- AGINDUA, 2010eko uztailaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko 2010-2011 ikasturterako deialdia arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko uztailaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko 2010-2011 ikasturterako deialdia arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 166
- Hurrenkera-zk.: 3985
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/07/12
- Argitaratze-data: 2010/08/30
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Otsailaren 24ko 46/2009 Dekretuak araubide bereziko hizkuntza-ikasketen mailetako -oinarrizkoa, tartekoa, aurreratua eta gaitasun maila- curriculuma ezartzen du eta ikasketa horiek Euskal Autonomia Erkidegoan jartzen ditu.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarriak xedatzen duenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak berariaz ezarritako araudiek arautuko dute ikasleak onartzeko prozedura maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, hezkuntzari buruzkoak, araututako arte-ikasketak, hizkuntza-ikasketak eta kirol-ikasketak irakasten dituzten ikastetxeetan.
Ondorioz, hau:
Agindu honek, 2010-2011 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetan irakasten diren hizkuntzen irakaskuntzan erregimen ofizialean eskoletara doazen ikasleen onarpena eta matrikulazioa arautzen du.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizial bakoitzaren hezkuntza-eskaintza Agindu honen I. eranskinean zehaztu da.
Hizkuntza Eskola Ofizial bakoitzak, Ikastetxeen Zuzendaritzak finkatutako mugen barruan, zenbat talde egongo diren erabakiko du, bai eta talde bakoitzean gehienez zenbat ikasle egongo diren ere, zentroko hizkuntza eta maila bakoitzerako.
Agindu honek araututako onarpen-prozesuko partaide diren eskatzaileentzat hizkuntza eta maila bakoitzean dagoen plazen aukera kalkulatzeko, talde bakoitzak guztira dituen postuei kendu behar zaizkie aurreko urteko ikasleak, zentroko errepikatzaileak, eta onartutako arrazoiren bat emanda beste eskoletatik espedientea lekualdatuta datozen ikasleak, agindu honen 20. artikuluari jarraituz.
Agindu honen II. eranskinean zehazten dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialen eragin-eremuak, horietako bakoitzean ematen den hizkuntza eta maila bakoitzarentzat.
Hizkuntza Eskola Ofizialetan sartzeko, ikasleei onarpen-prozesua egin behar zaie honako kasu hauetan:
Eskolara lehen aldiz datozenean.
Erregimen librean Eskolan matrikulatuta izandakoak direnean.
Lehen Eskolan erregimen ofizialean matrikulatuta egon arren, ikasketak eten eta aurreko ikasturtean matrikulatu ez direnean.
Aurreko urtean erregimen ofizialean matrikulatuta egonik, hurrengo ikasturtean eskolako asistentzia-hutsegiteengatik edo arrazoi justifikaturik gabe matrikulari uko egiteagatik matrikulatzeko lehentasuna galdu dutenek berriro irakaskuntza ofizialera bildu nahi dutenean, eskoletara joanez.
Aurreko ikasturtean Eskolako irakaskuntza-erregimen ofizialean matrikulatuta egonik, salbuespenez eta dagokion departamenduaren baimenarekin, bere hezkuntza-ibilbideari jarraiki dagokion ez beste maila batean matrikulatu nahi dutenean; hau da, maila bat saltatu nahi dutenean.
Eskolan lehendik ere beste hizkuntza batean matrikulatuta daudenean, irakaskuntza-erregimen ofizialean.
Hizkuntza Eskola Ofizialetan sartzeko, ez da onarpen-prozesurik bete beharko honako kasu hauetan:
Aurreko ikasturtean erregimen ofizialean eta hizkuntza berean Eskolan matrikulatuta egonik, asistentzia-hutsegiteak metatzeagatik edo arrazoi justifikaturik gabe matrikulari uko egiteagatik hurrengo ikasturtean matrikulatzeko lehentasuna galdu ez dutenean eta ezarritako prestakuntza-ibilbidearekin jarraitu nahi duenean, inolako mailarik saltatu gabe.
Eskola batetik bestera espedientea lekualdatzean, bizilekua, ikastetxea edo lantokia aldatu delako, betiere eskola berrian hizkuntza bereko plaza badago; aldaketa horiek, hain zuzen, agirien bidez justifikatu behar dira.
Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasteko, ezinbestekoa izango da gutxienez hamasei urte izatea (ikasketak hasten diren urtean beteak). Ikasten hasitako urtean hamalau edo hamabost urte dituztenek ere ikas dezakete, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lehen hizkuntza gisa ikasitakoa ez den beste hizkuntza bat ikasi nahi badute.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua daukaten ikasleak atzerriko lehenengo hizkuntza gisa ikasten duten hizkuntzaren oinarrizko mailako bigarren ikasturtean (A2) matrikulatu ahalko dira.
Batxilergo-titulua dutenak zuzenean has daitezke, nahi badute, Batxilergoan ikasi duten atzerriko lehen hizkuntzaren tarteko mailako lehen ikasturtean. Tarteko Mailaren lehen ikasturtera modu horretan sartzeak ez du esan nahi, inola ere, aurreko ikasturteak gainditu direnik, eta, beraz, ez du eskubiderik ematen Oinarrizko Mailaren Ziurtagiria eskuratzeko.
Hizkuntza batean gaitasunak nahikoa menderatzen dituztela uste duten pertsonak edozein mailatara sar daitezke maila egiaztatzeko proba eginez. Proba horrek ez du esan nahi aurreko ikasturteak gainditu direnik, ezta inolako ziurtagiririk eskuratu denik ere.
Espainiar nazionalitatea duten pertsonek ezingo dute ikasi Espainiera Atzerriko Hizkuntza. Beste nazionalitateetako pertsonek ikastetxeko edozein hizkuntza ikas dezakete, beren ama-hizkuntza izan ezik.
Ikasle bat ezin da matrikulatu aldi berean ikasturte eta hizkuntza bereko erregimen ofizialean eta librean.
Erregimen ofizialean, ikasleak gehienez bi urtez matrikulatu ahal izango dira maila bakoitzeko. Salbuespen gisa, zuzendaritza taldeak ikasturte bakoitzean hirugarren urtez matrikulatzea baimendu ahal izango du, ikasleak hala eskatuta eta dagokion irakasleak proposatuta. Itxarote-zerrendako ikaslearen hurrengo plaza aukeratu ahal izango du, 16.2. artikuluan xedatutakoari jarraiki.
Onarpen-prozesua hasi aurretik, Hizkuntza Eskola Ofizialek beren iragarki-taulan agertuko dute honako informazio hau, eta hala eskatzen duten ikasleen esku jarriko dute:
Eskolan ematen diren hizkuntzak eta ikastaroak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetan ikasleak onartzeko araudia.
Eskabideak egiteko epea.
Onartutako ikasleen zerrendak noiz argitaratuko diren, bai eta erreklamazioak aurkezteko epea ere.
Berdinketarik balego, eskabideak ordenatzeko zozketaren emaitza, hizkuntza bakoitzean.
Maila neurtzeko probak egiteko eta ebaluatzeko irizpideak.
Hizkuntza Eskola Ofizialek proba zehatzak jarriko dituzte ikasle berrien esku, eskabidea aurkeztu aurretik, eskatutako hizkuntza ezagutzen dutenak maila egokian koka daitezen.
Proba horiek borondatezkoak dira, eta, horien bidez, probak egiten dituztenek araudiaren arabera dagokien mailan baino gorago onartzea eska dezakete, hala nahi badute.
Maila neurtzeko probak didaktika-departamentuek prestatuko dituzte, hizkuntza bakoitzeko maila bakoitzean eska daitezkeen edukien arabera.
Matrikulatu nahi duen hizkuntzan ikasleak daukan maila jakiteko balio du probak, besterik gabe, eta bere borondatez erabaki dezake berez dagokion mailan baino gorago onar dezaten eskatzea; hala ere, probaren emaitza positiboak ez du adierazi nahi, inola ere, onartuta dagoenik.
Maila neurtzeko proba eginda maila zehatz batean sartzeak ez du esan nahi, inola ere, aurreko mailak gainditu dituenik, eta, beraz, ikasleari ez dio inolako eskubiderik ematen ikaslea kokatu den maila baino beheragoko mailen ziurtagiriak lortzeko.
Matrikula-eskabideak aurkezteko epea 2010eko uztailaren 1etik 20ra izango da, biak barne. Inola ere ez da onartuko eskabiderik ezarritako epetik kanpo. Iraileko probak egiteko zain dauden ikasle ofizialek ere data horietan egin beharko dute eskaera, ikasturtea errepikatzeko.
Iraileko proba gaindituz gero, Eskolara joan beharko da zehaztuko diren egunetan, mailaz igotzea eskatzeko. Aldiz, gainditzen ez bada eta araututako deialdiak amaitzen badira (5. artikulua, 7. atala), «salbuespen-deialdia» eskatu beharko du, eta, gero, plaza hautatu ahal izango du, itxarote-zerrendako ikasleen ondoren.
Ikasle batek bi hizkuntza desberdinetan edo gehiagotan matrikulatu nahi badu, eskabide bana aurkeztu beharko du.
Hizkuntza bakoitzeko eskatzaileek eskabide bakarra egin dezakete eskola bakar batean, eta, beraz, ez dira onartuko hizkuntza bererako hainbat zentrotan aurkeztutako eskabideak. Norbaitek hizkuntza bererako hainbat eskabide aurkezten baditu eskola batean baino gehiagotan, guztiak baztertuko dira.
Onarpen-eskaerak on-line formalizatuko dira, Internet bidez, http://eoieuskadi.net webgunean edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/hizkuntzak webguneetan sartuz, eta, gero, dagokien eskaera-orria bete beharko dute. Eskatzaileak matrikula-eskabidearen ordezkagiria jasoko du, eta horrek egindako prozeduraren informaziorako balioko dio soilik.
Eskabidearekin batera Erantzukizunezko Aitorpen bat aurkeztuko da, eta, bertan, eskatzaileak adieraziko du aurkeztutako datu guztiak egiazkoak direla eta bere gain hartzen dituela horien zehaztasun ezak eragin ditzakeen erantzukizunak; horrez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila baimentzen du dagozkien erakundeen erregistroetan beharrezko diren egiaztapen guztiak egiteko. Era berean, Administrazioari baimena ematen zaio beharrezko datuak kontsultatzeko, matrikula betetzearekin lotutako edozein egiaztapen egiteko.
Behin eskabide-datuak betetzean, eskatutako dokumentuak erregistratu diren Hizkuntza Eskola Ofizialera bidali beharko da ahalmen-urritasuna argudiatuz, 12. artikuluan zehaztu bezala. Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren, ez da onartuko agiri berririk, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluan eskaeraren izapideak egiteko.
Dokumentuak aurkezteko epea uztailaren 21ean amaituko da.
Eskatzaileak datu faltsuak emanez gero edo informazioa ezkutatuz gero, dagozkion eskubideak galduko ditu.
Puntuak ematen dituen agiriren bat ez aurkezteak dagokion ataleko edo azpiataleko baremoan zero puntu lortzea dakar; dena den, horrek ez du eskabidea ezeztatzen, ezta baremoko gainerako ataletako edo azpiataletako puntuazioak ere.
Eskabideen baremazioa egiteko aurkezten diren agirien kopiak originalekin erkatuta egiaztatu beharko dira.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonek horren berri eman behar diote zentroari, eskabidea aurkezteko unean. Adierazi ezean, ez zaie behar dezaketen laguntza emango.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapidean jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua, hain zuzen, onarpen- eta matrikulazio-deialdi hau eta deialdi honekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Ikastetxeen Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara, zehazki: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Eskabideen kopurua dauden plazen berdina edo txikiagoa denean, aurkeztutako eskabide guztiak onartuko dira. Nolanahi ere, baremazioa egin beharko da, ordutegiak aukeratzeari begira eskabideak ordenatzeko.
Hizkuntza eta maila jakin bateko eskabideak eskainitako plazak baino gehiago direnean, eskatzaileen baremazioa egin beharko da, agindu honen III. eranskineko baremoari jarraituz eta hurrengo artikuluetako arauak aplikatuz.
Zentroko administrazio-langileek eskatzaileek aurkeztutako agiriak berrikusi beharko dituzte, eta, horien arabera, eskatzaile bakoitzari baremoaren atal eta azpiatal bakoitzean dagozkion puntuen proposamena egingo dute. Zentroko Ordezkaritza Organo Gorenari dagokio, edo organo horren baitan berariaz sortutako batzordeari, eskabide guztien baremazioa onartzea.
Berdinketarik egonez gero, banan-banan konparatuko dira baremo-irizpideetan lortutako puntu-kopuruen arabera, jarraian agertzen den ordenari jarraituz:
Puntuaziorik altuena eskatzailearen adinaren atalean.
Puntuaziorik altuena gutxitasun-egoeraren atalean.
Puntuaziorik altuena familia ugariaren atalean.
Puntuaziorik altuena lanbide-egoeraren atalean.
Aurreko irizpide horiek aplikatu ostean berdinketak jarraitzen badu, eskabideak deituren eta izenaren ordena alfabetikoa jarraituz ordenatuko dira (lehen deitura, bigarren deitura eta izena), agindu honen 10. artikuluko zozketaren arabera hizkuntza bakoitzarentzat ateratako letratik hasita.
Izen-deituren eta izenen ordena NANan agertzen dena (AIZ edo pasaportea, atzerritarren kasuan) izango da. NANan, AIZn edo pasaportean deitura partikula batekin hasten bada (de, del, al, la), hori deituraren lehenengo letratzat hartuko da kontuan.
Berdinketa dagoenean, eskabideak ordenatuko egingo dira maiatzaren 4an Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialean egindako zozketaren arabera; emaitza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizial guztietan aplikatuko da.
Alemana
Alemán Z Gaztelania
Español H Euskara
Euskera P Frantsesa
Francés S
Ingelesa
Inglés B Italiera
Italiano N Portugesa
Portugués E Errusiera
Ruso I
Jaiotza-data ofizioz egiaztatuko da, Administrazioan dauden datuekin erkatuta.
Eskatzaileak nortasun-datuak egiaztatzeko baimena eman beharko du eskaeran bertan.
Atal honi dagokion puntuazioa, eskatzailea gutxitasun-egoeran dagoenean emango da soilik, edo, bestela, adingabea izanik, horren aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek gutxitasunen bat duenean.
Gutxitasuna egiaztatzeko, dagokion lurralde historikoko foru-aldundiaren gizarte-zerbitzuek edo estatuko antzeko beste organo batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar da. Gutxitasunaren aitorpen legala adierazi behar du ziurtagiri horrek, bai eta minusbaliotasun gradua % 33koa edo gehiagokoa dela jakinarazi ere.
Senideren baten gutxitasuna alegatzen denean, eskatzailea adingabea dela ziurtatzeko erakutsiko da NANa (AIZ edo pasaportea, atzerritarren kasuan) edo Familia Liburua.
Anaia-arreba, aita edo ama izatea egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuz egiaztatuko da.
Atal honi dagokion puntuazioa ematean, anaia-arrebatzat hartuko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreraren egoeran dauden adingabeak.
Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.
Familia ugariko kidetza ere ofizioz egiaztatuko da, Administrazioan dauden datuak interesdunak hala direla adierazteko aurkeztutako baimenarekin alderatuz.
2009-2010 ikasturtean Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako, Hizkuntza Eskola Ofizialeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate bateko irakasle izan direla eta eskolak eman dituztela ofizioz egiaztatuko da; horretarako, Administrazioan dauden datuak interesdunak hala direla adierazteko aurkeztutako baimenarekin alderatuko dira.
2010eko uztailaren 27an, Hizkuntza Eskola Ofizialek onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte, 2010-2011 ikasturtean eskainiko diren ikastaro eta hizkuntza bakoitzerako, eta, beharrezkoa bada, horien baremazio-datuak adieraziko dira. Zerrenda horiek ordenatuta egongo dira, lortutako puntuazioaren eta berdinketa apurtzeko irizpideen arabera, eta eskatzaile bakoitzak baremoaren atal eta azpiatal bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuko dute. Informazio hori Eskola bakoitzeko iragarki-taulan eta ebazpen honetan aipatutako webguneetan argitaratuko da.
Eskabidea egiten duenak orri horretan kontsultatu ahal izango du behin-behinean onarturik ala bazterturik dagoen; baztertu egin badute, gainera, egindako eskabide bakoitzetik baztertzeko izan duten arrazoia ere kontsultatu ahal izango du. Horretarako, NAN edo nortasun-agiriaren zenbakia eta jaioteguna sartu beharko ditu. Eskabide bat baino gehiago egin badu, horien guztien egoera kontsultatu ahal izango du NANaren zenbakia eta jaiotza-data sartuz.
Baztertu dituztenek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute horren aurka uztailaren 27an eta 28an, Hizkuntza Eskola Ofizialean bertan, egokiak iruditzen zaizkien agiriak erantsiz. Erreklamazioa egiteko, matrikula egiteko erabili duten webgunean dagoen edo Hizkuntza Eskola Ofizialak emango dien inprimakia erabili ahal izango dute. Bi eskabidetan edo gehiagotan baztertu badituzte, erreklamazio bana aurkeztu beharko dute, eta horietako bakoitza dagokion Hizkuntza Eskola Ofizialera bidali beharko da. Erreklamazioa aurkezteko epea 2010eko uztailaren 28an amaituko da.
Eskola Bakoitzeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo organo horren barruan berariaz eratutako batzordeak aurkeztu diren erreklamazioak aztertu eta horiei buruzko erabakiak hartuko ditu; hala dagokienean, gainera, puntuazioa aldatuko dute, eta, horren ondorioz, onartuen eta ez-onartuen zerrenda berriak egin beharko dituzte.
2010eko irailaren 3an, Hizkuntza Eskola Ofizialek onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte, 2010-2011 ikasturtean eskainiko diren ikastaro eta hizkuntza bakoitzari dagozkionak. Zerrenda horiek ordenatuta joango dira, lortutako puntuazioaren eta berdinketa apurtzeko irizpideen arabera, eta eskatzaile bakoitzak baremoaren atal eta azpiatal bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztuko dute.
Onartuak izan ez direnek itxarote-zerrenda bat osatuko dute, geratu diren ordena berean.
Onartutako pertsona guztiek artikulu honen 3. puntuan zehaztu bezala egin beharko dute ordainketa. Hala egin ezean, eduki ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte. Ikasleak onartuak izan diren ikastaroan soilik matrikula daitezke, baina Eskolak ikasturte horretan bi maila elkarren segidan egiteko ordutegi trinkoa eskaintzen badu, elkarren segidako bi ikasturteetan matrikulatzeko aukera egongo da, dagokion ordutegi trinkoan. Hala eginez gero, bi ikasturteen matrikula ordaindu beharko da.
Onartuak izan direnen matrikula ordainketa bidez berretsi eta gero plazak hutsik geratzen badira, plaza horiek itxarote-zerrendan daudenei eskainiko zaizkie (16. artikulua, 2. atala), zerrendan agertzen diren ordena berean. Horren ostean, oraindik plazak hutsik geratzen badira, beste matrikula-txanda bat egin daiteke, plaza horiek eskatzaile berriei eskaintzeko; plaza horiek, hain zuzen, eskabidea aurkeztu zen hurrenkeran esleituko dira.
Matrikula formalizatzeko dagokion prezio publikoa ordaindu beharko da Administrazioaren ordainketa-gunearen bidez egiteko ezarritako prozeduraren bat erabiliz. Horretarako, www.eoieuskadi.net webgunean sartu beharko da.
On-line ordainketa (Internet bidez). Ordainketa ordenagailu batetik egingo da banketxe batetara joan beharrik gabe, kreditu-txartelaren edo banku elektronikoaren sistemaren bidez.
Off-line ordainketa. Ordaintzeko errekerimenduaren agiria lortu behar da eta agiri horrekin banketxe edo kutxazain automatiko batera joan beharko da ordaintzera.
Ordainketa egiteko epea irailaren 7tik 20ra izango da. Ordainketa ezingo da, inola ere, aipatutako dataren ondoren egin.
Irailaren 23an, Hizkuntza Eskola Ofizialek ordainketa zehaztutako epean ez egiteagatik baztertu diren pertsonen behin-behineko zerrenda argitaratuko dute. Pertsona horiek erreklamazioa aurkez dezakete irailaren 24an, 27an eta 28an, egun horiek barne. Urriaren 1ean, dagokien ordainketa ez egiteagatik baztertu diren pertsonen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Pertsona horiek berehala hutsik utziko dute onarpen-prozesuan zegokien plaza. Urriaren 4an ordutegien aldaketa masiboa egingo da.
Zegokien ordainketa ez egiteagatik hutsik geratu diren plazak argitaratuko dira urriaren 5ean, eta Hizkuntza Eskola Ofizialek itxarote-zerrendan daudenei eskainiko dizkiete, zerrendan agertzen diren ordena berean. Horren ostean, oraindik plazak hutsik geratzen badira, eskabidea epez kanpo aurkeztu zutenei edo eskatzaile berriei eskain dakizkieke plaza horiek; horiek, zehazki, urriaren 6tik 14ra bitartean esleituko dira idatziz, eskabidea aurkeztu den hurrenkerari jarraituz.
Matrikulazio-fase berri honetan plaza eskuratu duten pertsonek dagokien prezio publikoa ordaindu beharko dute, artikulu honetako 3. atalean adierazten den moduan. Pertsona horiek ordainketa egiteko duten epea urriaren 19an amaituko da. Ordainketa ezingo da, inola ere, zehaztutako dataren ondoren egin.
Hizkuntza Eskola Ofizialek urriaren 22an argitaratuko dute matrikulazio-fase berri horretarako ezarritako epean ordainketa egin ez dutelako baztertu diren pertsonen behin-behineko zerrenda. Pertsona horiek erreklamazioa aurkez dezakete urriaren 22an, 25ean eta 26an. Urriaren 29an, dagokien ordainketa ez egiteagatik baztertu diren pertsonen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Pertsona horiek fase berri horretan zegokien plaza galduko dute. Plaza horiek hutsik geratuko dira behin betiko.
Hizkuntza Eskola Ofizialek matrikulatuta dauden ikasleei aukera emango diete izendatutako ordutegia aldatzeko, matrikulazio-prozesuaren ondoren plazak hutsik geratuko balira.
Ikasle bat maila jakin batean matrikulatu eta ikasturtea hasitakoan ohartuko balitz berari ez dagokion mailan dagoela, 2010eko abenduaren 31 baino lehen eska dezake matrikula aldatzeko justu aurreko edo hurrengo mailara. Eskolak eskabide hori aztertuko du eta, onartuz gero, matrikula aldatuko da, eskatutako mailan plaza hutsik geratzen bada soilik. Kasu horretan, ikasleak ez du ezer ordaindu behar.
Edozein ikaslek matrikulari uko egin diezaioke horretarako eskabidea aurkeztuz 2010eko abenduaren 31 baino lehen. Arrazoi justifikaturik gabe egiten badu eta hurrengo ikasturtean berriro matrikulatu nahi badu, berriro hartu beharko du parte onarpen-prozesuan.
Data horretatik aurrera, eta 2011ko apirilaren 29a arte, deialdiari uko egitea onartuko da gaixotasun larria, istripu handia edo beste edozein gorabehera larri eta ustekabeko gertatu bada soilik, baldin eta Zuzendaritza Taldeak uste badu behar bezala justifikatuta dagoela eta Ordezkaritza Organo Gorenak ontzat ematen badu. Arrazoi horien artean aintzat har daitezke bizileku-aldaketak, lantoki-aldaketak, beste ikasketa ofizial batzuk egiten diren lekuaren aldaketak, etab.
Edozein kasutan, ikasleak uko egiteko eskabideari erantsi beharko dizkio arrazoia behar bezala eta inongo zalantzarik gabe ziurtatzen duten agiriak. Jasotako instantzia eta agiri guztiak Zentroan artxibatuko dira, dagozkion ondorioetarako.
2011ko maiatzaren 2tik aurrera, eskatzaileak uko egitea soilik onartuko da behar bezala justifikatutako istripu edo gaixotasun larria badago eta horrek erabat ezinezko egiten badu ikaslea ebaluazioaren azken probetan egotea, baldin eta eskatzaileak oraindik ez badu proba horietakoren bat egin.
Artikulu honetan matrikulari uko egiteko adierazitako kasu bakarrean ere ez da eskubiderik emango ordaindutako prezio publiko osoa edo partziala itzultzeko.
Hizkuntza Eskola batean matrikula ofiziala egin duenak eskubidea du espedientea beste Eskola batera lekualdatzea eskatzeko, bizilekuz, lantokiz edo ikasteko tokiz aldatu delako edota espedientea dagoen Eskolako Zuzendaritza Taldeari zentzuzkoa iruditzen zaion beste edozein arrazoi dela-eta. Kasu horietan, ikasle ofizialak lehentasuna izango du Hizkuntza Eskola Ofizial berrian matrikula egitean.
2009-2010 ikasturtean beste Hizkuntza Eskola bateko ikasle ofiziala denak matrikulazio-aldia hasi aurretik eskatu beharko du 2010-2011 ikasturterako espedientea lekualdatzeko.
Onarpen- eta matrikulazio-prozesua egin ondoren, matrikula biziaren espedientea lekualdatzeko eska daiteke 2010eko azaroaren 15etik aurrera, artikulu honen 1. atalean adierazitako arrazoi justifikatuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde batetik besterako aldaketa izan ezean; azken horretan, 2010-2011 ikasturteko eskolak hasten diren egunetik aurrera eska daiteke. Batean zein bestean, ikaslea Eskola berrian sartu ahal izango da dagokion hizkuntzan eta ikasturtean plaza hutsen bat badago soilik. Hala ez balitz, matrikulari uko egin diezaioke, edo azterketara aurkeztu txanda ofizialean, bere kabuz prestatuta.
Terrorismoaren Biktimak Laguntzeko Programa arautzen duen irailaren 24ko 214/2002 Dekretuaren 8. artikuluak dioenaren ildotik, ekintza terrorista baten biktimek, beren seme-alabek edo legezko seme-alabatzat harturikoek eskubidea dute espediente akademikoa beste Eskola batera lekualdatzeko, ekintza hori burutu den ikasturte berean.
Espedientea lekualdatu denean, Eskola batek besteari ofizioz igorriko dio ikasleari buruzko dokumentazioa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Publiko batean matrikulatzeko prezio publikoa abonatu duen pertsonak ez du izango abonatutako prezio publikoaren kopuru guztia edo partziala bueltan jasotzeko eskubidea, baldin eta abonua egin eta gero matrikula beste autonomia-erkidego bateko Hizkuntza Eskola Ofizial batera lekualdatzeko eskatzen badu. Bestalde, beste autonomia-erkidego bateko Hizkuntza Eskola Ofizial batean matrikulatzeko dagokion prezio publikoa abonatu duen pertsona batek gero Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola batera aldatzeko eskaera egiten badu, ez du obligazioa izango beste kopuru bat abonatzeko.
Oro har, ezingo dira Hizkuntza Eskola Ofizialean matrikulatu, ez erregimen ofizialean ez librean, bertako langile irakasleak eta ez-irakasleak. Nolanahi ere, beren Eskolan matrikulatzea onartuko zaie, hautatu duten hizkuntza EAE osoan Eskola horretan soilik irakasten denean.
Lehen adierazitako arrazoiengatik irakasle bat klaustrokide den Eskola batean matrikulatzen bada, bere azken probak ebaluatzean epaimahai berezia izendatuko du Hezkuntza Ikuskaritzak; zehazki, honako hauek osatuko dute: hezkuntza-ikuskari batek, presidente-lanak egingo dituenak, eta dagokion hizkuntzako bi irakaslek.
Eskola bakoitzean irakasten dituzten Oinarrizko Mailako, Tarteko Mailako, Goi Mailako eta Gaitasun Mailako (C1) espezializazio-ikastaroetarako ikasleak onartzeari dagokionez, zentro bakoitzak erabakitako deialdi eta oinarri zehatzak jarraituko dira, betiere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Ikastetxeetako zuzendariak aurrez baimena emanda.
Agindu honetako garaiz eta dagokion unean egikaritzearen aurreikusitakoak, bertan esaten den datetara mugatu behar dira.
Hezkuntzako sailburuordeari eskumena emango zaio agindu honetan ezarritakoa bete eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 12a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Vitoria-Gasteizko Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Maila guztiak: Alemana, Espainiera Atzerriko Hizkuntza, Euskara, Frantsesa eta Ingelesa.
Bilboko Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Maila guztiak: Alemana, Espainiera Atzerriko Hizkuntza, Euskara, Frantsesa, Ingelesa, Italiera, Portugesa eta Errusiera.
Bermeoko Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Alemanaren Oinarrizko Maila eta Tarteko Maila. Frantsesaren eta Ingelesaren maila guztiak. Euskararen maila guztiak, A1 salbu.
Barakaldoko Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Maila guztiak: Alemana, Euskara, Frantsesa eta Ingelesa.
Getxoko Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Maila guztiak: Alemana, Euskara, Frantsesa eta Ingelesa.
Durangoko Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Maila guztiak: Alemana (C1 Gaitasun Maila izan ezik), Euskara, Frantsesa eta Ingelesa.
Basauriko Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Euskararen eta Ingelesaren Oinarrizko Maila (A1 eta A2), Tarteko Maila (B1.1 eta B1.2) eta Goi Maila (B2). Frantsesaren Oinarrizko Maila (A1 eta A2) eta Tarteko Maila (B1.1 eta B1.2).
Zallako Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Euskararen eta Ingelesaren Oinarrizko Maila (A1 eta A2), Tartekoa (B1.1 B1.2) eta Goi Maila (B2). Frantsesaren Oinarrizko Maila (A1 eta A2) eta Tarteko Maila (B1.1).
Santurtziko Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Ingelesaren Oinarrizko Maila (A1 eta A2) eta Tartekoa (B1.1 eta B1.2). Frantsesaren Oinarrizko Maila (A1 eta A2) eta Tartekoa (B1.1).
Donostiako Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Maila guztiak: Alemana, Espainiera Atzerriko Hizkuntza, Euskara, Frantsesa eta Ingelesa.
Eibarko Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Euskararen eta Ingelesaren maila guztiak. Alemanaren eta Frantsesaren maila guztiak (C1 Gaitasun Maila izan ezik).
Irungo Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Maila guztiak: Alemana, Euskara, Frantsesa eta Ingelesa.
Tolosako Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Ingelesaren Oinarrizko Maila (A1 eta A2), Tarteko Maila (B1.1 eta B1.2) eta Goi Maila (B2). Frantsesaren Oinarrizko Maila (A1 eta A2) eta Tarteko Maila (B1.1 eta B1.2).
Ordiziako Hizkuntza Eskola Ofiziala:
Ingelesaren eta Frantsesaren Oinarrizko Maila (A1 eta A2) eta Tarteko Maila (B1.1).
Vitoria-Gasteizko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Arabako Lurralde Historiko osoa, eta Otxandio nahiz Ubide udalerriak. Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Okondo udalerriak, Bilboko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eremuan ere sartzen direnak.
Bilboko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Alemana, Frantsesa, Euskara eta Ingelesa:
Alonsotegi, Arantzazu, Areatza, Arrieta, Artea, Bedia, Bilbao, Derio, Dima, Erandio, Fruiz, Galdakao, Gamiz-Fika, Gatika, Igorre, Larrabetzu, Laukiz, Lemoa, Lezama, Loiu, Maruri-Jatabe, Meñaka, Morga, Mungia, Sondika, Zamudio, Zeanuri eta Zeberio.
Halaber, Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Okondo udalerriak sartzen dira, Vitoria-Gasteizko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eremuan daudenak.
Horiez gain, Bermeo eta Basauriko Hizkuntza Eskola Ofizialen eragin-eremuei dagozkien udalerriak sartzen dira, Eskola horiek ematen ez dituzten hizkuntza eta mailatan.
Espainiera Atzerriko Hizkuntza:
Bizkaiko Lurralde Historiko osoa. Halaber, Amurrio, Artziniega, Aiara, Laudio eta Okondo udalerriak sartzen dira, Vitoria-Gasteizko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eremuan daudenak.
Italiera, Portugesa eta Errusiera:
Euskal Autonomia Erkidego osoa.
Bermeoko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Ajangiz, Arratzu, Bakio, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.
Era berean, Arrieta, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri-Jatabe, Meñaka, Morga eta Mungia udalerriak bertan sartzen dira, Bilboko Hizkuntza Eskola Ofizialaren eragin-eremuan daudenak.
Barakaldoko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Barakaldo, Ortuella, Sestao eta Trapagaran.
Horiez gain, Abanto Zierbenako; Muskiz eta Zierbena udalerriak sartzen dira, Santurtziko Hizkuntza Eskola Ofizialak ematen ez dituen mailetan.
Halaber, Zallako Hizkuntza Eskola Ofizialen eragin-eremuan dauden udalerriak bertan sartzen dira, Eskola horrek ematen ez dituen hizkuntza eta mailetan.
Getxoko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Alemana eta Euskara:
Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Lemoiz, Leioa, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sopela eta Urduliz.
Frantsesa eta Ingelesa:
Barrika, Berango, Getxo, Gorliz, Lemoiz, Leioa, Plentzia, Sopela eta Urduliz.
Horiez gain, Portugalete eta Santurtziko udalerriak sartzen dira, Santurtziko Hizkuntza Eskola Ofizialak ematen ez dituen mailetan.
Durangoko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Abadiño, Amorebieta-Etxano, Amoroto, Atxondo, Aulesti, Berriatua, Berriz, Durango, Elorrio, Etxeberria, Garai, Gizaburuaga, Ispaster, Iurreta, Izurtza, Lekeitio, Mañaria, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar-Arbaztegi-Gerrikaitz, Ondarroa eta Zaldibar.
Zallako Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Artzentales, Balmaseda, Galdames, Gordexola, Güeñes, Karrantza Harana, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla.
Basauriko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Galdakao.
Santurtziko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Abanto Zierbena, Muskiz, Portugalete, Santurtzi eta Zierbena.
Donostiako Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Frantsesa eta Ingelesa:
Gipuzkoako Lurralde Historiko osoa, Tolosa, Eibar eta Irungo eskolen eragin-eremuak izan ezik. Halaber, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia sartzen dira, Irungo Hizkuntza Eskola Ofizialaren eremuan daudenak.
Horiez gain, Tolosa eta Ordiziako Hizkuntza Eskola Ofizialen eragin-eremuei dagozkien udalerriak sartzen dira, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga izan ezik, Eskola horiek ematen ez dituzten hizkuntza eta mailetan.
Alemana eta Euskara:
Gipuzkoako Lurralde Historiko osoa, Eibar eta Irungo Eskolen eragin-eremuak izan ezik. Halaber, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia sartzen dira, Irungo Hizkuntza Eskola Ofizialaren eremuan ere sartzen direnak.
Espainiera Atzerriko Hizkuntza:
Gipuzkoako Lurralde Historiko osoa.
Eibarko Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Frantsesa eta Ingelesa:
Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Deba, Eibar, Elgeta, Elgoibar, Ermua, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga Mallabia, Mendaro, Mutriku, Oñati eta Soraluze. Horiez gain, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga udalerriak ere sartzen dira, Ordiziako Hizkuntza Eskola Ofizialak ematen ez dituen mailetan.
Alemana eta Euskara:
Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Deba, Eibar, Elgeta, Elgoibar, Ermua, Eskoriatza, Legazpi, Leintz-Gatzaga Mallabia, Mendaro, Mutriku, Oñati, Soraluze, Urretxu eta Zumarraga.
Irungo Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Irun eta Hondarribia. Halaber, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia daude, Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialaren eragin-eremuan ere sartzen direnak.
Tolosako Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Alegia, Alkiza, Altzo, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Baliarrain, Belauntza, Berastegi, Berrobi, Bidegoian, Elduain, Gaztelu, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu, Lizartza, Orendain, Orexa, Tolosa, Villabona eta Zizurkil.
Ordiziako Hizkuntza Eskola Ofiziala.
Ematen dituen hizkuntza eta mailetan:
Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga.
Eskatzailearen adina (metagarri ez diren kontzeptuak).
Atal honetako gehienezko puntuazioa: 10 puntu.
2010ean 18 urte edo gehiago betetzeagatik: 10 puntu
2010ean 16 edo 17 urte betetzeagatik: 5 puntu
Gutxitasuna izatea (metagarri ez diren kontzeptuak).
Atal honetako gehienezko puntuazioa: 5 puntu.
Eskatzailearen gutxitasunagatik: 5 puntu
Eskatzailea adingabea bada, horren aitak, amak, legezko tutoreak edo anai-arrebaren batek gutxitasunen bat izateagatik: 3 puntu
Familia ugariko kide izatea (metagarri ez diren kontzeptuak).
Atal honetako gehienezko puntuazioa: 4 puntu.
Maila bereziko familia ugarikoa izateagatik: 4 puntu
Maila orokorreko familia ugarikoa izateagatik: 2 puntu
Lanbide-egoera (metagarri ez diren kontzeptuak).
Atal honetako gehienezko puntuazioa: 10 puntu.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan eskolak ematen dituzten Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako Prestakuntza Zikloko, Hizkuntza Eskola Ofizialeko edo unibertsitateetako irakasleak 2009-2010 ikasturtean izateagatik: 10 puntu.


