- AGINDUA, 2010eko uztailaren 23koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Amurrioko Barruti Judizialeko Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidearen eraketa onartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko uztailaren 23koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Amurrioko Barruti Judizialeko Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidearen eraketa onartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 143
- Hurrenkera-zk.: 3577
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/07/23
- Argitaratze-data: 2010/07/27
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Justizia
Testu legala
Gizarteak Justizia Administrazioari arinago, kalitate handiagoarekin eta eraginkortasun gehiagorekin jarduteko egiten dion eskaerari erantzuteko, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak antolamendua berregituratu eta Bulego Judizial Berria sortu du. Bulego Judizial Berriak birmoldaketa instrumentala ekarri du, eta epaile eta epaitegien jarduera jurisdikzionalari euskarria eta laguntza eskaintzen die. Bi unitate-motaz osatuta dago: alde batetik, epaitegiei Zuzeneko Laguntza Emateko Unitate Prozesalak daude eta, bestetik, Zerbitzu Orokor Prozesalak. Lehendabizikoek zuzenean epaile eta magistratuei laguntzen diete dagozkien zereginak, organo judizialaren parte direnak, betetzeko. Bigarrengoak, aldiz, ez dira organo judizial zehatzetan txertatzen eta lege prozesalak aplikatzearen ondoriozko kudeaketa- eta jarduera-zeregin zentralizatuez arduratzen dira.
Botere Judizialaren Lege Organikoak, gainera, 436. eta 438. artikuluetan onartu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela Bulego Judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko nahiz Euskadiko barruti judizialetako zerbitzu orokor prozesalak diseinatu, sortu eta antolatzeko. Eskumen horiek baliatuz, Eusko Jaurlaritzak, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2008ko uztailaren 29ko bilkuran, onetsi egin zuen Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Plana (2008-2010), aurretik Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aldeko txostena jasota. Bestalde, plana behin betiko onartu aurretik, Eusko Jaurlaritzak, elkarrizketa sozialaren esparruan eta Bulego Judizial Berria ezartzeko prozesuaren baldintzak finkatzeko asmoz, martxoaren 6ko 38/2007 Dekretua onartu zuen (Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen lan-baldintzak arautzeko eta Bulego Judiziala aldatzeko III. akordioa Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eta CCOO, CSI/CSIF, LAB eta UGT Sindikatuen artekoa onartzen du dekretu horrek. Akordio hori berrikusi egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioak euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioekin nola parekatu arautzeko eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta CCOO, ELA, CSI-CSIF, LAB eta UGT sindikatuen artean Bulego Judizial eta Fiskala ezartzeko IV. Akordioan).
Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planak hasiera batean hiru zerbitzu orokor prozesal-mota aurreikusten ditu: Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Orokor Prozesala, Betearazpeneko Zerbitzu Orokor Prozesala eta Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidea. Hala eta guztiz ere, arrazionaltasun-irizpideak aintzat hartuta eta barruti judizial bakoitzaren konplexutasuna eta dimentsioa kontuan hartuta, zerbitzu orokor prozesalen diseinua desberdina da barruti judizialen arabera. Amurrioko barruti judizialaren kasuan, antolamendu-planak Zerbitzu Orokor Prozesal bakarra jasotzen du: Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidea.
Botere Judizialaren Lege Organikoko 438. artikulua betez, idazkari judizial batek jardungo du zuzendari gisa zerbitzu orokor prozesal bakoitzean eta funtzionalki haren mende egongo dira zerbitzuko lanpostuetan lanean ari diren gainontzeko idazkari judizialak eta langileak.
Era berean, destinoa Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidean duten Justizia Administrazioko langileak Justizia Administrazioko langileen arloko eskumen transferituen ardura duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren mende daude organikoki.
Idazkari Judizialen Kidegoaren Araudi Organikoa onartu zuen abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuko 8. artikuluak ezartzen du idazkari judizialena dela langileak antolatu, kudeatu, ikuskatu eta zuzentzeko eskumena eta, zeregin horiek betetzeko, alderdi tekniko-prozesalei begira gobernu-idazkariak prozeduran jarduteko onartzen dituen protokoloak bete behar dituztela; protokolo horiek probintziako idazkari koordinatzaileak proposatuko ditu. Jarduera tekniko-prozesalen protokoloek, mota berbereko zerbitzu orokor prozesaletan homogeneotasunez jarduteko irizpide orokorrak ezartzen dituzte, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak horretarako onartzen dituen irizpide orokorrak aplikatuz. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu orokor prozesalen diseinu eta antolamendura egokituko dira jarduteko protokoloak, bai eta lanpostuen zerrendan lanpostu bakoitzari ezartzen zaizkion zereginetara ere.
Organo judizialei zuzeneko laguntza emateko unitate prozesalei dagokienez, Botere Judizialaren Lege Organikoko 437. artikuluak aurreikusten du eratuta dauden epaitegi edo auzitegietako sala edo sekzio adina zuzeneko laguntza emateko unitate prozesal egongo direla eta jarduteko protokoloen esparruan garatuko dela horien antolamendua, Idazkari Judizialen Kidegoaren Araudi Organikoko 8. artikuluak adierazitako eran.
Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidearen jardueretan euskararen erabilera sustatzeko helburuz, zerbitzu orokorrak bi hizkuntza koofizialetan ematen laguntzen duten ekimenak bultzatuko dira.
Botere Judizialaren Lege Organikoko 435. artikuluarekin bat etorriz, Bulego Judizialak arintasuna, eraginkortasuna, efizientzia, lanaren arrazionalizazioa, kudeaketa arduratsua eta administrazioen arteko koordinazio eta lankidetza erabiliko ditu funtzionatzeko irizpidetzat, herritarrek hurbileko eta kalitatezko zerbitzua izan dezaten. Ondorioz, kalitatezko kudeaketa-sistema egituratua lortzeko funtsezkoa da Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidea goian adierazitako irizpideak kontuan hartuz antolatzea, irizpide horiek laguntzen baitute Bulego Judizial Berriaren ezarpena eta Herritarrek Justiziaren aurrean dituzten Eskubideen Gutunetik eratorritako konpromisoak betetzea bezalako antolamendu-erreformak behar bezala gauzatzen. Beraz, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidea antolatzeko garaian garrantzi handia emango zaio kalitatea kudeatzeko sistemaren aplikazioari. Sistema hori Bulego Judizialaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du Bulego Judizial Berriaren ezarpenean inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin eta batez ere idazkari judizialekin eta Justizia Administrazioko langileekin lankidetza estuan.
Bestalde, aipatutako 435. artikuluak ezartzen dituen jardun-irizpideak lortzen laguntzeko eta Jarduketa judizialen alderdi osagarriei buruzko 1/2005 Erregelamendua onartu zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak 2005eko irailaren 15ean hartutako Erabakiarekin nahiz bertako 106. artikuluarekin bat etorriz (zerbitzu komunak behar bezala koordinatzeko jarraipen-batzordeak eratzeko aukera aurreikusten du artikulu horrek), Koordinatu eta Hobetzeko Batzorde bat ezartzea komeni dela ikusi da. Kide hauek izango ditu batzorde horrek: epaile dekanoa, Arabako idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkideko idazkari zuzendaria, Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat eta Bulego Judizial eta Fiskalaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren ordezkari bat.
Bulego Judizial Berria hedatu eta ezartzeko egin beharreko lege-aldaketak egiten dituzten azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoa eta azaroaren 3ko 13/2009 Legea onartu ondoren (lehenengoa Bulego Judizial Berria ezartzeko legeria prozesala erreformatzeko Legearen osagarria da eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/19985 Lege Organikoa aldatzen du eta bigarrenak Bulego Judizial Berria ezartzeko legeria prozesala erreformatzen du), Euskadiko Administrazio Orokorrari dagokio Antolamendu Planean barruti judizial bakoitzak proposatutako Zerbitzu Orokor Prozesalen sorrera, bere egitura, antolamendu orokorra, martxan jarritako data eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduen pertsonalaren lanpostu-zerrenda agindu bidez onartzea, hala ezartzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskalen Antolamendu Planak.
Justizia Administrazioko langileen Lanpostuen Zerrendan, Amurrioko Barruti Judizialeko langileei dagokienez, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkideko lanpostuez gain Zuzeneko Laguntza Emateko Unitate Prozesaletako lanpostuak ere azaltzen direnez, komenigarritzat jo da Lanpostuen Zerrenda beren-beregi egindako agindu baten bidez onartzea.
Azkenik, Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planak aurreikusten du ebazpen bidez zehaztuko direla barruti judizial bakoitzeko antolamendu xehatua eta zerbitzu orokorren funtzionamenduko oinarrizko arauak.
Horiek horrela, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuarekin eta Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Planarekin bat etorriz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena egin ondoren, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Sala, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritza eta erakunde sindikalak jakinaren gainean jarri ondoren, hauxe
Amurrioko Barruti Judizialeko Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidea eratutzat ematea. Zerbitzu hau ez dago beste inolako organo judizialen barruan, eta prozesu-legeak aplikatzeak eragiten dituen jarduerak kudeatu eta sostengatzeko lanak zentralizatzen ditu, organo judizialei, profesionalei eta Justizia Administrazioa erabiltzen duten herritarrei zerbitzu arin eta eraginkorragoa emateko.
Zerbitzu Orokor Prozesal Erkideak jardun-arlo hauetako zerbitzuak emango ditu:
Salari laguntza ematea.
Komunikazio- eta betearazpen-egintzak.
Espediente judizialen eta gordailatutako konbikzio-objektu eta -piezen Lurraldeko Artxiboa.
Erregistroa eta banaketa.
Herritarrei eta profesionalei informazioa eta arreta ematea.
Posta eta paketeria.
Erreprografia.
Guardia-zerbitzuari laguntza ematea.
Epaile dekanoari laguntza ematea.
Bideokonferentzia pasiboak kudeatzea.
Auzitegiko klinikari Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeari laguntza ematea.
Apud-acta ahalordeak egitea.
Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidean idazkari judizialak egingo ditu zuzendari lanak.
Idazkari koordinatzaileen proposamenak kontuan hartuta gobernu-idazkariak une bakoitzean jarduera-arlo bakoitzerako ezartzen duena errespetatu eta bete beharko du Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidearen antolamenduak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onesten dituen homogeneizazio-irizpide orokorrak aplikatuz. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu orokor prozesalen diseinu eta antolamendura egokituko dira jarduteko protokoloak, bai eta lanpostuen zerrendan lanpostu bakoitzari ezartzen zaizkion zereginetara ere.
Destinoa Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidean duten Justizia Administrazioko langileak Zerbitzu Orokorreko idazkari zuzendariaren mende daude funtzionalki, eta Justizia Administrazioko langileen arloko eskumen transferituen ardura duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren mende organikoki.
Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidearen jardueretan euskararen erabilera sustatuko da, zerbitzu orokorrak bi hizkuntza koofizialetan ematen laguntzen duten ekimenen bidez.
Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidea kalitatea kudeatzeko sistemari lotuta egongo da. Sistema hori Bulego Judizialaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du Bulego Judizial Berriaren ezarpenean inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin eta batez ere idazkari judizialekin eta Justizia Administrazioko langileekin lankidetza estuan.
Kalitatea kudeatzeko sistemak plangintza, helburuen betetze-mailaren neurketa, disfuntzioen analisia, eta neurri zuzentzaileak sustatuko ditu, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidea etengabe hobetzen joan dadin.
Koordinatu eta Hobetzeko Batzorde bat ezarri da. Kide hauez osatuta dago: epaile dekanoa, Arabako idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkideko idazkari zuzendaria, Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat eta Bulego Judizial eta Fiskalaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren ordezkari bat.
Bulego Judizial eta Fiskalaren arloko eskumenen ardura duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariak emandako ebazpen baten bidez ezarriko dira Amurrioko Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidearen antolamendu zehatza eta funtzionamendu-arauak.
AZKEN XEDAPENEN ARTEAN LEHENENGOA
Amurrioko Barruti Judizialeko langileen egokitze-prozesua bukatzen denean hasiko da lanean Zerbitzu Orokor Prozesal Erkidea.
AZKEN XEDAPENEN ARTEAN BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 23a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.


