- AGINDUA, 2010eko irailaren 1ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, zeinen bidez unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beketarako eta -laguntzetarako deialdia egiten baita 2010-2011 ikasturterako. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko irailaren 1ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, zeinen bidez unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beketarako eta -laguntzetarako deialdia egiten baita 2010-2011 ikasturterako.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 178
- Hurrenkera-zk.: 4246
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/09/01
- Argitaratze-data: 2010/09/15
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartzen duen Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori garatuko duten Lege Organikoei, horren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskapenari kalterik egiteke».
Era berean, hiritar guztiek dute hezkuntzarako eta irakaskuntza-askatasunerako eskubidea, eta herri-agintarien zeregina da hezkuntzara berdintasun-egoeran jo ahal izateko dauden muga edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea.
Eusko Legebiltzarrak, bere aldetik, 0 eta 3 urteko zikloaren ezarpenari buruzko ez-legezko proposamena onetsi zuen 2002ko otsailaren 8an, zikloa LOGSEan eta Euskal Eskola Publikoaren Legean adierazitako baldintzetan ezartzeko. Halaber, Haur Hezkuntzako lehen zikloaz arduratzea eskatzen zitzaion Eusko Jaurlaritzari. Horren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila izango litzateke hezkuntza-eskaintza planifikatzeko, koordinatzeko eta etorkizunean kudeatzeko arduraduna, ziklo horretan inplikatutako beste sail eta instituzioekin batera behin-behinean lan eginez.
Bestalde, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren, hezkuntzari buruzkoaren atariko tituluan irakaskuntzen egitura zehazten da, haur-hezkuntza etapa bakar gisa berreskuratuz. Haur-hezkuntzak etapa bakarra osatzen du eta bi ziklotan banatuta dago. Bi zikloek hezkuntza-asmoari erantzuten diote (ez du nahitaez eskola-asmoa izan behar) eta asmo horri jarraiki, ikastetxeek berariazko proposamen pedagogiko bat eskaini behar dute lehen ziklotik.
2009-2010 ikasturterako azaldutakoagatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ikastetxe-erregistroan inskribatutako ikastetxe eta haur-eskoletan eskolatzeko laguntzen esleipena arautu eta deialdia egiten du.
2010-2011 ikasturte honetarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beka- eta laguntza-deialdi bakar batean arautzen ditu unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-maila guztiak, aipatutako programak deialdi bakar batean elkartzearren, eta deialdi horretan ezarriko dira aplikazio-irizpide orokorrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan jasotako diru-laguntzen arloko indarreko legeria eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010 ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 2/2009 Legea kontuan hartuz,
HAU EBATZI DUT:
Xede horretarako, 53.758.737 euro bideratuko dira. Horietarik 26.245.737 euro 2010eko ekitaldian hartzen diren ebazpenak finantzatzeko erabiliko dira, eta Euskal Autonomia Erkideagoaren 2010. urteko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontuko partidaren kontura finantzatuko dira. Gainerakoa, 27.513.000 euro, 2011ko ekitaldian hartzen diren ebazpenak finantzatzeko erabiliko dira; horretarako, 2011. urtean kreditu egokia eta nahikoa egon behar da, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitakoarekin bat etorriz (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).
Zenbateko horiek, dena den, aldatu egin daitezke, ebazteke dauden eta emate-proposamena duten eskarien zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste programa batzuk burutu ondoren sor daitezkeen aurrekontu-baliabide agortu gabeen arabera, eta eskariei buruzko ebazpena eman baino lehen. Egoera horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da.
Lehenengoa. Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, interesatuek horren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 1a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Agindu honek arautzen dituen ikasketa-beka eta -laguntzak ikasketa hauetarakoren bat egiten duten ikasleentzat dira:
Haur-hezkuntza.
Lehen Hezkuntza.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
Hasierako lanbide-prestakuntzako programak.
Batxilergoa.
Erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketa.
Administrazio publikoen titularitateko ikastetxe ofizialetan burututako hizkuntza ikasketak.
Musika eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak eta profesionalak.
Arte Plastikoetako eta Diseinuko maila ertaina eta goi-maila.
Kirol-ikasketak.
Homologatu gabeko ikastetxe pribatuetako ikasleak, ikastetxean zein ikasketa egiten den gorabehera. Hala ere, ikasketa horietako irakasgai guztietako azterketak ikastetxe ofizialetan egiten badituzte, onartu egingo dira.
Onartu gabeko ikastetxeetako edo Haur Hezkuntzako lehenengo zikloa emateko ikastetxeen erroldan jasota ez dauden haur-eskoletako ikasleak.
Diru-laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen duen legezko kausaren batean daudenek ez dute laguntza eskatzerik izango.
Deialdi honetan jasotzen diren ikasketek onarpen ofiziala izan beharko dute eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak unibertsitateaz kanpoko ikasketentzat onartutako planekin bat etorri behar dute.
Agindu honen 1. artikuluan ezarritako ikasketaren bat egin beharko dute ikasleek baimenduta eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden ikastetxeetan.
Ikasleak profesional gisa aritzeko gaitzen duen titulu akademikoren bat baldin badu, beka emango zaio, baldin eta egin nahi dituen ikasketak duen tituluaren jarraipena badira.
Hezkuntza Bereziko ikasleak ezin izango ditu 21 urte beteta izan 2011ko urtarrilaren 1ean.
Ikasleek ezin izango dute 21 urte beteta izan 2011ko urtarrilaren 1ean.
Kuota, 0 urteko eta urte bateko ikasleak.
Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 0 urte edo urte 1 dituzten ikasleek ordaindu behar duten kuota murrizteko.
Ikasketak:
Osagai honek ezin izango du inoiz gainditu ikasleak ikasten duen ikastetxean 2010-2011 ikasturtean gehienez ere ordaindu beharreko kuota.
Kasu hauetan ez da emango:
Ikastetxe publikoak.
Hezkuntza-itun osoko ikastetxe edo mailak.
Kontzeptu honengatik kuota ordaintzen ez duten ikastetxeak.
Hasierako lanbide-prestakuntzako programak.
0 urteko eta urte bateko ikasleak.
Joan-etorriak:
Osagai hau emateko orduan kontuan izango da ikaslea bizi den herrian edo bertatik hurbilen maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik dagoen ala ez, eta balego, bertan lekurik baden eta burutu nahi diren ikasketak ematen diren.
Osagai hau emateko, herriaren erdialdetik ikastetxera dagoen distantzia hartuko da kontuan kalkulua egiteko eta eskala honen arabera banatuko da:
5 km-tik 10 km-ra bitartean.
10 km-tik 30 km-ra bitartean.
30 km-tik 50 km-ra bitartean.
50 km-ra baino gehiagora.
Ez dute osagai honetarako eskubiderik izango Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailek.
Hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleen kasuan, osagai hau mantenduko da diruz lagundu gabeko garraioa erabiltzen denean joan-etorrietarako eta joan-etorriok 5 km edo gehiagokoak direnean.
Hizkuntzetako mailei eta Musika eta Dantzako oinarrizko irakaskuntza eta irakaskuntza profesionalei dagokienez, ikasleek astean behar dituzten egunen araberako laguntza jasoko dute.
Egoitza:
Osagai hau emateko orduan, kontuan izango da ikaslea bizi den herrian edo bertatik hurbilen maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik dagoen ala ez, eta plaza librerik dagoen ala ez. Era berean, ikasleak egiaztatu beharko du etxetik kanpo bizi beharra duela, dela familiaren etxetik ikastetxera dagoen distantziagatik, dela dauden garraiobideengatik.
Arte-ikasketa profesionaletako ikasleen kasuan, Dantzako Erdi-mailako Graduko ikasleen kasuan izan ezik, egiaztatu egingo da ikasleak etxetik kanpora bizi behar duen. Horretarako, kontuan hartuko da zenbat ikasgaitan matrikulatu den eta, gainera, astean 20 irakastordu edo gehiago izan beharko dituzte.
Arte-ikasketa profesionalak, kirol-ikasketak, lanbide-heziketa eta batxilergoa egiten dituzten ikasleei emango zaie osagai hau.
Joan-etorrietarako osagaia eta ostaturako osagaia inoiz ez dira bateragarriak izango.
Eskola-materialak:
Osagai hau ez da bateragarria izango ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo kurtsoan ari diren ikasleentzat testu-liburuak eta ikasmaterialak solidarioki eta ekitatiboki erabiltzeko Programari uko egitearekin.
Osagai hau maila guztiei emango zaie, Haur Hezkuntzako (1. zikloko) mailari izan ezik.
Jantokia:
Osagai emango zaie Haur Hezkuntzako lehengo zikloko 2 urteko haurrei, Haur Hezkuntzakoei (2. ziklokoei), Lehen Hezkuntzakoei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoei eta Hezkuntza Berezikoei, baldin eta jantokiaz baliatzen badira.
Osagai hau kalkulatzeko, jantokira 178 eskola-egun joan behar da, baina egun gutxiagotan joanez gero, jantokira joan den egun-kopuruaren araberakoa izango da osagaia.
Ikasturtean, gehienez ere, 640,8 euro izango dira kontzeptu honegatik.
Osagai hori jasotzeko eskubidea izateko, ikasturtean jantokia 20 egunetik gora erabili duela egiaztatu beharko du ikasleak, salbu ikasturtearen azken hiruhilekoan matrikula egiten duten ikasleek. Kasu guztietan, baldintza hauek egiaztatu beharko dira:
Ikaslea jantoki-zerbitzuaz baliatzen dela eguerdietan.
Administrazioari ez zaiola kostua bikoizten.
Konpentsatzailea:
Ikasten aritzeak dakarren diru-sarrera falta konpentsatzeko da konpentsazio-osagai hau.
Konpentsazio-osagai hau jasotzeko eskubidea izateko, eranskineko deialdian eskatutako betekizunez gain, honako hauek ere bete beharko dira:
Ikaslea 1995eko urtarrilaren 1a baino lehenago jaioa izatea.
Ikasleak ikasketa presentzialak egitea.
Osagai hau ez zaie emango 14.5 artikuluan jasotzen diren errentak dituzten familiei, salbu oinarrizko gizarte-zerbitzuek egiaztatzen badute elkarbizitza-unitateak Gizarte-ongizatearen diru-laguntzak jasotzen dituela.
Nolanahi ere, 2010-2011 ikasturtean Batxilergoko, erdi eta goi-mailako heziketa-zikloak eta oinarrizko musika- eta dantza-ikasketak, arte-ikasketa profesionalak eta kirol-ikasketak egiten dituzten ikasleak bakarrik izan daitezke onuradun.
Mantentzea.
Titulazioa lortu gabe hezkuntza-sistema uzteko arriskurik gehien duten ikasleentzako izango da mantentzeko osagaia, eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako bigarren maila egiten ari diren ikasleei emango zaie. Osagai hau emateko, eskatzaileak 1995eko urtarrilaren 1a baino lehenago jaioa izatea eskatuko da.
Urrutiko batxilergoko ikasketa ofizialak egiten dituzten ikasleek eskola-materialeko osagaia lortu ahal izango dute. Gainera, gehienez ere 385 euro lortu ahal izango dute joan-etorrietarako, baldin eta bizi ez bada zentro laguntzailearen egoitza edo urrutiko batxilergoko ikastetxeko luzapena dagoen udalerrian.
Kuota, 0 urteko eta urte bateko ikasleak.
Haur Hezkuntzako 0 urteko eta urte bateko ikasleak, hilean 90 euro.
Ikasketak.
Haur Hezkuntzako 2 urteko gela, 200 euro.
Batxilergoak eta Lanbide Heziketa, 590 euro.
Gainerako mailak, udalen musika-ikastegietan emandakoak barne, 295 euro.
Joan-etorriak.
5 km-tik 10 km-ra bitartean: 192 euro
10 eta 30 km bitarteko distantzia: 385 euro
30 eta 50 km bitarteko distantzia: 762 euro
50 km-ra baino gehiagora: 993 euro
Egoitza.
Ikasturte bat eta horri dagozkion praktikak dituzten erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketa, 2.969 euro.
Gainerako mailak, 2.531 euro.
Eskolako materialak.
Haur Hezkuntza (2. zikloa): 78 euro
Lehen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia: 117 euro
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 159 euro
Goi-mailako heziketa-zikloak: 226 euro
Gainerako mailak: 202 euro
Salbuespenak:
Lehen Hezkuntzako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute; halakoetan, 38 euro emango dira lehenengo ziklorako eta 50 euro bigarren eta hirugarrenerako.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute. Halakoetan, 50 euro emango dira.
Jantokia.
Gehienez ere 640,80 euro izango dira, hori baita eragiketa honen emaitza: jantokiko egun-kopurua bider, gehienez ere 178 egun, eguneko prezioa, gehienez ere, 3,60 eurokoa izanik.
Konpentsazioa.
Goi-mailako Lanbide Heziketa eta horri dagozkion praktikak, ikasturte osokoak: 2.816 euro.
Maila ertaineko Lanbide Heziketa eta horri dagozkion praktikak, urte osokoak: 2.405 euro.
Goi-mailako heziketa-zikloak: 2.273 euro.
Gainerako mailak: 2.020 euro.
Mantentzea.
Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak, bigarren maila: 1.350 euro.
Laguntza hau behin ordainduko da, bigarren ebaluazioa egin ostean. Jasotzeko, ikaslearen tutoreak ziurtatu egin beharko du ikasleak agindu honetako 16.10 artikuluan ezarritako ikasketa-aprobetxamendua egiaztatu duela.
Ikasleak zenbat osagai jasotzeko eskubidea duen, osagai horien baturak emango du beka edo laguntzaren zenbatekoa, agindu honetan ezartzen diren arauen arabera. Zenbatekoa, gehienez, zerbitzu bakoitzaren benetako kostuaren parekoa izango da, inoiz ere ez hortik gorakoa.
Goi-mailako eta erdi-mailako Lanbide Heziketako bekak irizpide hauen arabera emango dira:
1. 2.000 ordutik beherako heziketa-zikloak ikasturte bat gehi praktikatzat joko dira; laguntzak lehenengo ikasturtean ordainduko dira soilik.
2. 2.000 orduko heziketa-zikloak urte biko ziklotzat joko dira.
Beka hizkuntzak edo musika eta dantzako oinarrizko edo erdi maila eta kirol-ikasketak egiteko ematen bada, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskainitako zerbitzuen prezio publikoak finkatzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aginduan ezarritako prezio publikoa ez da ordaindu beharko, alegia, beka zein ikasketatarako eman den, ikasketa horri dagokion prezio publikoa.
Inork ezin dezake jaso agindu honetan arautzen diren beka edo laguntzetariko bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean agindu honetako 1. artikuluan aipatzen diren beste ikasketa batzuk egin.
Eskola-materialak eta egoitza:
Euroak
Kide konputagarri 1 duen elkarbizitza-unitatea 14.826
2 25.308
3 34.352
4 40.796
5 45.598
6 49.224
7 52.810
8 56.380
562 euro gehituko dira beste kide konputagarriko.
Ikasketak eta jantokia:
Euroak
Kide konputagarri 1 duen elkarbizitza-unitatea 10.668
2 17.377
3 22.820
4 27.069
5 30.717
6 34.241
7 37.576
8 40.882
282 euro gehituko dira beste kide konputagarriko.
Joan-etorriak eta mantentzea:
Euroak
Kide konputagarri 1 duen elkarbizitza-unitatea 11.937
2 19.444
3 25.534
4 30.287
5 34.370
6 38.313
Kide konputagarri 7 duen elkarbizitza-unitatea 42.041
8 45.744
672 euro gehituko dira beste kide konputagarriko.
Konpentsazio-laguntza:
Euroak
Kide konputagarri 1 duen elkarbizitza-unitatea 3.676
2 7.094
3 10.337
4 13.557
5 16.770
6 19.912
7 22.983
8 25.984
001 euro gehituko dira beste kide konputagarriko.
Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko ikasleen kuotak, jantokia eta ikasketak:
Euroak
Kide konputagarri 1 duen elkarbizitza-unitatea 8.143
2 13.350
3 17.567
4 20.201
5 23.232
6 26.717
7 30.724
8 35.333
500 euro gehituko dira beste kide konputagarriko.
Familiaren errenta kalkulatzeko, honako hauek dira elkarbizitza-unitatearen kide konputagarriak: aita, ama, tutorea edo adin txikikoa jagon eta babesten duena, eskatzailea, 2009. urtean etxean bizi izan diren 26 urtetik beherako ikaslearen anai-arrebak edo urte horietatik gorakoak, baldin eta gorputzeko, adimeneko edo zentzumenetako urritasunen bat badute; baita etxe berean bizi diren gurasoen aurretikoak ere; udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dute hori.
Kide konputagarritzat joko dira, halaber, hogeita sei urtetik beherako pertsonak harrera-familiak legez hartu baditu edo familiaren kontura bizi badira, bertan bizi direla behar bezala zuritu eta egiaztatu ahal bada.
Eskatzaileek elkarbizitza-unitate independenteak eratzen badituzte, kide konputagarritzat joko dira ezkontidea edo, behar izanez gero, antzeko harremanarekin eskatzaileari lotuta dagoen laguna eta seme-alabak, halakorik balego.
Gurasoak dibortziatuta edo bananduta badaude, eskatzailearekin bizi ez dena ez da kide konputagarritzat joko, unitatearen diru-sarreretan horren ekonomia-laguntza sartu arren. Eskatzailearekin bizi ez diren anai-arrebak ere ez dira konputagarritzat joko.
Beste ezkontza bat tarteko edo izatezko bikote moduan familiaren etxebizitzan bizi den pertsona kide konputagarritzat joko da; beraz, horren errenta eta ondarea ere konputatuko dira.
Eskatzaileak familiarekiko mendetasunik edo ekonomia-mendetasunik ez duela adierazten badu, egoera zibila gorabehera, egiaztatu egin beharko du independentzia hori izateko baliabide ekonomiko nahikoa dituela berak; era berean, etxebizitzaren titularitatea edo alokairua ere egiaztatu beharko du. Osterantzean, independentzia ez-probatutzat joko da. Beraz, bekaren ondorioetarako, familia-errenta eta -ondarea kalkulatzeko, elkarbizitza-unitateko kide konputagarrien diru-sarrerak konputatuko dira.
Ikasle independente izaki, familiako egoitzatzat joko da ikaslea ikasturtean bizi dena; beraz, ez da ostatu-osagaia emango.
Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta garbia zehazteko, hauxe egingo dugu:
Zerga-oinarri orokorra eta aurrezpenaren zerga-oinarria batuko dira, kanpoan utzirik ondare-irabazi eta -galeren 2009. urtearen aurreko saldo negatiboak eta kapital higigarriaren errendimenduen 2008. urteko saldo negatiboa.
Emaitza horri kuota likidoa kenduko zaio.
PFEZen pean ez dauden diru-sarrerak eta PFEZtik salbuetsita daudenak gehitu egingo zaizkio aurreko formularekin ateratako emaitzari.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egiteko betebeharrik ez duten kide konputagarrien errenta zehazteko, ondorengo kalkulua egin beharko da:
Edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari dagokionez konputagarri den etekina barne, ohiko etxebizitza ez diren hiri-ondasunen kasuan, 2009ko ekitaldian aplikagarri den zerga-araudiari jarraiki.
Zenbateko horri konturako atxikipenen zenbatekoa kenduko zaio, baita zerga-oinarri orokorra kalkulatzeko aplikatzen diren gastu kengarri guztiak eta hobariak ere.
Estimazio objektiboaren edo zuzeneko estimazioaren zerga-erregimenari atxikitako enpresa- eta lanbide-jardueren kasuan, errentagarritasun errealeko irizpideak aplikatuz egingo da etekinen estimazioa. Halaber, aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.
Herri Administrazioek ikasketarako emandako beken eta laguntzen zenbatekoak dira diru-sarreratzat joko ez diren diru-sarrera bakarrak.
Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, foru aldunditik jasotzen dituen laguntzak. Kasu horietan harrerari buruzko foru agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.
Beka eta/edo laguntzaren ondorioetarako elkarbizitza-unitatearen errenta aurreko artikuluan finkatutakoaren arabera zehaztu ondoren, kontzeptu hauen zenbatekoak kendu ahal izango dira hortik:
Unitatearen errentaren % 20, kasu hauetan:
Eskatzailea guraso bakarreko familia-unitate bateko kidea denean, baldin eta diru-iturri bakarra bada inoren konturako lana, pentsioa edo ordaintzen diren elikagaiak.
Eskatzailea umezurtza denean eta diru-iturri bakarra umezurtz-pentsioa bada edo beste elkarbizitza-unitate baten menpe badago.
Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50. Familiaren eusle nagusiaren eta bere ezkontidearen diru-sarrerak ez dira horretan sartzen.
500 euro familia-egoitzan bizi den anai-arreba bakoitzarengatik, eskatzailea barne dela, kategoria orokorreko familia ugariak direnean; kopuru hori 765 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea bera bada familia ugariaren titularra, familia osatzen duten seme-alaben arabera konputatuko dira zenbatekoak.
1.811 euro legez onartutako % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasunen bat duen elkarbizitza-unitateko kide bakoitzarengatik, eskatzailea barne. Kentzekoa 2.881 eurokoa izango da minusbaliotasuna % 65ekoa edo goragokoa denean. Ikasleak berak badu % 33 eta % 65 arteko minusbaliotasuna eta mugikortasun mugatuko gabezia-egoeran badago, edo % 65eko edo goragoko minusbaliotasuna badu, kentzekoa 4.000 eurokoa izango da.
1.176 euro unibertsitateko ikasketak egiten ari den eta ikasketak direla-eta familiaren bizitokitik kanpo bizi den 25 urte baino gutxiago dituen anaiako edo arrebako.
Familia-errenta gorabehera, ikasteko eskatutako beka eta/edo laguntza ukatu egingo da familiako kide konputagarri guztien ondare-adierazleek muga hauetarikoren bat gainditzen badute:
Hiri-finkak.
Familiako kide konputagarrien hiri-finken katastro-balioen batuketa, gehienez ere, 42.500 eurokoa izango da.
Konputu hori egiterakoan ez da kontuan hartuko familiaren ohiko etxebizitza den hiri-finkaren katastro-balioa.
Katastro-balioak berraztertu edo aldatu dituzten Arabako eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, higiezinen katastro-balioaren % 60 eta % 30 konputatuko da, hurrenez hurren, kalkulu hori egiteko, salbu eta Gasteizkoan eta Donostiakoan, non konputuan katastro-balioen % 25 aplikatuko baita.
Euskal Autonomia Erkidegoan ez dauden hiri-finketarako, Hezkuntza eta Lanbide Heziketarako Estatu Idazkaritzak ebazpenak ezarritakoaren arabera jokatuko da, hots, derrigorrezkoen ondoko ikasketak eta goi-mailakoak ikasteko unibertsitateaz kanpoko ikasleei beka eta laguntza orokorretarako deialdia egiteko emandako ebazpenaren arabera.
Landa-finkak.
Familia-unitatearen kide konputagarrienak diren landa-ondasunen katastro-balioen batuketa, gehienez, 13.000 eurokoa izango da kide konputagarri bakoitzeko.
Balore higigarriak.
Eskatutako laguntza ukatu egingo da, 1.958 euro baino gehiagokoa denean aurrezkien zerga-oinarria, edo kantitate horretakoa bada higigarrien kapitalaren etekin garbia gehi ondareen irabazi eta galera garbien arteko aldearen batuketa. Hortik kanpo geratzen dira ohiko etxebizitza erosi edo konpontzeko jasotzen diren diru-laguntzak.
Ondasun-elementuak pilatzea.
Familiak aurreko idatz-zatietan deskribatutako ondasun-elementu bat baino gehiago duenean, ondasun-elementu bakoitzaren balioaren ehunekoa dagokion mailaren arabera kalkulatuko da. Ehunekoen batuketak ehun gainditzen duenean ukatu egingo da eskatutako laguntza.
Merkataritza, industria edo lanbide jarduerak.
Familiako kide konputagarriren bat jarduera ekonomikoren bateko titularra bada eta 2009an 169.470 euro baino gehiagoko fakturazio-bolumena izan badu, ukatu egingo da eskatutako laguntza. Halaber, aurreko fakturazio-mugan xedatutakoaren arabera eskatutako laguntza ukatu egingo da enpresa txiki eta ertainen kasuan, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.
Familiaren eusle nagusi ez diren familiako kide konputagarriei dagozkien ondare-elementuak.
Familiaren eusle nagusi eta horren ezkontide edo bikotekide ez diren familiako kide konputagarriei dagozkien ondare-elementuen balioaren % 50eko murrizketa aplikatuko da.
Eskatutako beka edo laguntza emateko behar diren datuak lortuko dira: eskatzailearen bitartez, berak emandako dokumentazioaren bitartez, edo foru aldundien bitartez.
Kasu guztiak aztertu ondoren, gerta liteke beka edo laguntza jasotzeko bete behar diren eskakizunak faltsutu egin direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu egin direla ikustea. Horrelakorik gertatuz gero, beka edo laguntza ukatu egingo da, laguntza emateko ebazpena aldatuko da eta dirua itzularaziko da.
Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako laguntza ukatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza, abeltzaintza, industria edo merkataritza ustiapenak, kapital mugigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.
Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga-mota erabili ahalko du eta, bereziki, Foru Aldundietako Ogasun Sailetan eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioan dauden datuak. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, laguntzei dagokienez beharrezko diren egiaztapenak egiteko, aipatutako erakundeetan dauden familia-unitateko kide konputagarrien datu guztiak erabili ahal izango ditu.
Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak eman beharko du ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta beka edo laguntza ukatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.
Ikasleak laguntza halako ikasketak burutzeko eskatu bazuen eta ikasketa horiek uzten baditu, beka edo laguntza ukatu egingo zaio, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da edo dirua, guztia edo zati bat, itzularazi egingo zaio.
Beka edo laguntza ukatu egin daiteke, baldin eta kontraesanik badago diru-sarreren, adierazitako ondarearen eta 2009. urtean egindako gastuen artean.
Hezkuntzako lurralde ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko. Halaber, enpresa, lanbide edo arte mailako jardunetan aritzen direnei indarrean dauden legeen arabera bere jardunen benetako errendimendua agertzen duen ustiaketaren diru-sarrera eta gastuen kontu bat eskatu ahal izango zaie.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.
Kapitulu honen ondorioetarako, 2009-2010 ikasturteko baldintzak akademikoak eskatuko dira.
Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan, soilik egiaztatu beharko da ikaslea 2010-2011 ikasturterako matrikulatuta dagoela.
Gainerako ikasketetan, kurtsoa errepikatzen duten ikasleei ez zaie laguntzarik emango.
Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe igaroz gero, egin den azken ikasturtearekiko eskatuko dira adierazi diren baldintzak.
Ikasketa guztiak edo zatiren bat beka baten bitartez egin badira eta ikasketak aldatzen badira, ezin izango da laguntzarik jaso aldaketa horrek hezkuntza-prozesuaren barruan urte bat edo gehiago galtzea badakar. Ez da laguntza galduko baldin eta indarrean dagoen legedian aurreikusten bada irakaskuntzako beste maila edo gradu batera pasatzea aurretik egindako ikasketen jarraipena izan daitekeela.
Utzitako ikasketa guztiak bekarik gabe egin badira, ikasketa berrietan eskola-errendimendutzat joko da utzitako ikasketetan lortu beharko zen baldintza akademikoa.
Ikaslearen betebeharra izango da, bereziki ikasketak aldatu baditu, aurreko urteetan bekadun izan dela adieraztea.
Lanbide Heziketako Goi-mailako Graduko ikasketetarako, Arte Plastiko eta Diseinuko ikasketetarako eta Kirol-ikasketetarako, ikasleak kurtso osoko matrikula egin beharko du 2010-2011 ikasturtean. Ikasketa horien bigarren kurtsorako, beka-eskatzaileak 2009-2010 ikasturtean egindako ikasketen ehuneko laurogei izan beharko du gaindituta, gutxienez.
Batxilergoko ikasketetarako, Musika eta Dantzako ikasketa profesionaletarako eta Lanbide-heziketako Maila Ertainerako, Arte Plastiko eta Diseinuko ikasketetarako eta Kirol-ikasketetarako, eskatzaileak kurtso osoko matrikula egin beharko du 2010-2011 ikasturtean.
Hasierako Lanbide-prestakuntzako Programetarako, ikasleak kurtso osoko matrikula egin beharko du.
Mantentzeko osagaia gauzatzeko, ikaslearen tutoreak irakaskuntza hauen bigarren kurtsoko alderdi hauek ziurtatu beharko ditu:
Eskatzailea jarraian eta normaltasunez joan dela klaseetara, huts egiteak justifikatuta. Huts egiteok inoiz ezin izango dira izan ikastorduen ehuneko 15 baino gehiago.
Kurtsoko lehenengo bi ebaluazioetan, eskatzaileak borondatezko bi edo hiru eremuren moduluen zatia gainditu duela, gutxienez.
Hizkuntzen ikasketetarako, ikasleak kurtso osoko matrikula egin beharko du.
Laguntzak bakarrik emango dira kurtso osoak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onartuak egiteko, salbu Batxilergoko eta urrutiko ikasleen kasuan, baldin eta ikasleak lehendik matrikulatuta badaude eta, ondorioz, ikasgai solteen matrikula egin ahal badute. Ikasketa horietarako, ikasketa-planean ezarritakoa baino ikasturte bat gehiagorako lortu ahal izango da beka.
Musika eta Hizkuntzen ikasketetan, hezkuntza-prozesuan bekadun gisa jarraitzea kontuan hartzerakoan, ikasturtea goragokoa izanda ikasleak landutako musika-tresna, emandako jakintzagaia edo ikasitako hizkuntza hartuko da kontuan.
Genero-indarkeria jasan duten elkarbizitza-unitatekoak badira ikasleak, eta urruntzeko agindu judizialaren, kondenatzeko epai judizialaren edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostenaren bitartez justifikatzen bada aipatu zirkunstantzia, betekizun akademikoak bete barik ere eman egingo dira laguntzak.
Eskabideak datu-orri ofizialetan egingo dira. Datu-orriok www.hezkuntza.ej-gv.euskadi.net helbidean eskura daitezke edo ikastetxeen bitartez.
Pertsona eskatzaileak eskabide-eredua sinatuta aurkezteak, edo hura adinez txikia izanez gero haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak, esan nahi du sinadura horrekin erantzukizun solidariopean hau aitortzen duela:
Laguntza zertarako eskatu, deialdi horren oinarriak onartzen du.
Eskabidean sartutako datu guztiak egiazkoak dira.
Hezkuntza-administrazioei baimena ematen dio, zerga-administrazioen bitartez datu guztiak lortzeko familia-errenta edo -ondarea zehazteko, beka edo laguntzaren ondorioetarako.
Jakitun dago aitortutako inguruabarren zehaztugabetasunak beka edo laguntza ukatzea edo itzuli behar izatea ekarriko duela.
Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutik beste beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako beka atalari jakinarazi beharko dio.
Beka zertarako eman den, horretarako erabili beharko du, ez beste ezertarako, alegia, matrikula egiteko, eskolara joateko, azterketak egiteko eta gastuak ordaintzeko.
Beka jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatu beharko dute, eta diru-laguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten dituen inolako lege-auzitan sartuta ez daudela adierazi.
Laguntza ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa jardueretara makurtzea, eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak, diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko pertsona parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko. Datuok, bestalde, Unibertsitatez kanpoko Beka eta Diru-laguntzak izeneko fitxategian sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko ere. Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Datuak aurkatu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak zuzendaritza horretan erabili ahal izango dira. Horretarako, Donostia kaleko 1. zenbakira (Vitoria-Gasteiz; PK: 01010) jo beharko da.
Era berean, deialdi honetara biltzen diren lagunek baimena ematen diote Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu dezan aurkeztutako dokumentuek diotena.
Eskabideak, behar bezala beteta, ikasleak ikasketak egiten ari den ikastetxean aurkeztu beharko dira, urriaren 15a arte. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako bideen bitartez ere aurkez daitezke.
2010eko urriaren 29a arte Zuzenean Zerbitzuan ere aurkeztu ahal izango dira Vitoria-Gasteizen (Ramiro de Maeztu kalea, 10), Bilbon (Kale Nagusia, 85) eta Donostian (Andia kalea, 13).
Era berean, eskabideak honako leku hauetan ere aurkeztu ahal izango dira 2010eko urriaren 29a arte: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen den edozein bulegotan.
Beka- edo laguntza-eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira kasu hauetan:
Matrikula egiteko epea urriaren 29tik aurrera jarri bada, betiere eskaera beka matrikula-eskaerarekin batera aurkezten bada.
Aipatutako epea igaro ondoren familiaren eusle nagusia hil bada, edo arauzko adina betetzeagatik ez den bestelako arrazoirengatik nahitaezko erretiroa hartzen badu.
Ikasleen familiaren ekonomia-egoera larriki kaltetu bada; egiaztatu egin beharko dira arrazoiak.
Edonola ere, inolaz ere ez da eskaerarik onartuko behin ordezkaritzetako iragarki-tauletan argitaratu eta gero zein ikasleri eman zaien beka edo laguntzaren bat adierazten duen zerrenda. Zerrenda horiek Administrazio eta Dirubideen zuzendariaren ebazpena EHAAn argitaratzen den egunean bertan emango dira argitara.
2009-2010 ikasturtean beka edo laguntza lortu eta 2010-2011 ikasturtean ikastetxe berean jarraitzen duten ikasleek datu-orri ofiziala (2. eredua) aurkeztuko dute.
NAN eguneratuen kopiak erantsi beharko dira, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztutako identifikazio-agirietan familia-unitateko kide konputagarriren bat edo batzuk identifikatzeko aldaketarik izan bada.
2009-2010 ikasturtean ikasteko beka edo laguntzarik lortu ez badute, ikasleek eskabidearen datu-orri ofiziala (1. eredua) aurkeztu beharko dute, eta horri, behar izanez gero, 2009. urteko dokumentu hauetako batzuk erantsiko dizkiote:
Elkarbizitza-unitateko kide konputagarri guztien NANaren fotokopia bana. Europar Batasuneko hiritarren kasuan, egoitza-txartelaren fotokopia eta atzerritarren kasuan, egoitza-baimenaren fotokopia.
Hiri eta landa ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagirien fotokopia.
Familia- eta ekonomia-independentziaren egiaztagiriak.
Harrerari buruzko foru agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak.
Unitateak 2009. urtean eskuratutako diru-sarrerei buruzko datuak eskatzen dituen eskabide-orri ofizialeko paragrafoa bete beharko dute eskatzaileek, baldin eta 2009. urtean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenik egin beharrik ez zuten elkarbizitza-unitateek edo aitorpen horretan unitatearen diru-sarrera guztiak jasotzen ez badira. Horrekin batera, diru-sarrera horiek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte.
Familia-unitatearen errentaren kenketak, deialdi honen 13. artikuluan jasoak, egiaztatzeko dokumentazioa.
Aurreko 1. eta 2. ataletan aipatutako kasuetan, Errentaren Aitorpena ikasleak ikasten duen erkidego edo lurralde historikoa ez den beste batean aurkeztu duten elkarbizitza-unitateek, aurreko atalean aipatutako dokumentazioaz gain, ondorengo agiriak aurkeztu beharko dituzte:
2009ko ekitaldiko eusle nagusiaren Errentaren Aitorpenaren fotokopia guztiak, eta behar izanez gero, zerga horrekiko aitorpena egin beharra duten gainerako kide konputagarriena. Langile autonomoak izanez gero, jardueraren etekinak kalkulatzeko deklarazio-orri bat ere aurkeztu beharko da.
Elkarbizitza-unitateko kide guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak: diru-sarrera salbuetsiak, zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balore higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak
Profesional eta enpresariek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.
Ikastetxean.
Ikastetxean zuzendaritza, idazkaritza edo ikasketa buruen postuak betetzen dituzten pertsonak arduratuko dira izendatzen zaizkien ekintzak hertsiki betetzeaz. Horrez gain, honako egiteko hauek ere beteko dituzte:
Ikasketarako laguntzei buruzko informazioa eta jarraibideak hartzea. Hori guztia beka unitateek bidaliko diete.
Ikastetxeko ikasleei eta familiakoei horien berri ematea, ikasketa beka edo laguntzaren bat lortu nahi badute zer egin behar duten jakinaraziz.
Prozesuaren segimendua egitea, eskatzaileei behar beste informazio emanez.
Ikastetxeko zuzendaria edo, behar izanez gero, idazkariak egiaztatuko du egiazkoak diren ala ez eskabidearen datu-orrian datu akademikoei, joan-etorriei, ikasketei, kuotari eta jantokiari buruz eskatzen diren datuak.
Ikastetxeek eskabideak izapidetu, eta eskabideetan edo eurei erantsitako agirietan antzeman daitezkeen gabeziak konpondu eta gero, ikastetxeek eskabideok zerrenda bikoiztuetan prestatuko dituzte, alfabetikoki ordenatuta. Ikastetxeek eskabideak Zuzenean Zerbitzuan aurkeztuko dituzte 2010. urteko urriaren 29a arte edo, bestela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak igorritako mezulari-zerbitzu baten bitartez bidaliko dira, betiere 2010eko urriaren 29a baino lehenago.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean.
Eskabideak jaso eta gero ebatzi egingo dira.
Eskabideetan edo eurei erantsitako dokumentazioan ezer zuzendu edo agiriren bat gehiago aurkeztu behar izanez gero, pertsona interesdunari edo ikastetxeari eskatuko zaio, zuzendu edo aurkeztu beharreko dokumentazioaren arabera, eta Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak xedatutakoari jarraituz.
Eskatzaileak familiaren ekonomia-egoera 2009tik 2010era nabarmen aldatu dela argudiatzen duenean, kasu horiek aztertu egingo dira. Familiaren ekonomia-egoera berria kontuan hartzeko, ezinbestekoa izango da egoera sorrarazi duten gertakariak eta horien nondik norakoak adieraztea eta agiri bidez egiaztatzea.
Bide beretik, beka ematerakoan edo ukatzerakoan, familiaren ondarea osatzen duten ondasunen izaera ponderatuko da, bai eta familiaren errenta osatzen duten diru-sarrerena ere, batez ere kaleratzeengatiko kalte-ordainen edo familiaren ekonomia-egoeran kalte larriak eragiten dituzten bestelako gorabeheren kasuan.
Elkarbizitza-unitatearen pertsona euslea hiltzen bada edo ezinbestean erretiratzen bada, edota ikaslearen familiaren egoera ekonomikoa oso kalteturik gertatzen bada betiere justifikatutako arrazoiren bat dela eta, aintzat hartu ahal izango dira bai inguruabar horiek baita unitatearen ekonomian duten eragina ere, sortutako egoera berria kontuan hartuta.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak deialdi honetan xede horretarako esleituta dauden diru-atalen arabera emango ditu bekak eta diru-laguntzak.
Ikasteko beka edo laguntza lortzeko lehentasun-hurrenkera hau izango da:
2009-2010 ikasturtean unibertsitateaz kanpoko mailetako beka- eta laguntza-deialdiko bekadun izandako eskatzaileak:
Lehen Hezkuntza.
DBH.
HHko 2. zikloa.
Derrigorrezko Irakaskuntzaren ondokoa.
Gainerako eskatzaileek: aurkeztutako eskabideen artean per capita errentarik txikienak dituzten familiek izango dute laguntza lortzeko lehentasuna.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Foru Aldundietako Ogasun Sailen laguntza kudeatuko du helburu hauek lortzeko:
Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak neurtu ahal izateko.
Kasu jakin batzuetan egiaztatze eta kontrol lanetarako laguntza teknikoa jasotzea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Foru Aldundietako Ogasun Sailetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.
Lurralde-ordezkaritzetan eskaerak jaso, eta behar izanez gero, zuzenketaren izapidetzea egin ondoren, ordezkaritzako titularrak ebazpen-proposamena egingo du eta Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzari igorriko dio laburpen ekonomikoarekin batera.
Ebazpen-proposamenak aurreko 22.2 artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkera kontuan hartuta egingo dira, eta nolanahi ere, kreditua agortzen den unetik aurrera ukatu egingo dira.
Ebazpen-proposamenaren aurretik sor daitezkeen gorabeherak konpontzeko, Lurraldeko Balorazio Batzordeak sortuko dira. Batzorde horiek Administrazio eta Dirubideen zuzendariak izendatuko ditu. Batzorde horiek Lurralde-ordezkaritzako arduradunak, Aurrekontuetarako eta Hezkuntza Administraziorako zerbitzuburuak eta beken teknikariak osatuko dituzte. Azken honek hitza eta botoa duen idazkari gisa ariko da.
Administrazio eta Dirubideen zuzendariak beka edo diru-laguntzak eman eta ukatzeko ebazpenak emango ditu. Emandakoen kasuan, laguntzaren osagaiak eta zenbatekoa aipatuko ditu, eta ukatutakoen kasuan, ukatzearen arrazoiak.
Lurralde-ordezkaritzek banan-banan jakinaraziko dituzte emandako eta ukatutako laguntzak.
Informazioaren ondorioetarako, Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzak nortzuei emango zaizkien bekak edo laguntzak jasotzen dituzten eskatzaileen zerrendak Lurralde-ordezkaritzetan argitaratzeko aginduko du.
Administrazio eta Dirubideen zuzendariak emandako onartutako eta ukatutako ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari hilabeteko epean, banakako jakinarazpena jasotzen denetik kontatzen hasita.
Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori bukatuta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazi ez bada, interesatuek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan.
Laguntza dena batera ordainduko da hilabeteko epean, Administrazio eta Dirubideen zuzendariak ebazpena ematen duenetik aurrera.
Deialdi honetako 4.8 artikuluan ezarritako mantentzeko laguntzaren onuradunen kasuan, laguntza behin baino ez da ordainduko, baina agindu honetako 16.10 artikuluan ezarritakoa justifikatu eta gero.
Eskatzaileak eskabidean jartzen duen kontuan sartuko da laguntzaren zenbatekoa. Ez dira hala ordainduko, ordea, kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen laguntzak eta Haurreskolak Partzuergoko ikasleei dagozkien laguntzak. Kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxeen kasuan, jangelarako laguntza ikastetxearen kontuan sartuko da eta Haurreskolak Partzuergoko ikasleei dagozkien laguntzak, berriz, Partzuergo horren kontuan.
Helegiteei aurkeztutako alegazioen ondorioz emandako laguntzen zenbatekoa gorantz aldatu beharko balitz, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aurkeztutako helegitea osorik edo zati batean onesten duen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.
Aldaketa gauzatzea adostu daiteke baldin eta beka edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako diru-laguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), bekak emateko ebazpena aldatzen bada, beka edo laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak babestu behar dira.
Beka emateko ebazpena aldatzen duen erabakia emateko, aurretik entzunaldiaren eta espedientearen ikustaldiaren izapideak egingo dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Laguntza jada ordainduta egonez gero, dagokion zenbatekoaren itzulera adostuta egon behar da.
Ezeztatu, eta hala badagokio, itzuli egingo da beka edo laguntza emandako helburu espezifikorako erabiltzen ez denean, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Ezeztatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da hori ordaintzea eskatu, eta ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira.
Itzultzeko prozedura aipatu Legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatutakoa izango da.
Itzultzea agintzen duen ebazpenean informazio zehatza eskainiko da obligaziodunak dirua itzultzeko betebeharra bete dezan, bai eskudiruz, bai txekez edo Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, hil biko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.
Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen elkarbizitza-unitatearen ahalmen ekonomikoaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak horrela eskatuz gero, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.
Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.
Ikasketa-laguntzak aldatzeko, ezeztatzeko edo itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.
Eibarko Hezkuntza Esparruko ikasleek eskatzen dituzten laguntzak bateragarri izango dira bertako ikasle izateagatik jaso ditzaketen onurekin, baldin eta onura horiek hartzen ez dituzten gastuei aurre egiteko badira. Hortaz, bateraezina izango da gastu kontzeptu bererako bi laguntza jasotzea.
Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko laguntzak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuetatik helburu bererako jaso daitekeen beste edozein onurarekin, beti ere, horiek guztiak batuta ez bada gainditzen laguntzaren xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.
Deialdi honen I. eranskinean araututako gainerako ikasketa-laguntzak bateraezinak izango dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatuetatik jaso daitezkeenekin.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ahalmena izango du datuak benetakoak direla egiaztatzeko eta egiaztarazteko egin beharreko egintzak burutzeko eta agindu honen I. eranskinean araututakoa betearazteko.


