- AGINDUA, 2010eko Urriaren 19koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Justizia arloko «Manuel de Irujo» saria iragarri eta arautzen duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko Urriaren 19koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Justizia arloko «Manuel de Irujo» saria iragarri eta arautzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Justizia eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 206
- Hurrenkera-zk.: 4929
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/10/19
- Argitaratze-data: 2010/10/26
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
- Azpigaia: Herri Administrazioa; Instituzional; Justizia
Testu legala
Deialdi honen bidez, publikoki goraipatu eta saritu nahi dira ibilbide pertsonal edo profesionalen bidez Justiziarekiko eta haren balioekiko konpromisoaren lekukotza ematen duten eta Zuzenbidearen edozein diziplina edo espezialitate garatzen eta sustatzen duten pertsonak eta taldeak.
Sariaren izena 1891ko irailaren 25ean Lizarran jaio zen eta 1937ko maiatzaren 17an Espainiako II. Errepublikako Justiziako ministro izendatu zuten Manuel de Irujo y Ollo jaunaren oroimenez ezarri da. Irujok, bere kargua hartu zuenean, erakundeetan egin behar zuen lanaren printzipioak aldarrikatu zituen: gizarte-berdintasuna, gizabanakoen askatasuna, demokrazia politikoa, justizia, zuzenbide-estatua eta botere judizialaren independentzia. Oso egoera lazgarrian borrokatu behar izan zuen printzipio horien alde.
Horregatik guztiagatik, Justizia eta Herri Administrazio Sailak, bere esparruko eskumenak baliatuz, 2010eko «Manuel de Irujo» saria iragarri eta arautzea erabaki du.
Horiek horrela, hauxe
Agindu honen helburua 2010eko «Manuel de Irujo» saria iragarri eta arautzea da. Sari honen bidez, publikoki goraipatu eta saritu nahi dira ibilbide pertsonal edo profesionalen bidez Justiziarekiko eta haren balioekiko konpromisoaren lekukotza ematen duten eta Zuzenbidearen edozein diziplina edo espezialitate garatzen eta sustatzen duten pertsonak eta taldeak.
Epaimahai Kalifikatzailearen iritziz saria lortzeko nahiko merezimendu erakutsi duen pertsonari edo pertsonei emango zaie deialdi honetako saria. Sari gisa Nestor Basterretxea eskultore ospetsuaren lan bat emango da aintzatespen publikoko ekitaldi batean eta, horrez gain, 15.540 euro, ordainketa bakarrean.
Agindu honen bidez iragarritako saria honakoek jaso dezakete: jokabidearen eta ibilbidearen bitartez Justiziaren balioak sustatzeagatik eta Zuzenbidearen edozein diziplina edo espezialitate sustatzeagatik edo garatzeagatik gure gizartean nabarmendu diren pertsona fisiko zein juridiko publiko nahiz pribatuek.
Justiziaren arloan sona duten pertsona fisiko edo juridikoek proposatu ahal izango dituzte hautagaiak, eta agindu hau indarrean jartzen denetik hilabete batekoa izango da proposamenak aurkezteko epea.
Hautagaien izenak Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzara bidali beharko dira (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz), azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako bideetako baten bitartez.
Justizia Sailburuordetzari dagokio deialdi honen kudeaketa-lanak egitea.
«Manuel de Irujo» saria irabazteko hautagaiak epaimahai batek ebaluatuko ditu, eta hark erabakiko du saria nori eman.
Hona hemen Epaimahaiaren osaera:
Epaimahaiburua: Justizia eta Herri Administrazioko sailburua.
Epaimahaikidea: Justiziako sailburuordea.
Epaimahaikidea: Juan Luis Ibarra Robles jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko lehendakaria.
Eapaimahaikidea: Blanca Bajo Palacio andrea, Prokuradoreen Euskal Kontseiluko lehendakaria.
Epaimahaikidea: Francisco Javier Quel López jauna, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekanoa.
Epaimahikidea: José Antonio Primicia Orduna jauna, Justiziaren sektoreko ordezkari sindikala, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren eremuan ordezkaritza duten sindikatuek izendatutakoa.
Justizia Administrazioa Eraberritzeko zuzendaria izango da epaimahaiko idazkaria. Hitz egiteko eskubidea izango du, baina botoa emateko eskubiderik ez.
Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira eta, berdinketarik izanez gero, epaimahaiburuak hartu ahal izango du erabakia. Hartzen diren erabakien eta jarduera guztien akta egingo du epaimahaiko idazkariak. Akta horretan sariaren epaitza oinarritzen duen irizpen arrazoitua ere jaso beharko da.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 28. eta 29. artikuluetan jasotako kasuetan epaimahaikideek ezingo dute epaimahaian parte hartu eta interesdunek epaimahaikideak errefusatu ahal izango dituzte.
Epaimahaia irizpide hauetan oinarrituko da bere erabakia hartzeko:
Proposatutako pertsonak edo pertsonek Justizia eta Zuzenbide alorreko jardueretan luzaroan parte hartu izana.
Justizia eta Zuzenbidearen balioak garatzen egindako lanak duen berezko garrantzia.
Saritutako pertsonak edo pertsonek egindako jarduerak edo ibilbideak gizartean izan duen oihartzuna eta eragina.
Deialdi honetan jasotako irizpideei kasu eginez epaimahaiaren uste eta jakinduria leialaren arabera hartutako erabakia justifikatzen duten arrazoiak adieraziko ditu epaimahaiaren epaitzak eta, horrez gain, saritutako pertsonaren edo pertsonen ibilbidearen esanahiaz egiten duen balorazioa ere azalduko du.
Epaimahaiak saria eman gabe uztea erabaki dezake, proposatutako pertsonak edo pertsonek, epaimahaikide gehienen ustez, saria jasotzea merezi ez badute.
Epaimahaiak saria emateko edo hutsik uzteko epaitza eman ondoren, Justiziako sailburuordeak «Manuel de Irujo» saria esleitzeko Ebazpena emango du. Bertan, ebazpena bera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila eta saridunari edo saridunei jakinarazi dakiela aginduko du.
Sariak jendaurrean banatuko dira, horretarako propio antolatutako ekitaldi batean.
Lehenengoa. Deialdi honetan aurreikusi gabeko kontu guztietan, arautegi osagarri gisa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.
Bigarrena. Agindu honek administrazio-bidea bukatzen du. Aurka egiteko, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri diezaiokete Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuotan, errekurtsoak jartzeko epeak, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
Hirugarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko Urriaren 19a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.


