- AGINDUA, 2010eko abenduaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2011-2012 ikasturtean izena emateko eskaerak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea, baita ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere. - Legegunea: Euskal Herriko araudia - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus
Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2010eko abenduaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez ezartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2011-2012 ikasturtean izena emateko eskaerak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea, baita ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 12
- Hurrenkera-zk.: 237
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2010/12/03
- Argitaratze-data: 2011/01/19
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Herri Administrazioa
Testu legala
Martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak arautzen du nola onartu ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-ikastetxeetan eta itunpekoetan, eta, Dekretu horren 9. artikuluan ezartzen denez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak urtero agindu bat emango du eskaerak aurkezteko epe komun bat ezartzeko eta prozeduraren aldi guztietako epeak finkatzeko.
Horrenbestez, 2011-2012 ikasturtean, egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira, Euskal Autonomia Erkidegoan fondo publikoen bidez finantzatuko diren ikastetxeetan bete daitezen ikasleak onartzeko orduan. Hori guztia dela-eta, honako hau
Bermatu egingo da ikastetxe bereko etapa eta maila desberdinetan ikasten jarraitu ahal izatea eta, ondorioz, ez da onartzeko eskaerarik egin beharko, 2 urteko gela batera sartzeko izan ezik.
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako herri-ikastetxeetan eta itunpeko ikastetxeetan, eskaerak aurkezteko eta ikasleak onartzeko epeak berak izango dira. Hona, beraz, epeak finkatzeko egutegia:
Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko: urtarrilaren 31tik otsailaren 11 arte.
Eskatzaileen zerrenda argitaratzeko: otsailaren 16a.
Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: martxoaren 11.
Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko: martxoaren 17a arte.
Eskabideari uko egiteko: martxoaren 17a arte.
Behin betiko zerrendak argitaratzeko: martxoaren 25a.
Estatistika-datuak grabatzeko: apirilaren 1a arte.
Bigarren eta hirugarren aukeren zerrendak argitaratzeko: apirilaren 1a arte.
Zerrendei gora jotzeko errekurtsuak jartzeko: apirilaren 26a arte.
Onarpen-prozedurari buruzko jarraibideak onartzen dira, eta Agindu honen I. eranskinean jasotzen.
Fitxategi horren arduraduna Ikastetxeen Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, prozedura honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Ikastetxeen Zuzendaritzari beste herri-erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean jarriko da indarrean Agindu hau.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 3a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Lehenengoa. Aplikatu beharreko araudia.
Arau hauek bete beharko dira ikasleak 2011-2012 ikasturtean onartzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapetan: batetik, 35/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, eta, bestetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindua (2011-2012 ikasturtean Hezkuntza-etapa horietan ikasteko eskaerak aurkezteko egutegi eta onarpen-epe komunak ezarri eta jarraibide hauek onartzen dituen agindua).
Bigarrena. Ikasleak Onartzen direla Bermatzeko Batzordeak.
Ikasleak Onartzen direla Bermatzeko egun diren lurralde-batzordeek beren egitekoak betetzen jarraituko dute irailaren 16a arte; izan ere, egun horretan berrituko dira. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko beste batzorde batzuk eratu ahal izango dira, maila eta/edo esparru geografiko zehatz batean. Hori erabakiz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde-batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte geografia-eremu eta/edo -maila horietako funtzioak.
Aurreko atalean zehaztutako Berme Batzorde guztiak honela osatuko dira:
Hezkuntza Administrazioko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.
Etapa edo etapetako ikastetxe publikoetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.
Etapa edo etapetako ikastetxe itunduetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.
Batzordeari dagokion esparru geografikoko udalen ordezkari bat.
Lau guraso, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bi herri-ikastetxekoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoa. Dagokion lurraldean edo etapan ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta izateko eskubidea duten sektoretakoren batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako bi ikastetxetako Eskola Kontseiluko bi guraso izendatuko dute hango gurasoek.
Lau irakasle, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bi herri-ikastetxekoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dagokion etapa edo etapetakoak. Dagokion lurraldean edo mailan ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako sindikatuek proposatuko dituzte haien izenak.
Onartze-prozesuko berme-batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:
Ikasleen onartze-prozesua ikuskatzea, dagokion esparru geografikoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatzea, hezkuntzako ikuskaritzaren egitekoak eta eskumenak errespetatuz.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak ematea ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehazteko lanetan.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak eman ikasleak zein ikastetxetan eskolatu erabakitzeko, ikasle horiek eskatutako lehenengo ikastetxean plazarik lortzen ez badute. Erabaki hori hartzeko, hutsik geratutako plazei erreparatuko zaie, eta, posible bada, eskatzaileek egindako bigarren eta hirugarren aukerak errespetatu behar dira.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholkuak ematea, ikasleren batek eskaera bat baino gehiago egiten badu eta eskatzaileek aurkeztutako agiriak faltsuak direla frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.
Ikasleak Onartzea Bermatzeko Batzordeak eratzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariak eskatuko die lurralde eta etapa bakoitzean ordezkaritza handiena duten udal-elkarteei, gurasoen elkarteei eta irakasleen sindikatuei beren ordezkariak izenda ditzatela batzorde horretarako. Organizazio horiek bi eguneko epean jakinarazi beharko dituzte beren ordezkarien izenak. Hala egingo ez balute, Batzordeak balio osoz eratuko dira, izendatu gabe geratu diren ordezkarien parte hartzerik gabe.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, halaber, Hezkuntza Administrazioak Onarpena Bermatzeko Batzordeetan izango dituen ordezkariak izendatuko dituzte, eta zozketa publikoak egingo dituzte batzorde horietako kide izango diren herri-ikastetxeetako eta itunpekoetako zuzendariak hautatzeko. Denbora nahikoaz jakinaraziko zaie ikastetxe guztiei zozketa horiek noiz eta non egingo diren.
Hirugarrena. Eragin-eremuak.
Ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehaztuko dituzte hezkuntzako lurralde-ordezkariek; hala, bizileku guztiak sartuko dira gutxienez ikastetxeren baten eragin-eremuan. Mugapen hori egiteko, Onarpena Bermatzeko Batzordeek aztertu beharko dute gaia lehendabizi, eta eragindako ikastetxeei eta udalei entzun beharko zaie; horrez gain, kontuan izan beharko da ikastetxe bakoitzak baimenduta duen edukiera eta haren ingurunean eskolatzeko adinean dagoen biztanleria.
Ikastetxean irakatsitako etapa eta hizkuntza-eredu bakoitzerako zehaztuko dira eragin-eremuak eta eremu mugakideak. Eragin-eremuen mapak edota xehetasunak jendeak eskuratzeko moduan jarriko dira Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek laguntza eska diezaiekete toki-korporazioei jarraibide honetan xedatutakoa betetzeko, eta toki-korporazio horientzat derrigorrezkoa izango da laguntza hori ematea.
Lurralde historiko baten lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak finka ditzake Hezkuntza sailburuordeak, baldin eta hori egitea komeni bada, ikastetxeren batean ematen diren ikasketa bereziei edo eman daitezkeen salbuespenezko egoerei erreparatuta.
Laugarrena. Ikasleentzako plazak zehaztea.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten herri-ikastetxeei jakinaraziko diete zenbat talde izan ditzaketen ikasturte eta hizkuntza-eredu bakoitzean, bai eta zenbat ikasle matrikulatu ditzaketen, gehienez ere, horietako bakoitzean.
Itunpeko ikastetxe pribatuek ikasturte eta hizkuntza-eredu bakoitzean sor ditzaketen taldeen kopurua eta horietan matrikulatu ditzaketen ikasleen gehienezko kopurua zehazteko, ikasketak eta eskola-plazak baimentzeko aginduek eta ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-itunek araututakoari erreparatu beharko zaio. Era berean, bi urteko gelan guztira matrikulatu ahal izango diren ikasleak ezin izango dira izan 3 urteko gela itunduetan gehienez ere onar daitezken plazak baino gehiago.
Bosgarrena. Plazak gordetzea.
Hezkuntza-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan modu orekatuan banatu eta ikasle horiek hezkuntza-sisteman txertatzeko baldintza egokiak sortzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariek xedatu ahal izango dituzte zenbat plaza gorde beharko diren ikasle horiek eskolatzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan. Ikastetxeek, berriz, izen-emateen eta matrikulazioen epea amaitu arte gorde beharko dituzte plaza horiek.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariek eskaerak egiteko epea hasi baino lehen jakinaraziko dizkiete erabaki horiek ikastetxeei.
Seigarrena. 2010-2011 ikasturtean ikastetxe berean matrikulatutako ikasleak edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuak.
Ikastetxe berean 2 urtetik aurrera matrikulatutako ikasleen kurtsoek jarraitu egingo dute, et ez dute onartzeko prozesurik egin behar, baldin eta ikastetxean martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuan ezarritako prozedura beteta sartu bada.
Atxikitako ikastetxeak: ikastetxe bati atxikitako beste batean dabiltzan ikasleek lehentasuna izango dute 2011-2012 ikasturtean beste ikastetxe horretan plazak lortzeko. Lehentasun hori izateko, beharrezkoa da, betiere, ikasleak ikastetxe horretan plaza eskatzea lehenengo aukera gisa.
Ikastetxe atxikietatik datozen ikasleek ez dute baremoaren ataleko dokumentaziorik aurkeztu behar. Bakarrik atxikitako ikastetxeetako ikasleak barematu behar direnean eskatuko zaie ikasleei dokumentazioa aurkezteko.
Zazpigarrena. Onartze-prozesuari buruzko informazioa.
Onarpen-eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen, herri-ikastetxeek eta itunpekoek informazio hau jarriko dute iragarki-tauletan eta, halaber, guraso eta tutoreei emango diete, hala eskatzen badute:
Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.
Ikastetxearen eragin-eremua eta eremu horren mugak.
Eskabideak egiteko epea.
Prozesuaren egutegia, eta, horren baitan, besteak beste, onartuta eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak eta erreklamazioak jartzeko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.
Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak emandako puntuak zehazteko irizpideak iragarki-taulan jarriko dira, eta jarri ere Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehenago irizpide hauek jakinarazteko bidaltzen duen idazkiaren kopia jarriko da.
Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.
ikasleak onartzeko prozesuan gehien egiten diren galderei erantzuteko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak prestatutako informazio-agiria.
Zortzigarrena. Onartzeko eskabideak formalizatzea eta formalizatzeko lekua.
Eskabide bakarra egin, eta ikastetxe bakarrean aurkeztu beharko da, eta interesdunak berak bete ahal izango du, bi bide hauetakoren bat erabiliz:
On line, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako prestatzen duen aplikazio informatikoaren bidez.
Lehen aukera moduan hautatutako ikastetxeko idazkaritzan. Bertan sartuko dira eskatzaileek eskabidean jarritako datuak.
Gehienez ere 3 ikastetxe aukeratu ahal izango dira eta, hiruretan, lehentasun-ordenaren arabera aukeratuko dira hizkuntza-ereduak, kontuan hartu gabe eredu horiek ikastetxean ematen diren ala ez.
Lehenengo aukera moduan ikastetxeak eskaintzen ez duen hizkuntza-eredu bat eskatzen denean, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak aztertu egingo du maila eta eredu horretan taldea eratzeko aukerarik dagoen ala ez ikastetxean bertan edo zonaldean; horretarako, nahikoa eskaera izan behar dira eta plangintzak horretarako bidea eman behar du. Edonola ere, kasu horretan, eskatzaileak onartzeko prozesuan parte hartuko du, baina ikastetxeak gainerako ereduetako plazak esleitzeko duen prozesuan.
Era berean, lurralde-ordezkaritzak izapidetuko ditu ikastetxeak ematen ez dituen ikasketa-ereduen eskabide guztiak.
Eskabidea on line egin edo idazkaritzan egin, matrikula egiteko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
Familia-liburuaren orriaren fotokopia, ikaslearen datuak jasotzen dituena.
Familia-liburuaren fotokopia, eskabidea egiten duen lagunarena: aitarena edo amarena, edo egiaztagiri bat, pertsona hori ikaslearen legezko tutorea dela dioena.
Eskabidea egiten duen lagunaren NAN edo AIZen fotokopia: aitarena edo amarena edo legezko tutorearena.
Familiaren helbidearen ziurtagiria (ikaslearena eta aita, ama edo legezko tutorearena).
Era berean, barematzean puntuak lortzeko behar diren baldintzak betetzen direla dioten egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Nolanahi ere, dokumentazio hori epe barruan aurkeztu beharko da ikastetxean. Eskabideak onartzeko epea amaitu eta gero ez da agiri gehiagorik onartuko. Puntuak ematen dituen agiriren bat aurkezten ez bada, atal edo azpiatal horretan zero puntu lortuko dira; dena den, horrek ez du eskabidea ezeztatzen, ezta beste ataletako edo azpiataletako puntuak ere.
Kopiak jatorrizko dokumentuekin erkatuko dira, egiaztatzeko.
Eskabideko datuak aplikazioan kargatu eta dokumentazioa egiaztatu eta gero, eskatzaileari datu-orri bat erakutsiko dio ikastetxeak; bertan jasoko dira: datu pertsonalak, egindako eskaerak, barematzeko alegatutako egoerak eta aurkeztutako agirien zerrenda.
Eskatzaileak datuok aztertu, eta zuzentzat jotzen baditu, datu-orria sinatuko du. Ikastetxeak zigilua jarriko du datu-orri sinatuan eta aurretiaz sartu dituen datuak baliozkotzat joko ditu. Eskatzaileak egindako eskaeren frogagiritzat eta egiaztagiritzat datu-orri hori erabiliko da, sinatuta eta zigilua jarrita duenean.
Martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuaren bidez (HEAA, 47. zk., 2008ko martxoaren 6koa) arautzen da nola onartu ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxek publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan. Dekretu horren 21. artikuluak, berriz, zozketa publikoa egitea ezartzen du puntuak barematzean gerta daitezkeen berdinketak hausteko azken irizpide moduan, eta beti ere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako moduan egingo da zozketa hori.
Xedapen hori betetzeko, eskabideko datuak balioztatzeko orduan, aplikazio informatikoak hurrenkera-zenbaki oso bat jarriko dio eskabideari, 1etik 99999ra bitartekoa. Zenbaki hori erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko, betiere berdinketa hausteko gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere berdinketa horrek bere horretan badirau. Kasu horretan, aplikazio informatikoak eskabide guztiak txikienetik nagusienera ordenatuko ditu, txikienari emanez lehentasuna.
Ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuko 7. artikuluak arautzen du nola matrikulatu hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonak. Premia horiek dituzten lagunek ikastetxeari jakinarazi beharko diote bere egoera eskabidea egiten dutenean, ondorioak izan ditzan plazak gordetzeko eta behar dituzten laguntza emateko orduan.
Eskatzaileek 2011ko otsailaren 11ra arte izango dute, egun hori barne, grabatuetako daturen bat aldatzeko edo zuzentzeko eskatzeko. Eskabidea zein ikastetxetan entregatu, ikastetxe horrek egin beharko ditu aldaketak. Eta otsailaren 11tik aurrera ez da zuzenketarik onartuko.
Ezer aldatzeko, eskatzaileak nahitaez aurkeztu beharko du eskaera egitean jaso zuen jatorrizko egiaztagiri sinatu eta zigilatua. Egin beharreko zuzenketak egin eta gero, beste datu-orri bat emango zaio, sinatuta eta zigilatuta; gero, zaharra apurtu, eta datu berriak baliozkotu egingo dira.
Eskabideko datu berriak baliozkotzeak ez du esan nahi, inondik inora ere, lehenengo baliozkotzean jarri zitzaion hurrenkera-zenbakia aldatuko denik.
2011ko otsailaren 16ko 14:00ak baino lehen, ikastetxe guztiek berretsita izan beharko dute eskabideetan sartutako datuei emandako oniritzia.
Aurreko puntuan zehaztutako oniritzia eman eta gero, ikastetxeek eskatzaile-zerrendak argitaratuko dituzte iragarki-taulan, etapaka, mailaka eta hizkuntza-ereduka.
Inskripzio-eskabide bakarra aurkeztuko da, eta ikastetxe bitan edo gehiagotan eskabidea aurkeztuz gero, ikastetxea aukeratzeko eskubidea galduko da. Nolanahi ere, interesdunak entzunaldiko izapidea izango du, nahitaezkoa baita. Ondorioa, bikoiztutako eskabideak azkenengoz izapidetuko dira, epe barruan aurkeztutako gainerako eskabideei plazak esleitu eta gero.
Epetik kanpo ez da eskabiderik onartuko. Epe barruan egindako matrikula-eskabide guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte ikastetxeek, eskola-posturik egon edo egon ez eskatutako maila eta hizkuntza-eredu guztietarako, eta gero barematu egin beharko dituzte.
Martxoaren 17a arte eskabideari uko egin ahal izango zaio. Uko egiteko idazkia idatziz gero, eskabidea aurkeztu zen ikastetxe berean aurkeztu beharko da, eta eskatutako aukera guztiei eragingo die. Ikastetxeak idazki hori artxibatuko du, bere egunean aurkeztutako eskabidearekin batera.
Bederatzigarrena. Baremazioa.
Eskabideak tokiak beste edo gutxiago badira, ez da eskabiderik barematu beharko eta den-denak onartuko dira.
Maila eta hizkuntza-ereduren batean eskainitako plazak baino eskaera gehiago egiten badira, herri-ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Gorenak edo itunpeko ikastetxeetako organo titularrak eskaerak barematuko ditu, ikastetxeko Eskola Kontseiluaren ikuskaritzapean, eta horretarako, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko eta Jarraibide hauetako baremoa eta aplikazio-neurriak beteko dituzte. Baremoko atal eta azpiatal guztiak barematu behar dira eskaera guztietan. Eskaerak barematzeko, kontuan hartu beharko dira irizpide hauek:
Lehenengo eta behin, ikastetxeari atxikitako ikastetxeetako ikasleek onartzeko egindako eskaerak sailkatuko dira lehen multzo batean, eta gainerako eskaerak bigarren multzo batean. Lehenengo taldeko eskaerek beti izango dute lehentasuna bigarren taldeko eskaeren parean. Bi multzo horietan, guztira lortutako puntuazioaren arabera sailkatuko dira eskaerak, eta, berdinketarik balego, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak eta Jarraibide hauek zehaztutako irizpideei jarraituko zaie berdinketa horiek erabakitzeko.
Hizkuntza-eredu bat baino gehiago eskatzen duen eskaerarik balego, zerrenda bakarrean ordenatuko dira izaera horretako eskaerak, puntuazioaren arabera. Zerrendako ordenari eta eskaeretan lehenetsitako ereduei jarraituz esleituko dira plazak.
Hamargarrena. Familia-unitateen urteko errentei eta seme-alaben kopuruak duen eraginari buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
Ikasleak onartzeko Dekretuko eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2009ko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari dagozkionak. Baremoko atal honetan punturik lortzeko, zerga-oinarriak ez du 42.000 euroko muga gainditu beharko. Ondorioz, puntu horiek lortu nahi izanez gero, eskatzaileek baimena eman beharko diote Hezkuntza Administrazioari datu horiek Foru Ogasunean egiazta ditzan.
Ikastetxearen lurralde historikoan bizi ez diren eskatzaileen kasuan, familia-unitatearen diru-sarrerak puntuatzeko eskubidea izateko, familia-unitateko kide guztiek aurkeztu beharko dute 2009ko errenta-aitorpenaren kopia edo, behar izanez gero, baterako aitorpena. Indarrean dagoen zerga-araudia dela eta, urte urretan familiako kideren batek errenta-aitorpena egin ez badu, Ogasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko du adierazteko ez duela errenta-aitorpena egin.
Jarraibide honetako aurreko ataletan adierazitakoaren baitan, familia-unitateak izango dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan izaera horrekin araututakoak. Ezkontzak desegiten badira, ezkontideak banantzen edo dibortziatzen edo izatezko bikoteen bizikidetza eteten bada, erabaki judizial irmoz edo hitzarmen arautzaile baten bidez, baremoa aplikatuko zaie ikaslearen zaintza duen pertsonaren errentei. Berdin jokatuko da tutoretza judiziala, familia-harrera edo antzeko babes-neurriak aplikatu behar badira eta adingabeko ikaslearen zaintza ez badago gurasoen esku. Ikaslearen zaintza herri-administrazioren baten esku balego, puntuazio handiena emango da atal honetan.
Familia-liburuaren kopien bidez kreditatuko da neba-arreben kopurua, eta, horien artean, adingabekoak soilik konputatuko dira.
Hamaikagarrena. Familiaren bizilekuaren edo guraso edo tutoreen lantokiaren gertutasunari buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
Atal horretako puntuak bere azpiataletakoren batean emango dira, soil-soilik. Puntuak lortzeko, azpiatal horietakoren bat aukeratu beharko dute eskatzaileek.
Ikaslea aitarekin, amarekin edo lege-tutorearekin bizi den lekua izango da familiaren bizilekua. Familia-bizilekua egiaztatzeko, ikaslea aitarekin, amarekin edo lege-tutorearekin bizi direla egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da.
Familia-liburuaren fotokopiak aurkeztuta egiaztatuko da nor den aita edo ama. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.
Aitaren, amaren edo lege-tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan badago, alderdi hori baloratzeko eskatu daiteke eskaeran, bizilekuaren gertutasunekoaren ordez.
Aukera horretaz baliatuz gero, besteren konturako langileen kasuan, lantokia ikastetxearen eragin-eremuan dagoela egiaztatzeko, ikaslearen aitak, amak edo lege-tutoreak lan egiten duen enpresaren jabeak edo enpresako langile-arduradunak ziurtagiri bat eman beharko du berariaz.
Norberaren kontura lan eginez gero, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren alta-ziurtagiriak egiaztatuko du lantokia. Indarrean den legediak ez badu behartzen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda izatera, irekiera-lizentziaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, dagokion udalak emandakoa.
Ikaslearen zaintza guraso bakarraren esku badago, lantokia ikastetxearen eragin-eremuan izateari dagozkion puntuak emateko, ikaslearen aita edo amatzat joko da, baita ere, zaintza duen gurasoaren bikotekidea, izaera hori legez aitortua badu.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela egiaztatzeko, zaintza dagokion gurasoari ematen dion sententziaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta familia-liburuaren kopia ere, hura beste pertsona batekin ezkondu dela egiaztatzen duena, edo, bestela, izatezko bikote direla egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.
Ez da inoiz ere baloratuko ikaslearen aitaren, amaren edo lege-tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eremu mugakideren batean izatea.
Ikastetxea aitaren, amaren edo lege-tutorearen lantokitik gertu izateagatik ematen den puntuazioa bateraezina da bai bizilekuaren gertutasunagatik ematen den puntuazioarekin, bai ikaslearen aita, ama edo lege-tutorea eskatutako ikastetxean lan egiteagatik ematen denarekin.
Aurrez adierazitako eragin-eremuek ekar dezaketen punturik jaso ez baina ikastetxea dagoen udalerrian bizi direnek atal horretan puntu bat jasotzeko eskubidea izango dute.
Hamabigarrena. Eskatutako ikastetxean ikasten edo lan egiten duten senideei buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
Atal honetako puntuazioa bertan jasotzen diren bi egoeretako batengatik emango da; hau da, bederatzi puntu eskatzaileak neba edo arreba bat edo gehiago dituelako matrikulatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean; eta aitak edo amak edo legezko tutoreak, eskatutako ikastetxean lan egiten duelako 7 puntu. Bi egoerak batera ematen badira ere, bakarrarengatik emango da puntuazioa; beraz, ezingo dira atal horretan 9 puntu baino gehiago eskuratu.
Ataleko puntuazioa emateko, 2010-2011 ikasturtean jazo behar dute gertaera horiek.
Anaia-arreba, aita edo ama direla egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuz egiaztatuko da.
Atal honi dagokion puntuazioa ematean, anaia-arrebatzat hartuko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreraren egoeran dauden adingabeak.
Atal honetako puntuazioa emateko, ikaslearen zaintza guraso bakar baten esku badago, ikaslearen aita edo amatzat joko da, baita zaintza duen gurasoaren bikotekidea ere, izaera hori legez aitortua badu. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat joko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.
Hamahirugarrena. Ikaslearen edota haren aitaren, amaren, legezko tutorearen edo anaia-arreba baten minusbaliotasuna barematzeko arauak.
Minusbaliatua ikaslea bera bada, bi puntu emango zaizkio, eta aurretik aipatutako familiarteko bat bada, berriz, puntu bat.
Ataleko puntuazioa emateko, % 33ko edo handiagoko minusbaliotasuna izan behar dute goian adierazitako pertsonek. Atal honetan puntuak lortzeko eskubidea ematen duen minusbaliotasuna bi pertsona edo gehiagok badute ere, pertsona bakarragatik emango dira puntuak; beraz, ezingo dira 2 puntu baino gehiago eskuratu minusbaliatua ikaslea bada edo puntu bat baino gehiago minusbaliotasuna duena aurrez adierazitako senideren bat bada.
Lurralde historikoko foru-aldundiko gizartekintzako departamentuak edo Estatuko organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da minusbaliotasuna. Minusbaliatuak % 33ko edo handiagoko minusbaliotasuna izatearen lege-aitorpena jaso beharko du agiri horrek.
Anaia-arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.
Atal honi dagokion puntuazioa ematean, anaia-arrebatzat joko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreraren egoeran dauden adingabeak.
Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen zaintza guraso bakar baten gain badago, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da. Pertsona horren seme-alabak ere anaia-arrebatzat joko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekide-izaera egiaztatzeko, zaintza dagokion gurasoari ematen dion sententziaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta familia-liburuaren kopia ere, hura beste pertsona batekin ezkondu dela egiaztatzen duena, edo, bestela, izatezko bikotea direla egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.
Hamalaugarrena. Familia ugaria barematzeko arauak.
Familia ugaria dela egiaztatzeko, estatuko edozein autonomia-erkidegok emandako agiri ofiziala aurkeztu behar da.
Hamabosgarrena. Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak askatasunez erabakitako beste alderdi batzuei buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
Herri-ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Gorenek eta itunpeko ikastetxeetako Eskola Kontseiluek aukera izango dute, hala nahi izanez gero, irizpide bat edo batzuk ezartzeko, eskatzaileei puntu gehiago emateko. Puntuazio gehigarri hori, gehienez, bi puntukoa izango da.
Irizpide objektiboak ezarri beharko dira puntuazio gehigarri hori emateko. Organo eskudunak onartuko ditu irizpide horiek eta puntu horiek lortzeko baldintzak, eta argitara eman beharko ditu eskabideak entregatzeko epea hasi baino lehenago.
Puntuak arrazoi bakar bategatik edota hainbat arrazoirengatik eman daitezke. Kontzeptu bat baino gehiagorengatik ematen bada, horien artean bana daiteke puntuazioa, edo baldintzetakoren bat betetzen bada eman.
Puntuazio gehigarri hori emateko irizpideak ezberdinak izan daitezke hezkuntza-maila edo ikasturte bakoitzean.
Atal honetako puntuak emateko irizpideen artean, baremoaren beste ataletan aintzat hartutako arrazoi eta egoerak ere egon daitezke. Hartara, arrazoi eta egoera horiengatik ematen den puntuazioa gehituko da. Baina kontuan hartu behar da atal honetan gehienez ere bi puntu osagarri eman daitezkeela.
Atal honetarako hartutako irizpideen artean ezin dira inolaz ere onartu jaiotzagatik, arrazagatik, sexuagatik, erlijioagatik, iritziagatik edota bestelako ezaugarri edo egoera indibidual nahiz sozialengatik diskriminatzaileak diren irizpideak.
Herri-ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenei eta itunpeko ikastetxeetako Eskola Kontseiluei dagokie zehaztea zer baldintza eskatuko diren atal honetan ezarritako irizpideak betetzen direla egiaztatzeko.
Hamaseigarrena. Errentako datuak egiaztatzea.
Ikastetxeek eskabideak barematu behar badituzte, aurkeztutako datuak egiaztatu beharko dituzte. Harik eta datuak egiaztatu eta emaitzak lortu arte, honela jokatuko dute:
Datuak egiaztatu eta emaitzak jaso arte, kontuan hartuko dira egiaztatzeko baimena eman duten lagunen puntuazioak. Dena den, datuak egiaztatu eta gero, puntuazioak aldatu ahal izango dira, onartu eta baztertutakoen zerrendak prestatzeko.
Datuak egiaztatu eta horien emaitzak jaso eta gero, eta errenta baloratzeko, ontzat emango dira Ogasunak egiaztatutako datuak.
Egiaztapenen emaitzak behin-behineko zerrendak argitaratu eta gero jasotzen badira, ikastetxeak egoera hori hartu beharko du kontuan, behin betiko zerrendak egiteko. Egiaztapenen emaitzak onartutako ikasleen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren jasoko balira, ikastetxeak horren berri eman beharko dio Ordezkaritzari.
Hamazazpigarrena. Onartutako eta kanpoan utzitako ikasleen zerrendak.
Onartutako eta kanpoan utzitako ikasleen behin-behineko zerrendek zehaztu egingo dute eskatzaile bakoitzak baremoko atal eta azpiatal guztietan lortutako puntuazioa; gainera, zerrenda horiek ikastetxeetan argitaratuko dira, Agindu honetako 3. artikuluan adierazitako egutegi-epeetan.
Zerrenda horietan ezingo da azaldu ikasleen eskaerarik, baldin eta eskaerak egiteko epea amaitu ostean argitaratutako zerrendan jasota ez badaude.
Beste ikastetxe batzuetatik datozen ikasleak onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan sartzen badira, galdu egingo dute jatorrizko ikastetxean zuten plaza. eta hutsik geratzen den plaza hori erabiliko da lehenengo fase horretan onartu gabe gelditu diren ikasleak kokatzeko.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikastetxea esleituko die kanpoan utzitako ikasleei, Onarpena Bermatzeko Batzordeari entzun ondoren. Ikastetxe hori egiteko, ahal den neurrian, ikasle horiek egindako bigarren eta hirugarren aukerei erreparatuko zaie. Haur Hezkuntza ez denez derrigorrezko irakaskuntza-maila, ahal den neurrian eskolatuko dira ikasleak, eskainitako plazei erreparatuta.
Gerora aldaketarik egin behar izanez gero, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak onartu beharko ditu aldaketa guztiak.
Hemezortzigarrena. Erreklamazioak.
Onartutako eta kanpoan utzitako ikasleen behin-behineko zerrenden aurka, erreklamazioak jarri ahal izango zaizkio ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenari edo Eskola Kontseiluari agindu honek araututako epeetan.
Onartu eta kanpoan utzitako ikasleen behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak jarri ahal izango zaizkio Hezkuntzako lurralde-ordezkariari, zerrenda horiek argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean; haren ebazpenak, berriz, administrazio-bidea amaituko du.
Administrazioak egoki deritzon dokumentazioa eskatu ahal izango du, aurkeztutako erreklamazioak ebazteko.
Prozesu horiek amaitu eta gero, esleitutako ikastetxe, etapa, maila eta ereduan matrikulatuta egongo dira ikasleak.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariaren ebazpena sasoiz jakinaraziko da, ikaslea egoki eskolatzeko, eta, bainera, administrazio-bidea agortuko du.
Hemeretzigarrena. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak onartzeko prozesua betetzeko, maila bakoitzeko ikastetxeetarako xedatutako prozedura eta egutegia zaindu beharko dira, eta Lurralde Ordezkaritzek arduratu behar dute prozesu hori gauzatu eta betetzeaz.
Hogeigarrena. Jarraibideak aplikatzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean aplikatu beharko dira jarraibide hauek.
ANEXO II
IRIZPIDEAK ETA BAREMOA
Familia-unitatearen urteko errenta (atal honetan gehienez eman daitezkeen puntuak lortu arte pilatu daitezke kontzeptuak).
2009ko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria 42.000 euro baino txikiagoa bada: 1,5 puntu.
2009ko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria 42.000 euro baino handiagoa bada: 0 puntu.
Aurreko puntuazioa alde batera utzita, eskatzaileaz gain duen adin txikiko semeko/alabako: 0,25 puntu.
Atal honetako puntuazioa, gehienez ere: 3 puntu.
Bizilekuaren hurbiltasuna (kontzeptu ez metagarriak).
Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik: 5 puntu.
Ikaslearen etxea eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean egoteagatik: 2 puntu.
Eskatutako ikastetxea dagoen herrian izatea ikaslearen bizilekua, baina haren eragin-eremutik eta eremu mugakideetatik kanpo: puntu 1.
Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan izatea ikaslearen lantokia edo haren aitaren, amaren edo lege-ordezkariaren bizilekua: 2 puntu (puntu hauek ezin dira batu ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik eskuratu daitezken puntuekin).
Atal honetako puntuak, gehienez ere: 5 puntu.
Ikastetxean ikasi edo lan egiten duten senitartekoak (kontzeptu ez metagarriak).
Anaia-arreba bat edo gehiago eskatutako ikastetxean edota atxikitako ikastetxe batean matrikulatuta egoteagatik: 9 puntu.
Aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egitea: 7 puntu.
Atal honetako gehienezko puntuazioa: 9 puntu.
Beste irizpide batzuk (kontzeptu metagarriak).
Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: puntu 1.
Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 1,5 puntu.
Minusbaliotasunagatik (kontzeptu honegatik gehienezko puntuazioa: 2 puntu).
Ikasle eskatzailearena: 2 puntu.
Aitarena, amarena, legezko tutorearena edo anaia nahiz arrebaren batena: puntu 1.
Familia-unitateko kide bat eskatutako ikastetxeko kide kooperatibista izateagatik: puntu 1.
Ikastetxeko Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak askatasunez erabakitako irizpideak (aurrez adierazitakoak ere izan daitezke), eta ezartzeko irizpide publiko, objektibo eta ez-diskriminatzaileak erabiliko dira (ezingo da jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian edo bestelako inguruabar edo baldintza pertsonal edo sozialetan oinarritutako irizpide diskriminatzailerik onartu): 2 puntu, gehienez ere irizpideak ezagutzera emango dira eta Hezkuntzako Lurralde Ordezkariari jakinarazi beharko zaizkio eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen.


