Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko irailaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2010eko irailaren 29rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean erkideari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzen da - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko irailaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2010eko irailaren 29rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean erkideari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzen da

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 186
  • Hurrenkera-zk.: 4451
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/09/22
  • Argitaratze-data: 2010/09/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

UGT, CCOO, ESK, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute 2010eko irailaren 29rako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu geografikoaren barnean dauden enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu publikoek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak hartuko ditu eraginpean, kontuan izan gabe zein enpresa edo administrazioren mende dauden.

Deitutako geldialdia aurtengo irailaren 29an egingo da, 00:00etatik 24:00etara. Lan-txanda bat baino gehiago dituztenen enpresei dagokienez, greba lehenengo txandan hasiko da, nahiz eta irailaren 29ko 00:00ak baino lehen hasi, eta azken txanda bukatzen denean amaituko da, nahiz eta hilaren 29ko 24:00ak baino geroago amaitu txanda. Era berean, lan-txanda bakarra duten enpresei dagokienez, lan-txanda hori irailaren 29ko 00:00ak baino lehen hasten bada, lan-jarduera hasten denean emango zaio hasiera grebari eta irailaren 29an amaituko da, lan-jarduera hori bukatzen denean.

Eguneroko prentsako enpresen kasuan (erredakzioa eta errotatibak) greba irailaren 28ko 06:00etatik irailaren 29ko 06:00etara bitarte egingo da.

Honako hauek dira grebaren helburuak: 1) Gobernuak lan-merkatua aldatzeko premiazko neurriei buruzko ekainaren 16ko 10/2010 Errege Dekretuaren bidez ezarritako neurriekiko gaitzespena adieraztea; 2) Gastu publikoari egokitzeari buruz Espainiako estatuko Gobernuak hartutako neurriak gaitzestea; 3) Pentsioen batez bestekoaren zenbatekoa murrizteko eta prestazio publikoak lortzeko baldintzak gogortzeko Gobernuak egindako proposamenak gaitzestea, eta pentsioen sistema publikoa defendatzea; 4) Negoziazio kolektiboari buruz egun dagoen erregulazioa aldatzeko aukera (helburu hori lortzeko Gobernuak lege-proiektu bat aurkeztuko du) gaitzestea.

Grebaren esparrua kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako Gobernu Agintaritzari dagokio Euskal Administrazio Publikoak eta gainerako erakunde, entitate edo enpresek ematen dituzten ezinbesteko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko bermeak ezartzea zerbitzu publikoetan edo behar-beharrezkoak eta atzeraezinak direnetan, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak greba egiteko eskubidea onartzen du langileentzat, haiek beren interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo Estatu Sozial eta Demokratikoak oinarri dituen funtsezko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten du greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu, hala nola bizia, integritate fisikoa, osasuna, hezkuntza, joan-etorri askea, eta informazio-askatasuna, besteak beste. Hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, baita greba egiteko eskubidea ere.

Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin.

Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da funtsezko eskubideak mugatzeko edozein neurri proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela, eta horretarako hiru baldintza bete behar ditu neurri horrek: hori aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, edo «egokitasun-judizioa»; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, edo «beharrizan-judizioa»; eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako gatazkan dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zehazki ulertuta». Gai horri buruz hainbat aldiz erabaki du Auzitegi Konstituzionalak, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992, eta 126/2003.

Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta horretarako nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta zuhurtasunez jokatzea. Hori guztia dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela, etsi, Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan haien eskubideak grebaren bidez babesteak erkidegoari edo funtsezko zerbitzuaren hartzaileari zein zerbitzua jasotzeko eskubidearen titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunen arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Hori guztia dela-eta, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan; egun bateko lanaldia izango da ondorio guztietarako.

Adierazitakoa dela-eta, Konstituzioaren 15., eta 43.1, 19., 20., 27. eta 35. artikuluetan, bizia, integritate fisikoa eta morala, osasuna, hezkuntza, lurraldeko joan-etorri askea eta informazioa babesten dira. Hain zuzen ere, herri-agintariei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. Horren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Agintaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, erkidegoan funtsezko zerbitzuak bermatzeko, ondoren adierazten diren eta Agindu honetan zehaztuta geratzen diren sektoreetan.

Zerbitzu sanitario publiko nahiz pribatuek pertsonen osasuna eta bizia zaindu behar dute. Horren ondorioz, eta greba-deialdiari dagokionez, ez da argudiorik behar edo argudio gutxi behar da larrialdiko zerbitzuak bete-betean mantentzea behar-beharrezkoa dela adierazteko; izan ere, zerbitzu horietan berehala esku hartu ezean, gerta baitaiteke norbaiten bizia arrisku larrian egotea. Orobat, «ospitaleratutako pazientea behar bezala artatu ahal izateko», ospitaleratutako paziente bakoitzari behar bezala eman behar zaizkio botikak, higiene-egoera egokia bermatu behar zaio, eta jaten eman behar zaio, otorduak errespetatuz; esan nahi baita, beharrezko asistentzia eman behar zaio, bere integritate fisiko eta morala honda ez dadin.

Horri buruz, eta osasun-arloko lehen mailako arretari dagokionez, esan behar da aurretik egin diren mota honetako greba-deialdietan larunbateko zerbitzuak ezarri zirela gutxieneko zerbitzu gisa, astegun horri dagozkion ohiko langileekin eta lanaldi horretako ohiko ordutegiarekin. Bada, 2010eko ekainaren 19an Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak Asteburuetako eta Jaiegunetako Lehen mailako Arreta Zerbitzua berrantolatu zuenez sistemaren iraunkortasuna bermatzeko eta asteburu osoan Lehen mailako Arreta emateko Osasun Zerbitzuen eskaintza homogeneizatzeko eta orekatzeko, beste irizpide bat ezarri behar da gutxieneko zerbitzuak jartzeko, aurreko formularekin arreta ez litzatekeelako nahikoa izango; horregatik, langileen ehuneko bat ezarri beharko da, lehen arretako zentroetan gutxieneko zerbitzuak bermatzeko, berehalako arreta eskatzen duten egoeretarako, zentro horietan ere larrialdi-zerbitzua badagoela kontuan izanik.

Irizpide-aldaketa hori gertatu da Osakidetzak egindako aldaketarekin asteburuetako laguntza-jarduera Etengabeko Arretako Guneetan (EAG) gauzatuko delako. Gune horiek irekita egongo dira hainbat ordutegitan larunbatean, igandean eta jaiegunetan. Horren ondorioz, larunbat goizetan irekita egongo diren anbulatorioak 104 izatetik 55 izatera jaitsi da. Lurralde Historikoen arabera, Araban dauden 14 anbulatorioetatik 12 ez dira irekiko: 11 Gasteizen eta bestea Iruña Okan, hiriburuan bi egongo dira irekita eta beste bat gehiago irekiko da Arabako Lautadako gainerako herrietako premiei erantzuteko; Bizkaiari dagokionez, Bilbon larunbatetan goizeko ordutegia zeukaten 20 anbulatorioetatik 11k ez dute larunbat goizetan irekiko, ezta Santurtziko bi osasun-zentroek eta Portugaleteko, Trapagarango, Sodupeko, Gallartako, Igorreko, Arrigorriaga, Etxebarriko, Galdakaoko, Abadiñoko, Erandioko, Astrabuduako, Sopelako, Leioako eta Deriokoak ere; hortaz, Lurralde osoan 29 zentro egongo dira irekita, eta Gipuzkoan 11 osasun-zentro ez dira irekiko: bi Donostian eta bat Irunen, Pasai San Pedron, Billabonan, Ordizian, Lazkaon, Azkoitian, Leintz-Gatzagan eta Deba-Mutrikun; Lurralde osoan, beraz, 23 zentro irekiko dira. Aitzitik, asteburuko gainerako egunetan, igandean eta jaiegunetan irekita egon diren Etengabeko Arretako Guneen kopurua 35 izatetik 44 izatera igaro da aipatutako aldaketarekin. Helburua zera da, larunbat goizetan ematen den osasun-arreta ordutegi horretan izaten diren kontsulten kopurura 2009an 24.000 kontsulta inguru, % 1,24 egokitzea; larunbat arratsaldean eta igandeetan kontsulten % 4 artatu ziren. Aldaketa horri esker Etengabeko Arretako Gune bakoitzeko mediku eta erizain kopurua handitu egin da, eta langile horiei erabakitzeko ahalmen handiagoa eman zaie (erradiologia, proba osagarriak eta abar), eta ondorioz, asistentzia hobea eta eraginkorragoa da.

Bestalde, garraio sanitarioko enpresek egiten dituzten zerbitzuak kontuan izan behar dira, zerbitzu horiek erabat egin ezean arreta sanitarioa behar duten herritar asko ezin izango liratekeelako lekualdatu, eta horrek lehendik aipatu dugun osasunerako edo bizitzeko eskubideari erasotzen dio, izan ere, gaixorik dauden pertsonen lekualdaketan behar bezain azkar ez bada jarduten pertsona horien heriotza ere gerta baitaiteke, beharrezko arreta sanitarioa ez jasotzeagatik, eta arrazoi horiek guztiak kontuan izanik, sektore horretan egiten den zerbitzua erkidegoarentzat funtsezkotzat jo behar da, eta haren prestazioa, onartu beharreko eta geroratu ezin den premiakoa.

Osasunaren alorrean, era berean, udal-hilerrietan egiten den hilobiratze- eta/edo errausketa-jarduera kontuan izan behar da, osasun eta osasungarritasun publikoa bermatzen laguntzen baitute hildako pertsonen bilketa, gordailatze eta zaintza edo errausketarekin.

Gizarteak larrialdiei aurre egiteko eta bide-segurtasuneko zerbitzuetarako (SOS Deiak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen eta larrialdien mantentzea aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta abar) duen eskubideari eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloari dagokienez, jendearentzako funtsezkotzat hartzen dira, larrialdia ezbehar bihur ez dadin egiten baitira zerbitzu horiek. Beraz, horiek mantendu egin behar dira horretarako beharrezkoak diren langileekin.

Gizarte-zerbitzuak, bestalde, babes-neurrien multzo gisa daude eratuta, mendetasun-egoeran dagoen pertsonari bizitzeko gutxienezko baldintza duinak eta kalitatezkoak bermatzeko. Geriatrikoetan eta eguneko zentroetan egiten den lanak minusbaliatu fisikoak eta psikikoak zainduz, adingabekoen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, eskuhartze sozialeko zentroetan eta etxez etxeko laguntza publikoa emanez egiten denak erabateko garrantzia du gizartearentzat. Zerbitzu horien beharra duten pertsonek ezin dute beren kabuz jardun, haien egoera subjektibo eta pertsonala dela-eta. Beraz, sektore horretan gutxieneko zerbitzuak finkatu ezean (nahiz eta greba hogeita lau ordukoa izan), baliteke kalte larriak eragitea, eta, hartara, grebaren helburuak lausotuta geratzea; izan ere, pertsona batzuen osasuna arrisku bizian egongo bailitzateke.

Hala eta guztiz ere, zerbitzu horien prestazioan garatzen diren eginkizun guztiak ez dira funtsezkoak. Funtsezko zerbitzutzat hartu beharko dira «zuzeneko arretakoak» direnak; hau da, artatzen diren pertsonen oinarrizko zaintza pertsonalen (garbitzea, ohetik altxatzea eta oheratzea, pixoihalak aldatzea, ezarreraz aldatzea, mugitzen laguntzea eta abar) mantentzea bermatzen dutenak, baita elikagaien eta sendagaien hornidura ere. Eremu biopsikosozialaren eta Eguneko Zentroetako pertsonen garraioaren (nahitaezkoa baitute zentroetara iristeko) mantentze eta kontserbazio legetxe jotzen dena ere bermatu beharko da.

Hala ere, zentro horien ohiko funtzionamenduak intentsitate-maila desberdinak ditu egunean zehar, pertsonen jarduera funtzionalaren eta ziklo biologikoaren arabera, eta jarduera handiagoa dago goizeko lehenengo orduan (jaiki, higiene pertsonala, jantzi, medikazioa eta abar), eguerdiko otorduan eta eguneko azken orduetan (afaria, oheratu, pixoihala aldatu, medikazioa eta abar); beraz, ordu horietan arreta pertsonalizatu handiagoa behar da zaintzaileen aldetik. Horren ondorioz, ordu horietan beharrezkoa da langile horietako gehiago egotea, egoitzetako bezeroen beharrizanei erantzuteko jarduera txikiagoa den gainerako orduetarako ezarritako oinarrizko langileei laguntzeko.

Hezkuntzaren arloari dagokionez, premisa gisa hartu behar da hezkuntzarako eskubidea Konstituzioaren 27. artikuluan onartutako oinarrizko eskubidea dela, zentzu zabalean hartuta, unibertsitate-hezkuntza barne, Auzitegi Konstituzionalak 26/1987, FJ 4., a) epaian adierazi zuen bezala: «hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen tratamendua, unibertsitate-arloan, ez da geratzen ezinbesteko zerbitzuen zehaztapenetik kanpo ikastetxe horietan lan egiten duten langileak greba-eskubideaz baliatzen diren kasuan. Horren ondorioz, ezin da baieztatu funtsezko zerbitzu horiek zehaztea Espainiako Konstituzioaren 28. artikuluaren (Grebarako eskubideari buruzkoa) kontrakoa dela».

Deitutako grebaren eremua kontuan izanik, hezkuntza-zerbitzuaren esparruaren barruan, sektore publikoko enplegatu publiko eta lan-kontratuko langile ez publiko guztiak barne hartzen ditu horrek, hezkuntza egitekoak eta eskumenak garatzen baldin badituzte, baita besteren konturako eta beren konturako langileak ere, hezkuntzari lotutako egitekoak eta lanak egiten baldin badituzte. Zehazkiago, eragin-esparrua ondokoa litzateke: Unibertsitatez kanpoko hezkuntza; Haurreskolak Partzuergoa; Euskal Herriko Unibertsitatea eta Musikene, Goi Mailako Musika Ikastegia.

Egun bateko jardunaldiko greba dela kontuan izanda ere, nahitaezkoa eta beharrezkoa da zentroak irekitzea greba egiten ez duten langileek lanerako eskubidea Konstituzioaren 35. artikuluan onartua gauzatu ahal izan dezaten. Hori dela-eta, gobernu-agintaritzaren ustez gutxieneko zerbitzua da ikastegietarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarbidearen kontrola bermatzea; izan ere, ikastegiak ireki ezean, hezkuntzarako eta lanerako eskubidea galaraziko bailitzateke, guztiz eta bidegabe.

Haurreskolak Partzuergoa osatzen duten zentroak zabaldu beharrari dagokionez, grebarekin bat egiten ez duten langileen lanerako eskubidea babesteaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2009ko urriaren 28ko Epaian adierazitakoari jarraiki, oinarrizko zerbitzua da, bai Konstituzioaren 27. artikuluak aitortzen duen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen ikuspegitik, bai lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko zailtasunaren ikuspegitik. Gainera, zerbitzua lan egiteko eskubidearekin lotuta dago, gizarte-harremanen bilakaera-izaera dela-eta.

Konstituzioan aitortutako eskubide eta bermeez modu askean baliatzearen oinarri legetxe ulertzen da segurtasuna. Funtsezkoa da eta balore behinena du elkarbizitzarako, eta bere bermea ezelango zalantza barik- Estatuari dagokio. Salbaguarda horri begira, segurtasun pribatuko enpresak parte hartzea aurreikusi da osaketaren eta laguntzaren bidetik, zertarako eta, herritarren zenbait funtsezko eskubide eta Konstituzioak babestutako ondasunak zaindu eta babesteko, batik bat, euren integritate fisikoa mehatxatuta ikusten duten pertsonen segurtasuna bermatze aldera (Konstituzioaren 17.1 artikulua).

Era berean, zirkulazio-askatasuna bermatu behar da, beste funtsezko eskubide batzuk ahalbidetzeko oinarri gisa, adibidez: osasun-zerbitzuetara iritsi ahal izatea, edo greba egitea edo lan egitea hautatzeko askatasuna, baita funtsezko gutxieneko zerbitzuak emateko izendatutako pertsonei dagokien betebeharra betetzeko ere. Arrazoi horrengatik, aintzat hartu behar da bidaiarien garraioa erkidegoarentzat funtsezko zerbitzua dela, zerbitzu horiek guztiz gelditzeak leku batetik bestera mugitzeko erabateko ezintasuna eragingo lukeelako herritar askorentzat, eta horrek adierazitako zirkulazio-askatasunerako eskubidea urratuko luke.

Horretaz gain, kontuan hartu behar da bidaiarien garraio-linea batzuk bakarrak direla eta bestelako garraio-aukerarik ez dutela, hala nola Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 72. artikuluan xedaturikoaren arabera ezarritakoak. Halaber, kontuan hartu behar da linea horien erabiltzailearen profila honako hau dela: ibilgailu partikularrik ez duen pertsona, adineko pertsona edo ezindua, edo zonalde isolatuetan bizi dena eta bestelako garraiobideetara iristeko baliabide gutxi dituena.

Bestalde, eta «2008ko Euskadiko Garraioaren Panoramika» txostenaren arabera, azken hamarkadan herri-administrazioek bidaiak egiteko garraio kolektiboaren erabilera sustatu dute herritarren artean, horretarako sektorea garraiobide berriekin hornituz (metroa, tranbia eta abar) eta jada ezarritako garraiobideen (trena eta autobusa, nagusiki) lineak eta zerbitzuak sustatuz, horrela garapen egokiagoa eta iraunkorragoa lortzeko, eta hiriarteko trafikoaren kolapsoa saihesteko, batez ere eguneko trafikoaren kasuan, eta hori saihesteko aukera bakarra garraiobide pribatuaren erabilera izan ez zedin. Jardun horrek lagundu egin dio zerbitzu publiko horien erabilera-eskaria modu nabarmenean handitu izanari. Hazkunde hori, adierazitako txostenaren arabera, hiri-eremuko garraio-zerbitzu kolektiboen eskariaren % 35 izan da 2000-2008 aldian, honako kasu hauetan esaterako: Bilboko Metroan % 59,4ko hazkundea izan da, eta, datu berriagoei dagokienez, Eusko Trenbideak, 2009tik gaur egun arte, erabiltzaileen % 15,70eko hazkundea izan du.

Zirkunstantzia horrek, beste faktore batzuekin batera, ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak % 30ean finkatzea ekartzen du. Hona hemen faktore horietako batzuk: hiru Lurralde Historikoetako hiriburuen eta udalerri mugakideen (horiek guztiak biztanle askorekin) arteko komunikazioa bermatzea, udalerri mugakideen arteko lotura modu esklusiboan eta lanerako, hezkuntzarako, osasunerako eta abarrerako elkarrekiko mendetasun sozioekonomiko handiarekin, eta bidaiarien garraio-zerbitzu edo garraio-linea batzuk herritarren bidaietarako ezinbestekoak edo bakarrak bestelako aukerarik ez izateagatik, edo kudeatzen dituen beste garraiobide batekiko aukera izateagatik izatea. Era berean, oinarrizkotzat jo behar dira garraiobideen koordinazioko eta kontroleko zerbitzuak, horien segurtasun-arloko zereginak, instalazioenak nahiz bertan dauden pertsonenak, eta larrialdi-egoeretan jarduteak greba-egoera batean bermatu behar diren funtsezko eskubideekin lotura dutelako. Zerbitzu horiek gutxieneko langile kopuru batekin eman beharko dira.

Era berean, bide-zirkulazioa bermatu behar da ordainpeko autobide eta tuneletan, eta horretarako, ordainlekuetako igarobidea bermatu behar da, bide automatikoen nahiz eskuzko bideen elementu erregulatzaile gisa, langileen gutxieneko presentziarekin, joan-etorrien ondorioz sor daitezkeen arrisku-egoeren intentsitatearen arabera modulatzeko, eta zuzenean segurtasunari lotuta daudenez egon daitezkeen gorabeherak kontrolatu eta mantentzeko, laguntzeko eta seinalizatzeko; hori dela medio, horiek guztiak funtsezkotzat hartu behar dira.

Bestalde, ibilgailuentzako erregaia hornitzea gaur egun ezinbestekoa da pertsonen eta salgaien zirkulazio askea ahalbidetzeko, baita erkidegoan beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzeko, hala nola: anbulantziak, suhiltzaileak, babes zibila eta Larrialdikotzat jotzen diren zerbitzu guztiekin erlazionatutakoak, izan ere, pertsonen bizia, osasuna eta integritate fisikoa nahiz morala bermatzen eta zaintzen baitute.

Era berean, energia elektrikoa eta gasa produzitu eta banatzen eta ura arazten eta banatzen duten enpresak eta erakundeak funtsezkotzat jo behar dira, oinarrizko eta/edo premia larriko ondasunak eta zerbitzuak sortzen dituzten azpiegiturei eta produkzio-prozesuei ekarpen erabakigarria egiten dietelako. Bada, enpresa horietako langileek greba eginez gero, baliteke pertsonen osasunari ezin konponduzko kalteak eragitea; hortaz, hain beharrezkoak ditugun ondasun horien banatzeak grebaldian bermatuta egon beharko du.

Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten telekomunikazio-enpresei dagokienez, horien zerbitzuaren zati baten ezinbestekotasuna Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorrean ezarrita dago, zerbitzu horrek komunikazio pertsonal, profesional eta komertzialetan duen eraginean oinarrituta. Era berean, Interneterako sarbide funtzionala bermatu behar da, Europar Batasunaren Zerbitzu Unibertsalari buruzko Zuzentarauan ezarritakoari jarraiki (2002ko otsailaren 22an onartutako zuzentarau hori Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko 22. artikuluaren bitartez txertatu zen gure ordenamendu juridikoan).

Era berean, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) ente publikoak eskaintzen duen zerbitzuak, ente publiko hori sortzeari buruzko maiatzaren 20ko 5/1982 legearen arabera, funtsezko zerbitzu publikoaren izaera du. Aztergai dugun kasuan, eta EITBk edozein hedabideren bitartez egiazko informazioa komunikatu eta emititzeko funtsezko eskubideen erabilera azpimarratzen duenez, Konstituzioaren 20.1.d) artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, eduki instituzionala, politikoa edo soziala duten albistegiak ez badira emititzen, herritarren eskubide eta askatasunen erabilera mugatuko litzateke.

Herritarren eta administrazioaren arteko harremanei dagokienez, kontuan izan behar da horietako asko araututa daudela. Arau horietan ezarritako epeak oso garrantzizkoak dira herritarrek euren interesak defenda ditzaten, baita babes judizial eragingarrirako eskubidea ere. Hain zuzen ere, idazki, dokumentu nahiz espediente jakin bat administrazioan dagokion epearen barruan sartu dela egiaztatzen dute administrazioaren erregistroek, zeren, bestela, gerta baitaiteke herritarren eskubide batzuk urratzea. Horrela, bada, Autonomia Erkidegoan 24 orduko greba orokorra deklaratzeak ez du esan nahi egun hori jaieguna denik. Hortaz, Administrazio Publikoak gutxienez dokumentuak erregistratzeko zerbitzua irekita eduki beharko du, herritarren oinarrizko eskubideak bete ahal izateko.

Hori guztia ikusita, Gobernuko Agintaritzak Agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, auzitan dauden eskubideen ezinbesteko edukia bateragarri egiten saiatzeko.

Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira funtsezko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek mantendu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta alor horretan eskumen esklusiboa agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du, muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.

Horretarako, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan aipatzen den prozedura bideratu da, eta, horrenbestez, Jaurlaritzaren erabakia doakien zerbitzuei eta langileei buruzko proposamenak egin ditzaten, grebaren eraginpean dauden aldeei entzunaldia eskaini diegu: grebarako deia egin duten sindikatuei, Confebask enpresa-erakundeari eta herri-administrazioei. Agerpen hori bakarra izan da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 73. artikuluan (metaketa) eta 75. artikuluan (bizkortasuna) ezarritakoari jarraiki. Izan ere, greba orokorrerako deialdiek, motibazioak eta sustatzaileak desberdinak izanik ere, antzekotasun handia eta lotura estua dute elkarren artean, eragin-eremua bera baita: egun bateko greba orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan. Gainera, adierazi beharra dago prozedura izapidetzeko epeak oso estuak izan direla.

Deitutakoen antzeko iraupena duten greba orokorren kasuetan, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduak eman dira, hala nola 2009ko maiatzaren 18koa, greba orokor baterako (2009ko maiatzaren 19ko 93. zenbakiko EHAA), edo maiatzaren 20ko orokorra, Herri Administrazioen sektorerako (2010eko maiatzaren 22ko 85. zenbakiko EHAA) eta 2010eko ekainaren 1eko orokorra (2010eko ekainaren 7ko 106. zenbakiko EHAA), eta 2010eko ekainaren 24koa, greba orokor baterako (2010eko ekainaren 26ko EHAA, 121 zenbakikoa). Agindu horiek ez dira aurrekari lotesleak, baina, aplikazioan izandako gorabeherak eta akatsak kontuan hartuta, aurrekari garrantzitsuak dira.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 6ko 538/2009 Dekretuaren 4.2 artikuluak eskumena eman dio Sail horren titularrari, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan greba-eskubideaz baliatzen direnean, Autonomia Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzea ere badagokio, betiere Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege-Lege Dekretuaren 10. artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki. Eskumen hori Gobernu Batzordeak eskuordetuta baliatzen da, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuan xedaturikoaren arabera.

Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, honako hau

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei egin zaien deialdiaren arabera 2010eko irailaren 29an egingo den grebarako eskubidearen erabilera eta egun horren inguruan hasten edo amaitzen diren lan-txandak ondoren adierazten diren funtsezko prestazioen eta horiei dagozkien gutxieneko zerbitzuen mantentzera baldintzatuta egongo dira:

  1. Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek mantendu beharko dituzte:

    1. Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute.

    2. Lehen mailako arreta, lehen mailako arretako zentro bakoitzean lan egiten duten kategoria bakoitzeko langileen % 20rekin. % 20 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.

    3. Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak (AIG/PAC): % 100.

  2. Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:

    1. Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat hartuko da, Koordinazio Zentro batek eskatzen duen edo mediku-akta baten bitartez egiaztatzen den garraio sanitarioa.

    2. Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, baita ospitale-barneko larrialdiko garraioa eta Basurtoko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak, baldin eta: a) mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) ospitalean zerbitzu hori egiteko langilerik ez badago, eta c) ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.

    3. Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.

    4. Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko dute.

  3. Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

  4. Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS Deiak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.

  5. Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, baita mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langile gerokultoreen edo klinika-laguntzaileen % 50arekin, goizeko 08:00etatik 10:30era bitarte eta 20:00etatik 22:00etara bitarte izan ezik, eta janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Gaueko txandan, hori betetzeko pertsona bat baino gehiago duten zentroetan, 2 pertsonek lan egingo dute gutxienez. Horrez gain, laguntza behar duten pertsonak Eguneko Zentroetara eramateko garraio bereziak lan egingo du.

  6. Adingabeen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Sektorean, mendetasun-egoeran daudenen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegun batean bezala.

  7. Irakaskuntza-zentroetan ondoren adieraziko diren zerbitzuak emango dira, honako langile hauekin:

    1. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza, publikoa eta/edo itunpekoa: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta urgazleen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

    2. Haurreskolak Partzuergoa: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.

    3. Euskal Herriko Unibertsitatea: zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: Zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

    4. Goi Mailako Musika Ikastegia, Musikene: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

  8. Osotasun fisikoa mehatxupean dutenen segurtasun pertsonala bermatuko du zerbitzu horiei atxikitako pertsonalak, baldin eta beharrezkoa bada mehatxatuen oinarrizko eskubideetarako.

  9. Bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Era berean, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

  10. Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokitan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainketa-zerbitzua langileen % 30ekin artatuko da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako orduetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.

  11. Errepideen mantentzea jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin mantenduko da.

  12. EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 30en funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zeintzuk izango diren, Greba Batzordeari nahitaez entzun ondoren.

  13. Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek, zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.

  14. Telekomunikazio-enpresetan, mantentze-lanak egiteko, jaiegunetan langile-talde horretan lan egingo luketen langileek lan egingo dute.

  15. Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.

  16. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzu hauek ere jardunean egon beharko dute: Araba: Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea, 1, Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen Lurralde ordezkaritzetan: Kale Nagusia 85, Bilbao, eta Andia kalea 13, Donostia.

    Bigarrena. Zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ahal izanez gero.

    Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, aurreko atalean eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.

    Hirugarrena. Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

    Laugarrena. Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

    Bosgarrena. Grebaren deialdia egin duten sindikatuei, Confebask-i eta Administrazio Publikoei jakinarazi behar zaie Agindu hau, bete dezaten, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidali behar da, bertan argitaratzeko.

    Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean hasiko da indarrean.

    Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 24a.

    Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

    MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik