Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko urriaren 20koa, Kulturako sailburuarena, euskarazko hedabideetan hobekuntza-azterketak egitea helburu duten egitasmoei zuzenduriko diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia egiten duena (HEHOBA deialdia). - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko urriaren 20koa, Kulturako sailburuarena, euskarazko hedabideetan hobekuntza-azterketak egitea helburu duten egitasmoei zuzenduriko diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia egiten duena (HEHOBA deialdia).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 208
  • Hurrenkera-zk.: 4994
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/10/20
  • Argitaratze-data: 2010/10/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak; Garraio eta herri lanak; Hezkuntza
  • Azpigaia: Herri Administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuak aldatu duenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 15. artikuluak Kultura Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena (EHAA, maiatzaren 9koa, 86. zk.).

Bestetik, 25/2006 Dekretuak, otsailaren 14koak, Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 14.2.e) artikuluan (EHAA, martxoaren 1ekoa, 42. zk.): Euskararen Erabilpena Arautzen duen 10/1982 Oinarrizko Legea eta gainerako xedapen osagarriak modu egokian gara eta bete daitezen begiratzea, betiere beste administrazio-organo batzuek bereziki esleituta dauzkaten egitekoak urratu gabe.

Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21, Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabideen sustapenari ekin izan dio azken urteotan, besteak beste, urteko izaera duen laguntza-deialdi bat argitaratuz. 2010. urteari dagokiona Kultura sailburuak 2010eko ekainaren 3an emandako Aginduaren bidez argitaratu zen (EHAA, 2010eko ekainaren 4koa, 105. zenbakia).

Euskarazko hedabideak indartu eta sendotze aldera egindako laguntza-deialdi horri kalterik egin gabe, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak neurri osagarriak hartu zituen, betiere euskarazko hedabideak indartu eta sendotzeko eta, aldi berean, euskarazko hedabideen kontsumitzaile diren pertsonen informazio-premiak asetzeko. Neurri horietako bat honako hau izan zen: euskarazko hedabideetan hobekuntza-azterketak egitea helburu duten egitasmoak laguntzea (HEHOBA deialdia).

Neurri horrek duen garrantzia dela-eta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak HEHOBA deialdiari segida ematea beharrezkotzat jo du.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

Agindu honen xedea honako hau da: euskarazko hedabideetan hobekuntza-azterketak egitea helburu duten egitasmoei zuzenduriko diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia egitea (HEHOBA deialdia).

  1. HEHOBA deialdiaren xedea honako hau da: euskara hutsezko hedabideetan egin beharreko hobekuntza-azterketen gauzatze-lanak ahalbideratzea.

  2. Hobekuntza-azterketa horiek, gutxienez, honako alderdi hauetakoren bat izan behar dute aztergai:

    1. Hedabidearen planteamendua digitalizazioaren inguruan.

    2. Hedabideari zuzenduriko hobekuntza-proposamenak identifikatzea.

    3. Hedabideari buruzko hausnarketa estrategikoa.

    4. Hedabideari buruzko lan-ildo berrien potentzialitatea eta egingarritasuna lantzea.

    5. Hedabidearen posizionamenduaren eta hartzaile potentzialarekiko harremanaren diagnosia egitea.

    6. Hedabidearen merkatuari dagokion azterketa.

    7. Hedabidearen finantzaketa propioa hazteko proposamena lantzea.

  1. HEHOBA deialdiaren diru-laguntzen xede dira Kulturako sailburuaren 2010eko ekainaren 3ko Aginduaren III. Kapituluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten hedabideen gainean egiten diren hobekuntza-azterketak. Aipatu agindu horren bidez, 2010ean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatutako programen kontura diru-laguntzak ematea arautzen da (2010eko ekainaren 4ko EHAA, 105. zk.). (EHAA, 2010eko ekainaren 3koa, 105. zk).

  2. Hedabide horiek bi multzotan banatzen dira Agindu honi dagokionean:

    1. Toki aldizkariak eta toki telebistak.

    2. Gainontzeko hedabideak.

  3. Multzo bakoitzean, gehienik ere, azterketa-kopuru jakina diruz lagunduko da. Honako hau hain zuzen ere:

    1. Toki aldizkarien eta toki telebisten kasuan, gehienik ere, lau (4) azterketa.

    2. Gainontzeko hedabideen kasuan, gehienik ere, bi (2) azterketa.

  4. Laguntza-deialdi hau aipaturiko hedabideen jabe diren pertsona juridiko pribatuei zuzendurik dago.

  5. Hedabide bat baino gehiago argitaratzen duen pertsona juridiko pribatuen kasuan, hauek hedabide horietako batentzat baino ez dute eskatzerik izango.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko.

  7. Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu:

    1. Euskarazko hedabideak hobetzeko azterketak egite aldera, diru-laguntzak emateko modua arautu eta deia eginaz Kulturako sailburuak 2009ko abuztuaren 11n emandako Aginduaren ondorioz diruz lagundutako egitasmoak (irailaren 23ko EHAA, 183. zk.).

    2. Laguntza-deialdi honetan sarbiderik izan arren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2010ean, Agindu hau argitaratu aurretik, diruz lagundutako egitasmoak.

    3. Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren baten edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen baten menpe daudenak, ezta Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Amaierako Seigarren Xedapenean ezarritakoetan ere.

    4. Laguntzak «de minimis» dira. Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudia aintzat hartuta, begiz jotako laguntzek ez diote Estatuen arteko merkataritzari eragiten eta ez dute lehiarako kalte edo mehatxurik sortzen. Dena den, eskatzaile batek 3 ekitalditan (2008an, 2009an eta 2010ean) halako laguntzetan jaso dezakeen kopuruak ezin du, inondik inora, 200.000 euroko muga gainditu.

    5. Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoren adierazten diren estatu laguntza erregimenaren bidez legez kanpoko eta bateraezinak diren diru-laguntzak jaso dituzten erakundeak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 eta CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 eta CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II eta Bizkaia III ( CR 52/99, CR 54/99 eta CR 60/00), baldin eta jasotako diru-laguntza eta dagozkion interesak bloketatutako diru-kontu batera itzuli ez badituzte.

Deialdi honek 2010ean hasi eta bukatuko diren hobekuntza-azterketak hartuko ditu gogoan.

Begiz jotako xedeari aurre egiteko, orotara laurogeita hamar mila (90.000) euro erabiliko da.

  1. Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzek honako gastu hauek hartuko dituzte gogoan:

    1. Enpresa espezializatuek laguntza-eskatzaileei egindako hobekuntza-azterketek eragindako gastuak.

    2. Azterketa horiek bideratze aldera laguntza-eskatzaileak koordinazio-lanetan jarritako pertsonaren gastuak estaliko dituzte. Pertsona horren gastuak ez dira gastu-aurrekontu osoaren % 10 baino handiagoak izango.

  2. Aurreko horiekin zerikusia ez duten gainontzeko gastuak ez dira aintzakotzat hartuko.

  3. Azterketa-egitasmo orok gastu- eta sarrera-aurrekontu orekatua izango du.

  4. Azterketa-egitasmo orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izango du.

    1. Toki aldizkarien eta toki telebisten kasuan, gastu-aurrekontuaren % 20koa.

    2. Gainontzeko hedabideen kasuan, gastu aurrekontuaren % 35ekoa.

  5. Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko diru-laguntza ez da eskatutako kopurua baino handiagoa izango. Edozein kasutan ere, egitasmo bakoitzari esleituko zaion diru-laguntza, gehienez ere, hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.

  6. Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira diru publiko zein pribatuaren kargura helburu bererako eman daitezkeen beste diru-laguntzekin, betiere, Agindu honen bidez lagundutako azterketak gain finantzaketarik ez badu.

  7. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 19. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gain finantzaketarik gertatu dela ikusten bada, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 20. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gain finantzaketa bestekoa izango da.

Honako deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

Agindu honek arauturiko laguntza-deialdian parte hartu nahi duen orok hilabeteko epea izango du eskabide-orria aurkezteko. Epe hori Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita zenbatuko da.

  1. Laguntza-mota honetara jo nahi duen entitate eskatzaileak Agindu honen I. eranskinean jasotako eskabide-orria behar bezala bete behar du eta, entitate eskatzailearen legezko ordezkariak adostasuna izenpetu ondoren, finkatutako epean eta moduan aurkeztu.

  2. Eskabide-orriarekin batera honako agiri hauek ere aurkeztu beharko ditu, ezinbestean, entitate-eskatzaileak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroan dauden fundazioak edo elkarteak badira, Erregistroko ziurtagiri eguneratua, gehienez ere, eskabidea aurkezten den baino hiru (3) hilabete lehenagokoa delarik. Gainerako kasuetan, eratze-eskrituraren eta entitateko estatutuen fotokopia, eta dagokion Erregistro Publikoan inskribatuta dagoela egiaztatzea.

    2. Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren NANaren fotokopia eta lege-ahalmena duela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua.

    3. IFZaren fotokopia.

    4. Zerga-betebeharrak kitatuta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua, gehienik ere hiru (3) hilabete lehenago egindakoa.

    5. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dituela adierazten duen ziurtagiri eguneratua, gehienik ere hiru (3) hilabete lehenago egindakoa.

    6. Egokitzat jotzen den beste edozein informazio osagarri.

  3. Aurreko puntuan zehaztutako a), b) eta c) ataletako agirietakoren bat edo gehiago Administrazio honetan lehenago ere aurkeztua izan bada, eta ordutik bost (5) urte igaro ez badira, entitate eskatzaileak ez du nahitaez berriro aurkeztu behar izango. Nahikoa du delako agiri hori zein egun, organo edo bulegotan aurkeztu duen Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari adieraztea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluan agindutakoari jarraituz. Zeregin horri ekin behar izatekotan, honako Agindu honi lotutako I.B eranskina bete eta aurkeztu behar da.

  1. Eskabide-orria eta agiriak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari zuzenduko zaizkionak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38.4 artikuluan aurre ikusitako tokietakoren batean aurkeztuko dira.

  2. Zuzenean egin nahi izatekotan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren honako helbide hauetakoren batean aurkeztuko da:

    1. Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

    2. Bizkaiko Kulturako Lurralde Unitatea, Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao.

    3. Gipuzkoako Kulturako Lurralde Unitatea, Andia kalea 13, 20008 Donostia-San Sebastián.

  3. Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide honi ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jarri diezazkion.

Eskatzaileak aurkeztutako eskabide-orrian zein agirietan hutsik edo akatsik antzemanez gero, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak hamar egun baliodun emango dio eskatzaileari akatsa zuzendu edota gabezia osa dezan. Epe hori igaro eta egin beharrekoak egin ez badira, interesdunak eskaeran atzera egin duela ulertuko da. Hori dela-eta, dagokion ebazpena hartuko da.

  1. Ebazpen-proposamena lantze aldera, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak, entitate eskatzaileak aurkeztutako eskabide-orrian zehaztutako aurrekontua eta egindako diru-eskabidea hartuko ditu erreferentziatzat.

  2. Jarraian, egitasmo bakoitzari dagozkion puntuak jarriko ditu. Puntuok 13. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideen arabera finkatuko dira.

  3. Egitasmo bakoitzari emandako orotariko puntuek gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute.

  4. Diruz lagunduko diren azterketa-kopuruaz 3.3 artikuluan finkaturiko mugapenaren ondorioz, multzo bakoitzean gehien lortu duten egitasmoak baino ez dira diruz lagunduko. Hau da: toki aldizkarien eta toki telebisten kasuan puntu gehien lortu duten lau (4) azterketak baino ez dira lagunduko; gainontzeko hedabideen kasuan, puntu gehien lortu duten bi (2) azterketak baino ez dira lagunduko.

  5. Esleitu beharreko kopurua zehazteko orduan, 6.4 eta 6.5 artikuluetan finkatutako mugak gordeko dira.

  1. Eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako Balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:

    1. Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere hogeita hamar (30) puntu.

    2. Egitasmoaren kalitatea eta bideragarritasuna: gehienez ere hogeita hamar (30) puntu.

    3. Genero-ikuspegiak duen integrazioa: gehienez ere hamar (10) puntu.

    4. Egitasmoaren garapenerako zehaztasun maila: gehienez ere hogeita hamar (30) puntu.

  2. Aurreko atalean aipaturiko balorazio-irizpide bakoitzari dagozkion puntuen zehaztapena berariaz prestatutako taula batean jasoko da. Taula hori Balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio.

  1. Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, berariazko Balorazio-batzorde bat osatuko da.

  2. Balorazio-batzordea honako pertsona hauek osatuko dute:

    1. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru eginaz. Bere ordezkoa: Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaria.

    2. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendaria. Bere ordezkoa: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria.

    3. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri Administrazioetan Euskara Normalizatzeko zuzendaria. Bere ordezkoa: Kultura Saileko prentsa aholkularia.

    4. Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko (HABE) zuzendaria. Bere ordezkoa: Kultura Saileko Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria.

    5. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Dokumentazio eta Informazio Zerbitzuaren arduraduna. Bere ordezkoa: Zuzendaritza bereko Estandarizazio Zerbitzuko arduraduna.

    6. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du baina ez botorik.

    7. Behar den bakoitzean, Balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die kanpoko adituei.

  3. Batzorde horrek, deialdian zehar finkaturiko irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landu eta aurkeztuko dio Hizkuntza Politikarako sailburuordeari, honek, zuzen eta bidezkoa joz gero, behin betiko ebazpena har dezan.

  4. Ebazpen-proposamenak, gutxienik, honako atal hauek izango ditu:

    1. Deialdian finkaturiko baldintzak bete ez izanagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertu izanaren zioa.

    2. Diruz lagunduko azterketak: diru-laguntza eta lortutako puntuak, osotara eta atalka.

  1. Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak esleitzeko Ebazpena emango du. Ebazpen hori, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta, beranduenik, bi hilabeteko epean emango du eta, aldi berean, interesdunei jakinaraziko die.

  2. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

  3. Ebazteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  4. Laguntza-eskatzaileren bat hartutako Ebazpenarekin ados ez bada eta gora jo nahi badu, Ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean gorako errekurtsoa egiteko aukera izango du Kulturako sailburuaren aurrean.

  1. Diru-laguntzaren onuradunak, baldin eta laguntza eskuratu nahi badu, esleitutako diru-laguntza onartu egin behar du. Ondorioz, diru-laguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean diru-laguntza onartu egin duela adieraziko dio idatziz esandako Zuzendaritzari. Horretarako II. eranskina bete beharko da.

  2. Onarpen-agiria esandako epean aurkeztu ez izana onuradunak laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunak honako betebehar hauek izango ditu:

  1. Diru-laguntza eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabiltzea.

  2. Eskabide-orrian begiz jotako egitekoak bere osotasunean gauzatzea.

  3. Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

Agindu honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi une jakinetan egingo da:

  1. Lehenengo unean, diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita hamabosta (% 75) ordainduko da, diru-laguntza jasotzea onartzen den egunean hasi eta, beranduenik, bi hilabeteko epean.

  2. Bigarren unean, hala badagokio, gainerako kopurua (% 25) ordainduko da, diru-laguntza justifikatzeko agiriak jaso eta ontzat eman ondoren eta handik hilabeteko epean.

  1. Hizkuntza Politikarako sailburuordearen Ebazpenaren ondorioz diruz lagundutako azterketa bakoitzeko onuradunak eskabide-orrian begiz jotako gastu guzti-guztien justifikazioari ekin beharko dio ezinbestean, edozein delarik ere, esleitutako diru-laguntza.

  2. Justifikazioa egiteko epea, beranduenik, 2011ko otsailaren 28an bukatuko da.

  3. Honako hauek dira justifikatze aldera aurkeztu beharrekoak:

    1. Diruz lagundutako azterketari buruzko txosten zehatza.

    2. Diruz lagundutako azterketari dagokion behin betiko aurrekontu orekatua (gastuak eta diru-sarrerak) (III. eranskina).

    3. Gastuen jatorrizko justifikazio-agiriak edo horien fotokopia egiaztatuak. Egiaztapenak tokian tokiko Kulturako Lurralde Unitatean edo Kultura Sailaren egoitza nagusian egin beharko dira.

  1. Diru-laguntza emateko orduan kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen Ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira.

  2. Diru-laguntzaren gastuak justifikatzeko asmoz bidalitako agiriak aztertu ondoren, bigarren ordainketa gutxitu edo hura bertan behera utzi beharra gertatuz gero, eta, hala badagokio, jasotakoa, osorik nahiz haren zati bat, dena delako arrazoiarengatik, Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar izanez gero, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bakarkako Kitapen-ebazpena emango du. Ebazpen hori justifikazio-agiriak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean emango du.

  3. Diru-itzulketari ekin behar izanez gero, onuradunak jakinarazpen idatzia jasotzen duen unean hasita bi hilabete izango du itzulketari ekiteko.

  4. Goian aipaturiko horiek abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak bere Bigarren idazpuruan adierazitakoari jarraituz egingo dira.

  1. Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:

    1. Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, Agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.

    2. Agindu honetan edota diru-laguntza emateko orduan ezarritako egitekoak eta onuradunari jarritako betebeharrak ez betetzea.

    3. Hala badagokio, Kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.

    4. Beste xedapen batean, orokorrean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.

  2. Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.

Lehenengoa. Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena. Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak minimis izeneko laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

Hirugarrena. Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

Laugarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 20a.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik