Euskadi.eus
  • AGINDUA, 2010eko abenduaren 2koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, patenteak eskatzeko laguntzak iragartzen dituena. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2010eko abenduaren 2koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, patenteak eskatzeko laguntzak iragartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 246
  • Hurrenkera-zk.: 6371
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2010/12/02
  • Argitaratze-data: 2010/12/24

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Industria; Herri Administrazioa

Testu legala

Ikerketara bideratuko finantzaketa-jardueren eraginkortasuna neurtu ostean, ikusi da unibertsitateak zein teknologi zentroak eta EAEko enpresak berak euren ikerketen ondorioz sortutako jakintza babesteari eta merkaturatzeari dagokionez herabe direla, eta handiagoa dela aldizkari espezializatuak argitaratzeko duten joera.

Jakintza babesteko mekanismoak martxan ipintzeko zailtasun nagusienetariko baten jatorria ikerketaren emaitzen patentagarritasunari buruz egon daitekeen ezagutza eza da.

Ondorioz, ikerketa-proiektuen bidez erdietsitako ikerketen emaitzen balioztapena Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sareko Agenteen eremuan sustatzea beharrezkoa dela ikusi da, patente-eskabideak industria-jabetzaren erregistroan aurkeztuz. Kontuan izango da patenteak berez ez duela baliorik, patentatutako ondarea merkaturatzen ez bada.

Deialdi honen bidez ikerketen emaitzak babestu nahi dira, horretarako erregistro-prozeduraren hasierako jardueretako bi (patentagarritasunaren ebaluazioa eta patente-eskabidearen idazketa egokia) diruz lagunduko dira, eta produktuaren salmenten eta baimen-emateen bidez, babesaren ondorioen jarraipena egingo da.

Industria-jabetza kudeatzea konplexua dela ikusirik, jakintzaren sorkuntzan parte hartu dutela egiazta dezaketen pertsona fisiko eta juridiko ororen eskubideak errespetatzen dituztela bermatu beharko dute onuradunek, honek jabetza-eskubideak sortuko dituelarik. Bestalde, jakintza berria dela ziurtatzeko, eskaera dela-eta jasotako informazioa erabiltzean konfidentzialtasuna bermatuko du deialdiaren erakunde kudeatzaileak.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzi eta teknologi sistema sendotu egiten da deialdi honen bidez; izan ere, deialdi honek jakintza babesteari eta merkatuan baloratzeari lagundu egiten dio, baita erakunde ezberdinetako taldeen arteko koordinazioari ere, eta, halaber, enpresekin lankidetzan teknologi berritzailea garatzera, baliabide materialak indartzera eta ikerketa-taldeen antolaketa eta funtzionamendura bideratuak dauden beste deialdiekin koordinatuta eratzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan xedatutakoa bete da (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).

Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargura egiteko den gastuari dagozkion espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetzen duen Ekonomia eta Herriogasun Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, honako hau

  1. Patenteetako eta Marketako Espainiako Bulegoaren (Oficina Española de Patentes y Marcas, OEPM), Patenteetako Europako Bulegoaren (European Patent Office, EPO) eta Patenteen Lankidetzarako Hitzarmenaren (Patent Cooperation Treaty, PCT) aurrean patente-eskabideak aurkezteko laguntzak deitzea.

  2. Honako modalitate hauek kontsideratzen dira:

  1. modalitatea: Patenteetako eta Marketako Espainiako Bulegoan (OEPM) aurkeztutako patente nazionalak.

  2. modalitatea: Patenteetako eta Marketako Espainiako Bulegoaren (Oficina Española de Patentes y Marcas, OEPM) eta Patenteetako Europako Bulegoaren (European Patent Office, EPO) aurrean aurkeztutako nazioarteko patenteak (PCT eskabideak).

  3. modalitatea: bulego nazionaletan Espainiakoan izan ezik aurkeztutako patenteak, betiere aldez aurretik PCT eskabidea egin bada.

  1. Eskaerarik ezingo da onartu izapideak egiteko, baldin eta ezagutza zientifiko-teknikoa modu batera edo bestera zabaldua izan bada, edo patentearen eskaera bulegoren batean erregistratu bada. Patente-eskabidean adierazitako ezagutzan berritasunik izatea baldintza da, deialdi honetan eskabide bat finantzatzeko.

  2. Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzetarako zenbatekoa 24.000 eurokoa izango da 2010eko ekitaldirako, eta EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dagoen aurrekontu-sailetik hartuko da.

    Artikulu honetan esleitutako zenbateko osoa aldatu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabe gera litezkeen aurrekontuen arabera eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Horren berri Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpenaren bidez emango da.

  1. Ondokoak izan daitezke deialdi honetan emango diren laguntzen erakunde onuradun:

    Agenteen kategoria hauen kide diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituen urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluarekin bat:

    Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak.

    Euskal Unibertsitate Sistemako zentroak, departamentuak, atalak, institutuak edo bestelako ikerketa-unitateak, EHU salbu.

    Ikerketa kooperatiboko zentroak.

    Teknologia-zentroak.

    Teknologia-garapeneko eta -transferentziako nazioarteko zentroak.

    Ikerketa-zentro sektorialak.

    Betiere, eskaera egiten duen ikertzaile nagusia dagoen erakundea izango da erakunde onuraduna, baldin eta juridikotasunik badu.

  2. Laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galdua izanik zehapen administratibo edo panalen bat dutenek edo hartarako ezgaitzen dituen legezko galarazpenik dutenek ezin izango dute lehiatu. Galarazpen horien artean dira: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenenean ezarritakoaren arabera, sexua dela-eta egindako diskriminazioaren ondoriozkoak.

  1. Patentearen asmatzaile legez, patentatu beharreko jakintza sortzeko beren parte-hartzea beharrezkoa izan dela egiazta dezakeen pertsona oro agertu beharko da, erakunde onuradunaren partaide izan zein ez izan.

  2. Asmatzaileak ez badira erakunde onuradun bereko kide edo haietako bat erakunde ez-onuradunen baten kide bada, eskaera bakarra egingo da, erakunde onuradunetariko batek erakunde eskatzaile gisa jardungo duelarik, eta gainerakoek eskabidearekiko adostasuna adieraziko dute. Taldearen ikertzaile arduradunak erakunde eskatzaileko kide izan eta eskabidean ikertzaile nagusi gisa agertu beharko du.

  3. Jabe bakoitzarentzat ezarritako jabetza-portzentajeak egiaztatu beharko dira. Patentatu nahi diren ikerketen emaitzen jabetza arautzen duen agiriren bat dagoenean, eskabidearen agiriarekin batera horren kopia bat aurkeztu beharko da.

Deialdi honetan, modalitate bakoitzarentzat zehazten denaren arabera, honako kostu hauek finantzatuko dira:

  1. modalitatea: patente eskabideak dituen erredakzio kostuen % 50a finantzatuko da, 1.500 euroko mugara arte.

  2. modalitatea: eskabidea idazteko kostuen % 50 finantzatuko da (1. modalitatearen bidetik finantzatu ez badira). Honako gastu hauek ere finantzatuko dira: agentearen izapide-gastuak, dagokion agentzian izandako eskabide tasak eta itzulpen kostuak, gehienez ere 2.500 eurora arte.

  3. modalitatea: itzulpen kostuen % 50 finantzatuko da, hizkuntza bakoitzeko 400 euro, gehienez, eta, guztira, 3.000 euroko mugarekin.

    Deialdiaren laguntza deialdi honetako erakunde onuradunei dagozkien kostuen arabera ezarriko da. Patentearen jabekideak badira, deialdi honetako onuradunak ez direnak, itundutako jabetza-portzentajeen arabera kalkulatuko dira kostuak.

  1. Eskabideak aurkezteko epea agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2011ko irailaren 15ean amaituko. Aipatu eskabideak hona bidali beharko dira:

    Eusko Jaurlaritza

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

    Zientzia Politikarako Zuzendaritza

    Erreferentzia: Ikerketa-proiektuak

    Donostia kalea, 1

    01010 Vitoria-Gasteiz

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako bat baliatuz ere bidal daitezke.

  2. Eskaera ikertzaile nagusiak egin behar du, eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritzia izan behar du.

  3. Jabekidetzakoak diren patenteei dagokienez, erakunde interesdunek eskabide bakarra aurkeztu beharko dute, eta eskabidearen ordezkari-koordinatzaile izaera erakunde onuradun eskatzaileak hartu beharko du bere gain, garapenaren erantzule izan eta administrazioarekiko elkarrizketa eta harremanetarako. Erakunde eskatzaileak aurkeztuko duen eskabidean berariaz agertu beharko da zirkunstantzia hori, berak eta gainerako erakunde jabekide onuradunek izenpetuta, eta taldeko ikertzaile nagusiaren sinadurarekin.

  4. Eskabideari erantsitako agiriek I. eranskinean ageri den edukia izango dute eta paper-formatuan eta formatu elektronikoan, CD euskarrian, aurkeztu beharko dira.

  5. Eskabideak aurkezteko, interesdunek inprimaki eredu bat izango dute eskuragarri interneteko helbide honetan: «http://www.hezkuntza.net».

    Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, galdetegian agertzen diren izaera pertsonaleko datuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren izaera pertsonaleko datuen fitxategi automatizatuan txertatuko dira.

    Aurka egin, sartu, zuzendu edo ezabatzeko eskubideak eta indarreko legeek pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkieten gainerakoak, Hezkuntza eta Ikerketa Sailburuordetzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzea.

Baldin eta eskabideak aurkezten badira eskatutako informazio oro barik, edo baliabide normalizatuen bidez aurkezten ez badira, eta horiekin batera aurreko paragrafoetan zerrendatutako agiri guztiak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean huts hori zuzendu edo agindutako agiriak aurkez ditzala eskatuko zaio interesatuari. Eta zera adieraziko zaio: horrela egiten ez badu, bere eskabideari uko egiten diola ulertuko dela; aldez aurretik horretarako ebazpena eman beharko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 4/1999 Legeak aldatuak 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

  1. Ebaluazio Batzordea.

    Eskabideak, jaso ahala, Ebaluazio Batzordeak aztertuko ditu. Batzorde horretako kideak Zientzia Politikarako zuzendaria (bera izango da lehendakaria), Unibertsitateetako zuzendaria eta Zientzia Ikerketako Zuzendaritzako teknikari bat izango dira.

    Ebaluazioa egin baino lehen kudeaketa-organoak txosten teknologiko bat eskatuko dio Patenteetako eta Marketako Espainiako Bulegoari (OEPM), zeinak berrikuntza, asmatzeko gaitasuna eta patentearen industri balioa kontzeptuak oinarri hartuz bere adituek egindako txostena emango baitu.

    Ebaluazio prozesuaren barruan, egoki iritziz gero, proiektuetan aldaketak sartzea iradoki diezaieke Ebaluazio Batzordeak eskatzaileei, proiektu horiek hobeto egokitu dakizkien programaren helburuei.

  2. Eskaerak ebaluatzeko irizpideak.

    Eskatutako diru-laguntzen gaineko ebazpen-proposamena egiteko, Ebaluazio Batzordeak aplikatuko diren ondoko irizpideak izango ditu kontuan eskaeren ebaluazioan eta aukeraketan:

    Irizpideak Puntuak

    Teknologiaren berritasun-gradua. 25

    Patentearen asmakari izaera 25

    Balio industriala. 25

    Ustiapen- eta merkaturatze-planaren bideragarritasuna. 15

    Onuradunen jabetzakoak diren bestelako patenteen etekin ekonomikoa. 10

    Guztira 100

    Berritasuna baldintza izango da, izan ere, teknologia berriaz ez bada ez baita posible patenterik egitea.

  1. Ebaluazio Batzordeak OEPMren txosten teknologikoaren emaitza aztertu eta, aurkeztutako asmakuntzen berritasuna eta patentagarritasuna zehaztuko ditu, horretarako, aplikatu beharreko irizpideekin bat, dagokien puntuazioa esleituko du. Puntuazioa 65 puntu baino gehiagokoa bada, patentagarritasuna positiboa dela iritziko da eta deialdian aitortutako bulegoren batean aurkeztu beharreko patente-eskabidearen idazketa finantzatzea onartuko da (1. artikulua).

  2. Zientzia Ikerketako Zuzendaritzako teknikaria eskabidea aurkezten duen ikertzaile nagusiarekin bilduko da, ebaluazioaren emaitzak eta OEPMko aztertzaileen txosten teknologikoa erakutsiko dizkio eta, hala baleude, alde patentagarriak zehaztuko dira.

  3. Patentagarritasuna positiboa gertatzen ez denean, laguntzak ez emateko ebazpena oztopatu gabe, eskaera egiten duen ikertzaile nagusiari agiriak emango zaizkio, aztertu ostean bere ikerketen emaitzak berrikusi edo, hala behar bada, ikerketen norabidea berbideratu ahal izan dezan.

  1. Ebaluazio Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari helaraziko dio proposamena eta berak esleituko ditu: eskabide bakoitzeko patentean diruz lagun daitezkeen kostuei doakien diru-laguntza, deialdiaren 4. artikuluan ezarritako mugen barnean; hori ebazpen indibidual eta arrazoituaren bidez gauzatuko da, zeina interesdunei indibidualki jakinaraziko baitzaie. Esleipena eskabidea jasotzen den hurrenkeraren arabera egingo da horretarako bideratua dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte, eta horren berri emango da EHAAn. Diru-laguntzen esleipen- eta likidazio-prozesua amaitzen denean, erakunde onuradunen zerrenda EHAAn argitaratuko da, denek ikus dezaten.

  2. Ebazpena emateko epea sei hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezten direnetik aurrera. Deialdiaren argitalpena amaitu eta 6 hilabeteren buruan ebazpenik eman edo jakinarazten ez bada, eskabidea erantzun ezagatik baietsi egin dela uler daiteke.

  3. EHAAn argitaratuko den jakinarazpen-ebazpenean honako erreferentziak jaso beharko dira:

    Eskabidearen kodea.

    Patenteak erregistratzeko bulego egokiak emandako eskabide-zenbakia.

    Erakunde onuraduna/k.

    Ikertzaile nagusiaren izena.

    Emandako zenbatekoa.

  4. Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean.

Diru-laguntza hori ez ezik, beste finantza-erakunde batzuek helburu berbererako emandako laguntzak ere jaso ahal izango dira. Finantzaketa osagarri oro aitortu beharko zaio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Gainfinantzaketarik ikusiz gero, deialdi honen bidez emandako finantzaketa kopuru horretan txikituko da.

  1. Erakunde onuradunak, diru-laguntza jasotzeko aldeko ebazpena hartu eta gero patentearen eskabidea idatzi beharko du, OEPMren eta berak hautatutako agente adituaren txosten teknologikoaren laguntzarekin. Ondoren, patentearen eskabidea aurkeztu beharko du dagokion patenteen bulegoan.

  2. Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eskabidearen kopia bidali beharko zaio, bulego jasotzailearen sarrera-erregistroarekin behar bezala zigilatua, patentearen laburpena eta izapidetze-, idazketa- eta itzulpen-kostuen faktura originala/k erantsita, baita tasak ordaindu izana justifikatzeko agiria ere. Horretarako ebazpena jasotzen duenetik aurrera bi hileko epea izango du. Deialdia kudeatzen duen bulegoak zigilatu ostean, onuradunari itzuliko zaizkio justifikazio-agiri originalak.

  3. Kudeaketa organoak, aurkeztutako agiriak ikusi ostean, laguntzaren zenbateko erreala zehaztuko du, eta bidezkoa den likidazioa egingo du.

  4. Diru-laguntzaren zenbatekoa likidazio-ebazpen indibiduala jakinarazi ostean emango zaio erakunde onuradunari.

  5. Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitatea ez bada, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-betebeharrak beteta dituela frogatu beharko du, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoari jarraiki (1992ko uztailaren 8ko EHAA, 131. zk.).

  1. Urteko txostena: patentea aurkeztu eta hurrengo hiru urteetan, urte amaieran, patentea kudeatzeko moduari buruzko urteko txostena aurkeztu beharko dio eskabidea aurkezten duen ikertzaile nagusiak Zientzia Politikarako Zuzendaritzari: beste herrialdeetarako zabalkundea, baimenen salmenta, patentea ustiatzetik eskuratutako baliabide ekonomikoak eta esku hartu duten enpresak.

  2. Diru-laguntzaren jarraipenari dagozkion agiriak erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin igorri beharko dira.

  3. Artikulu honetan aipatu txostenen edukien deskripzioa eskuragarri egongo da interneteko helbide honetan: http://www.hezkuntza.net.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik esleitu den diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak banan-banako ebazpen baten bidez jakinaraziko du.

Diru-laguntza jasotzeko bide eman zuten baldintzetako bat ez dela betetzen egiaztatuz gero, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat eta horri jarraiki, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio jasotako diru-zenbatekoa eta horri dagozkion legezko interesak. Hauek izango dira diru-laguntzaren zenbatekoa oso-osoan edo zati batean itzularazteko arrazoiak:

  1. Patente-eskaera bererako beste iturri batzuetatiko finantzaketa pilatzea, edo finantzaketa eskatzeko beste erakunde, entitate edo zentro publiko zein pribatu bati eskaria aurkeztea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aldez aurretik jakinarazi gabe eta hark onetsi gabe.

  2. Deialdi honetako oinarrien ez-betetze larria (osorik edo zati batean).

  3. Datuak ezkutatzea, aldatzea edo eskaera manipulatzea, kasua larria denean.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.

Lehenengoa. Deialdi honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzien jurisdikzioan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatu bezala.

Bigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 2a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Eskabideari honakoak erantsiko zaizkio:

  1. Erakunde onuradun jabe bakoitzaren legezko ordezkariak izenpetutako eskabidea, bertan jabetza-portzentajeak zehaztuko direlarik.

  2. Patentea aurkezteko aurreikusitako gastuen aurrekontua.

  3. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren deklarazioa, non honakoak ziurtatzen diren: patentearen helburu den ezagutzaz ez dela egin inolako zabalkunderik, ez dela erregistratu inongo patente-bulegotan eskabidea egin den egunera arte, eta ez dela erregistratuko deialdiaren Ebazpena eman baino lehen.

  4. Asmatzaileen zerrenda eta patentearen eskabidea baimentzen duen bakoitzaren izenpea, bertan zein erakundetakoak diren zehaztuko delarik.

  5. Patentearen xedeari buruzko memoria, bertan artearen egoera zehaztuko delarik, patentearen deskripzioa, ezberdintasunen eta abantailen azalpena dauden produktu/prozesu alternatiboekiko.

  6. Patentearen jatorriari, norainokoari eta ondorioei buruzko txostena.

  7. Patentearentzat aurreikusitako ustiaketa-plana.

  1. Ikertzaile nagusi eskatzailearen curriculum vitaea.

  1. Parte-hartzaile bakoitzaren NANaren fotokopia eta erakunde onuradun jabe bakoitzaren IFZren fotokopia.

  2. Erantzukizunezko deklarazioa, non eskabidea egin duen pertsonak edo erakundeak honakoa egiaztatzen duen: laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galdua izanik zehapen administratibo edo panalen bat ez izatea, edo hartarako ezgaitzen duenn legezko galarazpenik ez izatea. Galarazpen horien artean dira: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenenean ezarritakoaren arabera, sexua dela-eta egindako diskriminazioaren ondoriozkoak.

  3. Zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duten agiriak.

  4. Jasotako edo eskatutako laguntzei buruzko aitorpena.

  5. Bere jabetzako beste patente batzuen eta errendimendu ekonomikoaren gainean erakunde onuradunak egindako deklarazioa.

  6. Jabetza-portzentajeari eta patenteen kostuen eta etekinei dagokienez, patentearen jabeen adostasuna jasotzen duen agiri originala aurkeztea, betiere jabe bat baino gehiagoko patente-eskabideak badira.

  7. Proposamena hautaketa irizpideekin bat etorriz zuzen ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik