- AGINDUA, 2010eko irailaren 3koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2010eko ekitaldirako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko irailaren 3koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako 2010eko ekitaldirako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 213
- Hurrenkera-zk.: 5196
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/09/03
- Argitaratze-data: 2010/11/05
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Industria; Herri Administrazioa; Nekazaritza eta arrantza
Testu legala
2003ko ekitaldian, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 2003ko urriaren 7ko Agindua eman zuen, Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzen deialdia egiten zuena 2003. urterako. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2003ko urriaren 24an (208. zenbakia). Hurrengo ekitaldietan 2004an, 2005ean, 2006an, 2007an, 2008an eta 2009an aipatutako laguntza horien deialdia egiten jarraitu zen. Hain zuzen, agindu honen bidez orain arte egindako bideari eutsi nahi zaio 2010. ekitaldian, aurreko urteetan aurrera eraman den politikaren ildo beretik. Horregatik, agindu-proiektuak 2003ko urriaren 7ko Aginduan bere garaian ezarritako araudia jaso du, baina dagozkion egokitzapenekin.
Bestalde, aurtengo laguntzetarako deialdia honako arau hauen babesarekin egin da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legea.
Deialdia egiteko kontuan hartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan diru-laguntzak emateko baldintzei buruz ezarritako arauak; Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen erregimen orokorrari eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzei, erregimenari eta betebeharrei buruzko abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan xedatutakoa eta Herri Administrazioen Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea (hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazketa). Orobat, kontuan hartu behar da, batetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa, eskatzailea lege horretako 3.1.c) artikuluan jasotako egoeraren batean ez dagoela egiaztatzeari dagokionez (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50. artikulua aldatu du), eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen onuradunek zerga-betebeharrak bete izana frogatu beharraren aurtengo araudi eguneratua.
Horiek horrela, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko egitura organikoa eta zereginak finkatzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuarekin bat, 2010eko ekitaldiko laguntzen deialdia egin da.
Lehenengoa. Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan izaera sindikala duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalentzako laguntzen deialdia egitea 2010. urterako, euskal nekazaritza-sektorearekin zerikusia duten gaietan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren hizketakide moduan egindako lana dela-eta.
Agindu honen ondorioetarako, izaera sindikaleko Nekazaritzako Erakunde Profesional gisa joko dira xede gisa Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorearen interes orokorrak ordezkatzea eta defendatzea duten erakundeak, haien kideak nekazaritzaren arloko profesionalak direla, nekazaritza-ekoizpenaren zer sektoretan aritzen diren gorabehera.
Bigarrena. Eskabideak aurkezteko epea.
2010eko ekitaldian, agindu honen bidez deitutako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzan argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Hirugarrena. Eskabideak.
Eskabidea instantzia bidez egingo da. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari zuzendu behar zaio eta saileko Erregistro Orokorrean aurkeztu (Donostia kalea, 1, Lakua I - 3. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz), erregistrora bertaratuz edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 38.4 artikuluan jasotako bideren bat erabiliz.
Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu behar du eskabidea, eta honako dokumentazio osagarri hau ere aurkeztu beharko du:
Eraketa-akta eta estatutuak, dagokion organo administratiboak ikus-onetsita. Betebehar horretatik salbuetsita daude 2009ko irailaren 24ko Aginduaren kargura laguntza eskatu eta lortu duten Nekazaritzako Erakunde Profesionalak, ez bada estatutuetan aldaketak egin dituztela. Kasu horretan, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari eman beharko diote aldaketa horien berri.
Estatutuak gordailuturik dauden Erregistroko arduradunak egindako ziurtagiria: inskripzioa indarrean dagoela egiaztatuko du.
Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela frogatzen duten agiri eguneratuak.
Erakunde bakoitzaren afiliatu-kopurua, Gizarte Segurantzako nekazaritzako erregimen berezian daudenen kopurua ere zehaztuta; hori egiaztatzeko, erakunde bakoitzeko idazkariak egindako ziurtagiria aurkeztuko da.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzei heltzeko erakundeak hartutako erabakiaren ziurtagiria.
Erakundearen legezko ordezkariaren zinpeko aitorpena, honako hauek aitortzen dituena: ez zaiola zigor irmorik ezarri diru-laguntza edo laguntza publikoen arloan arau-haustea egiteagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Printzipio Arautzaileei buruzko Legea aplikatuz; sexuagatiko bereizkeria dela-eta zigor administratiborik edo penalik ez zaiola ezarri; eta, era berean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legeari jarraiki dauden laguntzen eta diru-laguntzen deialdian aurkezteko debekuaren zigorra ez zaiola ezarri.
Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egindako ebazpena eman ondoren.
Laugarrena. Finantziazioa.
Oraingo deialdi hau finantzatzeko, guztira, 241.528 euro erabiliko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitu den kredituaren barruan. Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, zenbateko hori hazi ahalko da, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekonturik izanez gero, laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Kasu horretan, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpen batek emango du horren berri.
Bosgarrena. Laguntza-mota.
Agindu honen bidez araututako laguntzak itzulgarriak ez diren funts ekonomikoak dira, eta jarraian adieraziko diren kontsulta-organo eta lan-taldeetara joateak eta horietan parte hartzeak Nekazaritzako Erakunde Profesionalei eragindako gastuak ordaintzeko emango dira:
Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionala eta haren batzorde sektorialak.
Landaberriren baitan eratutako lan-taldeak.
Landa Garapenerako Kontseilu Aholkularia.
Seigarrena. Betekizunak.
Nekazaritzako Erakunde Profesionalek agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte, baldintza hauek betetzen badituzte:
Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.
Legez eratuta egotea eta nortasun juridiko propioa izatea.
Agindu honen ebazpenaren bosgarren puntuan aipatzen diren kontsulta-organo eta lan taldeetariko batean parte hartzea.
Zazpigarrena. Ebazpena.
Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebatziko du diru-laguntza ematea ala ez ematea, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza Politikako Batzordeak txostena egin ondoren. Hiru hilabete izango dira ebazpena emateko, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unetik zenbatzen hasita.
Hiru hilabeteko igaro eta ebazpen zehatzik eman eta jakinarazi ez bada, interesdunek euren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Ematen den ebazpenaren aurka, bai eta epea igaro eta ebazpen zehatzik eman ez izanaren aurka, interesdunek gorako errekurtsoa jar diezaiokete Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeari, aipatutako legeko 114. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Zortzigarrena. Laguntza kalkulatzeko prozedura.
Onuradun gertatzen den erakunde profesional bakoitzak jasoko duen zenbateko osoa honako prozedura honen arabera zehaztuko da:
Lehenengo eta behin, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010eko ekitaldiko aurrekontu orokorretan xede horretarako erreserbatuta dagoen zenbatekoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da uniformeki, eta horren emaitza lurralde historiko bakoitzean diharduten erakunde profesional guztiek batera jasoko duten gehieneko zenbatekoa izango da.
Lurralde historiko bakoitzari egokitutako zenbatekoa honela banatuko da:
Heren bat uniformeki banatuko da delako lurralde historikoan diharduten erakunde profesionalen artean.
Beste heren bat proportzioan banatuko da erakunde profesionalen artean; hain zuzen ere, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Erregimen Berezian izena emanda dauden afiliatu-kopuruaren arabera, hirugarren puntuko 2.d) paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz.
Gainerako herena ere proportzioan banatuko da, Administrazioaren hizketakide modura egindako lanen arabera. Horretarako, Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionalaren eta batzorde sektorialen, Landaberriren barruan sortzen diren lan-taldeen eta Landa Garapenerako Kontseilu Aholkulariaren bileretara joatea eta horietan parte hartzea izango da irizpidea. Joate eta parte-hartze hori bileretako aktaren kopiaren bidez egiaztatutako da, eta bilera bakoitzeko idazkariak agiri hori kautotuko du.
Bederatzigarrena. Ordainketa.
Emandako diru-laguntza ordainketa bakarraren bidez gauzatuko da, dagokion ebazpena eman ondoren.
Hamargarrena. Bateragarritasuna.
Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak emandako beste edozeinekin, baldin eta helburu bera badute (agindu honetako bosgarren puntuan aipatutako foroetara joateko eta horietan parte hartzeko lanak finantzatzea).
Hamaikagarrena. Betebeharrak.
Onuradunak bere gain hartuko ditu, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak, eta, bereziki, behartuta egongo da xedapen honen kontura jasotako laguntzei buruz Ekonomi Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak haien eginkizunak betetzeko eska ditzaketen argibide guztiak ematera.
Hamabigarrena. Ez betetzea.
Agindu honetan ezarritako baldintza guztiak bete behar ditu onuradunak. Hala egiten ez badu, edo gezurrezko daturik aurkezten badu Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak hasiko duen espedientea izapidetu ondoren, eta interesdunari entzuteko hamabost eguneko epea igaro ondoren onuradunak diru-laguntza galduko du, eta jasotako ordainak eta aplikatzekoak diren legezko korrituak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epearen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean ezarri bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako prozeduraren arabera.
Lehenengoa. Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean; halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko auzietako salan, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 3a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


