- AGINDUA, 2010eko azaroaren 2koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikertzaileak hobetzeko eta mugitzeko programetarako deia egiten duena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko azaroaren 2koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikertzaileak hobetzeko eta mugitzeko programetarako deia egiten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 226
- Hurrenkera-zk.: 5559
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/11/02
- Argitaratze-data: 2010/11/24
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ustez, ikertzaileentzako hobekuntza- eta mugikortasun-programak tresna egokia dira komunitate zientifiko eta teknologikoa prestigio handiko ikertzaileekin harremanetan jartzeko eta unibertsitateko irakasleen ezagupenak eguneratzeko.
Kontuan hartu da Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).
Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.
Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak 2007ko apirilaren 26an emandako Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta,
Horren ondorioz,
Agindu honen xedea da ikerketa-zentroetan aldi batean egoteko laguntzetarako deialdia egitea norgehiagoka-erregimenean, I+G+b jarduerei lotutako irakasleen eta ikertzaileen (PDIen) mugikortasun geografikoa bultzatzeko eta ikerketa-taldeen gaitasuna eta lehiakortasuna hobetzeko.
Programa honek bi azpiprograma ditu:
B.1. Egonaldi luzeak: modalitate honen barruan, onuradunak talde hartzailearen ikerketa alorreko proiektu bat garatu beharko du egonaldiak irauten duen bitartean.
B.2. Egonaldi laburrak: modalitate honetan honako ekintzak sartzen dira, besteak beste: teknika zehatzak ikastea, kalitate handiko ikastaroetara joatea, lan bereziak egiteko egonaldiak eta goi-mailako harreman zientifikoak bideratzeko bestelako egintzak.
Mugikortasunezko egonaldian egin beharreko proiektuak deialdi honetako modalitate bakoitzerako adierazitako xedera egokitu beharko dira.
Proiektuek printzipio hauek errespetatu beharko dituzte:
Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, giza genomari eta giza eskubideei buruzko Unescoren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.
Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea eragiten duten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan, araututakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira giza enbrioia jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.
Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.
Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den legezko araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan, ezarritakoa.
Bestalde, genetikoki eraldatutako organismoak erabiltzea xede duten proiektuek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: apirilaren 25eko 9/2003 Legea, genetikoki eraldatutako organismoak modu itxian erabiltzeari, nahita askatzeari eta komertzializatzeari buruzkoa, eta urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua, hori garatzen duen erregelamendu orokorra onartzen duena.
Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan, eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoak edukitzeari dagokionez izan daitezkeen arriskuak direla-eta.
Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Landaretegiko Haziei eta Landareei nahiz Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.
Destinoko zentroa izateko, beharrezkoa izango da zentroek ikerketa-funtzioak esleituta edukitzea, bai eta aitortutako prestigio akademikoa eta ikerketa-arlokoa izatea lanbide-eskaeran aurkeztutako proiektuaren esparru zientifikoan, horrek guztiak berma dezan lortu egingo direla proiektuaren helburuak, bai zientifikoak bai hobekuntza profesionalaren arlokoak.
Destinoko zentroek, betiere, berekin ekarriko dute hautagaiak nahitaez eta iraunkorki beste bizileku bat behar izatea, eman zaion mugikortasun-aldi guztian.
Destinoko zentroak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egongo dira.
Agindu honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko 240.000 euro jarriko dira. Horietatik, 140.000 euro 7.1 artikuluan adierazitako lehen aldian hasten diren egonaldietarako erabiliko dira, eta, gainerakoa, 100.000 euro, bigarren aldian hasten diren egonaldietarako. Lehenengo deialdiko ebazpenean geldikinik izanez gero, bigarren deialdirako izendatutako kredituari gehituko zaio.
Laguntza horiek finantzatzera zuzendutako diru-kopurua handitu ahal izango da deialdia ebatzi baino lehenago deialdi bietan, indarrean dagoen legerian aurreikusita dauden kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen bitartez. Aldatuz gero, horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak dira deialdi honen erakunde onuradunak, agenteon kategoria gorabehera, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera (221/2002 Dekretua, 2002ko urriaren 7ko EHAA 190. zk., Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituena).
Edozelan ere, entitate onuraduna izango da izangaia integratzen duen eta nortasun juridiko propioa duen entitatea.
Eskabidean eta deialdiaren ebazpenean beren beregi izendatuta agertzen diren jardueretarako eta ikertzaileentzat baino ez dituzte erabiliko laguntzak erakunde onuradunek.
Ezin izango dira onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko bide penaletik edo administratibotik zigortuak edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean dauden erakundeak, ezta sexu-diskriminazioaren ondorioz zigortuak izan direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Gizonen eta Emakumeen Berdintasunaren aldekoaren azken xedapenetatik seigarrenean arabera.
Laguntzen ezaugarriak.
Egonaldiek 2011ko apirilaren 1etik 2012ko martxoaren 31ra bitarte hasi beharko dute.
B.1 azpiprogramako egonaldiak, gutxienez, bi hilabetekoak izango dira eta, gehienez ere, hamabikoak. B.2 azpiprogramek, gutxienez, aste bi iraungo dute eta gehienez ere lau aste.
Egonaldiak emate-ebazpenean adierazitako egunetan hasi beharko du. B.1 modalitatean, salbuespen gisa eta egonaldia hasi baino lehen, egonaldia hasteko eguna atzeratzeko eskatu ahal izango da. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak aztertuko du egonaldiak atzera daitezkeen, eta onartu ahal izango ditu, salbuespentzat jotzen baditu. Egonaldia hasteko data berria inoiz ere ezingo da izan 2012ko martxoaren 31tik aurrerakoa.
Proiektu bat zentro batean baino gehiagoan egin ahal izango da; hala ere, ondoz ondoko zentro horiek hiru izan beharko dute gehienez ere. Eskatutako zentroetako egonaldiak bete jarraitua, etenik gabekoa izan beharko du.
Izangai den PDI bera zenbait proiekturekin lehiatzen bada, eskaeretako bakar bati baino ezingo zaio eman laguntza.
Hutsegiteak, aldaketak, etenak eta ukoak.
Zentro hartzaileko egonaldiek etenik gabekoak izan behar dute, eta proiektuari lotutako arrazoiengatik gertatzen den edozein hutsegite edo ez agertze (betiere talde hartzaileko arduradunaren adostasunarekin gertatuta) jakinarazi egin beharko zaio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari erakunde onuradunaren bidez, ez agertzeko arrazoiak eta hura zer egunetan gertatuko den zehaztuta.
Arrazoiak justifikatuta badaude, baimena eman ahal izango da egonaldia tarte batez eteteko, betiere egonaldia, guztira, ez bada erabakitako gutxienekoa baino laburragoa. Etenaldia (gehienez ere hiru hilabete) berreskuraezina izango da.
Etenaldia egiteko eskaera entitate onuradunaren bitartez aurkeztuko da, eta talde hartzaileko ikertzaile arduradunaren adostasunezko txostena izan beharko du.
Diru-laguntzak emateko hasierako baldintzetan eta egonaldiak egiteko epeetan gertatzen den edozein aldaketak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimena jaso beharko du. Aldaketa-eskabidea erakunde onuradunaren bidez aurkeztu beharko da, eta zentro hartzailearen adostasuna jaso beharko du. Eskaerok beti behar bezala arrazoituta egon beharko dute, bai eta, hala egokituz gero, dokumentatuta ere. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bidezkotzat jotzen dituen txostenak eskatu ahal izango ditu proposamen egokia egiteko. Aldaketek ezingo dituzte funtsean bestelakotu emakidaren baldintzak, ez egonaldia hasteko epeetan, ez eta egonaldiari, proiektuari, ikertzaileari eta zentro hartzaileari dagozkienetan ere, behar bezala egiaztatutako salbuespenezko kausak egon ezean.
Erakunde onuradunak laguntza jasotzeari uko egitea jakinarazi beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari, uko egitea gertatu baino lehen.
Izangaiak.
Izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:
Kreditutako lan-harremanean aktibo izatea.
Laguntza eskatzen denean doktore izatea.
Erakunde onuradunen lanpostu-zerrendan kontratu mugagabea izatea, bi urteko antzinakotasunaz.
B.1 modalitateko eskakizunetan (egonaldi luzeak), PDIk ez du lortua izango inolako laguntzarik, ez programa honetatik, ez antzeko ezaugarriak dituen beste edozeinetatik, hamar hilabetetik gorako aldi metatu batean, 2008ko urtarriletik kontatzen hasita. Egindako/lortutako egonaldien aldi metatua 10 hilabetekoa edo laburragoa bada, laguntza eskatu ahal izango da, baina 12 hilabetera arteko gainerako hilabeteen kopuruagatik baino ez. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren ikertzaileak egiten badu edo ematen bazaio laguntza-eskaeran jakinarazita ez dagoen ikerketa-egonaldi bat, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eman beharko dio horren berri. Aldi horren kalkuluak, hala egokituz gero, emandako aldia laburtzea ekarri ahal izango du, bai eta hautagaia izateko aukera galtzea ere.
Euskal Herriko Unibertsitateko PDIek laguntza horiek jaso ahal izango dituzte, betiere ikerketa-talderen batean badaude eta talde horrek jaso eta indarrean badu «A» edo «B» taldea delako aitorpena, EAEko unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak babesteko laguntzetarako deialdiari dagokion ebazpen bidez(*).
(*) 2007-10-30eko Ebazpena, 228 zk.ko EHAA, 2007-11-27koa, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena, eta 2010-04-22ko Ebazpena, 83. EHAA; 2010-05-6koa, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearena.
Baldintza guztiek beteta egon beharko dute eskaera egiten denean, eta beteta jarraitu beharko dute egonaldia hasten den egunean. Izangai den pertsonaren eta entitate eskatzailearen arteko lan-loturak egonaldia bukatu arte iraun beharko du.
Laguntzen zenbatekoa.
Eskatzaileentzako laguntza 1.600 eta 2.200 euro bitartekoa izango da. Kontuan hartuta Barne Produktu Gordinari buruzko datuak (BPG per capita $ ppp), herrialdeetakoak, Nazioarteko Diru Funtsekoak, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den momentuan. Hilabetetik beherako egonaldietarako dotazioak, berriz, proportzio-arauaren bidez zehaztuko dira.
Laguntza gehigarri bat ezarri ahal izango da, bestalde, jatorrizko ikastetxetik helburu-ikastetxera eta alderantziz egiten diren joan-etorrietarako. Bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, honako taula honi begiratuko zaio:
Irteten den lekutik helmugarainoko distantzia Bidaia-gastuetarako laguntza
000 km arte 300 euro
001-2.500 km 600 euro
501-11.000 km 1.000 euro
000 km baino gehiago 1.200 euro
Sei hilabetetik gorako egonaldietarako, bikoiztu egingo da aurreko taula hori aplikatuta joan-etorrietarako irteten den laguntza. Bidaia egiteko bisatua izapidetu behar izanez gero, 300 euroko diru-osagarri bat emango da.
B.2. azpiprogramaren kasuan, astean 600 euroko ordainsariak ezartzen dira. B.1 motako diru-laguntzaren baldintza berak izango ditu.
Deialdi honek finantzaturiko jardueretan parte hartuko duten entitate onuradunen PDIek istripu eta osasun-laguntza asegurua izango dute. Interesatuaren ezkontidea eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin eta onuradunak eskatuz gero, aseguru hori eurentzat ere luzatu ahal izango da. Aseguru hori antolamendu juridikoak edozein frogagirien bitartez onartutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.
Eskabidea eta gainerako agiriak aurkezteko epe hauek jartzen dira:
Hilabeteko epea izango da 2011ko apirilaren 1etik irailaren 30a bitartean hasten diren egonaldietarako, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2011ko urriaren 1etik 2012ko martxoaren 31 bitartean hasten diren egonaldietarako, berriz, epea 2011ko ekainaren 1ean amaituko da.
Eskabideak eta gainerako agiriak helbide honetan aurkeztu beharko dira:
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Zientzia Politikarako Zuzendaritza
Erreferentzia: Ikertzaileak hobetzea eta mugitzea
Donostia kalea, 1
01010 Vitoria-Gasteiz
Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideen bitartez ere bidal daitezke (Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).
Eskabideekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
Eskabide orria, 1. inprimaki normalizatua erabilita; izangaiaren zinpeko aitorpena jaso beharko da, jarduera hori finantzatzeko beste inolako diru-laguntzarik ez duela adierazteko.
Erakunde onduradunaren legezko ordezkariak (laguntza-eskatzaileak) eta hautagaiak sinatu beharko dute eskabidea. Ondorio horietarako, eta unibertsitatetik datozen eskabideen kasuan, Ikerketa erretoreordeak sinatuta bidali beharko da eskaera-orria. Ikerketa erretoreorderik ez badago, kargu baliokide batek sinatu beharko du.
2. inprimaki arautua. Izangai den PDIaren datu pertsonalak eta egin behar duen egonaldiari buruzkoak.
3. inprimaki arautua. Egin beharreko ikerketaren eta jardueren proiektuari buruzko memoria.
4. inprimaki arautua. Izangai den PDIaren adierazpena, zeinean jasotzen baita zer laguntza lortu dituen programa honetatik edo antzeko ezaugarriak dituen beste batetik 2008ko urtarrilaz geroztik, eta honako hauek ere adierazten baitira: programa, finantza-erakundea eta egindako egonaldiak.
Izangaiaren curriculum vitae-a, inprimaki arautuaren arabera.
Talde hartzailearen curriculum zientifikoa eta akademikoa, ikerketa-talde hartzailearen arduradunaren curriculum vitae-a barne.
Ikerketa-talde hartzailearen arduradunak izangaia, laguntza lortuz gero, bere taldean onartuko duelako konpromiso.
Eskatzaileak diru-laguntza jasotzen badu, erakunde onuradunaren legezko ordezkariak izangaiari lizentzia emateko konpromisoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak ez diren onuradunek zerga-betebeharrak ordainduta dituztela egiaztatu beharko dute, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoaren arabera (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.), bai eta uneko urteari dagokion eguneratzea ere.
Eskabidea izenpetzen duenak ikastetxearen legezko ordezkaritza duela egiaztatzeko agiria, zuzenbidearen arabera balioduna. Erakunde berak hainbat eskabide aurkezten baditu, nahikoa da agiri hori behin aurkeztea.
Deialdiaren testua eta eskabide-agiriak lortzeko interneteko helbidea: «http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net».
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa.
Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten; era berean, ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaeran atzera egin dutela esan nahiko duela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).
Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak: Zientzia Politikarako zuzendariak -buru izango da- eta Unibertsitate zuzendariak osatuko dute batzorde hori, eta Zuzendaritzako teknikari baten laguntza izango dute. Batzordeak laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena egingo dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.
Batzordeak eskabide bakoitzari buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie izangaiek diharduten arloetan itzal handia eta ebaluazioan esperientzia duten ikertzaileei.
Laguntzen esleipendunak hautatzeko, batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, denak ehuneko beraz baloratuta:
Hautagaiaren merezimendu zientifiko eta akademikoak.
Egin beharreko proiektuaren edo jardueraren interes zientifikoa eta bideragarritasuna, destinoko zentroa eta proposatutako egutegia kontuan hartuta.
Hautagaia sartuko den ikerketa-taldearen historial zientifiko-akademikoa.
Laguntza-eskabideak lehiaketa bidez ebatziko dira agiri honen 7. artikuluan jasotzen diren bi deialdietan. Horretarako, deialdi bakoitzean aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiak konparatuko dira, eta horien arteko lehentasuna ezarriko da 11. artikuluan aipatu diren irizpideak kontuan hartuta; balorazio altuena lortu dutenei baino ez zaie esleituko laguntza, agindu honen 4. artikuluan finkatzen den aurrekontu-kreditua agortu arte.
Emandako laguntzak esleitu eta interesatuei jakinaraztea, bai eta laguntzen zenbatekoak zehaztea ere, Batzorde Ebaluatzailearen proposamenez egingo da, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Ebazpen hori hiru hileko epean emango du, eskabideak aurkezteko epeak amaitu ondoren zenbatzen hasita.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesatuei, azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusten den eran. Aurreko atalean ezarritako epean ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsitzat jo beharko dituzte eskatzaileek.
Ebazpen horren aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.
Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betekizun hauek izango dituzte:
Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek beren-beregi eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.
Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.
Emandako diru-laguntzak ordaintzea eta beharrezko kopuruak aurreratzea, PDIek kargu-sariei dagokien zatia jaso dezaten destinoko zentroan hasten direnetik.
Gertatu eta gehienez ere 15 eguneko apean jakinaraztea zer alta izan diren destinoko zentroetan, zer jardueren etenaldi edo aldi baterako hutsegite gertatu diren, hala nola beste edozein gorabehera, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak haien berri izateko eta, hala egokituz gero, berariazko baimena emateko.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kontura eskuratutako diru-laguntzen gainekoa, eman beharko diete.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betekizun hauek izango dituzte:
Destinoko zentroan emate-ebazpenean adierazitako egunean hastea, eta egonaldia etenik gabe egitea, 6. artikuluan jasotako salbuespenak gertatu ezean.
Jarduerak deialdi honetan adierazitako arauen arabera egitea, bai eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lana gainbegiratzeko eta haren garapena ebaluatzeko erabaki ditzakeen arauak kontuan hartuta ere.
Destinoko zentroan hasi direlako ziurtagiria igortzea, bai eta beste edozein dokumentu igortzea ere, baldin eta, laguntza baliatzeko, eskatu egiten bazaie.
Egonaldi osoa egitea, dedikazio esklusiboko jarduerarako laguntzaren xedea lortzeko, bizilekua aldatzea, eta betiere harrerako zentroaren arauak errespetatzea.
Bateraezintasuna ekar dezakeen edozein jarduera edo laguntza jakinaraztea organo eskudunari, haren gaineko iritzia eman dezan.
Kide diren erakundeko legezko ordezkariari edo organo eskudunari jakinaraztea zer hutsegite edo eten egin dituzten, nahita edo nahi gabe eginda ere; jakinarazpena jasotzen duenak, gero, hura Zientzia Politikarako Zuzendaritzara helaraziko du.
Programa honen barruan egindako jardueren emaitzak argitaratzean edo zabaltzean, berariaz adieraztea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren finantzaketa jaso dela, Ikertzaileen Hobekuntza eta Mugikortasunerako Programen bidez.
Laguntzaren ordainketa erakunde onuradunaren alde gauzatuko da.
B.1 modalitatean, «kargu-sariei» dagokien laguntzaren zatia transferitu egingo da, erakunde onuradunak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan irakasle-ikertzailea zentro hartzailean hasi delako ziurtagiria aurkezten ondoren. Bidaia-gastuak 17. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu ondoren ordainduko dira.
B.2 modalitatean (egonaldi laburrak), 17. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu ondoren ordainduko da laguntza.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.4 artikuluan ezarritakoari jarraituz, diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzultze- edo zehatze-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.
Agindu honetan jasotzen diren laguntzen erakunde onuradunek justifikatu egin beharko dute diruz lagundutako ekintza gauzatu dutela. Horretarako, ekintza bukatu eta bi hilabeteren buruan, honako dokumentu hauek bidali beharko ditu Zientzia Politikarako Zuzendaritzara:
Egonaldiaren ziurtagiria, ikerketa-talde hartzaileko arduradunak egina, hasierako eta amaierako datuak berariaz adierazita.
Egindako lana deskribatzen duen txosten labur bat, argitalpenen, patenteen edo ikerketaren beste edozein emaitzaren erreferentzia jasoko duena, eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia izango duena.
Bidaia-gastuei dagozkien fakturak edo dokumentu baliokideak.
Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira eta ez-betetzerik ez badago, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen bat emanda, eta horrek hasierako ebazpena aldatuko du.
Egoki iritziz gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta horrez gain, emandako laguntzaren segimendua egiteko ardura emango dio zuzendaritza horri atxikitako pertsona bati edo batzuei, laguntza zertan erabili den ikusteko.
Laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako ematen diren diru-laguntzekin.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA). Testu horren 53. artikuluan ezartzen denez, erakunde onuradunak ezin izango du eskatu laguntza edo diru-laguntza ordaintzeko, eta, behar izanez gero, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko ditu, eta, laguntza edo diru-laguntza eman zenetik sortutako legezko interesak ordaindu, baldin eta:
Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.
Diru-laguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.
Egintza proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat etorri gabe garatzen badute, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, gastua proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin bat ez datorrela egiaztatzen badu.
Diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen badira, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxienezko betekizunak konplituz gero.
Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen baten bidez deklaratuko du laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurako izapideak bete beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.
Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, inprimakian jasotako datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan jasoko dira.
Eskabidea sinatu duten pertsona fisikoak ez diren hirugarren pertsonen datu pertsonalak fitxategi automatizatu horretan bertan jasoko dira eta, beraz, haiek halaxe jakinarazi behar diete datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.
Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak eta indarrean dagoen legeriak pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkien gainerakoak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan erabili ahal izango dira (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak 2007ko apirilaren 26an emandako Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen diren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011. urteko aurrekontu orokorretan.
Lehenengoa. Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.
Bigarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 2a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


