- AGINDUA 2010eko urriaren 6koa, Kulturako sailburuarena, Asteasun (Gipuzkoa) den Idarreta baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA 2010eko urriaren 6koa, Kulturako sailburuarena, Asteasun (Gipuzkoa) den Idarreta baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 216
- Hurrenkera-zk.: 5289
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/10/06
- Argitaratze-data: 2010/11/10
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez Asteasun den Idarreta baserriak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2010eko abuztuaren 13ko EHAAn (155. zk.) argitaratu zen.
Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
Lehenengoa. Asteasun (Gipuzkoa) den Idarreta baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako Sailkatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea.
Laugarrena. Asteasuko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Espedienteko interesdunei, Asteasuko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari agindu hau jakinaraztea.
Seigarrena. Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Lehenengoa. Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango du ondorioak.
Bigarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 6a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak eraikina bera eta ingurumaria hartzen ditu. Horrela, eremuak muga hauek ditu:
Mendebaldera begira, baserriaren mendebaldeko fatxadarekiko 30 metrora trazatutako lerroa, alde horretatik doan bide publiko bateraino, eta, handik aurrera, bide publiko horren ertzik hurbilena.
Hegoaldera begira, baserriaren hegoaldeko fatxadarekiko 30 metrora trazatutako lerroa.
Ekialdera begira, baserriaren ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horrekiko 30 metrora trazatua.
Eta, azkenik, iparraldera begira, baserriaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxada horrekiko 50 metrora trazatua, mendebaldeko aldean doan bide publikoaren ertzik hurbilenean amaitzen duena.
Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketa Idarreta baserriko ingurumariko ingurumen- eta ikuste-balioak babestu beharragatik justifikatzen da. Baserria Asteasuko Upazan auzoan kokatzen da, malda txikiko muino batean. Ingurunearen mugaketak beharrezkoa baita ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko baserriaren inguruko lurren eta eraikinerako sarbidearen babesa dakar berekin, betiere, baserriaren bereizgarritasunak kontserbatze aldera. Horregatik, mugaketak baserriaren eraikina bera ez ezik haren ingurunea ere hartzen du.
Familia bakarreko baserria, planta angeluzuzenekoa, honako egitura duena: beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara. Bi isuriko estalkia dauka, naba-teilekin egina, gailurra fatxada nagusiarekiko elkarzut dagoela, eta fatxada hegoalderantz orientatua. Hareharriz egindako harlangaitzezko perimetro-paretak, eta eskantzuak, harlanduzko kareharriz eginak. Mendebaldeko horma-atalak hareharriz egindako harlanduzko murruak ditu.
Fatxada nagusia porlanez errebokatuta dago eta konposizio erregularra dauka. Lehenengo solairuaren parean, lau leiho ditu, karez zuritutako ertzekin, eta horien gainean beste lau leiho txikiago, ganbaran. Beheko solairuan, ikusgai zirkulu erdiko hiru arku, itsututa. Orobat, ekialdeko fatxadak ere beste arku itsutu bat dauka, aurrekoen antzekoa. Eraikineko fatxada nagusian kokatutako ataripe zahar baterako sarbidea ematen zuten arku horiek. Ekialdeko fatxadan, beheko zatian, metalezko portalea dago, ate labainkorra duena. Lehenengo solairuaren parean, habe etzan bat erakusten du, eta haren gainean alde horretan dituen egurrezko bilbadurak bermatzen dira, hutsarteak harlangaitz-lanez mukuru daudela. Beheko estalkia irekita dago, ganbara aireztatzen laguntzeko. Belarra biltzeko silo bat dauka fatxadari atxikita.
Iparraldeko fatxadak, atzealdekoak, erantsitako eraikintxo bat dauka, gainerako eraikinaren antzeko murru-atalekin, eta hantxe lau saietera txiki irekitzen dira. Erantsitako eraikin horren estalkia, hori ere naba-teilez egina, isurialde bakar batekoa da, eta iparraldeko fatxadan dauka euskarri. Mendebaldeko fatxadak, beheko plantan, sarbideko portale bat dauka, harlanduz inguratutako leihoburu handi batekin; eta, lehenengo solairuaren parean, leiho-bao bi, harlanduz inguratuak, bai eta harriz eta lurrez egindako malda baten bitartez ganbararako sarbidea ematen duen portale bat ere.
Atal bateko zortzi zutoik osatzen dute eraikin honen barruko egitura, eta zutoi horiek estalkiraino heltzen diren harrizko oinarrietan edo jarlekuetan dute euskarri. Lehenengo solairuko eta ganbarako forjatuak sendotzen dituzten besoen eta habeen bidez lotzen dira zutoiok. Ganbarak urkilak ditu eta haien gainean baserriko teilatuari eusten dioten uhalak bermatzen dira. Teilatua gapirio luzeek, latorrizko lanek eta teilek osatzen dute. Atal bateko zortzi zutoi horietatik bi bikoitzak dira, eta baserri honek dituen garai gotikoko dolarearen berniei dagokie.
Idarreta oinetxe garrantzitsua da, Aiztondo harana jendeztatu zuena. Gaur egungo eraikina XVI. mendearen erdialdeko Gipuzkoako dolare-baserriaren eredu klasikokoa da. XVII. mendearen erdialdean zabaldu zen, hegoaldean habearte bat jarrita, lau arkuko portikoa duena. Garai berean berregin zuten, eta altuera gehitu zioten, alderantziz jarritako arbolazko urkila naturalak jarrita, gaur egun estalkiaren armadura jasaten dutenak.


