- AGINDUA, 2010eko azaroaren 3koa, Kulturako sailburuarena, «Kultura Bonoa» garatzeari eta sustatzeari buruzkoa. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko azaroaren 3koa, Kulturako sailburuarena, «Kultura Bonoa» garatzeari eta sustatzeari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 221
- Hurrenkera-zk.: 5436
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/11/03
- Argitaratze-data: 2010/11/17
Gaikako eremua
- Gaia: Kultura eta Kirola; Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Ogasun; Herri Administrazioa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Autonomia Estatutuaren 10.17 artikuluan xedatutakoaren arabera, eskumen osoa du Kulturaren arloari dagokionez, Konstituzioaren 149.2 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 15. artikuluak Kultura Sailari esleitzen dizkio, besteak beste, kultura-sustapenari dagozkionak, bai eta musika, antzerki, dantza, liburu, ikus-entzunezko eta arte bisualei dagozkienak ere.
Eskumen horiek Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari atxikita daude organikoki, halaxe dago-eta araututa Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren 11. artikuluan.
Arestian aipatutako otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, zehazki 11.3 artikuluko f) eta g) idatz-zatietan dioenez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren zereginak dira lehen aipatu ditugun arlo horietan kultura kontserbatzeaz, sortzeaz eta zabaltzeaz arduratzea, bai eta Euskadiko kultura-industriak garatzen laguntzea eta bultzatzea ere.
Alde horretatik, Euskadiren ekonomia biziberritzeko ekintzak garatzeko Eusko Jaurlaritzak duen egitasmoaren baitan, eta 2009. urtean lorturiko emaitza onak ikusirik, Kultura Sailak «Kultura Bonoa-Bono Cultura» programa berritu nahi du, alegia, arte- eta kultura-ekoizpenaren merkatua bultzatzeko ekimena, hain zuzen 2010-2011 Gabonetako kanpainan, Euskadin, aipaturiko kultura-produktu horiek suspertzeari begira.
Ondorioz, hauxe
Euskarri ezberdinetako kultura-produktuen erosketa lagunduko du diruz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, kultura-bono batzuen bidez (52.000). Bonook hautatutako finantza-entitatearen bitartez jarriko dira salgai, eta berorien bitartez erabiltzaileak bere diruaren balioa handitu ahal izango du, bai liburuak edo diskoak erosterakoan, bai museo batean bisita egiteko edo zinera, antzerkira edo kontzertu batera joateko.
Bono bakoitzak 25 euroko kostua izango du, baina 40 euroko balioa emango dio erabiltzaileari kanpaina honi atxikitzen diren establezimenduetan liburuak edo musika-euskarriak erosteko, edo museo eta zuzeneko ikuskizunetan edo bestelako ekitaldietarako sarrerak erosteko. Bono bakoitzaren 15 euroren diferentzia hori Eusko Jaurlaritzak ordainduko du.
Eraginkortasuna eta programaren gaineko kontrola bermatzeko, Kultura Sailak hautatutako entitate kolaboratzaileak txartel, multizerbitzu kutxazainen edo antzekoen bidez baino ezingo du kultura-bonoa saldu, nahiz eta, Eusko Jaurlaritzak berariaz baimenduz gero, bestelako biderik ere erabili ahalko den. Alde horretatik, kreditu-txartel bakoitzarekin kultura-bono bat baino gehiago erostea eragozten duten mekanismoak jarriko ditu entitate kolaboratzaileak, dela txartela blokeatuz dela bestelako prozeduraren baten bidez.
Aukeratzen den entitatea «entitate kolaboratzailetzat» joko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean xedatutakoarekin bat (Testu Bategina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen), eta testu bategin horretan eta hura garatzen duten xedapenetan diru-laguntzen kudeaketan kolaboratzaile diren entitateei begira aurreikusitako araubide juridikoa aplikatuko zaio.
Behin entitate kolaboratzailea aukeratuz gero, horren berri emango du Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emandako ebazpen baten bidez.
Programa honetarako eskabideak aurkezten dituzten pertsonek egoki iritzitako erreklamazioak egin ahal izango dituzte Kultura Sailean, hautatzen den entitate kolaboratzaileari dagokionez. Behin entitate kolaboratzaileari entzun ondoren, erreklamaziook gauzatzeari ekingo zaio, eta baietsi edo ezetsi egin dira, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez.
Helburu horretarako 780.000 euro erabiliko dira.
Diru-kopuru hori eskuratzea espero den aurreikusitako kultura-bonoen kopuruaren arabera egon daitekeen doikuntza erantsita entitate kolaboratzaileak adierazitako kontu korrontean sartuko da, ordainketa bakarrean, aurreko artikuluan aipatutako entitatearekiko lankidetza hitzarmena sinatu eta gero.
Programa honen baitan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.
Ezarritako bideen bitartez kultura-bonoa eskuratzen duten pertsona fisikoak izango dira laguntza hauen onuradun zuzenak.
Finantza-entitate kolaboratzaileak eskuratuko dituen 52.000 bonoak hiru lurralde historikoetan banatuko dira, honako irizpide eta proportzio hauei jarrituta:
Lurralde Historikoak Ehuneko demografikoa 2009ko salmenten ehunekoa Azken batezbestekoa Bono kop.
Araba % 14 % 16 % 15 7.800
Bizkaia % 53 % 62 % 58 30.160
Gipuzkoa % 32 % 22 % 27 14.040
Saltzeko bonoak, guztira 52.000
*(Eustat 2007)
Dena den, eskaera dela-eta egoki ikusten bada, salmentaren azken astean egokitzapenak egin ahal izango zaizkio aipaturiko lurraldeen arteko banaketa horri, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emandako ebazpen baten bidez, ahalik eta bono gehien bana daitezen interesdunen artean. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta, orobat, entitate kolaboratzaileari jakinaraziko zaio.
Kultura-bonoen bidez, honako kultura-produktu hauen erosketak egin ahal izango dira:
Liburuak Testu-liburuak, ikasketakoak eta profesionalak kenduta
Musika Edozein euskarritan (CD, biniloa, DVD); zuzeneko kontzertuetarako sarrerak
Zinea DVD eta beste euskarri batzuk; zine-sarrerak
Zuzeneko ikuskizunak Ikuskizun eszenikoetarako sarrerak
Museoak Museotan sartzeko sarrerak eta leialtasun-txartelak
Programatik kanpo geratuko dira eta, beraz, ezingo dira bono bidez erosi, honako hauek: papergintzako gaiak; informatika eta elektronikako tresneria, softwarea eta gai suntsikorrak; joko eta bideojokoak.
Kultura Sailak programaren helburuarekin bat datozen beste produktu eta zerbitzu batzuk gehitu ahal izango ditu edozein unetan, EHAAn argitaratzen den Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
«Kultura Bonoa» programari atxikitzeko eta, beraz, bonoa ordaintzeko bidetzat onartzeko, honako baldintza hauek bete behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten establezimenduek, pertsona fisikoak izan zein juridikoak izan.
Honako alor hauetan kultura produktu edo ondasunak kontsumitzaileari saltzea izan behar du haien jardueraren helburua: liburuak, musika, zinema, ikuskizun eszenikoak (antzerkia, dantza, musika) eta museoak.
Enpresa txiki edo ertainak izatea (horretarako, Europako Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 Erregelamenduko I. eranskina hartuko da aintzat) edo Merkataritza-jardueraren 7/1994 Legearen arabera «Merkataritzagune handia» katalogazio-mailara iristen ez diren enpresak izatea (lege hori 7/2008 Legearen bidez aldatu zen).
Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak konplituak izatea.
Horri dagokionez, gutxieneko baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen edozein dokumentu eskatu ahal izango du Eusko Jaurlaritzak, bestela nahitaez bete beharreko formalidadeez gain.
Gutxieneko baldintza hauek betetzen ez dituzten entitateek aurkeztutako eskaintzak ez dira aintzat hartuko eta ez dira onartuko.
Merkataritza-establezimenduak «Kultura Bonoa» programari atxikitzeko epea 2010eko azaroaren 17an hasiko da, eta 2010eko abenduaren 3an amaituko (biak barne).
Atxikitzeko inprimakia Eusko Jaurlaritzako Zuzenean - Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan dago eskuragai, bai eta Interneteko www.kultura.ejgv.euskadi.net helbidean ere. Hura bete eta honako tokietako batean entregatu beharko da:
Eusko Jaurlaritzako Zuzenean - Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan.
Postaz:
Eusko Jaurlaritza-Gobierno Vasco
Kultura Sustatzeko Zuzendaritza (Kultura Bonoa)
Donostia kalea, 1
01010 Vitoria-Gasteiz
Atxikipen-eskaria onartua edo ukatua izan den jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzak eskatzaileari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Behar duten dokumentazioa eta Programari buruzko sustapen-materiala eskuratuko zaie atxikitako establezimenduei.
Kultura Sailak «Kultura Bonoa» programari atxikitako establezimenduen zerrenda argitaratu eta eguneratuko du www.kultura.ejgv.euskadi.net atarian.
Atxikipen-eskabidearen bidez «Kultura Bonoa» programari atxikitako establezimenduak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
Hitzarmenari atxikitzen zaion enpresak konpromisoa hartuko du publizitate-materialak jasotzeko eta establezimenduan, ongi ikusteko tokian toki batean, jartzeko.
Ez die erosleei esku-dirutan itzulketarik egingo, erosketaren balioaren eta bonoaren arteko diferentzia berdintzeko.
Atxikitako establezimenduek galdera-sorta labur baten aleak jarriko dituzte leku ageri batean, hala nahi duten bezeroek bete dezaten. Kanpainaren bukaeran, galdera-sortak adierazitako helbidera bidaliko dira.
Prozesuak irauten duen bitartean, atxikitako establezimenduek telefono-dei bat jaso dezakete, kanpaina zer moduz doan egiaztatu ahal izateko eta haien iritzia jakiteko.
Kultura Bonoak EAEko lurralde-eremuan baino ez du baliorik izango.
Programa honekiko atxikipena, ondorio guztietarako, 2010eko abenduaren 13an jarriko da indarrean, eta 2011ko urtarrilaren 31n amaituko, honako epe hauen arabera:
Pertsona interesdunek 2010eko abenduaren 13tik 2011ko urtarrilaren 5era bitartean erosi ahal izango dituzte bonoak finantza-entitate kolaboratzaileak gaitutako kutxazainetan.
Bonoak erosten dituzten pertsonek 2010eko abenduaren 13tik 2011ko urtarrilaren 20ra arte erabili ahal izango dituzte soilik Programari atxikitako establezimenduetan.
Behin epea igaroz gero, ez dute ordaintzeko baliorik izango.
Programari atxikitako establezimenduek jasotzen dituzten bonoak dirutan trukatu ahal izango dituzte, aukeratzen den finantza-entitatean, 2010eko abenduaren 14tik 2011ko urtarrilaren 31ra bitartean. Behin epea igaroz gero, bonoak ezingo dira dirutan trukatu entitate kolaboratzaileetan.
Kultura Sailak data hauek aldatu ahal izango ditu, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez, baldin eta antolamenduzko arrazoiek edo bestelako gorabeherek hala aholkatzen badute. Kasu horietan, www.kultura.ejgv.euskadi.net atarian emango da horren berri.
Trukea finantza-entitate kolaboratzailearen edozein sukurtsaletan egin ahal izango da, bertan fisikoki agertuz. Jasotako bonoak entregatu ondoren, haien balioa kalkulatuko da, alegia biderkatuz 40 euro bono bakoitzeko. Horren emaitza programari atxikitako establezimenduak finantza-entitate kolaboratzailean propio izango duen kontu korrontean sartuko da. Inoiz ere ez da esku-dirurik emango bonoen truke.
Trukea astean behin egin ahal izango da, lehen adierazitako 2011ko urtarrilaren 31ko eguna epemuga dela.
Iruzurrik egon ez dadin, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak emango duen programarekiko atxikipen-dokumentazio egiaztatzailea erakutsi beharko da trukea egiterakoan. Arrazoi berberagatik, trukaturiko bono bakoitzari dagokion erosketa-tiketa eskatu ahal izango du Eusko Jaurlaritzak, berariaz establezimenduei jakinarazita.
Programaren arduraduna den aldetik, Kultura Sailak eskubidea izango du baliabide publikoak zuzen aplikatzen direla eta laguntza programa egokiro betetzen dela egiaztatzeko egoki ikusten dituen egiaztatze, ikuskatze eta gainerako neurriak hartzeko.
Atxikitako establezimenduen aldetik ez-betetzeren bat gertatuz gero, «Kultura Bonoa» programarekiko atxikipen hori automatikoki baliogabetu ahal izango du Kultura Sailak, eta horren berri eman finantza-entitate kolaboratzaileari, bono-trukea eragozteari begira.
Diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan eskatzen dioten informazio guztia eman berako diote atxikitako establezimenduek Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
Lehenengoa. Kultura-bonoen erosleek ematen dituzten datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzaren jabetzapeko fitxategi automatizatu batean sartu ahal izango dira, soil-soilik laguntza-programa honen kudeaketa zuzena eta aurkeztutako eskaeren jarraipen egokia egite aldera. Fitxategi hori Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikotik eta gainerako garapen-arauetatik eratortzen diren lege-betekizunen mendean egongo da.
Bigarrena. Oinarri hauetan aurreikusten ez diren alorretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak aginduko du.
Hirugarrena. Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke Kultura sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.
Laugarrena. Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 3a.
Kulturako sailburua,
MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.
«KULTURA BONOA» PROGRAMARI ATXIKITZEKO ESKARIA
Saltokiaren izena
Saltokiaren zenbakia
Jarduera
IFK
Jardueraren idazpurua
Helbidea
Udalerria
Posta kodea
Lurralde historikoa
Harremanetarako pertsona
Harremanetarako telefonoa
Sakelakoa
mail
Webgunea
Behean sinatzen duenak, erreferentziako saltokiaren ordezkaria baita, adierazten du:
Erreferentziako saltokiaren arduraduna da, eta horretarako behar den ahalmen nahikoa du.
«Kultura Bonoa» kudeatzeko ezarri diren baldintzak eta prozedura ezagutzen ditu.
Programari atxikitzen da, eta bertan ezarritako konpromisoak betetzeko hitza ematen du.
Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak zuzen dituela adierazten du, bai eta EAEko administrazioarekiko obligazioak egunean dituela ere, eta baimena ematen dio administrazio horri begira behar diren egiaztapenak egin ditzan.
Laguntzak arautzen dituen Aginduko 7. artikuluan xedatutako atxikipen-baldintzak betetzen ditu.
Ez du zigor administratibo edo penalik laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, barne hartuta sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez.
Sinadura eta zigilua
Izpa. jauna/andrea
OHARRAK
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak jakinarazten dizu eranskin honetan emandako datu pertsonalak Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren mendeko fitxategi automatizatu batean sartuko direla.
Fitxategi horren erabilera Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatutako laguntzen kudeaketa alorrera mugatuko da soilik. Finantza-entitate kolaboratzaileari laga ahal izango zaio, entitate hori datuak tratatzeko arduraduna izango baita programak irauten duen bitartean, baina soil-soilik programaren ondorioetarako.
Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez balia zaitezke, horretarako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara idatzi bat bidaliz, bera baita fitxategiaren arduraduna: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.


