- AGINDUA, 2010eko uztailaren 23koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Getxoko barruti judizialaren zerbitzu komun prozesal orokorra eta betearaztekoa sortzea onartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko uztailaren 23koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Getxoko barruti judizialaren zerbitzu komun prozesal orokorra eta betearaztekoa sortzea onartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 143
- Hurrenkera-zk.: 3580
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/07/23
- Argitaratze-data: 2010/07/27
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Justizia
Testu legala
Arintasun, kalitate eta eraginkortasun handiagoarekin jardungo duen Justizia Administrazio bat izateko herritarrek egiten duten eskaerari erantzuna emateko asmoz, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzeko den abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoak antolaketaren berregituraketa berri bat ezarri du, Bulego Judizial Berria deritzona. Izaera instrumentala duen birmoldaketa honek epaileen eta auzitegien jardun jurisdikzionalari sostengu eta laguntza emango dizkio eta bi unitate motetan oinarrituta dago: organo judizialei Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalak, epaileei eta magistratuei zuzenean laguntzekoak eta organo judizialaren parte direnak, eta Zerbitzu Prozesal Erkideak, organo judizial zehatz batean sartzen ez direnak eta lege prozesalak aplikatzetik ondorioztatzen diren kudeaketa- eta laguntza-lanak bere gain hartzen dituztenak.
Botere Judizialaren Lege Organikoak, gainera, 436. eta 438. artikuluetan onartu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskumena duela Bulego Judizialaren dimentsioa eta antolamendua zehazteko nahiz Euskadiko barruti judizialetako zerbitzu orokor prozesalak diseinatu, sortu eta antolatzeko. Eskumen horiek baliatuz, Eusko Jaurlaritzak, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2008ko uztailaren 29ko bilkuran, onetsi egin zuen Euskadiko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskaletako Antolamendu Plana (2008-2010), aurretik Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aldeko txostena jasota. Bestalde, plana behin betiko onartu aurretik, Eusko Jaurlaritzak, elkarrizketa sozialaren esparruan eta Bulego Judizial Berria ezartzeko prozesuaren baldintzak finkatzeko asmoz, martxoaren 6ko 38/2007 Dekretua onartu zuen (Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen lan-baldintzak arautzeko eta Bulego Judiziala aldatzeko III. akordioa Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren eta CCOO, CSI/CSIF, LAB eta UGT Sindikatuen artekoa onartzen du dekretu horrek. Akordio hori berrikusi egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioak euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioekin nola parekatu arautzeko eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren eta CCOO, ELA, CSI-CSIF, LAB eta UGT sindikatuen artean Bulego Judizial eta Fiskala ezartzeko IV. Akordioan).
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskalak Antolatzeko Planak, hasiera batean, zerbitzu prozesal erkideen hiru mota aurreikusten ditu, hala nola, Prozedura Antolatzeko Zerbitzu Prozesal Erkidea, Betearazpeneko Zerbitzu Prozesal Erkidea eta Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra. Halere, arrazionaltasun irizpideak kontuan hartuta eta barruti judizial bakoitzaren neurria eta konplexutasuna aintzat hartuta, zerbitzu prozesal erkideen diseinua ezberdina da. Getxoko barruti judizialaren kasuan, Antolatzeko Planak Zerbitzu Prozesal Erkide Orokor bakar bat aurreikusten du, bi sekzioekin: Atal Orokorra eta Betearazpen Atala.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 438. artikuluaren arabera, zerbitzu prozesal erkidearen burua idazkari judizial bat izango da eta gainontzeko idazkari judizialak baita dagokion zerbitzua antolatzeko lanpostuetan lanean diharduten langileak ere horren mende egongo dira funtzionalki.
Halaber, Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoan lanpostua duten Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileak, organikoki, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen gaiei dagozkien transferitutako eskumenen ardura duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren mende daude.
Idazkari judizialen kidegoaren araudi organikoa onartzeko den abenduaren 30eko 1608/2005 Errege Dekretuak bere 8. artikuluan ezartzen du idazkari judizialari dagozkiola langileen antolamendu, kudeaketa, ikuskaritza eta zuzendaritza eta, eginkizun horiek betetzeko, prozeduran jarduera-protokoloek zehaztutakoa bete beharko duela. Protokolo horiek gobernu-idazkariak onartuko ditu, probintziako idazkari koordinatzaileak horrela proposatu ondoren. Jarduera-protokoloek jarduteko irizpide orokorrak ezartzen dituzte. Horien arabera, mota bereko zerbitzu prozesal erkide guztien jarduera homogeneo bat bermatzen da, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onartzen dituen homogeneizatzeko irizpide orokorrak aplikatuz. Nolanahi ere, jarduera-protokoloak Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu prozesal erkideen diseinura eta antolamendura egokituko dira baita lanpostuen zerrendetan lanpostu bakoitzari esleitzen zaizkion eginkizunetara ere.
Organo judizialei Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesalei dagokienez, adierazi behar da Botere Judizialaren Lege Organikoak, bere 437. artikuluan, ezartzen duela sortuta dauden epaitegi, edo dagokionean, sala edo auzitegien sekzio adina zuzeneko laguntza emateko unitate prozesal egongo dela eta unitate horien antolamendua jarduera-protokoloen esparruan garatuko dela ere, idazkari judizialen kidegoaren araudi organikoaren 8. artikuluan ezartzen den bezala.
Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren jardueretan euskararen erabilera sustatzeko helburuz, zerbitzu orokorrak bi hizkuntza koofizialetan ematen laguntzen duten ekimenak bultzatuko dira.
Botere Judizialaren Lege Organikoaren 435. artikuluaren arabera, Bulego Judizialak bere funtzionamenduan kontuan izango ditu zalutasuna, efikazia, eraginkortasuna, lanaren arrazionaltasuna, kudeaketarengatiko erantzukizuna, administrazioen arteko koordinazioa eta lankidetza diren irizpideak eta, horrela, herritarrek zerbitzu hurbila eta kalitatezkoa jasoko dute. Ondorioz, ezinbestekotzat jotzen zaio Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoaren antolamenduak goian aipatutako irizpideak kalitatea kudeatzeko sistema egituratu baten esparruan gordetzeari, Bulego Judizial Berriaren ezarpena bezalako garrantzia duen antolamendu-berrikuntza bat lortzea erraztuko dituzten irizpideak, hain zuzen. Beraz, Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoaren antolamenduaren esparruan, arreta berezia emango zaio kalitatea kudeatzeko sistema aplikatzeari. Sistema hori Bulego Judizialaren gaian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzak diseinatu eta kudeatuko du, Bulego Judizial Berriaren ezarpenean zerikusia duten gainontzeko eragileekin elkarlan hertsian, batez ere Idazkaritza Judizialarekin eta Justizia Administrazioan lanean diharduten langileekin.
Bestalde, aipatutako 435. artikuluak ezartzen dituen jardun-irizpideak lortzen laguntzeko eta Jarduketa judizialen alderdi osagarriei buruzko 1/2005 Erregelamendua onartu zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Osoko Bilkurak 2005eko irailaren 15ean hartutako Erabakiarekin nahiz bertako 106. artikuluarekin bat etorriz (zerbitzu komunak behar bezala koordinatzeko jarraipen-batzordeak eratzeko aukera aurreikusten du artikulu horrek), Koordinatu eta Hobetzeko Batzorde bat ezartzea komeni dela ikusi da. Kide hauek izango ditu batzorde horrek: epaile dekanoa, Gipuzkoako idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren idazkari zuzendaria, Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat eta Bulego Judizial eta Fiskalaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren ordezkari bat.
Bulego Judizial Berria hedatu eta ezartzeko beharrezkoak diren lege-aldaketak egiten dituzten Bulego judizial berria ezartzeko legeria prozesala erreformatzeko Legearen osagarria den eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/19985 Lege Organikoa aldatzen duen azaroaren 3ko 1/2009 Lege Organikoa eta Bulego Judizial Berria ezartzeko legeria prozesala erreformatzeko azaroaren 3ko 13/2009 Legea onartu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokio «Antolamendu Planean barruti judizial bakoitzak proposatutako Zerbitzu Orokor Prozesalen sorrera onartzen duen agindua, bere egitura, antolamendu orokorra, martxan jarritako data eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduen pertsonalaren lanpostu-zerrenda hartzen dituena» onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskalak Antolatzeko Planean jasota dagoenari jarraituz.
Getxoko Barruti judizialari atxikitako langileei dagokienez, Justizia Administrazioaren zerbitzura diharduen langileen lanpostuen zerrendak Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoaren lanpostuetaz gain Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesaleen langile horien lanpostuak ere hartzen dituenez gero, egokitzat jo da Lanpostuen Zerrenda hori gai honentzako berariazkoa izango den Agindu batek onar ditzan.
Bukatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskalak Antolatzeko Planak aurreikusten du barruti judizial bakoitzaren antolamendu zehatza eta zerbitzu erkideen funtzionamendurako oinarrizko arauak ebazpen baten bitartez ezarriko direla.
Horren ondorioz, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuarekin baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren Bulego Judizial eta Fiskalak Antolatzeko Planarekin ere bat etorriz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak txostena eman ondoren eta, era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salari, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzari eta sindikatuei jakinaraziz, honako hau
Getxoko Barruti Judizialeko Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoa sortzen da, organo judizial zehatz batean sartuta egon gabe, lege prozesalak aplikatzetik eratorritako jardueretan kudeaketa- eta laguntza-lan zentralizatuak bere gain hartzen dituena, bai organo judizialei bai profesionalei baita Justizia Administrazioa erabiltzen duten herritarrei ere zerbitzu zaluagoa eta eraginkorragoa emateko helburuz.
Getxoko Barruti Judizialeko Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoa bi sekzioetan antolatuta egongo da: Sekzio Orokorra eta Betearazpeneko Sekzioa.
Betearazpeneko Sekzioa, bere aldetik, bi taldetan egituratuko da, aplikagarria den araudiaren arabera: Talde Zibila eta Zigor-arloko Taldea.
Ata Orokorrak ondorengo jarduteko arloekin lotutako zerbitzuak emango ditu:
Aretoetan laguntzea.
Komunikazio- eta betearazpen-egintzak.
Espediente judizialen Lurraldeko Artxiboa eta frogagarrien gordailua.
Erregistroa eta banaketa.
Herritarrei eta profesionalei informazioa eman eta arreta eskaini.
Posta eta paketeria.
Erreprografia.
Guardia zerbitzuari laguntza ematea.
Epaile dekanoari laguntza ematea.
Bideokonferentzia pasiboen kudeaketa.
Apud-acta ahalordeak egitea.
Betearazpen Atalak organo judizialek edozein prozedura zibilean baita falta-epaiketetan ere ematen dituzten epai, auto eta dekretu irmoen betearazpen prozesalarekin lotutako zerbitzuak emango ditu.
Idazkari judizial batek zuzenduko du Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoa.
Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoaren antolamenduak errespetatu eta bete behar du gobernuaren idazkariak, idazkari-koordinatzaileen proposamenez, jarduera-arlo bakoitzerako onartzen dituen jarduera-protokoloetan ezarritakoa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak onartzen dituen homogeneizatzeko irizpide orokorrak aplikatuz. Nolanahi ere, jarduera-protokoloak Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu prozesal erkideen diseinura eta antolamendura egokituko dira baita lanpostuen zerrendetan lanpostu bakoitzari esleitzen zaizkion eginkizunetara ere.
Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoan lanpostua duten Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileak, funtzionalki, Zerbitzu Erkidearen idazkari judizial zuzendariaren mende daude eta, organikoki, Justizia Administrazioaren zerbitzura dauden langileen gaiei dagozkien transferitutako eskumenen ardura duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren mende daude.
Zerbitzu Orokor Prozesalaren jardueretan euskararen erabilera sustatuko da, zerbitzu orokorrak bi hizkuntza koofizialetan ematen laguntzen duten ekimenen bidez.
Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoa kalitatea kudeatzeko sistemari lotuta egongo da. Sistema hori Bulego Judizialaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzak diseinatu eta koordinatuko du Bulego Judizial Berriaren ezarpenean inplikatuta dauden gainontzeko eragileekin eta batez ere idazkari judizialekin eta Justizia Administrazioko langileekin lankidetza estuan.
Kalitatea kudeatzeko sistemak plangintza, helburuen betetze-mailaren neurketa, disfuntzioen analisia, eta neurri zuzentzaileak sustatuko ditu, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoa etengabe hobetzen joan dadin.
Koordinatu eta Hobetzeko Batzorde bat ezarri da. Kide hauez osatuta dago: epaile dekanoa, Bizkaiko idazkari koordinatzailea, Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoaren idazkari zuzendaria, Justizia Administrazioko langileen ordezkari bat eta Bulego Judizial eta Fiskalaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzaren ordezkari bat.
Getxoko Barruti Judizialeko Zerbitzu Prozesal Erkide Orokorra eta Betearazpenekoaren antolamendu zehatza eta funtzionamendurako arauak Bulego Judizial eta Fiskalaren gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren ebazpen baten bitartez zehaztuko dira.
AZKEN XEDAPENEN ARTEAN LEHENENGOA
Getxoko Barruti Judizialeko langileen egokitze-prozesua bukatzen denean hasiko da lanean Zerbitzu Orokor Prozesal Erkide eta Betearazpenekoa.
AZKEN XEDAPENEN ARTEAN BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 23a.
Justizia Eta Herri Administrazioko Sailburua
IDOIA MENDIA CUEVA


