENAK Irizpideko gehieneko puntuazioa: 10

  5. Aurreikusitako finantza-baliabideak ezarritako helburuetara egokitzea.

    1 Atazei lotutako material suntsikorren kostu-aurreikuspena zuzena da. Eskuratzeen eta prezioen egokitasunari buruzko txostena.

    2 Material inbentariagarriaren kostuaren aurreikuspena zuzena da. Erosi nahi den material inbentariagarria beharrezkoa da eta ez dago halakorik inguru hurbilean. Eskuratzeen eta prezioen egokitasunari buruzko txostena.

    3 Material inbentariagarririk eskatuz gero, merkataritza-etxeen proformako fakturak aurkeztu dira. Egokitasunari buruzko txostena.

    4 Atazekin zerikusia duten bidaien kostu-aurreikuspena zuzena da. Proiektuaren helburuak betetzeko behar diren bidaiak dira.

    5 Joan nahi duten kongresuak edo mintegiak badu garrantzia nahikorik.

    6 Laguntzailerik eskatzen bada, lanen eta eginkizunen banaketaren arabera esleituko zaie dedikazioa.

    7 Laguntzailerik eskatu bada, eman zaizkion zeregin edo atazak egokiak dira prestakuntza jasotzen ari den gazte batentzat, eta ez dira ikertzaile aditu batek egingo lituzkeen lanak.

    8 Proportzio egokia dago ikertzaileen dedikazioaren eta bekadunen dedikazioaren artean.

    9 Ikertzaileen dedikazioa egokia eta zuzena da, eta ez dira dedikazio-orduak puztu.

    IRIZPIDEA ZEHAZTAPENAK Irizpideko gehieneko puntuazioa: 20

  6. Enpresa proiektuan zenbateraino sartuta dagoen, egin duen ekarpen ekonomikoa eta emaitzak aprobetxatzeko gaitasuna. Emaitzak ustiatzeko plana.

    1 Enpresak lehenagotik eginak ditu I+D jarduerak, eta bere prozesu edo produktuak atera ditu.

    2 Enpresa lehenagotik jarduna da proiektuaren gaian, edo bere ahaleginak inbertitu ditu proiektuaren gaia den berrikuntzan.

    3 Enpresak badu esperientzia eta baliabiderik aski proiektuaren ondoriozko ezagutzak eta teknologia aprobetxatu eta erabili ahal izateko.

    4 Enpresak agerian du ahultasun/arazoren bat, proiektuaren bidez konpon daitekeena.

    5 Emaitzak ezartzearen ondorioz, arrakastaz gaindituko dira enpresaren ahultasunak, eta enpresak lehia-abantailak edo onura ekonomikoak aterako ditu, edo, gutxienez, aukera izango du prozesuak edo produktuak hobetzeko.

    6 Bada emaitzak ustiatzeko plana, enpresaren ezagutzan eta planetan txertatzeko aukerak dituena. Enpresak ekonomiaren aldetik baloratu du proiektuak ekarriko dion hobekuntza, eta enpresa-planean planifikatu du emaitzak ezartzea. Enpresak

    7 Enpresak interesa erakutsi du Unibertsitatearekin konpartitzeko proiektuaren emaitzen aplikazioaren onurak, eta/edo emaitzak babesteko.

    8 Enpresak proiektuaren guztizko kostuan duen partaidetza-ehunekoa (% 10etik gora) garrantzizkoa da, edo parte hartze handiagoa eduki beharko luke ekonomiaren aldetik.

    9 Enpresak eskudiruzkoa ez den beste ekarpenen bat egiten du: alegia, produktuak, materialak, tresnak.

    10 Enpresaren ekarpenaren balorazio ekonomikoa erakusten da, baliabideen arabera (ez eskudirutan).

    11 Enpresak ezagutza ematen die proiektuko ikertzaileei.

    12 Enpresak proiektuan egiten dituen jarduerak garrantzizkoak dira, ez dira emaitzen saio edo froga huts.

    13 Unibertsitateko ikertzaileek ikerketa-jarduerak egingo dituzte enpresako laborategietan.

    IRIZPIDEA ZEHAZTAPENAK Irizpideko gehieneko puntuazioa: 5

  7. Teknologia zentro batek ikerketa-taldean modu aipagarrian parte hartzea.

    1 Teknologia zentroko langileen partaidetzaren ehunekoa, dedikazio-orduak kontuan hartuta

    TZaren orduak/urteko orduak, guztira >% 10 % 10- % 20 % 20- % 30 % 30- % 40

    Puntuak 1 1,5 2 2,5

    2 Teknologia zentroaren partaidetzak proiektuaren helburuetan duen garrantzia

    Helburuen garrantzia

    txikia ertaina handia

    Puntuak

    0,5 1,25 2,5

    IRIZPIDEA ZEHAZTAPENAK Irizpideko gehieneko puntuazioa: 5

  8. Beste erakunde batek finantza-erakunde gisa jardutea transferitu beharreko ezagutza sortu duten proiektuetan. Ebaluazioan emandako puntuazioa:

    1 Unibertsitateak berak finantzaturiko proiektu baten bidez atera dira transferitu nahi diren emaitzak.

    2 Eusko Jaurlaritzak Zientzia Politikarako Zuzendaritzak finantzaturiko proiektu baten bidez atera dira transferitu nahi diren emaitzak.

    3 Eusko Jaurlaritzak finantzaturiko proiektu baten bidez atera dira transferitu nahi diren emaitzak Saiotek edo Etortek proiektuak.

    4 Estatuko Administrazio Orokorrak CICYT, FIS finantzaturiko proiektu baten bidez atera dira transferitu nahi diren emaitzak.

    5 Beste deialdi publikoekin edo ekarpen pribatuekin finantzaturiko proiektu baten bidez atera dira transferitu nahi diren emaitzak.

    6 Beste ikerketa-talde batzuekin batera egindako lanei esker ezagutu da transferitu nahi den ezagutza hori, zuzeneko finantzaketarik izan ez bada ere.

    7 Proiektu berak erakunde publiko baten finantzaketa jaso du, lehiaketa-deialdiaren ondorioz.

    8 Guztizko aurrekontuaren ehunekoa = % 20 % 20- % 35 % 35- % 50

    IRIZPIDEA ZEHAZTAPENAK Irizpideko gehieneko puntuazioa: 10

  9. Teknologia transferitzeko plana. Ebaluazioan emandako puntuazioa:

    1 Enpresari transferitu nahi zaizkion funtsezko ezagutzak adierazi dira.

    2 Ezagutza horiek enpresak dokumentazioaren bidez erakutsi dituen gabeziei erantzuten diete.

    3 Bada plan errealista bat eta teknologia transferentzia horren bitartez egingo da.

    4 Burutu nahi diren ekintzek bermatu egiten dute esandako funtsezko ezagutzak transferituko direla. Prestakuntza-ekintza zehatzak aurreikusi dira.

    5 Planak baditu mugarriak edo kronogramaren bat, eta dokumentu berezi gisa aurkeztu da.

    6 Transferentzia-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak identifikatuta daude, hala ikerketa-taldearen aldetik, nola enpresarenetik.

    7 Parte hartzen duen enpresa-langileak prestatuta daude ezagutza/teknologia hori jasotzeko, eta proiektuari ematen dizkioten orduak nahikoak dira, ezagutza aprobetxatuko dutela bermatzeko beste.

    8 Prestakuntza-jardunaldiak zehaztu dira, enpresako langileei teknologiari buruzko gaikuntza emateko.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik