Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko irailaren 22koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu zentro berezietan enpleguari eusteko laguntzetarako deialdia egiten da. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko irailaren 22koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu zentro berezietan enpleguari eusteko laguntzetarako deialdia egiten da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 196
  • Hurrenkera-zk.: 4680
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/09/22
  • Argitaratze-data: 2010/10/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Industria; Gizarte Gaiak; Herri Administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Minusbaliatuak gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen 37.1 artikuluari jarraiki, ezgaitasuna duten langileen inguruko enplegu-politikaren funtsezko helburuak honako hau izan behar du: langile horiek lan-sistema arruntean txertatzea (tratu-berdintasunaren printzipioaren aplikazioa bermatuko duten baldintzetan), edota, halakorik ezean, lan babestuaren formula bereziaren bidez (enplegu-zentro berezien bitartez) produkzio-sisteman sartzea.

Azken urteotan, herri-administrazioen, gizarte-solaskideen eta ezgaitasunaren inguruko elkarte- eta enpresa-sarearen konpromiso tinkoari eta jardun bateratuari esker, araudi, programa eta aurrekontu ugari egin dira ezgaitasuna dutenek enplegua errazago lortzeko, eta emaitza positiboak eman dituzte, gero eta ezgaitu gehiago txertatu baitira lan-merkatuan. Eta, zalantzarik gabe, enplegu-zentro berezien bitartez eskainitako lan babestuaren formula berezia funtsezkoa izan da Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona ezgaituak laneratzeko. Izan ere, lana emateaz gain, gizarte- eta lan-ohiturak eskuratzeko aukera erraztu, produkzio-sisteman txertatzeko aukera eman eta enplegagarritasuna hobetzen diete pertsona ezgaituei. Beraz, zentro horiek ezinbestekoak dira ezgaitasuna duten pertsonak produkzio-sisteman txertatzeko.

Hala ere, emaitzak ez dira nahikoak inola ere, ezgaitasuna duten eta langabezian dauden pertsonen ehunekoa handiegia baita, eta pertsona horien jarduera-tasa, berriz, oso txikia, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako herritarren tasarekin alderatuz gero.

Gainera, 2008. urtearen hasieratik zabaldu den krisialdi finantzario eta ekonomikoak euskal ekonomiaren ahultasuna ekarri du, eta oso eragin negatiboa izan du ezgaitasuna duten pertsonen enpleguan eta enplegagarritasunean. Izan ere, Euskadiko lan-merkatuan, pertsona horiek nagusiki enplegu-zentro berezietan lan egiten dute, eta gaur egungo krisialdiak oso eragin handia izan du sektore horretan. Hori dela-eta, arriskuan dago zentro horien iraupena eta, horren ondorioz, bertan lan egiten duten pertsona ezgaituen enplegua.

Errealitate hori dela-eta, premiazko neurriak hartu behar dira pertsona ezgaituek Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zentro berezietan dituzten lanpostuei eusten laguntzeko.

Ildo horretan, ezgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan duten enpleguari eusteko presako neurriei buruzko 84/2009 Ez Legezko Proposamena onartu zuen Eusko Legebiltzarrak (2009ko abenduaren 18ko buletina, 40. zenbakia). Proposamen horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan kokatuta eta dagokion erregistroan inskribatuta dauden enplegu-zentro berezietan ezgaitasuna duten pertsonen enpleguari eusten eta horientzako enplegua sortzen laguntzeko plan bat sei hilabeteko epean aurkezteko eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari. Plan horrek ezgaitasuna duten pertsonek enplegu-zentro berezietan duten enpleguari eusteko berariazko programa bat sortzeko beharrezkoa den zuzkidura ekonomikoa jaso behar zuen, besteak beste. Nolanahi ere, enplegua mantentzeko eta sustatzeko eta langabeak babesteko presako neurriei buruzko Legean aurreikusitakoaren osagarria da neurri hori.

Agindu hori betez, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan kokatuta dauden enplegu-zentro berezietan ezgaitasuna duten pertsonen enpleguari eusten eta horientzako enplegua sortzen laguntzeko plan bat landu du, eta, plan horretan xedatutakoa aplikatuta, krisialdiaren ondoriozko gaur egungo egoerari aurre egiteko aparteko laguntza-programa bat arautzen da Agindu honetan. Horren arabera, enplegu-zentro berezietarako diru-laguntza bat ezarri da garuneko paralisia, gaixotasun mentala, edota ezgaitasun intelektuala, fisikoa edo sentsoriala duten pertsonek betetzen duten lanpostu bakoitzeko, betiere pertsona horiek % 33ko edo hortik gorako ezgaitasun-maila badute, eta 2010. urtean berdin jarraitzen badute.

Plana eta Agindu hau Europako Gizarte Funtsaren Euskal Autonomia Erkidegorako programazioan txertatuta daude, ezgaitasuna duten pertsonak laneratzea Europako funts horrek Euskadin aplikatu beharreko lehentasunezko ildoetako bat baita.

Horri jarraiki, honako hau xedatu dut:

  1. Agindu honen xedea honako hau da: EAEn kokatuta dauden enplegu-zentro berezietan ezgaitasuna duten pertsonen enpleguari eusteko laguntzetarako deialdia arautzea 2010eko ekitaldian.

  2. Agindu honen xedea betetzea helburu duten baliabide ekonomikoak 2.000.000 eurora iristen dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik lortuko dira. Kopuru horren % 50 Europako Gizarte Funtsak finantzatuko du, 2007-2013ko Euskadiko EGF Programa Operatiboaren esparruan.

Garuneko paralisia, gaixotasun mentala, edota ezgaitasun intelektuala, fisikoa edo sentsoriala duten pertsonek enplegu-zentro berezietan betetzen dituzten lanpostuei eusteko emango da diru-laguntza, betiere pertsona horiek 2010eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte % 33ko edo hortik gorako ezgaitasun-maila badute.

Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietako lanpostuak kontuan hartuta, Enplegu Zentro Berezien Erregistroan inskribatuta dauden enplegu-zentro bereziak izan daitezke Agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun.

  1. Lanaldi osorako kontratatutako pertsonek betetako lanpostu bakoitzak 425 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du gehienez.

  2. Lanpostua betetzen duen pertsona lanaldi partzialerako kontratatuta badago, lan-kontratuan agertzen den lanaldiaren iraupenak hitzarmen aplikagarrian ezarritako lanaldi osoarekiko duen proportzioa aplikatuko zaio aurreko paragrafoan ezarritako diru-laguntzaren zenbatekoari.

  1. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskaera Aginduaren eranskinean agertzen den eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko da. Eredu hori http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-emplform/es web-orrian eta Herritarren Arretarako Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetan egongo da eskuragarri:

    Bilbon: Kale Nagusia, 85.

    Donostian: Andia kalea, 13.

    Gasteizen: Ramiro Maeztu kalea 10, behea.

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako edozein baliabide erabiliz ere aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

  2. Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Gizarte Segurantzarako kotizazioko dokumentuen kopia (2010eko urtarrileko TC2 ereduak).

    2. Diru-laguntzaren xede diren lanpostuen zerrenda, honako hauek adierazita: lanpostua betetzen duen pertsonaren kontratu mota, enpresako alta-data, kontratuan jasotzen den lanaldiaren ehunekoa, urteko ordainsari gordina eta ezgaitasun mota eta maila.

    3. Enpresaren egoera ekonomikoa azaltzen duen memoria, finantza-desoreka izateko eta lanpostuak galtzeko balizko arriskua zein den adierazten duena, hala badagokio.

    4. Diru-laguntza eskatzen duen erakundeak zerga-betebeharrak beteta dauzkala egiaztatuko duen Foru Ogasunaren ziurtagiri eguneratua, bi aletan.

      Zor bat atzeratzea lortzen duen erakundeari ordainketak eguneratutzat joko zaizkio, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

    5. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Probintzia Zuzendaritzaren ziurtagiria, aurreko idatz-zatian aurreikusitakoaren ildotik.

    6. Zentroa Enplegu Zentro Berezien Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria edo bestelako agiria.

  3. Eskabideak osorik betetzen ez badira edo aurreko paragrafoan adierazitako aginduzko dokumentazioa falta bada, erakundeari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Era berean, hala egin ezean bere eskaerari uko egiten diola ulertuko da, eta Administrazioa behartuta geratuko da berariazko ebazpena ematera eta ebazpen hori jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

  4. Laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

  1. Eskaerak aztertzeko eta ebazteko eskumena Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak izango du.

  2. Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, eskaerak aztertuko dira eta laguntzak emango zaizkie Agindu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten guztiei. Programa finantzatzeko esleitutako baliabide ekonomikoak onartu beharreko eskaera guztien estaldurarako nahikoak ez badira, funtsak diru-laguntza jaso behar duten lanpostuen artean banatuko dira proportzionalki.

  3. Eskaerak Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ezetsiko dira. Diru-laguntza emateko ebazpenean, xedea, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta epeak, eta diru-laguntza justifikatzeko modua adieraziko dira.

  4. Aurreko idatz-zatian aipatutako ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Enplegu, Prestakuntza eta Gizarteratzeko sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik aurrera kontatzen hasita.

  5. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, diru-laguntza jasotzeko eskaera ezetsitzat hartuko da.

  6. Publizitate-printzipioa betetzeko helburuarekin, eta emateko Ebazpena esanbidez eta modu indibidualizatuan jakinarazteko aukera aparte utzi gabe, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren Ebazpen bidez, xedapen honen babesean emandako laguntzen onuradun izan diren enplegu-zentro berezien zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jasotako kopuruak eta emandako diru-laguntzaren aldaketaren xede izan direnak adierazita.

Diru-laguntza honako era honetan ordainduko da:

  • 75 lehen ordainketan, emakidaren unean bertan.

    Gainerako % 25a bigarren ordainketan, 2010eko ekitaldia amaitu ondoren. Horretarako, erakunde onuradunak honako hauek aurkeztu beharko ditu:

    2010eko abenduaren 31n beteta dauden lanpostuen zerrenda, honako hauek adierazita: lanpostua betetzen duen pertsonaren kontratu mota, kontratuan jasotzen den lanaldiaren ehunekoa, eta ezgaitasun mota eta maila. Lanpostuen guztizko kopurua diru-laguntza lortu zutenena baino txikiagoa bada edo denbora mugagabez kontratatutako pertsonek betetako lanpostuen kopurua txikiagoa bada, lan-kontratu horiek suntsitzeko arrazoiak jakinarazi eta Gizarte Segurantzako baja-parteak eta, hala badagokio, 9.1 artikuluan aurreikusitako itzultzeko betebeharraz salbuesteko kasuak agertu direla egiaztatuko duen beste edozein dokumentazio aurkeztu beharko dira.

    Gizarte Segurantzarako kotizazioko dokumentuen kopia (2010eko abenduko TC2 ereduak).

    Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren ziurtagiri eguneratuen bina ale, enpresak erakunde horiekin dituen betebeharrak egunean dituela egiaztatzen dutenak.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaintzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

  1. Enpresa eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituela egiaztatzea, Ekonomia eta Ogasun Sailak horretarako xedatzen duenari jarraiki.

  2. Laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko araudian xedatutakoa betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia eta gainerako lan-arauak onartzen dituen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozedura amaitzea.

  4. Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

  1. Erakunde onuradunak diru-laguntza jaso duten lanpostuen kopuru bera beteta izan beharko du, 2010eko abenduaren 31ra arte gutxienez. Data horretan bete gabe dagoen lanpostu bakoitzari dagokion laguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da.

    Halaber, enplegu-zentro bereziak denbora mugagabez kontratatutako langileek betetzen dituzten eta diru-laguntza jaso duten lanpostuen kopuru berari eutsi beharko dio. Horrela, beraz, diru-laguntzen xede den aldia amaitzen denean diruz lagundutako lanpostuen guztizko kopurua bera izanik ere denbora mugagabez kontratatutako langileek betetako lanpostuen kopurua txikiagoa bada, kontratu mugagabeekin beteta zeuden eta galdu diren lanpostuei dagokien diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da.

    Aurreko guztia gorabehera, diruz lagundutako lanpostuen kopurua txikiagoa izatearen arrazoiak langilearen bidezko iraizpenaren, heriotzaren, erretiroaren, ezintasun iraunkor osoaren edo absolutuaren, edota baliaezintasun handiaren ondoriozko lan-kontratuaren suntsipena, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 51. artikuluan kontuan hartutako arrazoiak edota langilearen borondatea (enpresa arrunt batera joan izanaren ondorioz) izan badira, jasotzeko geratzen den diru-laguntza kobratzeko eskubidea galdu egingo da, eta ez da eskatuko jasotako kopuruen itzultzea.

  2. Era berean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatzen dituzten gorabeheren berri ematea, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin lankidetzan jardutea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

    2. Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa bermatzea, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren lehenengo tituluan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

    3. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-organoek eskatzen duten informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-funtzioak betetzen dituztenean.

    4. Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa aipatzea laguntza horien berri emateko material eta ekintza guztietan.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan egindako aldaketa orok emateko Ebazpenaren aldaketa ekarri ahal izango du, betiere diru-laguntzen onuradun izateko Agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko espedienteari hasiera emango zaio.

Agindu honetan deskribatutako laguntzak bateragarri izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako lanpostuen urteko soldata-kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko beharrezkoak diren ikuskapen- eta kontrol-jarduerak egiteko aukera izango du.

Agindu honetan aurreikusitako laguntza jaso duten erakunde onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badaude, edo Agindu honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak Ebazpen bat emango du; horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako laguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Diru-kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

  1. Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio erakunde interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio bidezkotzat hartzen dituen alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasteak, hala badagokio, eten egingo ditu oraindik egin ez diren ordainketak.

  2. Alegazioak jaso edo epe hori igaro ondoren alegaziorik aurkeztu ez bada, amaiera emango zaio prozedurari Enplegu eta Prestakuntzako zuzendariaren Ebazpen bidez. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 6 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

    Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela adieraziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, Ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharra deklaratuko da. Epe hori izango da borondatezko aldiaren epea.

  3. Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Sailaren Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, hark, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraiki, premiamendu-bideari ekin diezaion.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak bere fitxategi automatizatuetan sartuko ditu Agindu honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortutako datu pertsonalak.

Halaber, interesdunek Legean aurreikusitako datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte. Horretarako, idazki bat igorriko diote Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).

Lehenengoa. Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta haren aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraiki. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoari jarraiki.

Bigarrena. Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 22a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik