- AGINDUA, 2010eko irailaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan 2010eko irailaren 29rako deitutako grebak dirauen bitartean Justizia Administrazioak erkidegoari eskaini behar dizkion ezinbesteko zerbitzuak beteko direla bermatzen da - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko irailaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan 2010eko irailaren 29rako deitutako grebak dirauen bitartean Justizia Administrazioak erkidegoari eskaini behar dizkion ezinbesteko zerbitzuak beteko direla bermatzen da
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 186
- Hurrenkera-zk.: 4452
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/09/22
- Argitaratze-data: 2010/09/27
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Justizia
Testu legala
UGT, CCOO, ESK, USO, CGT eta Confederación Intersindical erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute 2010eko irailaren 29rako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eremu geografikoaren barnean dauden enpresa eta erakunde guztietako langile eta enplegatu publikoek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak hartuko ditu eraginpean, kontuan izan gabe zein enpresa edo administrazioren mende dauden.
Deitutako geldialdia aurtengo irailaren 29an egingo da, 00:00etatik 24:00etara. Lan-txanda bat baino gehiago dituztenen enpresei dagokienez, greba lehenengo txandan hasiko da, nahiz eta irailaren 29ko 00:00ak baino lehen hasi, eta azken txanda bukatzen denean amaituko da, nahiz eta hilaren 29ko 24:00ak baino geroago amaitu txanda. Era berean, lan-txanda bakarra duten enpresei dagokienez, lan-txanda hori irailaren 29ko 00:00ak baino lehen hasten bada, lan-jarduera hasten denean emango zaio hasiera grebari eta irailaren 29an amaituko da, lan-jarduera hori bukatzen denean.
Eguneroko prentsako enpresen kasuan (erredakzioa eta errotatibak) greba irailaren 28ko 06:00etatik irailaren 29ko 06:00etara bitarte egingo da.
Honako hauek dira grebaren helburuak: 1) Gobernuak lan-merkatua aldatzeko premiazko neurriei buruzko ekainaren 16ko 10/2010 Errege Dekretuaren bidez ezarritako neurriekiko gaitzespena adieraztea; 2) Gastu publikoari egokitzeari buruz Espainiako estatuko Gobernuak hartutako neurriak gaitzestea; 3) Pentsioen batez bestekoaren zenbatekoa murrizteko eta prestazio publikoak lortzeko baldintzak gogortzeko Gobernuak egindako proposamenak gaitzestea, eta pentsioen sistema publikoa defendatzea; 4) Negoziazio kolektiboari buruz egun dagoen erregulazioa aldatzeko aukera (helburu hori lortzeko Gobernuak lege-proiektu bat aurkeztuko du) gaitzestea.
Grebaren esparrua kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako Gobernu Agintaritzari dagokio Euskal Administrazio Publikoak eta gainerako erakunde, entitate edo enpresek ematen dituzten ezinbesteko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko bermeak ezartzea zerbitzu publikoetan edo behar-beharrezkoak eta atzeraezinak direnetan, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak greba egiteko eskubidea onartzen du langileentzat, haiek beren interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo Estatu Sozial eta Demokratikoak oinarri dituen funtsezko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten du greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu, hala nola bizia, integritate fisikoa, osasuna, hezkuntza, joan-etorri askea, eta informazio-askatasuna, besteak beste. Hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, baita greba egiteko eskubidea ere. Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin.
Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da funtsezko eskubideak mugatzeko edozein neurri proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela, eta horretarako hiru baldintza bete behar ditu neurri horrek: hori aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, edo «egokitasun-judizioa»; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, edo «beharrizan-judizioa»; eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako gatazkan dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zehazki ulertuta». Gai horri buruz hainbat aldiz erabaki du Auzitegi Konstituzionalak, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992, eta 126/2003.
Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta horretarako nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta zuhurtasunez jokatzea. Hori guztia dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela, etsi, Auzitegi Konstituzionalaren hitzetan haien eskubideak grebaren bidez babesteak erkidegoari edo ezinbesteko zerbitzuaren hartzaileari zein zerbitzua jasotzeko eskubidearen titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunen arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Hori guztia dela-eta, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan; lanegun bateko lanaldia izango da.
Horregatik guztiagatik, Konstituzioaren 25. artikuluan bildutako tutoretza judizial eraginkorra izateko konstituzio-eskubideak ezin daitezke dagokien babesik gabe geratu, ezta greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eta herri-agintariei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Agintaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, Agindu honetan zehaztu direnak, erkidegoan ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko, Erkidego honen eskumenekoa den Justizia Administrazioaren eremuan.
Organo Jurisdikzionalen jarduerak, konstituzioaren lehen mailakoak izaki, bermatu beharrekoak diren funtsezko eskubide garrantzitsu jakin batzuei eragiten die. Horren ondorioz, jarduera hori ezinbestekotzat jo behar da greba-kasuetan, eta ez bakarrik funtsezko zenbait eskubideri askatasun-eskubideari adibidez eragiten dielako bereziki, baita Jurisdikziora biltzea eta tutoretza judizial eraginkorra lortzea ere kolokan jar dezakeelako ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren 2006ko urriaren 25eko 771. zenbakiko Epaiak ezarri duen bezala.
2006ko urriaren 25eko Epai horrek greba izanez gero ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak langile-hornidurarekin zerikusia dutenak barne zehazteko irizpideak finkatzen ditu. Besteak beste, honako hauek dira: epaitegietan eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundean guardia-eginkizunetan diharduten langileen % 100 hornitzea; dokumentuak jaso eta erregistratzea; premiazkotzat jotako jardunak edo Legeak aldez aurretik ezarritako epemuga egun horretan dutenak, baldin eta ez-betetze horrek eskubideak galdu edo kaltetzea ekar badezake berekin; kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriei eragiten dietenak, baldin eta, ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal badezakete edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzera badezakete; eta greba-egunerako ezarritako epaiketa, agerraldi eta antzekoak, baldin eta, etenez gero, kalte larriak eragin baditzakete, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta, edota etenaldi horrek eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta. Hori guztia ikusita, Gobernuko Agintaritzak Agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, auzitan dauden eskubideen ezinbesteko edukia bateragarri egiten saiatzeko.
Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira funtsezko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek mantendu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta alor horretan eskumen esklusiboa agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du, muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.
Izan ere, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu-legearen 10.2 artikuluak honako hau xedatzen du: «greba egiten denean edozein zerbitzu publiko edo onartuta dagoen eta geroraezina den beharrizaneko edozein zerbitzu eskaintzeko enpresetan, eta larritasun bereziko egoerak daudenean, gobernuko agintaritzak beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzeko» eta «Gobernuak, era berean, horretarako beharrezkoak diren esku-hartzeko neurriak har ditzake».
Arau horretan zeina konstituzionala den (Auzitegi Konstituzionalaren 11/1981 Epaia, apirilaren 8koa [RTC 1981\11]), Konstituzioaren greba-eskubideari buruzko 28.2 artikuluarekin bat etorriz, bertan honako hau ezartzen baita: «eskubide horren erabilera arautzen duen legeak beharrezko bermeak ezarriko ditu erkidegoarentzako funtsezko zerbitzuen mantentzea ziurtatzeko», azken batean, gobernuko agintaritzari ematen zaio edozein motatako berme-neurri hartzeko, greba-kasuan ezinbesteko zerbitzuei eusteko, eta hori egiteko neurrietako bat administrazio-ebazpenaren bidez jarduerari eusteko ezinbesteko gutxieneko zerbitzuak ezartzea da, eta lan-prestazioa eskaini behar duten langileei horiek bete ditzaten eskatzea.
Horretarako, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan aipatzen den prozedura bideratu da, eta, horrenbestez, Jaurlaritzaren erabakia doakien zerbitzuei eta langileei buruzko proposamenak egin ditzaten, grebaren eraginpean dauden aldeei entzunaldia eskaini diegu: grebarako deia egin duten sindikatuei, Confebask enpresa-erakundeari eta herri-administrazioei. Agerpen hori bakarra izan da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 73. artikuluan (metaketa) eta 75. artikuluan (bizkortasuna) ezarritakoari jarraiki. Izan ere, greba orokorrerako deialdiek, motibazioak eta sustatzaileak desberdinak izanik ere, antzekotasun handia eta lotura estua dute elkarren artean, eragin-eremua bera baita: egun bateko greba orokorra Euskal Autonomia Erkidegoan. Gainera, adierazi beharra dago prozedura izapidetzeko epeak oso estuak izan direla.
Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1.c artikuluak ezartzen du Gobernu Batzordearen eskumena izango dela: «Euskadiko Herri Administrazioen zerbitzupeko langileen greba-kasuetan gutxieneko zerbitzuak bermatzeko behar diren neurriak hartzea, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak proposatuta eta aldez aurretik dagokion Administrazioen eremuko sindikatu esanguratsuenei galdetuta».
Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 6ko 538/2009 Dekretuaren 4.2 artikuluak eskumena eman dio Sail horren titularrari, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan greba-eskubideaz baliatzen direnean, Autonomia Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzea ere badagokio, betiere Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege-Lege Dekretuaren 10. artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraiki. Eskumen hori Gobernu Batzordeak eskuordetuta baliatzen da, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuan xedaturikoaren arabera.
Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, honako hau
Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei egin zaien deialdiaren arabera 2010eko irailaren 29an egingo den grebarako eskubidearen erabilera eta egun horren inguruan hasten edo amaitzen diren lan-txandak ondoren adierazten diren funtsezko prestazioen eta horiei dagozkien gutxieneko zerbitzuen mantentzera baldintzatuta egongo dira:
Guardia Zerbitzuaren berezko jardunak.
Dokumentuak jaso eta erregistratzea.
Premiazko gaiak organo judizialen artean banatzea.
Legeak aldez aurretik ezarritako epea amaitzen zaien jardun guztiak, baldin eta ez-betetzeak eskubideen galera edo eskubideak kaltetzea ekar badezake berekin.
Ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal dezaketen edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzeratzea ekar dezaketen kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriak.
Instrukzioko edo prozesua bultzatzeko jarduera, baldin eta aurreko idatz-zatian aipatutako zirkunstantzietako bat gertatzen bada.
2010eko irailaren 29rako deitutako ekitaldiak (epaiketak, agerraldiak eta abar), baldin eta etenez gero kalte larriak ekar baditzakete berekin, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta edo etenaldiak eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta, besteak beste:
Zigor-arloan, epaiketak edo apelazio-ikustaldiak, baldin eta tartean askatasunik gabeko pertsonak badaude edo urtebetetik gorako espetxealdia eskatzen bada.
Arlo zibilean, hartzekodunen batzarrak konkurtso-prozeduretan, eta oso behin-behineko neurriak.
Arlo sozialean, kaleratzeengatiko epaiketak.
Arlo guztietan, funtsezko eskubideen tutoretza-prozesuetan deitutako ekitaldiak, baldin eta etenaldiak azken ebazpena berandutzen badu.
Epea amaitzen zaien lurperatze-lizentziak eta erregistro-inskripzioak.
Itsasontzi-matxurekin, itsas protestekin eta errekisitoria-pertsonen egoera legeztatzearekin zerikusia duten jarduerak.
Pertsonak barneratzea.
Bigarrena. Aipatutako zerbitzuek beteko dituzte, lehentasunez, greba-eskubidea baliatzen ez duten langileek, Agindu honetako eranskinean zehazten den bezala.
Kasu horretan, idazkari judizialei, fiskalburuei edo dagokion erakundeko buruari dagokio ezinbesteko zerbitzuak bete behar dituztenak izendatzea, baita gutxieneko zerbitzuak bete behar dituen funtzionarioak zer kidegotakoa izan behar duen zehaztea ere, halakorik zehaztu ez den kasuetan, dagokion organoaren berezko zereginaren barnean bildutako ezinbesteko zerbitzuak betez.
Hirugarrena. Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.
Laugarrena. Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.
Bosgarrena. Agindu hau grebarako deialdia egin duten sindikatuei eta Justizia eta Herri Administrazioen Sailari jakinaraziko zaie, bete dezaten.
Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean hasiko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 24a.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.
Guardian dauden epaitegietan eta Auzitegiko Medikuntzaren Euskal Erakundean izan ezik horietan guardiako zerbitzua egin ohi duten langile guztiek lan egin beharko dute honako gutxieneko zerbitzu hauek ezartzen dira aipatutako ezinbesteko zerbitzuak emateko:
Justiziako Auzitegi Nagusia
Gobernu Idazkaritza Funtzionario 1
Salak Funtzionario 1 sala bakoitzeko
Fiskaltzak
Auzitegi Nagusiaren Fiskaltza 2 funtzionario
Barakaldoko, Gasteizko eta Donostiako Fiskaltza Funtzionario 1
Probintzia Auzitegiak
Sekzioak Funtzionario 1 sekzio bakoitzeko
Gasteizko Izapidetze Bulego Komuna Funtzionario 1
Gasteizko Informazioko, Erregistroko eta Banaketako Zerbitzu Orokorra. Funtzionario 1
Donostiako Zerbitzu Komun Orokorra Funtzionario 1
Jakinarazpen eta Enbargoen Zerbitzu Komuna Kudeaketa Kidegoko funtzionario 1 eta Laguntza Kidegoko funtzionario 1
Bilboko Erregistroko, Banaketako eta Zigor-arloko Errekurtsoak Izapidetzeko Bulegoa Funtzionario 1
Lehen Auzialdiko Epaitegiak Funtzionario 1 epaitegi bakoitzeko
Erregistro Zibila duten 1. Auzialdiko Epaitegiak 2 funtzionario epaitegi bakoitzeko
Bilboko Erregistro Zibila 2 funtzionario
Instrukzioko Epaitegiak Funtzionario 1 epaitegi bakoitzeko
Lan-arloko Epaitegiak Funtzionario 1 epaitegi bakoitzeko
Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Funtzionario 1 epaitegi bakoitzeko
Merkataritza-arloko epaitegiak Funtzionario 1 epaitegi bakoitzeko
Adin Txikikoen epaitegiak Funtzionario 1 epaitegi bakoitzeko
Espetxeratuen Zaintzarako epaitegiak Funtzionario 1 epaitegi bakoitzeko
Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiak Funtzionario 1 epaitegi bakoitzeko
Gasteizko Zigor Arloko Epaitegiak Funtzionario 1 2 epaitegietarako
Bilboko Zigor Arloko Epaitegiak 3 funtzionario 6 epaitegietarako
Bilboko Zigor Arloko Epaitegia (Betearazpenak) Funtzionario 1
Barakaldoko Zigor Arloko Epaitegiak Funtzionario 1 2 epaitegietarako
Donostiako Zigor Arloko Epaitegiak 2 funtzionario 5 epaitegietarako
Donostiako Zigor Arloko Epaitegien Betearazpenak izapidetzeko Bulegoa Funtzionario 1
Laguntzeko Zerbitzu Komuna Kudeaketa Kidegoko funtzionario 1 eta Laguntza Kidegoko funtzionario bat
Erregistro eta Banaketa Zerbitzu Komuna. Funtzionario 1
Gobernuaren eta gainerako Zerbitzu Komunen Bulegoa Funtzionario 1
Auzialdiko eta Instrukzioko Epaitegiak Funtzionario 1
Bake Epaitegiak. Funtzionario 1
Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea
Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko Zuzendariordetza bakoitzean Auzitegiko 2 mediku eta funtzionario 1


