- AGINDUA, 2010eko urriaren 20koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzetara biltzeko 2010eko deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko urriaren 20koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituen urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan aurreikusitako diru-laguntzetara biltzeko 2010eko deia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 204
- Hurrenkera-zk.: 4878
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/10/20
- Argitaratze-data: 2010/10/22
Gaikako eremua
- Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Ingurumena; Herri Administrazioa; Ekonomia
Testu legala
2010eko urriaren 21ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen urriaren 19ko 260/2010 Dekretua, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituena. Dekretu horren bidez, indarreko EBko arauak gainditzen dituzten ingurumeneko babesmaila lortzera bideratutako inbertsioak egitera bultzatu nahi dira enpresak, inbertsio horiei zuzenean lotutako azterlanak barne hartuta eta bereziki kontuan hartuz ekoberrikuntzako proiektuak, berrikuntza babesteko Erkidegoko helburuaren arabera.
Agindu hau prestatzeko kontuan izan dira ingurumena babesteko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoko Zuzentarauak (2008/C 82/01). Horietan ezartzen da laguntzak sustatzeko helburua izan behar duela, alegia, enpresa onuradunen jarrera aldatzea, laguntzarik gabe lortuko liratekeenak baino ingurumeneko babesmaila hobeak lortzeko. Beraz, laguntzek inoiz ez dute enpresengan lortu nahi den sustapen-eragina, laguntza-eskaera proiektua hasi ondoren aurkezten bada.
Urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero, dagokion deialdiaren agindua argitaratuko da, artikuluan bertan ezarritako edukiarekin argitaratu ere. Ildo horretan, agindu honek, aipatutako dekretuan bildutako mandatua betez, honako hauek xedatzen ditu: diruz lagunduko diren lerroak; esleipen-prozedura bakoitzerako aurrekontuko baliabideak; eskabideak aurkezteko epea; eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa; Balorazio-epaimahaiak zein portzentajetik aurrera jakinaraziko dion eskatzaileari ebaluazio-taldeak egindako inbertsio garbiaren kalkulua; bai eta proiektuko edota produkzio-zentroko emango den gehieneko eta gutxieneko zenbatekoa ere.
Ildo horretan, agindu honek araututako deialdian, prozedura arruntean, diruz lagundu ahal izango dira 2010eko urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritakoa betetzen duten inbertsio guztiak, baina prozedura erraztuaren bidez ez dira diruz lagunduko ekitaldi honetan ingurumena babesteko aplikatu beharreko arauak bete edo, aplikatu beharreko araurik ezean, ingurumeneko babes-maila handitzeko egindako inbertsioak.
Halaber, eta aurkeztutako eskabideak baloratzeko prozesua ahalik eta gardenena izan dadin, ahalik eta zehatzen ezartzen da urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 8. artikuluan aipatutako esleipen irizpideen balizko edukia; azkenik, esleipen-irizpide guztiak aplikatzeari buruzko haztapena ezartzen da.
Horregatik guztiagatik, abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, esleitutako eskuduntzen, eta abenduaren 23ko 2/2009 Legearen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenaren, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-dekretuaren, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren, arabera.
Urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen dituenean, aurreikusitako diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu hurrengo egunean hasi eta 2010eko azaroaren 12an amaituko da, biak barne.
Eskabideak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ingurumen Sailburuordetzan (Donostia kalea, 1. zk., Vitoria-Gasteiz), sail horren lurralde-bulegoetan, Zuzenean hiritarren arretarako zerbitzuan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan onartutako edozein tokitan aurkeztu behar dira. Eskabidearekin batera, agindu honen eranskinean jasota dagoen inprimakia bete beharko da, eta urriaren 19ko 260/2010 Dekretuaren 9. artikuluan zehazten diren agiri guztiak aurkeztu.
Diru-laguntzaren eskabidean betetzen ez badira aurreko artikuluko baldintzak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutakoak, interesdunari eskakizuna egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako deialdia ebazteko organo eskumendunak ebazpena eman ondoren.
Ez dira diruz lagunduko dagokion eskaera aurkeztu aurretik hasitako inbertsioen proiektuak.
Jarraian datozen ataletan adierazten diren diru-laguntza lerroak sartuko dira deialdian 2010eko ekitaldian, eta adierazten den prozeduraren arabera emango dira diru-laguntzak:
Prozedura arrunt bakar baten bidez, diruz lagundu ahal izango dira hurrengo lerroak:
Enpresa onuradunari aplikatzekoak diren arauak gainditzen dituen mailako ingurumen-babesa lortzera bideratutako inbertsioak finantzatzeko laguntzak, edo, aplikatzeko araurik egon ezean, ingurumenaren babesa hobetzekoak diren laguntzak.
Ingurumenaren arloan indarrean dauden babes-arauak gainditzera zuzendutako inbertsioekin lotura zuzena duten ingurumen-ikerketak egiteko laguntzak, hamabost mila (15.000) euro baino gehiagoko ikerketak badira.
Hondakinak kudeatzeko inbertsioak finantzatzeko laguntzak.
Orube kutsatuak saneatzeko laguntzak, ez dagoenean jakiterik zein den kutsaduraren erantzulea edo ez dagoenean horren kostua ordaintzera behartzerik.
Kutsadura handia sortzen duten enpresak beste leku batean kokatzeko laguntzak, beti ere Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan.
Banakako prozedura erraztuetan, honako lerro eta azpilerro hauek lagundu ahal izango dira diruz:
Ingurumenaren arloan indarrean dauden babes-arauak gainditzera zuzendutako inbertsioekin lotura zuzena duten ingurumen-ikerketak egiteko laguntzak, hamabost mila (15.000) eurotik beherako ikerketak badira.
Ingurumenaren alorreko kanpo aholkularitzako zerbitzuen kanpoko kostuak finantzatzeko ETEentzako laguntzak. Deialdi honetan, hurrengo azpilerroak soilik lagundu ahal izango dira diruz:
1. EMAS Ingurumen Kudeaketako Europako Sistemaren Erregistroan inskribatzeko laguntzak, betiere enpresak, diru laguntza eskatzen duenean, ISO 14001 edota Ekoscan arauen arabera ziurtatutako ingurumen-kudeaketako sistema badu.
2. UNE 150.301 Ekodiseinuko Arauaren edo ekoetiketen (I edo III mota) arabera ezarri eta ziurtatzea.
3. ERP Enpresa Baliabideak Kudeatzeko Sistemak egokitzeko laguntzak, E3L 3.0 lengoaia hartuz Ingurumen Informazioko Kudeaketa Integraleko Sistemarekin edo IKS eeM sistemarekin elkarrekintzan jarduteko edota E3S 2.3.1 edo E3S 3.0 negozio-zerbitzuak garatu eta ezartzeko. Lerro horretako diru laguntza lortzeko berariazko baldintzak I. eranskinean bildu dira.
Prozedura arruntean, jarraian adierazitako esleipen-irizpideak hartuko dira kontuan:
Industria-jarduerak ingurumenean duen eraginari dagokionez, ingurumenean eragin handiena duten sektoreak direlako, honako sektore hauetako instalazioen inguruan inbertsioak egitea baloratuko da: galdaketaren, altzairuaren, beroko ijeztearen, zementuaren, beiraren, zeramikaren, karearen, azaleko tratamenduaren eta paper-orearen sektoreetan eta sektore kimikoan egindakoak. Halaber, Ingurumen Esparru Programaren (2007-2010) helburuei egindako ekarpena ere baloratuko da.
Egingo den inbertsioak ingurumenari ekarriko dion hobekuntza zehatzaz bezainbatean, hobekuntzaren izaera hartuko da aintzat, eta, hala, argi bereiziko dira, batetik, «hodi-bukaera» izenarekin ezagutzen diren proiektuak, alegia, emisio kutsagarriak tratatzeko direnak, eta, bestetik, emisiorik ez sortzeko egiten diren proiektuak. Bestalde, hobekuntza era absolutuan eta erlatiboan zenbatuko da, eta arrisku gehien duten kutsagarriak gutxitzeko zer-nolako hobekuntza izan den aztertuko da.
Kontseiluaren 1979ko apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauak, hegazti basatiak kontserbatzeari buruzkoak, eta Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauak, habitat naturalak eta flora eta fauna basatiak kontserbatzeari buruzkoak, aipatutako zonei nahiz ekainaren 30eko 16/1994 Legeak babestutako espazio naturalei eragiten dieten instalazioetako inbertsioei dagokienez, proiektuaren espazio horiekiko distantzia eta ingurumen-interesa baloratuko da.
Proiektuaren koherentzia eta kalitatea. Irizpide honetan, kontuan hartuko da ingurumen-arloko arazo zehatzak adierazten dituen enpresaren barruko diagnostikorik dagoen eta proiektuan erabiliko den konponbidea behar bezala justifikatuta dagoen.
Proiektuaren izaera ekoberritzailea. Irizpide horretan kontuan izango dira proiektuaren berrikuntza-maila eta beste arlo batzuetan erabiltzeko aukera. Ekoberritzailea da ingurumen-babesa nabarmen hobetzen duen jarduera berritzaile oro. Ekoberrikuntzak fabrikazio-prozesu berriak, produktu edo zerbitzu berriak eta enpresako edo kudeaketako metodo berriak biltzen ditu, ingurumenerako arriskuak, kutsadura edo baliabideak erabiltzearen bestelako eragin negatiboak prebenitu edo nabarmen murriztu ditzaketenak horiei lotutako jardueren bizi-zikloan zehar. Zehazki, berritzailetzat joko dira, bestelakorik justifikatu gabe, martxoaren 14ko 64/2006 Dekretuak, Teknologia Garbien Euskal Zerrendaren erregulazioa ezartzen duenak, aipatutako teknologia guztiak.
Pertsona juridiko eskatzaileek enpresa txiki edo ertaina direla egiaztatzea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan, mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzkoan, ezarritakoaren arabera.
Inbertsioa egiten den kokalekuak ingurumen-kudeaketako sistemen baliozko ziurtagiriak badituela egiaztatzea.
Agindu honen 6. artikuluan bildutako esleipen-irizpideak, eskatzailearen jarduerak eragindako kutsadura eta bestelako ondorio kaltegarriak murriztu edo desagerrarazteko inbertsioei aplika dakizkiekeenak, guztira 100 punturekin ponderatuko dira eta jarraian adierazitako gehieneko puntuazioaren arabera banatuko dira:
Industria-jarduerak ingurumenean duen eragina eta industria-jardueraren eragin-eremuan gauzatuko diren ingurumen-arloko planak egotea:
Aginduko lehentasunezko sektoreak 5
Ingurumen-hobekuntzako planari egindako ekarpena 5 10 puntu
Aurreikusitako inbertsioak ingurumenean egingo duen hobekuntza:
Hobekuntzaren izaera 5
Kuantifikazio absolutua 20
Kuantifikazio erlatiboa 15 40 puntu
Inbertsioak egitea apirilaren 2ko 79/409/EEE Zuzentarauko eta maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauko zona sentikorrei eta ekainaren 30eko 16/1994 Legean definitutako espazio natural babestuei eragiten dieten instalazioetan:
Ingurunearen izaera 5 5 puntuak
Proiektuaren koherentzia eta kalitatea:
Proiektuaren justifikazioa 5 5 puntu
Proiektuaren izaera ekoberritzailea:
Izaera ekoberritzailea 10
Beste arlo batzuetan erabiltzeko aukera 5 15 puntu
2003ko maiatzaren 6ko Gomendioaren arabera ETE edo mikroETE gisa sailkatzen diren enpresak:
Enpresa txikiak 15
Enpresa ertainak 10 15 puntu
Ingurumen-kudeaketako sistemak:
EMAS edo Ekoscan Plus 10
Ekoscan edo ISO 14001 5 10 puntu
Guztira 100 puntu
Ez dira diruz lagunduko gutxienez 55 puntura iristen ez diren eskabideak.
Inola ere ez dira gaindituko urriaren 19ko 260/2010 Dekretuan ezarritako gehieneko portzentajeak.
Prozedura arruntean, honako hauen arabera zehaztuko da zenbatekoa:
Proiektuaren puntuazioa, aurreko artikuluan adierazitako irizpide teknikoen ponderazioa aplikatuta.
Proiektuen inbertsioen zenbateko garbiak.
Eskabide guztietarako egindako banaketa proportzionala.
Diru-laguntzek inola ere ezingo dute berrehun mila (200.000) euro baino gehiagokoak izan proiektu eta produkzio-zentro bakoitzeko.
Era berean, ez dira diruz lagunduko aurreko artikuluan esandako puntuazio minimoa gainditu bai baina hiru mila (3.000) euro baino gutxiagoko diru laguntza lortu duten proiektuak.
Prozedura erraztuetan, honako hauen arabera zehaztuko da zenbatekoa:
Proiektuen inbertsioen zenbateko garbiak.
Lerro bakoitzean erabilgarri dagoen aurrekontuaren esleipenaren eta diruz lagundu beharreko proiektuen kopuruaren arteko zatiketa.
Diru-laguntzek inola ere ezingo dute bost mila (5.000) euro baino gehiagokoak izan proiektu eta produkzio-zentro bakoitzeko, E3L 3.0 lengoaia hartuz edo E3S 3.0 negozio-zerbitzuak garatu edo ezartzeko, ERP egokitzeko laguntzak salbuetsia, kasu horretan gehieneko zenbatekoa zazpi mila eta bostehun (7.500) euro izango baita proiektu eta produkzio-zentro bakoitzeko.
Balorazio Epaimahaiak eskatzaileak adierazitako inbertsio garbia egokitu ahal izango du, erakunde eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioa eta datuak nahiz merkatuko batezbesteko balio/prezioaz eta erabilgarri duen gainerako informazioaz baliatuta. Erakunde eskatzaileak aurkeztutako inbertsio garbiaren eta Balorazio Epaimahaiak egindako inbertsio garbiaren kalkuluaren arteko diferentzia % 50 baino handiagoa izango balitz, Balorazio Epaimahaiak erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio inbertsio garbiaren inguruan egindako kalkulua, bai eta hori zehazteko kontuan izandako datuak ere, eta 10 eguneko epea emango dio, hala badagokio, egoki deritzen alegazioak aurkezteko.
Ingurumena babesteko inbertsioak egiteko enpresei zuzendutako diru-laguntzen deialdi honetarako aurrekontuko diru-dotazioa, guztira, bi milioi bederatziehun eta bost mila eta berrogeita bost euro eta laurogeita hamar zentimokoa (2.905.045,90) izango da.
Milioi bat zortziehun eta berrogeita hamabost mila berrogeita bost euro eta laurogeita hamar zentimo (1.855.045,90) prozedura arruntaren bidez esleitutako proiektuetarako.
Milioi bat eta berrogeita hamar mila euro (1.050.000) prozedura erraztuaren bidez esleitutako proiektuetarako.
Prozedura erraztuan, lerro eta azpilerro desberdinetarako dotazioa honela banatuko da:
ETEen ingurumen alorreko kanpo-aholkularitzako zerbitzuetarako laguntzen esparruan:
EMAS: berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euro.
Ekodiseinua eta ekoetiketa: berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euro.
ERP egokitzea E3L lengoaia hartuta edota E3S 3.0 web-zerbitzuak baliatuta: bostehun mila (500.000) euro.
Arauak gainditzera zuzendutako inbertsioekin lotura zuzena duten ingurumen-azterlanetarako laguntzak: berrogeita hamar mila 50.000 (euro).
Eskabiderik ez dagoelako edo daudenek baldintzak betetzen ez dituztelako adierazitako prozedura edo lerroren baterako esleitutako zenbatekoa agortuko ez balitz, soberakina beste esleipen-prozedura edo -lerro bati esleitutako zenbatekoari gehitu ahal izango zaio.
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoaren arabera; bestela ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat.
Agindu honen 9. artikuluan jasotako zenbateko osoa nahiz bertan adierazitako esleipen-prozedura bakoitzaren esleipena gehitu ahal izango dira, eskatutako laguntza guztien zenbateko osoa kontutan izanik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera. Zenbatekoa aldatzen bada, Ingurumeneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da argitara.
Enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak emateko deialdi honetan ez da ordainduko dirulaguntzarik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak egiaztatu arte laguntza araubide honi buruzko Europako Batzordearen erabakia jaso duela.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 20a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza,
Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


